Category Archives: albisteak

Gorostiza Bizirik-ek igande honetan gure ingurune naturalen alde mobilizatzeko deia egin du

Gorostiza Auzoko Auzo Elkarteak prentsaurrekoa eskaini du datorren igandean, ekainak 16, 12:00etan, Herriko Plazan, Gorostiza eta Kastrexana landa-auzoak biaduktuekin zeharkatuko dituen Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen proiektua gaitzesteko, Barakaldoko birika berdean, balio ekologiko handiko El Regato haranean, ingurumen-inpaktu larria izango duena.

Ekintza honek, 3 aste eskasetan 5.000 sinadura inguru bildu dituen sinadura-bilketarekin batera, ekintza-egutegi baten hasiera markatzen du, proiektu honen ezespena aldarrikatzeko, are gehiago Barakaldo Naturala erakundeak 2018ko ekainean planteatutako Santurtziko portuko merkantzia-trenak igarotzen diren trenbidea lurperatu eta modernizatzeko alternatiba bideragarriak daudenean, onura sozial handiagoarekin, espazio naturalei eragin gabe eta diru publikoaren kostu handiagorik gabe (obra zibileko txostena, txosten sozioekonomikoa, Barakaldoko biodibertsitatearen ebaluazioa), Eusko Jaurlaritzak 2019ko martxoan agindutako informazio-azterlana argitaratu baino hilabete batzuk lehenago.

Manifestazioa:

11:00: Ureta kaletik irteera (Gorostiza)

11:30: Retuerto

11:45: Zuazo-Arteagabeitia

12:00: Herriko Plaza, Barakaldoko erdiguneko ibilbidearen hasiera

Gure Lurra defenda dezagun!!

Gure seme-alaben etorkizuna babes dezagun!

Hondakin bilketarako kamioien estalkiak irekita eramaten dituztela salatu du Eguzkik

Ez da lehen aldia EGUZKItik publikoki salatzen duguna Lea Artibain gaikako bilketaz arduratzen diren kamioiak goiko estalkia irekita daramatela.
Hondakinak gordetzen dituzten tokiko estalkiak irekira eramaten dituzte, ondorioz, batetik bestera egiten dituzten bidaietan zamaren zati bat galtzen joaten dira. Zenbait eta abiadura handiagoa, orduan eta errazago irteten dira kamioitik.
Beraz, hori errazago gertatzen da hiriarteko eremuetan. Horixe da, hain zuzen ere, ingurumenari kalte handiena egiten dion tokia.
Hori gutxi balitz, lurrera jausten diren paperen artean, herritarren dokumentu pribatuak aurkitu ditugu, hala nola, ohar pertsonalak, bankuko ordainagiriak… beraz, honek ekarri ditzaken ondorioak larriak izan daitezke eta informazioa modu txarrean ibiliz gero, Datu Pertsonalak Babesteko Legea urratu lezake.
Hondakinen kamioiak kudeatzen dituen enpresari ingurumenaren interesak eta herritarren pribatutasuna defendatzeko eskatu nahi diegu. Izan ere, birziklapen txar batek ez dio inolako mesederik egiten tasak handitzeari. Arazoa konpontzeko neurriak hartu behar dira.
Lea-Artibaiko EGUZKI talde ekologistatik birziklatzeko eta honen garrantziaz jabetzeko deia luzatu nahi dugu eskualdera.

Ekarpenak Lezoko bidegorriari

EGUZKI talde ekologistak 3 eskaera aurkeztu ditu Lezoko Udaletxean, guztiak udalerriko bidegorriarekin lotuta. Eskaerak egungo sarea hobetzera bideratuta daude, eta horregatik Udalak kontuan hartu beharko lituzkeela uste dugu.

Horietako bat duela gutxi GI-636 errepideko biribilgunean, Lezoko sarreran, jarri ziren seinaleei buruzkoa da. Seinaletika, berez, bidegorri-sarearen funtzionaltasun onerako beharrezkotzat jotzen dugun neurria bada ere, kasu honetan, GI-636 errepidearekiko paralelo Pasaia-Donostia noranzkoa adierazten duena okerra da; izan ere, tarte hori ez da bizikleta-planaren parte, eta, gainera, oso urrun dago bidegorri baten gutxieneko baldintzak betetzetik. Horregatik, lehenbailehen kentzeko eskatzen dugu.

Beste zati bat Renfeko geltokitik lehen aipatutako biribilguneraino doan sare nagusiko bidegorri tarteari dagokio. Zati horren tarte batean urbanizazio-lanak egiten ari dira Altzate izeneko hirigintza-eremuan. Auzo berrira sartzeko biribilgune berrirako lanek puntu batean itotzen dute Gipuzkoako Bizikleta Planean ezarritako sare nagusiaren trazadura, eta, ondorioz, puntu horretan ez ditu sare nagusi baterako baldintzak betetzen. Zentzu horretan, eta obra-harreraren aurretik, egungo trazaduraren baldintzak (gutxieneko zabalera) mantentzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dugu.

Azkenak aukera bat eman nahi dio loturarik gabe dagoen tarte bati, nahiz eta bidegorrien sare nagusiaren parte izan. Sare hori lehen aipatutako planaren bidez diseinatu zen, eta 2013an onartu zen. Beste aukera batzuk egon daitezkeela uste badugu ere, gure asmoa da arazo horri aurre egiteko beharra ikusaraztea, tarte horretan sareari jarraitutasuna eta koherentzia emanez.

Pasaia bada gutxien birziklatzen duen herria, Donostiarekin batera

Gipuzkoan 2023an egindako hiri-hondakinen kudeaketari buruzko datuak argitaratu  dituzte (1), eta, horien arabera, Pasaia bihurtu da San Marko mankomunitatean gutxien birziklatzen duen herria, Donostiarekin batera, jakina. Izan ere, Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, alde handiarekin, gainera.

2023an, hiri-hondakinen gaikako bilketa berriz ere jaitsi zen Pasaian, zehatz-mehatz, %48,97tik %47,41era, puntu eta erdi. Gauzak horrela, Pasaiak hartu du urtetan Lasarte-Oriak sailkapenean izan duen azkenarurreko postua.

Halaber, Pasaiako emaitzak lehen aldiz daude San Markoren batez bestekoaren azpitik (49,60%) eta, jakina, oso-oso urruti daude Gipuzkoaren batez bestekotik (57,16%).

Paradoxa da Pasaia %69,99ra iritsi zela… 2015ean! (2).

Iazko azaroan, Pasaiko alkate Teo Alberrok iragarri zuen “2024an Udalak kontzientziazio-kanpaina indartsu bati ekingo diola herriko hondakinen gaikako bilketa handitzeko”. Adierazpen hauen haritik, Eguzkikook egoeraren irakurketa kezkagarri bat egin genuen (3). 2023ko datuek irakurketa hori berretsi baino ez dute egiten.

Hondakin Lege berriak, Europar Batasunaren helburuak bere eginez, zera dio: “para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso”. Alegia –eta xehetasunetan sartu gabe–, 2025erako, hiri-hondakinen %55, gutxienez, gaika bildu behar da. Beraz, Pasaiak neurriak hartu egin behar ditu, eta lehenbailehen.

EGUZKI, 2024ko ekaina

1 Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketari buruzko datuak – Ingurumena – Gipuzkoako Foru Aldundia

2 2015ean atez ateko bilketa bertan behera utzi zuten, gaur egun inolako dudarik gabe trunpistatzat joko genukeen kainpaina baten ondoren. Baina azken urteotan hondakinen gaikako bilketa 20 puntu baino gehiago apaldu bada, ez da sistema aldatu izanaren ondorio, edo ez bakarrik horren ondorio, behintzat. Gaikako bilketa hainbeste jaitsi izana edukiontzietan oinarritutako sistema berriaren kudeaketa negargarriaren ondorio izan da. Eta puntu hau espresuki nabarmendu nahi dugu, zeren eta, esperientziak agerian utzi duenez, edukiontzietan oinarritutako sistemek ez baitute zertan Pasaiakoak bezain emaitza txarrik izan. Horren lekuko dira Gipuzkoako hamaika herrik edukiontzi-sistemen bitartez lortzen dituzten emaitzak.

3 Pasaiak etxeko hondakinen gaiakako bilketa hobetu egin behar du, baldin eta Europar Batasunak 2025erako ezarritako gutxienezko kopurua lortuko badu | Eguzki Talde Ekologista

Indumetal Recycling, iruzur baten ikerketa eta beste arrisku batzuk

Bizkaiko Auzitegiak 60.000 euroko isuna ezarri dio Erandion egoitza duen tresna elektriko eta elektronikoak birziklatzen dituen enpresa horri, eta 19.500 eta 7.500 euroko isunak ezarri dizkie ikertutako garaian lanean ari ziren lau goi-karguduni.

Indumetal Recycling enpresari ikerketa hasi eta zortzi urtera, Justiziak bere iritzia eman du orain enpresa horren aurka aurkeztutako salaketaren aurrean.

2018ra arte askotan salatu genuen han gertatzen zena, eta hemen duzue orduan esan genuena:

https://eguzki.org/es/2018/03/19/indumetal-recycling-iruzur-baten-ikerketa-eta-beste-arrisku-batzuk/
Begiratu erderaz,  informazio gehiago dakazu.

STOP AHT ZUNDAKETAK: Sakanan Mendi Martxa larunbatean

Iazko udaberrian, Sakana, Itza eta Goierrin AHTarendako zundaketa geologikoak egiteko eskaera uholde bat sartu zen udaletxeetan. Sakanan, osotara 15 zundaketa eta proba geofisiko askotarako eskaera egin zen, Erroztik hasita Olaztiraino.

Berri larria izan zen, STOP AHT zundaketak ekimena osatzen dugun taldeok uste baitugu zundaketak obren hasiera direla. Orain arte egindakoa ez da alferrikakoa izan. Zundaketa-lanek urtebeteko atzerapena omen daramate Garraiobideen Estatu Idazkariak berriki adierazi duenez. Haren ustez, arazoak dituzte azterketak egiteko udaletxe zein partikularrengandik egondako planto irmoa dela eta.

 Krisi ekologikoa, ekonomikoa eta soziala gogor jotzen ari direnean, krisia bera areagotzen eta funtzio sozialik beteko ez duen azpiegitura batean dirua xahutzen ari dira, hots, orain arte 215 milioitik gora Nafarroan soilik. Gainera, ezin dugu ahantzi muga teknikoengatik merkantziarik eraman ezingo dituen AHTak energia kontsumo handia duela eta bestelako makro azpiegiturak ekarriko dituela gurera, energia kontsumo honi aurre egiteko. Gainera, herri eta laborantza lurrak galduko dira, CO2 isuriek gora egingo dute, babestutako eremuak eta biodibertsitatea kaltetuko dira eta egungo trenbidea hilzorian utziko da.

 Udazkenean Lakuntza eta Arbizu artean egin bezalaxeoraingoan Errotz, Izurdiaga eta Urritzola artean dauden lau zundaketa puntuak ezagutzeko mendi martxa antolatu dugu, ekainaren 8rako. Horrez gain, zundaketen aurkako protokoloak indarrean darrai: Zundaketa baten berri izanez gero, kontaktatu Udalarekin eta STOP AHT Zundaketak ekimenarekin honako zenbakian: 656711130. 

 Ez dugu gure etorkizuna Sakanaren errealitateaz tutik ere ulertzen ez duten enpresari batzuen esku utzi nahi, porlan, harri, eta legarrez beterik ikusiko duguna ez buru ez hanka ez duen makroproiektu honekin. Orain da momentua indarrak batzekoa, herritarron gaitzespena adieraztekoa eta zundaketak gelditzekoa.  

MENDI MARTXA EGITARAUA

DATA: ekainak 8, larunbata

IBILBIDEA: Izurdiaga- Urrizola- Errotz-Izurdiaga

IRTEERA: 9:30 Izurdiagako Kontzeju Etxetik

HAMAIKETAKOA: nork berea Errotzen

BUKAERA: 1,30etan

BAZKARIA: Izurdiagako Kontzeju Etxean. 15 €.

Erreserbak (hilak 5 asteazkena baino lehen): stopahtzundaketak@gmail.com/

  675510477 (whatsapp-telegram)

 STOP AHT ZUNDAKETAK EKIMENA

Gladys del Estalen omenaldia, irudietan

Astelehenean, ekainak 3, 45 urte beteko dira guardia zibil batek Gladys del Estal Tuteran tiro bat buruan jota hil zuenetik, energia nuklearraren eta Bardeako tiro poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan. Eta aurten ere Gladys gogoratu dugu Donostian, gaur eguerdian, aurresku, lore, kanta, musika eta bizikleten artean, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak Gladys Enean antolatutako ekitaldi batean. Honako esteka hauetan bideo adierazgarriak aurkituko dituzue, lehendabiziko biak omenaldiaren hainbat zatirekin osatutakoak; besteetan, berriz, Gladysen oroitarrira erromerian igotzen eta Esther Zabalegi jotera veterano eta Gladyszale porrokatuaren interbentzioetako bat.

Gladys del Estal omendu dute Donostian, haren hilketaren 45. urteurrenean (eitb.eus)

Las reivindicaciones de Gladys del Estal, muy vigentes en el 45 aniversario de su muerte | Euskal Herria | Naiz

Gladysi omenaldia 2024 (youtube.com)

Mikel Karton bi kanta eskaini ditu.

BizilagunEKIN kolektiboko kideak aktualitateaz aritu dira.

Esther Zabalegik aurten ere ez du huts egin.

Baina, askotan esan dugun bezala, Gladys gogoratzen dugu gure laguna izan zelako eta “gutako bat” izan zelako, bai, eta erabat zigorrik gabe geratu zen hilketa hura ahazterik ez dagoelako. Baina gogoratzen dugu, batez ere, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiek bizi-zizirik dirautelako. Horregatik, omenaldian, ohi bezala, ez da falta izan aktualitateaz hitz egiteko tarterik. Eta aurten tarte hori bete du BizilagunEKIN kolektiboak, Eguzkik bezala, Donostia Defendatuz koordinadoran parte hartzen duena. Begira zer esan diguten…

Gladysen omenaldian hitza hartzea ohorea da. Elkartzen gara gogoratzeko errepresio indarrek hil zutela eta hilketa horren inguruan ez dela justiziarik egin ordutik. Elkartzen gara ere, gogoratzeko duela hamarkadak zentral nuklearren aurka eta beste hainbat kausaren alde milaka pertsona mobilizatu zirela. Balio digu gogoratzeko aspalditik garesti ordaintzen dela konpromiso soziala, baina, hala ere, honek ez duela etenik izan.

Izan ere, Gladys del Estal erreferente bihurtu da Euskal Herrian, natura eta herriaren defentsan konprometitutako militante bezala. Baina aipatu nahi nituzke, Gladysen omenaldia 45 urtez umiltasun eta kariño guztiarekin antolatzen aritu diren lagun eta auzotar guztiak. Gladysen figura sinbolo bat den bezala, donostiarrontzat bere omenaldia ere erreferentzia garrantzitsua da eta.

Omenaldi honek erakusten du hemen gaudenok hari bati segida ematen diogula. Justiziarik ez dagoela, eta borrokarako arrazoiak ez direla falta. Tuteran eta euskal kostaldean zentral nuklearrak bultzatzen zituztenak dira gaur egun energia iturriekin aberasten eta planeta arriskuan jartzen jarraitzen dutenak; Bardeetako poligono militarra bultzatu zutenak dira gaur egun palestinarren sarraskia babesten eta errazten dutenak; eta gure hirian ere, herritarron aspaldiko arazoek irauten dute eta larriagotzen ari dira.

Askok ez dute jakingo Gladys del Estal militante ekologista izateaz gain Etxebizitza Espekulazioaren Aurkako talde bateko kide zela. Hari hori ere ez delako eten, egon ginen pasa den astean kalean DONOSTIA EZ DAGO SALGAI oihukatzen. Donostiaren turistifikazioa eta elitizazioa donostiarron bizitzen aurkako erasoak dira. Etxebizitza larrialdiak hiritik botatzen ditu bizilagunak; kaleak kontsumora soilik bideratzeko eraldatzen dituzte; parkeak eta ingurune naturalak mehatxupean daude etengabe; auzoetako loturak desegiten ari dira eta Egian, Grosen Loiolan edo Ibaetan dirudunak bakarrik bizi daitezkeela normalizatu nahi dute.

Kontatzen digute hau hiriaren arrakastaren ondorioa dela. Edertasunaren eta bizimodu onaren hirian bizitzeak dituen ondorio lojikoak direla sinistea nahi dute. Ez da horrela.

Hemen gertatzen dena da, beti gertatu izan den bezala, batzuk diru asko irabazten ari direla. Eta diruzale horiek, prest daudela edozein muga zeharkatzeko aberastasun hori haunditzen jarraitzeagatik. Prest daude gure gainetik pasatzeko, hiria bera hondatzeko, natura larriki kaltetzeko. Eta arriskuan jartzen ari dira gure bizimoduak, gure etorkizuneko ikuspegiak eta gure bizi proiektuak. Gure bizilagunekin, senideekin eta auzotarrekin ditugun loturak ahultzen eta desegiten dituen hiri-eredua bultzatzen dute diru truke.

Zorionez, itxaropenez begiratzen diogu geroari. Salgai ez dagoen Donostia bizirik dago. Gure buruak defendatzeko prest gaude. Hori da egiten ari garena eta hori da egin behar duguna. Belaunaldiz belaunaldiko borrokaren hariari segida ematen diogu. Arazoak eta erasoak maila indibidualetik harago ulertzen ikasi dugu. Bizilagunenak gureak dira. Isolamenduari eta etsipenari antolakuntzaz egiten diogu aurre. Hamarnaka talde, elkarte eta mugimendu daude martxan hirian. Eta denak eta gehiago dira beharrezkoak. Gertutik hasita, behetik gora, gure bizitzen defentsan mugitu egin behar gara.

Ez da epeltasunerako eta geldotasunerako garaia. Gladysek bezala eta gure aurretik beste hainbatek egin bezala, gure bizitzetan tartea egin behar diogu ingurukoekin hitz egin, antolatu eta borrokatzeari. Jokoan dagoenak merezi du eta badugu nora begiratu nola egiten den jakiteko.

Gora gu ta gutarrak! Gora Gladys!

TUTERAN ERE GLADYS GOGOAN

Tuteran ere Gladys gogoan izango dute egunotan, nola ez. Bihar igandean, Bardeako Martxan.  Astelehenean, berriz, Ebroko zubian, hil zuten lekuan bertan.

Antondegi Berdeak pozik hartu du Antondegiko olatu artifizialaren proiektua bertan behera geratu izana eta muinoaren babesa

Donostiako Udalak Antondegi muinoan olatu artifizialen igerileku bat eraikitzeko asmoa aurkeztu zuenean, proiektua alde askotatik kaltegarria zela irizten zuten talde ugari mugiarazi zituen: ekologistak, kontserbazionistak, auzo-elkarteak, surflarien kolektiboak eta abar. Haien ustez, erabat arduragabea zen, eta jasangarritasun irizpideen kontrakoa, 6 hektareako (6 futbol zelaien tamainako) olatu artifizialen azpiegitura bat eraiki nahi izatea, balio ekologiko handiko Antondegi muinoa txikituz, handik 4 kilometrotara olatuak egonda. Taldeek batu eta Antondegi Berdea kolektiboa sortu zuten, herritarrei proiektua zergatik ez zen hiriarentzat ona azaltzeko helburua zuten hainbat ekimen koordinatu eta antolatzeko: informazio-kanpainak, Antondegiren biodibertsitateari buruzko dibulgazioa, sinadura bilketa, ingurumen inpaktuari buruzko txostenak, administrazioarekin elkarlana, surflarien mobilizazioa, kaleko protestak eta abar. Horregatik, Donostiako Udalak iragarri berri duenean Antondegin ez dela olatu artifizialen proiektua egingo eta muinoa eremu urbanizaezintzat joko duela bere balio naturalengatik eta korridore ekologiko gisa betetzen duen funtzioagatik, oso positibotzat jo du erabakia kolektiboak. Eta sorrerako helburuak lortuta, Antondegi Berdea kolektiboak bere bizi-zikloa ixten duela iragartzen du, bere ibilbidearen balorazio oso positiboa eginez, eta kolektiboaren inguruan hainbeste jendek egindako lan altruista eskertuz eta txalotuz.

POZIK BAINA…

Joan den maiatzaren 17an jakitera eman zen, egunkari batera egindako filtrazio baten bidez, Donostiako udal gobernuak, HAPO berriaren esparruan, Antondegiko muinoa landa-eremu gisa sailkatzearen aldeko apustu sendoa egingo duela. Erabaki horrek 2020ko amaieran iragarritako olatu artifizialen igerilekua eraikitzeko proiektua bertan behera uztea dakar.

Olatu artifizialarena zen Antondegi eremurako Udalak zuen proiektu aktibo bakarra. Hiru mila etxebizitza eraikitzeko proiektu bat egon zen aurretik, baina urte batzuk geroago blokeatua zegoen Donostialdeko 2016ko Lurralde Plan Partzialaren bidez. Proiektuaren funtsa zen Wavegardenek Aizarnazabalen duen instalazioa Antondegi muinoan birlokalizatzea, non eta udalerrian urbanizatu gabe eta balio ekologiko handia duen muino bakarrenetako batean. Udal gobernuak aurreratu zuen informazioaren arabera, Antondegin olatuen igerilekua eraikitzeak 6 hektareako urbanizazioa ekarriko zuen (6 futbol zelaien tamaina baino handiagokoa) muinoaren gainaldean, eta ibilgailuentzako sarbide berriak ere eraiki behar zituzten.

Hemen, Antondegiko tontorrean bertan eraiki nahi zuten olatu artifiziala.

Udalak proiektuaren berri eman zuenean, talde asko mobilizatu ziren (ekologistak, kontserbazionistak, auzo-elkarteak, surflarien kolektiboak, baserritarrak, etab.), proiektua hainbat aldetatik kaltegarria zela salatuz. Horrela sortu zen Antondegi Berdea kolektiboa, herritarrei Udalak proposatutako proiektua hiriarentzat positiboa ez zela ikusarazteko hainbat ekimen koordinatu eta antolatzeko helburuarekin.

Antondegi Berdeak Antondegiko olatu artifizialaren proiektuaren inguruan honako alderdi negatibo hauek nabarmendu zituen, besteak beste:

  • Donostiako korridore ekologikoen sarea degradatzea.
  • Landazabal atlantiko ekosistema egoera onean mantentzen duen Donostiakoeremu urrietako baten degradazioa.
  • Eragin negatiboa hainbat animalia-espezietan, horietako 27 Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotakoak izanda.
  • Jasangarria ez den eta natura-ingurunea zaintzearekin bateraezina ez den hirigintza-garapena bultzatzea.
  • Elikagaiak hurbil ekoizteko nekazaritzako lurzorua suntsitzea, eta egoera onean dagoen landa-eremua kaltetzea.
  • Surflarien eskaerari ez erantzutea, gure hondartzetako masifikazioa handitzea eta hiriaren turistifikazio-prozesua areagotzea.

Laburbilduz, erabat arduragabea eta iraunkortasun logikaz kanpokoa iruditzen zitzaigun 6 hektareako olatu artifizialen azpiegitura bat eraikitzea (6 futbol zelaien tamainakoa), Antondegi bezalako balio ekologiko handiko muino bat txikituz, 4 kilometrora olatu naturalak daudenean. Eragin ekologiko handia zuen, ez zien interes sozialei erantzuten, eta ez zen inolaz ere baiezko bat Donostiaren aurrerapenari, aurrerabideari eta etorkizunari.

Xabier Saralegi Itsas Enara Ornitologia Elkarteko bazkide eta Antondegi Berdea kolektiboko kidearen adierazpenen arabera, “oso positibotzat jotzen dugu Antondegin olatu-igerilekuaren eraikuntza bertan behera uzteko eta muinoa eremu urbanizaezin izendatzeko Udalak iragarritako erabakia, bere balio naturalengatik eta korridore ekologiko gisa eremu horrek betetzen duen funtzioagatik”.

…BAITA KEZKATUTA ERE

Poztu egiten gara Udalak iritzia aldatu izanaz, baina, aldi berean, gogorarazi behar dugu Udalak behin eta berriz uko egin ziola gure kolektiboarekin hitz egiteari, eta ingurumenarekin lotutako alderdietan oso zorrotza ez den jarrera erakutsi zuela. Udalak baieztatzen zuen, besteak beste, proiektuak ingurumen-berme guztiak zituela, surfeko eragile guztien babesa zuela, eta, gainera, batzuetan argudio engainagarriak erabiltzen zituen, esanez, adibidez, hobe zela olatu artifiziala eraikitzea etxeak eraikitzea baino, ordurako LPPk 2016an etxebizitzak eraikitzeko proiektua blokeatua zuenean. Aurrekari horiek ikusita, kezka dugu ez ote duten saiakera egingo igerilekua beste eremu naturalen batean kokatzeko, haren funtzionamenduarekin lotutako alderdiak behar bezala jorratu gabe, hala nola uraren eta energiaren kontsumoa eta abar.

Udalaren argudio faltsuei kontra egitea ez da lan erraza izan. Gure kolektiboak ahalegin handia egin du Antondegiren biodibertsitateari buruzko informazio- eta dibulgazio-kanpainetan, sinadura-bilketan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostenak egiten, administrazioarekin lan egiten, surflarien mobilizazioan, kaleko protestatan eta abarretan. Lan eta jarduera horietan herritar eta kolektibo askok hartu du parte hartu, Donostiako gizartearen espiritu demokratiko, kritiko eta eraikitzailearen osasun ona erakutsiz.

Azkenean, defendatu genituen postulatuak nagusitu dira, eta olatu artifizialen igerilekua ez da Antondegiko muinoan eraikiko. Gainera, eremu hori bere balio ekologikoengatik babestu egingo da. Hortaz, kolektibo honen sorrerako helburuak lortuta, gure bizi-zikloa itxiko dugula iragartzen dugu, gure ibilbidearen balantze oso positiboa eginez.

Amaitzeko, Jabi Iraizoz Donostiako surflari eta Antondegi Berdeko kidearen adierazpenak jaso nahi ditugu: “Modu batera edo bestera kolektibo honetan parte hartu duten pertsona askoren lan altruista eskertu nahi genuke: surflarien kolektiboa, talde ekologistak, bizilagunak, baserritarrak, talde kontserbatzaileak, esparru akademikoko ikertzaileak eta gure jardueretan parte hartu eta lagundu diguten pertsona guztiak”.

Gladys del Estali omenaldia, 45. urteurrenean

Aurten ere Gladys del Estalen omenezko ekitaldia antolatu dugu Gladys Gogoanek eta Eguzkik. 45 urte pasatu dira guardia zibil batek Gladys hil zuenetik, buruan tiro bat jota. 1979ko ekainaren 3an gertatu zen hura, Tuteran, energia nuklearraren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan.

Omenaldia EKAINAren 1ean egingo dugu, larunbatean, Gladys Enean, ohi bezala. Lehenengo hitzordua 11:30ean izango da Bulebarrean, handik parkera bizikletaz joan nahi dutenentzat. Bigarrena, berriz, 12:00etan, parkeko ate nagusian. Hortik abiatuko gara erromerian goiko ordekara, hau da, Gladysen omenezko oroitarria dagoen lekura. Eta han goian egingo da ekitaldia, ohiko osagaiekin, aurreskua, lore-eskaintza, musika eta beste.

Gladys gogoratzen dugu gure laguna izan zelako, “gutako bat” izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen hilketa hura ahanzterik ez dagoelako. Baina gogoratzen dugu, batez ere, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiek bizi-zizirik dirautelako. Horregatik, omenaldian beti dago tarte bat aktualitateaz ere hitz egiteko.  Azken batean, Galdys hil zuten “eguzkia, ura eta askatasuna defendatzeagatik”, eta hori beti aktualitatezko kontua izango da. Beti.

GLADYS GOGOAN eta EGUZKI

Etxalarko Azkua Bizirik, Igantzi Birizik, Arantza Bizirik eta Sunbillako herritar plataformak bulzaturiko sinadura bilketa

Bidasoako mendietan Zelena inbertsio funtsak egin nahi duen “Azkua” izeneko makroproiektu eolikoaren aurka dihardurten herrietako plataformek online sinadura edo atxikimendu bilketa abian jarri dute. Azpian doan estekaren bidez sinatzeko eta informazio hau zabaltzeko eskatzen dute. 

https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfUu4g0JRzwGoD8qZwk61hjZSeR0xZtc15dNbIHr_o34ZUn0w/viewform

Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik Busturialdeko ibaietan gutxieneko emari ekologikoa murriztea onartu dela salatu dute

Mape erreka. Uaa partean, askotan, presa txikiek ez dute ia ura pasatzen uzten eta, ondorioz, ez dute gutxieneko emari ekologikoa errespetatzen.

Maiatzaren 10ean Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseiluaren bilkuran izan ondoren, Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik Busturialdeko ibaietan (Oka, Mape eta Golako) gutxieneko emari ekologikoa murriztea eta uraren kanona atzeraeraginezko izaerarekin ordaintzetik salbuestea onartu zela salatu zuten.

Emari ekologikoa ibai batek bertan bizi den faunaren bizitza bermatzeko izan behar duen gutxieneko emaria da, baita ibilguaren eta ibaiertzetako landaredia ere. Busturialdean gutxieneko emari hori murrizteak, erregulartasunez bizi diren herritarrak hornitzeko arazoak baititu, biodibertsitatea mehatxatzen du argi eta garbi.

Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik uste dute, oro har, ez dela beharrezkoa emari ekologikoak murriztea, ezta behin-behinean ere; izan ere, Uraren Legeak aukera ematen du, 59. artikuluaren arabera, “biztanleria hornitzeko emari ekologikoak ez betetzeko, bestelako hornidurarik ez badago“. Hala ere, neurri hori ezin zaie aplikatu RAMSAR (Nazioarteko Garrantziko Hezeguneei buruzko Konbentzioa, hezeguneak eta haien baliabideak kontserbatzeko eta zentzuz erabiltzeko) eremuetan dauden ibaiei. Horixe da Oka, Mape eta Golako ibaien kasua, eta, beraz, babestuta daude, eta ezin da urik hartu haien emari ekologikotik behera, ezta murriztu ere.

Nabarmendu behar da badaudela aurrekariak. Gernika-Lumoko Epaitegiak, 2023an, ikerketa penal bat ireki zuen Busturialdeko antzinako Ur Partzuergoaren aurka, Bizkaiko Fiskaltzak eskatuta, Mape ibaia lehor uzteagatik. Partzuergo hori gaur egun Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren barruan dago. 2020ko udan emaria legeak ezartzen duen emari ekologikoaren azpitik uzteko erabakia, eremuko urez hornitzeko, arriskutzat jo zuen fiskaltzak zonako faunarentzat eta florarentzat. Ekologistek uste dute oraingo aldaketa bizkarrak estaltzeko dela

Salaketaren testua osorik irakurri nahi izanez gero:

Ekologistak Martxan y Eguzki denuncian la aprobación de la reducción del caudal mínimo ecológico en los ríos de Busturialdea y la exención del pago del canon del agua con carácter retroactivo | Ekologistak Martxan – Euskal Herria