Tuterak Gladys del Estal ahantzi ote du?

134780_Gladys[1]Tudela olvida a Gladys del Estal 40 años después de su muerte (Tuterak Gladys del Estal ahaztu du gazte donostiarra hil eta 40 urte geroago). Noticias de Navarrak izenburu adierazgarri hori ipini dio Tuterako Udalak astelehenean egin zuen plenoari buruzko kronikari. Bertan, 21 zinegotzietako batek bakarrik bozkatu zuen Udalak Gladysi omen-ekitaldi bat egiteko proposamenaren alde.

Bozketaren emaitzak haserrea pizten badu, are haserre handiagoa pizten dute bozketen esplikazioek. Izan ere, horietan argi eta garbi geratzen da biktima batzuk lehen mailakoak direla eta beste batzuk, berriz, tartean Gladys, mailarik ere ez dutela.

Baina ezin gara haserrean bakarrik gelditu. Honek adoretu behar gaitu herritarron partetik egiteko Gladysi instituzioek ukatzen dioten aitortza. Izan ere, Udaletxean nagusi diren indarrek bestelakoa adierazten badute ere, gu seguru gaude TUTERAK EZ DUELA GLADYS DEL ESTAL AHANZTEN.

Zigor-espedientea Lasarteko Udalari Oriara ur zikinak isurtzeagatik

Oria_Lasarte_vertidoUra Lasarte-Oriako Udalari zigor-espedientea irekitzeko bidean da Oriara ur zikinak botatzeagatik. Horrela adierazi dio agentziak berak Eguzkiri, talde ekologistak Hipodromoko zubi ondoan isurtzen duen kolektoreari buruz egin zion galderari erantzunez.

Ez da noizean behingo isuria, etengabea baizik, herriko saneamendu-sarean dauden gabezien ondorio. Uraren erantzunean irakur daitekeenaren arabera, Udalak gabezia horiek 2018an konpontzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez du bete.

Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Intertzeptore edo Hartzaile Nagusia 2016ko martxoan hasi zen lanean, atzerapen handiarekin hasi ere. Geroztik, bi udalerriotako ur zikin gehienak Loiolako araztegira bideratu ditu, han arazteko, itsasora bota aurretik. Baina hainbat “hari-mutur” geratu ziren (Hipodromoko zubi ondoko kolektorea ez da bakarra, ezta hurrik eman ere) eta “hari-mutur” horiek lotu gabe jarraitzen dute, Intertzeptorea martxan hasi zenetik ia hiru urte pasatu diren arren.

Intertzeptorea martxan hasi zenean esan genuen bezala, ulertzen dugu edozer gauza dela saneamendu-proiektu bat baino glamourosoagoa. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak.

EGUZKI, 2019ko urtarrilean

MANIFESTAZIOA: BOLINTXU BIZIRIK, SUPERSUR HANDITZEARI EZ!

Cartel mani 26 finalBizkaiko Foru Aldundiak Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen proiektua onartu zuen 2003. urtean, A8 autobidearen trafiko arazoak konpontzeko helburuarekin. Proposamenak eguneko 24.000 ibilgailu aurreikusten zituen. Proiektuaren helburua autobia horretatik pasezko trafikoa desbideratzea zen, hots, Bilboko metropolian zirkulatzen duten ibilgailu guztien %6a baino ez.

Lehen zatia inauguratu zenetik zazpi urte igaro ondoren, eta eraikuntzan 800 milioi gastatu ondoren, arazoak ez dira konpondu: erabilera espero zenaren erdira baino ez da iristen, alegia, 11.500 ibilgailu egunero, eta A8 autobidean auto ilarak ohikoak dira oraindik.

Testuinguru honetan, BFAk Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea handitzea proposatu du, 4,2 km-ko proiektu batekin, Arnotegi mendiaren azpiko tunela eta Bolintxu ibaiaren gaineko 174 metroko biaduktua eraikiz. Hasierako aurrekontua 200 milioi eurokoa da, kilometroko 47,61 milioi euroko kostua, alegia.

Proiektu horrek Bolintxu haranean eragin larriak izango ditu:

Lehenik, Ingurumen Eraginaren Adierazpenean jasotzen den bezala, obrek 31 inpaktu eragingo dituzte naturan, horietako 11 larriak direlarik. Afekzio nagusiak azaleko uretan gertatuko dira, eta bereziki fauna eta florari eragingo diete. Gainera, lokatzak arrasteak, batez ere obren fasean, ur horien kalitate galera handia eragingo du.

Bigarrenik, Bolintxu errekaren gainean, 40 metroko altueran, 175 metroko bi bide eraikiko dira. Honek ekarriko du 1.900 metroko obra-bideak irekitzea, gehi 7 dekantazio-putzu eta 60 metroraino hel daitezkeen ezpondak eraikitzea.

Hirugarrenik, proiektuak eragin larria izango du floran, habitateetan eta faunan, eta arriskuan dauden espezieei eragingo die ere, hala nola, belatz handiari, baso-igel iberiarrari, Eskulapioren sugeari…; eragin horiek obretako zaratek ekarriko dituzte (leherketak, kamioi mugimenduak…), bai eta eraikitze-aldian gasak eta hautsa isurtzearen ondorioz ere. Behin obra amaitutakoan, bideetan jarriko diren 135 luminariek sortutako argi-kutsadura eta autoen joan-etorriek sortutako zarata eta isurketak izango ditugu.

Pagasarri Mendiko Plan Berezia Bilboko Udalak onartu zuen aho batez 2008an. Plan honek Bolintxu bailara Babes Bereziko Eremu izendatzen du, eta “udalerriko lekurik naturalena eta balio ekologikorik handiena duena” dela dio. Aldundiak berak Lurraldearen Plan Partzialean katalogatu zuen, biodibertsitatea kontserbatzeko interes bereziko eremu gisa. Supersur zabaltzeko proiektua herritarrek ingurumen duin eta osasungarrian bizitzeko duten eskubidearen aurkakoa da. Horregatik, atzerapen bat proposatzen dugu, hausnartzeko eta eztabaidatzeko, proiektu hau bideraezina delakoan gaudelako, bai ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik, eta bai ingurumenaren ikuspegitik ere.

Horregatik guztiagatik, herritarrei dei egiten diegu urtarrilaren 26an, Arriaga arratsaldeko seietan izango den manifestaziora batu daitezen.

BOLINTXU BIZIRIK

SUPERSUR HANDITZEARI EZ PLATAFORMA

Itsasoan gertatzen dena, gure etxe parean hasten da

Zumaia eta Deba bitarteko kostan bildutako plastikozko hainbat hondakin, Eguzkik azaroan antolatutako garbiketa-egunean.

Zumaia eta Deba bitarteko kostan bildutako plastikozko hainbat hondakin, Eguzkik azaroan antolatutako garbiketa-egunean.

Flyschak plastikoz beteta ikusteak harrabotsa eta kezka sortu du azkenaldian, gure kostaldean dagoen kutsadura eta zikinkeria dela eta. Baina itsasoan amaitu duten hondakin horien zati handi bat gure lurraldetik joan da eta hori oso gutxitan aipatzen da, aipatuta ere ez da zehazten. Ematen du askoz errazago egiten zaigula arazoa kanpoan kokatzea, baina hemen ere badauzka bere sustraiak.

Hemengo hedabideek ez digute horretarako aukera gehiegi ematen. Jendeak barneratu behar luke itsasoko irudi horiek gureak ere badirela, eta arazoa gainditzera beharturik gaudela. Hori izan behar luke hedabideen lana. Baina esaten digute itsasoko milaka kilo hondakinen arazoa globala dela. Horrek ez du batere laguntzen, askoz gutxiago Indiaz hitz egiten digutenean. Bertoko erakundeek ere gaitz honen aurrean ez dituzte beharrezko neurriak abian jartzen. Ez gaituzte hezten.

Plastikoak Urolan. Inork jaso ezean, denbora-kontua baino ez da itsasoan bukatzea.

Plastikoak Urolan. Inork jaso ezean, denbora-kontua baino ez da itsasoan bukatzea.

Zenbat ubide, erreka, ibai eta haien ertzak ikusten ditugu, plastiko zuri eta beltzez edo beste motako hondakinez josita. Zenbat aldiz gelditzen gara ibaiari begira eta zenbat aldiz ikusten dugu plastikoak eta beste motako hondakinak bere bidea hartuta, itsasorantz txalupak bezala doazela. Holako irudiak parean izatean garbi gelditzen zaigu ez herritarrek eta ez erakundeek ez diotela gaiari behar duen garrantzia ematen: ez gara ohartzen ingurumenarekin arazo handia dugula. Baina sinetsita gaude, ingurua eta ibaiak holaxe ikusita, behartuta gaudela haien egoera aldatzera, horregatik ezin gara isilik geratu. Ezin da onartu itsasoak jasaten duen kutsadurarekin gora eta behera ibili, eta aldiz, ibaien egoeraz ezer ez esatea, harreman zuzena baitauka han gertatzen denarekin. Hondakinek ez dute dagokien edukiontzian edo lekuan amaitzen, edozein bazterretan baizik. Hor dago gakoa: kudeaketa arazo baten aurrean gaude.

Oriako ibai-bazterrak, Tolosa parean.

Oriako ibai-bazterrak, Tolosa parean.

Ubideak, errekak, ibaiak… itsasoaren zainak dira eta hemen gertatzen dena gero itsasoan islatzen da. Berriro errepikatuko dugu: itsasoan gertatzen dena gure etxe parean hasten da. Zalantzarik gabe beste kontzientzia maila batera igo behar dugu. Oso lasai ikusten ditugu gure ibaiak zikinduta; bi edo hiru urtez behin garbiketa egin eta ehunka kilo ateratzen ditugu. Hondakinak eta zaborrak ez daude gure zain, uraren menpe baizik, ehunka kilo ateratzen badugu milaka itsasoratzen dira urak eramanda.

Barneratu behar dugu hondakinek ibaian amaitzea arazo bat dela eta ingurumenari kalte handiak sortzen dizkiogula.

Udalek eta foru aldundiek sentsibilizazio kanpainak eta neurriak abian jarrita, eta horiek denboran mantenduta, aldaketa handia ekar dezakete. Beraien eskuan dago eta beraien betebeharra da. Dena daukagu irabazteko, keinu txikiekin handiak izan daitezke lorpenak.

Beraz, badakigu arazoa non hasten den, hondakinak ibaira eta itsasora nola ailegatzen diren ere bai… Orduan, bide gehiena eginda daukagu. Benetan itsasoren egoerak mintzen bagaitu eta hortik iristen zaizkigun irudiak aldatzea nahi badugu, eman dezagun urrats bat aurrera. Has gaitzen itzultzen ibaiari kendutako eskubideak.

Gorka Alberdi Gomez eta Asier Manso, Eguzki talde ekologistaren izenean

Urtarrilal 19. 2.Eskuko eta Truke Azoka Sanbizenteko jaietan.

Gure lurra zaintzeko eta, posible izan balitz, hobetzeko zerbait egin nahi duzu? Hasi hemendik!

Truke azoka Sanbiko JAIAK 2019-1-19.jpg 1

Datorren larunbatean, hilak 19, Sanbiko jaien baitan, Eguzki Barakaldok bigarren Eskuko eta Truke azoka antolatzen dugu, helburua materialen berrerabilera sustatzea delarik. Azoka honetan, edozein material (objektu) saldu, trukatu edota oparitzeko aukera izando dugu. Bertan topatu ahal izando ditugun salgaiak, besteak beste: liburuak, arropa, diskak, jostailuak, kirol materiala, altzariak, soinu-tresnak…
Kontsumo arduratsua oinarri moduan duen eredua lortzeko beharra gero eta handiagoa da. Aldaketarako bide honetan guztiok eman dezakegun lehenengo pausoa, gure eguneroko kontsumoan 3R (murriztu, berrerabili eta birziklatu) erregela jarraitzea da.

Murriztu hitzak beharrezkoak ez diren erosketak saihesteari so egiten dio. Berrerabili eta birziklatu hitzek objetuen erabilera beste pertsona batzuekin partekatzea eta jadanik erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza bat ematea esan nahi dute. Eta azkenik, erostea benetan beharrezkoa denean, bidezko merkataritzaren mekanismoak, ekonomia alternbatiboa eta solidarioa eta kontsumo kolaboratiboaren erabiltzea.

Bigarren eskuko merkatuak, bai salmentakoak eta baita trukekoak ere, 3R erregelaren adibide ezin hobeak dira eta horretaz gain gauza deberdinak aurkitzeko aukera ematen digute, merkeak eta ekologikoa, izan ere berrerabiltzen den produktua baino ekologikoagorik ez dago.
Azokan parte hartzeko, bidali mezua eguzkibarakaldo@gmail.com

Goi-tentsioko lineetan hildako hegazti kopurua gutxitzeko Iberdrolak eta Jaurlaritzak izenpetu duten hitzarmena oso atzeratuta dator eta eskasegia da

Eper-arrano bat linea elektriko batean hilik. ARGAZKIA: SOS Tendidos Electricos plataforma.

Eper-arrano bat linea elektriko batean hilik. ARGAZKIA: SOS Tendidos Electricos plataforma.

Goi-tentsioko lineak egokitzeko eta horrela horietan hildako hegazti kopurua gutxitzeko Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak izenpetu duten hitzarmena OSO ATZERATUTA DATOR ETA ESKASEGIA DA, Eguzkiren iritziz.

Beharbada baten batek pentsatuko du: “Ekologistek, ohi bezain maximalistak, oraingoan ere botila erdi hutsik ikusten dute”. Ba, “baten bat” horri honako datu hauetan erreparatzea proposatzen diogu:

1. Hitzarmenak helburu du 2008ko 1432 Dekretuak linea elektrikoak egokitzeko ezarritako neurriak eta ardurak praktikan jartzea. Dekretua onartu zenetik hamar urte luze pasatu dira. Beraz, Hitzarmena OSO ATZERATUTA DATOR.
2. Hitzarmenaren arabera, Iberdrolak goi-tentsiko 250 dorre egokituko ditu urtero datozen hiru urteetan. Alabaina, Ingurumen Sailak egin duen inbentarioaren arabera, egokitu beharreko 7.000 dorre daude EAEko inguru ahuletan, alegia, mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetan. Beraz, hiruko erregela egin bezain pronto konturatuko gara arazoa ez dela soilik dorreak egokitzen oso berandu hasiko direla, baizik eta erritmoa bizkortu ezean 28 urte itxoin beharko ditugula 2008ko Dekretua beteta ikusi arte. Tira, 28 baino gehiago, hitzarmenean bertan Ingurumen Sailaren inbentarioa osatu beharra dagoela esaten baita. Beraz, hitzarmena ESKASEGIA DA, argi eta garbi.

Ingurumen kontseilariorde Elena Morenok nabarmendu du “Iberdrolak elkarlanean jarduteko erakutsi duen jarrera”. Nahiago izan du ez aipatu, guk aipatuko dugun bezala, “elkarlanean jarduteko jarrera” horrek zerikusi handia duela honako arrazoi honekin: hainbat urte hartu beharreko neurriak hartu gabe pasatu ondoren, konpainia elektrikoen eta batik-bat Iberdrolaren kontrako epaiak hasi dira ematen hegazti babestuak egokitu gabeko lineetan hil direlako. Gogoan izan babestutako espezieak hiltzea delitu ere izan daitekeela.

Kontuan izan linea elektrikoekin elektrokutatu edo talka egitea dela hegaztien heriotza ez-naturalaren kausa nagusia. Kasu honetan, espezie zaurgarrienak handienak dira, batez ere harrapariak, den-denak legez babestuta. Datu ofizialen arabera, Estatu espainolean urtero 33.000 ale hiltzen dira arrazoi honengatik, nahiz eta elkarte naturazaleek, SEOk adibidez, datu ofizial hori kopuru errealaren oso azpitik dagoela uste duten. Gauzak horrela, konpainia elektrikoak tematuko balira “elkarlanean jarduteko jarrera” ez erakusten, garestitxo atera lekieke.

Bukatzeko, gogorazi nahi dugu joan den abuztuan Eguzkik Ingurumen Fiskaltzan salatu zuela 9 zikoina hil zirela elektrokutatuta egokitu gabeko linea batean, Olaberrian. Udalerri berean eta arrazoi beragatik, beste zikoina bat hil zen 2017an. Horrelakoak salatzen jarraitzeko asmo sendua dugu.

EGUZKI, 2019ko urtarrila

NATURKONEK FUMIGAZIOAREN AURKAKO MOZIOAK AURKEZTU DITU ZENBAIT UDALETAN

Banda-marroia-irudia

UDAL MOZIOA

 

UDALERRIKO PINU-SAILAK ETA
INGURUMENAREN ETA OSASUN PUBLIKOAREN BABESA

AURREKARIAK:

 

EAEko azken Baso Inbentarioko datuen arabera (2016), intsinis pinuaren monolaborantzaz osatutako eta ia 125.000 hektarea dituen ustiatutako masa itzela sortu da (ez dira basoak). Horiei gehitu behar zaizkie beste espezie exotiko komertzialen 80.000 Ha luzeak. Denek infektatu dituzte gure paisaia naturalak, baso-ekosistemetan bioaniztasun galera handiak eragin dituztela.

Gaur egungo egur politikaren oso ondorio larria da baso naturalen % 75 desagertu izana dagoeneko EAEko lurraldetik: hariztiak, pagadiak, ameztiak, baso mistoak, artadiak eta abar. Ildo horretan, EAEn baso-politika berriak ezartzeko asmoz hainbat gizarte eragileren proposamen teknikoak badira: Naturkon, Gipuzkoako ekologista eta naturazaleen Plataforma bateratua (2012), eta Kolore Guztietako Basoak Bizkaian (2017).

Ustiapena intentsibotu izanaren ezinbesteko beste ondorioa da erabili diren espezieen berezko izurri espezifikoak neurrigabe ugaritu izana, hala nola pinu-beldarra, fusariuma edo gaur egungo xingola gorria nahiz marroia.

EAEko intsignis pinuko masetan xingola marroia eta gorria izeneko onddoek eragindako gaixotasunek sortu duten egoera fitosanitario larriaren aurrean, 2018ko urrian Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta egurraren sektoreak “Koniferoen basoak berreskuratzeko euskal Estrategia” izenekoa aurkeztu dute. Horren helburua EAEko  207.131 Ha-ko egur espezie exotikoen monolaborantzan eta lurzoruen erabilera intentsiboan oinarritutako baso kudeaketa kaltegarria sendotzea eta berrestea da. Eta ez zaio inondik ere heltzen maldak, ibaiak, ur hartuneak edo eremu babestuen araberako baldintzak ezartzeari. Alegia, bost axola naturari eragindako albo-ondorioak, bost axola lursail hurko nahiz urrunekoei eragindako albo-ondorioak, bost axola osasun publikoari eragindako albo-ondorioak.

Ustezko ‘Estrategia’ horrek aurreikusi du xingola marroia eta gorriaren aurka kupre (I) oxidoa erabiltzea fungizida gisa. Honek ondorio larriak sor ditzake Ingurumenean eta osasun publikoan: basa fauna, lurzoruak, urak eta bere hornidurarako hartuneak, elikagaien soroak, eta giza populazioaren osasun publikoa. Onddo eta zizen komunitate naturalak txikitzeaz gain (fungizida orokorra baita, inongo bereizketarik egiten ez duena), basa-faunari, lurzoruari, urari eta hornidurarako uraren hartuneei, jateko laboreei eta herritarren osasunari ere eragiten die. Gure kasuan, Añarbeko urtegiak Errenteria-Oreretaz gain Gipuzkoako populazioaren erdiari ere hornitzen dio edateko ura. Gainera, dozenaka iturburuk eta errekek hainbat baserri eta nekazal ustiapenei zerbitzua ematen diete.

Europako Batasunaren arauek aspaldi debekatua dute, oro har, gai fitosanitarioak hegazkin bidez botatzeko teknika, hain prezisio txikikoa izanik arrunt barreiatzen delako produktua. Hartara, nahi ez den tokira iristen da, ez dakigu dosifikazioa ondo aplikatu den eta behar baino askoz ere kantitate gehiago botatzen da naturara. Horren emaitza da bidegabe eragiten zaiela kaltea, eta gainera alferrik, bai naturari, bai osasun publikoari. Oso salbuespen puntual batzuk baizik ez dira aurreikusten debekua altxatzeko.

Kupre (I) oxidoaren aire bidezko fumigazio-tratamendu masiboa 2019ko udaberrian aurreikusi da, baldin eta Espainiako Gobernuak baimentzen badu.

Aurreko guztia ikusirik, eta gaur egungo baso-politika sakon eta zintzo berrikusteko premia gora-behera, Udal honek hau

 

EBATZI DU:

1.- Errenteriako Udalak Gipuzkoa Foru Aldundiari eskatzen dio gure udalerriko baso eremuetan, publiko zein pribatuetan, inongo aire bidezko fumigaziorik egin ez dezala, Ingurumenaren, osasun publikoaren eta giza populazioarentzako ur hartuneen babesa bermatzeko asmoz.

2.-  Errenteriako Udalak bere jabetzako mendietan oxido kuproso bidezko tratamendurik egiteko baimena ukatu egiten du berariaz.

3.-  Errenteriako Udalak Euskal Herriko gainerako erakunde publikoei, alegia, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Foru Aldundiei, Udalei, Mankomunitateei, Partzuergoei zein Auzo Erakundeei ere, beren jabetzako mendietan beste hainbeste egiteko gonbita luzatzen die.

4.-  Errenteriako Udalak udalerriko lurjabeei gonbit egiten die halaber, beren sailak fumigatzeko baimena ukatu dezaten, haien jabeak direnez.

5.-  Errenteriako Udalak ez du baimentzen udalerrian tratamendu fitosanitarioak aireontzi bidez aplikatzen.

6.-  Errenteriako Udalak erregistro bat sortuko du beren sailak zein horien ingurukoak ez fumigatzea nahi duten herritarrek beren izena eman dezaten eta Udalaren babesa jasotzeko. Udalak, halaber, gaiaren inguruko aholkua eskaintzen die eta Aldundiaren aurrean haien izenean egin beharreko gestioak egiteko zerbitzua ere bai.

7.-  Errenteriako Udalak kontsideratzen du ezen espezie arrotzen labore intentsiboek ez baitute betetzen ez babes-funtziorik ez natura kontserbatzearen aldeko funtziorik, ez dela bidezkoa mendi horien helburu aitortuaren guztiz kontrako jarduerei baliabide publikoz laguntzen jarraitzea.

8.- Mozio honen edukia jakinaraztea: komunikabideei, Eusko Jaurlaritzari, hiru Foru Aldundiei, Espainiako Gobernuari eta egurraren sektorearen ordezkariari (Baskegur).

Errenteria-Orereta, 2019ko urtarrilaren 4an

NATURKON (Gipuzkoako natura-talde eta ekologisten Elkartea)

Naturkon-parataideen-anagramak-txikian

Gladys del Estal kontuan izan du Nafarroako Gobernuak polizia-indarkeriaren biktimei buruzko ikerketa batean

gladys_capturaNafarroako Gobernuak Gladys del Estal kontuan izan du, German Rodriguez, Mikel Zabaltza eta Jose Luis Canorekin batera, polizia-indarrek hildako hainbat pertsonaren memoriaren inguruan enkargatu duen ikerketa batean.
Lana, berez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko talde batek egin du eta ostegunean aurkeztuko da, hilak 10, 19:00etan, Baluarteko Luneta aretoan, “Oroimena josiz” izeneko mahinguru baten bitartez.
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok hasiera emango dio ekitaldiari. Ondoren, Aingeru Epaltzak gidatuko duen mahai ingurua egingo da, eta hauek hartuko dute parte bertan: Karlos Irujo ikerketa-taldeko kideak; Aingeru Cano Jose Luis Canoren anaiak; Rafa Aldai Gladys del Estalen adiskideak; eta Idoia Zabaltza Mikel Zabaltzaren arrebak.
Sarrera librea izanen da toki guztiak bete arte.
Ostegunekoa Gladysi aurten egingo zaion lehen aitortza izango da, baina ez bakarra, seguru. Izan ere, 2019an krimen haren 40. urteurrena oroituko dugu.

Hondakinen udal-politika Oreretan

Edukiontziak Oreretan (2)2018ko azaroaren 28an, udal-talde politikoek baterako balorazio bat egin zuten oihartzuna izan zuen prentsaurreko baten bidez, non hondakin-politikaren arloan eman zuten  batasun-irudia positiboki baloratzen duen kontseilu honek. Garrantzitsua iruditu zaigu Kontseiluaren balorazio horren berri ematea, herritarrek egiazta dezaten esparru politikoaren eta gizarte parte-hartze organo honen bidez ordezkatuta dagoen gizarte zibilaren artean lortu nahi den adostasun-maila.

Egiaztatu da, beste gai batzuetan bezala, hondakinen politikari dagokionez, herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela eta bermatzen duela gaikako bilketaren eta birziklapenaren helburuak lor daitezkeela. Denok egin behar dugu arraun norabide berean, eta ez dago lekurik inoren estrategia politiko interesatuarentzat eta epe motzekoarentzat.

Hondakinen arazoa egungo gizartearen izurriterik okerrenetako bat eta kutsatzaileena bihurtu da. Eremu desberdinetan jardun beharra dago, eta zorrotzak izan beharko gara gai honi helduko dioten irtenbideak ikuspegi orokor batetik aurkitzeko orduan. Irtenbide horietatik harago, toki-mailan jardutea ezinbestekoa da.

Hori dela-eta, Ingurumen Aholku Kontseilu honetatik udal-talde politikoak animatzen ditugu, adostasunetik, hondakinak gaika biltzeko asmo handiagoko ehunekoak lortuko dituzten neurriak inplementa ditzaten; eta herritarrei eskatzen diegu erantzukizunez joka dezatela gai honetan, bizi-kalitatea hobetzea baitakar denontzat. Gure esku dago eta keinu errazekin posible egin dezakegu.