All posts by Eguzki EH

Bi urte arteko kartzela zigorrak berretsi dituzte AHTren aurkako tartalarientzat

Tarta BarcinaIturria: Argia eta Info7.

Auzitegi Gorenak berretsi egin ditu AHTren aurkako ekintzaileei jarritako zigorrak. Okzitaniako Tolosan 2011n Yolanda Barcinari tarta aurpegira bota zioten. Auzitegi Nazionalak Julio Villanueva, Ibon Garcia eta Gorka Ovejerori bina urteko espetxe zigorra ezarri zien, Mikel Alvarezi urtebetekoa eta 900 euro banako isuna lauroi.

Hemen ekintzaren bideoa:


Informazio gehiago: Gorka Ovejero Ganboa tartalarietako batekin elkarrizketa Reyes Ilintxetak.

Audioa: Entrevista con Gorka Ovejero (Tartalaria) en Info7.

[Bideoa] Honelako istiluetan hil zuten Remi Fraisse ekologista Okzitanian

Remi Fraisse pankarta

Fraisseren heriotza salatzeko afixa (argazkia: Le Nouvel Observateur).

Iturria: Argia.

Okzitaniako Testeteko paduran urtegi bat eraikitzearen aurka protestan ari zela, jendarmeek jaurtitako granada batek Remi Fraisse ekologista hil zuen igandean. Bideo batek gertakarien aurreko eguneko istiluak erakusten ditu.

Gertakariak krisi politikoa eragin du Frantziako Estatuan Le Mondek argitaratu duenez. Proiektua bertan behera geratu da momentuz Naizen arabera eta protesta ugari izan dira, baita Euskal Herrian ere –Bizi! mugimenduak deituta elkarretaratzea egin zuten Baionan asteartean–.

Behean ikus daitekeen ia ordu erdiko bideoa Fraisseren heriotza baino lehen grabatu zuen militante ekologista batek eta larunbatean Testeten izandako istiluak nolakoak izan ziren erakusten dute.

Eguzkik Remi Fraisse gaztearen hilketa salatzen du

Remi FraisseJoan den asteburuan, Polizia frantsesa Okzitaniako Sivens-eko urtegi proiektuaren kontra ari zinenei oldartu zitzaien eta Remi Fraisse gaztea hil zuen. Hilketa hau dela eta, Eguzkikook, ezer baino lehen, senide eta lagunei haien saminarekin bat gatozela adierazi nahi diegu.

Halaber, polizi jazarpena oraingoan ere hiltzeko moduko bitartekoekin egin dela salatu nahi dugu. Alferrik dator orain Bernard Cazeneuve Barne ministro frantsesa esaka istiluen kontrako material jakin baten erabilera bertan behera utziko duela. Triste antzean egin baditu ere, adierazpenok, Remiri, behintzat, ez diote jada ezertarako balio. Gainera, beldur gara ez ote dituen egin gaztearen heriotzak herritarren artean sortu duen haserrea baretze aldera. Guk sinetsi nahi genioke, benetan, baina gure herrian ere horrelako egoerak ezagutu ditugu, eskarmentatuta gaude, eta horregatik, horrelako adierazpenon aurrean, sinesgogorrak izan beharrean gara, ezinbestez. Izan ere, ez al da egia orain dela ez gehiegi gurean antzeko adierazpenak entzun ditugula? Eta, hala ere, oraindik ez da gomazko piloten gaineko debekurik ezarri.

Hasi bezala bukatuko dugu: senide eta lagunei gure elkartasuna.  Beti arte, Remi.

Euskal Herria. 2014-10-29

Jendarmeen granada batek hil zuen Okzitaniako ekintzaile ekologista

Portesta de Bizi y CADE ante la subprefectura de Baiona

Portesta de Bizi y CADE ante la subprefectura de Baiona

Iturria: Argia.

Remi Fraisse ekologistaren heriotza nola gertatu zen argitzen ari da. France Inforen webgunean irakur daitekeenez, jendarmeek jaurtitako granada batek hil zuela dioen tesia indartzen ari da.

“TNT arrastoak aurkitu ditugu biktimaren arropen artean”, adierazi du Claude Dérens Okzitaniako Albi hiriko prokuradoreak.

Astelehenetik zen jakina 21 urteko gaztea, Testeteko (Okzitania) paduran urtegi bat eraikitzearen aurka antolatutako protestan parte hartzen ari zela, leherketa baten erruz hil zela.

Baina ikertzaileek nolako lehergailua izan den jakin nahi zuten. TNT arrastoak daudela jakinda, eta jendarmeek lehergailu mota hori erabiltzen dutela, hilketaren arduraduna segurtasun indarretako kidea dela baieztatu liteke.

Heriotza salatzeko elkarretaratzea Baionan

Bizi! mugimenduak Remi Fraisseren heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu zuen asteartean Baionako suprefekturaren aitzinean.

Mugimendu altermundialistako kide Mattin Ihidopek Info7 irratian azaldu du “bortizkeriarik gabeko erresistentzia” egiten ari zirela Testeteko protesta. “Indarkeria basati hori nahi dugu salatu, ez da posible hildako bat gehiago ukaitea, proiektu hori gelditu behar da”.

Gazte ekologista bat hil dute Okzitanian protesta betean

okzitania polizia padura

Aldarrikapen ekitaldia jai-giroan antolatu duten arren, poliziak manifestarien kontra kargatu du. (Arg: Niooz)

Iturria: ARGIA

Poliziarekin istiluak izan dituzte milaka manifestarik igande goizaldean, Testeteko (Okzitania) paduran urtegi bat eraikitzearen aurka antolatutako protestan.

21 urteko gazte bat hil da bertan poliziak jaurtitako gasaren ondorioz, lekukoek adierazi dutenez.

Aldarrikapen ekitaldia jai-giroan antolatu duten arren, poliziak manifestarien kontra kargatu du.

Jendarmeek gaztea bihotzekoak jota hil dela esan dute, eta gorpua istiluak gertatu eta ordu batzuetara aurkitu dutela.

Datozen egunetarako hainbat mobilizazio antolatu dituzte Frantziar Estatuan gertaera salatzeko.

Autobide elektrikoaren aurkako marea gorriak agintariei egin die dei

Autobide Elektrikoak DonostianIturria: Gara.

Iruñerri, Sakana, Lizarralde eta Goierriko jendea Nafarroako eta Lakuako gobernuengana zuzendu zen, «biek egiten dutelako gauza bera, belarriak tapatu». Donostian osatutako marea gorriarekin, isiltasuna puskatu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiari ere dei egin zioten, autopista elektrikoaren «kontra azaldu bai baina ez delako dituen tresnak erabiltzen ari». Herritarrek aurka daudela erakutsi dutela eta orain politikariek mugitu behar dutela adierazi zuten

33 udalerriren ordezkari, Lizarralde, Iruñerri, Sakana eta Goierriko jendea bildu zen Donostian goi tentsioko linearen aurkako manifestua aurkezteko. Dokumentu hori 200 kolektibo eta 200 hautetsik baino gehiagok sinatu dute, indar politiko guztietakoek.

Arropa gorria jantzita hurbildu zen Donostiara familia, bikotekide eta lagun talde ugari, marea gorria osatzeko asmoz. Hala, aldarrikapena ikusgarri egin eta instituzioei proiektua gelditzeko mugi daitezela eskatu zieten.

Donostiako udaletxearen parean elkartu ziren, bakoitza kartel batekin, defendatu nahi duen herriaren edo dorrearen izenarekin. Ezkio-Itsasotik Deikaztelura 247 dorrerekin osatu nahi du Red Electrica de Españak 400.000 voltioko autopista elektrikoa, eta sinbolikoki 247 pertsonak dorre bana hartu dute. 247 lurkideak dira. Han ikus zitekeen, «autopista elektrikorik ez» etengabeko oihuen artean hainbat herri, kontzeju eta dorre izen: Oteitza, Zirauki, Muru Astrain, Segura, Larraia, 66. dorrea… «Herriak maite ditugulako, defendemos lo que amamos» zen deialdiaren lema.

Bertsotan hasi zuten ekitaldia, «kapitaletik ezezkoaren aldarri» eginez eta «segiko dugu egurra ematen, sekula santan ez segitzeko nahi duten dena egiten» baieztatuz. Gero, Mutiloako alkatea, Iñaki Ugalde, Deikaztelukoa, Inma Hermoso, Doniantsu Mendioroz Muruastraingo herritarra eta Pablo Lorente, lurkideen bertze ordezkari bat, igo ziren taulara Friasekin batera.

«Red Electrica de España enpresak proiektua aurkeztu eta hiru urteren buruan Estatuko administrazioak gaia bideratzen jarraitzen du, herritar gehienen borondatearen aurka eginez», adierazi zuten. Eta Nafarroako eta Lakuako gobernuek ez dietela herritarren aldarrikapenei erantzun salatu zuten.

Gero eta biziago

Hiru urteotan gero eta biziagoa izan da proiektuaren kontrako aldarrikapena: 2011ko abenduan 470 hautetsi bildu ziren Berriozarren; handik urtebetera Altsasuko adierazpena sinatu zuten osasun, kultura, hezkuntza eta kirol alorreko 417 pertsona ezagunek, eta iaz herri galdeketak egin zituzten proiektuak eragina duen 40 herrietan, eta erroldatuen %62,61ek aurka bozkatu zutela ikusita 14.000 alegazio aurkeztu zituzten Estatuko Gobernuak Nafarroan eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzetan. Ez diete oraindik erantzun.

Irurtzungo gazte batek, Ikerrek, GARAri agertu zionez, «proiektu txikitzaile ugarik mehatxatzen dute» Sakana: erraustegia, AHT, goi tentsioa, frackinga… Azaldu zuenez, gauza aunitz dira eta ez dago hainbertze jende, horregatik ez da erraza sentsibilizatzea eta mugitzea. Baina atzo Donostiara etorri zen jendea ikusita kontent ziren.

Trikiti doinuekin kalejiran hondartza aldera jo zuten, hondarrean triangelu gorri bat marraztera. Globo gorriak libre utziz eman zioten amaiera ekitaldiari eta triangelua talde txikitan desegin zen.

NATURA 2000 SAREA. Alegazioetan esplikatzen denez, proiektua 127 kilometroko autopista elektrikoa da. Natura 2000 sareko hainbat guneri eta horietako espezie babestuei eraginen lieke eta milaka zuhaitz moztu beharko lirateke.

Ohiko ezustekoa AHTren lanetan

AHT HernialdeIturria: AHT Gelditu Tolosaldea

Atzo gauean, Hernialdeko AHTren lanetan “tximinia” izeneko zulo bat dagoela informatu ginen. Tunelean lanean aurrera egin ahala, ezustean gertatzen den zulo mota omen da eta lur ugari erortzen da bat-batean. Ezustekoa esatean, duen arriskua adierazi nahi dugu; dirudienez, kasu honetan ez da istripurik egon baina horrelako gertaera baten aurrean itzulezineko istripu larriak noiznahi ager daitezke.

Tamalgarria bada ere, horrelako berriak izatea, ohikoa dela esan behar dugu. Behin eta berriz, AHTren lanetan ezbeharrak daude eta kasu hau esaterako, iturrien arabera, “ohikoa” da lan hauetan. Hori dela eta, onartezina deritzogu jendeak egunero AHTren lanetan bere bizia arriskuan jartzea, bai lanean ibiltzeagatik, edota bai lanen inguruan bizitzeagatik.

Honekin guztiarekin batera, Anoetan gertaturiko beste “ohiko ezustekoa” aipatu nahi dugu. Bi erreka agortu dira, hau da, Anoetara zetorren Sorgintxulo eta Asteasu aldera zioan Zumalikardi, eta AHTren lanetako ur-arazgailutik Alkiza errekara eginiko isurketen ondorioz, ehundik gora amuarrain agertu ziren hilik abuztuan. Honi, eta abar luze bat ezar geniezaioke gertatzen ari diren beste hainbat ezbehar direla eta.

Beraz, gera dezatela AHT “ohiko ezustekoak” segituan desager daitezen. Argi eta garbi ikusten da hemen, gu geu lurraren zati garela eta lurra bai ala bai errespetatu eta zaindu behar dugu. Gainera, egoera hobera jo beharrean, okerrera doala dakusagu: momentu honetan Estatu Batuak eta Europar Batasuna hain ezkutuan lantzen ari diren TTIPa sinatu eta martxan jarriz gero, geroz eta zailagoa egingo zaigu hainbat egoera lazgarriri aurre egitea.

Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlana

Garoñaren jarduera bertan behera uztea baztertu du Auzitegi Gorenak

garoña maniIturria: Berria

Ezezkoa eman dio Arabako Biltzar Nagusiek egindako eskaerari.

Kautelazko neurri gisa Garoñako zentral nuklearraren (Burgos, Espainia) jarduera bertan behera uzteko egindako eskaera atzera bota du Auzitegi Gorenak. Epaiak dioenez, “beharrezkoa” da “herritarrek bidezko baldintzetan hornidura elektrikoa jasotzeko eskubideari erantzutea”.Uztailean aurkeztu zuten eskaria Arabako Biltzar Nagusiek; ordurako, ordea, beste bat egina zuten, maiatzean. Azken hori ebatzi gabe dago oraindik.

Nuclenorrek, berriz, irail amaieran aurkeztu zion CSN Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluari Garoña berriz irekitzeko dokumentazio osoa. CSNren esku dago erabakia.