All posts by Lea-Artibai

STOP AHT zundaketak! bizikleta martxa.

Bizi martxa kartela

Azken hilabeteotan, Sakanan eta Goierrin AHTrako zundaketa geologikoak egiteko baimeneskaera ugari egin dira. Zundaketa horien helburua AHTaren Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a lotzeko bi aukerak aztertzea da: bata, Ezkiorainokoa, Aralarko mendigune osoa zulatuz eta bestea, Gasteizerainokoa, Sakana zein Lautada zeharkatuz. Bata zein bestea justifikaziorik gabeko eraso latzak dira, bai naturarentzat bai herrientzat, ohiko trenaren suntsiketaren beste urrats bat eta diru-xahutze onartezina, are gehiago, kolpatzen gaituen krisi ekosoziala kontuan hartuta.

Zundaketa horiek AHTa eraikitzeko lehen urratsa direla kontuan hartuta, Stop AHT Zundaketak Ekimenak horiek guztiak berehala geldiaraztea aldarrikatzen du, mobilizazio sozialera eta inguruko udalen arbuiatzera deituz. Orain arte salaketa-elkarretaratzeak egin dira, balizko zundaketen kasuan jarduteko protokolo bat zabaldu da eta lehenengo hiru saiakerak geldiaraztea lortu da.

Hurrengo mobilizazioen artean, abuztuaren 25etik 27ra egingo den bizikleta martxa nabarmendu nahi dugu. Horren helburua da herritarrak ohartaraztea zundaketa horiek geldiarazteko beharraz eta Goierri, Sakana, Lautada eta gainerako EHko AHTaren aurkakoen arteko harremanak sendotzea.

Etapak honako hauek dira:

– Abuztuak 25: Irurtzun-Olazti.Lautadako zutabea Aguraindik abiatuko da Olaztin martxara batzeko.

– Abuztuak 26: Olazti-Ataun

– Abuztuak 27: Ataun-Irurtzun

Izena emateko, idatzi stopahtzundaketak@gmail.com helbidera edo deitu 628243066 telefonora.

Animatu eta parte hartu!

AHT STOP ZUNDAKETAK ekimena (Sakana Trenaren alde, Sustrai Fundazioa, AHTrik ez! Lautada, Otsotarrak, Landarlan eta AHT Gelditu! Nafarroa)

EGITARAUA

Abuztuak 25, ostirala: IRURTZUN-ETXARRI ARANATZ-OLAZTI

10:00. Irurtzun. Bizikleta Martxaren hasiera-ekitaldia herriko plazan.

10:30. Martxaren irteera Irurtzundik. Ondoren, Etxarren, Ekai, Zuhatzu eta Satrustegitik igaro.

11:45. Hiriberri. Hamaiketakoa. Gero Ihabar eta Irañetatik pasatu.

12:30. Uharte Arakil. Segidan Arruazu.

13:00. Lakuntza. Gero Arbizu.

14:00. Etxarri Aranaz. Bazkaria Karrikestu Elkartean. Ondoren, martxaren antolakuntzabatzarra.

17:00. Etxarritik Irteera. Ondoren Bakaiku, Iturmendi eta Urdiainetik igaro.

18:30. Altsasu. Elkarretaratzea herriko plazan. Ondoren, herrian zeharko ibilbidea.

20:30. Olazti. Lautadako zutabearekin bategitea. Segidan, afaria.

22:30. Kontzertuak Maisuenea Gaztetxean. Ondoren, frontoian lo.

LAUTADAKO ZUTABEA

18:00. Agurain. Elkarretaratzea.

18:15. Irteera Aguraindik. Ondoren, Mezkia eta Egilaztik pasatu.

19:00. Durruma.

19:30. Araia. Argazki erraldoia. Segidan, Albeitz, Ilarduia, Egino eta Ziordiatik igaro.

20:30. Olazti. Irurtzungo zutabearekin bategitea.

Abuztuak 26, larunbata: OLAZTI-LAZKAO-ATAUN

8:00. Gosaria.

9:00. Irteera Olaztitik.

10:00. Altsasu. Elkarretaratzea Tren Geltokian trenbide sindikatuekin. Ondoren, Zegama eta Seguratik pasatu.

12:00. Idiazabal. Hamaiketako-elkarretaratzea herriko plazan.

13:00. Beasain. Goierri mailako elkarretaratzea Erauskin plazan.

14:30. Lazkao. Bazkaria Biziola Fabrikan eta gero batzar irekia: AHTaren aurkako borrokaren oraina eta geroa.

18:30. Irteera Lazkaotik.

19:00. Ataun. Auzoeta frontoian ongietorria.

20:00. Afaria. Segidan partehartzaile eta borroken aurkezpen-batzarra. Ondoren, frontoian lo.

Abuztuak 27, igandea: ATAUN-IRURTZUN

7:30. Gosaria.

8:30. Irteera Ataundik. Ondoren Lizarragabengoa eta Arbizu.

11:00. Lakuntza. Auzatea herriko jaietan.

12:00. Uharte Arakil. Artzain Egunean elkarretaratzea Seme-Alaben plazan.

13:30. Ihabar. Segidan, Hiriberri, Satrustegi, Zuhatzu eta Etxarren.

15:00. Irurtzun. Bukaera-ekitaldia herriko plazan. Gero, bazkaria Pikuxar Elkartean.

AHOLKU PRAKTIKOAK

IZEN-EMATEAK ETA HARREMANAK

Izena emateko azken eguna: abuztuak 21, astelehena. Tel.: 628243066    stopahtzundaketak@gmail.com

ERAMAN BEHARREKO MATERIALA

Lo-zakua, esterilla eta ordezko arropa bizkar-zorro handi batean sartu behar dira (hori guztia etaparen hasieran laguntza-kamioian sartuko da eta etaparen amaieran itzuliko da). Bestalde, egunean zehar behar den guztia soinean edo bizikletan eramango da. Ordezko kamera, partxeak eta puzgailua eramatea ongi dago. Kaskoa nahitaezkoa da.

ERRATZ-IBILGAILUA

Matxuraren bat izanez gero, furgoneta baten laguntza izanen da.

OTORDUAK

– 40 €: 3 eguneko txartela: bizikleta martxa osoko gosariak, hamaiketakoak, bazkariak eta afariak.

– 18 €: Egun bateko txartela.

– 8 €: Bazkari edo afari bakarreko txartela.

BIZIKLETEN GARRAIOA IRURTZUNERA

Parte-hartzaile bakoitza bere bizikletaren garraioaz arduratuko da, bai Irurtzunera eramateko, bai bere herrira itzultzeko.

Antolatzaileek leku bereko edo hurbileko partehartzaileak jar ditzakete harremanetan, haien garraioa partekatzeko.

Salbuespen bakarra Iruñea da, kamioia bertatik abiatzen baita.

Bizikletak ostiral goizeko 8:00etan kargatuko dira Tren Geltokiko aparkalekuan.

Igande arratsaldean bizikletak kamioian Iruñera itzultzea ere ziurtatuta dago. Hala ere, Iruñeko partaideek Irurtzunera joan eta Iruñera itzuli euren kabuz egin beharko dute. Iruñetik Irurtzunera doan lineako autobus-irteera 8: 45ean autobusgeltokitik da.

BIDEOA:

 
IZEN-EMATEA/ inscripciones
Izena emateko azken eguna: abuztuak 21, astelehena/ Ultimo dia para apuntarse: 21 agosto, lunes
Tel.: 628243066
 
ANIMATU!!!

Zure zaborra, zure etxera!

2023-8.Zaborrak etxera

Udan, batez ere, naturaz gozatzeko irrikitan dauden milaka eta milaka pertsonak hartzen dituzte gure mendiak eta itsasbazterrak.
Nahiz eta jende gehiena gure ingurunea errespetatuz gozatzen saiatzen garen, gogaikarri asko daude, modu askotako gendea pasatzen da eta beren arrastoa uzten dute pasatzen diren tokietatik.
Kostaldean nahiko ohikoa da kaletan bainatzera jaitsi den jendea, zaborra etxera eraman beharrean, errepide ondoan uztea, haren ardura nork hartu zain bezala.
Eguzkitik kontzientzia zabaltzen saiatuko gara, beharrezkoa ikusten dugun kartelak jarriz.
Ideia ondo baderitzozu, lagundu gure karteletako bat inprimatzen eta erabilgarria izan daitekeela ikusten duzun lekuan jartzen.
Kontuz! Kartela hondakin  ez bihurtzea kontuan hartuta.

Eskatuiezaguzu: eguzki.eguzki@gmail.com

2023-8.Mendexako lurretan (2)Mendexan

2023-8.Berriatuako lurretan (1)Berriatuan

STOP AHT zundaketak !!

1690241307854_PROTOKOLO KARTELA

Azken asteotan jakin dugu Sakanako eta Goierriko hainbat herritan prospekzio eta zundaketa geoteknikoak egiten saiatu direla, bai lur publikoetan, bai partikularrenetan. Bere asmoa 27 eta 209 metro arteko sakonera duten laginak lortzea da, Abiadura Handiko Tren antisoziala eta antiekologikoa eraiki ahal izateko.

Orain arte jasotako datuen arabera, zundaketa horiek modu irregularrean egiten saiatzen ari dira, legezko bermerik gabe, batzuetan kaltetuak informatu gabe eta bidezko administrazio-prozedurak bete gabe.

Onartezinezko praktika horien aurrean, beharrezkoa da erne egotea. Horregatik, enpresaren batek zundaketa horiek egiteko asmoaren berri baduzu,  edo zure baimenik gabe makinak sartu nahi dituztela, hau proposatzen dizuegu:

1/Zure herriko Udalarekin harremanetan jarri jarduera irregular hauen aurrean aholkularitza jasotzeko.

2/Sakana, Goierri eta Lautadako STOP AHT ZUNDAKETAK ekimenarekin harremanetan jarri, 656711130 telefonora   deituz.

AHT STOP ZUNDAKETAK ekimena

 

Gure baso autoktonoa bultzatzen duten ekimen guztiak txalotzen ditugu.

2023-7-1.Bertoko zuhaitzak.Koozin,Asterrika

Gero eta gehiago dira arrazoi bategatik edo besteagatik beren lurrak kudeatu nahi ez dituzten jabeak, baina ingurumenarekiko sentikorrak dira, eta kudeaketa hori hemengo basoak sortzearen aldeko talde bati lagatzea erabakitzen dute.

Horregatik, ekologista garen aldetik, keinu horiek oso garrantzitsutzat jotzen ditugu gure lurraren orainaldirako eta etorkizunerako, eta jendaurrean eskertu nahi dugu. Baita hemengo basoak berreskuratzearen aldeko gero eta talde gehiago ere. Berriatuako Hostozabal Elkartea modukoak.

Baso sail (plantación forestal) batek eta baso batek ez dute zerikusirik. Hori bai, zuhaitzak dira. Baina, adibidez, pinu edo eukalipto piloa ez da basoa, landaketa baizik. Nahiz eta espezie autoktonoak izan.

Bestalde, basoak oso gutxitan sortzen dira espezie bakar batez. Zuhaixkak daude, espezie igokariak daude, animalia gehiago bizi dira bertan, mikroorganismo gehiago, eta segida-prozesu bat dute, garaiera aldatzen dute, zuhaitzen zabalera, beste ezaugarri batzuen artean, bakar egiten dituztenak.

Kasu honetan, Berriatuko Asterrika auzoan dagoen Koosti izeneko lursailaren jabe den familia jartzen dugu adibidetzat, lan horretan sartu delako.

Lur horiek zortzi hektareako azalera dute, eta pinuak eta eukaliptoak moztu ondoren, zuhaitz autoktonoen kimuak moztu gabe utzi dituzte. Aldi berean, beste ehunka zuhaitz landatu dituzte, hala nola sagarminak, lizarrak, urkiak, artak, gaztaiondoak, keizak, gorostiak, haritzak, eta abar.

Aurten sei hektarea landatu dira eta datorren urtean beste bi landatuko dira.

Inguru horretan arteak erraz ugaltzen direnez, gure iritziz, datorren urtean espezie horrekin gehiago berritzea gomendatzen dugu, etorkizunean bizirauteko bermeak handiagoak izango baitira.

Eskerrik asko ingurumenarekiko eskuzabaltasunagatik eta gure lurraren defentsan egindako ekarpenagatik.

Bertoko basoak sortzeagatik, txalo!

Kartelak

Guggenheimen go home! Urdaibai utzi bakean!

2023-6-14.Gernikan

Ekainaren 13an, EGUZKI Gernikan izan zen, beste talde askorekin batera, Guggenheim Urdaibai Stop herri-plataformaren aurkezpenean, Urdaibaiko museoaren proiektuaren aurka.
Ekitaldian hainbat irregulartasun eta informazio falta salatu zen. Sinadurak biltzeko kanpaina herrikoia iragarri zen.
EGUZKIk gure hondar ale txikia jarriko du basati hau Urdaibaiko Biosfera Erreserban eraiki ez dadin.
Hemen duzu HITZAk argitaratu duen laburpen ona.

HITZA. Alex Uriarte Atxikallende

“Zentzuz jokatzeari deialdi bat egin gura diogu”. Horrela hasi zuten ekainak 13an Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideek Urdaibaiko museo proiektuaren aurkako aurkezpena. Gernika-Lumoko Elai Alai aretoa eskualde osoko herritarrez lepo agertu zen, Murueta eta Gernika-Lumo artean egin gura den egitasmoaren aurkako “ezezko borobila” adierazteko. Ana Urrutia eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra izan ziren hitza hartzen lehenak. Guggenheimen proiektuaren aurkako herri mugimendua “anitza eta kolore politiko guztietakoa” dela argi utzi gura izan zuten lehenik eta behin. Etxebarriazarraga izan zen Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformaren adierazpena irakurri zuena. Irakurketa horregaz nabarmendu zuten “makroproiektuaren zati batzuk bakarrik” azaldu zaizkiela herritarrei, “ustez pertsonak erdigunean ipiniko dituela saldu denean”.

Informazio faltaren eta denetariko irregulartasunen aurrean, helegiteak aurkeztu dituztela ere plazaratu zuten herri mugimenduko kideek, baina atzera bota dizkietela ere bai. Hain zuzen ere, iragan otsailean eskutitz bat bidali zuten New Yorkeko Guggenheim Fundaziora, 22 herritarrek sinatuta. Ez dute, baina, erantzunik jaso ez fundazio ipar-amerikarraren, ez euskal administrazioaren aldetik. Beren eskaerek noranzko argia dute: “Hausnarketa bide kolektibo bati heltzea, ingurunea eta pertsonak lehen lerrora ekarriz”.

Erroxeli Ojinaga: “Egitasmoa garatzeko zortzi alternatiba proposatu ditugu. Erantzun bakarra jaso dugu: utzikeria eta isiltasuna”

Urdaibai Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Erreserba Biosfera bakarra izateak “errespetu handiagoa merezi duela” nabarmenduta, hizlariek argitu zuten Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak nahitaezko baldintza bat beharrezko duela, aurrera egingo badu: “lurraldearen usurpazioa“. Horregaz lotuta, galdera bat luzatu zieten egitasmoaren sustatzaile eta defendatzaileei: “Gauza bera egingo al zenukete Yellowstonen edo Yosemiten? Argi dugu ezetz”. Hitza hartzen hurrengoa Erroxeli Ojinaga Zain Dezagun Urdaibai plafatormako kidea izan zen. Ojinagak proiektuak legedi aldetik urratzen dituen ertzak aurkeztu zituen. Alde anbientaletik, “guztiz ukaezinak eta errespetatu beharrezkoak diren araudiak” daudela azpimarratu zuen: “Izan daiteke CEPA ziurtagiria edota Kosta Legea. Proiektu batek, arauok babesten dituzten natur baldintzak jazartzen badituzte, ezingo du Europatik diru laguntzarik jaso. Beraz, biosferako nukleo eremu ukiezinetik kanpo, egitasmoa garatzeko zortzi alternatiba proposatu ditugu. Erantzun bakarra jaso dugu: utzikeria eta isiltasuna”.

Edorta Jimenez: “Zein leku edukiko du gure nortasunak, gure hizkuntzak, gure musikak, gure arteak, gure tokiko komunikabideek eta, oro har, gure kulturak urtero-urtero hartuko ditugun 140.000 bisitarien artean?

2023-6-14.Guggenghein aurkaGernikan

Kultura non geratuko? Edorta Jimenezek, ZDU eta Urdaibaietz! egitasmoetako kide legez, Blas de Otero idazlearen aipu bategaz abiatu zuen bere parte hartzea: “Guk hitza eskatzen dugu, bakea nahi dugulako. Eta, hitza ematen ez bada, ez dago bakerik”. Era berean, 60ko hamarkadan puri-purian egondako ideia bat irauli zuen mundakar poetak. “Indarkeriaren kontra, indarra leloa bolo-bolo zebilen orduko apaiz batzuen ahotan. Guk kulturkeriaren kontra, kultura leloa lau haizetara zabaldu gura dugu”. Jimenezek tokiko kultur ekoizpena bultzatzeko baliabide, azpiegitura eta borondate falta dagoela nabarmendu zuen. “Zein leku edukiko du gure nortasunak, gure hizkuntzak, gure musikak, gure arteak, gure tokiko komunikabideek eta, oro har, gure kulturak urtero-urtero hartuko ditugun 140.000 bisitarien artean?”.

Horrez gain, museoen kudeaketa, Kultura Sailarena barik, Turismo Sailaren ardurapekoa izatea “datu adierazgarria” dela aipatu zuen. Datu sorta horren aurrean, beste idazle baten aipua baliatu zuen, Gabriel Aresti bilbotarrarena. “Arestik, Lemoizko zentral nuklearraren proiektua enarari begiak ateratzea litzatekeela esan zuen Ogellan, eta guk Gernika-Lumon diogu Murueta moduko leku batean Guggenheim makroproiektua egitea gure enarari begiak ateratzea dela”.

Iñaki Uriarte: “Bizkaiko Labe Garaiak Sestaorentzat, Sigma Elgoibarrentzat edota Euskalduna Bilborentzat zirenaren parekoa da Dalia Gernika-Lumorentzat”

Beste tentakuluari buruz. Muruetako museoaz gain, Gernika-Lumoko Dalia lantegi zaharraren eraikinean egin gura duten proiektuaren beste garroa eta egoitza biak Oka ibaiaren ertzean eta paduretan barrena lotuko dituen bide berdea ere ahotan eduki zuten atzo. Ondare historiko eta artistikoan aditua den Iñaki Uriartek argi utzi zuen: “Bizkaiko Labe Garaiak Sestaorentzat, Sigma Elgoibarrentzat edota Euskalduna Bilborentzat zirenaren parekoa da Dalia Gernika-Lumorentzat. Bere iraganaren gordeleku da, herriaren identitatearen erakusleetako bat”. Horrenbestez,Dalia okupatzea eta ezabatzea “herriaren historiaren zati esanguratsu bat beste barik deuseztatzea” litzatekeela nabarmendu zuen, “marketin zein merkatutekniarik bortitzenak lanabes hartuz”.

Iratxe Arriola: “Ez da hausnarketarik egin egitasmo demagogo eta esperpentiko horrek eskatuko duen lekuz kanpoko ur kantitatearen inguruan”

Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuegoko lehendakari izandakoak “estres hidrikoa” jorratu zuen. Guggenheimen proiektuak beregain dituen ingurumen politika “ankerrak” salatu zituen eatarrak, eta administraziotik “saltzen” diren zentzuzko politikekin “zerikusirik ez dutela” argudiatu zuen: “Egun, ur edangarriagaz egiten dira jarduera ia denak, horrek dakarren estres hidrikoagaz. Hori gutxi balitz, ez da hausnarketarik egin egitasmo demagogo eta esperpentiko horrek eskatuko lukeen lekuz kanpoko ur kantitatearen inguruan. Zentzuzko jokabide politikotik gutxi du horrek».

Ibilbide gidatu bidez, arte eta historia ondarea landuko dituzte

Urdaibaietz! eta ZDUk antolatuta, Ondare historiko artistikoa arriskuan ibilbide gidatua egingo dute domekan, 10:30ean, Gernika-Lumoko Pasealekuan hasita. Iñaki Uriartek eta Edorta Jimenezek ariko dira gidari. 5,5 km-ko ibilbidea egingo dute, 13:30ean Astran amaitzeko. Izena emateko, 646 77 60 01 telefono zenbakira edo zainurdaibai@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.

 

 

 

Mozketa gehiagorik ez Deustun!!

IMG-20230608-WA0028

Talde ekologista gisa, EGUZKIk salatu du Bilboko Udalak Deustu auzoan, zehazki Agirre Lehendakariaren etorbidean, egiten jarraitzen duen zuhaitz-mozketa. Eta, beraz, berehala gelditzea eskatzen dugu.

Izugarri kezkatzen gaitu udal honek mozketak erraztasun izugarriz egiteak. Izan ere, ez da praktika isolatua, eta hori Bilboko eremu askotan egiten ari da, hala nola Santutxun, Basurtun, Deustun eta abar.

Lehenago ere egin izan du, eta orain ere egiten jarraitzen du, Deustuko Hirigintza Planaren 2. fasea aplikatuta. Fase horretan hamarnaka urteko zumarrak eta tamaina handikoak daude jasota.

Udalak ingurumena eta horrelako mozketek Bilbo bezalako hiri batean eragiten duten inpaktua baloratuko balitu, ziur gaude ez lituzketela egingo. Are gutxiago kontuan hartuta udaberrian egiten dituztela habiak hegaztiek, eta kalkulatzen dela zuhaitzen erdiek habiaren bat dutela.

Ez du balio “segurtasun-arrazoiak” beti justifikazio gisa alegatzeak. Ezinezkoa da zumar guztiak egoera txarrean egotea. Kontua da traba egiten diela beren urbanizazio-eredu berrian. Eta alternatibak badaude.

Asko hitz egiten da klima-aldaketaz, baina gero hartzen diren neurriak bidezkoak dira horren alde egiteko. Eta zenbat eta beroago, orduan eta itzal handiagoa lortu behar da. Ez alderantziz.

Udalak modu egokian kudeatu behar du hiri osoko zuhaiztia. Hiriko lorezaintzaren ikuspegia Bilboren berezko baldintzetara egokitu behar da, zuhaitzen funtzio garrantzitsuenak bete daitezen lortzeko.

Edozein eremutako etorkizuneko plangintzetan, erabakiak hartzeko hainbat faktore hartu beharko dira kontuan: daukagun espazioa, leku bakoitzerako espezie egokia aukeratzea, baso-estaldura handiagoa, espezie autoktonoak landatzea, zer egin behar dugun zuhaitz bakoitzak bere potentzial guztia gara dezan.

Onuradun handienak pertsonak izango dira, eta kasu honetan Deustukoak.

Bat egiten dugu astelehen honetan, hilak 12, Agirre Lehendakariaren 36an, goizeko 6,30etan elkarretaratzea egiteko herritarrek egindako deialdiarekin.

EZ MOZTU GEHIAGO!

2023-6-7.Deustuko tala

 

2023-6-7.Deustuko tala2

 

 

 

Mungia hondakinez beteta

IMG-20230504-WA0007

Mungiako Zabalondo parke teknologikoko langileek eta bertako bizilagunek zonaldean kontrolik gabeko isurketa solidoen berri eman digute.

Mota guztietako hondakinak dira, eta denboran zehar metatzen joaten dira, gaian esku hartzen ez duen udalaren utzikeria eta pasibotasunaren aurrean. Eta jarrera horrek gogaitzen gaitu gehien, ez baita hondakin ezkutuen kopuru txiki bat. Aitzitik, tonak ondo daude agerian eta ibilgailuen aparkaleku betean.

Hauteskunde-kanpainan asko hitz egin da ingurumena errespetatzeaz, ekonomia zirkularraz, birziklatzeaz, eta abar. Honekin batera doazen argazkiak diskurtso horietako asko hipokritak direla erakusten dute.

EGUZKIk Udalari eskatzen dio isurketa guztiak kentzeko, gestionatu, arau-hausleak identifikatzeko eta beharrezko neurriak hartzeko, gure ingurunearentzat eta ingurumenarentzat hain kaltegarriak diren gertaerak berriro gerta ez daitezen.

IMG-20230515-WA0014

 

Nafarroan AHTren obrak gelditzeko deialdia

Obras-TAV-en-Navarra

Azken asteotan, Espainako eta Nafarroako Gobernuak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanekin aurrera egiten tematzen ari dira. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agentzia Ministerioaren ekimenez, Sakanako Udalak jakinarazpenak jasotzen ari dira 2023ko maiatzetik irailera bitartean beren herrietan zundaketa geoteknikoak egiteko, AHTa Euskal Y-arekin lotzeko alternatiben azterketaren barruan. Prospekzio horiek egiteko, eragindako lurzatiei eta jabeei buruzko informazioa ematera behartzen dira udalak.

Horren aurretik, besteak beste, Iruñerriko zein Zaragoza-Castejon tarteko trenbide-sarearen informazio-azterlanak jendaurrean jarri dira, Ebro ibaiaren gaineko zubibidea eraikitzeko iragarkia publikatu da, Nafarroako Gobernuak Volkswageni emandako tratu eskandalagarria ikusi dugu, zeinaren bidez, instalazioa zeharkatzen duen trenbidea kentzea ordaindu egiten zaio bere produktuei irteera emateko, eta abar.

Sustrai Erakuntza fundazioak alarma ahotsa eman nahi du proiektu inutila eta suntsitzaile honi buruz, bai sozialki, bai ekonomikoki, baita ingurumen mailan ere. Proiektu honek 170 milioi euro baino gehiago xahutzea ekarri digu orain arte, zerbitzu publikoen narriadura nabarmena den une honetan; Castejon eta Tafalla bezalako herriak zigortzea; Iruñerriko espekulazio-mugimenduak areagotzea; Sakanako eta Aralar gaineko presioa gogortzea; ehunka hektareako herri-lurrak eta laborantza-lurrak galtzea; CO2 isuriak gora egitea; babestutako eremuak eta biodibertsitatea kaltetzea; egungo trenbide-azpiegitura (geltokiak irekitzea, zerbitzuak handitzea…) berreskuratu eta sustatzeko neurririk ez izatea; eta, nafarroi aldiriko benetako trenbide-zerbitzu publikoa ukatzea,…

AHTren obrak osoko zuzenketa dira klima-aldaketari buruzko legeen onarpenari, ekonomia iraunkorrari eta trantsizio energetikoari buruzko diskurtsoei. Obra hau jarraitzeak, aurrekontupartidak onartzeak, informazio-azterlanek eta prospekzio geoteknikoek larrialdi klimatikoari zein krisi sozial eta energetikoari aurre egiteko jorratu beharreko bidetik aldentzen gaituzte, eta ezinezko bihurtzen ditu egungo ekoizpen- eta kontsumo-moduak ordezkatzeko ahaleginak.

Sustrai Erakuntza fundaziotik dei egiten dugu AHTren obrak gelditzeko. Ez Tuteran, ez Castejonen, ez Tafallan, ez Iruñean, ez Sakanan. Beharrezkoa da ekintza bateratua eta mobilizazioa suspertzea lAHT-ek eragindako Nafarroako lurralde osoan. Zentzugabekeria hau gelditzeko garaiz gaude. Ez AHTri, bai Nafarroa osorako tren sozialaren alde.

Nafarroan, 2023ko maiatzaren 25a.

 

Arrantza salbatzeko soluzioa halako arrain haztegiak jartzea da?

Instalaciones-Atun-Rojo-Fuentes-en-Cartagena-1400x933_NoticiaAmpliada_NoticiaAmpliada

Euskal Herriak Bizkaiko Golkoan leku estrategikoa betetzen duela jakina da. Kantauri Itsasoan eta Capbretoneko Barrunbearen itsaslabarraren parean, arrantzaleku paregabeak dauzka oso gertu. Honi esker, edo honen ondorioz, Euskal Herriaren historia eta garapena, itsasoari lotutako jarduera ezberdinekin batera ulertu behar dira: arrantza mota ezberdinak sortu dira, bizitzeko modu ezberdinak gauzatu dira eta kultur adierazpen berezituak azaleratu ditugu. Arrantzarekin lotutako tradizio garrantzitsua gorpuztuz joan da, mendez mende. Garapen historiko, ekonomiko, sozial eta kultural honek, aldi berean, arraina arrantzatu eta kontsumitzeko modu ezberdinak eskaini dizkigu.

Aurreko mendearen bigarren erdialdean, 1950 eta 1980ko hamarkaden artean, gure kostaldean garapen ikaragarria ezagutu zen. Sektorea industrializatu aurretik, arrantza handiak gauzatu ziren, arrain espezie ugari arrantzatu zen eta tresna jasangarriak erabili ziren. Hau, industrializazio prozesuarekin hasi zen aldatzen, eta Europar Batasunera sartu ostean, sakonki eraldatu zen testuingurua. Arrantza eskubideak edo kuotak ezarri eta banatu ziren eta kudeaketarako eskubideak galdu zituzten euskal arrantzaleek, arrantzaleku tradizionaletan arrantza egiteko eskubideekin batera. Hori gutxi balitz, munduko beste itsasoetatik ekarritako arraina inportatzen hasi ginen eta orokorrean, hemen arrantzatutako arrainari errentagarritasun baxuagoa lortzea ekarri zuen. Arrantzarekiko interes gutxi zeuzkaten politikariek sortu zituzten borraskek, eragin zuzena eduki zuten gure kostaldean, eta euskal ontziteria asko murriztu zen.

Mende aldaketarekin batera, arrantza sektorea hondoratzen hasi zen. Ordutik, gero eta ontzi gehiago betirako amarratu eta hondoratu dira, eta beste erkidego batzuetara saldu dira arrantzatzeko eskubideak. Honekin batera, lehorrean arrantzak sortzen zuen bizitza eta sostengua ere asko aldatu dira. Adibide garbiak izan daitezke, esaterako, portuetan aritzen ziren emakume langileen desagertzea (saregileak, neskatilak, enpakadorak, deskargan aritzen zirenak…) edota kofradien presentzia galera. Gure historian hain garrantzitsuak izan ziren Kofradia hauek, baxurako arrantzaren benetako sinbolo izan diren horiek, egun, bigarren mailako papera jokatzen dute arrantzaren kudeaketari dagokionean. Kofradia batzuk, gainera, desagertu egin dira, Mutrikukoa kasu.

Errealitate honen atzean, arrantza arduratsu eta jasangarriarekin batere kezkarik erakusten ez duten interes ekonomiko eta politikoak daude. Arrantza tradizionala ez zaie sekula interesatu eta industria arrantzan zentratu dituzte euren laguntzak eta ardurak. Atun arrantzan aritzen diren ontzi izozkailu handiek eta hauek kudeatzen dituzten enpresek erakundeetatik jaso duten babesa horren adierazle onena da. Ontzi moderno hauek, munduko itsaso guztietan aritzen dira arrantzan, itsas aniztasunari eta ingurugiroari orokorrean kalte egiten dioten teknikak erabiliz. Hori gutxi balitz, ontzion arrantzaleku asko elikadura arazoak dituzten herrialdeetako uretan aurkitzen dira. Finean, Bermeoko armadoreak sistema honen onuradun nagusienak bihurtu dira.

Agintari publikoek eta Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan mantendu dituzten arrantza politikek barreiatu gaituzte egoera honetara. Bere garaian, bakailaoaren arrantzan aritzen ziren ontziak hondoratzen utzi zituzten. Gero, arrastre arrantzan aritzen zirenak eta orain, baxurako arrantza desagertzen ari den bitartean, askorik interesatzen ez zaiela dirudi. Norbaitek, apropos ari direla ere pentsatu lezake. Bitartean, Bermeo tunidoen munduko hiriburua bihurtu da, altura handiko arrantza holding inportante bat izatera iritsiz. Duela hamarkada gutxi, Bermeoko portuan Kantauri Itsasoan arrantza tradizionalean aritzen ziren 150 (atun)ontzi baino gehiago ikusi zitezkeen. Gaur egun, ez da bat bera ere geratzen.

Tuna-Tour-en-Ametlla-de-Mar-III

Gure portuetan daukagun egoera tamalgarria eta kezkagarria da. Gero eta arrantza ontzi gutxiago daude, eta aldi berean, aisialdiko gero eta ontzi gehiago agertzen dira egunero, arrantzaleari konpetentzia zuzena eginez. Laguntza publikoei esker bizi diren arrantzale profesionalek, kareletik atsekabetuta begiratzen diete euren aldamenean arrantzatzen ari diren ontziei. Arrantzale profesionalek badakite, honek horrela jarraitzen badu, oso zaila izango dela generazio berrien erreleboa bilatzea.

Sektorearen erabateko ondoratzea ikusteko gutxi falta dela dirudi, eta egunero hartzen diren erabakiek egoera kaltetu besterik ez dute egiten. Baliabideen kudeaketan eta arrainaren errendimendu ekonomikoari begira hartzen ari diren erabakiok, ez dute egoera zuzenduko. Besteak beste, arrantzagai diren espezieen kuoten salmenta egoera tamalgarri honen beste adibide bat da. Guztionak diren arrantza baimenok, gutxi batzuek kudeatu eta saltzen dituzte, interes pribatuei erantzunez.

Euskal Herrian ere, kostaldearen eta itsasoaren beraren pribatizazioa aspaldi hasi ziren, eta orain, azeleratzen ari da. Egunotan entzun dugun azken proposamen “berritzailea”, horren adibide garbia da. Itsasoko miloi bat metro karratu pribatizatuko dira, atunak loditzeko. Atun horiek, gure arrantzalekuetan debekatuta dauden teknikekin harrapatuko dira, besteak beste, ingurubilketaren teknikarekin, teknika kaltegarri eta depredatzailea dena. Oraingoz hegamotzarekin probak egingo dituztela esan dute, baina ziur, laster, hegaluzea eta beste espezie batzuekin antzeko saiakerak egingo dituzte.

1990eko hamarkadan euskal arrantzaleek bolanten erabilpenaren eta azken urteotan arrastre pelagikoen aurka egindako borrokak ezertarako balio izan ez duela dirudi, antzeko teknikak erreproduzituko baitituzte hemen. Kapitalari itsasoaren eta kostaldearen bioaniztasuna ez zaio inporta. Eta erabakiak hartzen dutenei ere ez.

Arrantza sektorea salbatzeko bidea ez da multinazional bati guztionak diren kuotak saldu eta errentagarritasuna lortu dezan erraztasunak ematea. Hori, onartezina da. Gure arrantza sektorearen norabidea ezin dute politika hauek markatu. Noraezean gabiltzala dirudi, interes jakin batzuei bakarrik erreparatuz. Ezin dugu onartu kuotak eskaintza onena egiten duen horri saltzea eta interes publikoa merkatuaren joko arauetara makurtzea. Kasu honetan bezala, erakunde publikoak teknika depredatzaileak erabiltzen dituzten multinazional hauen interesei erreparatzen aritzea. Kudeaketa publiko bat eskatzen duten arrantza kuotak gure Kofradietara iritsi behar dira, eta itsasontziok, ingurumena ahalik eta gehien errespetatuko duten teknikak erabiliz arrantzatu dezaten ziurtatu behar dugu. Honekin, ingurugiroa errespetatzeaz gain, elikadura subirautsaren bidean pausuak emanago ditugu.

Jakin badakigu, etorkizunean arrain haztegiek paper garrantzitsua jokatuko dutela gure elikaduran. Gizarteak behar dituen proteinak lortzeko bide erabilgarriak izan daitezke, modu egokian erabiliz gero. Baina Getaria parean egin nahi duten hori, eta orokorrean arrantza politikek erakusten duten norabidea, ez dira batere egokiak. Gure kostatik 12 miliatara Itsas Eremu Babestuak eraiki eta hauek arrain haztegi natural bezala zaintzeak, etekin sozial, kultural eta ekonomiko interesgarriak eskainiko ditu, epe motz eta ertainera. Bizitzak bere bidea egingo du, arrainek euren bizi zikloa garatuko dute eta ondoren, artisau arrantzan erabiltzen diren tresnekin arrantzatzea posible izango da berriro. Behar izatekotan, gainera, gure kostaldetik (ia) desagertu diren arrain espezie batzuek kaiolatan hazteko eta birpopulatzeko aukera ere emango luke egoera berriak. Bixigua horren adibide. Aldi berean, prozesu hau sendotu eta indartzeko Kofradiak indartu beharko lirateke, arrantzaren kudeaketa eta arrainaren merkaturatzearen arduradun jarriaz. Osasun zentroetan, ikastetxeetan eta beste edozein jantokitan jateko moduko arraina harrapatu, kudeatu eta prestatu dezakegu, Euskal Herrian eta Euskal Herritik. Gatibu hazi diren hegamotzakin hori ez da egingo. Euskal Herriak oraindik, badu hau guztia egiteko ahalmena. Borondatea falta da bakarrik, erabakiak norabide egokian hartzeko.

Ondarroa 12milia elkartetik eztabaida serio bat eskatzen jarraitzen dugu. Itsasoa eta arrainak, guztion ondasuna dira. Arrantza, arrantzale profesionalena izan behar da lehendabizi, eta kontsumo ohiturak, guztion interesera bideratu behar dira. Hala, guztion onerako diren politikak diseinatzeko testuingurua prestatu beharra ikusten dugu. Finean, ingurugiroa errespetatu eta Euskal Herriak elikadura subirautsa lortu dezan. Bertatik, bertara.

Leo Belaustegi. Ondarroa 12 Milia

Nerbioi ibaiaren obrak Laudion, edozein modutan ez!

IMG-20230427-WA0014

Egun hauetan Laudion obra handiak ikus ditzakegu, Nerbioi ibaiaren ibilguan hain zuzen ere. Jakin dakigunez, proiektu honek 4,7 milioi euroko aurrekontua du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketarekin. Obrek 17 hilabete baino gehiago irauten dute.

Altzarrateko zubiaren ondoan makina ugari ikus daitezke, ibaiaren hondoko arrokak eta mendi-hegalak txikitzen. Gutxienez bost hondeamakina eta kamioi batzuk ikus daitezke.

Gaur egun, sakonera ematen ari zaio ibaiaren ibilguaren ohantzeari, ahalmen hidrauliko handiagoa izan dezan eta, horrela, gaur egun 100 urteko errepikatze-denborako balizko ur-goraldien uholde-arriskuari aurre egin diezaion, 500 urtekoa izatera igaroko bailitzateke.

Obren arrazoia ez da gaizki iruditzen zaigula, baina gaizki iruditzen zaiguna egiten ari diren modua da.

EGUZKIren iritziz, modu zakarrean egiten ari dira, kontuan hartu gabe horrelako obra handi batzuen aurrean ingurumenean eragin daitezkeen kalteak. Ateratako bolumena 5.500 kamioi baino gehiagoren baliokidea izango da.

Ez da bakarrik obretan dagoen zatia, baizik eta ibaia uretan behera zer baldintzatan geratzen den, egiten ari diren harri-indusketatik eratorritako solido esekien kopurua dela eta.

Ibilgua ez okupatzeko bitartekoak daude, eta gutxiago hainbeste makineriarekin. Jabari publiko hidraulikoaren gaineko afekzioa oso larria eta justifikaezina da. Obra bera egin daiteke, inguruneari neurri horretan eragin gabe.

Ziur lanak egiteko presak zerikusi handia duela hauteskundeak gertu izatearekin. Baina obra mota hori, korritzen ari garen denboran, beste abiadura batean eta atagien* bidez egiten da edo egin beharko litzateke, eta ezin da justifikatu makineria hori guztia ibaian ibiltzea, jabari publiko hidraulikoaren gainetik.

*Ur-emariak bideratzeko erabiltzen diren elementuak dira, oro har behin-behinekoak. Ibai-ibilguetan azpiegitura-obrak egiten direnean erabiltzen da, eta ur-fluxua desbideratzeko beharra sortzen da, lan-eremu lehor bat lortzeko. Adibidez, zubi-pilak, kaiak, presak eta lehorrean lan egin nahi den beste edozein lekutan.

IMG-20230427-WA0015

 

 

Eguzkik salatu du litekeena dela Repsolekin eta Iberdrolarekin lotura duten pertsonak EVEko kontseilari izendatzea

descarga

Eguzki talde ekologista eta antinuklearraren ustez, energiaren edo industriaren arloan gaitasun aitortua duten pertsonak egon daitezkeen arren, izendapen hori bateraezina da oligopolio energetikoari lotutakoetan.

Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundea (EEE) sortu zuen 1982an, eta energia-politika baten oinarriak ezarri zituen. Zehazkiago, EEEren egitekoa da Euskadiko Energia Estrategiak proposatzea, hornidura-bermearen, kostuen lehiakortasunaren, jasangarritasunaren eta garapen teknologikoaren irizpideen arabera, eta, halaber, estrategia horien garapenean aktiboki parte hartzea eta estrategia horietan zehaztutako helburuak lortzen laguntzea.

Harrezkero, EEE energia-agentzia arduratu da proiektuak eta ekimenak garatzeaz, Jaurlaritzak zehaztutako politiken ildotik.

Azaroaren 24ko 9/1982 Legeak «Energiaren Euskal Erakundea» sortu zuen izaera publikoko erakunde gisa, nortasun juridikoarekin eta autonomia administratibo eta ekonomikoarekin. Sortu zenean, Lemonizko Zentral Nuklearra Kudeatzeko Sozietatea, S.A. eta Euskadiko Gas Baltzua, S.A. bateratu eta integratu ziren, bai eta Energia eta Meategiak Aurrezteko eta Garatzeko Zentroa ere.

EEEren artezkaritza-organoak honako hauek dira: lehendakaria/sailburua eta Zuzendaritza Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatzen duten bost kontseilarik, erakundearen mendeko erakundeetako lehendakariek eta energiaren edo industriaren arloan gaitasun aitortua duten pertsonen artean izendatutako beste bost kontseilarik osatua.

Zortzigarren c) artikuluan aipatutako kontseilari horiek izendatzeko, aldez aurretik Legebiltzarrak onartu beharko du, Batzorde eskudunaren bitartez, eta baliozkotasunez osatuta geratuko da izendatutako kontseilariekin, baita onespenik gabe ere; hau da, legebiltzarrak onartzen ez badu, izendapen jainkotiar bidez edo hatzez izendatuta geratuko dira, eta, beraz, ez liokete administrazio-karguari erantzungo aditu gisa, eta EEEren erabakietan inpartzialtasuna konprometituko lukete, administrazio publiko gisa.

Energia-enpresa pribatu handiekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten pertsonek ezin dute objektibotasun materialarekin jardun, eta ez dute parte hartu behar edo ez dute proiektuetako izendapenik egin behar; izan ere, kargu edo izendapen horrek EEEren inplikazioa dakar enpresetara eta erakundeetara, eta, beraz, baliteke lanpostu publiko pribatuak kooptatzen aritzea administrazioaren printzipio gidariak errespetatu gabe, ez eta sektore publikoko administrazio edo erakunde ororen interes orokorra defendatzeko jardun objektibo eta inpartziala errespetatu gabe ere.

Interes-gatazka orok edo balizko loturaren, mendekotasunaren edo objektibotasun-galeraren ondoriozko gatazka orok baliogabetu egiten du beste ikuspegi bat eta araudia eta herritarrak errespetatzea eskatzen duen lanpostu batean izendatua izateko gaitasun teknikoa, energia-ekoizpena babesten edo zuzentzen duenaren uztarririk gabe, eta botere ekonomikotik independentea den kudeaketa- eta zuzendaritza-eredu politiko eta administratibo bat ezarriz, interes orokorra, objektiboa eta merkatutik askea defendatuko duena.

Eguzkik gizarte-eskubideak galtzea eta organo publikoak oligopolio energetikoaren esku edo irizpide pribatuen edo interes eta aginduen edo mendekotasunaren pean entregatzea dakarten ahalegin edo jarduera guztiak salatzen ditu, eta, bereziki, EAEn Petronor eta Iberdrolarenak, horiek baitira etekin ekonomikoa bilatzeko eredu kapitalistaren adibide handiak.

Era berean, kargu eta organo publikoen kontrol politiko egokia dela eta, izendapen horiek ez dira Legebiltzarraren isiltasunez egin behar, baizik eta jendaurrean jarri, merezimenduak azaldu edo arlo horretako eskumen-gaitasun teknikoa eta balio pertsonalak eta zerbitzu publikokoak baloratu ondoren.

Horregatik, Eguzkik Iñigo Ansolari (EEE) eskatu dio erantzun diezaiola ea bere erakundea lanean ari den ezarritako helburu nagusia betetzeko, hau da, 2016-2030 bitartean 1.250.000 tep aurreztea urtean, hau da, % 17 aurreztea 2030ean (Euskadiko Energia Estrategiaren 3E2030 helburuak).

Era berean, egokia litzateke EAEko administrazio publikoaren konpromiso eredugarri bat sustatzea, instalazioetan energia-kontsumoa 10 urtetan % 25 murrizteko (2016-2026), eta klima-aldaketa arintzen laguntzea, berotegi-efektuko gasen urteko 3 Mt murriztuz.

Ondorioz, Eguzkik eskatzen du interes-gatazka horren aurrean EEEko Zuzendaritzako sailburuak Petronor edo Iberdrola bezalako enpresetatik kanpo egon daitezela, eta erakunde publiko horretako Zuzendaritzak berak erantzun ditzala energia primarioa aurrezteko jarduerak, euskal administrazio publikoaren konpromiso eredugarria lortzea bere instalazioetako energia-kontsumoa 10 urtetan % 25 murrizteko (2016-2026), eta berotegi-efektuko gasen urteko 3 Mt murrizteko.

Gasteiz, 2023ko apirilaren 30a.