Gascok kutsadura-kasuen aurrean ezikusiarena egin eta hondartza-denboraldiaren balantze ezin hobea izan dela esan du

loretopea[1]Ernesto Gasco zinegotziak hondartza-denboraldiaren balantze ezin hobea egin du. “Hamarkadako onena” izan dela esatera ere iritsi da. Eta zergatik izan da onena? Eguraldia lagun hondartzara jende asko joan delako, marmoka gutxi egon denez sorosleek bainuzale gutxiago artatu behar izan dutelako, Ondarretan harri piloa kendu dutelako eta horrelako beste faktore batzuk “ondo” joan direlako. Baina, harrigarriro, Gascok ez du hitz erdirik ere esan Donostiako hondartzek aurten ere pairatu dituzten kutsadura fekalaren kasuei buruz. Ezta uztailean Loretopean gertatutakoaz ere. Gogoratu uztailean, kutsadura zela eta, Kontxako zati horretan bainua debekatu behar izan zutela. Eta hori, Kontxan bainua debekatzea, inoiz ez edo aspaldi-aspaldiko partez, behintzat, gertatzen ez zen gauza da.

Zentzugabea da horrelako balantze triunfalista bat egitea kutsadura-kasuak aipatu gabe, kutsadura oso kontuan hartzeko arazoa delako. Oroz gain, bainuzaleen osasunean eragina izan dezakeelako, baina baita Udalak, kutsadura-iturriaren bila urtebete daraman arren, oraindik aurkitu ez duelako ere.

Ernesto Gascok fribolitatea bihurtu du bere eginkizun politikoaren ezaugarrietako bat. Egia esan, guri bost axola zaigu Albako dukesari koipea eman nahi diotenen artean ukalondoka agertzen bada, Eurovision festibalean egundoko argazkiaren protagonista bihurtzen bada edo zakur turista bati harrera egiten bideoa banatzen badu. Baina kutsadura-kasuak aipatu ere egin gabe hondartza-denboraldiaren balantze triunfala egitea da pasatzen uzteko asmoa ez dugun fribolitate mota. Izan ere, inoiz esan dugun bezala, guri ez digu axola Gascok edo beste batzuek munduko tiporik listoenak direla sinestea, betiere, jakina, besteok tonto konpletotzat jotzen ez gaituzten bitartean. Gogoan izan zer zioen Forrest Gumpek (eta Forrestek asko zekien gaiaz): tontoa da tontakeriak egiten dituena. Eta tontakeria galanta izango litzateke guk Gascori sinetsiko bagenio  kutsadura kontuan izan gabe aurtengoa azken hamarkadako hondartza-denboraldirik onena izan dela esaten duenean.

Eguzki, 2018ko urrian

Arabako eragileak hondakinen plangintza berriarekin ez dute bat egingo

Hiru aldiz errefuxako edukiontzi gehiago dago edukiontzi marroiak baino.

Hona hemen  prentsa oharra:

Arabako eragile sozialek ez dugu berreisten Arabako Hiri Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako 2017-2030 Plana

“Ez dezagun aldaketarik espero beti berdina egiten badugu”

Behean sinatu eta Arabako Lurralde Historikoan hondakinen inguruan lan egiten dugun arabako eragile sozialek, pasa den 2018ko abuztuaren 3an Gobernu Foralak onartu eta orain Norma Forala baten bitartez aprobatzeko eztabaida politikoa soilik falta denean, Planaren inguruko sentsazio batzuk argierazi nahiko genituzke. Labur esanda, ez dugu ez Planaren edukia ezta garapen modua partekatzen.

Planaren edukiaren inguruan gure ustetan, ez ditu programatuta dituen 80 ekintzen aurrekontua bermatzen, tratamendu finalistetan apostua egiten du ekonomia zirkularrera egin beharreko trantsizioa alde batetara utsiz, ez du zuzentzen gaur egungo legedia ez betetzea, eta gainera Europako legediak dioen “kontaminatzen duenak ordaindu dezala” printzipioa ez du bermatzen ezta ere. Gogora dezagun hondakin onena sortzen ez dena dela. Guzti honegaitik, Arabako hondakin politikak pertsonatan eta bere lurraldearekiko arduran oinarritutako aldaketa egin beharra dauka, non eskumenak dituzten Administazioek aldaketa honen dinamizatzaileak izan behar diren baliabideak ipiniaz.

Gardelegiko zabortegia Arabako hondakin planaren oinarria da eta izaten jarraituko plangintza berrian.

Gardelegiko zabortegia Arabako hondakin planaren oinarria da eta izaten jarraituko plangintza berrian ere.

Garapen moduaren inguruan, aurretikan esan beharra dago emendakinak ez direla partehartzeko herraminta bat, baizik eta eskumenak dituzten organuei datu edo balorazio juridiko-faktikoak kontutan izateko prozesu administratibo bat. Hiritar partaidetza politika publikoak egiterakoan sortzen den bitartekaritza hori bezala ulertuta, ez da barneratua izan oraindikan ardura publikoa duten erakundeengandik. Kasu honetan ez dira eskeini informazioan oinarritutako eztabaida guneak, azkeneko erabakia guztion artean itundua izateko ta gainera 2030 urterarte hipotekatzen gaitu. Edukia itundua eta ekintzak aurrera eramateko finantziaketa bermatuta daukan Plan batek, litekeena da emaitz hobeagoak izatea.

Guzti hau eta gizarte-adoztazun ezagaitik, behean sinatzen dugun gizarte eragileok Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza daukazuten partido politiko guztiei, lurraldearen interes orokorra defendatzearen ardura publikoa bere gain har dezazuela eskatzen dizuegu. Horretarako emendakinen bitartez aurkeztutako Plana aldatzeko neurriak hartzea espero dugu. Gure ustetan, partaidetza eta hondakinen edo hobe esanda baliobideen itun bat sinatuz bakarrik lortu genezake.

Hark esan bezala: “Ez ditzagun aldaketak espero beti berdina egiten badugu”

Eragile sinatzaileak:

Gaden Asociación Naturalista
Amalur-Ekialdea
IAN-ANI
Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra
Ekologistak Martxan
Hontza Natura Elkartea
Grupo Ecologista Gaia
Gasteiz Zero Zabor

Vitoria-Gasteiz-en, 2018.eko Irailaren 18an

Bizkaia eta Gipuzkoan baso naturalak berreskuratzeko aukera historikoa irekitzen ari da pinudien gainberaren ondorioz

Eguzkik eztabaida publiko  eta anitza ere eskatzen du.

bosque1

Nekazaritza, eraikuntza eta egurgintza bezalako arloek elkarrekin eragindako gainbera ikusita, Euskal Herriko mugimendu ekologistak baso naturalen (publiko zein pribatuak) birgaipenerako lana egin du hamarkadatan zehar: hariztiak, pagadiak, artadiak, haltzadiak, etabar. Era berean, Bizkaia eta Gipuzkoako egur ekoizpenaren eredu intentsiboa salatu izan da irmoki: mendien industrializazioa, pistak, soilketak, baso suteak, izurrite eta gaixotasunak, fumigazioak, diru publikoaren xahuketa, etabar. Gure mendi eta ibarrak mende oso batez jasaten ari dira inpaktu hauek, bereziki intsignis edo radiata pinuaren landaketa basatia XIX. mendearen bukaeran hasi zenetik, Estatu Batuetatik ekarriz. Ez Araban, ez Iparraldean, ez eta Nafarroan, ez zuten barneratu lurraldea suntsitzeko eredu intentsibo hau.

EAEko azken Baso Inbentarioaren datuak erabiliz (2016), guzti honen ondorioa da 125.000 hektareatako intsignis pinuz landatutako orban erraldoi bat izatea (ez basoak). Gainera, badira beste 80.000 ha gainerako merkatal espezie exotikoz landatuta: bestelako pinuak, izeiak, alertzeak, eukaliptoak, haritz amerikarra, sasi arkazia, etabar. Guzti hauek gure paisaia naturalak infektatu dituzte eta EAEko baso ekosistemetan bioaniztasunaren galera-tasa larriak eragin dituzte. Aipatutako espezie exotiko hauetatik, 25.000 ha (%65 publikoak) Natura 2000 Sarearen barruan kokatua izatea deigarria da benetan, munduko naturgune babestuen sare ekologiko handiena delarik, Europako Batasunaren bioaniztasuna babestera zuzendua.

Gaur egun baso askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Gaur egun baso askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Gehitu behar da gaur egungo baso agertokia hurrengoen bultzadaren esku egon dela: Gobernu Espainiarreko ICONA izandakoa, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak; hori bai, egurjabeen elkarteek eta egurraren sektoreak ezinbestez lagunduta. Naturaren kontserbazioarekiko oldarkortasuna osagai amankomun eta iraunkorra izan da orain arte aipatutako erakunde eta egurraren inguruko eragile hauen artean. Mugarik ez da izan, axola hartu gabe maldak, ibaiak, ur hartuneak ala eremu babestuak dauden ala ez.  Horrela, Ingurumena eta lurralde antolaketari begira, baso ustiaketaren (nagusiki aisialdiko egurgintzan oinarrituta, ez profesionala) eredu honen inpaktuak izugarriak izaten ari dira: erosioa, bioaniztasunaren galera (habitatak, basa fauna eta flora, prozesu ekologikoak,…), ur kalitatearen jaitsiera, urtegiak lohiz betetzea, uholdeen eta ibaietako ur handitzeen laguntza, paisaia naturalen suntsipena, gure mendien artifizializazioa, diru publikoaren xahutzea, etabar.

Orain, espezie exotikoen erabilera masiboan oinarritutako eredu intentsibo honek sortutako izurriteen ondorioz, intsignis pinuaren gainbera itzulezina omen da, onddoetan eta bestelako gaitzen jatorria duten patologia luze bat bere egoera fitosanitarioan eragiten ari delarik: banda marroia, banda gorria, fusariuma, prozesionaria, etabar. Ekologismoak hamarkadetan lortu ez duena, onddo mikroskopikoak lortzen ari dira. Gertatutakoaren ardurak ere eskatu beharko dira, dagokien ikerketak abiatzeaz gain: enpresak, politikoak, funtzionariak,…

Landaketak

Landaketak eta landaketak. Gaikaldean Douglas izeia eta eukaliptoa bhekaldean.

Bestalde, aipatutako Baso Inbentarioaren arabera, baso naturalak (hariztiak, pagadiak, baso mistoak, artadiak,…) EAEk dituen 723.000 ha-etako lurraldeko %75etik desagertu dira dagoeneko, horietatik soilik %31,70a publikoak izanik.

Era berean, mugimendu ekologistak urteak daramatza gure mendien gaineko mehatxu berriaz ohartarazten, Australiako jatorria eta ekosistemen izaera inbaditzailea duten zenbait eukalipto espezieren ustiapenaren inguruan. Horregatik, intsignis pinuaren eta beste hainbat egur espezie exotikoen egoera fitosanitarioa ikusita, euskal baso-eredu gogorrena Gipuzkoan klonatzeko arrisku bizia dagoela salatzen du Eguzkik, Bizkaikoa hain zuzen. Herrialde honetan, eta PNV ereduari esker, eukaliptoaren erabilera intentsiboa 17.000 ha-tan zehar zabaldu da dagoeneko. Era berean, adi egon behar dugu intsignis pinuaren “ordezkoak” izan daitezkeen beste espezie exotikoen landaketa masiboaren aurrean: Douglas izeia, sekoiak edo kriptomeria.

Lortuko den baso agertoki berean ezinbestekoa izango da EAEko lurzoru publikoen zaintza bermatzea, egur-ustiapen komertzialaren biktima berriro izan ez daitezen. Adibide gisa, Gipuzkoan dauden 33.000 ha herri onurako mendietan, horietatik 26.000 ha 39 Udalen jabetzakoak, eta besteak Mankomunitate, Partzuergo eta Foru Aldundiarenak izanik.

Egur sektorearen (Baskegur) azken aitorpen publikoei lotuta, intsignis pinuaren kudeaketaren porrota arintzeko herritar guztien diru publiko gehiago xahutu nahian, Eguzkik gogoratzen dio, nagusiki basojabeen jarduerak sortutako arazoa izanik, haiek konpondu behar dutela, beren diru gastu eta sarrerak denon artean ordaintzea kafkianoa delarik. Presazko neurri bakarra gure mendi eta arro hidrografikoetako ekoizpen eredua eraldatzea da, eta ez nahi izatea fumigazio kimiko masiboak hedatzea, lurzoruak, soroak, ur hartuneak eta ekosistemak intoxikatuz.

Herri lurretan bide ekoizpenzalea baztertu eta baso natural bihurtzea da gure proposamenetako bat

Gure proposamenetako bat herri lurretako landaketak baso naturalarengatik ordezkatzean datza.

Horrela, Eguzkitik gutxieneko sei oinarri proposatzen ditugu EAEko baso politika berriari buruzko gizarte eztabaida sakon bat irekitzeko, erakunde publikoek gidatuta, eta egungo eredu intentsiboaren errore berberak errepikatzea saihestuz

1-Arlo interesatu guztien partehartze anitza eta errealaren bermea: Aldundiak, Udalak, basojabeen eta egurraren sektore profesionalen elkarteak, unibertsitateak eta zientzia erakundeak, erakunde ekologistak, elkarte naturalistak, etabar.

2- Zenbait gaietan indarrean dagoen legedia betetzearekiko erabateko bermea: ura, klima aldaketa, ingurumen arduraren Legea, bioaniztasuna, Natura 2000 Sarea, etabar. Lege araudi berri baten formulazioa, baso erabileren antolaketa espazialki mugatzeko, hau da, non babestu eta non ekoiztu egurra.

3- EAEn baso-habitatak bildu ditzaketen Natura 2000 Sareko eremu guztietan baso naturalak ezartzea, gaur egun egur-ustiapenak dauden 15.000 ha pribatuetan haiek berreskuratuz.

4- Ingurumenaren aurkako dirulaguntza publiko kaltegarrien ezabaketa, sektore primarioan benetazko landa-garapenaren sustapena baso-politika berriari lotuz.

5- Basojabe pribatuentzat bi kasuetan dirulaguntza publikoen emendatze handia: (1) baso naturalena; eta (2) Natura 2000 Sarean egur ustiapen exotikoena, baso naturalak ezarri eta bilakatzeko.

6- EAEn egur ustiapen exotikoz okupatutako baso-eremu publiko guztietan (Udalena, Kuadrillena, Mankomunitate eta Partzuergoena, eta Foru Aldundiena) baso naturalen berreskurapena, horrela herri izaera duten lurzoru guztietan egur ekoizpenari uko eginez bertako basoetara eraldatuz: 55.000 ha.

Argazkian bezalako basoa (mixtoa) ugaritzea litzateke ondorioetako bat.

Argazkian bezalako basoa (mixtoa) ugaritzea litzateke ondorioetako bat.

Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Eusko Jaurlaritzari, Aldundiei eta egur sektoreari elkarrizketa zabaltzea eskeintzen die aipatutako sei oinarrien inguruan, gure mendien babeserako egiazko agertokia ezartzeko asmoarekin. Agertoki hau lortzeko baso politika iraunkor bat adostu behar da, horretarako orekaz hurrengo helburuak partekatuz: gure baso naturalen berreskurapena, egur ekoizpena eta bioaniztasunaren aldeko kontserbazio-egoera, bai Natura 2000 Sarean bai eta beste naturguneetan, bai lurzoru publiko zein pribatuetan.

Eguzki Talde ekologista eta antinuklearra, 2018ko iraila

Ertzaintzak egurra banatu duen arren, protesta erraustegiraino bertaraino iritsi da

Ertzzaintza egurra banatzen. Atzean ikusten den eraikin zuri-berdea errauskailua da.

Ertzzaintza egurra banatzen. Atzean ikusten den eraikin zuri-berdea errauskailua da.

Gaur Gipuzkoako Zutikek deituta, “Euskal erregimen ustela kanpora” lelopean, erraustegira eta makrokartzelerako martxa deialdia bat egon da. Era berean, martxa hau, Zubietan hiru egunetan zehar ospatu den Iraultza Txikien Akanpadaren azken ekimena zen. Hiru egunetan zehar ospatu den ekimen interesgarri eta aberasgarria akanpadarena. Ertzaintzak kargatu egin du, baina protesta errustegiraino bertaraino iritsi da.

Arratsaldea, ekitaldi xume baina benetan merezitako batekin hasi da: erraustegia gelditu zutenei aitortza. Hau da, aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Aldundian, Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioan eta Mankomunitate ezberdinetan buru belarri lanean aritu zirenei eskerrak ematearena. Kontuan izan behar dugu horietako batzuek zigor gogorra pairatzeko arriskua dutela.

Horren ostean, arratsaldeko bigarren ekimena, martxa, hasi da. Bertan ehundaka lagunek parte hartu dugu eta bi zutabetan banatu gara ibilbidearen zailtasunaren arabera. Helburua, iaz egin bezala, erraustegirako eremura sarbidea ematen duen tunel gainera iristea zen, bertatik erraustegia eta kartzela joango denaren lur eremua ikus daitezke eta.

Martxistak Zubietan, mendian gora abiatzeko zorian.

Martxistak Zubietan, mendian gora abiatzeko zorian.

Iaz bezala, ertzainak egotea espero genuen, baina gaurkoan ertzainak edonor ibili daitekeen herri bide moztuz aurkitu ditugu. Bai zutabe bati eta baita besteari ere, iritsi nahi genuen lekura iristen ez ziguten uzten. Beraien aurrean egon gara baina ikusirik pasatzen uzteko asmorik ez zutela, atzera egin eta beste bide batetik saiatu gara baina kasko gorri dunak ere, han azaldu dira. Tarte baten ondoren,  azkenekoz, hasierako bidetik saiatu gara T zutabekoak. Ertzainen ondoraino joan gara berriz ere errausketaren aurkako oihu artean. Halako batean eta mando batek egin duen keinu baten ondoren, hitz erdi bat esan gabe eztabeste ezer gertatu ere, ertzainek kargatu egin dute, borra eta ezkutuekin. Apur bat atzeratu arazi eta bigarrenez ekin dute kasko gorridunek, kasu honetan gomazko piloten tiro hots bat gutxienez entzun delarik. Orduan lurrean eseri gara beraien aurrean baina alferrik, berriz ere ekin dute 5 edo 6 aldiz kargatu arte. Karga horien guztien artean, ertzainek borraz, ezkutuz edo ostikoz jota botatako pertsonak lurretik altxatzen eta zauritu naiz kolpatuak babesten saiatu gara.

Guk gogoz kontra baina atzera egin behar izan dugu, izan ere garbi bait genuen gure helburua gureari eustea zela, baian indarkeriari ez geniola indarkeriarekin erantzungo. Hau da 0 gunera joanez erraustegi pozoitsuaren eta kartzela egitasmoaren aurrean gure ezadostasun agertzea EAJ, PSE eta PPri baita euskal erregimen ustela mantentzen laguntzen duten guztiei ere.

Gutariko batzuk zaurituak eta kolpatuak joan dira etxera baina Markel Olanok eta Denis Itsasok beren helburuak beteko ez dutenaren ustearekin, gure buruari bidea erakutsi diogulako elkarrekin mantenduz eustea posible dela eta asko bagara ez eutsi soilik irabaztea ere posible da, nahiz eta Urkullu jaunak bere Ertzaintza erabili gure gogoak zapuzteko.

Esteka hauetan informazio, argazki eta bideo ugari aurkituko duzu:

https://www.argia.eus/albistea/ehunka-herritarrek-zubietako-erraustegiaren-kontrako-protesta-eraman-dute-obretaraino

http://www.txintxarri.eus/albisteak/erraustegia-geratzea-eta-beste-iraultza-batzuk-19409/

http://www.noaua.eus/2018/09/23/iruditan-ezin-izan-dute-eragotzi-buzo-zurien-martxa-errausketaren-zero-gunera-heldu-da/

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20180923/erraustegiaren-aurkako-zubietako-martxa-geldiarazi-du-ertzaintzak

https://www.berria.eus/albisteak/157030/ertzaintzak_indarrez_geldiarazi_du_erraustegiaren_aurkako_martxa.htm

http://irutxulo.hitza.eus/2018/09/23/ertzaintzak-zubietako-erraustegirako-martxa-herritarra-indarrez-erreprimitu-du/

Bi isurketa aste beteko tartean Oria arroan

Leitzarango isurketa

Leitzarango isurketa

Bi isurketa gertatu dira astebeteko epean Oria arroan. Lehena Leitzaran ibaian (Andoain) gertatu zen eta Orian bertan bestea, Olaberrian.

Bi kasuetan, isurketaren berri izan orduko 112arekin harremanetan jartzearen ondorioz, isurketen jatorria eta arduraduna topatzea posible izan da. Arrakasta txiki honek (beti ez baita jakitea lortzen isurketaren jatorria eta arduraduna) agerian uzten du zein garrantzitsua den isurketen berri ahalik eta azkarren ematea.

Lehena Andoainen.

Irailaren 15ean isurketa gertatu zen Leitzaranen, Andoainen, Leitzaran ibaia Oriaratzen den puntutik oso gertu, Renfeko zubiaren inguruan zuen jatorri eta denbora tarte batean ibaiko ura, batez ere ezkerreko aldeko ibai bazter alde zuri-zuria ikusten zen. Guk ez genuen hildako arrainik edo antzekorik topatu baina kontuan hartzekoa da antzeko isurketa bat gertatu zela uztailaren bukaeran isurketaren jatorriaren zantzurik topatu ez bazen ere.

Leitzarango isurketa Orian ere sumatu zen

Leitzarango isurketa Orian ere sumatu zen, isurketaren jatorria bertatik gertu zegoen eta.

Kasu honetan kostata bada ere, URAko ikuskaria eta Udaltzainen arteko lanak emaitza onak eman zituen: isurketak, konponketa lanak egiten ari zen etxe batean izan zuen jatorria eta pintura txuria bota zuten arraskatik behera. Kontuan izan behar da margoak, ura koloreztatzeaz gain, oso kutsakorrak izatera irits daitezke nagusiki metal pisutsuak (beruna, kadmioa, merkurioa) eta konposatu organiko hegazkorrak dituztelako. URAk Udalaren esku utzi du lege-haustearen kudeaketa.

Beste arazo bat agerian.

Isurketa honek ur-beltzekin edo hondakin-urekin zerikusia duen beste arazo bat utzi du agerian: Leitzaranen ezkerraldeko etxeko ur-beltzak ibaira isurtzen dira zuzenean.  Gai hau ezaguna da Eguzkikoontzat, izan ere, askotan salatu dugun gaia da eta. Uste dugu  badela garaia arazo honi irtenbidea emateko, tristea baita XXI. mendean, Biotopo izendatuta dagoen ibaia ur-beltzen isurketekin zikintzea (naiz et herrigunea babestutako gunetik kanpo dagoen), Adunako araztegira bidali beharrean. Horregatik, Andoaingo Udalari Leitzarango hondakin-urak araztegira orain bideratzeko eskatzen diogu.

Olaberrian bigarrena.

Olaberriako isurketa, edukiz ezberdina bada ere Andoa ngoaren itxura bera zuen.

Olaberriako isurketa, edukiz ezberdina bada ere Andoaingoaren itxura bera zuen.

Bestea ostegunean, irailaren 20 gertatu zen Olaberrian. Kasu honetan ere, kolore zuria hartu zuen Oria ibaiko urak, Estanda Oriaratzen den inguruan. Mantxa ibaian gora jarraitu eta Arcelor-Mittal-etik irteten zela ikusi genuen. Dirudienez depositu batean izan zuten matxuraren ondorio izan zen isurketa.

Kasu honetan ere ez genuen hildako arrainik topatu baina enpresaren jarduera mota kontuan izanik, Ura Agentziaren emaitzen zain geratzen gara, isurketak eragin duen kaltea zehaztu ahal izateko.

Garbi geratzeen dena, isurketak, lantegi batek edo gure etxetatik eginak izan, denak ibaiak kutsatzen dituztela, ingurumena kaltetzen dutela.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2018ko irailean.

AHTren LANETARA MARTXA

AHT MARTXA KARTELA

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafar Korridorearen lanen jarraipena salatu nahi dugu eta lan horietara eginen dugun martxan parte hartzeko deialdia egiten dizuegu, irailaren 29an, larunbatarekin, eta goizeko 11etan Marcilla ondotik hasiko dena. AHTren LANAK GELDITU ORAIN!!!

Espainiako Gobernua gaur egungo Nafarroako Gobernuaren laguntza beharrezkoarekin Abiadura Handiko Trenaren plataformaren lanen eraikuntzarekin aurrera jarraitzen du Nafarroan.

Duela gutxi, Azkoien eta Erriberriren arteko plataformaren eraikuntzarako lanak hasi dituzte, 10 kilometroko luzerarekin. ADIF, Sustapen Ministerioaren menpeko enpresa publikoak, PPren eskuetan orduan, bidetarte hau AZVI enpresari esleitu dio 30 milioi eurotan.

Era berean, Villafranca eta Azkoien arteko 5 kilometroko bidetartea OHL enpresari esleitu dio 55 milioi eurotan. Bidetarte honetan Aragon ibaiaren gainetik joanen litzatekeen 800 metrotako biaduktuak eraginen lukeen kaltea nabarmentzekoa da.

Bi enpresa hauek inputatuak edo ikertuak daude Partido Popularraren legez kanpoko finantziazioagatik.

Honetaz gain, ADIFek Erriberri eta Tafallaren arteko bidetarteak konkurtsora atera ditu. Ia 15 kilometroko lehiaketa eta prezioa 120 milioi eurokoa da.

Hau da, hemendik gutxira AHTren nafar korridorearen lehen fasearen plataformaren lanen erdia baino gehiago, Castejon eta Campanas artekoa, lanean edo eraikita izanen dugu.

Euskal Y-aren lanekin gertaturikoak erakusten digu proiektuaren zati garrantzitsu bat eginda dagoenean, proiektuarekiko aurkaritza ahuldu egiten dela eta argudio hau gailentzen da: proiektu honek zentzu handirik ez dauka, baina plangintzaturikoa bukatu beharko da, hainbeste diru gastatu ondoren, lanekin ez jarraitzea xahukeria bailitzake. Egintza burutuen politika.

  Hori dela eta, orain da lanak gelditu eta burugabekeria honekin bukatzeko unea.

   Arrazoirik ez dira falta: lurraldeari kalte larria dakarkio, bidaiari kopuru nahikorik ez luke inondik inora, biztanleen gutxiengo batek erabiliko luke, ez luke salerosgairik eramanen, trenaren izaera publiko eta sozialaren deuseztapena suposatzen du eta gaur egun zerbitzu minimo bat ematen duten geltokien desagerpena ekarriko luke: Altsasu, Tafalla eta Castejonen esaterako.

Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak kaleraturiko txostenetan Estatu espainiarrean abiadura handiko lerroen eraikuntzak suposatzen duten zarrastelkeria kuestionatu eta salatu egiten du argiki, hala nola, astakeriatzat jotzen du lan publiko bat eraikitzea bere errentagarritasun sozial edo ekonomikoa baloratzen duen txostenik edo ikerketarik egin gabe.

Horrela bada, hurrengo foru hauteskundeetarako alderdi politikoak beren aukerak zehazten ari direnean, Tren Sozialaren edo AHTren aldeko jarrera, garapen sozio-ekonomikoaren eredu bezala, hurrengo Gobernuaren osaketarako diskurtsoen arteko ardatza izan behar du, hots, Aldaketaren Gobernua, aurrerakoia eta ezkerrekoa, ala Gobernu klasista-elitista, garapen-basa zalea eta eskuinekoa. Laburbilduz, Aldaketaren Gobernu batek ezin du oinarria izan AHTren garapena, diru publikoaren xahuketa galanta dena, sozialki haustailea, eta ingurumena txikitzen duena.

  Inposaketaren eta ustelkeriaren aurrean ozen eta argi diogu: AHTrik Ez, TREN PUBLIKO ETA SOZIALA BAI.

  Honegatik guztiagatik, martxa honetara etor zaitezten animatzen zaituztegu, berehalako paralizazioa eskatzeko eta emaniko esleipenak edo izapidetzen daudenak ezeztatzea eskatzeko.

AHTren LANAK GELDITU ORAIN!!!

 

Hitzordua asteburuan Zubietan, Iraultza Txikien Akanpadan

AkanpadaAsteburu honetan, Lurralde Askeak antolatuta, Iraultza Txikien Akanpada egingo da Zubietan. Bertan, bestelako Euskal Herriaren alde lan egiten duen herritar eta herri mugimenduak bilduko dira. Erraustegiak protagonismo berezia izango du, jakina. Zehatz-mehatz, igande arratsaldean bi ekitaldi izango dira: lehendabizi, 16:00etan, aitortza ekitaldi bat aurreko legealdian erraustegia bertan behera utzi zuteneti, bereziki Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini, horiei ordainarazi baitiete erakutsi zuten zintzotasun ausarta; bestetik, Gipuzkoa Zutikek antolatuta, martxa obretara.

Erraustegia-makro-kartzela[1]

Erraustegiaren kontrako Mugimenduak parte hartzeko deia egin du. Hainbat herritatik Lasarte-Oriaraino Topoz joateko deialdiak ere egin ditu. Zehatz-mehatz, honako hauek:

* Irunen: 14:30 geltokian, 14:37koa hartzeko

* Oiartzunen: 14:40 geltokian 14:50ekoa hartzeko

* Errenteria: 14:45 geltokian, 14:53koa hartzeko

* Pasaia: 14:45ean geltokian 14:57koa hartzeko

* Donostia erdialdean 15:00etan Easoko Euskotren geltokian, 15:13eko trena hartzeko.

Gainera:

* Lasarte-Orian, Euskotren geltokian 15:15ean, 15:25ean datozenak jaso eta Zubietara abiatuko gara.

* Andoainen bus berdearen geltokian geratu dira, 15:15etakoa hartzeko.

* Usurbilgo zutabea 15:15 Mikel Laboa plazan, 15:30ean aterako da.

Honako esteka honetan Iraultza Txikien Akanpadari buruzko informazioa aurkituko duzue, hainbat bideo bitxi barne:

https://labur.eus/b1haV

erraus1erraus2

Eguzkik Lasarte-Oriako Udala kritikatu du hegazti harrapariz osatutako zoo bat babestu duelako

iKUSGAI EGON DIREN HIRU HONTZ HANDIETAKO BAT.

iKUSGAI EGON DIREN HIRU HONTZ HANDIETAKO BAT.

Aurten bigarren urtez, Lasarte-Orian hegazti harrapariz osatutako zoo txiki bat ikusi ahal izan dugu, Donejakue Bideko III. Azokaren aitzakian. Txanpon batzuen truke, haurrek hontz handi bati edo mozolo bati “maite-maite” egin ahal izan diete gurasoek argazkiak ateratzen zituzten bitartean. Putre kaputxadun afrikarrari, berriz, gutxiago hurbildu zaizkio, bistan baita jainkoek edertasuna banatu zutenean, ez zutela denen artean neurri berean banatu.

Kontua da hegazti zoragarri hauek (hogei bat) asteburu santu guztia pasatu dutela Udaletxe aurrean, hanka burdinazko eraztun bati lotuta, egunean hamar bat orduz, eguneko zein gaueko harrapariak izan. Tratu txarra ote? Sentsibilitate minimoa izanda, ezin duda handirik izan galdera honi erantzutean.

Iaz, minizoo hau salatu genuenean, erantzun ziguten bazituztela baimen guztiak. Jakina! Baimenik ez izatea baino ez genuen falta! Alabaina, Animaliak Babesteko eta Edukitzeko Udal Araudiak honako hau dio:

13 artikulua.- Debekuak

1.- Erabat debekatuta dago:

a) Animaliei tratu txarra ematea, edo arrazoirik gabe sufrimendua, mina edo larritasuna eragin liezaieketen edozein jarduerapean jartzea.

Feria honen antolatzailea, azken batean, Udala bera da. Eta baldin eta Udala bada Araudiaren aurrean ezikusiarena egiten duen lehena, hori paper bustia baino ez da eta moral bikoitzaren adibide garbia: gauza bat aldarrikatu bai, baina oso bestelakoa egiten dut.

EGUZKI, 2018ko irailean

Gurasoek ez dute inolako kulparik, eta are gutxiago haurrek, baina garbi dago hainbesteko "maite-maite"k hegaztiei ez diela batere mesederik egiten.

Gurasoek ez dute inolako kulparik, eta are gutxiago haurrek, baina garbi dago hainbesteko “maite-maite”k hegaztiei ez diela batere mesederik egiten.

Hontza zuri hau behin baino gehiagotan saiatu zen alde egiten. Esoro ez zegoen seinale.

Hontza zuri hau behin baino gehiagotan saiatu zen alde egiten. Esoro ez zegoen seinale.

Guztira, 20 bat alek osatzze zuten zooa.

Guztira, 20 bat alek osatzze zuten zooa.