All posts by Andoain

ASTEKLIMA: klima aldaketaren aurka instituzioek ezer gutxi egitea kritikatu du Naturkonek

Errauskailuaren Aurkako Mugimenduaren deialdiekin ere bat egiten du.

Asteklimaren aurkezpena

ASTEKLIMA: Aholkuak besterentzat, ez ordea berentzat

Aste honetarako Eusko Jaurlaritzak Asteklima ekimena sustatu du,  klima aldaketaren efektuak arintzeko hartu beharreko konpromisoen dibulgazioa helburutzat duen ekimena, eta horri erantzunez hau diogu:

Azken hilabeteetan ikusi izan dugu nola Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek hainbat ekimen sustatzen ari diren. Hurrengo zerrendan horietako batzuk laburbiltzen dira, besteak beste:

1- Zubietako erraustegiaren eraikuntza. CO2 eta gai toxikoak kantitate handian sortzea hondakinak ‘desagertzearren’.

2- Oxido kuprosoa erabiliz pinudiak fumigatzeko intentzioa , Nekazaritza eta Arrantzako Ministerioari eta Europako Batzordeari bizkarra emanaz, esperimentalak direla aitzakiatzat ipinita.

3- Gipuzkoako Biodibertsitate Kontseiluaren inaktibazioa  (9/2015 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Gipuzkoako Biodibertsitate Kontseilua eratzen duena).

4- Natura 2000 Sareko babesturiko natur esparru batean pista sare bat sustatzea, Aralarren eta Aizkorrin esaterako, Natur Parkeen legediaren (168/1994 Foru Dekretua) aurka.

5- Mehatxaturik dauden espezieen ehiza baimentzea.

6- Baliabide naturalak modu jasangarri batean ustiatzeko proposamen berrien onestea ukatzea.

7- Gipuzkoan Natura 2000 sarearen garapena ukatzea.

8- Hainbat ingurumen delituengatik ikerturik  jarraitzen duten agintariek dimititu nahi ez eta karguan jarraitzea.

9- Ordezko energia-iturriak baztertzea, bai ekoiztean, bai erabiltzeko nahiz banatzeko azpiegiturei dagokienez.

10- Mota guztietako ibilgailuetarako laguntzak ematea, gas kutsagarri gutxiago isuriko direla aitzakiatzat ipinita.

11- Eta abar.

Hauek azken legegintzaldian ikusi ditugun adibide batzuk besterik ez dira. Aurreko zerrendan aipatu diren guztiek, kanpoan utzi ditugunez gain, ingurumenaren degradazioa eta klima aldaketa sustatzen dute.

txartela-bi-hizkuntz-1-566x800[1]

Orain arteko aurrekari guztiak kontuan izanik, ondorengo hausnarketak egiten ditugu: klima aldaketa sustatzen ari direnek hitz egin nahi digute fenomeno honen inguruan? Zer saldu nahi digute martxoaren 1-10 artean? Klima aldaketaren efektuak arintzeko lanean dihardutela? Gizarte orokorraren bete beharrak gogoaraztea? Eurak errespetatzeko behar eta intentziorik ez dituzten betebehar horiek? Ez al litzateke hobe gure agintariak aldatzen hastea herrialde hobeago bat garatzen hasteko, ingurumen alorretan arduratsuago eta gardenagoak izateko?

Euskal erakundeek ingurumen legediaren aurka, azken urteetan hartutako erabakiekin bat ez bazatoz, ez ezazu parte hartu jada hasi den ASTEKLIMAn. Eta animatu zaitez “Errausketaren aurkako mugimentua”-k antolatu dituen elkarretaratzeetan parte hartzera, martxoaren 5ean 19:00etan Alderdi Ederren eta martxoaren 6an 19:00etan Kursaalean.

NATURKON – Gipuzkoa
Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Oxido kuprosoa erabiltzeko Ministerioaren debekuaren aurrean, Naturkonen balorazioa.

Jaurlaritzaren eta foru-aldundien arduragabekeria pinudien krisiaren aurrean

Madrilek ez du baimenik eman aire bidez Gipuzkoako eta Bizkaiko pinudiak oxido kuprosoarekin tratatzeko. Hala ere, Jaurlaritzaren esanetan, aurrerantzean baimena emateko aukera ez omen du baztertzen, baldin eta tratamendua eraginkorra dela eta ingurumen kalteak onargarriak direla frogatzen bada.

Gaur egun baso askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Gaur egun baso-jabe askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Alegia, Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteak salatu bezala, aurreko udazkenean Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek lau haizetara zabaldu zuten “Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia” deitutako plangintzak ez du inolako oinarri zientifikorik. Ez dago frogatuta oxido kuprosoa banda marroiaren izurriteari aurre egiteko baliagarria denik, eta are larriagoa dena, horrelako tratamenduak eragin ditzakeen ingurumen kalteak ez dira arbuiagarriak. Gipuzkoako hainbat udaletan tratamendu honen kontrako mozioak onartu dira, baina hala ere, Jaurlaritzak eta Aldundiak ez dute etsi: 1.050 hektareatan tratamendu esperimentala egiteko asmoa erakutsi dute eta Madrili eskatu diote lurjabeei lurretiko tratamenduak egiten baimentzea. Lurretik airetik baino eraginkorragoa izango delakoan, baina, eta ingurumen kalteak? Lehendik ere Gipuzkoan eginak dituzte esperimentuak, eta bistakoa da ez dutela emaitza onik eman (hau ere ez dute gizarteratu). Zer esperimentatu behar dute halako azalera handian? Zer protokolori jarraituko diote? Ez ote gaude beste iruzur baten aurrean? Eta berriz ere diru publikoarekin egin asmo dute!

Kezkagarria da, benetan, Zientzia eta Teknologian punta-puntako ikerketa-zentroak ditugun herrian gure agintariek zientziarekiko erakutsi duten gutxiespena. Joango da orain Tapia andrea parlamentura gezurra esan zuela aitortzera? Hasieratik salatu genuen Naturkondik oxido kuprosoa erabiltzearen ideia astakeria dela. Batetik, aire bidezko fumigazioak debekatuta daude ingurumenean duten eragin kaltegarriarengatik, eta bestetik, oxido kuprosoa ur-ekosistemetan pozoia bihurtzen den fungizida generikoa da, onddo guztientzat hilgarria. Baldintza horietan Gipuzkoako azaleraren heren batean erabili nahi den tratamendua ezin da diseinatu denbora-tarte horietan, ez behintzat zientziaren izenean.

Pinudiak lurretik fumigatzeko era bat. Hau ez da eraginkorra eta kutsakorra da oso.

Pinudiak lurretik fumigatzeko era bat. Ez da eraginkorra eta kutsakorra da oso.

Beldurgarria da Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek tamainako ingurumen kalteak eragin ditzaketen neurriak erabiltzeko erakutsi duten arduragabekeria. Gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzeko gu guztion eta gure ingurunearen osasuna arriskuan jartzeko prest daude, lotsarik gabe adieraziz gainera.

Pinudien krisiak basogintza-politika aldatzeko aukera paregabea eskaini digu. Sektore hau modernizatu behar da, ingurumen kalteak kontuan hartzera behartuz. Naturaren ustiapena eta kontserbazioa uztartu behar dira, eta horretarako badago jakintza eta modua Gipuzkoan. Basogintzak ez luke egurgintza bakarrik izan behar eta horretarako ezinbestekoa da baso-politika egurraren lobbytik askatzea. Aldundiari eskatzen diogu, berriz, deitu dezala Bioaniztasunaren Mahaia lehenbailehen eta hasi dadila, behingoz, baso-politika berria diseinatzen. Eta alderdi politiko guztiei eskatzen diegu argi eta garbi arbuia dezatela aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren erabaki berria eta gure eskakizunak babestu ditzatela.

Gure aldetik orain arte bezala gaiaren jarraipen estua egiten jarraituko dugu herritarrak informatuta egon daitezen. Pinudien krisiarekiko gure iritzia non-nahi emateko prest gaude, herritarrak sentsibilizatzea ere gure eginkizuna baita.

Euskal Herrian, 2019ko martxoaren 1ean
Naturkon Gipuzkoa – Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan

Partaideak.
Naturkon-parataideen-anagramak-txikian

Adminstrazioak egurgintzan formatzeko ingurumenaren aurkako delitoengatik inputatutako enpresa erabili

EUSKO JAURLARITZAK ETA ALDUNDIEK INGURUMENAREN AURKAKO DELITOAK GAUZATZEAGATIK INPUTATUTAKO ENPRESA BAT ERABILI DUTE EGURGINTZA SEKTOREA FORMATZEKO.

Egurra pilatuta 3

Egurra ekoizteko eredu intentsiboaren krisi larriaren aurrean, igaro den abenduan Eusko Jaurlaritzak baso jabeentzako formazio teknikoko saio bat antolatu zuen, hizlari gisa Bosques 2000 enpresako ordezkariak erabiliz. Hitzaldi tekniko hau HAZI enpresa publikoak antolatu zuen, EAJrekin lotutako hautetsien eta kargu publikoen harrobi ezaguna dena, hain zuzen.

Bosques 2000 enpresaren jarduera eukaliptoen landaketa intentsiboen ikerketa eta garapenean kokatu da, batez ere espezie exotiko honekin inbadituta dagoen Kantauri eremuan (Galizia, Asturias, Kantabria,…). Enpresa hau papergintzan jatorria duen Grupo Sniace izenekoaren barruan dago, ekoizpen desberdinak edukirik (eukalipto egurra, zuntz biskosoa, zelulosa eta energia), Bosques 2000 enpresaren ordezkariaren hitzaldiaren izena ondokoa zen: “Eukalipto barietate hobetu berriak Kantauri isurialdean”.

Eukalipto landaketak ziren Bosques 2000 enoresaren jardueraren zati garrantzitsua.

Eukalipto landaketak ziren Bosques 2000 enoresaren jardueraren zati garrantzitsua.

Ingurumenaren aurka jarduteagatiko inputazio penala.

Duela gutxi ezagutu ahal izan denaren arabera, Kantabriako Auzitegiak Sniace enpresako Administrazio Kontseilua eta Operazio-Zuzendaria inputatu ditu, “ingurumenaren eta natur baliabideen aurkako ustezko delitu” batengatik, Saja ibaian hainbat urtetan zehar isurketa toxikoak egiteagatik. Oraingoan Auzitegiak Torrelavegako 1. Epaitegiaren epaia zuzendu du, Operazio-Zuzendariaren inputazio mantenduz eta Fiskaltzak eta Ekologistak Martxan erakundeak ezarritako errekurtsoak onartuz, Administrazio Kontseilua ere inputatu duelarik.

Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoaren baimenarik gabe gertatu dira isurketak, hauek hurrengo parametroen maila handiak aurkeztu dituztelarik, indarrean dauden ingurumen legeak erasotuz: konduktibitatea, suspentsioko solidoak, DQO, DBO5, osoko karbono organikoa, osoko nitrogenoa, kuprea, zinka, beruna, selenio eta magnesio disolbatuak. Metal astunak bereziki kaltegarriak dira, kate trofikoari eraginez eta ibai ekosistema eta pertsonen osasuna arrisku bizian jarriz.

Kantabriako Auzitegiak Toxikologiako Institutu Nazionalaren, Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoaren eta Fiskaltzak izendatutako peritoen txostenei garrantzia handia eman die.

Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak dagoeneko ezarrita zizkien lege hauste larriagatiko 600.000 €ko isuna eta 500.000 €ko kalte ordaina. Izan ere, garai berean Sniaceko Kontseilari ejekutibo ohiaren aurkako beste prozedura penal bat tramitatzen ari zen, 2010eko apirilan kondenatuta izan zelarik ingurumen delitu batengatik eta orain epaitzen ari diren isurketa antzekoengatik. Ondorioz, aipatu dugun ebazpenatik aurrera ahozko epaiaren irekiera egiteke dago inputatu guztien aurka.

Pinuak eta eukaliptoak EAEn.

Sinesgaitza ematen badu ere, Sniece enpresak PEFC izeneko baso kudeaketarako ziurtagiria lortu duela baieztatu du, hain zuzen, egurgintza sektoreak erabilitako gezur berde handia izanik, Euskal Herrian EAJk eta Baskegur elkarteak bultzatutako baso eredu intentsiboaren irudi kaskarra garbitzeko asmoz.

Pinu intsignisa eragiten duten gaixotasun ugariri eskeinitako alternatiba gisa, aipatutako bi eragile horiek basojabeei berbideratzen saiatzen ari dira beste espezie exotikoen erabilerarekin has daitezen ordezko gisa, ezaguna den eukalipto kaltegarriaz gain: Douglas izeia, sekuoiak, itsas pinua edo kriptomeria japoniarra.

Aldi berean, egungo baso eredu zaharkitua sendotu nahi dute, baso naturalak (hariztiak, pagadiak, ameztiak, baso mistoak, artadiak,…) EAEko lurraldeko %75etik dagoeneko desagertu direla ahaztu nahian.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra Donostian, 2019ko otsailean

Pinuaren gaitzaren inguruan Naturkonek egindako eskaerei Gipuzkoako Aldundiak erantzunik ez

Ona  hemen Eguzkik parte hartzen duen Naturkonen oharra bere osotasunean.

Pinuaren gaitzaren inguruan hainbat urrats egin ditzala eskatu dio Naturkonek Gipuzkoako Foru Aldundiari

Joan den asteazkenean, hilak 7, helarazitako gutun baten bidez, hainbat eskaera luzatu dio Naturkon Gipuzkoakolektiboak Gipuzkoako Foru Aldundiari, pinuari eraso dion onddoaren eta haren aurka jarduteko Aldundiak hartutako erabakiaren inguruan. Zehazki, galdetu dio zer informazio toxikologiko darabilen eskuartean, zer ikerlan egiteko asmoa duen tratamenduaren aurreko eta ondorengo egoera ekologikoa konparatu ahal izateko, nola pentsatzen duen bateragarri egitea tratamendu biozida hori eta perretxikoen kontserbazioa, bereziki Lobaria virens likenaren kontserbazioa…
Gaur egun baso askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Banda marroiak jotako landaketa.

Halaber eskatu dio, jakinik kobre oxidoa izugarri toxikoa dela onddoentzat ez ezik, arrain eta uretako gainerako faunarentzat ere, bere eskuetan duen informazio guztia helarazteko, Naturkoni berari ez ezik, Gipuzkoako arrantza-elkarte, arrantza-federazio eta elkarte mikologiko guztiei ere.

Ildo beretik eskatu dio Naturkonek Aldundiari informazio horixe bera helarazteko Gipuzkoako parke naturaletako patronatuetako kide guztiei, natura babesteko kudeaketa beren esku baitute.

Durangon pinudien fumigazioaren aurka egindako konzentrazioa azaroan

Durangon pinudien fumigazioaren aurka egindako konzentrazioa azaroan

Azkenik, arazoaren larritasuna eta, bereziki, hura konpontzeko aukeratu den bidearen larritasun handiagoa kontuan izanik, Naturkonek ondorioztatu du badagoela nahiko motibo behingoz konbokatzeko Gipuzkoako Biodibertsitatearen Kontseilua, 2015ean sortu zenetik behin ere bildu ez dena.

Bere gardentasun-politikari muzin eginez, erantzuteari uko egin dio Aldundiak.

Hau da gutunaren testua literala:

.

                                  Ainhoa Aizpuru Murua Foru Diputatua
                                  Arantza Ariztimuño Zuzendaria

                                  Alfonso Acarreta Idazkari Teknikoa
                                  Iñigo Mendiola Zerbitzuburua                                  Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde                                  Orekarako Departamentua
                                  Gipuzkoako Foru Aldundia

Jaun-andre horiek, egun on.

Azken hilabeteetan Euskal Herrian oro har eta Gipuzkoan bereziki pinuetan zabaldu den izurritea dela eta, hainbat eskaera egin nahi dizkizuegu honen bitartez:

  • a) Jaso nahi genuke oraintsu onetsi berri duzuen eta urriaren 11n prentsaren aurrean iragarri zenuten “Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia” delakoaren espedienteko dokumentazioaren kopia bana.
  • b) Halaber nahi genuke helaraztea gaiarekin lotuta eskura duzuen informazio teknikoa —toxikologikoa onddoekiko oro har, toxikologikoa uretako bizidunekiko, ingurumenarekikoa, fitosanitarioa…— eta administratibo guztia, hala nola Madrilgo Gobernuari egindako baimen-eskaeraren ingurukoa.
  • c) Jakin nahi genuke halaber ea zuen sailak aurreikusi duen, kobre (I) oxido bidezko tratamendua aplikatzen bada, aurretiko eta ondorengo azterketa faunistiko, floristiko eta ekologikoa egitea tratamenduaren ingurumen-ondorioak ebaluatu ahal izateko, bereziki onddoen gainekoa eta uretako ekosistemen gainekoa, baina lehorreko makrofaunari buruzkoa ere bai.
  • d) Jakin nahi dugu, orobat, nola aurreikusten duen zuen sailak bateratzea delako tratamendu hori Lobaria virens likena (Europako liken urrien eta mehatxatuenetako bat, Gipuzkoan bizi dena) babesteko obligazioarekin.
  • e) Aurreko puntu guztiei buruzko irizpen teknikoa enkargatzea EHUren Ekologia Departamentuari.
  • f) Gaiaren larritasuna ikusirik, uste dugu une egokia dela, eta hala eskatzen dizuegu, 2015ean sortutako Bioaniztasunaren Kontseilua (9/2015 Foru Dekretua, apirilaren 14koa) konbokatzeko gai hau guztia aztertzeko, informazio hori guztia aldez aurretik helarazita kontseilukideei, garaia baita baso-politikan egurgintzaren sektorearen interesetik haragoko planteamenduak kontuan hartu eta prozedura gardenagoak baliatzeko.
  • g) Kobre (I) oxidoak onddoekiko duen toxikotasuna dela eta, eskatu nahi dizuegu halaber Euskal Herriko elkarte mikologiko guztiei helaraztea aurreko puntuetan aipatutako informazio tekniko guztia.
  • h) Bota nahi den konposatuak uretako bizidunekiko duen toxikotasuna ere ikusirik, halaber eskatu nahi dizuegu goiko puntuetan aipatzen den informazioa Euskal Herriko arrantza-elkarte eta arrantza-federazio guztiei helaraztea.
  • i) Iragarri den tratamenduaren ondorioak oso larriak izan daitezkeela aurreikus daitekeenez, orobat eskatu nahi dizuegu Parke Naturaletako Patronatuetako kideei ere helaraztea esandako informazio guztia.
  • j) Halaber esandako informazioa Gipuzkoako Arrantza Kontseiluko kide guztiei helaraztea, eta gai hau Kontseilu horren urteroko bilkuraren (nahiz aparteko bilkura monografiko baten) gai-zerrendara gehitzea, han ere azter dadin.

Besterik gabe, jaso gure agurrik beroena.

Donostian, 2018ko azaroaren 7an

Naturkon Gipuzkoa
Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

2017an ere lurra eta ingurumenaren aldeko aktibistak eta ekologistak erahilak mundu osoan

2017. URTEAN ZEHAR LURRA ETA INGURUMENAREN ALDEKO AKTIBISTAK ETA EKOLOGISTAK HILTZEN JARRAITU DUTE MUNDU OSOAN ZEHAR.

 Azken urteetako joera gorakorrak jarraitzen du, Lurra eta Ingurumenaren aldeko aktibista gehien erahil duten urtea 2017a izan delarik. Agroindustria ere izan da hilketa hauek lotutako arlo odoltsuena.

Global Witness nazioarteko GKEren urteko zenbakiek erakusten digute 2017an gutxienez Lurra eta Ingurumenaren aldeko 207 aktibista hil zituztela 22 Estatuetan: buruzagi indigenak, komunitatearen aldeko aktibistak eta ekologistak meatzaritza, basoen mozketa, agroindustria eta beste negozio suntsitzaileetatik beren etxeak eta komunitateak babesten saiatzeagatik erahildakoak. Ia lau lagun astean, erregistroa dagoenetik urterik odoltsuena.

Kontsumorako gaiei lotutako hilketen gorakadaz ohartarazten du txostenak. Izan ere, beren lurrak nekazaritza suntsitzailetik defendatzen dutenenganako eraso bortitzak handitzen ari dira (adibidez, olio palma landatzeko lurren lapurretak, xaboia eta kafea bezalako gai arruntak ekoizteko).

Berta Cáceres aktibista hondurarra izango da  kasurik ezagunenetakoa. Egun hauetan bere kasua epaitzen aritu arren, justizia egiteko esperantza gehiegi ez dago, beste behin ere.

Berta Cáceres aktibista hondurarrarena izango da kasurik ezagunenetakoa. Egun hauetan bere hilketaren inguruko kasua epaitzen aritu arren, justizia egiteko esperantza gehiegi ez dago, beste behin ere.

Txostenaren bidez erasoekin bukatzeko eta ingurumen aktibistei babes neurriak ezartzeko eskatzen zaie gobernuei eta enpresei.

Ziuraski hildakoak askoz gehiago izango dira, datuen bilaketan oso mugatuta daudelako. Aktibista hauek isilarazteko erabilitako tresnen artean hilketa da adibide latzena, baina badira beste asko: heriotz mehatxuak, atxiloketak, beldurra eragitea, zibe erasoak, sexu erasoak eta epai salaketak.

“Zein preziotan?” izeneko txostenaren arabera adierazten da agroindustriak meatzaritza gainditu duela, eraso hauei lotutako negoziorik odoltsuena bilakatuz.

Kolonbiako Hernán Bedoyaren hilketa dago erasoen artean, bere komunitateari lapurtutako lurretan olio palma eta bananondoko landaketen aurkako manifestazioetan parte hartzeagatik talde paramilitarrak erahildakoa. Edo Filipinetako ejerzitoak eragindako zortzi nekazarien hilketa bortitza, beren lurretan kafe soroak landatzeari oposizioa aurkeztu zutelarik. Eta Gamelako herri indigenako 22 kideen zauri larriak, batzuk eskuak moztuta, Brasilgo terratenienteek eraginda matxete eta errifleak erabiliz.

Nekazari eta aktibista kolonbiarra atxilotxeko unean.

Nekazari eta aktibista kolonbiarra atxilotxeko unean.

Txostenak lotzen ditu bortizkeri hau eta gure etxeetan topatzen ditugun hainbat gai: nekazaritza intentsiboa, meatzaritza, legez kanpoko ehiza, egur mozketak, supermerkatuetako era guztietako lehengaiak (palma olioa txapurako, abereentzako soja, altzarientzako egura, etabar) sortzen dituztelarik.

Zenbait gobernuk eta enpresek hilketa hauekin loturak ere badituztela salatzen dute, eta Global Witness erakundeak dei egiten du berehalako erantzuna emateko, joera gogor hau gelditu nahi bada. Hala ere, bi eragile horiek ere irtenbidearen zati dira, erasoen arazoari errotik heltzen badiote. Adibidez, komunitateek beren lurretan garatzen diren hainbat proiektuei ezetz esateko eskubidea bermatzea, meatzaritzan adibidez; edo eta arriskuan dauden ekologistak babestea eta bortizkeria jasaten dutenentzako justizia ere bermatzea.

Ben Leatherrek, Global Witness erakundeko kanpainen arduradunak, hauxe esan zuen: “tokiko aktibistak hiltzen ari dira, gobernuek eta enpresek diru mozkinak era azkar batetan lortzea lehenesten duten bitartean. Funtzionari korruptoei, industria suntsitzaileei eta ingurumen hondamendiari aurre egiten dieten komunitate ausartak isilarazten dira bortizki. Aski da”.

“Eraso guzti hauen aurrean, Ingurumena eta Lurraren babesaren aldeko komunitateak ez dira desagertuko, indartu egingo dira baizik. Gonbidatu egiten ditugu kontsumitzaileak gure kanpainari lotzeko aktibista horiekin batera, boterea mugitzen den aretoetara eta industrien zuzendaritza batzordeetara beren borroka ere eramanez. Beren ahotsak entzungo direla ziurtatuko dugu. Eta zelatan egongo gara aktibistak, beren lurra eta ingurumena babestuak izan daitezen ziurtatzeko”.

Bestelako datu garrantzitsuak:

Brasil izan da historian zehar hilketa kopuru handiena bildu duen Estatua, 2017an 57 hilketa jasoaz. Filipinetan 48 lagun hil dituzte urte horretan, Asian inoiz bildutako kopuru handiena.

Latinoamerikan eman da hilketa guztien %60a. Mexikon eta Perun hilketak handitu dira erruz, 3tik 15era eta 2tik 8ra, hurrenez hurren. Nikaraguan aldiz per capita izandako hilketa kopuru handiena bildu da, lau heriotza gertaturik.

Lehen aldiz agroindustria arlo ekonomiko odoltsuena izan da gutxienez 46 hilketa bilduz. Meatzaritzari lotutako hilketak 33tik 40ra handitu ziren, basoen mozketari 23 hilketa leporatzen zaizkion bitartean.

Legez kanpoko ehiztariei aurka egitea arriskutsuagoa bilakatu da, 23 hildakoen errekorra izan delarik, Afrikako basozainak gehienak, basa bizitzaren legez kanpoko merkataritza oztopatzeagatik.

Global Witness erakundearen arabera lehengo urteko 53 hilketetan seguritate indar publikoek parte hartu dute, eta eragile pribatuek (gaizkileen taldeak) 90 hilketetan.

Azken urteetan gobernuen eta enpresen aitortza eta ekimen handiagoa antzeman izan da, baina askoz ere gehiago egiteko eskatu behar zaie, eta azkar gainera, giza eskubideen urraketaren inguruko arazo larri honi heltzeko.

2018ko urrian.

Lurrak eta Eguzkik Pirinioetan bi hartz eme birsartu izana txalotu dute.

LURRA ETA EGUZKI TALDE EKOLOGISTEK PIRINIOETAN BI HARTZ EME BIRSARTU IZATEA TXALOTU EGIN DUTE.

Camille Pirineotako azken hartz arra izan zen.

Camille Pirineotako azken hartz arra izan zen.

Urriaren hasieran Gobernu frantziarrak bi hartz eme askatu ditu Biarnoko eskualdean (Okzitania), Aspe, Ossau eta Barétouseko ibarren ondoan, Euskal Herria eta Aragoiko mugan. 1996 urtetik Pirinio frantziarreko lehen hartz birsartzea izan da hau, nahiz eta hartz arrearen populazioen berrindartze hauek 90.eko hamarkadaren erdialdean hasi. Ekimen txalogarri honen helburuak haien populazioa handitzea eta Pirinioan zehar hedatzea bilatzen du espeziearen gainberaren aurrean. Era berean, birsartzea gertatu da Pirinioetako Parke Nazionalaren barruan, izaera publikoko lurretan.

Gobernu frantziarrak bilatzen du mendebaldeko Pirinioan geratzen diren azken bi hartz arreekin estalketa gertatzea, horien errolda haztea eta erdialdeko Pirinioraino hedatzea, horrela bi azpipopulazio hauek elkarrekin harremanetan jartzeko eta lotzeko. Honek garrantzia handia du, bi ar hauetako baten ama azken eme piriniar autoktonoa izan zelako (2004an erahildakoa), eta ar hori jatorrizko populazioaren geneak kontserbatzen dituen eta bizirik dirauen hartz bakarra delako. Eta ez dago beste hauturik: bere geneak transmititzeko aukera bideratu behar diogu.

Hartz arrea babestuta dago, desagertzeko bidean dagoen espezie gisa katalogatuta, eta ondorioz onartutako kudeaketa planek Estatuetako, Departamentuetako eta Autonomietako Administrazio desberdinei behartzen diete hartzen populazioen zabaltzeko lan egitea. Nafarroan 1996. urtetik hartz arrearen Kudeaketa Plana dugu indarrean. Bestalde, laguntza ekonomiko eta bitarteko berriak ezartzen ari dira basoetako ugaztun handi hauen birsartzeari esker onuradun diren udalerri eta abere ustialekuetan.

Adi hartzak 2

Pirinioetan geratzen zen azken hartz emea 2004an hil zen, ehiztari frantziar batek tiroz akatua, basurde uxaldi batetan hain zuzen. Eta Euskal Herriko eta Pirinioko azken hartz ar autoktonoa (Camille), Erronkarin eta Zuberoan ere bizi zelarik, 2010ean desagertu zen heriotz naturala dela medio. EAEn aldiz hartz arrea azken aldiz 1871. urtean Urkiolan (Bizkaia) ikusi zen.

Hartz arrea landare, fruitu eta intsektuaz elikatzen da %85ean; era berean sarraskijalea eta ehiztaria ere izan daiteke ganadua jateaz gain, baina neurri txiki batetan. Mendebaldeko populazioan, euskal Piriniotik gertuago, geratzen diren bi arrek 2015. urtetik ez dute abeltzaintzan kalterik sortu Pirinio Atlantiarren Departamentuan, nahiz eta bertan 80.000 ardi izan urtero.

Horrela, hartz arrea, otsoa, katamotza, etabarrek dituzten populazio eskasen arazoen aurrean, Europako Batzordeak “gizakia eta haragijale handien arteko bizikidetzarako Plataforma” aktibatu zuen, haien populazioak berreskuratzeko eta elikadura, babesa eta ugalketarako habitat naturalak birgaitzeko, Ekintza Plan batez horniturik. Hau guztia dela eta, Lurrak eta Eguzkik Nafarroako Gobernuari ondoko eskaerak luzatzen dizkiote:

– 268/1996 Foru Dekretua, hartz arrearen berreskurapen plana onartzen duena, berrikustea. Urte askotan zehar gobernu desberdinek erabateko pasibitatea izan dute hartza berreskuratzeko, babesturiko espeziaren estatusa edukita ere, legez derrigorrezkoa izanik

– hartz arreak behar dituen habitatak berreskuratzea, nahikoak diren elikadurarako eta babeserako eremuez horniturik

– sustapeneko eta hartzarekiko bizikidetzarekiko abeltzaintza egokitzeko neurri garrantzitsuak ezartzea, bai profesionalena bai eta aisialdiko abeltzantzarena ere.

ganadua mendian

– egiaztapen eta kalteen konpentsazio tresna azkarrak ezartzea, hartzak sortutako galera ekonomikoei lotuta

Lurrak eta Eguzkik ausarta izateko ere eskatzen diote Erronkari Ibarreko Batzordeari, eta hartz arrearekiko jarrera proaktiboa eduki dezan, birsartze hauek aukera sozio-ekonomiko berri gisa ikustaraziz, Asturias eta León bezalako eremuetan gertatzen ari den bezala.

Goraipatu beharra dago Aspe ibarreko abeltzainen erdiak eta inguruko herrietako alkate kopuru handi batek ere bi hartz emeak birsartzeko eskatu diotela Gobernu frantziarrari, Pirinioetako Interbentzio-Funts Ekopastoralarekin (FIEP) eta Akitania Berriaren eskualdearekin batera sinatutako agiri batetan. Bestalde, basa bizitzaren aldeko 14 elkarteek egindako inkesta baten arabera, mendebaldeko Pirinioetako eskualdeko biztanleen %73ak Biarnoan hartzak askatzearen aldekoak dira.

Azkenik, kontutan hartu behar da hartz arrea Pirinioetako ondare naturalaren zatia dela orain dela ia milioi urtetik honera, bere presentzia mendi hauetako bioaniztasunaren kontserbaziorako bermea izanik. Pirinioetan (45 ale) eta Kantauriko Mendilerroan (300 ale) hartzaren populazioak zatika birgaitzea harro egoteko moduko lorpena da, Eskandinabian, Alpeetan, Errusian edo Balkanetan dauden bezala, plantigrado honen beste populazioak horietan ere egonik.

LURRA DEIALDIA                                                                                                    EGUZKI TALDE EKOLOGISTA ETA ANTINUKLEARRA

Iruñean , 2018 urrian.

Naturkon, pinudien fumigazioaren eta “Konifero-basoak berreskuratzeko euskal estrategia”ren aurka.

Hona heme Naturkonen prentsa oharra:

Euskal baso-estrategiari bidea egiten

Erakundeen arteko koordinazioaren arrakasta itzela bailitzan, Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Konifero-basoak berreskuratzeko euskal estrategia saldu berri digute, jakingo ez bagenu bezala Euskadin ditugun koniferoen baso bakarrak Araba mendebaldeko pinu gorrien pinudiak eta Dueñasko pinudi txikia direla, Aleppo espeziekoa azken hori.

Gaur egun baso askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Zer esan ugari ematen ari den banda marroiak jotako landaketa.

Nahastea agudo argitzen da, plana bera euskal erakundeek sektorearen ordezkariekin batera osatzen duten aholkulari taldeak egindako lanaren emaitza dela azaltzen digutenean. Bistan denez, Euskadin zuhaitz-landaketek estaltzen duten lurraldearen laurdena baino gehiagori inposatu nahi dien etorkizunean interesaturik egon litekeen beste ‘sektorerik’ ez dute ezagutzen. Eta gero bota, bai, gardentasuna eta gizarte-partaidetza moduko hitz potoloak, aho bete.
Landaketa horiek biodibertsitatearen onura dakartela adieraztearen pareko faltsukeria edo sektore honek bere baitan 20.000 lanpostu dituela ala euskal BPG-aren % 1,5 hartzen duela lotsa barik esatea. Batez ere, azken 10 urteetan saldutako egurraren urteko batez besteko balioa 40 milioi €-ra ere iristen ez denean, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikek diotenez. Estatistika horiek bihurritzearren zerrategiak, papertegiak, altzairu fabrikak edo beste lantegi batzuk sektorean sartzea iruzur egitea da. Kanpoko erkidegoetatik Hernaniko paper-fabrikara egurra ekartzera egunero etortzen diren kamioi-ilara luzeak inork ikusiko ez balitu bezala.
Baina oraingo honetan, gaixotutako pinu-sailak oxido kuprosoarekin fumigatzeko baimen bereziak tramitatzen ari direla jakin izanak kezkatzen gaitu batez ere gure herriak benetan inporta digunok. Sustantziaren berezko arriskuaz gain, abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora joango den ezin denez kontrolatu, Europako Batasunean airetiko tratamendu fitosanitarioak debekatuta daude, oso kasu berezietan izan ezik. Gainera, oxido kuprosoa arnastuz gero toxikoa da eta azala edo bronkioei narritagarria zaie ukituz gero. Hori gutxi ez, eta uretako faunarentzat arras toxikoa izateagatik, administrazioak berak tratamendu hauetan ibai eta erreken inguruan 50 m-ko segurtasun zerrenda errespetatzea exijitzen du.
Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 ha fumigatzen badira? Aire hori arnastean edo substantziak ukituko bagintu pozoitu ez gaitezen, fumigatzen diren lekuetan egotea edo inguru horietan ibiltzea debekatu egingo al digute? Gure mendien etorkizunari buruzko eztabaidaz gain, gizartea halako arriskuan jarrarazteak merezi ote duen benetan pentsatu behar al dute behingoz?
NATURKON, 2018 urrian.
Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Soietxeko koartelera 29. martxa.

Soietxe martxa 2018 2Urtero lez, Bizkaiko Askapena, Baratzea Gatika, BBT, Berri Otxoak, Eguzki, Ekologistak Martxan, Ernai, Kakitzat, KEM-MOC eta Komite Internazionalistak MUNGIAKO SOIETXEKO kuartel militarraren aurkako martxa egin dugu urriaren 6an. Aurten hogeitabederatzigarrenez (29) egin den protestaldia.

Ohi dugunez, aitzurra eskuan, lur zoru hauek porruak landatzeko izan daitezen eskatu dugu, gizartearen behar edo premia izateaz gain, porruak osasungarriagoak eta bonbak eta balak baino hobeto digituko ditugulkoan. Guzti horrengatik, Soietxeko kuartel militarraren aurrean porruak landatu ditugu.

Ohi bezala, porruak landatu dira.

Ohi bezala, porruak landatu dira.

Martxaren edizio honetan Gobernuaren militarizazioaren aldeko apustuari uko egin nahi diogu, are gehiago desberdintasuna handiagotzen dituen murrizketen kontestu honetan. Bide horretatik, herritarron geroa bazterketa sozial eta pobrezi egoerara kondenatzen dute.

10000 esker! Aralarren aldeko hamar mila euroak lortu ditugu!

10000_esker_Aralar

Hori da esan dezakeguna, maiatzean Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak maiatzean abian jarri genuen erronka lortu dugulako: Aralarren alde 10.000 euro batzea lortu dugu.

Zorionak eta eskerrik asko!

Aralarren aldeko gure lanarekin bat egiten duen guztiari  eman nahi diogu eskerrak baina bereziki, erronka diruz lagundu duzuen guztioi. Benetan eskerrik asko.

Zuei esker bildu dugun dirua, orain arteko Saltarrirako pista egitasmoaren, zeinaren Goroskintxurainoko pista egina dagoen,  gastuak ordaintzeko erabili dugu baina baita egiten hasi berri den Enirio-Igaratza bide berriari aurre egiteko ere. Izan ere, jada salaketa aurkeztu dugu epailearen aurrean.

Edonola ere, adi egoteko eskatu behar dizugu, pista berriaren eraikuntza salatzeko dei daitezkeen ekimen berrien zain. Oso-oso garrantzitsua zuek ematen duzuen laguntza ekonomikoa eta beste alorretakoa ere, baita gure  jarduerari ematen diozuen babesa.

Izan ere, Aralar guztiona da eta denok dugu berau babesteko eta zaintzeko ardura.

eguzki-landarlan

Arabako eragileak hondakinen plangintza berriarekin ez dute bat egingo

Hiru aldiz errefuxako edukiontzi gehiago dago edukiontzi marroiak baino.

Hona hemen  prentsa oharra:

Arabako eragile sozialek ez dugu berreisten Arabako Hiri Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako 2017-2030 Plana

“Ez dezagun aldaketarik espero beti berdina egiten badugu”

Behean sinatu eta Arabako Lurralde Historikoan hondakinen inguruan lan egiten dugun arabako eragile sozialek, pasa den 2018ko abuztuaren 3an Gobernu Foralak onartu eta orain Norma Forala baten bitartez aprobatzeko eztabaida politikoa soilik falta denean, Planaren inguruko sentsazio batzuk argierazi nahiko genituzke. Labur esanda, ez dugu ez Planaren edukia ezta garapen modua partekatzen.

Planaren edukiaren inguruan gure ustetan, ez ditu programatuta dituen 80 ekintzen aurrekontua bermatzen, tratamendu finalistetan apostua egiten du ekonomia zirkularrera egin beharreko trantsizioa alde batetara utsiz, ez du zuzentzen gaur egungo legedia ez betetzea, eta gainera Europako legediak dioen “kontaminatzen duenak ordaindu dezala” printzipioa ez du bermatzen ezta ere. Gogora dezagun hondakin onena sortzen ez dena dela. Guzti honegaitik, Arabako hondakin politikak pertsonatan eta bere lurraldearekiko arduran oinarritutako aldaketa egin beharra dauka, non eskumenak dituzten Administazioek aldaketa honen dinamizatzaileak izan behar diren baliabideak ipiniaz.

Gardelegiko zabortegia Arabako hondakin planaren oinarria da eta izaten jarraituko plangintza berrian.

Gardelegiko zabortegia Arabako hondakin planaren oinarria da eta izaten jarraituko plangintza berrian ere.

Garapen moduaren inguruan, aurretikan esan beharra dago emendakinak ez direla partehartzeko herraminta bat, baizik eta eskumenak dituzten organuei datu edo balorazio juridiko-faktikoak kontutan izateko prozesu administratibo bat. Hiritar partaidetza politika publikoak egiterakoan sortzen den bitartekaritza hori bezala ulertuta, ez da barneratua izan oraindikan ardura publikoa duten erakundeengandik. Kasu honetan ez dira eskeini informazioan oinarritutako eztabaida guneak, azkeneko erabakia guztion artean itundua izateko ta gainera 2030 urterarte hipotekatzen gaitu. Edukia itundua eta ekintzak aurrera eramateko finantziaketa bermatuta daukan Plan batek, litekeena da emaitz hobeagoak izatea.

Guzti hau eta gizarte-adoztazun ezagaitik, behean sinatzen dugun gizarte eragileok Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza daukazuten partido politiko guztiei, lurraldearen interes orokorra defendatzearen ardura publikoa bere gain har dezazuela eskatzen dizuegu. Horretarako emendakinen bitartez aurkeztutako Plana aldatzeko neurriak hartzea espero dugu. Gure ustetan, partaidetza eta hondakinen edo hobe esanda baliobideen itun bat sinatuz bakarrik lortu genezake.

Hark esan bezala: “Ez ditzagun aldaketak espero beti berdina egiten badugu”

Eragile sinatzaileak:

Gaden Asociación Naturalista
Amalur-Ekialdea
IAN-ANI
Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra
Ekologistak Martxan
Hontza Natura Elkartea
Grupo Ecologista Gaia
Gasteiz Zero Zabor

Vitoria-Gasteiz-en, 2018.eko Irailaren 18an