AHTa eraikitzen jarraitu eta energia aurrezte plana: helburu kontraesankorrak

images

Azken asteotan, Estatu Espainiarraren gobernuak etorkizunaren bilakaerarendako bi plan garrantzitsu aurkeztu ditu. Hasteko, Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektu tipikoen bertsio berri bat, alferrikako azpiegitura erraldoietan xahutze-energetikoz eta ingurugiroaren suntsiketaz josia. Handik egun batzuetara, berriz, energia aurrezteko Kontingentzia Energetikoaren Plana aurkeztu ziguten.

Aurrez aurre ditugu, beraz, erabat kontraesankorrak diren bi plan. Lehendabizikoak energia gastuaren betiereko hazkundearekin jarraitzen du, honakoan, azpiegitura berrien eraiketarekin, eta bigarrenak aurrezte plan berritzailea dakarkigu, behin-behineko izaerarekin, ustez ez-ohiko egoera bat konpontze aldera.

Aurrekontu Orokorren kasuak azpiegitura handien eraikuntzan fokuraturik darrai, bereziki Abiadura Handiko Trenaren (AHT) hedaketarekin, ohiko trenaren hobekuntzaren kalterako, mota honetako azpiegituretan egingo den inbertsioa %7a igoko delarik aurreko urtearekin konparatuta. Eta Nafarroa ez da salbuespena. Aurrekontuetan aurreikusten diren inbertsioetatik %69a AHTaren lanetara bideratuko da, egun Nafarroako Erdialdeko eremua deuseztatzen ari direnak. Bestetik, ezin dugu alde batera utzi Estatuko Aurrekontuetako sail militaristendako %25eko igoera, gudak elikatzea eta suntsipen energetikoa suposatuko duena.

Bitartean, Energia Aurrezteko Planak “gudutik eratorritako” krisi energetiko bati aurre egitea du helburu, testuak dioenez. Honek kontsumo energetikoa gutxitzea planteatzen du, batez ere gas naturala, heldu den martxora arte. Ikus daitekeen moduan, plana behin-behineko kontzepzioetan oinarrituta dago eta iraupen motza du. Ematen du esan nahi duela arazoa “laster amaituko dela”.

Hala ere, egungo krisi ekonomikoa eta baliabideen krisia ez da koiunturala. Energiaren Nazioarteko Erakundeak; ELGAren organismo bat, jada jakinarazi zuen ohiko petrolioaren erauzketaren gaina 2006an gauzatu zela. Bitartean, lur-azpitik erauzitako eta petrolio moduan ezagutzen ditugun likido guztien gaina 2018an gauzatu zen, nahiz eta azken datu hau denborak bakarrik berretsi ahalko duen. Halaber, mundu osotik erauzitako gas naturalaren maximoa heldu den urteetan iritsiko da. Datu hauek txosten andana batek berresten ditu, baliabideen mugara iristen ari garela diotenak, gure mundu finituaren beste mugetako bat, zientzialariek bizi dugun ingurugiro krisiaren kausatzat hartu izan dituztenak.

Zientziak gaur egun bizi dugun krisi energetikoaz ohartarazi izan digula dakusagu orain, egungo guda koiunturala baino askoz lehenago. Eta panorama honen aurrean, gobernuek plan absurdoak diseinatzen dituzte, hauen artean:

Gasa eta Energia nuklearra ustez energia berde izendatzen dituzte, trantsizioan lagun diezaguten. Ez dute kontutan hartzen, lehenengoaren kasuan erauzte-gainaren gertutasuna edota negutegi efektuko isuriak, ez eta, bigarrenaren kasuan, hondakin nuklearra eta uranio erreserben agortzea ere. Horrenbestez, “festak jarrai dezan” saiatzen dira, plan honek ingurugiroari ekarriko dizkion arazoak kontutan hartu gabe.

Gainera, trantsizio energetikoa energia berriztagarri modernoen hedaduraren bitartez proposatzen dute. Funtsean, eguzki-panel eta haize errota proiektu erraldoien instalazioan dautza, batez ere elektrizitatea sortzen dutenak. Hala ere, egun Nafarroan kontsumitzen dugun energiaren %21a besterik ez da energia elektrikoa, gainerakoa erregai fosilak diren bitartean. Kasu gehienetan, ez da erregai fosilak elektrizitatez ordezkatzeko aukera bideragarririk. Horrez gain, egun ematen den elektrizitate kontsumoaren joera beheranzkoa da bai NafarroanEstatu Espainiarrean eta Europan. Arazo honen adibide bat dugu Nafarroa, proiektu berriztagarriz erabat beteta dagoen lurraldea eta apenas trantsizio energetikoari hasiera eman diona, kontsumoaren %78a erregai fosilena izanik.

Baina absurduaren gaindia, beste garai batzuetan, baliabideen krisiaren hedapenaren baino lehen alegia, diseinatutako azpiegituren zabalkuntzarekin jarraitzeko gogo bizia da. Honen guztiaren adibiderik argiena AHTaren eraikuntzarena da, “errailen gainean doan hegazkina”, ohiko trenarena baino energia kontsumo askoz handiagoa duena eta baliabide material eta energetiko andana bat behar dituena errail konplexuak eraikitze aldera.

Egoera honetan, normala da hiritargoak arazo handiak edukitzea errealitatea ulertzeko. Izan ere, gobernuetatik defendatzen diren diskurtsoak eta planak erabat kontraesankorrak dira eta baliabideen eta ingurugiroaren mugekin talka egiten dute. Agerikoa baita energia berriztagarrietarako trantsizioa, saltzen ari zaizkigun moduan berean, nekez eraman daitekeela aurrera. Eta boteretik gertaera eta datu hauek guztiak ezkutatzen dizkigutelako, zeinak egoeraren analisia zailtzen baitu, benetako egoera nahikoa den transparentziarekin planteatzen ez dutelarik.

Munduko ekonomiaren hazkundea mantentzea jadanik ez da posible baliabide naturalak agortzen ari diren mundu batean. Beharrezkoa da, beraz, gizateriak mundu honetan bizitzen jarraitu ahal izateko neurri egokiak ezartzea. Honetarako, nahitaezkoa da sistema ekonomikoa, politikoa eta kulturala errotik aldatzea. Beharrezkoa da kontsumoa murriztea, energiarena zein produktu edo zerbitzuena. Era nahitaezkoa da habitat natural eta bioaniztasunaren galera geldiarazteko neurri egokiak ezartzea.

Bistako gertakari hauek, datu zientifikoek babesten dituztelarik, kapitalismo berdearen planekin nabarmen egiten dute talka. Eta alderdi politikoek zein administrazioek hau guztia kontutan hartzen ez duten bitartean, gizarteak errealitatea ulertzeko arazoak izango ditu.

Krisia estrukturala da eta edozein irtenbide saiakerak egungo eredu ekonomikoaren aldaketan izan behar du oinarri, honen pilaketa logikan zein mozkinak ateratzean, helburu produktibo bezala. Hau guztia ez onartzea eta gauzak dauden moduan mantentzeak erabateko krisi eta giza-irrazionaltasun egoera batera eramango gaitu. Etsipen kolektibo honek gehiengo soziala arazo konplikatuendako irtenbide errazak planteatzen dituzten horien besoetara eraman dezake arrastaka. Kapitalismoa mantentzeko intentzioarekin, desberdintasuna, arrazakeria, autoritarismo, gizarte kontrol eta militarismo gehiago ekarriko diguten irtenbideak planteatzen dituzten horien besoetara.

Bada garaia, beraz, argi hitz egiteko eta gauzak haien izenez izendatzeko.

Martin Zelaia, Sustrai Erakuntza fundazioko kidea.

 

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana urratu izana propagandaz estali nahi du Foru Aldundiak

bidegorri2Aurten ere Gipuzkoako udalei bidegorriak egiteko edo hobetzeko 500.000 euroko laguntzak emango dizkiela iragarri du Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentuak. Udal bakoitzak gehienez ere 100.000 euro jaso ahal izango ditu.

Eguzkiren iritziz, Departamentua etengabe itxurak egiten ari da, egingo balu bezala, baina benetan egin gabe, eta oraingo hau jarrera horren adibide berri bat baino ez da. Benetan merezi du laguntza-deialdia irakurtzea (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) konstatatzeko zer alde dagoen esaten denaren eta egiten denaren artean. Izan ere, esaten da bidegorriak, eta batik-bat Oinarrizko Udal Sarea osatzen dutenak, izugarri onuragarriak direla, baina gero, hain onuragarri den Sare hori osatzen jarraitzeko laguntza 500.000 eurora mugatzen da.

Baina Udal Sarea ez ezik Oinarrizko Foru Sarea ere bada, hau da, Aldundiaren beraren ardurapean dauden bidegorrien sarea. Bada, Foru Sareak amaituta edo amaitzear egon beharko luke. Barraskilo-abiaduran doa, ordea, eta aspalditik dago programatutako edozein epetatik kanpo. Horrela jarraituz gero, 15 edo 20 urte gehiago beharko dira OINARRIZKO Foru Sarea kasualitatez deitzen ez den hori osatzeko.

Erraparatu diezaiogun orain arte esandakoari, atalka.

PROPAGANDA “MERKEA”

Propaganda dela eta, gainera, propaganda “merkea” dela diogu 500.000 eurorekin udalek ezer gutxi egin ahal izango dutelako. Ikus ditzagun Aldundiak berak parte hartu duen azken bidegorrien kosteak:

Gipuzkoa.eus webgunetik hartutako datuekin osatutako taula.

Gipuzkoa.eus webgunetik hartutako datuekin osatutako taula.

Datu hauek kontuan izanik, ezin da esan Aldundia udalekin eskuzabal jokatzen ari dela, baldin eta benetan bidegorriak eraiki ditzaten pizgarriak eskaini nahi badiezkie, behintzat.

BETE GABEKO KONPROMISOAK

Nolanahi ere, Aldundia nahi bezain eskuzabala edo nahi bezain xuhurra izan daiteke udalekin, baina, oro gaiz, berak bidegorrien alorrean dituen konpromisoak bete egin behar ditu.

Gogoratu behar da 2013ko ekainean Batzar Nagusiek Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana onartu zutela, aho batez onartu ere.

Planak zortzi urte aurreikusten zituen, bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Oinarrizko Foru Sarean egiteke zeuden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina, zortzi urte horiek pasatuta, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak. Hona hemen zerrenda bat, eta, adi, ez da zerrenda oso-oso bat:

Errenteria-Gaintxurizketa

Gaintxurizketa-Irun (Katea)

Lezo-Pasai Donibane (bukatu gabe)

Usurbil (Txikierdi)-Santuene

Usurbil-Orio

Narrondo-Zestoa (Arroabea)

Mutriku-Mutriku (Saturraran)

Errekalde-Galarreta

Lasarte_Oria-Urnieta

Urnietako zeharbidea

Urnieta-Andoain (bukatu gabe)

Andoain-Villabona (bukatu gabe)

Anoeta-Irura

Hernani-Epele

Ordizia-Zaldibia

Beasain-Idiazabal (Kotxera) (bukatu gabe)

Idiazabal (Kotxera)

Mendaro-Elgoibar (Altzola)

Bergara-Elorregi (bukatu gabe)

Bergara-Antzuola (bukatu gabe)

Leintz-Gatzaga (bukatu gabe)

Legazpi (Mirandaola)-Telleriarte

Legazpi (Telleriarte)-Brinkola

Bergara-Urretxu

Bidegorri hauek guztiek (eta beste batzuek) iaz erabiltzeko moduan behar zuten, betiere Planaren arabera, jakina. Baina, horrela jarraituz gero, garbi dago zortzi urtetan osatu behar zen OINARRIZKO Sarea osatzeko beste hamabost edo hogei urte beharko direla.

Bidegorria-pintadakOsasun-egoerak, energia-krisialdiak eta klima-larrialdearen inguruko kontzientziak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari ematen dioten potentzial guztia garatu ahal izateko oztoporik handiena azpiegitura-falta da. Aldundiak berak 2020an udal teknikariekin, eskualdeko garapen-agentziekin eta, oro har, bizikletarekin zerikusia duten enpresekin eta elkarteekin eginiko inkestak horixe dio. Agente guztiek aldarrikatzen dute “bizikleta-bideen eta herrien arteko zerbitzuen azpiegituren sareak osatzeko eta hobetzeko beharra”.

Baina Foru Aldundiak galga emanda jarraitzen du. Trukean, propaganda eskaintzen digu.

EGUZKI, 2022ko urria

Atzerapen berria Lezo-Donibane bidegorrian

Bidegorria-pintadakGipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentuak jakinarazi duenez, Lezo eta Donibane bitarteko bidegorria bukatzeko falta den zatiari ekin aurretik, zundaketa batzuk egiten ari dira, eta, gauzak horrela, eraikitzeko lanak “2023ko lehen hilabeteetan” hasteko moduan egongo omen dira. “Albiste bikain gisa” aurkeztu nahi diguten hori atzerapen berri baten konstatazioa baino ez da. Izan ere, “albiste bikain” horrek esan nahi du bidegorria 2022an ere ez dela bukatuko, ezta bukatzen hasiko ere. Egia esan, dagoeneko urrian gaudela kontuan izanik, sumatzen genuen, baina orain ofiziala da.

Gogoratu bidegorri honen lehen zatia, Lezotik gertuen dagoena, 2017an bukatu zela. Orduan, Aldundiak esan zuen falta ziren bi zatiak 2018an egingo zirela. Bigarren zatia 2018an ez, baina 2019an egin zen. Hirugarren zatiak, berriz, Donibanetik gertuen dagoenak eta oinezkoentzako zein txirrindularientzako arriskutsuena denak, egin gabe jarraitzen du. Aldundiak 2021ean sartu zuen aurrekontuan eta urte hartako urrian, obrarik ezean, iragarri zuen proiektua esleitu egin behar zuela. Horrek aditzera ematen zuen 2022an obrak egiteko edo hasteko moduan, behintzat, egongo zirela. Orain, aldiz, urtebete geroago, “2023ko lehen hilabeteetan” esaten digute. Noizbait egia izango da, noski.

Lezo eta Donibane bitarteko bidegorriaren atzerapenak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planarekin gertatzen ari denaren isla da. Plan hori 2013ko ekainean onartu zuten aho batez Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden talde politiko guztiek.

Planak zortzi urte aurreikusten zituen, bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Oinarrizko Foru Sarean egiteke zeuden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina, zortzi urte horiek pasatuta, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, Lezo-Donibane bezala bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak, esaterako, Errenteria-Gaintxurizketa eta Gaintxurizketa-Irun (Katea), gure ingurukoak soilik aipatzeagatik.

Horrela jarraituz gero, zortzi urtetan osatu behar zen sare hori, OINARRIZKO Sarea kasualitatez deitzen ez zena, beste hamabost edo hogei urte beharko dira osatzeko.

Osasun-egoerak, energia-krisialdiak eta klima-larrialdearen inguruko kontzientziak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari ematen dioten potentzial guztia garatu ahal izateko oztoporik handiena azpiegitura-falta da. Aldundiak berak 2020an udal teknikariekin, eskualdeko garapen-agentziekin eta, oro har, bizikletarekin zerikusia duten enpresekin eta elkarteekin eginiko inkestak horixe dio. Agente guztiek aldarrikatzen dute “bizikleta-bideen eta herrien arteko zerbitzuen azpiegituren sareak osatzeko eta hobetzeko beharra”.

Baina Foru Aldundiak galga emanda jarraitzen du.

EGUZKI, 2022ko urria

Jaizkibelen berriro ere belatz handi bat tiroz bota dutela salatuko du Eguzkik Fiskaltzan

@maintzene bere twitter kontuan argitaratutako belatzaren argazkietako bat. Eskerrak hari, seguruena inor gutxi enteratuko zen bestela.

@maintzene bere twitter kontuan argitaratutako belatzaren argazkietako bat. Eskerrak hari, seguruena inor gutxi enteratuko zen bestela.

Igandean, Jaizkibelen, berriro ere belatz handi bat (Falco peregrinus) tiroz bota dutela salatuko du Eguzkik Ingurumen Fiskaltzan. Sare sozialen bidez zabaldu denaren arabera, belatza, zaurituta, Arizmendiko Basa Fauna Berreskuratzeko Zentrora eraman dute, Urnietara.

Hain justu, orain dela urtebete, beste belatz handi bat bota zuten Jaizkibelen. Horren ondorioz, Foru Aldundiak hainbat ehiza-postu itxiarazi zituen bolada batez, eta oraingoan ere neurri bera hartu duela edo hartuko duelakoan gaude. Baina garbi dago ez dela nahikoa. Izan ere, ematen du marmotaren eguenan bizi garela, legez babestutako hegaztiak tiroz botatzea ez baita zerbait puntuala, kronikoa baizik. Orain dela urtebete jakin genuen aurreko ehiza-denboraldian Igeldoko Arrano Etxera tiroz botatako 33 hegazti iritsi zirela, horietako 21 espezie babestu edo ez-zinegetikoetako aleak. Eta zenbaki horiek icebergaren tontorra baino ez dira, pentsatzekoa baita tiroz botatako hainbat ale jasoko dituztela botatzaileek berek, eta beste hainbat sasi artean edo galduko direla.

Foru Aldundiari ez zaio gustatzen gertaera hauek hauspotzea –izan ere, horien berri ez du ematen, motu propio, behintzat–.  Bistaratzen baldin badira, egiten duena baino gehiago egin behar duela agerian geratuko den beldur delako edo. Horregatik, horrelako gertaeren berri izaten dugu soil-soilik botatako hegazti bat aurkitzen duenak publiko egiten duenean edo jakinarazten digunean, igandeko belatzaren kasuan bezala. Eta, gure ustez, hori da bidea, arazoa bistaratzea: hau ez da normala eta ez da normalizatu behar.

Hegalean zaurituta, igandean Jaizkibelen botatako belatzak ezin zuen hegan egin.

Hegalean zaurituta, igandean Jaizkibelen botatako belatzak ezin zuen hegan egin.

Gauza batez, berriz, duda gutxi dugu: oraingoan Foru Aldundiak behar bezala jakinaraziko dio Fiskaltzari belatza bota egin dutela. Fiskaltzak Aldundiari kargu hartu izanak ondorio hori, behintzat, izango du (ikus: http://eguzki.org/2022/09/22/fiskaltzak-kargu-hartu-dio-gipuzkoako-aldundiari-ez-diolako-ingurumen-delituei-buruzko-informazioa-bere-horretan-bidaltzen-bahetuta-baizik/).

Kontuan izan behar da legez babestutako hegazti bat tiroz botatzea delitua izan daitekeela, kartzela-zigorra eta guzti ekar dezakeena. Egia da, baina, oso zaila izaten dela delitugilea identifikatzea, baita ehiztari “legalez” inguratuta dagoenean ere.

Eguzki, 2022ko urria

Egunotan Hondarribian "Jaizkibelgo altxorrak" jardunaldiak egiten ari dira. Eguzkik ere parte hartu du antolaketan. Bada, tiro egiten zaien neurrian, altxorrak gero eta gutxiago dira, noski.

Egunotan Hondarribian “Jaizkibelgo altxorrak” jardunaldiak egiten ari dira. Eguzkik ere parte hartu du antolaketan. Bada, tiro egiten zaien neurrian, altxorrak gero eta gutxiago dira, noski.

Azkoitiko Udala eta ibaiaren garbiketa

Aurtengo aurrekontuetarako, Udal Gobernuak partida bana adostu zuen oposizioarekin: 25.000 euro ibaia garbitzeko eta 22.000 euro barandaren azpian (saretak) babes-neurriak jartzeko. Itun horiek oihartzuna izan zuten komunikabide batzuetan, eta, garbiketari dagokionez, urtarrileko udal aldizkarian, 13. orrialdean, Udal Gobernuak hitz batzuk ere eskaini zizkion: “ibaiak garbitzeko diru-partida handitu dugu”.

Joan den otsailaren 14an, Foru Aldundiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen udal eta mankomunitateentzako dirulaguntzen lerro baten onarpena, kostaldeko, ibaietako eta lurreko inguruetan sakabanatutako zaborren pilaketa prebenitzen eta zuzentzen lagunduko duten jarduerak egiteko. Hain zuzen ere, horretarako bideratu ziren bi partida horiek. Horregatik, 8 egun geroago, 22an, besteak beste, udal honi eskatu zitzaion laguntzak eskatzeko.

Ibaiari dagokionez, udalari jakinarazi zitzaion eskaera egin aurretik eta zehatzago esateko, ibaira jaitsi ginela, eta aurki genitzakeen hondakinetatik, besteak beste, kableak, tresna elektroniko eta teilape zatiak, pneumatikoak, egitura metalikoak, paletak, gomak, altzairuzko eta plastikozko hodiak, poteak, tetrabrikak, arropa, mantak, plastiko beltz eta zuriak, burdinazko eta plastikozko sareak, toldo zatiak eta oihalezko zakuak zeudela. Azken horiek nekazaritza-erabilerakoak dira. Horregatik, presatik, Olotzaga parean, Txerloiaraino, Azpeitiarekin muga egiten duen guneraino (4,5 kilometro inguru) garbitzeko laguntzak eskatzeko eskatu genuen.

Otsailetik urrira arte, ibaira jaitsi gabe (barandatik begiratu bat besterik ez), denbora honetan ikusi ahal izan dugunaren arabera, hondakin batzuk, hala nola telebista baten atzealdea, Ugarte kalean, Trino de Uria kaleko hondakin batzuk, bulego-aulki bat eta zabor-poltsa bat, Juin kalean (bidegorrirako norabidean), gailu elektroniko baten karkasa eta plastikozko hesi urdin bat, Altzibar auzoan (karkasa eta hesi urdina ez daude lotuta irailaren 24an Baso biziak plataformak antolatutako garbiketarekin), guztiak, ibaian hilabete batzuk eman ondoren, ez dakigu nork kendu zituen, baina argi dago norbaitek kendu zituela. Harritzen gaituena da inguruan zeuden beste hainbeste hondakin, eta ongi ikus daitezkeenak, kendu ez izana.

Duela egun batzuk ibaira jaitsi gara berriro, otsailean egin genuen bezala. Jausoro eta Altzibar lotzen dituen zurezko zubitik Sidenorren plantaren altueraraino ia ez dago hondakinik; izan ere, Baso Biziak plataformak ibai-garbiketa antolatu zuen irailaren 24an, eta Urola Bizirik Natur Taldeak eta herritar talde batek bat egin zuten harekin, eta tokiko erakunde publikoei eta URA agentziari eskatu zieten dagozkien erantzukizunak beren gain hartzeko. Presatik, Olotzaga parean, Sidenor plantaraino eta Ugarte kaletik, hiltegi zaharraren ondoan, Txerloiaraino, Azpeitiarekin muga egiten duen tokiraino, hondakinak daude oraindik, eta, ez gutxi, gorago aipatu ditugunak, bistan da eremu horietan ez dela garbiketa sakonik egin, ezta modu profesionalean ere. Ibaira jaitsi eta ibaiertzeko landaredia mugitzen badugu, ikusiko ditugu, bestela ez, landarediak berak estali baititu gehienak, enbor eta adarretan tinko bilduta.

thumbnail_Eguzki

Hiltegi zaharraren inguruan ateratako argazkia.. Argazki honek Urola ibaiaren egoera islatzen du Azkoitian, zenbait zonaldetan.

Hemen bideo bat: https://youtu.be/vWeNs4YsmkI

Lan horietarako inbertsioei dagokienez, badakigu Zestoako Udalak Urola ibaiaren 6 kilometroko garbiketa kontratatu zuela, Lasao auzotik Iraetaraino, modu profesionalean, 10.500 euroko kostuarekin (BEZik gabe). Aurretik, laguntzak eskatu zituen, eta Aldundiko Ingurumen Sailak 7875 euroko dirulaguntza eman die lan horiei.

Zestoak komentatzea merezi duten hainbat datu esanguratsu uzten dizkigu. Lehenik eta behin, 25.000 eurorekin gauza asko egin daitezkeela eta, horietako bat, zaborrak ibaitik 4,5 kilometrotan kentzeko enpresa bat kontratatzea, eta ikusten dugun bezala, askoz gehiagorako tartea ematen digu, bigarrena; laguntzak aurrekontu osoaren % 75eraino irits daitezke, eta hori ez da batere gutxi. Oraindik ez ditugu garbiketa-lan horiei buruzko datuak, baina 6.000 kilo hondakin kentzea aurreikusten zen.

Sareekin antzeko zerbait gertatzen da. Urola bailaratik kanpo joan gabe, beste udal bat dugu, non iaz, 1.400 metro sareta jartzeko, 23.500 euroko aurrekontuarekin (BEZik gabe) 10.881 euro jaso zituen laguntzetan ( % 46).

Apirilaren 25ean argitaratutako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean egiaztatu ahal izan genuenez, Azkoitiko Udala ez da laguntza hauen eskatzaile gisa agertzen ez garbiketarako ez saretak jartzeko, eta horrek nolabaiteko harridura sortzen digu gutxienez. Inori ez zaizkio laguntza batzuk gaizki etortzen, eta ez dugu uste Udalak dirua soberik eukiko denik. Egia da laguntzak eskatzeak ez digula bermatzen % 100ean jasoko ditugunik, baina ez eskatzeak bai bermatzen digula laguntzak ez jasotzea. Ez dakigu, halakorik balego, Udal honek zer arrazoi izan dituen dirulaguntzak ez eskatzeko, baina argi dago arindu egingo liratekeela udal-kutxa, bai eta garbiketa-lanak non eta nola egiten ari diren ere, egiten ari badira.

Eguzki, 2022ko urria

 

Pasaiako portuan jarduten duten enpresek indarrean dagoen ingurumen-legedia urratzen jarraitzen dute

kutsadura Pasaian

Pasaiako portuan jarduten duten enpresek –batzuk nahitaezko jarduera-lizentziarik gabe–indarrean dagoen ingurumen-legeria ez betetzeagatik behin eta berriz jarritako salaketen aurrean, Eguzkik berriro eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari beharrezko neurriak har ditzala pertsonen osasuna eta ingurumenarekiko eta itsasoarekiko errespetua eta babesa bermatzeko.

Salaketak askotarikoak izan dira, eta, besteak beste, Badian Bizik (kolektibo plurala, Pasaia, Lezo, Errenteria eta Donostian bizi diren pertsonek eta gizarte-taldeek osatua), norbanakoek, talde politikoek eta Eguzkik egin dituzte.

Azken horrek zuzendaritza horri eskatzen dio ahalik eta azkarren har ditzala beharrezko neurriak, Pasaiako portuko enpresen jarduera, oro har, eta ontzien zamalanena, bereziki, indarrean dagoen ingurumen-legeria zorrotz betez gara dadin.

Jarduera legean ezarritako baldintzak bete gabe egin dela egiaztatzen den neurrian, nahitaezko zehapen-espedientea eta pertsonen osasuna kutsatzen eta kaltetzen jarrai ez dezan beharrezkoak diren hertsapen- eta kautela-neurriak hastea.

Zaborra Garberan, noiz arte?

zaborrak2Donostiako Garbera merkataritza-gunearen atzealdean espektakulu nazkagarri hau egunero ikus daiteke. “janari azkarra” edo, hobeto esan, “janari zaborra” saltzen duten negozioek ez dute gero selektiboki jasotzen. Dena nahastuta botatzen dute atzealdean, honako bideo honetan ikus daitekeen bezala:

Eguzki en Twitter: “En Garbera no se separan los residuos y se genera este espectáculo lamentable. Así que Donostia es la última en la separación selectiva de residuos. Así se alimenta y se crea la necesidad de una incineradora. ¿Hasta cuándo? @Ayto_SS https://t.co/RGD7GgOCna” / Twitter

Horrela elikatzen da erraustegi baten beharra. Donostiako Udala, San Marko Mankomunitatea eta merkataritza-gune hau kudeatzen dutenak noiz hasiko dira gauzak ondo egiten? Bada garaia!

EGUZKI, 2022ko urrian

Zaborra ez dator bakarrik bueltan etxera

2022-9-20.Zaborrak etxera

Uda amaitu berritan, natura gunetan ematen diten hondakin bilketei buruzko salaketa egin dugu. Hain zuzen ere, Ondarroa eta Lekeitio arteko kostaldean biltzen diren hondakin abiapuntu izanik, kartelak ipini ditugu.

Denok mugitzen gara udan, eta zaborrik gabeko gune garbi bat aurkitzea gustatzen zaigu, baina paisaia horiek gure hondakinen presentziak lausotzen ditu, fauna eta florari kaklte larriak eraginez. Batik bat zigarro puntak nagusitzen dira, hain zuzen ere, elikagai ontzien, botilen eta plastikozko poltsen aurretik: Hondakinen %30 zigarro puntak dira, eta zortzi urte baino gehiago behar dituzte deskonposatzeko.

Itsasoa erdigunean. Lurreko ingurune naturalera zaborra botatzeak, gainera, zuzeneko eragina du itsas ekosisteman. Izan ere, itsasoko zaborraren %80 lurrean utzitako hondakinak dira. Itsas kutsaduraren datuak nabarmenak dira: 4,5 bilioi zigarro puntak kutsatzen dute gure planeta, eta 51 bilioi mikroplastikok milaka itsas espezierekin bizi dira mundu osoko uretan, larriki kutsatuz.

Aipatutako datuak oinarri hartuta, ingurune naturalean gertatzen ari denari buruzko gogoeta bultzatu nahi dugu. Hondakinak gordetzea eta geroago edukiontzi egokian botatzea bezalako keinu txiki batek onura handiak izan ditzake ingurumenerako eta guztion bizi kalitaterako.  Hondakinen kopurua, tipologia eta jatorriari buruzko ezagutza garrantzitsua da, eta, horretarako, prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza kanpainak bultzatu behar dira. Herritarren mobilizaziorik gabe ez da egoera aldatuko.