Matxoaren 15ean, klima-aldaketaren aurkako ikasle greba orokorra Europan

gretaOstiralean, martxoak 15, klima-aldaketaren kontrako ikasle greba orokorra egingo da Europan. Hego Euskal Herrian, mobilizazio nagusiak ostiralean bertan izango dira, 12etan, lau hiriburuetan, zehatz-mehatz, Bilboko Arriagan, Gasteizko Bilbo Plazan, Donostiako Bulebarrean eta Iruñeko Udaletxeko Plazan. Ipar Euskal Herrian, berriz, larunbatean, hilak 16, bada deialdi berezi bat Angelun, 10:30ean, Baionako Ibilbidean, zehatz-mehatz, Cadran biribilgunean. Esan gabe doa Eguzkikooi primeran iruditzen zaigula klima-aldaketa eragozteko benetako neurrien alde mobilizatzea.

Ikasleen nazioarteko mugimendu hau nondik nora datorren argitze aldera, Iñaki Zaratiegik gaur bertan Garan argitaratu duen Rebeldía juvenil contra el cambio climático erreportaia irakurtzera animatzen zaituztegu. Esteka sakatuta ezin baduzu osorik irakurri, jo testu honen erdarazko bertsiora.

Martxoak15_kartela marchefr

 

Eguzkiko kideek Oria ibaiaren egoera salatu dute, Tolosan

Oria-TolosanEguzkik jarraitzen du salatzen Itsasoan gertatzen dena gure etxe parean hasten dela, alegia, itsas ertzean ikusten ditugun eta hainbeste harritzen eta amorratzen gaituzten plastiko horiek guztiak, baten batek etxe parean bota dituela, eta gero itsasora ibaietan barrena iritsi direla. Izan ere, ibaiak hondakin plastikoen bene-benetako autopistak dira. Bada, ideia hori indartzeko, Eguzkiko bi kidek ordubte eskasean sekulako zabor pila atera zuten atzo Oriatik, Tolosa parean. Atariak honela ikusi zuen: Eguzkiko kideek Oria ibaiaren egoera salatu dute, Tolosan.

2019ko hauteskudeetarako, ingurumen-klausulak zeharkako politika gisa txertatzea eskatu du Naturkonek

Hona hemen Naturkonen oharra, zeinaren partaide den Eguzki:

Hauteskundeak 2019: ingurumen-klausulak zeharkako politika gisa

Hautes-programetan hitz egin bai baina gero beste irizpide batzuren menpe geratzen dira ingurumen politikak.

Hautes-programetan hitz egin bai baina gero beste irizpide batzuren menpe geratzen dira ingurumen politikak, ondorioz eragindako sentimentua irudikoarekin pareka daiteke.

Aurtengo udaberrian bi hauteskunde izango ditugula eta, boto-emaileei eta oro har herritarrei informazio egokia aurkeztearren, otsailaren 26an dokumentu bat, hainbat deialdi publikotan ingurumen-arloko klausula orokorrak gehitzea proposatzen genuenekoa, helarazi zien Naturkonek Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean odezkatuta dauden indar politiko guztiei, hura aztertu eta gaiari buruz zer iritzi eta proposamen duten azal dezatela eskatuz.
 
Ehizaren eta arrantzaren kudeaketari buruzko beste dokumentu bat helaraziko die aurki, eskaera berberarekin.
 
Hemendik denbora batera haiek emandako erantzunak bildu eta aurkeztuko ditugu.
————————————————————————————————
Klikatu hemen :
Naturkon osatzen dugu:
Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Euskal erakunde publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten oinarrietan ingurumenaren eta kontserbazioaren aldeko baldintzak gehitzeko eskaera

 

(2017ko uztailean Naturkon Gipuzkoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari aurkeztua 
eta Eusko Legebiltzarreko, Batzar Nagusietako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Udal eta Mankomunitate guztietako ordezkari eta talde politiko guztiei jakinarazia) 
 
Administrazio-kudeaketaren fragmentazioak, oro har, sektorekako espezializazio handiagoa dakar eta, beraz, aldian aldiko sektorean zerbitzu hobea ere bai. Haatik, fragmentazio horrek berak disfuntzioak ere ekartzen ditu maiz, ekintzak abiarazten dituen sektorean ez beste guztietan kalteak eragiten baitira beste departamenduek kudeatzen dituzten politika publikoen helburuen kontrako ondorioak ekarrita. Hala, alde batetik sektore batean lortzen den onura beste sektoreetan eragindako kalteekin batera iristen da, eta zalantzan jar liteke neurriak gizarteari eta interes orokorrari egiten dion ustezko onura.
———————
Halako disfuntzioen kalteak ahal beste leuntzearren, aspaldi xedatu ziren hainbat aurreikuspen, sail guztiek errespetatu beharreko zeharkako araubide moduan. Esaterako, gure eremuan baditugu zenbait araubide erosketa eta kontratazio publikoko prozeduretan hondakinen bolumena eta energia gastua ahal bezain urriak izan daitezen; gardentasuna, parte hartze librea eta merkatu-askatasuna ez ezik, esleipendunaren langileen lan-eskubideak, genero-berdintasuna eta abar luze bat ere errespeta dezaten.
Hizkuntza-normalizazioarekin zerikusia duten zeharkako politikak ere badute beren zuzeneko eta berariazko isla kontratazio- eta hautaketa-prozesuetan eta laguntza-deialdietan, dela bete beharreko baldintza gisa, dela lehian baloratu beharreko irizpide gisa.
Haurren babesean ere aplikatu izan dira zeharkako klausulak  laguntza eta diru-laguntza deialdietan. Katalunian, esaterako, bortxatzaileen erregistroko ziurtagiria eskatzen hasiak dira adingabeei zuzendutako nahiz batez ere adingabeekiko tratua duten jarduera kulturaletarako diru-laguntzak jaso eman ahal izateko.
Beste hainbeste esan liteke gutxieneko araubide eta jokabide etiko batzuei jarraitzeko exijentzia dela eta: administrazioari ez ezik, hark diruz lagundu beharreko pertsona, enpresa zein erakundeei ere exijitzen zaie horiek betetzea.
Eusko Jaurlaritzan bertan, oraintsu idatzi berriak dira sari, beka, laguntza eta diru-laguntza deialdietako oinarrietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko irizpideak aplikatzen lagunduko duten klausulak behar bezala gehitzeko gomendio eta argibideak. Hainbat eragilek hartu dute parte horiek biltzen dituen dokumentua prestatzen, horien buru Emakunde izanik, noski,  eskumen nagusiaren titularra denez.
———————
Naturaren eta haren kontserbazioaren aldeko elkarteek osatutako erakundea garenez, Naturkonen ederki asko dakigu joera handia, bereziki handia, dutela horiek, naturak eta kontserbazioak alegia, administrazio sektorialek diruz lagundutako jardueren eragin kaltegarriak pairatzeko. Ezin konta ahala jarduera laguntzen dituzte administrazio publikoek, kirol arlokoak, kulturalak, aisialdikoak, turistikoak eta, naturarekiko gutxieneko begirunerik eta kalterik ez eragiteko gutxieneko neurririk erakusten ez dutenak. Ondorioak negargarriak izan ohi dira, inguru naturalaren kaltean, jakina.
Are mingarriagoa da, gainera, espezie babestuei eragiten dietenean halako jarduerek kaltea, hainbat espezieren ugalketa, migrazioa, oinarrizko portaera edo atsedena oztopatzen dutenean, besterik gabe suntsitzen direnean eta, bereziki, botere publikoek diruz lagundutako jarduera horiek naturagune babestuetan antolatzen direnean edo haiei zuzenean eragiten dietenean.
Gero eta sarriago gertatzen dira halakoak, eta gero eta dimentsio handiagokoak izan ohi dira, ‘abenturako’ jarduerek, turismoak eta, gero eta jarraitzaile gehiago baitituzte eta halako ekimenen antolatzaileek haientzako kondizio ezin hobeak aurkitu baitituzte landa-eremuan eta naturaguneetan. Kontzertuak, mendi-lasterketak, nekazaritzako elikagaien feriak, festak, erromeriak, motordun ibilgailuen zeharkaldiak… inoiz baino maizago antolatzen dira naturagune babestuetan, gero eta irisgarriagoak baitira eta, beraz, kalte hartzeko aukera gehiago baitute. Hori gutxi ez, eta parte-hartzaile arruntak naturan egoki portatzeko eta behar bezala errespetatzeko prestakuntzarik ez du izaten gehienetan.
———————
Horregatik guztiagatik uste dugu interesgarria ez ezik, behar-beharrezkoa ere badela ahalik eta lasterren dokumentu orokor bat egitea, gizon-emakumeen berdintasunaren aldeko irizpideen kasuan egindakoaren antzera, natura eta ingurumena errespetatzeko eta babesteko irizpideak ere aintzat har daitezen euskal administrazio publikoek jarduerak diruz nahiz bestela laguntzeko nahiz saritzeko argitaratzen dituzten oinarrietako baldintzetan, horiei gehitu beharreko klausulak gehituz, hala lehia bidezko deialdietan, nola, are motibo handiagorekin, erantzukizun handiagoa baitute, berariaz ematen dituzten zuzeneko laguntzetan eta diru-laguntza izendunetan ere.
Eta, koherentzia hutsez, ez baita inola ere etikoa nork bere burua salbuestea besteei exijitzen dizkien kondizioak betetzeko obligaziotik, euskal administrazio publikoek berek, zeinek bere eskumeneko arloan eta nork bere politika publikoen baitan, zuzenean antolatutako nahiz sustatutako jardueretan ere jaso behar lirateke irizpide horiek.
———————
Hori guztia dela eta, Naturkon – Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan kolektiboak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari eskatzen dio albait lehen abiaraz dezala, eta gida dezala, gizon-emakumeen berdintasuna sustatzeko kasuan egindakoaren antzeko prozesu bat eta euskal administrazio publikoentzako gida moduko dokumentu bat sor dezala haren bitartez, nork bere sari, beka, laguntza eta diru-laguntza deialdi publiko guztietan gehi ditzaten berek lagundutako nahiz saritutako jarduerek naturari, ingurumenari eta horien kontserbazioari kalterik ez eragiteko behar diren klausulak.
Naturkon, Naturaren  Kontserbazioa  Gipuzkoan
Zarautzen, 2017ko uztailaren 13an

ARRAMENDIKO INGURUMEN ERAGIN AZTERKETA

Arramendi

Oarsoaldeko Eguzki Taldeak bere desadostasun osoa adierazi nahi du Orereta-Errenteriako Udalak Arramendin Ingurumen Eragin Azterketa ez tramitatzeko hartutako erabakiarekin. Izan ere, Udalak hartutako erabakia aplikatu ezin diren legedietan oinarritua dago eta horrek hartutako erabakia baliogabetzen du.

Oarsoaldeko Eguzki taldeak gai honi buruz idatzi bati sarrera eman zion martxoaren 5ean udaletxean, Udalak aplikagarria den legedia erabiliz, beste txosten berri bat egiteko eskariarekin.

“Change the Change”ren aurrean, eko-kosmetika salatzen

klima2Klimaren Aldaketari buruzko Change the Change biltzarra dela eta, elkarretaratze ederrak egin ditugu astearte eta asteazkenean Donostiako Udaletxe eta Kursaal aurrean, hurrenez hurren. Erraustegiaren aurkako Mugimenduak deituta, biltzarra eko-kosmetika ariketa hutsa dela salatzea izan dugu helburu. Izan ere, klima-aldaketaren inguruan “kontzientziatu” nahi omen gaituzten horiexek dira erraustegiaren eta beste hainbat proiekturen bitartez klima-aldaketa sustatzen dutenak.

Portzierto, astelehenean, hainbat komunikabidek klima-aldaketaren inguruko konpromiso-dekalogo bat publikoki izenpetu zuten. Dekalogo horren 6. konpromisoak honako hau dio:

“Kazetaritza kritiko eta independentea defendatzea: Egiatasunarekin konprometitutako kazetaritza defendatu behar da, enpresa kutsatzaileek ordaindu eta greenwashing-a sortzen duten edukietatik urrunduta”.

Argitu dezagun, ez dakienarentzat, greenwashing hori zuritze, aurpegi-garbitze edo eko-kosmetika gisa itzul daitekeela.

Dekalogoa izenpetu duten komunikabide nagusiek biltzarrari buruz eman duten informazioari erreparatuta, garbi dago 6. konpromiso hori lehen momentutik beretik urratzen ari direla. Izenpetu izana ere greenwashing hutsa ote?

Hemen duzue astearte eta asteazkeneko elkarrataratzeen irudi sorta bat:

klima01 klima02 klima03 klima04 klima05 klima06 klima07 klima08 klima09 klima10 klima11

ASTEKLIMA: klima aldaketaren aurka instituzioek ezer gutxi egitea kritikatu du Naturkonek

Errauskailuaren Aurkako Mugimenduaren deialdiekin ere bat egiten du.

Asteklimaren aurkezpena

ASTEKLIMA: Aholkuak besterentzat, ez ordea berentzat

Aste honetarako Eusko Jaurlaritzak Asteklima ekimena sustatu du,  klima aldaketaren efektuak arintzeko hartu beharreko konpromisoen dibulgazioa helburutzat duen ekimena, eta horri erantzunez hau diogu:

Azken hilabeteetan ikusi izan dugu nola Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek hainbat ekimen sustatzen ari diren. Hurrengo zerrendan horietako batzuk laburbiltzen dira, besteak beste:

1- Zubietako erraustegiaren eraikuntza. CO2 eta gai toxikoak kantitate handian sortzea hondakinak ‘desagertzearren’.

2- Oxido kuprosoa erabiliz pinudiak fumigatzeko intentzioa , Nekazaritza eta Arrantzako Ministerioari eta Europako Batzordeari bizkarra emanaz, esperimentalak direla aitzakiatzat ipinita.

3- Gipuzkoako Biodibertsitate Kontseiluaren inaktibazioa  (9/2015 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Gipuzkoako Biodibertsitate Kontseilua eratzen duena).

4- Natura 2000 Sareko babesturiko natur esparru batean pista sare bat sustatzea, Aralarren eta Aizkorrin esaterako, Natur Parkeen legediaren (168/1994 Foru Dekretua) aurka.

5- Mehatxaturik dauden espezieen ehiza baimentzea.

6- Baliabide naturalak modu jasangarri batean ustiatzeko proposamen berrien onestea ukatzea.

7- Gipuzkoan Natura 2000 sarearen garapena ukatzea.

8- Hainbat ingurumen delituengatik ikerturik  jarraitzen duten agintariek dimititu nahi ez eta karguan jarraitzea.

9- Ordezko energia-iturriak baztertzea, bai ekoiztean, bai erabiltzeko nahiz banatzeko azpiegiturei dagokienez.

10- Mota guztietako ibilgailuetarako laguntzak ematea, gas kutsagarri gutxiago isuriko direla aitzakiatzat ipinita.

11- Eta abar.

Hauek azken legegintzaldian ikusi ditugun adibide batzuk besterik ez dira. Aurreko zerrendan aipatu diren guztiek, kanpoan utzi ditugunez gain, ingurumenaren degradazioa eta klima aldaketa sustatzen dute.

txartela-bi-hizkuntz-1-566x800[1]

Orain arteko aurrekari guztiak kontuan izanik, ondorengo hausnarketak egiten ditugu: klima aldaketa sustatzen ari direnek hitz egin nahi digute fenomeno honen inguruan? Zer saldu nahi digute martxoaren 1-10 artean? Klima aldaketaren efektuak arintzeko lanean dihardutela? Gizarte orokorraren bete beharrak gogoaraztea? Eurak errespetatzeko behar eta intentziorik ez dituzten betebehar horiek? Ez al litzateke hobe gure agintariak aldatzen hastea herrialde hobeago bat garatzen hasteko, ingurumen alorretan arduratsuago eta gardenagoak izateko?

Euskal erakundeek ingurumen legediaren aurka, azken urteetan hartutako erabakiekin bat ez bazatoz, ez ezazu parte hartu jada hasi den ASTEKLIMAn. Eta animatu zaitez “Errausketaren aurkako mugimentua”-k antolatu dituen elkarretaratzeetan parte hartzera, martxoaren 5ean 19:00etan Alderdi Ederren eta martxoaren 6an 19:00etan Kursaalean.

NATURKON – Gipuzkoa
Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Zapelatz bat Zumarragan legez kanpoko zepo batean harrapatuta aurkitu dutela salatu du Eguzkik

Zapelatza harrapatuta, hegan egin ezinean.

Zapelatza harrapatuta, hegan egin ezinean.

Atzo, martxoaren 2an, Zumarragako depositotik gora ari ziren mendizale batzuek zapelatz bat (Buteo buteo) legez kanpoko zepo batean harrapatuta aurkitu zuten. Ikus bideoa: https://youtu.be/tt6Fmze2tbY

Zapetatza, zepoarekin batera, Zumarragako Ertzain Etxera eraman zuten eta, handik, Igeldoko Arrano Etxera.

Argi utzi behar da, batetik, zapelatza espezie babestua dela, gainerako harrapariak bezala, eta, bestetik, zepo horiek erabiltzea (ikus honako bideo honetan nolako zepoaz ari garen: https://youtu.be/b7IBvBoSe68) zeharo legez kanpokoa dela.

Zepoa. Hau erabiltzea guztiz legez kanpokoa, eraz uler daitezkeen arrazoiengatik.

Zepoa. Hau erabiltzea guztiz legez kanpokoa, eraz uler daitezkeen arrazoiengatik.

Benetan larritzat jotzen dugu gertatutakoa. Kontuan izan  zepo horretan zapelatza bezalaxe, beste basa faunako edozein animalia (asko legez babestuak ) edo etxekotutako animalia bat ( txakurren bat esaterako) edo are pertsona bat ere eror zitekeela. Hau da, ezin da inola ere erabilera zuritu eta bai bere arriskua azpimarratu, zapaltzen duen edonor harrapatu baitezake.  Zoritxarrez, zepoen erabilera uste baina zabalduagoa dago.

Uste dugu gaia Ingurumen Fiskaltzak berez aztertzeko modukoa dela eta, hala ez bada, geuk aurkeztuko dugu salaketa.

Bukatzeko, tirokatutako edo zauritutako animaliaren bat aurkituz gero,deitu  112ra. Hori da zuzenena. Hala ere, edozer dela ere Eguzkira jo nahiago baduzue, hona hemen gure telefonoa: 688662532.

Eguzki, 2019ko martxoaren 3an

Oikiako saneamendua, hamar urte geroago, berriz ere mahai gainean

Oikia saneatzeko epe berriak beteko ote diren? Aurrekariak ikusita, eszeptikoak izateko arrazoi guztiak ditugu. Argazkia: loiolatarra.org.

Oikia saneatzeko epe berriak beteko ote diren? Aurrekariak ikusita, eszeptikoak izateko arrazoi guztiak ditugu. Argazkia: loiolatarra.org.

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak Oikiako saneamendua hozkailutik atera dute, eta, orain dela gutxi ezagutzera eman duten Akordio Marko berri baten zirriborroaren arabera, 2021rako martxan edo lanak hasita, behintzat, egongo da.

Hozkailutik atera dutela esan dugu 2007an beste Akordio Marko bat sinatu zutelako, eta, haren arabera, Oikiako saneamendu-lanak 2011rako bukatuta egon behar zirelako.

Baina azken hamar urteotan ez da ezer ere egin, Jaurlaritzak ez duelako bete lanok % 100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. Zoritxarrez, horixe bera gertatu da Gipuzkoan beste hainbat saneamendu-proiekturekin (1).

Akordio Marko berriaren arabera, berriz, Jaurlaritzak dagoeneko ez du aurrekontuaren (3,4 milioi euroren) % 100 bere gain hartuko, % 34 baizik. Hamar urte alferrik pasatzen utzi ondoren, merkatze hori zuzena ote den duda egin daiteke, baina, tira, Eguzkikooi, behintzat, bost axola digu zein erakundek ordaintzen duen (azken batean, guztiek erabiltzen dute diru publikoa). Guretzat garrantzitsuena da neurriak har ditzatela Oikiako ur zikinak Urolara inolako tratamendurik gabe joan daitezen behin betiko eragozteko.

2021eko epe berria beteko ote den? Aurrekariak ikusita, eszeptikoak izateko arrazoi guztiak ditugu. Dena dela, egia da ere 2016ko Plan Hidrologikoak Oikiako saneamendu-lanak 2027ra arte atzeratu zituela, hau da, praktikan, agendatik at utzi zituela. Akordio Marko berriaren bidez, berriz, berriro agendan jarri dituzte, eta, horregatik besterik ez bada ere, albiste ona kontsideratu beharko dugu.

EGUZKI, 2019ko otsaila

(1) Gipuzkoa saneatzeko Akordio Marko berrian aipatutako proiektu gehienak 2011n bukatuta egon behar zirela agerian utzi du Eguzkik.

Oxido kuprosoa erabiltzeko Ministerioaren debekuaren aurrean, Naturkonen balorazioa.

Jaurlaritzaren eta foru-aldundien arduragabekeria pinudien krisiaren aurrean

Madrilek ez du baimenik eman aire bidez Gipuzkoako eta Bizkaiko pinudiak oxido kuprosoarekin tratatzeko. Hala ere, Jaurlaritzaren esanetan, aurrerantzean baimena emateko aukera ez omen du baztertzen, baldin eta tratamendua eraginkorra dela eta ingurumen kalteak onargarriak direla frogatzen bada.

Gaur egun baso askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Gaur egun baso-jabe askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Alegia, Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteak salatu bezala, aurreko udazkenean Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek lau haizetara zabaldu zuten “Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia” deitutako plangintzak ez du inolako oinarri zientifikorik. Ez dago frogatuta oxido kuprosoa banda marroiaren izurriteari aurre egiteko baliagarria denik, eta are larriagoa dena, horrelako tratamenduak eragin ditzakeen ingurumen kalteak ez dira arbuiagarriak. Gipuzkoako hainbat udaletan tratamendu honen kontrako mozioak onartu dira, baina hala ere, Jaurlaritzak eta Aldundiak ez dute etsi: 1.050 hektareatan tratamendu esperimentala egiteko asmoa erakutsi dute eta Madrili eskatu diote lurjabeei lurretiko tratamenduak egiten baimentzea. Lurretik airetik baino eraginkorragoa izango delakoan, baina, eta ingurumen kalteak? Lehendik ere Gipuzkoan eginak dituzte esperimentuak, eta bistakoa da ez dutela emaitza onik eman (hau ere ez dute gizarteratu). Zer esperimentatu behar dute halako azalera handian? Zer protokolori jarraituko diote? Ez ote gaude beste iruzur baten aurrean? Eta berriz ere diru publikoarekin egin asmo dute!

Kezkagarria da, benetan, Zientzia eta Teknologian punta-puntako ikerketa-zentroak ditugun herrian gure agintariek zientziarekiko erakutsi duten gutxiespena. Joango da orain Tapia andrea parlamentura gezurra esan zuela aitortzera? Hasieratik salatu genuen Naturkondik oxido kuprosoa erabiltzearen ideia astakeria dela. Batetik, aire bidezko fumigazioak debekatuta daude ingurumenean duten eragin kaltegarriarengatik, eta bestetik, oxido kuprosoa ur-ekosistemetan pozoia bihurtzen den fungizida generikoa da, onddo guztientzat hilgarria. Baldintza horietan Gipuzkoako azaleraren heren batean erabili nahi den tratamendua ezin da diseinatu denbora-tarte horietan, ez behintzat zientziaren izenean.

Pinudiak lurretik fumigatzeko era bat. Hau ez da eraginkorra eta kutsakorra da oso.

Pinudiak lurretik fumigatzeko era bat. Ez da eraginkorra eta kutsakorra da oso.

Beldurgarria da Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek tamainako ingurumen kalteak eragin ditzaketen neurriak erabiltzeko erakutsi duten arduragabekeria. Gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzeko gu guztion eta gure ingurunearen osasuna arriskuan jartzeko prest daude, lotsarik gabe adieraziz gainera.

Pinudien krisiak basogintza-politika aldatzeko aukera paregabea eskaini digu. Sektore hau modernizatu behar da, ingurumen kalteak kontuan hartzera behartuz. Naturaren ustiapena eta kontserbazioa uztartu behar dira, eta horretarako badago jakintza eta modua Gipuzkoan. Basogintzak ez luke egurgintza bakarrik izan behar eta horretarako ezinbestekoa da baso-politika egurraren lobbytik askatzea. Aldundiari eskatzen diogu, berriz, deitu dezala Bioaniztasunaren Mahaia lehenbailehen eta hasi dadila, behingoz, baso-politika berria diseinatzen. Eta alderdi politiko guztiei eskatzen diegu argi eta garbi arbuia dezatela aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren erabaki berria eta gure eskakizunak babestu ditzatela.

Gure aldetik orain arte bezala gaiaren jarraipen estua egiten jarraituko dugu herritarrak informatuta egon daitezen. Pinudien krisiarekiko gure iritzia non-nahi emateko prest gaude, herritarrak sentsibilizatzea ere gure eginkizuna baita.

Euskal Herrian, 2019ko martxoaren 1ean
Naturkon Gipuzkoa – Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan

Partaideak.
Naturkon-parataideen-anagramak-txikian