Larunbatean, Gladysi omenaldi berri bat Donostian

Kartel2 Con linea blanca_Baja    Resolucion-OnlineOstegunean, ekainak 3, 42 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunaren jazarpen polizialaren baitan.

Urteurrena dela eta, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak aurten ere ohiko omenaldia antolatu dute Gladys Enean. Datorren larunbatean izango da, ekainaren 5ean.

Osasun-krisia dela eta, omenaldi egokitua

Osasun-krisia dela eta, iaz omenaldia egokitu behar izan genuen eta aurten ere zuhur jokatu nahi dugu.

Gauzak horrela, hitzordua zuzenean goiko ordekan izango da, hau da, oroitarria dagoen lekuan, 12:30ean, eta ez, ohi bezala, parkeko ate nagusian. Hau da, aurten ere parkeko atetik monolitora egin ohi dugun erromeria bertan behera geratuko da. Datozen urteetan berreskuratzeko aukera izango dugu.

Aurreskua, lore-eskaintza eta abestiak ez dira falta izango, noski, baina, oro har, ekitaldia ohi baino laburragoa izango da eta partehartzaileen arteko distantziak mantendu egin beharko dira. Iaz bezala, alegia.

Gladysen lagun talde bat 12:00etan geratu da Boulevardean omenaldira bizikletaz elkarrekin joateko. Ez da berez bizikleta-martxa bat izango, baina beste inor animatzen bada, ongi etorria izango da.

Tuteran ere omenaldia, ostegunean

Tuteran, berriz, omenaldia ekainaren 3an bertan egingo du Bardea Librek. Hona hemen deialdia:

Gladys-TuteraDonostiako omenaldiaren mezua

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako. Aitortza ofizialik, gainera, ez da iristen. Izan ere, azken urteotan bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak aitortza-bidean egin dituzten urratsek erresistentzia handiak topatu dituzte eta oraindik ez dute fruiturik eman. Alde horretatik, pozgarria da orain dela bizpahiru aste jaso dugun albistea: Konstituzionalak atzera bota du polizien eta ultraeskuindarren biktimak aitortzeko nafar legearen kontra PPk eta VOXek ezarritako helegitea. Nolanahi ere, bide horietatik aitortza inoiz iristen bada, ongi etorria izango da, baina iritsi ala ez, Gladysek inoiz ez du herritarron aitortza falta izango. Hain justu, horregatik antolatzen dugu omenaldia, herritarron aitortza hori publikoki adierazi nahi dugulako.

Baina Gladys ez dugu horregatik bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera. Izan ere, osasun-krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen-, kontsumo- eta bizi-modu aldaketa baten beharra. Ez dirudi, ordea, bide horretatik goazenik. “Normaltasun berria” eta “normaltasun zaharra” antz handiegia dute. Are gehiago, proiektu desarrollistak bata bestearen atzean aurkezten dira, hori bai, greenwiashing-kanpaina handietan bilduta. Greenwashing-a zer den? Greenwashing edo zuriketa berdea esaten zaio orain beti aurpegi-gabirtze deitu izan dugun horri: ingurumenaren alde egingo balute bezala egin, baina benetan egin gabe, edo, are okerrago, sarriegi ingurumenaren kontra espresuki eginda. Klima-aldaketari aurre egiteko edo bioaniztasunari eusteko aitzakian, politika publikoak ingurumenaren kontra zuzen-zuzenean jotzen duten proiektuz beteta daude. Horra hor AHT. Ez dute ba kopeta izan deskarbonizazio-bidean urrats bat izan daitekeela esateko? Gezurra zenbat eta potologoa izan gero eta sueltoagoa botatzen dute.

Bukatuko dugu. Gladysek ondo baino hobeto zekien zergatik egiten zuen borroka. Alde horretatik, gaur ahaldundutzat kontsideratuko genukeen emakumea izan zen. Ideia horretan ere sakondu nahi genuke 42. urteurrenean.

Bardeako poligonoaren aurkako mobilizazio berriak, lehenengoa bihar bertan, Iruñean

bardeakBardeaLibre kolektiboak elkarretaratzea deitu du biharko, maiatzak 28, 19:00etan, Espainiako Gobernuak Iruñean duen Ordezkaritzaren aurrean, aste honetan Bardeako ingurune naturalean berriro egiten ari diren maniobra militarrak salatzeko.

Datorren ostegunean, ekainak 3, 20:00etan, ekitaldia antolatu dute Tuteran, Ebroko zubian, Gladys del Estalen omenez. Eta 26an, Bardeako poligono militarraren kontrako martxa egingo da.

Hona hemen BardeaLibren manifestua: Si, las guerras empiezan en Bardenas (bardenaslibres.blogspot.com)

Herriak erabaki dezala!

Militarrak Bardeatik kanpora!!!

Ingurumen arloko elkarteek eta Gipuzkoako hondartza guztietako surflariek sinadura-bilketa hasi dute Donostian olatu artifizialak geldiarazteko

Antondegi_berdea_logofondoIngurumen arloko elkarteek eta Gipuzkoako hondartza guztietako surflariek webgune bat eta bideo informatibo bat argitaratuta, sinadura-bilketa hasi dute, Donostiako Udala interpelatzeko eta honek Antondegin olatu artifizialen instalazio bat eraikitzeko duen proiektu polemikoa geldiaraz dezan eskatzeko.

Webgune horretan (antondegiberdea.eus | Olatuak Itsasoan), ANTONDEGI BERDEA – OLATUAK ITSASOAN kolektiboa osatzen duten 7 elkarteek aurkezten dituzte zehatz-mehatz proiektuaren aurkako argudioak –8 ingurumen arlokoak eta beste 10 surfaren ikuspegitik emandakoak– eta proiektuaren egoera eta kolektiboaren posizioa labur azaltzen dituen bideo informatibo bat ere (webgunean sartu bezain pronto ikus dezakezu, gure ustez, oso gomendagarria). Ematen dituzten argudioak polemika honetan oso aintzat hartu beharrekoak direla sinetsita, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte ondo informatzera.

Halaber, sinadurak bilduz bilduz (honako helbide honetan: Petición · ¡NO A LAS OLAS ARTIFICIALES EN SAN SEBASTIÁN! // OLATU ARTIFIZIALIK EZ DONOSTIAN! · Change.org), Donostiako udal-ordezkariak interpelatu nahi dituzte zuzenean, eztabaida publikoa saihesten ari direlako, beren marfilezko dorrean konfinatuta daudelako, ez dutelako aurpegia ematen komunikabideetan, eta uko egiten diotelako iritzi publikoa informatzeari. Gauden fasean, erantzukizuna Udalaren teilatu gainean dago. Udala da, proiektua aurrera ateratzeko lurzoruak birkalifikatu beharko lituzkeena, Antondegin olatu artifizialen azpiegitura eraikitzeko baimena emateko. Eta, beraz, Donostiako Udala da plaza publikoan azalpenak eman behar dituena.

googlemaps4kmKolektiboak adierazi du Udalak proiektua defendatzeko azaldu dituen arrazoi batzuk ahulak direla eta beste batzuk gezurtiak:

-Olatu artifizialen igerilekuak ez luke Zurriolako hondartzako masifikazioa arinduko, Udalak esan bezala, baizik eta guztiz kontrakoa, areagotu egingo luke.

-Udalak esan duenaren kontrara, proiektuak baliabide publikoak beharko ditu, eraikiko den lurzorua titulartasun publikokoa delako eta, Udalak berak aipatu zuenez, instalaziora arteko bide-sarbideak ere eraiki beharko lituzketelako.

-Udalak dio Antondegin olatu artifizialak jartzeak etxebizitzak eraikitzeak baino kalte txikiagoa izango lukeela ingurunean, beste aukerarik ez balego bezala. Gainera, gogoratu beharko genuke 2016ko Donostialdeko Lurralde Plan Partzialaren (LPP) bidez Antondegirako proiektatutako etxebizitzen eraikuntza geldiarazi zela, alderdi teknikoengatik eta jasangarritasunarengatik.

Azpimarratu behar da, baita ere, gero Udalak lehiaketa publiko bat antolatu beharko lukeela. Ondoren ezagutuko genuke zein litzatekeen enpresa irabazlea. Eta horregatik, harrigarria da Udalak eztabaida publikoa saihestu nahi izatea eta proiektuan interesa eta irabazi-asmo zuzena dituen enpresa bat izatea proiektua berea balitz bezala defendatzen ari dena komunikabideetan.

Loma de Antondegi y Donostia (1)“Uste dugu kasu honetan gauzak ez direla hasieratik ondo bideratu, informazio faltagatik eta proiektua inposatu nahi izateagatik. Antondegiko prozesuan funtsezkoak diren kolektiboak kontuan hartu gabe, zaindu beharreko gure gune berde aberatsean. Prozesu honek luze joko du eta ez dugu atzera egingo”, esan du Jabi Iraizozek, proiektuaren aurkako argudioak sinatzen dituzten surflarien bozeramaileak.

Kolektiboak sare sozialetan ere ireki ditu informazio kanalak: Facebooken (Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan – Hasiera | Facebook), Twitterren ((8) Antondegi Berdea (@antondegiberdea) / Twitter) eta Instagramen (Antondegi Berdea (@antondegiberdea) • Fotos y videos de Instagram). Eta iragarri du herritar guztiei irekitako lehen hitzaldi informatiboa eskainiko dutela, ekainaren 10ean, Okendo Kultur Etxean. Eta Gipuzkoako kostaldeko herri guztietan ere antzeko beste aurkezpen batzuk egingo dituztela, bertako surf elkarteen bitartez.

logoak_eus

Eguzkik erakusketa bat eta mendi-ibilaldi bat antolatu ditu Jaizkibel ezagutzeko

Kartela Lezo Erakusketa
JAIZKIBEL HISTORIAN ZEHAR

Erakusketa honetan Jaizkibel eta bertako biztanleen historian zehar bidaia bat egingo dugu, bizitzako lehen arrastoetatik, gaur egun ezagutzen duguneraino.

Jaizkibel, iparraldean mugatutako itsasertzeko mendia da. Kantauri itsasora begira dauden itsaslabarrak ditu, eta Natura 2000 Sareak babestutako gunea da bere garrantzi ekologiko eta geografikoarengatik. Jaizkibelek urtero hegazti migratzaile ugari hartzen ditu, baita arrisku maila ezberdineko habitat natural, flora eta fauna basatien geo eta biodibertsitate zabala ere, bai lehorrean bai itsasoan.

Gaur egun Jaizkibel Gipuzkoako mendirik bisitatuenetariko bat da: ibiltariak, mendizaleak, ornitologoak, txirrindulariak, etab. paisaiaz, natura ondareaz eta mendi-ibilbidetaz gozatzea gustatzen zaie. Jaizkibel eskualde jendetsuez inguratuta dago, eta gure eta erakunde publikoen lana da hori zaintzea guretzat eta etorkizuneko belaunaldientzat. 2013 urtetik, Natura 2000 Sarearen Kudeaketa Plana dugu, bizitza basatiaren kontserbazioa ziurtatzeko. Tamalez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aplikazio-maila nahiko eskasa da, horri lotutako aurrekontu-inbertsioak bezala.

BIZITZA JAIZKIBELEN

Asko dira Jaizkibelen dauden iknofosilen eta paramoudren aztarnak, eta informazio asko ematen digute orain dela milioika urteko bizitzaz.

Jaizkibel mendiak Erdi Paleolitoan datatutako giza aztarnak ditu, 50.000 urtekoak. Ordutik Jaizkibel gizatiartuta egon da, eta Pirinioetako azken mendi eta erresumen arteko muga gisa duen kokapen geoestrategikoagatik, beti izan da elkargune eta elkartrukerako gune garrantzitsu bat. Hemendik herri eta inperio ugari igaro eta finkatu ziren.

Jaizkibel mendiak garai bateko arrantzaleen, artzainen, nekazarien, harginen, erroten, talaien, kontrabandoen, kuartelen, dorreen eta abarren istorioak gordetzen ditu, Lezo, Hondarribia, Pasaia eta inguruko eskualdeetako biztanleek sortutakoak.

GEOLOGIA ETA BIODIBERTSITATEA

Jaizkibeleko geologia 1000-4000 metroko sakonera zuen itsas hondo abisalean sortu zen eta Eozenoan datatuta daude. Sedimentuen artean, gatz mineraletan aberatsak ziren fluxuak sortu ziren, eta horiek amilduz joan ziren, gaur egun ezagutzen ditugun geoformak sortuz.

Jaizkibeleko biodibertsitatea oso garrantzitsua da; horregatik, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa izendatuta dago Natura 2000 Sarearen barruan. Mendiak hainbat habitat natural ditu: itsaslabarrak, itsasertzeko arrezifeak, txilardiak, belardiak, baso autoktonoak, hezeguneak, etab. Ekosistema horiek flora eta fauna populazio garrantzitsuen kontserbazioari laguntzen diote. Gune honetan, interes bereziko espezie endemikoak daude. Jaizkibel mendia suntsitu ditzaketen mehatxu ugari daude, hain zuzen: azpiegiturak, maniobra militarrak, suteak, baso-labore exotikoak, gehiegizko artzaintza, legez kanpoko arrantza, bisitarien gehiegizko maiztasuna, kontrolik gabeko ibilgailu motordunak, hondakinak uztea, itsasoko zaborra, isurketak, etab.

Uharteko arte-lana kudeatzeko Donostiako Udalak ezarritako neurriak ez dira nahikoa ingurunea babesteko eta turistifikazioa saihesteko

Rdeabc9990381e2f77c556f7ba6d3f7c4Datorren ekainean 5ean, Santa Klara uharteko sasoi irekierarekin batera iritsiko da, Cristina Iglesias entzutetsuak itsasargian sortutako Hondalea obraren irekiera publikoa. Une hori mugarri bilakatuko da uharteko eta hiriko ekosistema soziokulturalean, herritarren iruditegian horrenbesteko balioa duen espazio hau behin betiko eraldatuz.

Hainbat gara, hastapenetik, proiektu honen harira, gure kezkak azaldu eta donostiar guztion interes orokorraren aldeko ekarpen onuragarriak egiteko borondatea azaldu dugun elkarte eta eragileak; Bizilagunekin plataforma, Haritzalde naturzale elkartea, Eguzki talde ekologista edo Parkea Bizirik, besteak beste. Ibilbide horretan, itsasargiko esku-hartzeak, ingurumenari eta hiriko balio naturalei, ondareari, udal ekonomiari, etenik ez duen turistifikazio prozesuari, edota hiri-espazio eta -baliabideen pribatizazioari dagokienez ekar zitzakeen ondorioak mahai gainera ekarri ditugu sarri.

Proiektuaren balizko eragin kaltegarriak murrizteko eta bere balio natural eta soziokulturalen zaintza bermatzeko neurriak diseinatzerakoan laguntzeko borondatea azaldu diegu erakunde arduradunei. Donostiako Udalak eta proiektuaren sustatzaileek premia hau partekatzen dutela azaldu digute eta zerbitzu teknikoekin batera kudeaketa bide-orri bat sortu dute. Alde horretatik, kontsulta-mailara mugatu bada ere, proiektuaren sustatzaileak eragileokin harremanetan jarri izana era positiboan baloratzen dugu. Izandako hartu-emana jarrera adeitsuz eta elkar-entzute ariketa bezala gauzatu dela adierazi nahiko genuke.

Idatzi hau izenpetzen dugun taldeok gure iritzia azaltzeko eskainitako prentsaurreko bat.

Idatzi hau izenpetzen dugun taldeok gure iritzia azaltzeko eskainitako prentsaurreko bat.

Hala ere, zoritxarrez, masifikazioa ekiditeko helburua zuten hartu-eman hauen emaitza ez da espero bezain emankorra izan. Udalaren asmoak ezagututa, aurkeztua izan zaigun uhartea kudeatzeko planteamenduarekiko gure desadostasuna azaldu nahi dugu honako arrazoiak direla eta:

1. Planteamenduan edukierari dagozkion baldintza eta mugak, orokorrean,  uhartearen babeserako onargarriak dirudite: ez da uharteko ordutegia luzatuko; txalupen maiztasuna ez da handituko; itsasargiak, eguneko 250 bisitari jasoko ditu gehienez… Dena den, anbiguotasunerako eta salbuespenerako tarte handiegia azaltzen du, aurkeztu zaigun dokumentuak: eguraldiaren arabera luzatu daitekeen egutegia, kasuan kasu aztertuko diren uhartea eta arte-lanaren “erabilera berezietarako” baimenak… Uko egin zaio beraz, kudeaketa irizpide zehatz eta irmoak ezartzeari. Gainera, adierazitakoarekin kontraesanean, urrian ere bisitaldiak antolatuko direla jakinarazi dute, jada.

2. Proposamenak ez du inolako legezko euskarririk. Ez da administrazio mailako araudi forma jakin baten bidez egikaritu. Hau da, ez da inolako legezko bermerik ematen idatziz jasotakoa errespetatu eta betearazteko.

3. Epe laburreko ikuspegia gailentzen da. Proposamenak 2021 urterako kudeaketa irizpideak baino ez ditu ezartzen, aurrera begira, ziurgabetasuna iradokiz. Kontuan izanik 2021ean COVID-19aren pandemiaren eraginak nabarmenak direla, eta besteak beste, turismo jarduera beste urte batzuetan baino mugatuagoa izan daitekeela, baliteke, hurrengo urteetan ezarritako baldintza eta mugen malgutze bat ematea eta kudeaketa irizpideak aldatzea; masifikazio eta gain-esplotazio arriskuak hor dirau, beraz.

4. Ez da itsasargirako eta uharterako onartutako erabilerei buruzko inolako argibide zehatzik ematen. Ordea, ekitaldi bereziak hartzeko aukerari edota bisita bereziei ateak irekitzen zaizkie. Hortaz, aurrera begira, ez zaizkio jarduera pribatibo, esklusibo eta baztertzaileak onartzeari ateak ixten, hala nola, enpresa pribatuen ekitaldiak edo VIP bisitak.

5. Hiriaren turistifikazioan sakontzeko helburuari eusten zaio. Izan ere, Hondalea, “Donostia nazioartean posizionatzeko baliagarria izango den ekimen artistiko berria” bezala aurkeztu du Donostia Turismoak 2021eko apirilaren 14an antolatutako jardunaldian. Gainera, itsasargia eta uhartea, produktu turistiko bilakatu dituzte jada, badiako itsasontzi itzulia, uhartea eta Hondalea bisita gidatu berean ezagutzeko aukera eskainiz (urrirako iragarritako bisitek 30€ko prezioa izango dute).

6. Uhartea eta Hondalea, hiri-markaren nazioartekotzea sendotzeko mugarri modura baliatzeko nahia erakutsi du Udalak, orain arte egindako adierazpen publikoetan. Hortaz, arte-lana, hiriaren erakarpen efektua handitzeko baliabide bilakatuko da, turistifikazio arriskua areagotuz.

7. Uhartea balio natural handiko espazio preziatu bezain hauskorra da, hainbat animali eta landare espezie esanguratsuen bizitokia izanik. Hondalea dela eta, uhartean gauzatu diren esku-hartzeek eta etorkizunera begira gerta daitezkeen gehiegikeriek arriskuan jartzen dute gunea, azaldu bezala, hartutako konpromezuek ez baitute behar besteko zehaztasunik.

Aurreko elementu guztiak aintzat hartuta, idatzia sinatzen dugun eragileok, itsasargia eta uhartea kudeatzeko estrategiarekiko gure desadostasuna adierazi nahi dugu. Epe luzera, uhartearen babesa bermatu eta hura masifikatu eta arriskuan jartzea ekiditeko araudi eta erabilera-plan zehatz baten alde, ahal dugun bideetatik, lanean jarraituko dugula jakinarazten dugu. Era berean, guneari aitortzen zaion (proiektuaren sustatzaileek ere) balio paisajistiko, ekologiko eta geologikoari men eginez, Santa Klara-Igeldo eta bien arteko itsasartea Natura 2000 Sarearen baitan barneratua izateko tramitazioari ekiteko eskaera eskaera egiten diegu erakundeei.

  • Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma
  • Haritzalde naturzale elkartea
  • Eguzki talde ekologista
  • Parkea Bizirik Kukulunbera elkartea

Gasteizko Foru Jauregia “piztu” egin da garapen iraunkorraren aurka

contaminacion-luminica  Eguzkik jakitera eman duenez, Foru Aldundiak hainbat astez edo hilabetetan argitsu bat piztu du Foru Jauregiaren fatxadan, Umbra Light Festival jaialdia iragartzeko.  Fatxada honetan bigarren edizio honetako leloa duen kartel bat ikusi ahal izango da: “Zuk distira egitea nahi dugu”. Gainera, NBEren Garapen Jasangarriko Helburuen logoa ere izango du, inkongruentzia, publizitaterako argiak kontraindikatuta baitaude aipatutako helburuetan.

Igande honetan, Argiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, jaialdi honek “zuk distiratzea nahi dugu” kanpaina abiaraziko du, norberaren distirari eta argiztapenaren erabilera nabarmenari dei eginez, fatxadan eredu forala (oso txarra) emanez.

  Nazio Batuen Erakundeak, 2020ko urrian, “Zientziarako eta gizarterako zeru ilun eta lasaiak” izeneko foroan, argiztapenaren erabilerari aurre egin zion, eta gobernuek eta enpresa pribatuek har ditzaketen zenbait neurri proposatu zituen, gehiegizko argiaren eragin negatiboa arintzeko, herritarren ongizatea murriztu gabe. Besteak beste, argien blindajea, distira mugatzeko, potentzia behar den gutxieneko kopurura murrizteko, argiztapena erregulatzeko egokitzapen-teknologia erabiltzea, adibidez, trafiko gutxi duten errepideetan, edo espazio publikoetan argiak itzaltzeko, beharrezkoak ez direnean.
Beharrezkoa da argi-kutsadura prebenitzea eta argi-instalazioetatik eratorritako energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna sustatzea. Ingurumenaren kontserbazioa eta energia garbien sustapena beharrezkoak ez diren kontsumoak ez sortzeko kontzientziatik abiatzen da, energiarik garbiena kontsumitzen ez dena baita, eta, kasu honetan, publizitate-errotulu hori kontsumo xahutzailea eta ingurumenaren aurkakoa da. Energiari buruzko kanpainen inkongruentzia zentzurik gabe kontsumituz.
Argi-kutsadura: 1- proiektagailuak edo laser-kanoiak 2- gehiegizko argiztapena publizitate-helburuekin 3- itzaltzeko eta pizteko ordutegi eraginkorrik ez izatea.
Gehiegizko argiak edo alferrikako kontsumoak ondorio negatiboak ditu ingurumenean eta klima-aldaketan. Korronte elektriko hori guztia sortzeko, zentral elektrikoak, goi-tentsioko lineak eta transformadoreak behar dira, beste elementu askoren artean, beti beharrezkoa ez den ekoizpena suposatzen duena eta gure planetan ondorioak sortzen dituena. Energia-xahutze horrek duen inpaktuak nabarmen bizkortzen du klima-aldaketa; izan ere, energia hori guztia sortzeko prozesuetan CO2 tonak kanporatzen dira atmosferara, eta, beraz, gure planetako ingurumenari kalte egiten dio.
Eguzkiren ustez, foru kanpaina honek ez du ingurumena eta garapen jasangarriaren helburuak errespetatzen. Klima-krisia, osasun-krisia eta ekonomia-krisia bizi diren honetan, argi-kutsadurak eragindako ondorioen artean daude, besteak beste, gaueko zeruaren degradazioa eta ikusgaitasunaren galera eta energia- eta ekonomia-galera.
    Eguzki, Gasteizen, 2021ean maiatza.

 

 

 

 

 

Aldundiak zeharo urratu duen Bizikleta Bideen Planaren metafora

Donostia-Mutriku, kartel-metaforaDonostia eta Mutriku bitartean bidegorri bat aurreikusten du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak. Bidegorri horrek gaur egun guztiz bukatuta ez baina oso-oso aurreratuta egon beharko luke. Alabaina, norbait Donostian bidegorrian pedalei eragiten hasten bada Mutrikurantz… Usurbileraino baino ez da iritsiko, edo, hobeto esan, Luzuriagaraino, edo Urbileraino. Izan ere, bidegorria Usurbilgo kaskoraino bertaraino iritsiko balitz, gaitz erdi; baina ez, Luzuriagaraino edo Urbileraino baino ez da iristen. Mutrikutik urruti, oso urruti. Eta, hala ere, han, Luzuriagan, orain dela gutxi arte kartel batek harro-harro iragartzen zuen: “Donostia-Mutriku bidegorria”. Eusko Trenen lan batzuk egiten hasi zirela eta, kartela kendu egin zuten, baina lehengoan zoko batean baztertuta aurkitu eta argazki hau atera genuen. Foru Aldundiak hain modu nabarmenean urratu duen Bizikleta Bideen Planaren metafora dirudi. Eusko Treneko lanak bukatutakoan, kartela lehengo lekuan jartzeko eskatuko dugu, bertan egon dadin, bere xumean, bete gabeko aginduen monumentu salatzaile gisa.

EGUZKI, 2021eko maiatza

Gorbeiako ezkutuko ehizaren aurkako inplikazio handiagoa eskatu du Eguzkik

Irudian ikusten den orkatza legez kanpo bota, burua kendu eta honela utzi dute, zintzilikatuta.

Irudian ikusten den orkatza legez kanpo bota, burua kendu eta honela utzi dute, zintzilikatuta.

Gaur jakin denez, Arabako Aldundia eta Ertzaintza Gorbeiako Parke Naturaleko ezkutuko ehiza ikertzen ari dira. Orkatz bat eta beste hiru animalia agertu dira. Orkatza zintzilikatuta eta burua moztuta uzteko moduak erakusten du akatu eta abandonatu egin zutela, eta froga agerian utzi zutela, txuleria-zantzua eta zigorgabetasun-sentsazioa, eta, gutxienez, beste 3 orein egon zitezkeela legez kanpo botata. Gainera, ez da hil honetan bertan eraildako animaliak aurkitzen diren lehen aldia, eta hori behin eta berriz egiten da parke naturalean, legez kanpoko praktika horien ebidentzia gehiago egon baitira.

Gorbeiaren kasuan, hainbat babes-figura elkartzen dira. Eremu Natural Babestua KBE da, eta Parke Naturaleko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plan bat du. Natura Baliabideen Antolamendurako Planak barne hartzen ditu Gorbeia KBEa kontserbatzeko eta antolatzeko tresnen edukiak, hau da, kontserbazio-helburuak eta neurriak, Natura Kontserbatzeko Euskal Legearen 18. artikulua aplikatuz.

Isilpeko ehizak arriskuak dakartza babestutako eremuan: pertsonen segurtasuna, faunarentzako arriskuak eta kutsadura. Beharrezkoa da ikerketa osoa, zehatza eta serioa egitea jokabide horiek zigorgabetzat har ez daitezen, legez kanpoko ehiztari horien aurrean ingurune babestuarekiko errespetua ezartzeko bitarteko egokiak aplikatuz.

Eguzkik, ikerketak ireki direnez, jokabide horiek gizartearen gaitzespenarekin eta kontrol- eta salaketa-neurri egokiekin etetea eskatzen du, bai eta ikertzaileei ere, frogak bildu eta beharrezko baliabideak aplika ditzaten ezkutuko ehizaldi hori egin duten ezkutuko ehiztariak identifikatzeko eta justiziaren aurrean jartzeko.

Argi dago legeak ezartzen dituen zehapenen zenbatekoa aldatu egin behar dela, eta eredugarria izan behar duela, furtibismoarekin benetan amaitu nahi bada. Halaber, araudia berrikusi beharko litzateke, eta Ehiza Legea eta Natura Ondareari buruzko Legea aplikatu beharko lirateke, jokabide horietarako zigor zorrotzagoak jarriz, legez kanpoko ehiza hori babestutako gune batean egin baita.

Eguzkik,  edozein animaliaren burua garaikur gisa erakusteko egiten den ezkutuko ehizaren delitu errepikatuaren ikerketan inplikazio handiagoa eskatzen du.

Azkenik, Eguzkik Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiari eta Ehiza Federazioari eskatzen die, ingurumeneko gaizkile horiek beraien jardueretan parte hartu ahal izatea edo parkean naiz  ehizaren kudeaketan integratuta daudela pentsatzea lekarkeen ekimen  oro galaraz dezatela. Jokabide horiek sozialki gaitzetsiko dira, harik eta beren jardueraren gizarte-ukapena sumatzen duten arte.

Zigoitia, 2021eko maiatzaren 18an

Nafarroako etxeetako hondakinen kudeaketari buruzko txostena. Ekidin daitekeen hondamendi baten kronika

portada-informe-residuosHistorikoki, Nafarroa hondakinen kudeaketaz harro agertu da. Uste hori aspalditik dator, Nafarroan sortzen genuen zaborrari irtenbide egokia bilatzen lehen esperientziak eman ziren garaietan. Hala ere, denbora aurrera joan ahala, are zabor gehiago sortzen dugu.

Gaur egun, garai haietako esperientziarik onenak ahaztu egin dira, eta ideia horiek martxan jarri eta oraindik jarraitzen duten lekuetan, ez zaie merezi duten errekonozimendua ematen. Ondorioz hondakinen kudeaketa zitala da. Esate baterako, Lizarraldean gertatutakoa dugu, non Lorea kolektiboaren esperientziak ezarri ziren, hondakinak behar bezala berrerabili eta birziklatu ahal izateko. Birziklatzen jarraitzeko ahalegina ez da errotu, eta Mankomunitate nagusiak sektoreko enpresa handien sirena kantu eztien mende geratu dira.

Horrela, Erriberak hondakinen planta eta zabortegi handi bat eraiki zituen diru publikoarekin, gero kudeaketa pribatuari emateko. Emaitza: ingurumen-arazo oso larriak eta hondakinak berreskuratzeko eta birziklatzeko interesik ez. Gaur egun, planta hori da Nafarroan bereizi gabe biltzen diren hondakinen ia erdia tratatzen duena. Iruñerriak, berriz, bide bera darama. Oraingoz, Tuterakoaren antzeko hondakinplanta handi bat eraikitzea onartu berri du…

Egoera kaskarragoan daude hondakin organikoak, hainbeste mimo eta tentuz Nafarroako etxe gehienetako sukaldeetan bereizten direnak. Horiekin konposta ekoitzi beharko litzateke, kalitate handiko ongarri organikoa eta ekoizteko erraza. Holako konposta funtsezkoa da Nafarroako lurzoru higatuak hobetzeko. Hala ere, hondakin honen zatirik handiena beste enpresa pribatu batera eramaten da, Caparrosoko HTNra, Valle de Odieta makroetxaldearen filiala. Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako lurzoruen eta ur-ibilguen kutsadura larriagatik da oso ezaguna, duela gutxi salatu den bezala. Eta, gainera, enpresa honek egungo behi-esplotazioa handitu nahi du, isuriko lituzkeen hondakin kutsatzaileen kopurua handitzeko. Bada, kutsadura hori abeltzaintzako ustiategiko hondakinek eta Nafarroako sukaldeetako hondakin organikoek osatzen dute. Horrela, Nafarroako herritarren ahalegina kutsadura bihurtzen da.

Ikusten dugu, beraz, nola sektoreko enpresa pribatu handien esku uzten ari garen gure hondakinen kudeaketa. Eta horrek ingurumen-inpaktu larriak sortzen ditu, batez ere gure erkidegoko hegoaldean. Hori da Nafarroako hondakinen kudeaketaren errealitatea, eta goitik behera ezeztatzen du Gobernuak sustatzen duen diskurtsoa, hau da, Nafarroan egiten dugun kudeaketa ezin hobea dela.

Ezin dugu denbora galdu. Ingurumen- eta baliabide-krisi larriek ez digute uzten materialak alferrik galtzen.

Baztertu eta birziklatzea lortzen ez dugun guztia galdu egiten da. Horren ondorioz, haien erauzketatasa handitu behar dugu, eta hori gero eta zailagoa da; izan ere, materialen erauzketa-maila gorenera iristen ari gara, eta haien eskasiari aurre egin behar izaten hasi gara. Baldintza horietan, ezinbestekoa da materialen zikloak ahalik eta gehien ixten saiatzea, ahalik eta erabilera gehien izan ditzaten.

Horregatik guztiagatik, txosten honetan hondakinen kudeaketa parte-hartzailea, erraza eta hurbila proposatzen dugu. Parte-hartzailea; izan ere, ez dago nahasten ditugun hondakinak bereizteko gai den tratamendu-plantarik, eta hasiera-hasieratik bereizi behar ditugu etxean. Eta, horretarako, ulertzeko arau errazak behar ditugu, bai eta hondakinak biltzeko sistemak ere, guztiok behar bezala bereizteko dugun erantzukizuna indartzeko.

Hala, proposatzen dugu etxeetako hondakinen bereizketa lehentasunez materia organikoa bereiztean oinarritzea, horixe baita gehiena. Zati hori alde batera utzita, hezetasuna dela-eta gainerako materialak kutsatzeko joera baitu, erraz bereiz daitezke beira, papera eta kartoia, plastikoak eta metalak. Hondakin horiek biltzeko metodoak agerian utzi behar du modu egokian bereizi behar direla. Portaera txarrak zehazteko eta santzioak ezartzeko aukera eman behar du. Eta material horiek eramaten diren instalazioek ahalik eta gertuen egon behar dute hondakinak sortzen diren lekuetatik, ahalik eta gutxien garraiatzeko, eta, beraz, ingurumen-inpaktua murrizteko. Halaber, txikiak eta errazak izan behar dute, eta, batez ere, kudeaketa publikoarekin.

Zentzu horretan, Nafarroan oraindik badira esperientzia onak. Adibidez, Lizarraldean aipatutakoaz gain, Sakanakoa dugu beste bat, birziklatzea bultzatzen baitu, etxeetako ateetan gaika bereizitako hondakinak bilduz. Hori dela eta, herritarrek ondo bereizi behar dituzte hondakinak. Sakanak hondakinen tratamendu hurbila ere bultzatzen du, eta, horretarako, hondakin organikoak konpostatzeko planta txiki bat inauguratu berri du.

Joera horiek bultzatu behar dira hondakinen kudeaketan. Hala ere, Nafarroako eta Mankomunitate gehienetako gobernuak ez dira ildo berean lan egiten. Txostenean ikus daitekeenez, enpresa handiei mesede egin nahi die beti, eta hondakinak kudeatzeko sistema konplexu eta garestiak bilatzen ditu: ingurumen-inpaktu larriak eragiten dituzten eta garai berriek behar dituzten materialak eta energía aurrezteko beharrei aurre egiten ez dieten sistemak.

Nafarroan, 2021ko maiatzaren 12a.

Sustrai Erakuntza Fundazioa  

Aisialdiko arrantzaren kontrola

Pesca recreativa

Galerna eragin du gure kostaldean Espainiako nekazaritza, arrantza eta elikadura ministerioak, kanpo-uretan aisialdiko arrantza arautzeko Errege Dekretua onartzeko egitasmoarekin. Beste behin ere, arrantzaren erregulazioan dago koska. Ehizarekin ez bezala, arrantzarekin natur ondareari eragiten zaion kaltearekiko sentsibilizazio txikia erakusten du gure gizarteak.

Dekretu horren justifikazioan esaten da, turismoaren eraginez, Espainian azken urteotan aisialdiko arrantzarako itsasontziak asko ugaritu direla eta ondorioz, 1999an onartutako araudia zaharkitua gelditu dela. Dekretuak Espainiarentzat esaten duena, guztiz baliagarria da Euskal Herriko kostalderako: ikusi besterik ez dago azken hamarkadatan zenbat eta ze tamainako kirol portuak eraiki diren gure kostaldean. Portu horiek jarduera ezberdina gauzatzen dituzten laketontziez bete dira: kirola, turismoa, arrantza … Legeak baimentzen du ontzi horietan turistak arrantzara eramatea, ordainduta, noski.

Hona hemen iazko abenduan indarrean zeuden aisialdiko arrantzarako emandako baimen kopurua: 54.804 (1.702 urazpiko arrantzarako eta 53.102 ur azalekoak). Jakina da lizentziako arrantza-kopurua ez dela berdina, eta ziurrenik, gutxi batzuk gehiengoak baino askoz gehiago arrantzatzen dutela. Zenbat arrain mugitzen du, benetan, aisialdiko jarduera honek? Arrantzaeredu hau autokontsumorako da edo batzuentzat “negozioa”? Zer eragin du horrek guztiak bioaniztasunean? Nola ez da ba, justifikatuta egongo, lege berria! Pedagogia behar da aisialdiko arrantzan dabiltzanak modu arduratsuan aritu daitezen.

Ez daude ados, ordea, neurri horiek kaltetuko dituztela dioten arrantzale “ez profesional” horiek; bisiguaren eta hegaluzearen arrantza-aukerak gutxitzeak mindu ditu, bereziki. Diote, urteroko kanpainek erakusten dutela azken espezie horren egoera biologikoa ona dela, eta beraz, Dekretu horrek ez duela oinarri zientifikorik. Baina, aisialdiko arrantzak ekonomian eta arrain-stocketan duen eragina aztertzeko Europako Parlamentuko Arrantza Batzordeak 2017an argitaratutako txostenak (Research for PECH Committee – Marine recreational and semisubsistence fishing – its value and its impact on fish stocks (europa.eu)) argi dio, nahiz eta behar besteko daturik ez izan, ez dagoela ukatzerik aisialdiko arrantzak eragina badaukala kostaldeko ekosistemetan ez ezik, ekonomian ere.

Izan ere, ez da fiskalizatzen, eguneko arrantza tradizionalari eusten dioten profesionalei konpetentzia argia egiten dion aisialdiko arrantzak mugitzen duen dirua. Kirol arrantza merkatu beltzean mugitzen den jarduera da, gutxi batzuen eskura dauden salmenta-lekuetara mugatua.

Kontrolik gabeko kirol arrantzak, arrantza “furtiboak”, kirol arrantza bera ere kaltetzen du. Araudi zorrotzagoak ekiditeko, ezinbestekoa da, kirol arrantzaleen kontzientziazioa.

Pandemia garaian idatzi da artikulu hau, krisi ekologiko globalaren zantzuak gero eta argiagoak diren garaian. Bioaniztasunaren 6. iraungipena ari zaizkigu ikusarazten zientzialariak. Basabizitzari kaltetzen dion jarduerarik ezin da onartu datu faltaren aitzakiarekin. Izan ere, argudio horrek, ingurumen-eraginen ezagutza ezak, izan beharko luke arrantza bezalako jarduerak mugatzeko arrazoi nagusia; bereziki, eragin horiek neurtzeko baliabideak izanda, hala nola, AZTI institutu ozeanografikoa (aipatutako txostenaren egileetako bat).

Aisialdiko arrantzak gure kostaldeko ekosistemetan eta ekonomian dituen eraginak neurtu arte, Errege Dekretu horren alde egiteko ez ezik, Dekretu horri lagundiko dion barne-uretako aisialdiarrantza arautzeko legedi propioa sortzeko ere eskatzen diogu Jaurlaritzari, eta, Aldundiei, berriz, araudia betearazteko baliabideak eta prozedurak zehazteko. Administrazioaren ardura da bioaniztasunaren eta ondare naturalaren zaintza eta kontserbazioa.

Leo Belaustegi Alberdi eta Rafa Pérez Beristain

 

Ondarroa 12 Miliako partaideek izenpetua