Category Archives: albisteak

Isuri kutsatzaile berri bat Ibaetako errekan, oraingoan, ur beltzekin

Ibaetako errekak edo, hobeto esan, Ibaetako estoldak mota askotako isuri kutsatzaileak jasotzen ditu. Ezagutzen dugun azkena ostegun eta ostiralean atzeman genuen. Itsasgorarekin batera, urek kolore marroi ikusgarria hartu zuten eta jatorri fekaleko kiratsa zerien.

Kolore marroia adierazgarria da, baina are adierazgarriagoa zen kiratsa.

Kolore marroia adierazgarria da, baina are adierazgarriagoa zen kiratsa.

Gure iritziz, isuri honen sorburu bakarra Olaraingo ponpa-etxean matxura bat izan daiteke. Nolanahi ere, azalpen publiko bat eskatzen diogu Añarbeko Urak-i.
Halaber, Donostiako Udalari isurketaren arrazoiak argitzeko interesa erasku dezala eskatzen diogu. Izan ere, Ibaetako errekako ur beltz horiek guztiek itsasoan amaitu zuten, itsasbeherarekin batera. Tximistarriko kolektoretik atera eta Ondarretako bainu-uren kalitatea arriskuan jarri zuten. Litekeena da bainulariei larunbatean eragitea.
Zoritxarrez, Ondarretan sarri izaten da txarra uraren kalitatea. Askotan ez dira arrazoiak ezagutzen, baina kasu honetan ur beltzen jatorria argi dagoela dirudi.
Eguzkitik isurketa horren zergatiaren azalpen publikoa eskatzen dugu.
Tamalez, bainatzeko uren kalitatearen analisiak astelehenetan baino ez dira egiten, eta, beraz, ia 72 ordu igaro ondoren, litekeena da jada isurketaren arrastorik ez atzematea.

EGUZKI, 2020ko iraila

Eguzkik eta Oreretako zenbait auzok gardentasun eza salatu dute Esnabideko hirigintza-garapenean

ESNABIDE
Aurtengo ekainaren 19an, EGUZKI talde ekologistak, alde batetik, eta Beraun, Galtzaraborda eta Kaputxinoak auzoetako bizilagunek (180 sinadura baino gehiagorekin), bestetik, alegazio bat aurkeztu genuen Esnabideko Xehetasun Azterlana onartzeko espedientean, Plan Orokorraren Berrikuspena egin arte kudeaketa- eta antolamendu-dokumentu ororen izapidetzea eteteko eskatuz. Komeni da gogoraraztea Errenteriako Udalak plan hori berrikusi behar zuela 2012an, hau da, 8 urteko atzerapena daramagula (onartutako Plan Orokorraren indarraldia ere 8 urtekoa zen) plangintza herritarren benetako beharretara egokitzeko.
Ekainaren 19az geroztik, Udalaren aldetik albisteren baten zain egon gara, eta abuztuaren 19an, 2 hilabete geroago, jakinarazpen bat jaso dugu posta ziurtatuz, non esaten baita, uztailaren 20ko osoko bilkuran “aho batez” onartu zela Xehetasun Azterlana. Erabaki horren aurretik, Azterlana idatzi dutenek txostena egin dute, aurkeztutako alegazioak ezesteko. Zer esan lezakete haiek? Udal teknikariak bat datoz txostenarekin uztailaren 6ko txostenean, eta, ondoren, uztailaren 13an, gai hori aztertu eta onartu zen Lurralde Batzordean.
Gaiaren muinean sartu gabe, egiaztatu da zenbait kudeaketa egin direla, baina ez dugu horiei buruzko informaziorik izan. Gardentasunik ezaren erakusgarri argia da, eta badirudi, onarpena bezala, Udalbatza osoak aho batez onartu duela. Are gehiago, organo baten (osoko bilkura) ekitaldi batean, “normaltasun berri” honetara arte jendearentzat irekia zena.
Gauzak gaizki doazkigu, baldin eta uste badute nahitaez GAOn argitaratzen diren erabakiak jakinaraztea gardentasunaren sinonimoa dela. Erabakiak hartu aurretik herritarren parte-hartzea ahalbidetzea eta bultzatzea da benetako gardentasun-ariketa. Jarrera horiek, teorian, talde politiko guztiek defendatzen dituzte, baina aldez aurretik hartutako erabakia duten gaietan, kasu honetan bezala, ez dira kontuan hartzen.
Ekainaren 30ean aurkeztu genuen idazkiari noiz erantzungo zain gaude oraindik. Idazki horretan, besteak beste, eremu horretan lizentziarik gabeko lanak egitearen inguruan egin ziren edo egitea aurreikusi ziren ekintzak ezagutzea eskatu genuen. Lan horiek EGUZKIk SEO Bird Lifekin batera salatu zituen 2020ko ekainaren 17an.

Faunaren aurkako isileko tiroak Oiartzun ibaian

Ahateak hilda Oiartzun ibaian
Iztieta auzoko (Errenteria) Oiartzun ibaiaren ibaiertzeko bizilagunek jakinarazi digutenez, ez da lehen aldia habitat horretan dauden espezieen ale bat tiroz hiltzen dela ikusten dutena. Eman dizkiguten argazkietan eta bideoan egiazta daiteke eman diguten informazioa fidagarria dela. Hala ere, badirudi gertakari horiek Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren esku jarri direla, eta, beraz, gai hori argitzeko zain gaude, eta egilea edo egileak identifikatzen badira, modu eredugarrian jardun daitezela espero dugu. Salaketa formalik ez badago, gertakari horiek ezagututa ofizioz jardutea eskatzen dugu publikoki.

Aurreko kasuaren ebazpena edozein izanda ere, eta denboran zehar errepikatzen den jarrera dela egiaztatuta, gure taldeak administrazio eskudunari edo eskudunei eskatzen die jarraipen zehatzagoa egin dezatela eta beharrezko bitartekoak jar ditzatela habitat horretan dauden espezie gehiago (kaioak, ahateak, ubarroiak) hil ez daitezen eta, horrela, ingurumenaren aurkako deliturik egin ez dadin.

Zer ari da gertatzen gure mendietan?

2020-6.EUKALIPTOAK

Radiata Pinuetan onddo marroiak sortzen dituen gaixotasuna dela eta, Bizkaian zonalde askotan eta Gipuzkoan, era masiboan ari dira pinuak mozten. Ehundaka hektarea. Horrek ingurumenaren eta paisaiaren gaineko eragin larria du.  Zonalde hauetan eta ez kasualitatez, zuhaitzen guztizkoaren %80 baino gehiago da aloktonoa.

Hain zuzen, zentrimetro bateko lur-zatiak ehundaka urte behar ditu eratzeko; ondorioz, beharrezkoa da hori babestea eta higadura saihestea. Malda handiko hegaletan pistak irekitzeko makineria astuna erabiltzeak, lurraren mugimendu handiak eragiten ditu eta horiek ,era berean, higadura prozesu larriak sortzen dituzten ur-fluxuak eragiten dituzte.

Kontuan hartu behar da lurra ekosistema konplexunetariko bat dela eta biodibertsitatearen laurden bat du. Baso-lurzoruaren soilik metro karratu batean ornogabeen 1000 espezie baino gehiago aurki daitezke. Horrez gain, klima-aldaketari aurre egiten eta klima-aldaketara egokitzen laguntzen du, karbonoaren zikloan funtsezko egitekoa baitu, karbonoa harrapatuz eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz. Berez, karbono organiko gehiena lurzoruan biltegiratzen da. Lurzoruaren azaleko geruzan dago materia organiko gehiena, eta hori funtsezkoa da airea, hezetasuna eta elikagaiak gordetzeko.

Gainera, higaduraren ondorioak areagotu egingo dira datozen hamarkadetan, klima-aldaketak penintsulako desertizazio-prozesuak areagotzen baititu. Beraz, beharrezkoa da, lurzoruaren emankortasuna errespetatuko duen basogintzaren alde egin behar da.

Hala ere, Pinus Radiataren alternatiba gisa eukaliptoak ari dira landatzen.  Biodibertsitatearentzako mehatxua dira, baso-espezie exotikoa eta epe laburrekoa baita (12 urte inguru), eta horren kudeaketak kalteak baino ez ditu eragiten ingurumenean, lurzoruan, ekosistemetan, faunan eta paisaian, ur asko kontsumitzen baitu eta basoetako suteak errazten baititu. Horrez gain, horren kudeaketa intentsiboak arraseko mozketa egitea eskatzen du, higadura eta lurzoruaren galera eraginez.

Eukaliptoen landaketek eragindako kalteak eta kopuruan eta azaleran izan duten hazkunde handia gorabehera, gaur egun aldundiek ez dute arazo horri aurre egiteko inolako araudirik garatu. Era berean, ez dago plangintzarik monolaborantza hori lur publikoetatik kentzeko. Portugalen landatzea debekatuta dago, Galizian mugak jartzen ari dira, eta Estatu-mailan ere zientzialariek espezie inbaditzaile gisa kontuan hartzea proposatu dute.

Habitat-ak suntsitzea, zatitzea eta espezie inbaditzaileak sartzea dira gure baso autoktonoen biodibertsitatearen mehatxu nagusietako batzuk.

Gipuzkoako eta Bizkaiko Mendi Publikoko baso-azaleraren zatirik handiena udalei dagokie, eta, normalean, kudeaketa Aldundiari uzten diote.

Lurraldean, bertoko basoen azalera handitu behar da. Bere biodibertsitatea bermatuz eta azalera handituz, kontserbazio eta jolas funtzioak bete ditzaten, merkatuan balio handia duten aritza, gereziondoa, gaztainondoa edota pagondoa bezalako bertoko espezieen kalitatezko egurraren produkzioarekiko apostua eginez.

Arrazoi hauek kontutan hartuz, Foru Aldundien aldetik laguntza- ildo zehatzak ezartzea proposatzen dugu, lursail pribatuentzat baso-laguntza berriak sortuz, eta biodibertsitatea babestuz eta higadura ekidituz baso-kudeaketa pribatu jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren tresna eta laguntzak emanez.

Goi-mailako balio ekologikodun basoen kontserbazio eta birsorkuntzarako diru laguntzak areagotu eta hobetu beharko lirateke: %50-%60 baino aldapa gogorragoa duten lursailetan higidura prozesuak sortzen ez dituzten egur erauzketa teknikentzat diru-laguntzak emonaz, erriberako landaretza berreskuratuz eta mantenduz, ibai edo errekaren ibilguaren alde bietara 20 metrorarte erriberako basoa berriztatuz, eta baita ibai edo errekaren ubidearen alde bietara gaur eguneko 5 metroetatik 8 metrotara lursail pribatu guztietan, lur-eremu hauek kontserbazio lursail bilakatuz.

Baita ere, boluntariotzaren bidez lur-eremuen zainketan edo sentzibilizazio eta ingurugiro heziketan diharduten erakundeentzat, baso autoktonoen sorrera bideratzeko diru-laguntza ildo bat eratzea.

Honetaz gain, Eguzkitik landa eremuko lurjabeei eskatzen diegu, honelako zuhaitz espezieak, ingurumenerako kaltegarriak direnak, eukaliptoa esate baterako, alde batera utzi ditzatela. Diru iturri azkarretan soilik pentsatzeari utzi eta bere lurraren emankortasuna eta ingurumen kalteak ere baloratuz. Bestalde, Aldundiari azken hamarkadetan zehar eman den baso politika negargarria eta zuraren sektoreko lobby pribatuen esku egon dena berbideratzen jarrai dezala eskatzen diogu.

Ibarrola errekaren egoera salatu eta Legazpiko Udalari garbitzeko eskatu dio Eguzkik

legazpi-ibarrolaLegazpiko Ibarrola errekaren egoera salatu nahi du Eguzkik. Izan ere, erreka baino gehiago zabortegi bat dirudi, honako bideo honetan ikus daitekeen bezala:

https://youtu.be/soW1nbpBDlg

Gauzak horrela, Legazpiko Udalari eskatzen diogu, betiere bere eskumenen barruan, errekasto hori kutsatzen duten ehunka kilo zabor garbitzeko. Halaber, aurrerantzean zabortegi gisa erabil dezaten eragozteko neurriak ere eskatzen dizkiogu.

Askotan geure buruari galdetzen diogu ea zein den Urolak itsasoranzko bidean garraiatzen dituen era guztietako hondakinen sorburua. Bada, Ibarrola eta antzeko erreka txikietan has gaitezke erantzuna bilatzen.

Halaber, askotan, Agenda 21ean edo ingurumenari buruzko foro batean edo bestean, pedagogia egin beharraz hitz egiten dugu. Bada, Ibarrolan nola jokatu behar den eraskusteko aukera paregabea du Legazpiko Udalak.

Eguzki, 2020ko abuztua

AHTren lanak gelditzearizi ditu Mugituk! Nafarroan

 AHTren obren itxiera Clausura obras TAV 2

 Mugitu! Mugimenduko kideek ekintza deigarri bat tarteko, Nafarroako abiadura handiko trenaren lanak gelditzea lortu zuen.

Hona hemen ekintzaren xehetasunak eta berau aurrera eramateko arrazoiak azaltzeko plazaratu duten agiria.

AHTAREN OBRAK “ITXI” DITUZTE NAFARROAN

EKINTZAREN KRONIKA:
Gaur goizean, Mugitu Mugimenduko kideek!  AIREF (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea) erakundearen organo exekutiboaren papera irudikatuz, Villafranca-Peralta azpitartean AHTaren obrak “itxi” dituzte, OHL enpresa eta bere azpikontraten makinak zein azpiegiturak  zigilatuz, erakunde horrek duela egun gutxi argitaratutako azterlana aplikatuz. Azterlan horretan, gobernu zentralari gomendatzen zaio AHTaren eraikuntzaren jarraipena birplanteatzea egiteke dauden lineetan.

 AHTren obren itxiera Clausura obras TAV 6

Horretarako, ekintzaileak Martzillako lurretan Aragoi ibaiaren ibar-ibarren gainetik dagoen km batetik gorako bidezubiaren obra-eremuan agertu dira. Azpimarratu behar da interes ekologiko handiko lekua denez, legez babestuta dagoela. Obrak ixteko eta zigilatzeko agindua eman diote obren buruari. Ondoren, zubiaren euskarriak ainguratzeko lanak egiten ari diren zulagailuak zein bestelako makineria eta kamioiak zigilatu dituzte. Kamioien zirkulazioa ere geldiarazi ondoren  zigilatu dituzte. Paneletan, seinaleetan, makinerian eta bestelako azpiegituretan itsasgarriak jarri dituzte, lanen itxiera adierazteko.
Ekintza hamaiketan hasi eta hogei bat minutu igaro ostean, handik alde egin dute, inolako istilurik izan gabe.

Ekintzaren adierazpena atxikitako dokumentuan.

Mugitu! Mugimendua, 2020ko abuztuaren 13an.

Martuteneko Barkaiztegi bidean legez kanpo utzitako hondakinak salatu ditu Eguzkik

Martutenen, Barkaiztegi bidean, Lanbide Heziketako Institutu zaharraren sarreran, legez kanpo utzitako honako hondakin pilo hau dago:

barkaiztegi1Ez dakigu zehatz-mehatz noiztik dagoen han, baina badakigu joan den otsailean Udalari haren berri eman geniola (beharbada ez zekielako edo pasatu egin zitzaiolako) eta erretiratzeko eskatu geniola.

Geroztik sei hilabete igaro diren arren, piloa zegoen leku berean dago. Are gehiago, espero zitekeen bezala, hondakin berriekin “aberastu” da. Hori erraz ikus daiteke aurreko argazkia otsailean atera genuen honako honekin alderatuta:

barkaiztegi2Hondakinak hor uzten dituena, gaizki, oso gaizki, jakina. Batez ere kontuan hartuta Arizmendiko hondakindegia handik gertu dagoela. Baina Udalak, “garbitasunarekin” zerikusia omen duten beste kontu batzuetan hain zorrotz jokatzen duenak, ezin du bere erantzukizuna saihestu. Batez ere hondakinen berri eman genionetik sei hilabete igaro direla kontuan izanik.

Eguzki, 2020ko abuztua

Zikintzeko eta ez birziklatzeko moda berria Barakaldon

Zakarrontzi gehiago eta gutxienez edukiontzi hori bat Gorostizan. Hori izan zen uztailean udaletxean erregistratu genuen eskaera, lehenbailehen eztabaidatu eta onartzeko. Bada, uztailean ez zen izapidetu, eta, antza denez, abuztuan ere ez, antza denez.

50 egun baino gehiago ez zirenZakarrontzi gehiago eta gutxienez edukiontzi hori bat Gorostizarentzat. Uztailean egin genuen eskaera, eta udaletxean erregistratu genuen, lehenbailehen eztabaidatu eta onartzeko, ez baitzen izapidetu, eta abuzturako ere ez, antza denez.

Gorostiza colchoneta50 egun baino gehiago ez omen dira nahikoa izan Udalak dozena bat zakarrontzi gehiago jartzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiari edukiontzi hori bat eskatzeko (erabiltzaileei birziklatzeko aukera emanez). Ez dirudi, ordea, gastu handiegia denik edo ahalegin handiegia denik hori egiteko edo bideratzeko hilabete baino gehiago behar izateak.

Horrela, minimizatu egingo genuke hondakinen ikuskizun lotsagarria Castaños ibai ertzeko zelaietan (gogoan izan Castaños arrain hiruarantzaren habitata dela), Gorostizan, asteburu guztietan, eta udan astegunetan ere bai. Zakarrontziekin eta edukiontzi horiarekin batera, parkeko faunari eta florari buruzko informazio-panelak eskatu genituen. Panel horiek Aldundiaren ardurapean daude, eta, segurtatu digutenez, egin egin ditzake. Zeren zain zaudete?

Gure eskaera “B” bezaka sailkatu dute, beraz, txosten bat egin behar da. Arestian esan dugun bezala, uztailean ez zen udalbatzaren gai-zerrendan sartu eta abuztuan ere ez. Horrela jarraituz gero, txanda iristen zaionerako Gorostizako parrillada eta okupazio masiboko sasoia pasatuta egongo da. Gauzak horrela, datorren urteko aurrkontuan sartzen joan zaitezkete. Antza denez, birziklatze- eta isurketa-kontuetan inoiz ez dago presarik.

Hainbeste kostatzen al zaie zakarrontzi batzuk jartzea?

Bankuetan Gorostiza

Barakaldok jarraitzen du klima-aldaketari aurre egiteko neurririk hartu gabe, nazioarteko erakunde guztiek behin eta berriro neurriak eskatzen dituzten arren. Klima-aldaketari aurre egiteko eta, bide batez, klima-aldaketak berekin dakartzan pandemia eta hondamendiei. Hartu beharreko neurrien artean, eraginkorrenetakoak dira bertako basoak zaintzea eta, oro har, bioaniztasuna suspertzea. Bide horretan, hirietan naturguneak zaintzea, batez ere konfinamendu eta, oro har, pandemiaren inguruan bizitzen ari garenaren ondotik, lehentasunetako bat izan beharko luke gure politikarientzat. Izan ere, jarraitzen dute neurririk jarri gabe kutsadura gutxitzeko eta birziklatu ahal izateko, pixka bat, behintzat.

Ingurumena zaintzea ez dago bogan. Agerian dago gure erakundeetan beste norabide baterantza daukatela ikuspegia jarrita eta horregatik gure azken eskaerak ez du nahi genuen erantzunik jaso.

Jarraitzen dugu izadiari merezi duen garrantzirik eman gabe, aspaldian gure lehentasunen artean jartzeko soberazko argudioak eman badizkigu ere. Baina gu, gurean jarraitzen dugu, gure antzezlanari bizia ematen, eta horrela doakigu.

 Gorostiza zarama zuhaitzanEskerrak izadiaren eskuzabaltasunak mugarik ez duen, eta espero dugu, goiz baino beranduago, ingurumenaren zaintza gure lehentasunetan jartzea. Porlanezko esparruak aldatu egin behar ditugu. Lurrik gabe, urik gabe, izadirik gabe, ez gara ezer, eta ez zaigu ezer geratuko. Gutxigaitik has gaitezke: landare bat zaindu, lorategi bat zaindu, parke bat zaindu, eta horrela, ingurumenarekin harmonian bukatu arte.

Merezi du.

Eguzki Barakaldo

                                                  2020-8-25

Eguzki isileko ehiztariei egindako mesedeen kasuan Fiskaltzak jarritako salaketaren aurrean.

ehiza postua

Atzo jakin genuenez, hainbat hilabetez ikertzen aritu ondoren, eta Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko zenbait pertsonari deklarazioa hartu ondoren, Fiskaltzak funtzionario bat salatzea erabaki du dokumentuak faltsutzeagatik, kasuari buruzko informazio garrantzitsua jakin eta ezkutatu dezaketen gertaeretan oinarrituta.

 
Manzanosen kasua deiturikoaren aurrekari gisa (2017koa da), gogoratu behar dugu bi ehiztarik bi zaindari pribatu ikusi zituztela hildako orkatza arrastaka eramaten eta ezkutatzen, eta Aldundiko basozainari abisatu eta salaketa jarri zutela.

 
Espedientea artxibatu egin zen, eta, prozedura irregular horren ondorioz, egiaztatu zen 2014 eta 2016 bitartean zigorra izapidetzeak leku txarrean uzten zituela salatzaileak, salaketen emaitza ere oso onuragarria baitzen salatuentzat. Jarritako 180 salaketetatik, 81 baino ez ziren zehapen-proposamenarekin amaitu, isileko ehiztariei edo arau-hausleei jarritako isunen larritasuna eta zehapena kenduta edo murriztuta. Jarritako salaketen ia erdiak (86) artxibatu, preskribatu edo ez ziren izapidetzen hasi ere egin. Gainera, beste 18 zehapen mailaz jaitsi zituzten ikerketaren eta zehapen-proposamenaren aurrean.

jpg__caza-da252

Bestalde, 2018an, epaile batek artxibatu egin zuen Fiskaltzak aurkeztutako salaketa bat, basozainek aurkeztutako espedienteen izapidetze-datuei buruzkoa.

Aldundiko basozainen kolektiboak, mendi publikoa, ehiza-barrutiak eta parke naturalak zaintzeko 40 pertsonak osatutakoak, beren lanean jasaten dituzten mehatxuen berri eman du, eta mehatxu horiek ez dira epaitegi arruntetara eramaten.

 
Gertaera horien aurrean, luzaroan, eta foru funtzionario baten aurkako egungo salaketaren aurrean, Eguzkik eskatzen du ikertzeko bai informazioa ezkutatzea edo dokumentuak faltsutzea, bai gure lurraldean basozainen salaketaren xede izan diren espedienteek sortu ahal izan dituzten interes eta onurak, beste espediente susmagarri batzuekin batera jardun ahal izateko, eta trama edo jarduketa irregularraren edo delitu jarraituaren zantzurik badago.

 
Mendiak zaintzeaz eta ehiza-arauak errespetatzeaz arduratzen den Administrazio eskudunaren ikuspuntutik, Eguzkik eskatzen du argi dezala Foru Aldundiak arau-hauste administratiboengatiko espedienteen izapidetzearen funtzionamendu osoa, kudeaketa-auditoria baten bidez. Auditoria hori ezin da egon foru-arduradunen, inplikatuen edo ikertuen esku, horregatik presazkoa eta beharrezkoa da ustelkeriaren eta ehizari buruzko zehapen-espedienteen kudeaketan irregulartasunen aurka egingo duen agintaritza bat sortzea, gardentasunaren, gardentasuna  eta informazioaren publikotasuna oinarri izango dituenak.

 

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra Gasteizen, 2020ko abuztuaren 18a.

Ulia, azkenean, tirorik gabeko gune segurua denontzat

Parke seguruaren alde egindako mendi-martxetako batean honako argazki hau atera genuen.

Parke seguruaren alde egindako mendi-martxetako batean honako argazki hau atera genuen.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du Donostiako eta Pasaiako udalerrien zati bat ehizarako segurtasun zona deklaratzen duen Foru Agindua. Agindu horri esker, irailaren 1ean hasiko den ehiza-denboraldi berrian, Ulian ez da tirorik egongo, eta berriro ere erabiltzaileontzako gune segurua izango da.

Idatzi hau izenpetzen dugun talde eta elkarteok urteak daramatzagu tirorik gabeko parke seguru baten alde egiten. Foru Agindu honen jendaurreko informazio-fasean ere parte hartu dugu, eta gure poza publikoki adierazi nahi dugu, azkenean argitaratu delako.

Gogorarazi nahi dugu Aldundiak 2014an debekatu zuela Ulian ehiza egitea, Donostiako eta Pasaiako udalek hala eskatuta. Halaber, Donostiako eta Pasaiako udalen eskaera haren atzean aspaldiko herri-errebindikazio bat zegoen. Iaz, ordea, Aldundiak berriro baimendu zuen Ulian ehiza egitea, epai judizial baten ondorioz. Epai hark Ehizaren Legearen paragrafo akastun bat zuen oinarri. Eta paragrafo akastuna zela diogu ezinezkoa delako ehiza-eskubidea beste edozeren gainetik egotea, baita ehiza-alorrean eskumen guztiak dituen Foru Aldundiaren beraren erabakien gainetik ere. Hain justu, akatsa zuzentzeko eta erabakimena berriro ere Aldundiaren esku uzteko, joan den abenduan Eusko Legebiltzarrak Ehiza Legearen paragrafo hori AHO BATEZ zuzendu zuen. Zuzenketa hari esker, Aldundiak berriz ere ehiza debekatu ahal izan du Ulian, gaur argitaratu duen Foru Aginduaren bidez. Beraz, hastear dagoen ehiza-denboraldi berrian ez da tirorik egongo Ulian, eta, horrela, oinarrizko baldintza bat berrezarrriko da erabiltzaile guztiok parke horretaz modu baketsuan goza dezagun.

Joan den abenduan, une hartan Eusko Legebiltzarra osatzen zuten bost indarrek aho batez ahalbidetu zuten Ulian ehiza egitea, diagrama honek erakusten duen bezala.

Joan den abenduan, une hartan Eusko Legebiltzarra osatzen zuten bost indarrek aho batez ahalbidetu zuten Ulian ehiza egitea, diagrama honek erakusten duen bezala.

Behean sinatzen dugun talde eta elkarteak gara gaur argitaratutako Foru Aginduaren jendaurreko informazio-fasean Ulian ehiza debekatzearen aldeko idatzi bat izenpetu ahal izan dugunak. Baina badira ere beste elkarte batzuk urte hauetan guztietan tirorik gabeko parke baten alde lan egin dutenak eta informazio-faseko idatzia izenpetzerik izan ez dutenak (udak eta pandemiak ez dute erraztu). Nolanahi ere, haiei ere espresuki eskerrak eman nahi dizkiegu, baita urte hauetan guztietan tirorik gabeko Uliaren alde egin duten pertsona anonimo guztiei ere. Izan ere, ez dugu zalantzarik: gu guztion lana ERABAKIGARRIA izan da helburua lortzeko.

Eguzki Talde Ekologista, Ekologistak Martxan, Ugatza Ornitologia Elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, SEO Donostia, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Club Vasco de Camping, Jaizkibel Amaharri, Uliako Auzo Elkartea, Uliako Lore Baratzak, Uliako Lagunak, Club Atlético Trintxerpe eta Trintxer Mendi Taldea