AHTren aurkako bizikleta-martxa Martzilla-Altsasu, uztailaren 26tik 29ra

Kartela eus webAHT Gelditu!, Nafarroako hainbat plataformarekin elkarlanean, uztailaren 26tik 29ra Martzillatik Altsasurainoko AHTren aurkako bizikleta martxa antolatzen ari da. Berrabiatu nahi duten Nafar korridoreak suntsituko lituzkeen inguruak ikusteaz eta salatzeaz gain, zonaldetako oposizioaren arteko harremanak estutzeko balioko du ekimen honek. Aipatzekoa da, azken egunean, Araban barna AHTren aurkako beste bizikleta martxarekin bat egin eta elkarrekin bukatuko dela. Halaber, beste proiektu txikitzaileen aurka aritzen direnekin topatzeko aukera izanen dugu. Izan ere, makroazpiegitura hauek guztiak sistema kapitalista eta harrapakari beraren isla baitira.

Izena emateko: ahtrikeznafarroa@gmail.com

Argibide gehiago: http://noaltavahtgelditu.blogspot.com/

Aralarko Enirio-Igaratza pista proiektu berriari ezetza

Gipuzkoako Arkamurka, Itsas Enara, Eguzki, Landarlan eta Mutriku ekologista eta natur taldeek berriro eskatu diote Foru Aldundiko Mendi Zuzendaritzari atzera botatzeko “Igaratzako txaboletarako mendi bidearen egokitzapena” deitutako pista proiektu berria. Proiektu hau, Enirio Aralar mankomunitateak. iaz aurkeztutakoaren oso antzekoa da, horren ingurumen ebaluazio inpaktua Aldundiko Ingurumen Departamendutak onartu ez zuelarik.

3 metroko  "errepidea"  bihurtu nahi duten mendi bideetako bat.

3 metroko “errepidea” bihurtu nahi duten mendi bideetako bat.

Horiez gain, hauek dira Aldundiari adierazitako arrazoi nagusiak pista proiektu berriari berriro ezetz esateko:

–  Kalteak onurak baino askoz gehiago direlako eta berreskuratu ezinak.

–  Pista proiektu berria ez da beharrezkoa Aralarren kontserbaziorako, ezta larreen babeserako, dagoeneko Aralarko larreetan orain dela 20 urte baino % 20 ganadu gehiago baitabil.

– Aralar Natur Parkearen Ordenazio plana ez du betetzen.

– Europa eta Euskadik babestutako espezie (EB mailako intereseko 65 espezie daude inbentariatuta) eta habitatak suntsituko dituelako, horien artean egitasmoak ustez babesteko asmoa duen 3 belardi hábitat ezberdin baita  5 hagin eta 16 gorosti ere.

Eniriotik Doniturrietarako bidea.

Eniriotik Doniturrietarako bidea.

– Lareoko urtegira ura eramaten duten erreka bat kaltetuko duelako.

– Herri lurretan eraiki nahi dituzten proiektu hauetaz erabakiak hartzeko bidean herritar askoren iritzia eta bereziki mendizale, kontserbazionista naiz zientzilari sektoreak baztertu dira, jokabide horrek bizikidetzan eragin negatiboa azpimaragarria izanik.

– Eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bere azken txostenean esandakoarekin bat egiten dugulako:

–          “pista berrien eraikuntzari buruzko erabakiak atzeratu egin beharko lirateke Larreen Ordenazio Plan bat egin arte.”

Behingoz pista proiektu hauek baztertu, sektore ezberdinak aintzak hartu eta Aralar Natur Parkeko legedia bete dezala Aldundiak, bada garaia!

DONOSTIA,  EKAINAREN  23AN

Arkamurka Natur Taldea, Itsas Enara, Eguzki, Landarlan Ingurumen Elkartea, Mutriku Natur Taldea

Eguzkik Gobernu berriari eskatu dio ez dezala Iberdrola libratu Lemoiz lehengoratzeko erantzukinaz

Captura-de-pantalla-2017-05-18-a-las-11.26.37[1]Eguzkik Pedro Sanchezen Gobernuari eskatu dio ez dezala Iberdrola libratu Lemoizko zentral nuklearrak okupatutako parajea lehengoratzeko duen erantzukizunaz. Halaber, paraje hau euskal erakundeei transferitzeko gardentasunez joka dezala ere eskatu dio.

Eguzkik Ogasuneko eta Trantsizio Ekologikoko ministroei bidali dizkien gutunetan ohartarazi duenez, Lemoizko parajea ingurumen aldetik lehengoratzeko lanak nahitaezkoak izango dira, parajeari hemendik aurrera emango zaion erabilera edozein dela ere. Iberdrolak lehengoratze-lan horiek ordaintzen erantzukizunak ditu, eta Gobernuak konpainia elektrikoa erantzukizun horietatik salbuesteak ez du inolako zentzurik interes publikoaren ikuspegitik.

2017ko maitzean, PPk eta EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartzeko ituna egin zuten. Itun horren arabera, Mariano Rajoyren Gobernuak hanbait konpromiso hartu zituen. Horietako bat izan zen Lemoizko lursailak “lehenbailehen” euskal erakundeen esku uztea.

Alabaina, Estatuak parajea euskal erakundeen eskuetan utzi ahal izateko, lehendabizi Iberdrolarenetatik berreskuratu egin behar ditu. Izan ere, Iberdrolarenetan dago Estatuak berak 70. hamarkadaren hasieran Iberduerori parajearen lagapena egin zionetik.

Gauzak horrela, joan den apirilean zenbait komunikabidek argitaratu zuen Ogasun Ministerioak eta Iberdrolak akordio bat egina zutela. Horren arabera, lagapena bertan behera geratzen zen, hau da, Estatuak parajearen gaineko kontrola berreskuratzen zuen, eta, aldi berean, Iberdrola lehengoratzeko erantzukizunetatik libre geratzen zen.

Prentsan argitaratutako informazio hori guztiz sinesgarria da, baina, egia esan, Eguzkik ezin izan du aurkitu ustezko akordio horren berri ematen duen dokumentu publikorik. Gardentasun-falta hori ez zaigu normala iruditzen eta seguru gaude Gobernu berriari ere ez zaiola normala irudituko. Horregatik eskatu diogu egoera argitzeko.

Captura-de-pantalla-2017-05-18-a-las-11.23.05[1]

Gainerakoan, Eguzkik jarraitzen du Lemoizentzat eskatzen historiarekin bat datorren erabilera. Horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen akuikultura-makroproiektua helburu horiekin bateragarria ote da? Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, Eguzkik aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: lehengoratzea, erabilera publikoa eta adostasuna. Esan gabe doa gardentasun-faltak ez duela bide horretan laguntzen.

Eguzki, 2018ko ekaina

Bizkaiko hondartzei buruzko eta saneamendu-gabeziei buruzko elkarrizketa Eguzkiri

Garikoitz Plazaola, Eguzkiko kidea.

Garikoitz Plazaola, Eguzkiko kidea.

Uribe Kostako hondartzetako uretan kutsadura fekala atzeman dutelako, hondartza horietan bainua hartzeko debekua indarrean egon da hainbat egunez. Hori dela eta, Bizkaiko Hitzak Eguzkiko kide Garikoitz Plazaola elkarrizketatu du. Oso elkarrizketa egoki eta argigarria da. Hemen irakur dezakezu.

http://bizkaia.hitza.eus/2018/06/22/ur-zikinak-tratatu-gabe-itsasadarrera-isuri-dira/

Hala ere, badaezpada, hemen ere transkribatzen dugu.

Natalia Salazar Orbe / Bizkaiko Hitza

Hainbat herritar aztoratu ziren joan den astean Uribe Kostako hondartzetan bainua hartzeko debekua ezarri zutelako. Bandera gorria zegoen, baina itsaso zakarrik ez. Gero jakin zen ur zikinen kutsadurak eragin zuela debekua. Garikoitz Plazaola (Andoain, Gipuzkoa, 1971) Eguzki talde ekologistako kidea da. Saneamendua hobetzeko beharraz mintzatu da. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarekin hitz egiten ere saiatu da Bizkaiko Hitza, baina esan dute ez dutela emango elkarrizketarik.

Astebetetik gora egon da bandera gorria hainbat hondartzatan ur zikinek eragindako kutsaduragatik. Zer gertatu da?

Uraren Agentziako teknikariek eman diguten informazioaren arabera, eurite oso indartsu eta jarraituak egon dira, eta horrek ur pilaketa sortu du saneamendu sistema osoan. Galindoko [Sestao] hondakin uren araztegiak gainezka egin du, eta, ondorioz, kasu hauetarako prest dauden huste uneak ireki behar izan dituzte. Hala, saneamenduko ur zikinak, tratatu gabe, itsasadarrera isuri dira. Galindoko araztegiko urei dagokienez, lehen mailako tratamendua soilik egin ahal izan diete; alegia, hondakin solido handiak kendu besterik ez. Egun batean baino gehiagotan bakterioz betetako ura isuri dute itsasadarrera. Ondorioz, hondartzetako uraren kalitatea jaitsi egin da, bainua hartzea ezinezko egiteraino.

Ohikoa da euri jasa handiak daudenean ur zikinak araztu gabe isurtzea?

Ekaitzak leku sakabanatuetan gertatu ohi dira. Kasu honetan, ordea, euri jasa horiek orokorrak izan dira, zabalduak. Horrek eragin du jasotako ur kopurua handia izatea. Hala ere, badirudi Bilbo Handiko saneamendu sarean urtean behin baino gehiagotan irekitzen direla hodiak itsasadarrera ura isurtzeko. Datu zehatza ez daukagu.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren arabera, kutsadura ez dute eragin araztegietatik atera diren emariek, baizik eta araztegietara iritsi gabe behar bezalako tratamendua jaso ez duten urek.

Bi gauza gertatu dira: 200.000 metro kubiko isuri dira zuzenean saneamendu sistematik. Eta ia beste 200.000 isuri ditu Galindoko araztegiak berak, guk daukagun informazioaren arabera.

Zer-nola dago saneamendu sarea? Urdaibain ere, biosferaren erreserba izan arren, osatu gabe dago. Ba al daukazue Bizkaiko egoeraren argazki osatua?

Ez, ez daukagu datu zehatzik. Guk ere salatu izan dugu behin baino gehiagotan bereziki deigarria dela Urdaibaiko kasua. Batetik, Bilbo Handia kenduta Bizkaian dagoen biztanle bilgune handiena delako —itsasadar osoa kontuan hartuta— oraindik urak araztu gabe isurtzen dituena. Bestetik, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbari buruz ari garelako. Deigarria da Euskal Herrian babes neurririk handiena daukan eremua delako, Bardearekin batera. Baita, itsasadarra izanik, bere uretan eta inguruan sortzen diren ekosistemengatik ere. Eta hain justu, leku horretan, ur zikin asko eta asko zuzenean isurtzen dira itsasadarrera. Bertako hainbat hondartzatan ere —gehienetan— ekaineko egun batean debekatuta egon da bainua. Hala ere, gertakaria ez da izan Bilbo inguruan bezain iraunkorra.

Normala da 2018an saneamendu sare osatu eta egoki bat ez izatea?

Ustez, izan beharko genuke. Kontua da, batetik, administrazioek ez diotela behar adina garrantzi eman saneamendu sistema osatu eta egin beharreko tratamendu guztiak egiten dituena edukitzeari. Horren eraginez, gizarteak ere ez dio ematen duen garrantzia. Jendeari galdetuz gero, joera horrek eraginda, ia ziur garrantzi handiagoa emango diete lurretik gora egiten diren eraikuntzei lurretik beherako azpiegiturei baino. Eta saneamendu sistemaren zatirik handiena lurpean egiten da. Bestetik, benetan ez da inbertitu behar zen beste. Jaurlaritzaren aurrekontuak eztabaidatu direnean, behin baino gehiagotan salatu dugu nola saneamendu gaietarako aurrekontua murrizten joan diren urtez urte. Iazkoa izan zen, oker ez banaiz, goraka egiten hasi zen lehena. Horren guztiaren ondorioz, Bizkaian zein beste herrialdeetan saneamendu sarea atzeratuta dago. Eusko Jaurlaritza ez da errudun bakarra, ordea. Berdin esan genezake estatuaren zein aldundiaren inbertsioei buruz. Hala ere, aldundiek, proportzioan, esfortzu handiagoa egiten dute.

Salatu duzue erakunde eta administrazio publikoek ez dutela eman informaziorik. Nori zegokion azalpenak ematea?

Jokabide arrunta da. Uraren Agentziak, Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoak eta Osasun Sailak ez dute ohiturarik era horretako informazio jarraitua emateko. Herritar askoren kexak jaso ditugu guk gertatu denari buruz galdezka: ea isuri larririk gertatu ote den Bilboko portuan eta beste galdetzen zuten. Jendeari informaziorik ematen ez zaionean, edo informazio hori egokia ez denean, espekulazioari zabaltzen zaizkio ateak. Alarma soziala eragin dezake informazioa ez emateak. Bestetik, gure eskubidea ere bada informatuta egotea. Zer gertatzen da sorosleek hondartzatik alde egiten dutenean? Bandera jaitsi egiten dute. 21:00etan banoa hondartzara, ez dakit ura kutsatuta dagoen. Kartel bat jarriko zuten nonbait abisatzeko. Baina ez banoa espresuki bertara, ez dakit ur hori ez dela egokia bainurako. Jakitun dira ez dutela informazioa ematen.

Fuente: GUK Getxo

Iturria: GUK Getxo

Kaltea gertatu da jada, baina berriz errepika liteke. Zein baliabide beharko litzateke gauza bera ez gertatzeko?

Zaila da epe motzeko neurriak hartzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu bilketa bat egin beharko litzateke, eta ikusi benetan zein den egoera: zenbat hoditeria dagoen ur zikinak eta garbiak bereizita eraman ditzakeena. Zerbait egon behar du; izan ere, ekaitz tankeak eraikitzen ari dira, eta eraikitzen jarraitzeko asmoa dute. Tankeon helburua da orain jasan dugun gertakari baten antzekoen aurrean arazoak saihestea. Ekaitza dagoenean eta hoditeriatik araztegiak araz dezakeena baino ur gehiago doanean biltegi bezala jokatzen duten guneak dira. Egoera normaltzen denean, pixkanaka hortik ura ponpatzen joaten dira, araztu ahal izateko. Ekaitz tanke horiek egitea da irtenbide bakarra? Era horretako eraikuntzez bete behar dugu lurpea? Oreka bilatu behar dugu. Hoditeria bikoiztu daiteke gune batzuetan? Ikusi beharko da kasu bakoitzean zer den egokiena.

27 elkartek sinatu dute “Ulia, parke seguru bat denontzat” manifestua

Elkarteetako hainbat ordezkari, Ulian barrena egindako azken martxan.

Elkarteetako hainbat ordezkari, Ulian barrena egindako azken martxan.

27 elkartek, tartean Eguzkik, sinatu dute “Ulia, parke seguru bat denontzat” manifestua. Halaber, Donostiako eta Pasaiako udalek Uliarako Plan bateratua lehenbailehen adosteko konpromisoa hartu dute. Ulian ehiza ez baimentzea dute helburu. Izan ere, mendi horretan ehiza 2014tik debekatuta dagoen arren, Foru Aldundiak aurten berriro baimenduko duen beldur dira.

Artikulu honen bertsio osoa gaztelaniaz bakarrik irakur daiteke.

Manifestua honako elkarte hauek izenpetu dute:

Herri Ametsa Ikastola, San Luis de La Salle Ikastetxea, Itsas Mendi Elkartea,  Fortuna Mendi Elkartea, Montañeros del Antiguo, Trintxer Mendi Taldea, Asociación Nordic Walking Donostia, Mendizaleak Herrera, Itsastarrak Mendi Taldea, Club Vasco Camping, Club Atletico Trintxerpe, Pasaia Kayak, Donosti Kayak, Asociación de Vecinos de Ulia, Jaizkibel Amaharri, SEO Donostia, Eguzki Talde Ekologista, Ugatza Ortitologia Taldea, Itsas Enara Ornitologia Taldea, Haritzalde Natura Elkartea –  Ekologistak Martxan, Asociación de los Caminos de Santiago de Gipuzkoa, Uliako Lore Baratzak, Aigos de Ulia, Katubihotz, Asociación Boj, Kalapi Txirrindulari Elkartea

“Jaizkibel: baloreak eta mehatxuak” argazki-erakusketa, Oreretako Xenpelar zentroan

0618_Jaizkibeleko-baloreak-eta-mehatxuak-768x1086[1]Eguzkik “Jaizkibel: baloreak eta mehatxuak” erakusketa paratu du Oreretako Xenpelar etxean. Ekainaren 30era arte egongo da ikusgai, arratsaldeko 5etatik 8etara.

Erakusketa hainbat egilek ateratako ziento erdi bat argazkik osatutzen dute, baita Ulia eta Jaizkibelgo txokoak ondo baino hobeto ezagutzen duen pertsona batek ekoitzitako lau bideok ere.

Ulia-Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten 2013. urtean. Eguzkik hamaika lan egiten ditu paraje honen inguruan. Erakusketa honen bidez, bertako habitatak, flora eta fauna ezagutarazi  nahi ditu eta, halaber, horiek arriskuan jar ditzaketen hainbat mehatxuz ohartarazi ere.

EGUZKI

Ekainak 23. 2.Eskuko eta Truke Azoka Zuazo-Arteagabeitiako Jaietan.

Gure lurra zaintzeko eta, posible izan balitz, hobetzeko zerbait egin nahi duzu? Hasi hemendik!
Truke ARTEAGA-ZUAZO (3 logos) 20180623
Datorren larunbatean, hilak 23, Zuazo-Arteagabeitiako jaien baitan, Eguzki Barakaldok bigarren Eskuko eta Truke azoka antolatzen dugu, helburua materialen berrerabilera sustatzea delarik. Azoka honetan, edozein material (objektu) saldu, trukatu edota oparitzeko aukera izando dugu. Bertan topatu ahal izando ditugun salgaiak, besteak beste: liburuak, arropa, diskak, jostailuak, kirol materiala, altzariak, soinu-tresnak…
Kontsumo arduratsua oinarri moduan duen eredua lortzeko beharra gero eta handiagoa da. Aldaketarako bide honetan guztiok eman dezakegun lehenengo pausoa, gure eguneroko kontsumoan 3R (murriztu, berrerabili eta birziklatu) erregela jarraitzea da.

Murriztu hitzak beharrezkoak ez diren erosketak saihesteari so egiten dio. Berrerabili eta birziklatu hitzek objetuen erabilera beste pertsona batzuekin partekatzea eta jadanik erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza bat ematea esan nahi dute. Eta azkenik, erostea benetan beharrezkoa denean, bidezko merkataritzaren mekanismoak, ekonomia alternbatiboa eta solidarioa eta kontsumo kolaboratiboaren erabiltzea.

Bigarren eskuko merkatuak, bai salmentakoak eta baita trukekoak ere, 3R erregelaren adibide ezin hobeak dira eta horretaz gain gauza deberdinak aurkitzeko aukera ematen digute, merkeak eta ekologikoa, izan ere berrerabiltzen den produktua baino ekologikoagorik ez dago.

Eguzkik usapalaren ehiza debekatzeko eskatu du

usapala_argazkiaEguzki Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioei zein Nafarroako Gobernuari eskatu die Europan onartu berri den “Usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” aintzat hartzeko eta, ondorioz, 2018-2019an espezie horren ehiza debekatzeko.

Eguzkik, beste hainbat elkarte ekologista eta naturzalek bezala, badaramatza urte batzuk eskatzen usapala babestutako espezie gisa sailkatzeko edo, behintzat, espezie ehizagarrien zerrendatik kentzeko. Diputazioek zein Gobernuak, ordea, ez dute orain arte jaramonik egin, ikerketa guztiek espeziea oso egoera larrian dagoela agerian utzi duten arren. Alabaina, Europar Batasunean onartu berri den planak ez die erabakia atzeratzen jarraitzeko aukerarik ematen. Nolabait esateko, dagoeneko ez dute luzamenduaren gaineko luzamendua egiteko aitzakiarik, nahiz eta badakigun ehizaren inguruko lobbyaren presioa handia izango dela.

Informazio osagarria

Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak (NADEGek) “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” (*) onartu zuen joan den maiatzaren 23an. Europako Batzordearen iritziz, plan horrek aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko, arreta-printzipioa eta usapalen populazioaren beherakada izugarria izaten ari dela kontuan izanda”.

Planak aurreikusitako neurrietako bat behin-behineko ehiza-debekua da, ehiza-eredu iraunkor bat finkatzeko aukera izan bitartean. Bestela esanda: gaur egungo ehiza-eredua (adituen arabera, bi milioi ale inguru urtean) ez da iraunkorra. Horra hor behin-behineko debekuaren zergatia.

Planaren arabera, debekua noiz sartu behar da indarrean? Bada, 2018an bertan, eta presa guztiz logikoa da, izan ere, neurri hau “ezinbestekotzat” jotzen du, “essential”tzat jatorrizko hizkuntzan. Kontuan izan planak, neurriek duten lehentasunaren arabera, sei maila aurreikusten dituela. Bada “essential” da lehentasun gorena duten neurriei dagoekien adjektiboa.

Honako laburpen-taula hau planaren 23. orrialdetik ateratakoa da, baina behin-behineko debekuari buruzko aipuak testu osoan zehar aurkitu daitezke:

usapala_argazkia2Usapal-populazioak 70. hamarkadaz geroztik hasi ziren urritzen, baina azken 20 urteotako beherakada izugarria izan da. European Bird Census Councilek egin duen segimendu-lanaren arbera, europar usapalaren populazioak % 78 murriztu dira, 1980 eta 2013 bitartean, eta % 29,  2004 eta 2013 bitartean. Penintsula iberiarrean, berriz, segimendua SEO-BirdLife elkarteak egiten du, Councilekin adostuta, SACRE programaren bidez. Bada, penintsulan, 1998tik (urte hartan hasi baitzen segimendua) usapalen populazioak % 30 murriztu dira. Eta 2007. urteaz geroztik beherakada are nabarmenagoa izan da.

2015ean, Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak (UICNk) usapala zerrenda gorrian sartu zuen, “zaurgarri” gisa sailkatuta.

Egoera ikusita, Europako herrialde askok usapalen ehiza debekatu egin dute, baita Estatu espainoleko erkidego autonomiko batzuek ere, hala nola, Kanariar Uharteek, Kantabriak eta Asturiesek. Baina Estatu espainolean, oro har, ehizak jarraitu du, baita Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere.

SEOk, ziento erdi bat adituk babestuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari eskatu zion usapala Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartzeko, “zaurgarri” gisa. Ministerioak zientzialari batzorde bati gaiari buruzko txostena eskatu zion. Batzordeak 2016ko urrian entregatu zuen txostena eta ondorioa ezin garbiagoa izan zen: usapala Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartu egin behar da.

Baina Administrazioak ezikusiarena egiten jarraitu du.

Eguzkik 2015ean eskatu zien lehen aldiz diputazioei eta Nafarroako Gobernuari usapala espezie ehizagarrien zerrendatik kentzeko. Alferrik, arestian esan dugun bezala.

Baina Europan onartu berri duten ekintza-planak ez du aitzakiatarako zirrikiturik uzten.

Plana hasten da Ipar Amerikako uso migrariari buruzko oso aipu adierazgarri batekin. Uso hura mende baten buruan pasatu zen kontinenteko espezie ugariena izatetik zeharo desagertzera. Azken alea 1914an hil zen, Cincinatiko zoo batean. Planak, espezie haren patua eta usapalaren gaur egungo egoera erkatuz, honako hau dio: “Hauxe da zerbait egiteko unea, berandu izan baino lehen”. Geure egiten ditugu hitzok eta diputazioek eta Gobernuak ere euren egingo dituztelakoan gaude.

EGUZKI, 2018ko ekaina

(*) Plana, honako lotura honetan:

http://www.trackingactionplans.org/SAPTT/downloadDocuments/openDocument?idDocument=49

usapala_argazkia3

Eguzkik Hondarribiko zuhaitz-mozketa bati buruzko informazioa eskatu du

hondarribia-ortofoto_webJaizubiako Bordaberri inguruan tamaina handiko hainbat zuhaitz bota dituztela eta, Eguzkik informazioa eskatu dio Hondarribiko alkateari. Zehatz-mehatz, honako hauek eskatu dizkio:

  1. Udalak lizentzia eman badu, ekimen hori gauzatzeko justifikatzen duen txosten teknikoaren kopia bat.
  2. Lizentziarik gabeko ekimena bada, jokatu dezala lizentziarik gabeko jarduerak egiten diren beste kasu batzuetan bezala.
  3. Lizentziarik gabeko ekimena bada, gunea leheneratzeko eska dezala.

hondarribia2 hondarribia1