All posts by Donostia

Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik Busturialdeko ibaietan gutxieneko emari ekologikoa murriztea onartu dela salatu dute

Mape erreka. Uaa partean, askotan, presa txikiek ez dute ia ura pasatzen uzten eta, ondorioz, ez dute gutxieneko emari ekologikoa errespetatzen.

Maiatzaren 10ean Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseiluaren bilkuran izan ondoren, Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik Busturialdeko ibaietan (Oka, Mape eta Golako) gutxieneko emari ekologikoa murriztea eta uraren kanona atzeraeraginezko izaerarekin ordaintzetik salbuestea onartu zela salatu zuten.

Emari ekologikoa ibai batek bertan bizi den faunaren bizitza bermatzeko izan behar duen gutxieneko emaria da, baita ibilguaren eta ibaiertzetako landaredia ere. Busturialdean gutxieneko emari hori murrizteak, erregulartasunez bizi diren herritarrak hornitzeko arazoak baititu, biodibertsitatea mehatxatzen du argi eta garbi.

Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik uste dute, oro har, ez dela beharrezkoa emari ekologikoak murriztea, ezta behin-behinean ere; izan ere, Uraren Legeak aukera ematen du, 59. artikuluaren arabera, “biztanleria hornitzeko emari ekologikoak ez betetzeko, bestelako hornidurarik ez badago“. Hala ere, neurri hori ezin zaie aplikatu RAMSAR (Nazioarteko Garrantziko Hezeguneei buruzko Konbentzioa, hezeguneak eta haien baliabideak kontserbatzeko eta zentzuz erabiltzeko) eremuetan dauden ibaiei. Horixe da Oka, Mape eta Golako ibaien kasua, eta, beraz, babestuta daude, eta ezin da urik hartu haien emari ekologikotik behera, ezta murriztu ere.

Nabarmendu behar da badaudela aurrekariak. Gernika-Lumoko Epaitegiak, 2023an, ikerketa penal bat ireki zuen Busturialdeko antzinako Ur Partzuergoaren aurka, Bizkaiko Fiskaltzak eskatuta, Mape ibaia lehor uzteagatik. Partzuergo hori gaur egun Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren barruan dago. 2020ko udan emaria legeak ezartzen duen emari ekologikoaren azpitik uzteko erabakia, eremuko urez hornitzeko, arriskutzat jo zuen fiskaltzak zonako faunarentzat eta florarentzat. Ekologistek uste dute oraingo aldaketa bizkarrak estaltzeko dela

Salaketaren testua osorik irakurri nahi izanez gero:

Ekologistak Martxan y Eguzki denuncian la aprobación de la reducción del caudal mínimo ecológico en los ríos de Busturialdea y la exención del pago del canon del agua con carácter retroactivo | Ekologistak Martxan – Euskal Herria

Okendotegi bideko hondakinak jasotzen hasi dira: bazen ordua!

Gaur arratsaldean. Ikusten den zaborra garbitutakoaren hondarra baino ez da.

Martutene Auzoak informatu duenez, gaur hasi dira jasotzen azken urteotan Okendotegi bidean, Bigarren Ingurubideko zubibidepean, legez kanpo pilatu diren hondakinak.

(20+) Facebook

Egia esan, bazen garaia, hainbat taldek behin baino gehiagotan salatu dugun bezala, hura bene-benetako zabortegi bihurtzeko bidean baitzegoen. Horren lekuko dira Martutene Auzoaren irudi-puzzlea edota Eguzkik iazko irailean egindako bideoa:

Donostia legez kanpoko hondakinak 1 – YouTube

Eguzkik orain dela urtebete salatu zuen lehen aldiz, baina ordurako auzokoen kexak aspaldikoak ziren.

Gaur, gutxi gorabehera hondakinen erdia jaso dute. Hemendik aurrera baimenik gabeko ibilgailuei bidea ixtea litekeena dela ere ikusi dugu.

Ez dakigu, ordea, garbiketa Udala, Aldundia edo biak ala biak elkar hartuta egiten ari diren. Egia esan, bere momentuan esan genuen bezala, axola digu egiteak, ez zeinek egiten duen. Baina aitor dugu jakin-min pixka bat ere badugula, kontuan izanda hainbat urtez pilota elkarri patzen airtu direla.

EGUZKI, 2024ko maiatza

Gurko irudia. Kontainerren eskuinean dagoen lur-zerrenda hondakinez beteta zegoen.

Erantzun zabala lortu du Donostia Defendatuzek

Erantzun ederra izan du Donostia Defendatuz koordinadorak gaur eguerdirako egindako manifestazio-deialdiak. Irutxuloko Hitzaren esteka kopiatzen dugu, kronika ez ezik argazki-bilduma oparoa eskaintzen baitugu:

Hiri eredu bizigarri baten aldeko manifestazioa egin dute ehunka lagunek – Irutxuloko Hitza : Irutxuloko Hitza

Giroan zeuden alkateak aste honetan bertan egin dituen adierazpenak. Batetik, DDko kide den STOP Desahuciosi ia-ia etxebizitza-arazoaren erantzule izatea leporatu dio, plataformak, DVko lursailetan babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraiki behar direla iritzita, proiektuari helegite bat jarri diolako. Bestetik, Eneko Goiak aprobetxatu du deskalifikatzeko udal gobernuaren hainbat proiektuarekin bat ez datozen mugimenduak, guztiak edo ia guztiak Donostia Defendatuzen partaide direnak. Ezezkoaren Kluba osatzea leporatu die. Bai, edonondik begiratuta ere, ezin da esan, ez, alkatea oso-oso originala denik.

Eneko Goiak dio Donostia Defendatuz “gauza guzti-guztien kontra” dagoela.  Egia ote? Zuk zeuk baloratu. Hona hemen manifestua:

Manifestazioa “Donostia ez dago salgai” | Donosti Defendatuz (donostiadefendatuz.org)

Nolanahi ere, guk garbi ikusten dugu etxegabetzeen kontra egotea etxebizitza-eskubidearen alde egotea dela; Culinary Center Manteon eraikitzearen kontra egotea, parke publiko baten alde egotea dela; neurriz gaineko turistifikazioaren kontra egotea auzo bizigarrien alde egotea dela; erraustegiaren kontra egotea birziklatzearen alde egotea dela… Portzierto, Donostia da, alde handiarekin, gainera, Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen udalerria.

Baina Goiak ez omen du proposamenik ikusten, ezezkoak baino ez. Gauzak horrela, nahiko garbi dago Goiak ez duela entzuten, edo, hobeto esan, promotoreek esandakoa baino ez duela entzuten.

Beste arrano beltz bat hil da egokitu gabeko linea elektriko batean

Arrano beltza eletrokutatua. Iturria: sierrasalvada.blogspot.com

Juan Manuel Pérez de Ana biologoaren bidez jakin dugu arrano beltz bat hilik aurkitu dutela Gorobel mendilerroan, Iberdrolak egokitu gabeko linea elektriko batean elektrokutatuta. Arrano honi 2020an jarri zioten eraztuna, oraindik kumea zela, Arabako Erriberagoitian. Orain, berriz, hilik aurkitu dute Villalba de Losan, Burgosen, alegia.

Sierra Sálvada (sierrasalvada.blogspot.com)

Testu honen izenburuan “beste arrano beltz bat” ipini dugu abenduan beste bat hil zelako modu berean, eta, hain justu, Erriberagoitian.

Arrano beltz bat hil da egokitu gabeko linea elektriko batean, Erriberagoitian | Eguzki Talde Ekologista

Orduan gogorazi genuenez, asko eta asko dira, gehiegi, oraindik behar bezala egokitu gabe dauden linea elektrikoak, nahiz eta Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartu zituen.

Hegaztientzat, batez ere harraparientzat, latza da arazo hau; pozoiak, tiroak edo auto-istripuak baino are latzagoa. Aipatutako Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jo zuen.

Hala ere, Eguzkitik behin baino gehiagotan salatu dugun bezala (Linea elektrikoetan hegaztien heriotzak eragozteko baliabideak eskatu ditu Eguzkik – Eguzki Talde Ekologista), Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek ez diote eskaintzen arazo honi gure ustez merezi duen arreta. Horren ondorioz, Iberdrola presa handirik gabe ari da.

Lemoiz, herri-garaipenetik 40 urte

Zentral nuklearrik gabeko kostaldearen aldeko borrokaren garaipena ospatzeko, asteburu osoko egitaraua antolatu du Enaden Begiak elkarteak.

Kartelean, “40. urteurrena herri garaipenetik” irakur daiteke. Izan ere, 1984ko ekainean onartu zuen Espainiako Gobernuak moratoria edo luzamendu nuklearra. Hasieran moratoria zenak, denboraren poderioz, hainbat zentral behin betiko baztertzera eraman zuen, tartean Lemoizkoa. Hain justu, Lemoizkoa izan zen Euskal Herrian Deban, Ea/Ispaster eta Tuteran proiektatuetatik aurrera egin zuen bakarra.

Horrelako ekimenak beti dira ongietorriak. Batetik, memoria egurastea komeni delako, galduko ez bada. Are gehiago deskarbonizazioaren aitzakian energia nuklearra “berdez” mozorrotu diguten honetan. Bestetik, laguntzen dutelako bistaratzen zentralaren hondarrek hor jarraitzen dutela, eta horien eta Basordako inguruaren etorkizunari buruzko eztabaida soziala behar-beharrezkoa dela. Jaurlaritzak 2019an hartu zuen parajearen ardura, baina geroztik eztabaida hori ukatu egin du. Bada jarreraz aldatzeko garaia.

“Donostia ez dago salgai!” manifestazioa, igandean

Donostia Defendatuz koordinadorak datorren igandean, hilak 26, “Donostia ez dago salgai!” lemapeko manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Hitzordua Easo plazan izango da, 12:00etan.

Hiriko hainbat auzo-elkartek eta gizarte-mugimenduk osatzen duten Donostia Defendatuz koordinadorak adierazten du Donostiako egungo hiri-eredua gutxiengo baten onurara bideratuta dagoela; gehiengoaren bizi-baldintzak baztertuta geratzen dira sektore pribilegiatuenen mesedetan. Espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko Udal Gobernuaren erabakiak bata bestearen atzetik hartzen dira, hiria turistifikazio prozesu basatian sartu, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari eragiten dion bitartean.

Igandeko manifestazioaren berri emateko, gaur goizean Udaletxe aurrean eskainitako prentsaurrekoa.

Manifestu osoa zein manifestuarekin bat egiten dugun elkarte eta talde guztien izenak hemen ikus ditzakezu:

Manifestazioa “Donostia ez dago salgai” | Donosti Defendatuz (donostiadefendatuz.org)

Manifestazioak badu orain dela urtebete egin zen aurrekari arrakastasu bat:

Oso erantzun zabala Donostia Defendatuz plataformaren deialdiari | Eguzki Talde Ekologista

Eguzkik, manifestuaren sinatzaileetako bat izanik, dei egiten du espresuki igandeko manifestazioan parte hartzera.

Donostiak azken putz izaten jarraitzen du Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketan, gero eta gehiago, gainera

Errefuxaren edukiontzia kudeatu egin behar da errefuxa bil dezan, ez hondakin guztiak nahastuta. Hori da bidea.

Gipuzkoan 2023an egindako hiri-hondakinen kudeaketari buruzko datuak argitaratu berri dituzte (1), eta, Donostiari dagokionez, zaharrak berri. Izan ere, Donostiak iaz hondakinen %41,33 baino ez zuen gaika bildu; beraz, gutxien birziklatzen duen herria izaten jarraitzen du. Alde handiarekin, gainera, eta gero eta alde handiagoarekin esatera ere ausartuko gara.

Logikoa ere bada. Udal gobernuak noizean behin esaten du arazoak “kezkatzen” duela, eta egingo balu bezala egiten du, baina benetan egin gabe. Are gehiago, urtetan uko egin dio espresuki gaikako bilketa sustatzeko neurriak harteari (2). Eta neurririk hartu ezean, ezin duzu emaitza hoberik espero, jakina.

Hondakin Lege berriak, Europar Batasunaren helburuak bere eginez, zera dio: “para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso”. Alegia –eta xehetasunetan sartu gabe–, 2025erako, hiri-hondakinen %55, gutxienez, gaika bildu behar da. Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten helburua. Eta Donostiak?, Donostiak oraindik helburua epe barruan lortzeko moduan dago? Ez dirudi, batez ere udal gobernuaren partetik saiatzeko asmorik ere ez delako sumatzen.

DATUAK

Honako taula honetan, hondakinen gaikako bilketa 2022an eta 2023an, San Marko Mankomunitatean, herriz herri:

Honako honetan, berriz, hondakinen gaikako bilketa 2022an eta 2023an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

Lehenengo taulari erreparatuta, erraz ikusten da Donostiak jarraitzen duela izaten San Markon gutxien birziklatzen duen herria. Iaz orain dela bi urte baino hamarren batzuk gehiago bildu ziren gaika, baina datorren urtean gutxiago ere izan daitezke, hazkunde minimo hori ez dagoelako neurri estrukturalekin lotuta, hau da, ez da zerbait desberdina egin izanaren ondorio. Eta arestian zergatik esan dugu Donostia ranking-eko azkena dela, eta, gainera, besteekiko aldea gero eta handiagoa dela. Bada, orain arte azkenaurrekoa Lasarte-Oria izan delako. Baina Lasarte-Orian neurri estrukturalak hartu dituzte. Neurri horiek 2023ko datuetan oraindik ez dira gehiegi islatu, baina 2024koetan Lasarte-Oriak Donostiarekin duen aldea are nabarmenagoa geratuko da (3).

Beraz, Donostia da San Markon gutxien birziklatzen duen herria, baina, halaber, bigarren taulak ikus daitekeen bezala, San Marko da –Donostiako bilketa eskasaren ondorioz– Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Gipuzkoako batez bestekoa %57,16 da. Hau da, Donostia ia 16 puntu azpitik dago. Arestian esan bezala, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten Hondakin Legeak orain 2025erako ezarri duen %55eko helburua.

Gutxienezko %55 hori betetzea –“un minimo del 55%”, diosku Legeak– Udalaren ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor, ekonomia zirkular, klima-aldaketaren kontrako borroka eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoak itxurakeria baino ez dira, ez dute inolako sinesgarritasunik.

EGUZKI, 2024ko maiatza

(1) Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketari buruzko datuak – Ingurumena – Gipuzkoako Foru Aldundia

(2) 2023ko urrian, Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren urteroko txostenaren aurkezpenaren harira, honi buruzko irakurketa bat egin genuen: http://eguzki.org/2023/10/09/gutxienez-legeak-agindu-bezainbeste-birziklatzeko-neurriak-eskatzen-dizkio-eguzkik-donostiako-udalari/

(3) Izan ere, Lasarte-Oriak San Markoko azkenaurrekoa izateari utzi dio, Pasaiari aurrea hartu baitio. Nolanahi ere, Lasarte-Oriak zein Pasaiak 6 puntuko aldea ateratzen diote Donostiari. Paradoxa da Pasaia, berez, hondakinen %69,99 gaika biltzera iritsi zela… 2015ean!: Pasaiak etxeko hondakinen gaiakako bilketa hobetu egin behar du, baldin eta Europar Batasunak 2025erako ezarritako gutxienezko kopurua lortuko badu | Eguzki Talde Ekologista

Zubietako erraustegira martxa

Martxa aldapan gora, dagoeneko erraustegitik gertu. Atzeko mendia Buruntza da.

Gaur goizean egin da Lasarte eta Zubietako erraustegi bitarteko martxa, Errasustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta eta Donostia Bizirikek, Eguzkik eta Ekologistak Martxanek babestuta.

Eguzki en X: “Gipuzkoako erraustegiaren aurkako martxara etorri gara! Kontu ilun eta usain txar gehiegi dario Gipuzkoako erraustegiari!! #ErrausketarikEz !! https://t.co/5MmJl8l6Mq” / X (twitter.com)

Hemendik aurrera, ososrik, martxa bukaeran irakurri den testua…

Hemen gaude berriro ere Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Elkarteko agintariei ozen oihu egiteko:

ITXI EZAZUE BEHINGOZ ALFERRIKAKO ERRAUSTEGI ZIKIN, ARRISKUTSU ETA GARESTI HAU!

EZ, EZ, EZ, ERRAUSKETARIK EZ, EZ ZUBIETAN ETA EZ INON!

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren izenean, bihotzetik mila esker honaino hurbildu zareten guztioi. Esango dute ez garela jende asko… esango dute ez dugula indar handirik… Baina denon artean batetik eta bestetik bultzaka ari garelako, Erraustegi honen egia ezkutuak pixkanaka ari dira ateratzen argitara.

¿Gogoratzen Erraustegiaren propagandistek nola aipatzen zuten “zaborren turismoa”? Alegia, Gipuzkoan Atez Atekoan eta beste sistema garbietan ari diren herrietako datuak faltsututa omen zeudela, inguruko herrietara eramaten omen zituztela zaborrak eta abar… ¿gogoratzen?

Lagunok… Hona hemen “Zabor Turismoa”-ren motorra, Gipuzkoako “Zabor Turismo” handia egiten duen Zubietako Erraustegia. Herritarrei sinetsarazi nahi digute gure zaborrak Zubietako instalazio handi eta garesti hauetan “desagertu” egiten direla… baina ez dira desagertzen: erretzean hondakin arriskutsu bihurtu eta Erraustegiak bazter guztietara bidaltzen ditu. Behin eta berriro, desastre honen arrastoak ari dira azaltzen batean eta bestean.

Zubietako erraustegi honetan sortutako lixibiatu likidoak behin eta berriro agertu dira Arkaitzerrekan: hortxe dago erreka erreta, arrai eta gainerako bizidunak hilda.

Zubietak sortutako beste zabor zati bat (5.500 tona) modu ilegalean Artaxoara (Nafarroa) bidali dituzte hemendik… Nafarroako Gobernuak debekatu duen arte. Geroztik, Bizkaira bidaltzen hasiak omen dira.

¿Agintariek zergatik ez dituzte aipatzen errauts toxikoak, Erraustegi honetan 100 tona hondakin erreta 3 tona errauts oso toxiko sortzen dituztela, zabortegi bereziak behar dituztenak? Hemendik ateratzen dira Gipuzkoako “exportazio” berriak: errauts toxiko pila horiek Santovenia de Pisuergara bidaltzen dituzte, 330 kilometrora.

Ez digute esaten beste hau ere, baina badakigu: Erraustegian erretzen dituzten hondakin tona guztien %23 zepa edo eskoria bihurtuta ateratzen dela labetik. Horiek Zubietatik inguruko zementu fabriketan banatzen dituzte, gero etxe, eraikin publiko eta gainerako azpiegituretan sartuta uzteko.

Asensio jauna, EAJko eta PSEko agintariok: horra zuek eten gabe sortzen duzuen “Zabor Turismoa”! Pozoi hutsa!

Erraustegiaren beste “zabortegi” handia atmosfera da. Bertara isurtzen dituzte hemen milaka tona CO2 (kilo bat CO2, erretako zabor kilo bakoitzeko) eta NOx. Erraustegia izango da larrialdi klimatikoa sortzen duten gas hauen igorle nagusia Gipuzkoan. Eta, gainera, Erraustegiak  inguruan sakabanatzen ditu oso-oso kutsakorrak diren dioxinak, furanoak, metal astunak eta PIFAS edo “kutsatzaile eternoak”.

Tristea da baina azkenean, geu bihurtu gaituzte Gipuzkoako hondakinen azken zabortegi: hemen bizi garen eta ondoko urteetan biziko diren pertsonak, animaliak, landareak eta natura osoa.

Agintarien jokabide itsu eta maltzurra ikusita 2019an, Erraustegia martxan jarri aurretik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak (herritar askoren eta zenbait udalen laguntzarekin) Herbehereetako ToxicoWatch fundazioari eskatu zion Erraustegiak inguruan zabaltzen duen kutsaduraren jarraipen eta ikerketa egitea. Bost urtez egin ondoren, datorren astean aurkeztuko dituzte beren emaitzak.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak jada aurreratua du ToxicoWatchen emaitzak oso kezkatzekoak direla, hemen inguruko lur-zoruan, uretan, goroldiotan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari direla dioxina, PCB, metal astun eta PIFAS kutsatzaileen igoerak. ToxicoWatcheko ikerlariak berak gure artean izango dira emaitza horiek aurkezten -maiatzaren 23an Hernanin eta 27an Usurbilen- eta hitzaldiaz gain hedabide, web eta sare sozialetan ere ipiniko ditugu emaitza horiek. Denok gaude gonbidatuta informazio horiek entzun, irakurri eta eztabaidatzera.

Gipuzkoan ondo dakigu hondakinak kudeatzeko badaudela errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan. Horregatik, alferrikako erraustegi hau gelditu beharra daukagu.

EZ, EZ, EZ: ERRAUSKETARIK EZ!
Ez Zubietan eta ez Inon!

Martxa Lasartetik Zubietako erraustegira, larunbatean

Larunbatean, hilak 18, Lasarte-Oria eta erraustegi bitarteko martxa berri bat egingo da, Okendo plazatik goizeko 11:00etan abiatuta.

Aurten ere Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatu du martxa, Donostia Bizirikek, Eguzkik eta Ekologistak Martxanek babestuta. Helburua erraustegia salatzea da, noski. Izan ere, mirari-produktu bat balitz bezala saldu ziguten, eta mirari-produktu guztiak bezala, lehendabiziko momentutik beretik hasi zen bere gabeziak agerian uzten.

Martxa oso une egokian egingo da, hau da, Aldundia erraustegiaren inguruko eztabaida publikoa “behin betiko ixteko” enegarren ahalegina egiten ari denean. Herritarrek behin baino gehiagotan erakutsi dute ez diotela amu horri heltzen, eta larunbatean berriro ere erakusteko aukera izango dute.

Honako bideo honetan, Errasuketaren Aurkako Mugimenduak deialdiaren berri emateko egin duen agerraldia ikus daiteke:

https://www.youtube.com/watch?v=5edBOksmYdo&t=140s

Bestalde, bideoan aipatzen den bezala, ToxicoWatcheko adituak datorren astean aurkeztuko dituzte azken bost urteotan egindako analisien emaitzak. Hona hemen hitzordua:

Lasartetik erraustegira, maiatzaren 18an

Bi deialdiren berri emateko agerraldia egin du Zubietan Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Lehenengo deialdia da maiatzaren 18an Lasartetik erraustegira egingo den martxa berria. Bigarrena, berriz, erraustegiak sortutako kutsaduraren jarraipena egiten duten ToxicoWatcheko adituak laster Euskal Herrira egingo duten bisita.

Martxa Lasarteko Okendo plazatik abiatuko da maiatzaren 18an, esan bezala, goizeko 11:00etan. Agintariei esijituko zaie geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon. Protesta hau babesten dute Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek.

ToxicoWatcheko Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman, berriz, maiatzaren 23an Hernanin eta maiatzaren 27an Usurbilen aurkeztuko dituzte azken bost urteotan egindako analisien emaitzak. Aurreratu dutenez, badaude kezkatzeko moduko datuak.

Honako bideo honetan, EAMaren agerraldia osorik:

https://www.youtube.com/watch?v=5edBOksmYdo&t=140s

EAMaren agerraldia Zubietako frontoian. Argazkia: NOAUA

Irakurri nahiago baduzu, hona hemen testua…

EAMaren bi deialdi: Erraustegira Martxa eta ToxicoWatchen aurkezpen garrantzitsua

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren izenean, gaur hemen bi albiste edo bi deialdi dauzkagu herritarrei proposatzeko.

Alde batetik, Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu Zubietako erraustegiaren aurrean gure protesta azaltzera MAIATZAREN 18an. Lasarteko Okendo plazatik abiatuta goizeko 11:00etan, Zubietako Erraustegiraino oinezko martxa batean mobilizatuko gara, agintariei esijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon. Protesta hau babesten dute Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek. Herritar guztiok zaudete gonbidatuta.

Beste aldetik, jakinarazten dizuegu urteotan Zubietako erraustegiak sortutako kutsaduraren jarraipena egin duten adituak gure artean izango ditugula; azken bost urteotan egin dituzten  analisien emaitzak eskainiko dituzte ToxicoWatcheko Abel Arkenbout eta Kirsten Boumanek. Maiatzaren 23an herritar guztioi irekitako aurkezpena egingo dute Hernaniko Sandiusterrin eta Maiatzaren 27an beste aurkezpen tekniko zehatzago bat Usurbilgo Sutegi aretoan, gaia xehekiago aztertu eta eztabaidatu nahi duten aditu, teknikari, gizarte mugimendu eta hautetsien aurrean.

ToxicoWatchek bost urtez segidan egin die jarraipena erraustegiaren kutsatzaileei, urtero bilduz laginak inguruko uretan, erreketako sedimentuetan, lurretan, goroldiotan eta zenbait landare hautatutan eta baita ere inguruan zenbait familiak autokontsumorako dauzkaten oilategietako arrautzetan.

Horiek analizatu dituzte ikusteko ea baduten kutsatzaileon arrastorik:  metal astunak (beruna, kobrea, zinka, kromoa, merkurioa…), dioxinak, PCBak eta PFASak. Azken kutsatzaile hauek (“kutsagarri eternoak” ere deitzen dituztenak) gaur egun aktualitatean daude, horien debekua eta kontrola legez arautu nahian ari direlako Europa osoan.

ToxicoWatchek jada aurreratu digunez, Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria aurkitu da:

Landareetan igoera nabarmenak ikusten dira dioxinetan, PCBetan eta PFASetan. Adibidez, gorostien hostoetan ikusten da dioxinak eta PCBak bikoiztu egin direla. Goroldiotan ere dioxina eta PCBen igoerak oso handiak dira.

Lurpeko uretan metal astunen aztarnak (beruna, zinka, kobrea…) biderkatu egin dira.

Arrautzei dagokienez, aztertutako arrautzek dioxina eta PCB maila altuak dauzkate eta urteotan horietan igoera oso nabarmenak ikusi dira, jangarriak izateko muga legalak gaindituz.

Honi lotuta, xehetasun bat gehiago: Zero Waste Europe (Europa Zero Zabor) federazioko ordezkariak ere gure artean izango dira egun horietan. Zero Waste Europe aztertzen ari da zer kutsadura eragiten duten Europa osoko hainbat erraustegik: Madril (Valdemingomez), Paris (Ivry), Belgika (Beringen), Lituania (Kaunas), Txekia (Pilsen), Herbehereak (Harlingen)… eta Zubietako erraustegiak.

Horra, beraz, bi deialdi maiatz honetarako. Errausketaren Aurkako Mugimendutik dei egiten diegu herritarrei maiatzeko ekitaldiotan parte hartzera. Motibo faltan ez gaude:

-. Zubietako Erraustegiak lau urte daramatza gu kutsatzen. Egia balitz erraustegiak ez duela kutsadurarik eragiten, hemen bildu diren laginetan ez lukete azaldu behar azaldu diren dioxina, PCB, metal astun eta PFASek.

-. Kutsaduraren azterketa tekniko sofistikatuok ez lukete herri mugimendu baten ardura izan behar: aginte publikoei dagokie herritarren eta naturaren osasuna bermatzea, gardentasun osoz. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu daukaten informazioa eta dauzkaten datuak gardentasun osoz erakutsi ditzatela. ToxicoWatcheko adituen etorrera baliatu dezakete informazioak alderatu eta eztabaidatzeko eta espresuki gonbidatzen ditugu harremanetan jartzera.

Bukatzeko. Hondakinak kudeatzeko badaude errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, eta Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan. Alferrikako erraustegi hau gelditu beharra daukagu. Baina martxan dagoen bitartean, erraustegiaren arduradunen lehentasuna izan behar du bermatzea bertatik ez dela zabaltzen ez dioxinarik, ez PCBrik, ez PFASik, ez metal astunik eta ez bestelako kutsatzailerik; horretarako emisio guztien KONTROLA JARRAIAN egitea premiazkoa da.

Alabaina, gure agintariak tematzen dira justu kontrako norabidean. Bai Erraustegiaren kudeatzaileek eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, informazioak ezkutatzen dizkigute herritarroi Erraustegiak eten gabe sortzen dituen arazo larriak (matxurak, funtzionamendu akatsak, Arkaitzerrekaren erretzea, suteak…) eta gero eta urrutiagora zabaltzen dituzte sortutako kutsatzaileak, Nafarroako Artaxoara legez kontra hondakinak eramatean erakutsi duten moduan.

Horregatik da hain garrantzitsua herritarron mobilizazioa. Esan bezala, Maiatzaren 18an gure protesta eramango dugu Martxa batekin Erraustegiaren atariraino. Eta Maiatzaren 23an eta 27an Erraustegiaren kutsadura zertan dagoen ezagutzeko aukera izango dugu ToxicoWatcheko adituekin eta Zero Waste Europeko ordezkariekin. Herritar guztioi dei egiten dizuegu parte hartzera.

ERRAUSKETARIK EZ!
Ez Zubietan eta ez inon!