Lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa. Denok greba feminista orokorrera!

unnamed

Garapen, ongizate eta modernitatearen erreferentetzat edota oraintsuago, klima erronkei aurre egiteko elementu gisa inposatzen ari zaizkigun abiadura handiko trena bezalako azpiegitura handi eta desarrollistek, diru kopuru handia behar dute planifikazio, eraikuntza, mantenu, eragindako galerak estali eta erantsitako gainkostuetarako. Dirutza hori, beste zenbait alor (gizarte zerbitzuak, lehen sektorea, hezkuntza, kultura…) gutxietsi eta estutuz, bertako natur ondarea salduz eta suntsituz, desoreka bidegabean antolaturiko mundu honetan egoera zaurgarriagoetan dauden herrialdeen ondasun eta pertsonak ustiatuz, mugiaraziz eta menperatuz, AHTaren eraikuntzan zuzenean ari diren langileak zukutuz edota zeren truke jaso diren ez dakigun diru publikoz hornituriko Europako kobid osteko funtsetatik eskuratzen da. Zuzenago edo zeharkago zaintzarekin harremana duten esparruetatik alegia.

Zaintza denontzako funtsezko gaia izan arren, denok beharko dugulako zainduak izan eta zaintzan parte hartu, datuek zabal eta argi erakusten dute, bizitzari eutsi ahal izateko bizkarrezurra den gaian, aitortzarik eza, ikusiezintasuna, ezin aukeratzea, muturreko prekaritatea eta abusoa nagusitzen direla, besteak beste. Mendeetan emakumeen gain, orohar, ezarri den zama hori, egun ere, nagusiki, kolektibo zaurgarrienen lepotik asetzen da, emakume etorkin eta arrazializatuen kontura hain zuzen ere.

Egoera kezkagarri hau ez da soilik pertsonen arteko zaintzan gertatzen, egungo jendarte ereduan, bertan zein mundu zabalean, inguratzen gaituzten gainontzeko bizidun eta ingurunearekiko zaintza eta zaintzaileak ere jazarriak dira behinik behin, erahilak ere bai leku batzuetan, mozkinak etengabe eta nolanahi eskuratzeko asmoak kolokan ipintzen dituztenean.

Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zaigu, alde batetik, jendarte kapitalistaren ereduaren ikur den abiadura handiko trena eta berari loturik dakartzan beste hainbat azpiegitura, bizimodu eta erabakiak, eta bestetik denok bizi baldintza duinak izan eta denon premiak inor zapaldu gabe asetzeko berariazko borondate faltaren arteko lotura azaleratzea. Batetik lapurtzen denak elikatzen baitu bestea. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko mugimendu feministari denon bizitzak erdigunean ipintzeagatik ardatz modura eta horrekin lotuta, azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren alde deitu duen greba orokor feministarekin bat egin nahi dugu, horren baitan Lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa nabarmenduz.

Lurraren zaintza kolektiboarena alde, AHT eta hau bezalako azpiegitura txikitzaileen kontra jarrai dezagun borrokan!

Oberan-Urdaburun, Aiako Harriko Parke Naturalean, kontrolik gabeko ganaduak eragindako kalteak salatu ditu Eguzkik

2021ean Donostiako Udalak Oberan mendian basoa biziberritzeko sartu zituen landareen heren bat, behintzat, alferrik galdu da.

2021ean Donostiako Udalak Oberan mendian basoa biziberritzeko sartu zituen landareen heren bat, behintzat, alferrik galdu da.

Donostiako udalak Eguzki erakunde ekologistari baieztatu dionez, 2021etik gaur egun arte behin eta berriz eragiten ari dira kalteak Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan, Oberango udal-mendian, zaharberritzen ari diren basoetan. Aipatutako kalteen jatorria lursailetan eta baso landaketetan sartzen diren ardi solteen presentzia da.

Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari (Aiako Harriko Parke Naturaleko administrazioa) eskatzen dio lehenbailehen jardun dezala abere horiek kentzeko eta haren jabeari eskatzeko babestutako naturgune horretako ondare publikoan eta biodibertsitatean sortutako kalteak ordain ditzala, aisialdiko abeltzain jakin batzuek duten zigorgabetasuna geldiarazteko. Era berean, Eguzkik kalte horien arduradunak identifikatzeko eskatu du.

Eguzkik salatu ditu, bai kontrolik gabeko abereak larreetatik kanpo egotea eta bai Gipuzkoako baso natural urrien eta zigortuen birsortze naturalaren gaineko mehatxu hau, are gehiago baso-politika negargarriak, laguntza publiko okerrek eta baso-jabe askoren zekenkeriak dagoeneko oso murriztuta baitaude baso hauek.

Era berean, parke naturaleko foru-administrazioari eta udalei gogorarazten die Natura 2000 Sarean babestutako ondare naturala zaintzeko eta arau-hausleak, aisialdiko abeltzainak izan edo izan, jazartzeko betebeharra. Eta habitat naturalen aurkako eraso horiek berriro ez errepikatzea. Hirigintza-, zerga- edo trafiko-diziplinaren arloan egiten den bezala. Eta berriro eskatzen diogu Donostiako udalari iker, identifika eta erreklama ditzala partikularrek Oberan-Urdaburu mendian eragindako kalte ekonomikoak, inolako eskrupulurik gabe.

Eguzki, 2023ko azaroan

SOS Manteo, Donostia, astebururako plana

unnamed

Alkateari eta EAJko eta PSEko zinegotziei, gaur goizean Donostiako Udalean egindako Osoko Bilkuran, ez zaie premiazkoa iruditu Manteoko lurzoru kutsatuen gaia jorratzea lur-mugimenduekin hasi aurretik. Gaia ez da hemen amaitzen eta jakinaren gainean edukiko zaituztegu, baina alderdi garrantzitsu bat argitu nahi genuke lehenik eta behin:

Manteon kutsatuta egon daitezkeen lurzoruek, ez dute une honetan dauden bezala inoren osasunerako inolako arriskurik sortzen; arazoa lur-mugimenduekin etor daiteke.

Hori esanda, Uiako Auzo Elkarteak asteburu honetarako antolatu dituen bi deialdiren berri eman nahi dizuegu:

–  Larunbata 25, 12:00: Elkarretaratzea eta martxa parkearen alde.

–  Igandea 26, 12:00: Berdegunean bisitaldi gidatua zuhaitzak eta alternatibak ezagutzeko.

Zabaldu, mesedez. Mila esker!

Lurpea Garbi aurkezpena Tolosan

LURPEA GARBI KARTELA

Tolosaldeako hainbat kobetan aurki daitekeen zaborrak kontsumorako erabiltzen diren lur azpiko urak kutsatu ditzaketela ikusita, Tolosako Udalak eta Lurpea Garbi elkarteak, arazo honen berri emateko aurkezpen bat eta erakusketa bat antolatu ditu.

Aurkezpen ekitaldiaren data hauxe da:

Eguna: 2023ko azaroaren 24an, ostirala.

Ordua: 18:30ak.

Lekua: Tolosako udaletxeko pleno aretoa.

 Erakusketarena hauxe:

 Eguna: 2023ko azaroaren 25ean, larunbata.

Ordua: 9:00-15:00.

Lekua: Tolosako Trianguloa plaza.

​Era berean interesa izan dezakeen oro gonbidatzera animatzen zaituztegu

Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Agrowind enpresari Erdialdean poligono eoliko zaharkituak ezartzen jarraitzeko

60ae4730d5879

Agrowind Navarra 2013 SL enpresa Larragan, Berbintzanan eta Miranda de Argan proiektatzen zituen parke eolikoak oraindik ez da eraikitzen hasi, Nafarroako Gobernuak proiektua jendaurrean jarri zuenetik 7 urte pasa eta gero, eta 2018an PSIS baten bidez onartu ondoren. Eta gaur egun jendaurrean dago, proiektuaren aldaketa berri batekin.

Honakoan ere, ezerezetik sortutako eta ia kapital sozialik gabeko enpresek gure lurraldean abian jartzen dituzten espekulazio-proiektu ugarietako baten aurrean gaude. Kasu honetan, gainera, aldaketa asko jasan duen proiektu bat izanik, ad hoc egokitutako legeria aplikatu zaio lotsagabeki, enpresari mesede egiteko eta haren iraunaldiari eusteko.

Agrowind Navarra 2013 SLren proiektua 2012an hasi zen, afektatutako udalei aurkeztu zitzaienean, eta 2016an jarri zen jendaurrean. Ahalmen eolikoari, ingurune fisikoari eta ingurumen inpaktuari buruz egindako analisiak, beraz, data hartakoak dira. 2018an, Nafarroako Gobernuak proiektuaren Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala (PSIS) onartu zuen. Hala ere, enpresak ez zen poligono eolikoak eraikitzen hasi garai hartan, baimen guztiak izan arren.

Eta ez zuen hori egin horretarako gaitasunik ez zuelako. Enpresa 2013an sortu zen 4.000 euroko kapital sozial urriarekin, baina hori bai, egoitza sozial handi baten itxura eginez. Gaur egun ere agrowind.es webgunean ikus daitekeen bezala, Orkoienen automobilgintzako marka ezagun baten kontzesionarioa dagoen eraikin handia agertzen da Agrowinden publizitatean bere egoitza balitz bezala, irudian eraikina koroatzen duen auto markaren logotipoaren ordez berea jarrita.

Ezaugarri hauekin logikoa da enpresa honek proiektua eraikitzen ez hastea. Hala ere, Nafarroako Gobernuak PSISaren bizitza modu artifizialean luzatzea lortu zuen. Honela, 2021ean, proiektua onartu zenetik 3 urte baino gehiago igaro zirenean enpresak obrarik egin gabe, eta, beraz, iraungitzat jo behar zenean, Gobernuak, ustekabean, beste 5 urtez luzatu zuela adierazi zuen. Eta erabat modu irregularrean egin zuen, Foru Agindu baten bidez, zuzendu nahi zuena (Foru Dekretu bat) baino arau-tresna apalagoa izanik. Akats handi horren aurrean, justizia-auzitegiek baliogabetu zezaketena, Gobernuak berehala beste foru-dekretu bat onartu zuen, hura zuzentzeko.

Enpresak modu irregularrean lortu zuen epe luzapen horrek bere asmo nagusia betetzeko balio izan zion: proiektua aurrera eramateko gaitasuna zuen beste enpresa bati saltzea. Horrela, urte hauetan Agrowind proiektua saldu nahian zebilela zioten zurrumurruak izan dira nagusi, bai Saudi Arabiako inbertsio-funts ezezagun bati, bai Energía de Portugal (EDP) enpresari. Azkenik, egiaztatu ahal izan da 2022an Agrowindek enpresa bera eta bere poligono eoliko guztiak Saudi Arabiako Alfanar taldeari saltzea lortu duela.

Trikimailu hauek guztiak “anekdota hutsa” izan litezke, baldin eta proiektuak afektatutako ekosistemen osotasuna eta osasuna mespretxatuko ez balira. Izan ere, kontuan izan behar dugu proiektua 2012an hasi zela aztertzen, eta, proiektuaren eraginak ebaluatzeko jendaurrean jarri zen dokumentazioaren artean, Nafarroako Gobernuko Habitaten Sailaren txostena 2013ko abenduaren 31koa dela.

Guztiz eskandalagarria da ingurumen-azterketa erabat zaharkitua eta egungo errealitatearekin bat ez datorren proiektu bat mantentzea. Garai hartatik gaurdaino, energia berriztagarrien poligonoen “boom” handi bat gertatu da, proiektu honek afektatutako eremuak barne. Nahiz eta ingurumenaren arloko legediak ezartzen duen beharrezkoa dela aztertzea proiektutik hurbil antzeko beste azpiegitura batzuk jartzeak eragiten dituen inpaktu metatzaile eta sinergikoak, Nafarroako Gobernua faktore hau alde batera uzten ari da. Era berean, ez da aztertu kaltetutako eremuko florak eta faunak izan duten bilakaera, azken urteetan ere ez duena hoberantz egin, kontrakoa baizik, batez ere zonaldean instalatzen joan diren poligono eolikoengatik.

Sustrai Erakuntzaren Fundazioaren iritziz, onartezina da enpresa-talde honi eskaintzen zaion luzapena eta proiektu honen ingurumen-inpaktuak ebaluatzen dituzten tresnen erabilera irregularra. Beste behin ere, Nafarroako Gobernuak enpresen onura pribatua gizartearen interesen aurretik jartzen du. Hori ezin dugu onartu, eta Sustrai Erakuntza alegazioak aurkeztuko ditu.

Nafarroako behar energetikoak zehazteko plangintza demokratikorik eza, erregai fosilak ordezkatzeko politika argirik eza ( Nafarroako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen eten – gabeko hazkundeak erakusten duen bezala) eta Foru Gobernuak borondaterik ez izatea energía ekoizpen eta banaketak % 100 publikoa, soziala, deskontzentratua eta deszentralizatua izan behar duela bermatzeko, gure lurrean behin eta berriz aurreikusten ari garena baino ez dute elikatzen: energia onura pribatuko ondasuntzat hartzea, non oligopolioak eta multinazionalak (pribatuak edo estatukoak) lurrak eskuratzeko norgehiagokan ari diren, azpiegiturak erosi eta saltzeko, batzuetan merkatu energetikoa menderatzeko eta beste batzuetan likidezia irabazteko eta zorrak estaltzeko, eta non gutxien axola duena iraunkortasun soziala eta ekologikoa den.

Nafarroan, 2023ko azaroaren 22a.

Sustrai Erakuntza Fundazioa

2024an ere birziklatzaileak zabor-tasa finkoaren bidez zigortuko ditu Lasarte-Oriako udal gobernuak

Propaganda-kanpainetan, udal gobernuak dio birziklatzea oso garrantzitsua dela. Alabaina, zabor-tasa finkoaren bidez, oso bestelako mezua bidaltzen ari da.

Propaganda-kanpainetan, udal gobernuak dio birziklatzea oso garrantzitsua dela. Alabaina, zabor-tasa finkoaren bidez, oso bestelako mezua bidaltzen ari da.

2024an ere birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek zabor-tasa bera ordainduko dutela erabaki du Lasarte-Oriako udal gobernuak. Etxean hondakinak gaika biltzen dutenei hobari edo deskonturen bat egiteko aukera berriro datorren urtera arte atzeratu du, urtero egiten duen bezala. Izan ere, hobarien aukera mahai gainean dago 2017an bosgarren edukiontzia ezarri zenetik, baina, azkenean, udal gobernuak beti tarifa finkoa hobesten du.

Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Kontuan izan behar da hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen dela. Alde horretatik, oso argigarriak dira San Marko Mankomunitateko honako tarifa hauek: tona bat organiko, 151,30 euro; tona bat errefusa edo, hobeto esan, hondakin guztiak nahastuta, 189,13 euro. Hau da, gaika bildutako hondakinen tratamendua merkeagoa da (eta are merkeagoa izan beharko luke). Beraz, hondakinak gaika biltzen ez ditugun neurrian edo nahastuta biltzen ditugun neurrian, dirua zuzen-zuzenean zaborretara botatzen ari gara. Tarifa finkoaren bidez, berriz, udal gobernuak lortzen du zaborretara doan diru hori neurri berean izatea gaika biltzen dutenena eta dena nahastuta biltzen dutenena, bereizketarik gabe.

Hondakinak edukiontzi grisean nahastuta sartzen diren bakoitzean, dirua zaborretara botatzen ari gara. Eta diru hori birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek neurri berean ordaintzen dute, bereizketarik gabe.

Hondakinak edukiontzi grisean nahastuta sartzen diren bakoitzean, dirua zaborretara botatzen ari gara. Eta diru hori birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek neurri berean ordaintzen dute, bereizketarik gabe.

Udalak propaganda-kanpainak egiten ditu, herritarrak birziklatzera animatzeko, “kontzientziatzeko”. Baina tarifa finkoaren bidez herritar horiei berei bidaltzen dien mezua oso-oso bestelakoa da, praktikan birziklatzaileak zigortu eta ez-birziklatzaileak saritzen dituelako.

2024an zabor-tasa %30 igotzea ere erabaki du udal gobernuak. Izugarrizko igoera da, ezbairik gabe. Hondakin Lege berriaren ondorio dela argudiatu du udal gobernuak. Bada, Hondakin Lege berri horrek berak, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioari jarraituz, sortutako hondakin kopuruaren araberako ordainketaz eta birziklatzaileen tasak murrizteko aukeraz ere hitz egiten du. Baina Lasarte-Oriako udal gobernuak igoera bai, baina bestea, berriz, oraingoan ere, “datorren urterako” uztea erabaki du.

EGUZKI, 2023ko azaroan

Arrano beltz bat hil da egokitu gabeko linea elektriko batean, Erriberagoitian

Argazkia: Mario Bregaña / Gasteiz Hoy

Argazkia: Mario Bregaña / Gasteiz Hoy

Tristeziaz eta aldi berean amorruz irakurri dugu arrano beltz bat hil dela Erriberagoitian, egokitu gabeko linea batean elektrokutatuta:

Muere electrocutada un Águila Real en Ribera Alta (gasteizhoy.com)

Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartu zituen, hegaztien elektrokuzio- edo talka-arriskua gutxitzeko. Baina konpainiek Dekretua betetzeari urtetan uko egin zioten, harik eta epaileek delitu ekologikoengatiko lehenengo zigorrak ezarri zizkieten arte. Orduan hasi ziren lanak egiten, baina oraindik asko dira eogkitu gabe jarraitzen duten lineak.

Hegaztientzat, batez ere harraparientzat, latza da arazo hau; pozoiak, tiroak edo auto-istripuak baino are latzagoa. Aipatutako Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jo zuen.

Hala eta guztiz ere, Eguzkitik behin baino gehiagotan salatu dugun bezala (Linea elektrikoetan hegaztien heriotzak eragozteko baliabideak eskatu ditu Eguzkik – Eguzki Talde Ekologista), Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek ez diote eskaintzen merezi duen arreta. Horren ondorioz, Iberdrola –bai, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 3.640 milioko mozkinak izan dituela (iazko epe berean baino %17 gehiago) eta urtea inoiz baino gehiago irabazita bukatuko duela harro-harro esan duen konpainia hori bera– presa handirik gabe ari da. Bitartean, talka- edo elektrokozio-kasuek jarraitzen dute. Horren adibide da Erriberagoitiko hau. Arrano beltz bat; atera kontuak.

Papresako hustubide-proiektua baztertuta, 18 urte ondoren

Iturria: Noticias de Gipuzkoa

Iturria: Noticias de Gipuzkoa

Papresako hondakin-urak isurtzeko hustubide-proiektua. 18 urte zertarako lan egiten?

Hemezortzi urtez obrak eta kudeaketak egin ondoren, Errenteriako paper-fabrikako hondakin-urak zuzenean itsasora eramateko hustubidearen proiektua baliogabetu egin da.

Eguzkiko kideok zur eta lur geratu gara Errenteriako paper-fabrikako (Papresa) hondakin-urak zuzenean itsasora eramateko hustubidearen proiektua, jatorrian tratatu ondoren, “kendu” egin dutela jakitean. Ondoriorik berehalakoena da ur horiek Loiolako hondakin-uren araztegira (HUA) iristen jarraitzen dutela eta iristen jarraituko dutela. Araztegi horretan arazo ugari sortu dira, ez baitira etxeko hondakin-urak, eta etengabe urratzen baitute Añarbeko Uren Mankomunitatearen saneamenduari eta isurketei buruzko Erregelamendua (GAO, 100. zk., 2006ko maiatzaren 29koa). Are gehiago, Papresako hondakin-urek behin eta berriz urratzen dute Añarbek Loiolako HUAko efluenteentzat Kantauri itsasora isurtzeko duen baimena. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, jo zen beharrezkotzat duela hemezortzi urte baino gehiago, Añarbeko Uretatik, paper-fabrikako hondakin-urak zuzenean Mompaseko hustubidera bideratzea, Loiolako araztegitik igaro gabe.

2021eko azaroaren 5ean, Añarbeko Mankomunitateko Batzarrak proiektua eta ingurumen-inpaktuari buruzko txostena onartu zituela eta horrelako herri-lanen atzerapenetara ohituta zeudela jakin genuenez, duela gutxi haien egoeraren berri izan dugu, eta proiektua baztertu egin dutela jakinarazi digute. Ondorioz, Papresak bere hondakin-urak Loiolako araztegira bideratzen jarraituko du. Geure buruari galdetzen diogu ea Erregelamendua sistematikoki urratzen jarraituko duen, orain arte egin duen bezala.

Erabaki harrigarri horren azalpen zehatzagoen zain, eta lehen balorazio batean, zaila egiten zaigu ulertzea eta publikoki salatu nahi dugu erakunde publiko guztiak ados zeuden proiektu bat 2015-2021 Plan Hidrologikoaren programan ere sartzen zela; bertan, hemezortzi urte baino gehiagoko kudeaketak eta diru publiko kopuru handi bat inbertitu dira, eta, ondorioz, alferrik galtzen dira, PAPRESAk orain arte bezala sarera isurtzen jarraitu ahal izango duen ziurgabetasunarekin.

INFORMAZIO OSAGARRIA: KRONOLOGIA

• 2004an, eta Papresak bere hondakin-urak zuzenean itsasora eraman zitzan hustubide esklusibo baten bidez, 2004an Oiartzun ibaiaren eskuineko ertzeko hodi-biltzailea eraiki zen paper-fabrikaren eta Iztietako ponpaketa-estazioaren artean. Hustubidearen lehen zatitzat hartu zen.

• 2008an, Añarbeko Mankomunitateak Zikuñaga eta Papresa paper-fabrikako hustubideen bideragarritasun-azterlanak idatzi zituen, itsasora zuzenean isurtzeko. Ikusi dugun bezala, justifikazioa sinplea zen. Isurketa horien ezaugarri bereziek eta Isurketen Araudia etengabe ez betetzeak arazo ugari sortzen dituzte Loiolako araztegiaren funtzionamenduan. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da efluente horiek Mompaseko itsaspeko hustubidera bideratzea araztegitik igaro gabe.

• 2010ean proiektu bat enkargatu zitzaion Proitec enpresari, eta 2012an aurkeztu zuen.

• 2012-2016 aldian, Herrera-Loiola tunel zaharraren zatiari dagozkion obrak egin ziren. 2015eko maiatzean onartu ziren, eta urte bereko irailean esleitu ziren, 416.510,10 euroan.

• 2015-2021 Plan Hidrologikoaren Neurrien Programak Papresako hustubidea barne hartzen du, 3,13 milioiko aurrekontuarekin, eta planaren indarraldiaren barruan gauzatzea.

• 2016an, URA agentziak, isurketen arazoaz jabetuta, eta Añarbeko Urei emandako baimenaren ez-betetzeak konpontzeko, lehentasunezkotzat jotzen du Papresarekin hitzarmen bat sinatzea.

• 2019ko otsailean, Añarbeko Mankomunitateak hustubidearekin jarraitzeko lankidetza-hitzarmena onartu zuen, eta, horretarako, urte horretako ekainean, Papresako lurreko hustubidearen proiektua eguneratzea dokumentua egin zuen. Dokumentu horrek 3.144.698,85 euroko aurrekontua eta 12 hilabeteko egikaritze-epea ditu. Hilabete geroago, uztailean, proiektua eta lizitazioaren hasiera onartu ziren. Bertan behin eta berriz adierazten denez, obraren xedea jatorrian araztu ondoren hondakin-urak zuzenean itsasora garraiatzea da, eta, horrela, Loiolako HUAren funtzionamendua hobetzea, paper-isurketa horien ezaugarri bereziek eta Araudia etengabe ez betetzeak HUAren funtzionamenduan arazo ugari sortzen baitituzte, eta horregatik beharrezkotzat jotzen da efluente horiek Mompaseko itsaspeko hustubidera bideratzea bertatik igaro gabe. Era berean, baieztatzen denez, “15 urte daramatzagu Papresarekin hitzarmena sinatzeko lanean, jatorrian arazketa bat eta hustubide esklusibo baten bidez itsasora zuzeneko garraioa ahalbidetzeko”. Hitzarmena 2019/04/29an sinatu zen. 2019ko irailean, formalki eskatu zitzaizkion baimenak Kostaldeetako Zerbitzu Probintzialari, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan obrak egiteko.

• Bestalde, Papresako indarreko Ingurumen Baimen Integratuaren aldaketa berri baterako espedientearen izapidetzearen esparruan, ikuskapena egin zen 2020/12/15ean eta 2021/01/28an, isurketarako eta… BAI, berriz ere muga-balioak sistematikoki gainditzen dira 2020. urteko isurketetan.

• 2021eko azaroaren 5ean, eta Papresak hilabete batzuk lehenago hustubidearen beharrik ez zegoela adierazi bazuen ere, Añarbeko Mankomunitateko Batzarrak (353 zenbakiko akta, 9. puntua) onartu egin zituen bai hustubidearen proiektua bai hustubidearen ingurumen-inpaktuaren txostena.

• 2023ko urrian eta azaroan Añarberekin trukatutako mezuetan, gaia interesatzen bazaigu, jakinarazi digute bai hitzarmena bai proiektua baztertu egin direla, eta gaineratu du 2022-2027 Plan Hidrologikotik kendu zela, URAk eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eskatuta.

RENFEren aldiriko zerbitzua Gipuzkoan, quo vadis?

Iturria: Arizmendi / DV

Iturria: Arizmendi / DV

Egunotan albiste izan da PSOEren eta ERCren arteko akordioa RENFEk Katalunian dituen aldiriko lineak Generalitateri “oso-osorik” transferitzeko. Testuinguru horretan jakin dugu iaz, linea horietan, 5 egunetatik 4tan atzerapen larriak gertatu zirela. Ez dut Gipuzkoako Irun-Brikola lineari buruzko estatistiken berririk, baina, nire eskarmentuan oinarrituta, lasai asko esan dezaket atzerapenak eta era guztietako gorbeherak eguneroko ogi direla. Hona hemen bakar batzuk…

TREN-ZERBITZUEN SUSPENTSIOAK

2004tik, behintzat, gertatzen dira gorabeherak. Brinkolara iritsi edo Brinkolatik atera egin behar duten trenak Zumarragan geratzen dira, eta handik berriz ere Irunera doaz. Zumarragako leihatilan ematen duten aukera bakarra da txartelaren diferentzia abonatzea. Baina zuk ez duzu txartelaren diferentzia abonatzerik nahi, zuk soluzio bat nahi duzu, soluzio bat behar duzu, adibidez, taxi bat jar dezatela. Erantzuna beti bera da: “ezin dugu”. Azkenaldion, beharbada Legazpiko Udalak Renfe-Adifen aurrean egindako kexa bat dela eta, zenbait pertsonari, azkenean, taxi bat jarri omen diote.

Bidaiaria Brinkolan baldin badago eta komunikagailua erabiltzen badu, honek aspertu arte erripikatzen du “deia atenditzeko zain”. Edo ezer ez dakitela erantzuten diote edo kexa bat ipin dezala edo konexioa galtzen da, besterik gabe.

2017an, tren-zerbitzuak hain sarri suspenditu zituzten (egun bakar batean zazpi ere bertan behera uztera iritsi ziren), ezen langileek berek salaketa bat plazaratu behar izan baitzuten. Bertan argitu zuten makinista faltan zeudela. Batez besteko adina altua zela eta erretiroa hartutako mikinistak tantaka baino ez zituztela ordezkatzen.

Geltoki jakin batean. Hurrengo egunean bertan behera geratuko ziren zerbitzuen berri izan bezain pronto, informazio-orritxo bat jartzen hasi ziren langileak, motu propio. Bada, enpresak debekatu egin zien, soil-soilik RENFEren abisu ofizialak jar zitezkeela argudiatuz.

Gaur egun, zerbitzuak berriz ere oso sarri bertan behera uzten ari dira. Oraingoan ere langile falta?

ATZERAPENAK

Atzerapenak ia egunerokoak dira. Enpresak “obren ondorio” direla argudiatzen du, baina Lezo eta Gros bitartean obrarik ez badago, eta Lezotik ateratako tren batek tarte hori normalean 10 minutuan egiten badu, zergatik iristen da 25 minutuko atzerapenarekin?

Adi bagoitik nasara egin behar den saltoari. Iturria: GIPUZKOAKO HITZA

Adi bagoitik nasara egin behar den saltoari. Iturria: GIPUZKOAKO HITZA

INFORMAZIOA

Nasetan dauden monitoreen informazioa, bozgorailuetatik ematen dena, leihatilan dauden langileena eta sakelakoaren aplikazioena nekez datoz errealitatearekin bat. Oso sarri Brinkolan agertzen dira distantzia luze eta ertainetako bidaiariak. Geltokian zeuden, agindutako orduan beraien trena iritsi ordez aldiriko bat iritsi da, erratuta igo dira eta… Brinkolan.

Nasetako monitoreak, trena iristeko zenbat denbora falta den iragartzen dutenak, matxuratuta daude oso maíz. Erabiltzaile eskarmentatuak ez dira ematen duten informazioaz fidatzen.

MAKINA ETA BAGOI ZAHARKITUAK

Ohiko erabiltzaile batek erraz egingo du topo aspalditik matxuratuta dagoen bagoi batekin. Adibidez, bagoi batzuetan aire egokitua ez dabil, eta barruan 35º edo gehiagoko tenperatura jasan behar izaten da, kanpoan 30º edo gutxiagokoa denean. Edo berogailua martxan abuztuan. Edo irekitzen ez diren ateak seinalizatu gabe. Edo komunik ez.

MUGI/LURRALDEBUS TXARTELAREN EGOKITZEA

Txartelak balidatzeko makina batzuk matxuratuta zeuden, baina martxan baleude bezala agertzen ziren. Ez zuten txarteletan eragiten eta, ondorioz, penalizazioak aplikatzen ziren. Mugiren aurrean kexa aurkeztu behar zen, baina horretarako RENFEren ziurtagiria lortu behar zen edo… dirua galdu. Ez zegoen aldez aurretik makinek funtzionatzen ote zuten jakiteko modurik, langileen monitoreetan funtzionatuko balute bezala agertzen zirelako.

Gaur egun, abonu errekurrentearen fidantzak berreskuratzeko arazoak daude. Kexa aurkeztea aholkatzen da, ziurtagiria erantsita noski (eta lau hilabete geroago, gutxienez).

KEXAK

Kexak jartzera animatzen bazara, erantzungo dizute, noski. Erantzunean, “barka eragozpenak…”, “abisua dagokion zerbitzuari pasatuko diogu, neurri zuzentzaileak har ditzan” eta antzekoak irakurri ahal izango dituzu. Baina ondorengo azalpenak irakurrita, sarri honako sentsatzio honekin geratzen zara: edo ez dute kexaren arrazoia behar bezala irakurri edo zuzen-zuzenean zure kexarekin zerikusia ez duen erantzun bat eman dute.

Zera nabarmendu nahi dut. Hemen aipatu ditudan gorabehera gehien-gehienak kexen bidez dokumentatu ditut, egunak eta orduak barne.

Beste erabiltzaile batzuekin harremanak izaten ditut, noski. Bada, haiekin izandako elkarrizketatik ondorioztatzen dut gehienek, guztiek ez esatearren, kexak jartzea alferrik dela uste dutela. Pertsona kaltetuak oso babesgabe sentitzen dira, eta abonu errekurrentea (doan) badute, uste dute kexak aurkezteak kalte egin diezaiekeela.

mural-anti-aht.1MINIMO HISTORIKOAK

Orain arte esandako honi guztiari gehitzen badizkiogu itxita dauden geltokiak, zerbitzurik gabeak, irisgarritasun-arazo larri-larriak dituztenak, trenbide azpiko pasabideen falta eta, oro har, behin eta berriz atzeratzen diren eguneratze- edo hobetze-obrak, urtetan behar baino askoz gutxiago inbertitu delako… uste dut RENFEren zerbitzuaren kalitatea Gipuzkoan minimo historikoetara hurbiltzen ari dela.

Eta ez begi-bistatik galdu hauxe dela “jendeak” egunero erabiltzen duen trena. Transferentziak pendiente jarraitzen du, ados. Ea berandu baino lehen iristen den. Baina transferentzia zerbitzua hobetzeko bitarteko bat baino ez da izango. Egoerari aurre egiteko lehendabizikoa borondatea da. Eta, egia esan, orain arte ez dugu borondate handirik ikusi, ez Estatuaren aldetik, baina ezta transferentzia eskatzen dutenen aldetik ere. Izan ere, orain arte Abiadura Handiko Trenerako begiak (eta bitartekoak) baino ez dituzte izan.

Arantza de Ozio, EGUZKIko kidea

Eguzkik Labirintoa Olarizuko zelaietan egiteko proiektuari buruz

sos-olarizu-laberinto-1

Gasteizko Udala erakargarritasun turistiko bat eraikitzen ari da Olarizuko zelaietan, Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko 2. Lurralde Planaren barruan, Next Generation EB funtsen finantzaketarekin.

Gune natural horretan, turismoa sustatu nahi da tirolinekin, errota batekin, kafetegiarekin eta landare-labirinto batekin.

Lehenik eta behin, proposamen hori ez dago HAPOn jasota, eta ez da hiri-proiektu bat, doan ateratzen direla dioten proiektuekin bat datorrena baizik, EBk finantzatuko dituela aurreikusten baita, hau da, europar guztien zergekin.

Olarizuko zelaiak urbanizatzea, erakarpen turistiko bat egiteko, labirintoa, alegia, eta Eraztun berdean duen balio naturaletik haratago dagoen erakarpen turistikorako gune bat, gobernu honek nahi duen udal helmugaren erakusgarri da, turismoa eta bisitaria sustatzen baititu, herritarrentzako gozamenerako eta aisialdirako espazioaren kontserbazioaren aurrean. Baita Gasteizko eraztun berdearen barruan ingurumen-balioa duen enklabe natural bat ere.

Eguzkirentzat, Olarizuko lorategi botanikoan dagoen labirintoa (474.742 euroko aurrekontua du) xahutze bat da, eta udalaren, CEAren eta ekologiaz, berdeaz eta naturalaz egiten den erabilera ororen izen txarra gogorarazten digu, gris turistiko, masifikatu, kontsumorako, aisialdirako eta negoziorako gune bihurtu nahi den aldetik, balio naturala eta gasteiztarrek egunero bisitarientzat duten estimua errespetatu gabe.

Bestalde, kokapenari dagokionez, Eguzkik uste du Olarizuko zelaiak ez direla turista ugari erakartzeko leku bat bakarrik, ezta udalerriko beste landa-eremu edo naturalizatu bat ere. Beraz, ez dugu beste leku bat aztertzea proposatzen, ez egitea baizik.

“Zero” proposamenak edo alternatibak abantaila handiak ditu: herritarren borondatea errespetatzea dakar, herritarrei balioa eta ahotsa ematea Olarizuko eremuaren kontserbazioa eta hobekuntza birpentsatzeko, bai hirikoa, bai naturalizatua, bai inguruko herriena. Kontuan hartu eta udal-batasunaren etengabeko balioa eman beharzaie, bai eta kostu-aurrezpena ere, Olarizuren aldeko apustua eginez Ingurumen Azterketarako, Aisialdirako eta Birika Naturalerako gune gisa.

Azkenik, Olarizuko zelaietan natura bezalako espazio ustez natural, begetal eta seguru bat ateak eta giltzarrapoa itxita gaizki erabiltzea saihesteko neurrien iragarpenaren aurrean, uste dugu instalazio turistiko zentzugabea eta helburu naturalik gabea dela, ingurunearentzat erasokorra eta balio naturalik eta sozialik gabea eraikuntza- eta mantentze-kostuaren aurrean.

EGUZKItik eraztun berde baten aldeko apustua egiten dugu, landa-eremuari, herriei eta haien nekazaritza- eta abeltzaintza-faktoreari bizia eta balioa emango diena, eta Olarizuko zelaiak bezalako espazio naturalizatuak errespetatzearen aldekoa, espazio horietako kontsumo-turismoaren aurrean.

Hori dela eta, gure ustez, proiektu hori baztertu egin behar da, eta ez da beste aukerarik egon behar ez kokatzeko, ez eta bisitaldi bakoitzeko ordu erdiko turismoa sustatzeko ere. Horrez gain, Gasteizko herritarren bizi-kalitatearen aldeko apustua egin behar da, tokiko kontsumoan, natura-guneen kontserbazioan eta zelai edo hiri-inguruko eta inguruko herriez (gure udalerriaren bihotza eta birika diren aldetik) gozatzean oinarrituta.

Hondakinen gaikako bilketa berandu baino lehen hobetu beharko lukete Irunek eta Hondarribiak

Europar Batasunak 2025erako ezarritako helburuen azpitik daude biak ala biak

txingudi4Irunen eta Hondarribian helburu atzeraezina da etxeko hondakinen gaikako bilketa handitzea. Izan ere, aipatutako bi herriak oraindik daude Europar Batasunak alor horretan 2025erako ezarri dituen helburuen azpitik, Gipuzkoako gainerako udalen batez bestekoaren azpitik ere egoteaz gain.

EGUNGO EGOERA

Hona hemen hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

txingudi_eusTaulari erreparatuta ikus daitekeen bezala, Txingudikoa da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen bigarren mankomunitatea, doi-doi San Markokoren aurretik. Doi-doi diogu San Markokori puntu bakarra ateratzen diolako, eta ez da begi-bistatik galdu behar San Markokoren datua Donostiako emaitza izugarri kaxkarrek (%41,10) oso apalduta dagoela.

Irunen, 2022ko gaikako bilketa %50,85 izan zen; Hondarribian, berriz, %50,69. Txingudiko Mankomunitateko arduradunek joan den astean adierazi zutenez, datua hobea da, ia %54, baina, aldi berean, aitortu zuten azken bi urteotan atzera egin duela eta hori ”kezkagarria” dela. Ez gara zenbaki-gerra batean sartuko, 50,82 edo 53 eta piku den. Kontua da Txingudi EBk 2025erako ezarritako helburuen azpitik dagoela, baita Gipuzkoako gainerako udalen batez bestekoaren (57,39) nabarmen azpitik ere. Horri gehitzen badiogu Txingudin gaikako bilketak azken bi urteotan atzera egin duela edo, behintzat, estankatu antzean dagoela, ondorioa oso garbia da: neurriak hartu egin behar dira.

LEGEA

Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

(…)

c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

Hau da, Txingudiko Mankomunitateak ez du oraingoz bete Legeak 2025erako ezarritako %55eko bilketa. Gipuzkoak, berriz, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuen ehuneko hori. Horrek esan nahi du herri gehienak zintzo demonio ari direla, Donostiako eta neurri apalagoan Irun, Hondarribia eta beste udal batzuen emaitza eskasak kontra dituzten arren.

ATZERAPEN GEHIAGORAKO TARTERIK EZ

Beraz, Legea beteko bada, gaikako bilketa handitzeko neurriak berandu baino lehen hartu beharko dira Irunen eta Hondarribian. Nolakoak? Gipuzoako gainerako herrietan orain arte hartu dituzten bezalakoak. Irungo eta Hondarribiko agintariek, Gipuzkoatik atera gabe ere, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eredu- eta aukera-katalogo zabala dute. Gure aldetik, kontu bat bakarrik: oraingoan ez da nahikoa izango “kontzientziazio-kanpaina” berri bat egitea eta herritarrei beraien borondatez “ingurumenaren aldeko pauso berri bat” eskatzea. “Kontzientziazio-kanapainak” beharrezkoak izan daitezke, baina mugak ere badituzte. Txingudin Gipuzkoako beste herrietan baino gutxiago birziklatzeak ez du esan nahi bertako bizilagunek ingurumenarekiko kontzientzia-maila apalagoa dutenik, ezta hurrik eman ere. Eskarmentuaren argitan lasai asko esan daiteke herritarren kontzientzia birziklatzeko garrantzitsua dela, noski, baina sistema da erabakigarria. Gutxienezko gaikako bilketa lortzea ahalbidetzen duen sistema ezartzea agintarien erantzukizuna da, eta horiek, agintariek, ezin dute erantzukizuna saihestu eta “kontzientziazio-kanpaina” baten bitartez herritarren bizkar utzi. Beraiek, agintariek, ezarritako sisteman islatu behar da ingurumenarekiko duten erantzukizun- eta kontzientzia-maila. Neurri eraginkorrik hartu gabeko “kontzientziazio-kanpainak” propaganda huts dira, egingo balute bezala egitea, baina benetan egin gabe. Greenwashing, alegia. Alde horretatik, ez da batere esperantzagarria Irungo alkate eta Mankomunitateko presidente Jose Antonio Santanok esandakoa. Izan ere, esan du orain arteko bide beretik jarritzeko asmoa dutela, “momentuz”, neurririk hartu gabe. Gauzak horrela, Einstenek esan omen zuen bezala, “baldin eta beti gauza bera egiten baduzu, nekez espero dezakezu emaitza desberdina”.

Berez, ez dira errefusa, nahastutako hondakinak baizik.

Berez, ez dira errefusa, nahastutako hondakinak baizik.

Laburdilduz, Irunek eta Hondarribiak ez dute zertan bat egin Gipuzkoan hondakinen gaikako bilketaren abangoardian dauden herriekin –nahiz eta guk hori txalotuko genukeen. noski–, baina legez ere gutxienezko batzuk bete behar dituzte, eta epe laburrean, gainera, 2025 baino lehen.

Gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik.

EGUZKI, 2023ko azaroa