Eguzkik ekarpenak egin dizkio Lezo-Donibane bidegorriaren 1. zatiaren proiektuari

bidegorriUrteetako atzerapenarekin, azkenik, Aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak maiatzaren 23ko 219/2023 Foru Agindua onartu du, Lezo-Donibane Bizikleta eta Oinezkoen Bidearen 1. zatiaren proiektu aldatua onartzeko izapideei hasiera ematen diena. Horrela amaitu da 2015ean hasi zen herrien arteko lotura-tarte hori.

Aipatutako atzerapena justifikaezina bada ere (lanek 300 metroko luzera dute), Aldundiak gure iritziz anbizio falta erakusten du aipatutako proiektuan, eta, horregatik, Eguzkik ekarpenak dituen idazki bat aurkeztu du, proiektua hobetzen dutela sinetsita. Ekarpenek honako hau planteatzen dute:

• Bidearen zabalera 4 metrora handitu. Argi dago oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko tarte bat dela, batzuen zein besteen erabilera handia duena eta istripuak izateko arrisku handia duen bide baten paraleloan doana. Gainera, adierazi behar da proposatutako sekzioa Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean jasota dagoela.
• Babesteko eta argiztapen elementuak bidearen zabalera erabilgarritik (4 m) kanpo ainguratu, sekzio hori murriztu ez dadin.
• Kutsadura akustikoa minimizatze aldera, eta kontsumo jasangarriaren eta aurrezpen energetikoaren ikuspegitik, pertsonen presentziarekin aktibatuko diren argi adimendunak instalatu.

Kezka Irungo Pierre Loti bidegorrian lizitatutako zatiaren inguruan

Mokozabalak, koartzatxoak eta koartzatxo txikiak (X. Garate)

Mokozabalak, koartzatxoak eta koartzatxo txikiak (X. Garate)

Berriro ere, harritu gabe, prentsaren bidez jakin dugu, “Txingudiko naturguneen konektibitatea” kontzeptupean, Bidasoako hiru hirien bizikleten eta oinezkoen arteko lotura deitzen duten bidegorriaren zati bat eraikitzeko lanak lizitatu berri dituela Eusko Jaurlaritzak. Behin eta berriz esango dugu, baina Txingudiko naturguneen benetako konektibitatea naturagune babestuaren habitaten egungo zatiketa konpontzearen ikuspegitik soilik har daiteke kontuan, haien arteko beharrezko elkarreragin ekologikoa lehengoratuz.

Beste behin ere, horrelako jarduketak “ekintza burututzat” aurkezten dizkigute, eremua, haren dinamika eta paduretako aberastasuna aspalditik ezagutzen ditugunok eta horietaz arduratzen garenok egin ditzakegun ekarpen baliotsuak mespretxatuz. Ekarpen horiek eskuzabalki egin ditugu beti, Natura 2000 Sareko eremu hori hobetzeko eta kontserbatzeko asmoz. Tamalgarria da gure administrazioek metatutako esperientzia hori baloratzen ez jakitea, eta, dirudienez, alde batera utzi nahi dituzten eragile deseroso gisa ikustea.

Bidasoaren ibilguaren inbasioarekin topo egingo dugu berriro, piloteen gainean finkatutako pasabide batekin, beste aldean (Hendaian) antzeko bat egin zutela argudiatuz. Ez dakigu, ezta ere, estuarioaren eremuan izan daitezkeen eragin negatiboen baloraziorik egin den, ez eta bi pasabideen eragin sinergiko eta metatzailea kontuan hartu den, ezta trazadurarekiko alternatiben azterketarik ere egin den. Izan ere, etengabe aipatzen den Plan Zuzentzaileak orain lizitatzen denaz bestelako trazadura bat aukeratu zuen.

Plan Zuzentzailea Txingudiko Plan Berezia bizkortzeko zela esan ziguten, eta duela 30 urte hasi zenetik, amaitu gabe eta baztertuta geratu zen. Plan Berezia sinatu zuten administrazio berberek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Irungo eta Hondarribiko udalek eta Costasek) Plan Zuzentzaile bat (ez du arau-baliorik) aplikatuz azkartu nahi dute orain, Plan Berezian eta Natura 2000 Sareko kudeaketa-dokumentuan (biak nahitaez bete beharreko araudiak) jasotzen ez diren jarduketekin, baita tokian dauden eta Europako Zuzentarauetan jasotzen diren habitatak eta espezie naturalak kontserbatzeko helburuekin zerikusirik ez duten proiektuekin ere.

Berriz ere, Txingudin, milioietako inbertsioari buruz hitz egin dute, baina berriro ere ikusten dugu, 1993an, Plan Berezian eta 2013ko Natura 2000 sareko Kudeaketa Dokumentuan jasotako leheneratze-konpromisoak, premiazkoak eta beharrezkoak, oraindik ere “sine die” egiteke daudela, eta, aldiz, kontserbazio-helburuekin zerikusirik ez duten proiektuak, baita haren aurkakoak ere, bide azkarretik jorratzen direla. Nahiz eta errepikakorra izan, hor daude oraindik ere Plaiaundiko kirol-instalazioak, Irukanale uhartea bere habitat naturalera leheneratu gabe, Oxinbiribil ibaiertza lehengoratu gabe, Jaizubiako eremuak baratzez beteta, Kosta eremua Plan Berezitik bananduta eta Hondarribiko hirigintza-plangintzaren zain, etab.

Eguzkik, beste erakunde eta partikular batzuek bezala, publikoki salatzen jarraituko dugu gure badiaren balio naturalak aldatzen eta degradatzen dituzten egoera eta proiektu horiek, nahiz eta “hobekuntza polit” gisa publizitatu nahi izan.

Guggenheimen go home! Urdaibai utzi bakean!

2023-6-14.Gernikan

Ekainaren 13an, EGUZKI Gernikan izan zen, beste talde askorekin batera, Guggenheim Urdaibai Stop herri-plataformaren aurkezpenean, Urdaibaiko museoaren proiektuaren aurka.
Ekitaldian hainbat irregulartasun eta informazio falta salatu zen. Sinadurak biltzeko kanpaina herrikoia iragarri zen.
EGUZKIk gure hondar ale txikia jarriko du basati hau Urdaibaiko Biosfera Erreserban eraiki ez dadin.
Hemen duzu HITZAk argitaratu duen laburpen ona.

HITZA. Alex Uriarte Atxikallende

“Zentzuz jokatzeari deialdi bat egin gura diogu”. Horrela hasi zuten ekainak 13an Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideek Urdaibaiko museo proiektuaren aurkako aurkezpena. Gernika-Lumoko Elai Alai aretoa eskualde osoko herritarrez lepo agertu zen, Murueta eta Gernika-Lumo artean egin gura den egitasmoaren aurkako “ezezko borobila” adierazteko. Ana Urrutia eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra izan ziren hitza hartzen lehenak. Guggenheimen proiektuaren aurkako herri mugimendua “anitza eta kolore politiko guztietakoa” dela argi utzi gura izan zuten lehenik eta behin. Etxebarriazarraga izan zen Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformaren adierazpena irakurri zuena. Irakurketa horregaz nabarmendu zuten “makroproiektuaren zati batzuk bakarrik” azaldu zaizkiela herritarrei, “ustez pertsonak erdigunean ipiniko dituela saldu denean”.

Informazio faltaren eta denetariko irregulartasunen aurrean, helegiteak aurkeztu dituztela ere plazaratu zuten herri mugimenduko kideek, baina atzera bota dizkietela ere bai. Hain zuzen ere, iragan otsailean eskutitz bat bidali zuten New Yorkeko Guggenheim Fundaziora, 22 herritarrek sinatuta. Ez dute, baina, erantzunik jaso ez fundazio ipar-amerikarraren, ez euskal administrazioaren aldetik. Beren eskaerek noranzko argia dute: “Hausnarketa bide kolektibo bati heltzea, ingurunea eta pertsonak lehen lerrora ekarriz”.

Erroxeli Ojinaga: “Egitasmoa garatzeko zortzi alternatiba proposatu ditugu. Erantzun bakarra jaso dugu: utzikeria eta isiltasuna”

Urdaibai Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Erreserba Biosfera bakarra izateak “errespetu handiagoa merezi duela” nabarmenduta, hizlariek argitu zuten Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak nahitaezko baldintza bat beharrezko duela, aurrera egingo badu: “lurraldearen usurpazioa“. Horregaz lotuta, galdera bat luzatu zieten egitasmoaren sustatzaile eta defendatzaileei: “Gauza bera egingo al zenukete Yellowstonen edo Yosemiten? Argi dugu ezetz”. Hitza hartzen hurrengoa Erroxeli Ojinaga Zain Dezagun Urdaibai plafatormako kidea izan zen. Ojinagak proiektuak legedi aldetik urratzen dituen ertzak aurkeztu zituen. Alde anbientaletik, “guztiz ukaezinak eta errespetatu beharrezkoak diren araudiak” daudela azpimarratu zuen: “Izan daiteke CEPA ziurtagiria edota Kosta Legea. Proiektu batek, arauok babesten dituzten natur baldintzak jazartzen badituzte, ezingo du Europatik diru laguntzarik jaso. Beraz, biosferako nukleo eremu ukiezinetik kanpo, egitasmoa garatzeko zortzi alternatiba proposatu ditugu. Erantzun bakarra jaso dugu: utzikeria eta isiltasuna”.

Edorta Jimenez: “Zein leku edukiko du gure nortasunak, gure hizkuntzak, gure musikak, gure arteak, gure tokiko komunikabideek eta, oro har, gure kulturak urtero-urtero hartuko ditugun 140.000 bisitarien artean?

2023-6-14.Guggenghein aurkaGernikan

Kultura non geratuko? Edorta Jimenezek, ZDU eta Urdaibaietz! egitasmoetako kide legez, Blas de Otero idazlearen aipu bategaz abiatu zuen bere parte hartzea: “Guk hitza eskatzen dugu, bakea nahi dugulako. Eta, hitza ematen ez bada, ez dago bakerik”. Era berean, 60ko hamarkadan puri-purian egondako ideia bat irauli zuen mundakar poetak. “Indarkeriaren kontra, indarra leloa bolo-bolo zebilen orduko apaiz batzuen ahotan. Guk kulturkeriaren kontra, kultura leloa lau haizetara zabaldu gura dugu”. Jimenezek tokiko kultur ekoizpena bultzatzeko baliabide, azpiegitura eta borondate falta dagoela nabarmendu zuen. “Zein leku edukiko du gure nortasunak, gure hizkuntzak, gure musikak, gure arteak, gure tokiko komunikabideek eta, oro har, gure kulturak urtero-urtero hartuko ditugun 140.000 bisitarien artean?”.

Horrez gain, museoen kudeaketa, Kultura Sailarena barik, Turismo Sailaren ardurapekoa izatea “datu adierazgarria” dela aipatu zuen. Datu sorta horren aurrean, beste idazle baten aipua baliatu zuen, Gabriel Aresti bilbotarrarena. “Arestik, Lemoizko zentral nuklearraren proiektua enarari begiak ateratzea litzatekeela esan zuen Ogellan, eta guk Gernika-Lumon diogu Murueta moduko leku batean Guggenheim makroproiektua egitea gure enarari begiak ateratzea dela”.

Iñaki Uriarte: “Bizkaiko Labe Garaiak Sestaorentzat, Sigma Elgoibarrentzat edota Euskalduna Bilborentzat zirenaren parekoa da Dalia Gernika-Lumorentzat”

Beste tentakuluari buruz. Muruetako museoaz gain, Gernika-Lumoko Dalia lantegi zaharraren eraikinean egin gura duten proiektuaren beste garroa eta egoitza biak Oka ibaiaren ertzean eta paduretan barrena lotuko dituen bide berdea ere ahotan eduki zuten atzo. Ondare historiko eta artistikoan aditua den Iñaki Uriartek argi utzi zuen: “Bizkaiko Labe Garaiak Sestaorentzat, Sigma Elgoibarrentzat edota Euskalduna Bilborentzat zirenaren parekoa da Dalia Gernika-Lumorentzat. Bere iraganaren gordeleku da, herriaren identitatearen erakusleetako bat”. Horrenbestez,Dalia okupatzea eta ezabatzea “herriaren historiaren zati esanguratsu bat beste barik deuseztatzea” litzatekeela nabarmendu zuen, “marketin zein merkatutekniarik bortitzenak lanabes hartuz”.

Iratxe Arriola: “Ez da hausnarketarik egin egitasmo demagogo eta esperpentiko horrek eskatuko duen lekuz kanpoko ur kantitatearen inguruan”

Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuegoko lehendakari izandakoak “estres hidrikoa” jorratu zuen. Guggenheimen proiektuak beregain dituen ingurumen politika “ankerrak” salatu zituen eatarrak, eta administraziotik “saltzen” diren zentzuzko politikekin “zerikusirik ez dutela” argudiatu zuen: “Egun, ur edangarriagaz egiten dira jarduera ia denak, horrek dakarren estres hidrikoagaz. Hori gutxi balitz, ez da hausnarketarik egin egitasmo demagogo eta esperpentiko horrek eskatuko lukeen lekuz kanpoko ur kantitatearen inguruan. Zentzuzko jokabide politikotik gutxi du horrek».

Ibilbide gidatu bidez, arte eta historia ondarea landuko dituzte

Urdaibaietz! eta ZDUk antolatuta, Ondare historiko artistikoa arriskuan ibilbide gidatua egingo dute domekan, 10:30ean, Gernika-Lumoko Pasealekuan hasita. Iñaki Uriartek eta Edorta Jimenezek ariko dira gidari. 5,5 km-ko ibilbidea egingo dute, 13:30ean Astran amaitzeko. Izena emateko, 646 77 60 01 telefono zenbakira edo zainurdaibai@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.

 

 

 

Elkarri pilota ez pasatzeko eta Okendotegiko hondakinak kentzeko eskatu die Eguzkik Donostiako Udalari eta Aldundiari

IMG_20230513_172210Elkarri pilota ez pasatzeko, Martuteneko Okendotegi bideko hondakinak kentzeko eta, paraje hura zabortegi bihurtu baino lehen, neurriak hartzeko eskatu die Eguzkik Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Zergatik esaten dugu pilota pasatzeari uzteko? Bada, joan den maiatzaren 17an, Bigarren Ingurubideko zubibideen azpiko paraje hartan pilatzen ari diren legez kanpoko hondakin-depositoen kontrako neurriak hartzeko eskaera egin geniolako Donostiako Udalari, egoera islatzen duten hainbat argazki erantsita.

Maiatzaren 23an, paraje hartako mantenu-lanak Aldundiari dagozkiola erantzun zigun Udalak.

Gauzak horrela, maiatzaren 27an Aldundiari egin genion 17an Udalari eginiko eskaera bera.

Ekainaren 5ean, berriz, Aldundiaren partetik honako erantzun hau jaso dugu: “Udalean adierazi diotenaren aurka, Udalak berak bere gain hartu du zubibideen azpiko eremu hori garbitzea”. Horren froga edo, Aldundiaren erantzunarekin batera zenbait dokumentu jaso dugu. Horietako bat hauxe:

gutunaGure ustez, dokumentu horiek, oroz gain, arazoa ez dela inolaz ere berria uzten dute agerian.

Gu ez gara hemen hasiko arrazoia Udalak edo Aldundiak duen ebazten. Baina garbi dago Udalak horrelako arazoen aurrean baloiak kanpora botatzeko joera handia duela. Metroaren lanetatik Urumeara isurketak salatu genituenean, alkateak eta Ingurumen zinegotziak esan zuten, ebidentzia guztien aurka, Udalak ez zuela alor horretan eskumenik. Santa Katalina eta Maria Kristina zubien arteko hondakin piloaren kasuan ere erantzukizuna Ura agentziaren bizkar uzten saiatu zen. Lourdes Txikiko hariztia txikitu zutenean, beste horrenbeste. Alegia, esan bezala, baloiak kanpora.

Eguzkikooi eta seguruena herritarroi, oro har, gutxi axola zaigu arazoa Udalak edo Aldundiak konpontzen duen, betiere konpontzen bada, noski.

Hona hemen gaur egun Okendotegin pilatzen diren hainbat hondakin-depositoren argazkiak:

IMG_20230513_172655 IMG_20230513_172628 IMG_20230513_172525 IMG_20230513_172438 IMG_20230513_172343IMG_20230513_172021 IMG_20230513_171857 IMG_20230513_171620 IMG_20230513_171559 IMG_20230513_171535 IMG_20230513_171511EGUZKI, 2023ko ekainean

Mozketa gehiagorik ez Deustun!!

IMG-20230608-WA0028

Talde ekologista gisa, EGUZKIk salatu du Bilboko Udalak Deustu auzoan, zehazki Agirre Lehendakariaren etorbidean, egiten jarraitzen duen zuhaitz-mozketa. Eta, beraz, berehala gelditzea eskatzen dugu.

Izugarri kezkatzen gaitu udal honek mozketak erraztasun izugarriz egiteak. Izan ere, ez da praktika isolatua, eta hori Bilboko eremu askotan egiten ari da, hala nola Santutxun, Basurtun, Deustun eta abar.

Lehenago ere egin izan du, eta orain ere egiten jarraitzen du, Deustuko Hirigintza Planaren 2. fasea aplikatuta. Fase horretan hamarnaka urteko zumarrak eta tamaina handikoak daude jasota.

Udalak ingurumena eta horrelako mozketek Bilbo bezalako hiri batean eragiten duten inpaktua baloratuko balitu, ziur gaude ez lituzketela egingo. Are gutxiago kontuan hartuta udaberrian egiten dituztela habiak hegaztiek, eta kalkulatzen dela zuhaitzen erdiek habiaren bat dutela.

Ez du balio “segurtasun-arrazoiak” beti justifikazio gisa alegatzeak. Ezinezkoa da zumar guztiak egoera txarrean egotea. Kontua da traba egiten diela beren urbanizazio-eredu berrian. Eta alternatibak badaude.

Asko hitz egiten da klima-aldaketaz, baina gero hartzen diren neurriak bidezkoak dira horren alde egiteko. Eta zenbat eta beroago, orduan eta itzal handiagoa lortu behar da. Ez alderantziz.

Udalak modu egokian kudeatu behar du hiri osoko zuhaiztia. Hiriko lorezaintzaren ikuspegia Bilboren berezko baldintzetara egokitu behar da, zuhaitzen funtzio garrantzitsuenak bete daitezen lortzeko.

Edozein eremutako etorkizuneko plangintzetan, erabakiak hartzeko hainbat faktore hartu beharko dira kontuan: daukagun espazioa, leku bakoitzerako espezie egokia aukeratzea, baso-estaldura handiagoa, espezie autoktonoak landatzea, zer egin behar dugun zuhaitz bakoitzak bere potentzial guztia gara dezan.

Onuradun handienak pertsonak izango dira, eta kasu honetan Deustukoak.

Bat egiten dugu astelehen honetan, hilak 12, Agirre Lehendakariaren 36an, goizeko 6,30etan elkarretaratzea egiteko herritarrek egindako deialdiarekin.

EZ MOZTU GEHIAGO!

2023-6-7.Deustuko tala

 

2023-6-7.Deustuko tala2

 

 

 

Mungia hondakinez beteta

IMG-20230504-WA0007

Mungiako Zabalondo parke teknologikoko langileek eta bertako bizilagunek zonaldean kontrolik gabeko isurketa solidoen berri eman digute.

Mota guztietako hondakinak dira, eta denboran zehar metatzen joaten dira, gaian esku hartzen ez duen udalaren utzikeria eta pasibotasunaren aurrean. Eta jarrera horrek gogaitzen gaitu gehien, ez baita hondakin ezkutuen kopuru txiki bat. Aitzitik, tonak ondo daude agerian eta ibilgailuen aparkaleku betean.

Hauteskunde-kanpainan asko hitz egin da ingurumena errespetatzeaz, ekonomia zirkularraz, birziklatzeaz, eta abar. Honekin batera doazen argazkiak diskurtso horietako asko hipokritak direla erakusten dute.

EGUZKIk Udalari eskatzen dio isurketa guztiak kentzeko, gestionatu, arau-hausleak identifikatzeko eta beharrezko neurriak hartzeko, gure ingurunearentzat eta ingurumenarentzat hain kaltegarriak diren gertaerak berriro gerta ez daitezen.

IMG-20230515-WA0014

 

Arartekoarengana jo behar izan dugu berriro

Txatartegia

Txatartegia Jaitzubian

Hondarribiko udalerrian ingurumenarekin zerikusia duten bi gairi buruz Eguzki talde ekologistak beste behin ere Arartekoaren esku-hartzea eskatu behar izan du, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak informazio eta parte-hartze publikoaren printzipioen aurka izan dezaketen jarrera dela eta.

Gogorarazi nahi dugu, Eusko Jaurlaritzari eragiten dion gaian, 2018. urteko gai bati buruz ari garela, eta, gaur egun, Zaldunbordako eremuan 4 ha haltzadi kantauriar (interes komunitarioko habitata) lehengoratzea ezartzen zuen ebazpena egin gabe dagoela. Horregatik, krisi klimatikoaren egoera honetan, onartezina da hartzen diren eta norabide ona adierazten duten erabakiek ere hainbeste denbora atzeratu behar izatea.

Gipuzkoako KBEen kudeaketaren arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia denez, ezin dugu ulertu administrazio honek erakutsi duen interes falta, Jaitzubiako KBEaren eta HBBEaren lurretan eraikin bat dagoelako, eta gainera, jarduera horrek “kutsa dezakeelako”. Argi dago bai kokapena bai jarduera ez datozela bat KBE eta HBBE horren kontserbazio-helburuekin, zeinak logikoa denez zaindu eta bultzatu behar baitira.

Administrazio horien jarrera tamalgarritzat jo besterik ezin dugu egin, eta espero dugu Arartekoari eskatu diogun jarduerak eta babesak jarrera-aldaketa eragingo duela bi administrazioetan, Natura 2000 Sareko gune horretan biodibertsitatearen kontserbazioa zaintzeko eta bultzatzeko.

Mastinek ardiak erasotu dituzte Peñas Blancasen

Eguzkik jakin ahal izan duenez, gaur Barakaldo eta Alonsotegiko udalerrietan dagoen Peñas Blancaseko inguruan gutxienez ardi bat akabatua agertu da eta beste zenbait zaurituak ere badira. Sarraskiaren egileen frogak ere baditugu: ardiak zaintzeko erabiltzen diren 3 mastin izan dira.

Klikatu irudian:

mastinak ardiak erasotu peñas blancas

Irudiak ez dute zalantzarako aukerarik ematen. Halakoetan, askotan, erruduna otsoa izan dela esan ohi da baina garbi ikus daiteke arazoa sakonagoa dela.
Ganadua zain beharrean erasotzen duten mastinak, zeinak diruz laguntzen ditugun, zakur basatiak, pasiatzen dabiltzanen txakurrak, hiritar batzuen jarrerak, bazka lekuak okupatu nahi dituzten azapiegiturak ( orain bereziki zentral eolikoak, Peñas Blancasen kasu honetan bezala)… Arazoak ugariak dira ganadua zaindu eta hazteko era honentzat.

Mastinak hildako ardia Piedras Blancasen

Mastinen jarrerari dagokionean, galdetutako adituek esan digute oso posible dela ganadua zaintzeko prestatuak ez dauden aleak izatea edo gosez akabatzen zeudenak izatea.

Garbi geratzen dena da otsoa ez dela larreetan barreiatzen diren abeltzantza eta artzantzaren arazo nagusia.

Omenaldia Gladys del Estali, irudietan

00Aurten ere Gladys del Estal omendu dugu Donostian, Gladys Enean, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak antolatutako ekitaldi batean. 44 urte pasatu dira guardia zibil batek Tuteran tiro bat buruan jota hil zuenetik, energia nuklearraren eta Bardeako tiro poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpenaren testuinguruan.

Aurresku, lore, kanta eta bizikleten artean, kuadrillakoek gogoratu dute lagun aktibo hura, umore berezi-berezia zuena. Gogoratu dute haren hilketa erabat zigorrik gabe geratu zela eta hainbeste urte pasatu eta gero oraindik aitzortza ofizialik gabe jarraitzen duela.

Baina Gladys gogoratzeko ez ezik ikuspegi ekologistatik gaur egungo egoeraren irakurketa bat egiteko tartea ere izan da. Izan ere, zorigaiztoko ekainaren 3 hartan Gladys Tuterara eraman zuten arrazoiek indarrean jarraitzen dute, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat.

Ez beti, baina batzuetan irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du. Hona hemen, bada, irudi-entsalada bat, gaur eguerdian parkean bizi dugun giroaren isla. Iruditzen zaigu datozen orduetan, datozen egunetan, askoz irudi gehiago iritsiko zaizkigula. Beraz, beharbada albiste hau moldatu beharko dugu irudi gehiagori tartea egiteko. Baina, momentuz, hona hemen batzuk:

Txirrindulariak hemen dira. Has gaitezke.

Txirrindulariak hemen dira. Has gaitezke.

03

Prestakizunak.

Prestakizunak.

04

Kantujirako lagunak hasi dira:

Kantujirako lagunak hasi dira: “Eskerrak bizitzari”.

07

Erromeria abiatu da Gladysen oroitarrirantz.

Erromeria abiatu da Gladysen oroitarrirantz.

Aurreskua.

Aurreskua.

Yetik hitza hartu du Gladysen kuadrillakoen izenean.

Yetik hitza hartu du Gladysen kuadrillakoen izenean.

200

Mikel Carton. Oso gustura kantatu dugu harekin batera.

Mikel Carton. Oso gustura kantatu dugu harekin batera.

Gaur egungo egoera ekologikoaren irakurketa aurten Aitziber Sarobe Naturkoneko kideak egin du.

Gaur egungo egoera ekologikoaren irakurketa aurten Aitziber Sarobe Naturkoneko kideak egin du.

13

15

Begira zer apaina geratu den oroitarria.

Begira zer apaina geratu den oroitarria.

Ez, aurten ezin izan du etorri Esther Zabalegik eta, beraz, ezin izan dugu disfrutatu haren jotekin. Baina mezu bat bidali du telefonoz eta datorren urtean bertan egongo dela agindu du, huts egin gabe.

Bestalde, Donostian gaur egin dugu omenaldia. Tuteran, berriz, atzo egin zuten. Hona hemen Bardenas Libres kolektiboak antolatutako elkarretaratzean egindako argazki pare bat:

17 16Eta bihar, Asamblea Antipolígonok antolatu duen ohiko martxan ere seguru ez dutela Gladys anantziko:

18

Lemoiz gaur, Gladysen omenaldiaren atarian

RogeBlasco1Kuadrilla polita bildu gara bart Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean Roge Blascok Lemoizi buruz egin dituen film dokumental laburrak ikusteko.

Hona hemen bart arratseko grabazioa oso-osorik, filmak barne:

Proiekzioak / Proyecciones: Lemoiz gaur – YouTube

Haurtzaroko oroitzapenetatik abiatu da Roge. Izan ere, bere familiak Basordan baserri bat zuen, Momatei izenekoa, eta saldu egin behar izan zuen, zentral nuklearra eraiki behar zutelako. Gero, hura guztia gaur egun nola dagoen azaldu du, hitzen bidez, baina batez ere semearekin batera egin dituen bi dokumental horien bidez.

Dokumentalotan, funtsean, bi elkarrizketa daude. Bata, zentralak ondare gisa duen balioari buruzko tesina egin duen Valentin Elortegirekin; bestea, berriz, zentralaren ingurua babesteko beharra nabarmentzen duen Josu Alberdi mendizalearekin.

RogeBlasco2Apaltasunez eta apaltasunetik egindako lanak dira, Rogek ohi duen bezala. Lan xumeak dira, bai, baina bertute handi bat dutenak, mahai gainean jartzen dutelako aspalditik jira-biraka dabilen azaro bat: zer egin Lemoizko zentralarekin eta inguruan dagoen eremu guztiarekin.

Hain justu, horixe da, Eguzkiren iritziz, herri-erakundeetatik, Eusko Jaurlaritzatik batik-bat, ukatzen ari zaigun eztabaida soziala. Hor zor historiko handi bat dago, baina baita aukera bikaina ere (ingurumenaren aldetik, behintzat). Eztabaida hori mahaigaineratu egin behar da, eta horretarako oso lagungarriak dira, ezbairik gabe, Rogeren bi dokumental hauek.

Esan bezala, testu honen hasieran dagoen estekan klikatuta ikus dezakezue bart arratseko saio osoa, filmak barne (1:38 ordu), KMren kortesiari esker eta, jakina, Rogeren eskuzabaltasunari esker.

LEMOIZ GAUR ekitaldia izan da bihar Gladys del Estali eskainiko zaion omenaldiaren osagarri bat:

IMG-20230512-WA0007

Eguzkik fiskaltzaren esku-hartzea eskatu du

GamongoaEguzki talde ekologistak, Orereta-Errenteriako Udalak 2022ko irailean eskatutako informazioa guri emateko ezarritako epe guztiak igarota, gaia Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzaren esku jarri behar izan du.

Adierazi den bezala, Eguzkik 2022ko irailean eskatu zion Udalari Gamongoa sektoreko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren udal-onarpenaren aurka jarritako administrazioarekiko auziari buruzko dokumentazioa. Udalak behin eta berriz ukatu digu informazio hori, gure ustez lege-oinarri nahikorik gabe, eta horren ondorioz, 2023ko otsailean Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen babesa eskatu genuen.

Eusko Jaurlaritzaren menpeko administrazio honek 2023ko martxoaren 21eko 20/2023 Ebazpena eman zuen aho batez, eta, bertan, Udalari eskatu zion eskatutako dokumentazioa gehienez ere 10 eguneko epean emateko. Ebazpen horietan nahitaezkoa denez, bi hilabeteko epean ebazpen horren aurka jotzeko aukera zegoela jakinarazi zitzaion, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarrita.

Aurreratu dugunez, Udalak ez ditu aintzat hartu ebazpenaren bi erabakiak, ez digu dokumentazioa eman, eta ez du administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu. Nagusikeriazko jarrera hori onartezina da administrazio publiko batean, eredugarria izan behar baitu administrazio publikoak oro har hartzen dituen eta nahitaez bete beharrekoak diren ebazpenak betetzeko orduan. Jarrera horrek ahuldu egiten du administrazioaren sinesgarritasuna, erakundeen arteko leialtasunaren printzipioa hausten baitu eta herritarrek informazio eta parte-hartze publikorako dituzten eskubideak mespretxatzen baititu.

Horregatik guztiagatik, herritar garen aldetik ditugun eskubideak bermatze aldera, 2023ko maiatzaren 29an Udalaren jarduera Gipuzkoako Fiskaltzaren esku utzi genuen, delitu izan daitekeeela ulertuta.