Elgorriagako errota zaharreko presa botatzea oso albiste ona da

Presaren itxura  birrintzea hasi aurretik

Presaren itxura birrintzea hasi aurretik

Nafarroako Gobernua Elgorriagako errota zaharreko presa botatzen hasi da eta hori, Eguzkiren eta Rios con Vidaren iritziz, oso albiste ona da.

Presa aspaldi-aspalditik zegoen abandonatuta. Orain dela hamar bat urte eraiki zuten arrain-eskalak, berriz, ez du inoiz behar bezala funtzionatu. Gauzak horrela, presa oztopo gaindiezina izan da izokina eta beste arrain espezie batzuk Ezkurra errekan gora eta behera ibiltzeko.

Presa deuseztatzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Presa deuseztatzen ari direneko une bat                       Argazkia: Nafarroako Gobernua

Kontuan izan behar da Ezkurra Bidasoaren adarretako bat dela, eta, hain justu, izokina dela arrazoi nagusietako bat Bidasoa Natura 2000 Sarearen parte izateko, beste hainbat natura balioekin batera, jakina.

Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean, kasu honetan bezala) ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira.

Presa eraitsi ostea, urak aske dira, baita bertako bizidunak ere.

Presa eraitsi ostea, urak aske dira, baita bertako bizidunak ere.

Elgorriagako errota zaharreko presa bota ondoren, aisialdirako gune bat egokituko dute ibai ertzean. Gune horretan presa txikiago bat jarriko dute, desmuntagarria. Presa horrek ekain eta irail bitartean bainuetarako baltsa edo putzu bat sortzea ahalbidetuko du. Egia esan, presa berri horrek, desmuntagarria izango den arren, errezeloak sortzen dizkigu eta adi egotera behartuko gaitu. Nolanahi ere, berriro diogu: presa zaharra botatzea oso albiste ona da.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2019ko urrian

Erandioko “gertaerek” 50 urte

erandio50 urte jada Erandioko “gertaeretatik”. 50 urte Polizia Armatuak, kutsaduraren kontrako protestan ari ziren erandiotarrak isildu nahian, Josu Murueta eta Anton Fernandez hil zituenetik. Igandean, Erandioko Oroimenaren ekimnenez, Josu eta Anton berriro gogoratuko dituzte, eta, horiekin batera, “gertaera” haiek.

Eguzkikook beti kontsideratu dugu protesta hura Euskal Herriko Mugimendu Ekologistaren historiaurrea edo protohistoria eta ondo egongo litzateke orain klimaren krisiaren aurrean mugitzen hasi den jende gazteak ere haren berri izatea, izan zirelako garelako, eta garelako izango direlako.

Inork, gazte edo zahar, Erandion 1969an zer gertatu zen hobeto ezagutu nahi badu, honako bideo hauek gomendatzen dizkiogu: Cielo y balas de plomo (Erandioko “gertaerak” eta Gladys del Estalen hilketa tartekatzen dituen ordubeteko erreportaia, joan den ekainean ETBn emititutakoa) eta Gabarra baltza film laburra.

Mungiako Kuartelera XXX Martxa Antimilitarista

kuartelera

Urtero bezala, Bizkaiko zenbait taldek (Ekologistak Martxan, Butroi Bizirik Transizioan, Errota Gaztetxea, Berri Otxoak, Kakitzat, Ernai Mungia, Eguzki, Askapena, KEM-MOC, Baratzea Gatika eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia), Mungian dagoen Soietxeko kuartel militarraren aurkako martxa egingo dute urriaren 26an. Aurten XXX. aldia da protestaldi hori egiten dela. 

                        Martxako hasieran eta amaieran gure etxeetatik urrun gertatzen diren gerrak hemen hasten direla salatzeko performance bat ikusteko aukera izango da.

BOTA KUARTELIE TA EREIN PORRUE!

Urriak 26, zapatua

11:00etan Mungiako Foruen Plazan

12:45etan Soietxeko Kuarteleko sarreran

 

Donostiako metroko lanak fiskaltzara segurtasun gabeziengatik

– Aditu baten txostena aurkeztu du non  tuneleko segurtasun eta larrialdiko ebakuaziorako baldintzetan araudi urraketak egiaztatzen diren.
– Hainbat erakunde sozialek eta sindikalek, Eguzki besteen artean,  ekimenarekin bat egin eta obrak gelditzeko eskatu dute.

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Gipuzkoako Fiskaltzan salaketa aurkeztu du gaur, Donostiako Metroaren egitasmoan trenbide-tunelen segurtasunaren eta larrialdi-irteeren arloan nahiz bidaiarien eta pertsona gutxituen ebakuaziorako baldintzen inguruan antzeman dituen araudi-urraketa larriak direla eta.

Salaketa ren aurkezpenean zenbait herriaterren eta eragileren babesa izan zuen Satorralaiak

Salaketa ren aurkezpenean zenbait herriaterren eta eragileren babesa izan zuen Satorralaiak

Ekimen honekin bat eginik obrak gelditzeko eskatu dute ELA, LAB, STEILAS eta Dbus-eko KURPIL sindikatuek, Donostia Defendatuz koordinakundeak, Donostiako Ernai gazte mugimenduak, Bizilagunekin plataformak eta Eguzki talde ekologistak.

Aipagarria da Alemanian sute-arriskuen prebentzioan aditua den Hans Heydemann injeniariak ere epaitegiaren aurrean egindako prentsaurrekoan partehartu duela, Donostiako Metroaren egitasmoa aztertzean aurkitu dituen irregulartasun ugarien inguruan landu duen txostenaren berri emateko. Aditu alemaniarrak hitzaldi bat emango du bestalde bihar asteazkenean, hilak 23, arratsaldeko 7etan Groseko Okendo Kultur Etxean, “METROAREN PASANTEA: TRANPA HILGARRIA?” izenburupean, txostena jendaurrean aurkezteko.

Satorralaiak fiskaltzan aurkeztu duen salaketa eta H. Heydemann injeniariaren txostena atxikita bidaltzen ditugu:

– Salaketan, Metroaren egitasmoan Pio Barojan aurrikusitako larrialdi-irteerak trenbide-tunelen segurtasunaren arloan ezarritako hainbat araudi urratzen dituela zehazten da. Izan ere, eraikuntza lanetarako egindako eraso-arrapaladaz baliatuta paratu nahi duten larrialdi-irteera horrek 500 metroko luzera eta 400 eskailera-maila ditu 68 metroko desnibela igotzeko –hots, dorre baten 24. solairura oinez igotzea bezainbeste. Itxuragabekeria horren inguruan Satorralaiak Eusko Jaurlaritzari aurretik zuzendutako salaketaren eta jasotako erantzunen berri ere ematen da.

– Hans Heydemann injeniariak salaketaren egiazkotasuna eta zuzentasuna berresten du bere txostenean eta ebakuazio bide hori ezbairik gabe erabat baliogabea dela ohartarazten du. Halaber, afera honetan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendariak eta Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuak emandako erantzunak gezurtatzen ditu aditu alemaniarrak. Ildo berean, Metroaren Donostiako pasantearen Eraikuntza-Proiektuan tunelaren segurtasunaren eta sute-kasuan larrialdiko ebakuaziorako oinarrizko baldintzen atal askotan aurkitu dituen irregulartasunak eta gabezia ugariak zehatza-mehatz jorratzen ditu.

-Ondorioz, Fiskaltzari eskatzen diogu auzi hau segurtasun kolektiboaren kontrako delitua izan daitekeena ikertu dezala, kontuan hartuta Metroaren tunelean ondorio katastrofikoak gertatzea eta pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzea ekar ditzakeela segurtasunaren eta larrialdiko ebakuaziorako baldintzen inguruan ezarritako arauak ez betetzeak .

Donostiako Metroaren gaia dela eta, gero eta erakunde sozial gehiagok desadostasuna adierazten dute, obra erraldoi hori egitea hiriko mugikortasunaren “hobekuntzari” begira zeharo behargabekoa eta xahuketa ekonomiko itzela dela iritzita. Esleitutako obren gastua gutxi bailitzan, Mirakontxa-Easo tarteko  Lanen Zuzendaritza eta enpresa eraikitzaileak proiektu konstruktiboan aldaketak eta “modifikatuak” prestatzen ari diren zantzu nabarmenak daude gainera, ustekabekoen gain-kostuak gehitzeko asmoz alegia. Honi dagokionean, erabateko gardentasun falta dagoela salatzen dugu, batipat metroak hiri-erdialdeko Cortazar Zabalgunean eta Amara auzoan oso lurpe problematikoak zeharkatu behar dituen tartearen eraikuntzan hilabete askotako atzerapena ekarri duten arazoen inguruan. Arazo horien seinale dira, obrak hasi ondoren eta joan den otsailaz geroztik, hirigunean egiten ari diren etengabeko zundaketa geoteknikoak.

Bestalde, Antiguako zenbait etxebizitzetan obrak eragindako kalteek erakusten dutenez –azkenaldian pitzadurak agertu dira Aizkorri kaleko 34 eta 36 eta Zarautz etorbideko 31 zenbakietan–, Lugaritz-Mirakontxa tartean egitasmoan aurrikusitakoak baino prozesu erasokorragoak erabili dituzte tunelaren zulaketa lanak bizkortzearren.

Hori denagatik, bere hastapenetik propaganda askorekin baina inongo partehartze sozialik gabe sustatu den makro-proiektu hori geldi dezatela eskatzen dugu. Hausnarketa falta nabarmen batek ezaugarritzen  du zentzugabeko egitasmo hau, eta egun kosta ahala kosta eraikitzen ari dira, abusuzko eta legezkontrako lanaldiak barne, hirian garraio publikoa eta eskualdean EuskoTrenen sarea hobetzeko dauden beste alternatiba arrazoizkoak alboratuta.

Satorralaia bizilagunen mugimendua. 2019ko urriaren 22an.

Haritzaldek eta Eguzkik planto egin dute Donostiako Ingurumen Kontseiluan eta ez dute parte hartuko Ekologia zinegotziak Belartza Goikoan eta Lourdes Txikin egin zituen txikizioak konpondu arte

Lourdes Txikiko hariztia suntsitzen.

Lourdes Txikiko hariztia suntsitzen.

Haritzaldek eta Eguzkik uste dute Udalak adarra jotzen diela eta gaur, hilak 22, planto egin dute Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialean. Eta ez dute parte hartuko harik eta Ekologia zinegotziak, Enrique Ramosek, aurreko legealdian Belartza Goikoan eta Lourdes Txikin egin zituen txikizioak konpondu bitartean.

Aurreko legealdian Enrique Ramos jauna Hirigintza Sostengagarriko zinegotzia izan zen eta agerian geratu zen ingurumena eta natura zenbat axola zitzaizkion. Iraunkorra edo jasangarria izan beharrean Donostiako gerriko berdearentzat mehatxu larri bilakatu zen. Departamentuari jarritako izena kontraesana hutsa izateaz gain, gertaerek azkar batean jarri zuten zegokion tokian, esaterako, Lourdes Txikiko basoaren txikizioa bultzatu zuenean aitzakiak eta gezurrak baliatuz. Orduan, Enrique Ramosen dimisioa eskatu genuen eta hark bere borondatez ez eginez gero, alkateari hura kargugabetzeko eskatu genion. Ez zen, ordea, ezer gertatu, nahiz eta Planeamenduak berak babesturiko ehun urtetik gorako hariztia suntsitu eta lanok Aldundiaren derrigorrezko baimenik gabe burutu. Egun zonaldea ez da lehengoratu eta mozketaren egileak zer isuna jaso duen ez da argitara eman. Kontxatik ere ikus zitekeen basakeria eta zentzubegabekeria izanda ere, Enrique Ramosek zinegotzi jarraitu zuen!

Ehun urte baino gehiago zituzten haritzak enbor bihurtuta, Lourdes Txikin.

Ehun urte baino gehiago zituzten haritzak enbor bihurtuta, Lourdes Txikin.

Bestalde, Belartzan, Mercadona eta McDonald’s ezartzeko obrak irregularitatez beteta egon ziren eta 3 aldiz geldiarazi genituen legalitatea urratzen zutelako. Hala ere, nahiz eta Plan Orokorrean industriarako lurzoru gisa agertu, bide libre eman zitzaion egitasmoari eta Udalak lanak kontrolatu eta zorrotz jokatu ordez, defendatu egin zituen, ilegalitateen gainetik. Are gehiago, eremu hartatik ateratako harri pila ikaragarria, enpresa sustatzaileak Belartza goikoan edo Belartza 2 delakoan asteetan metatu ostean, inongo baimenik gabe eta ingurumen inpaktu handiak sortuz, Donostiako Udalak ILEGALA zen baimena luzatu zien. Behin eta berriz salatu arren, ez genuen ezer lortu eta Auzitegira jotzea besterik ez genuen izan. Azkenean, EHAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zigun: Donostiako Udalak, hau da, Enrique Ramos jaunak emandako baimena LEGEZ KONTRAKOA zen. Berehala harri eta obra material metaketa ateratzeko eskaera, epaia betez, egitearekin batera, beste behin ere Enrique Ramosen dimisioa eskatu genuen, edo bestela alkate jaunak kargugabetzea. Ez zen halakorik gertatu. Hori bai, ez du arazorik izan gezur baten gezur bi esateko, baina materialek bertan darraite.

Sekulako harri pilaketa, guztiz legez kanpokoa, Belartza Goikoan.

Sekulako harri pilaketa, guztiz legez kanpokoa, Belartza Goikoan.

Baina onena iristekoa zen oraindik. Hauteskundeak pasa eta hura sorpresa! Nor izango ote zen Ingurumen zinegotzia denon ondare naturala defendatuko zuena? Bada, Enrique Ramos Jauna! Ematen du gutaz trufatzen direla. Eta gainera, Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialaren lehendakaria izaki, aholkularitza batzorde horren bilerak zuzenduko ditu. Badirudi aurpegira barre egin nahi digutela, eta ez gaude prest. Hortaz, gaurko bileran Enrique Ramosi berari hemen azaldutakoa gogora ekartzearekin batera, kargua behingoz uzteko exijitu diogu eta aurreratu diogu Udalak Lourdes Txiki eta Belartza Goikoa ez lehengoratu bitartean, Legea betez, ez garela azalduko hurrengo Ingurumen Kontseilu Sektorialeko bileretara.

LEGEA BETE ORAIN!! ! ENRIQUE RAMOS, DIMISIOA ORAIN!!!

haritzalde_eguzki

Lekeitioko portuan beste koipe isurketa bat

isurketa-lekeitio-portu-koipe-1-1200x707

Irailaren 28an Lekeitioko portuan koipe isurketa egon zela salatu dute hainbat herritarrek.
Zehaztu dutenez, tinglaupeko moilatik ikusi zuten portuko ura zikin-zikin zegoela.
Herritarrek HITZAri jakinarazi diotenez, “inoizkorik zikin gehien” ikusi zuten. Horren aurrean, argazkiak atera zituzten. “Batek esango luke inori ez diola ardurarik”. “Koipe isurketa oso nabarmena izan da”, zehaztu dute salaketa egin duten herritarrek.
Zoritxarrez, kasu hontan EGUZKIn ez dugu euki informazio zuzena, eta ainbeste isurketakin gertatzen den bezala, hau ere paperean gelditu da bakarrik.
Herritarrei laguntza eskatu nahi diegu eta gurekin harremanetan jartzea, informazioa jasotzeko helburuarekin.
Ea denon artean errudunak identifikatzen ditugun eta egoera honekin amaitzen dugu behingoz.

 

 

 

 

 

 

Oreretako Pekin errekan isuriak izan direla eta, Ingurumen Fiskaltzak ikerketa-diligentziak ireki ditu

Herritar batek bigarren isurian ateratako honako argazki hauek bidali dizkigu. Hildako arrainak errazago ikusteko aukera eta guzti eman digu.

Herritar batek bigarren isurian ateratako honako argazki hauek bidali dizkigu. Hildako arrainak errazago ikusteko aukera eta guzti eman digu.

Oreretako Pekin errekan isuri kutsakorrak izan direla eta, Ingurumen Fiskaltzak, Eguzkik egindako salaketa bati jarraituz, ikerketa-diligentziak irekitzea erabaki du, isuriak ingurumenaren aurkako delituak izan daitezkeelakoan.

Lehenengo isuria irailaren 17an gertatu zen, eguerdi partean. Egun hartan, erreka zuriz tindatu zen Masti-Loidi eta Pontika bitartean, eta hainbat arrain hilik agertu ziren. Bigarren isuria, berriz, egun batzuk geroago gertatu zen, eta kasu horretan ere arrain ugari hil zen.

Salaketaren bidez, Eguzkik agerian utzi nahi du hemen delituak egiten ari direla, alde batetik, eta, bestetik, Pekin errekak behar bezala saneatu gabe jarraitzen duela eta, ondorioz, kutsadura etengabe garraiatzen duela Pasaiako badiara.

Alde horretatik, Herrera partean isurtzen duen Txingurri errekaren eta, batez ere, Pasai Donibaneren egoera berean dago. Txingurrin beste isuri bat salatu genuen orain dela gutxi: http://eguzki.org/2019/09/25/txingurri-errekako-saneamenduak-osatu-gabe-jarraitzen-duela-agerian-utzi-du-isurketa-batek/. Pasai Donibaneko saneamenduari dagokionez, berriz, 2019. urtea ere bukatuko da eta, promesak promes, lanek hasi gabe jarraituko dute: http://eguzki.org/2017/12/03/donibaneko-saneamendua-oraingoa-behin-betikoa-eta-benetakoa-izatea-espero-du-eguzkik/

Noiz arte?

EGUZKI, 2019ko urrian

pekin2

Urola Kostako Bidegorria egitearen aldeko taldeak aldarrikapen martxarako deia egin du.

Bidegorriaren Aldeko Taldeak deituta, Iraetatik Narrondora doan bidegorri zatia amaitzea eskatzeko martxa egingo dute igandean. Herritarrei parte hartzeko deia egiteko, bideoa kaleratu dute taldeko kideek:

Herriak lotu bidegorria maitu 2

Herriak lotu bidegorria amaitu

Informazio gehiago nahi izan ezkeroz, hona Urola KOstako Hitzak artikulua   https://urolakosta.hitza.eus/2019/10/15/arroako-bidegorriaren-aldeko-taldeak-igandeko-martxan-parte-hartzera-animatu-ditu-herritarrak/?fbclid=IwAR3bcgr5B1-FAtJdQS8xOw26U0QEVY_oVIWxhpVi08kCcPQIgminV7FmRRk

Oria zabortegi bihurtuta dago Beasainen

Oria ibaia. Joxe Martin Aranan kalea (4)Oria zabortegi bihurtuta dago Beasainen. Horren lekuko dira Joxe Martin Arana kaletik ibai ertzera jaitsita ikus daitezkeen honako irudi hauek:

https://www.youtube.com/watch?v=8PPIx9vunMk&feature=youtu.be

Gauzak horrela, Udalak lehenbailehen garbitzeari ekin behar dio. Ahal dela, Foru Aldundiarekin edo Ura agentziarekin elkar hartuta, baina Udalak ekin behar dio. Ez du balio pilota elkarri pasatzen ibiltzea.

Ur handiak etorriko dira, bestela, eta irudietan ikusten diren zabor horiek guztiek berandu baino lehen itsasoan bukatuko dute.

Espantuka aritzen gara ozeanoan kontinente baten adina azalera duen plastiko multzo bat badagoela entzuten dugunean, edo hango eta hemengo hondartzak hondakinez estalita ikusten ditugunean. Baina ez omen gara gauza irudi horien eta geure eguneroko praktiken arteko loturarik egiteko. Izan ere, itsasoan gertatzen dena geure etxe parean hasten da, kasu honetan, Joxe Martin Arana kalean.

Oria ibaia. Joxe Martin Aranan kalea (1)Tartean behin ibai ertzak garbitzeaz gain, Udalak beste neurri batzuk ere har ditzake. Esaterako, burdin-sare batzuk jar zitzakeen ibai ertzeko barandilla azpian plastiko eta beste zaborrak ibaira eror daitezen eragozteko. Premia badago, behintzat, honako bideo honetan ikus daitekeen bezala:

https://www.youtube.com/watch?v=vsRk0dzL_s8&feature=youtu.be

Azkoitian horrelako burdin sareak ipini dituzte, eta funtzionatzen dute. Azpeitian eta Tolosan ere aurki ipiniko dituzte, eta Zestoan dagoeneko aurrekontua eskatu dute. Legazpin, Zumarragan eta Ordizian ere aukera aztertzen hasi dira.

Beasainek ere erronka handia du, herritarrak hezten eta, tokatzen denean, zigortzen, zeren eta jarrera batzuk ez baitira inolaz ere onargarriak, ez dute leungarririk. Baina ezer baino lehen, Udalak etsenpluaren bidez predikatu behar du eta ibaia garbitzeari ekin behar dio.

Eguzki, 2019ko urrian

Oria ibaia. Joxe Martin Aranan kalea (3) Oria ibaia. Joxe Martin Aranan kalea (2)