All posts by Donostia

Papresako hustubide-proiektua baztertuta, 18 urte ondoren

Iturria: Noticias de Gipuzkoa

Iturria: Noticias de Gipuzkoa

Papresako hondakin-urak isurtzeko hustubide-proiektua. 18 urte zertarako lan egiten?

Hemezortzi urtez obrak eta kudeaketak egin ondoren, Errenteriako paper-fabrikako hondakin-urak zuzenean itsasora eramateko hustubidearen proiektua baliogabetu egin da.

Eguzkiko kideok zur eta lur geratu gara Errenteriako paper-fabrikako (Papresa) hondakin-urak zuzenean itsasora eramateko hustubidearen proiektua, jatorrian tratatu ondoren, “kendu” egin dutela jakitean. Ondoriorik berehalakoena da ur horiek Loiolako hondakin-uren araztegira (HUA) iristen jarraitzen dutela eta iristen jarraituko dutela. Araztegi horretan arazo ugari sortu dira, ez baitira etxeko hondakin-urak, eta etengabe urratzen baitute Añarbeko Uren Mankomunitatearen saneamenduari eta isurketei buruzko Erregelamendua (GAO, 100. zk., 2006ko maiatzaren 29koa). Are gehiago, Papresako hondakin-urek behin eta berriz urratzen dute Añarbek Loiolako HUAko efluenteentzat Kantauri itsasora isurtzeko duen baimena. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, jo zen beharrezkotzat duela hemezortzi urte baino gehiago, Añarbeko Uretatik, paper-fabrikako hondakin-urak zuzenean Mompaseko hustubidera bideratzea, Loiolako araztegitik igaro gabe.

2021eko azaroaren 5ean, Añarbeko Mankomunitateko Batzarrak proiektua eta ingurumen-inpaktuari buruzko txostena onartu zituela eta horrelako herri-lanen atzerapenetara ohituta zeudela jakin genuenez, duela gutxi haien egoeraren berri izan dugu, eta proiektua baztertu egin dutela jakinarazi digute. Ondorioz, Papresak bere hondakin-urak Loiolako araztegira bideratzen jarraituko du. Geure buruari galdetzen diogu ea Erregelamendua sistematikoki urratzen jarraituko duen, orain arte egin duen bezala.

Erabaki harrigarri horren azalpen zehatzagoen zain, eta lehen balorazio batean, zaila egiten zaigu ulertzea eta publikoki salatu nahi dugu erakunde publiko guztiak ados zeuden proiektu bat 2015-2021 Plan Hidrologikoaren programan ere sartzen zela; bertan, hemezortzi urte baino gehiagoko kudeaketak eta diru publiko kopuru handi bat inbertitu dira, eta, ondorioz, alferrik galtzen dira, PAPRESAk orain arte bezala sarera isurtzen jarraitu ahal izango duen ziurgabetasunarekin.

INFORMAZIO OSAGARRIA: KRONOLOGIA

• 2004an, eta Papresak bere hondakin-urak zuzenean itsasora eraman zitzan hustubide esklusibo baten bidez, 2004an Oiartzun ibaiaren eskuineko ertzeko hodi-biltzailea eraiki zen paper-fabrikaren eta Iztietako ponpaketa-estazioaren artean. Hustubidearen lehen zatitzat hartu zen.

• 2008an, Añarbeko Mankomunitateak Zikuñaga eta Papresa paper-fabrikako hustubideen bideragarritasun-azterlanak idatzi zituen, itsasora zuzenean isurtzeko. Ikusi dugun bezala, justifikazioa sinplea zen. Isurketa horien ezaugarri bereziek eta Isurketen Araudia etengabe ez betetzeak arazo ugari sortzen dituzte Loiolako araztegiaren funtzionamenduan. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da efluente horiek Mompaseko itsaspeko hustubidera bideratzea araztegitik igaro gabe.

• 2010ean proiektu bat enkargatu zitzaion Proitec enpresari, eta 2012an aurkeztu zuen.

• 2012-2016 aldian, Herrera-Loiola tunel zaharraren zatiari dagozkion obrak egin ziren. 2015eko maiatzean onartu ziren, eta urte bereko irailean esleitu ziren, 416.510,10 euroan.

• 2015-2021 Plan Hidrologikoaren Neurrien Programak Papresako hustubidea barne hartzen du, 3,13 milioiko aurrekontuarekin, eta planaren indarraldiaren barruan gauzatzea.

• 2016an, URA agentziak, isurketen arazoaz jabetuta, eta Añarbeko Urei emandako baimenaren ez-betetzeak konpontzeko, lehentasunezkotzat jotzen du Papresarekin hitzarmen bat sinatzea.

• 2019ko otsailean, Añarbeko Mankomunitateak hustubidearekin jarraitzeko lankidetza-hitzarmena onartu zuen, eta, horretarako, urte horretako ekainean, Papresako lurreko hustubidearen proiektua eguneratzea dokumentua egin zuen. Dokumentu horrek 3.144.698,85 euroko aurrekontua eta 12 hilabeteko egikaritze-epea ditu. Hilabete geroago, uztailean, proiektua eta lizitazioaren hasiera onartu ziren. Bertan behin eta berriz adierazten denez, obraren xedea jatorrian araztu ondoren hondakin-urak zuzenean itsasora garraiatzea da, eta, horrela, Loiolako HUAren funtzionamendua hobetzea, paper-isurketa horien ezaugarri bereziek eta Araudia etengabe ez betetzeak HUAren funtzionamenduan arazo ugari sortzen baitituzte, eta horregatik beharrezkotzat jotzen da efluente horiek Mompaseko itsaspeko hustubidera bideratzea bertatik igaro gabe. Era berean, baieztatzen denez, “15 urte daramatzagu Papresarekin hitzarmena sinatzeko lanean, jatorrian arazketa bat eta hustubide esklusibo baten bidez itsasora zuzeneko garraioa ahalbidetzeko”. Hitzarmena 2019/04/29an sinatu zen. 2019ko irailean, formalki eskatu zitzaizkion baimenak Kostaldeetako Zerbitzu Probintzialari, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan obrak egiteko.

• Bestalde, Papresako indarreko Ingurumen Baimen Integratuaren aldaketa berri baterako espedientearen izapidetzearen esparruan, ikuskapena egin zen 2020/12/15ean eta 2021/01/28an, isurketarako eta… BAI, berriz ere muga-balioak sistematikoki gainditzen dira 2020. urteko isurketetan.

• 2021eko azaroaren 5ean, eta Papresak hilabete batzuk lehenago hustubidearen beharrik ez zegoela adierazi bazuen ere, Añarbeko Mankomunitateko Batzarrak (353 zenbakiko akta, 9. puntua) onartu egin zituen bai hustubidearen proiektua bai hustubidearen ingurumen-inpaktuaren txostena.

• 2023ko urrian eta azaroan Añarberekin trukatutako mezuetan, gaia interesatzen bazaigu, jakinarazi digute bai hitzarmena bai proiektua baztertu egin direla, eta gaineratu du 2022-2027 Plan Hidrologikotik kendu zela, URAk eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eskatuta.

RENFEren aldiriko zerbitzua Gipuzkoan, quo vadis?

Iturria: Arizmendi / DV

Iturria: Arizmendi / DV

Egunotan albiste izan da PSOEren eta ERCren arteko akordioa RENFEk Katalunian dituen aldiriko lineak Generalitateri “oso-osorik” transferitzeko. Testuinguru horretan jakin dugu iaz, linea horietan, 5 egunetatik 4tan atzerapen larriak gertatu zirela. Ez dut Gipuzkoako Irun-Brikola lineari buruzko estatistiken berririk, baina, nire eskarmentuan oinarrituta, lasai asko esan dezaket atzerapenak eta era guztietako gorbeherak eguneroko ogi direla. Hona hemen bakar batzuk…

TREN-ZERBITZUEN SUSPENTSIOAK

2004tik, behintzat, gertatzen dira gorabeherak. Brinkolara iritsi edo Brinkolatik atera egin behar duten trenak Zumarragan geratzen dira, eta handik berriz ere Irunera doaz. Zumarragako leihatilan ematen duten aukera bakarra da txartelaren diferentzia abonatzea. Baina zuk ez duzu txartelaren diferentzia abonatzerik nahi, zuk soluzio bat nahi duzu, soluzio bat behar duzu, adibidez, taxi bat jar dezatela. Erantzuna beti bera da: “ezin dugu”. Azkenaldion, beharbada Legazpiko Udalak Renfe-Adifen aurrean egindako kexa bat dela eta, zenbait pertsonari, azkenean, taxi bat jarri omen diote.

Bidaiaria Brinkolan baldin badago eta komunikagailua erabiltzen badu, honek aspertu arte erripikatzen du “deia atenditzeko zain”. Edo ezer ez dakitela erantzuten diote edo kexa bat ipin dezala edo konexioa galtzen da, besterik gabe.

2017an, tren-zerbitzuak hain sarri suspenditu zituzten (egun bakar batean zazpi ere bertan behera uztera iritsi ziren), ezen langileek berek salaketa bat plazaratu behar izan baitzuten. Bertan argitu zuten makinista faltan zeudela. Batez besteko adina altua zela eta erretiroa hartutako mikinistak tantaka baino ez zituztela ordezkatzen.

Geltoki jakin batean. Hurrengo egunean bertan behera geratuko ziren zerbitzuen berri izan bezain pronto, informazio-orritxo bat jartzen hasi ziren langileak, motu propio. Bada, enpresak debekatu egin zien, soil-soilik RENFEren abisu ofizialak jar zitezkeela argudiatuz.

Gaur egun, zerbitzuak berriz ere oso sarri bertan behera uzten ari dira. Oraingoan ere langile falta?

ATZERAPENAK

Atzerapenak ia egunerokoak dira. Enpresak “obren ondorio” direla argudiatzen du, baina Lezo eta Gros bitartean obrarik ez badago, eta Lezotik ateratako tren batek tarte hori normalean 10 minutuan egiten badu, zergatik iristen da 25 minutuko atzerapenarekin?

Adi bagoitik nasara egin behar den saltoari. Iturria: GIPUZKOAKO HITZA

Adi bagoitik nasara egin behar den saltoari. Iturria: GIPUZKOAKO HITZA

INFORMAZIOA

Nasetan dauden monitoreen informazioa, bozgorailuetatik ematen dena, leihatilan dauden langileena eta sakelakoaren aplikazioena nekez datoz errealitatearekin bat. Oso sarri Brinkolan agertzen dira distantzia luze eta ertainetako bidaiariak. Geltokian zeuden, agindutako orduan beraien trena iritsi ordez aldiriko bat iritsi da, erratuta igo dira eta… Brinkolan.

Nasetako monitoreak, trena iristeko zenbat denbora falta den iragartzen dutenak, matxuratuta daude oso maíz. Erabiltzaile eskarmentatuak ez dira ematen duten informazioaz fidatzen.

MAKINA ETA BAGOI ZAHARKITUAK

Ohiko erabiltzaile batek erraz egingo du topo aspalditik matxuratuta dagoen bagoi batekin. Adibidez, bagoi batzuetan aire egokitua ez dabil, eta barruan 35º edo gehiagoko tenperatura jasan behar izaten da, kanpoan 30º edo gutxiagokoa denean. Edo berogailua martxan abuztuan. Edo irekitzen ez diren ateak seinalizatu gabe. Edo komunik ez.

MUGI/LURRALDEBUS TXARTELAREN EGOKITZEA

Txartelak balidatzeko makina batzuk matxuratuta zeuden, baina martxan baleude bezala agertzen ziren. Ez zuten txarteletan eragiten eta, ondorioz, penalizazioak aplikatzen ziren. Mugiren aurrean kexa aurkeztu behar zen, baina horretarako RENFEren ziurtagiria lortu behar zen edo… dirua galdu. Ez zegoen aldez aurretik makinek funtzionatzen ote zuten jakiteko modurik, langileen monitoreetan funtzionatuko balute bezala agertzen zirelako.

Gaur egun, abonu errekurrentearen fidantzak berreskuratzeko arazoak daude. Kexa aurkeztea aholkatzen da, ziurtagiria erantsita noski (eta lau hilabete geroago, gutxienez).

KEXAK

Kexak jartzera animatzen bazara, erantzungo dizute, noski. Erantzunean, “barka eragozpenak…”, “abisua dagokion zerbitzuari pasatuko diogu, neurri zuzentzaileak har ditzan” eta antzekoak irakurri ahal izango dituzu. Baina ondorengo azalpenak irakurrita, sarri honako sentsatzio honekin geratzen zara: edo ez dute kexaren arrazoia behar bezala irakurri edo zuzen-zuzenean zure kexarekin zerikusia ez duen erantzun bat eman dute.

Zera nabarmendu nahi dut. Hemen aipatu ditudan gorabehera gehien-gehienak kexen bidez dokumentatu ditut, egunak eta orduak barne.

Beste erabiltzaile batzuekin harremanak izaten ditut, noski. Bada, haiekin izandako elkarrizketatik ondorioztatzen dut gehienek, guztiek ez esatearren, kexak jartzea alferrik dela uste dutela. Pertsona kaltetuak oso babesgabe sentitzen dira, eta abonu errekurrentea (doan) badute, uste dute kexak aurkezteak kalte egin diezaiekeela.

mural-anti-aht.1MINIMO HISTORIKOAK

Orain arte esandako honi guztiari gehitzen badizkiogu itxita dauden geltokiak, zerbitzurik gabeak, irisgarritasun-arazo larri-larriak dituztenak, trenbide azpiko pasabideen falta eta, oro har, behin eta berriz atzeratzen diren eguneratze- edo hobetze-obrak, urtetan behar baino askoz gutxiago inbertitu delako… uste dut RENFEren zerbitzuaren kalitatea Gipuzkoan minimo historikoetara hurbiltzen ari dela.

Eta ez begi-bistatik galdu hauxe dela “jendeak” egunero erabiltzen duen trena. Transferentziak pendiente jarraitzen du, ados. Ea berandu baino lehen iristen den. Baina transferentzia zerbitzua hobetzeko bitarteko bat baino ez da izango. Egoerari aurre egiteko lehendabizikoa borondatea da. Eta, egia esan, orain arte ez dugu borondate handirik ikusi, ez Estatuaren aldetik, baina ezta transferentzia eskatzen dutenen aldetik ere. Izan ere, orain arte Abiadura Handiko Trenerako begiak (eta bitartekoak) baino ez dituzte izan.

Arantza de Ozio, EGUZKIko kidea

Hondakinen gaikako bilketa berandu baino lehen hobetu beharko lukete Irunek eta Hondarribiak

Europar Batasunak 2025erako ezarritako helburuen azpitik daude biak ala biak

txingudi4Irunen eta Hondarribian helburu atzeraezina da etxeko hondakinen gaikako bilketa handitzea. Izan ere, aipatutako bi herriak oraindik daude Europar Batasunak alor horretan 2025erako ezarri dituen helburuen azpitik, Gipuzkoako gainerako udalen batez bestekoaren azpitik ere egoteaz gain.

EGUNGO EGOERA

Hona hemen hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

txingudi_eusTaulari erreparatuta ikus daitekeen bezala, Txingudikoa da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen bigarren mankomunitatea, doi-doi San Markokoren aurretik. Doi-doi diogu San Markokori puntu bakarra ateratzen diolako, eta ez da begi-bistatik galdu behar San Markokoren datua Donostiako emaitza izugarri kaxkarrek (%41,10) oso apalduta dagoela.

Irunen, 2022ko gaikako bilketa %50,85 izan zen; Hondarribian, berriz, %50,69. Txingudiko Mankomunitateko arduradunek joan den astean adierazi zutenez, datua hobea da, ia %54, baina, aldi berean, aitortu zuten azken bi urteotan atzera egin duela eta hori ”kezkagarria” dela. Ez gara zenbaki-gerra batean sartuko, 50,82 edo 53 eta piku den. Kontua da Txingudi EBk 2025erako ezarritako helburuen azpitik dagoela, baita Gipuzkoako gainerako udalen batez bestekoaren (57,39) nabarmen azpitik ere. Horri gehitzen badiogu Txingudin gaikako bilketak azken bi urteotan atzera egin duela edo, behintzat, estankatu antzean dagoela, ondorioa oso garbia da: neurriak hartu egin behar dira.

LEGEA

Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

(…)

c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

Hau da, Txingudiko Mankomunitateak ez du oraingoz bete Legeak 2025erako ezarritako %55eko bilketa. Gipuzkoak, berriz, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuen ehuneko hori. Horrek esan nahi du herri gehienak zintzo demonio ari direla, Donostiako eta neurri apalagoan Irun, Hondarribia eta beste udal batzuen emaitza eskasak kontra dituzten arren.

ATZERAPEN GEHIAGORAKO TARTERIK EZ

Beraz, Legea beteko bada, gaikako bilketa handitzeko neurriak berandu baino lehen hartu beharko dira Irunen eta Hondarribian. Nolakoak? Gipuzoako gainerako herrietan orain arte hartu dituzten bezalakoak. Irungo eta Hondarribiko agintariek, Gipuzkoatik atera gabe ere, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eredu- eta aukera-katalogo zabala dute. Gure aldetik, kontu bat bakarrik: oraingoan ez da nahikoa izango “kontzientziazio-kanpaina” berri bat egitea eta herritarrei beraien borondatez “ingurumenaren aldeko pauso berri bat” eskatzea. “Kontzientziazio-kanapainak” beharrezkoak izan daitezke, baina mugak ere badituzte. Txingudin Gipuzkoako beste herrietan baino gutxiago birziklatzeak ez du esan nahi bertako bizilagunek ingurumenarekiko kontzientzia-maila apalagoa dutenik, ezta hurrik eman ere. Eskarmentuaren argitan lasai asko esan daiteke herritarren kontzientzia birziklatzeko garrantzitsua dela, noski, baina sistema da erabakigarria. Gutxienezko gaikako bilketa lortzea ahalbidetzen duen sistema ezartzea agintarien erantzukizuna da, eta horiek, agintariek, ezin dute erantzukizuna saihestu eta “kontzientziazio-kanpaina” baten bitartez herritarren bizkar utzi. Beraiek, agintariek, ezarritako sisteman islatu behar da ingurumenarekiko duten erantzukizun- eta kontzientzia-maila. Neurri eraginkorrik hartu gabeko “kontzientziazio-kanpainak” propaganda huts dira, egingo balute bezala egitea, baina benetan egin gabe. Greenwashing, alegia. Alde horretatik, ez da batere esperantzagarria Irungo alkate eta Mankomunitateko presidente Jose Antonio Santanok esandakoa. Izan ere, esan du orain arteko bide beretik jarritzeko asmoa dutela, “momentuz”, neurririk hartu gabe. Gauzak horrela, Einstenek esan omen zuen bezala, “baldin eta beti gauza bera egiten baduzu, nekez espero dezakezu emaitza desberdina”.

Berez, ez dira errefusa, nahastutako hondakinak baizik.

Berez, ez dira errefusa, nahastutako hondakinak baizik.

Laburdilduz, Irunek eta Hondarribiak ez dute zertan bat egin Gipuzkoan hondakinen gaikako bilketaren abangoardian dauden herriekin –nahiz eta guk hori txalotuko genukeen. noski–, baina legez ere gutxienezko batzuk bete behar dituzte, eta epe laburrean, gainera, 2025 baino lehen.

Gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik.

EGUZKI, 2023ko azaroa

Belatz bat tiroz bota dute Langraizko ehiza-barrutian

ARGAZKIA: ANDONI DIAZ

ARGAZKIA: ANDONI DIAZ

Bere belatza Langraizko ehiza-barrutian trebatzen ari zen zetrero batek bi tiro entzun eta, handik pixka batera, hegaztia larriki zaurritua aurkitu zuen. Albaitari batek berehala atzeman zuen zauriak perdigoien ondorio zirela. Zetreroak salaketa ipini du epaitegian. Eguzkik, berriz, Fiskaltzan.

Gertatutakoaren berri xehe-xehe eman du Iker Armentiak SER irratian. Hona hemen esteka:

Disparan a un halcón de cetrería en el coto de Nanclares: “Hay una ley del silencio que cubre estos delitos medioambientales” | Actualidad | Cadena SER

ARGAZKIA: ANDONI DIAZ

ARGAZKIA: ANDONI DIAZ

Pasaiak etxeko hondakinen gaiakako bilketa hobetu egin behar du, baldin eta Europar Batasunak 2025erako ezarritako gutxienezko kopurua lortuko badu

hondakinak_pasaiaPasaiako alkate Teo Alberrok iragarri du “2024an Udalak kontzientziazio-kanpaina indartsu bati ekingo diola herriko hondakinen gaikako bilketa handitzeko”. Eguzkikooi ez zaigu gaizki iruditzen, noski, baina zera adierazi nahi dugu: litekeena da kontzientziazio-kanpaina bat, “oso indartsua” izan arren, nahikoa ez izatea. Izan ere, legegintzaldi honetan Gipuzkoan etxeko hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak derrigorrez hartu behar dituen herrietako bat da Pasaia. 2022an hondakinen %48,9 baino ez zuen gaika bildu. Europar Batasunak, berriz, 2025erako udal-hondakinak %55, gutxienez, birziklatzeko moduan bildu egin behar direla dio (*).

Paradoxa da, Pasaiak, berez, gutxienezko hori orain dela ia hamar urte gainditu zuelako. Izan ere, 2014an etxeko hondakinen %57,4 bildu zuen gaika. Are gehiago, hurrengo urtean, 2015ean, %69,99ra ere irtsi zen. Tamalez, geroztik honako hau izan da bilakaera:

taula1_Pasaia_eus 2015ean atez ateko bilketa bertan behera utzi zuten, gaur egun inolako dudarik gabe trunpistatzat joko genukeen kainpaina baten ondoren. Baina azken urteotan hondakinen gaikako bilketa 20 puntu baino gehiago apaldu bada, ez da sistema aldatu izanaren ondorio, edo ez bakarrik horren ondorio, behintzat. Gaikako bilketa hainbeste jaitsi izana edukiontzietan oinarritutako sistema berriaren kudeaketa negargarriaren ondorio izan da. Eta puntu hau espresuki nabarmendu nahi dugu, zeren eta, esperientziak agerian utzi duenez, edukiontzietan oinarritutako sistemek ez baitute zertan Pasaiakoak bezain emaitza txarrik izan. Horren lekuko dira Gipuzkoako hamaika herrik edukiontzi-sistemen bitartez lortzen dituzten emaitzak. Geure buruari galdetzen diogu –maltzurki galdetu ere, aitor dezagun– ea hau ote den Foru Aldundiak Izaskun Gomez alkate ohiari aitortu dizkion merezimenduetako bat Ingurumen Administrazioaren zuzendari izendatzeko.

PASAIA, SAN MARKO MANKOMUNITATEKO ETA GIPUZKOAKO TESTUINGURUAN

Honako taula honetan, hondakinen gaikako bilketa 2022an, San Marko Mankomunitatean, herriz herri:

taula2_SanMarko_eusHonako taula honetan, berriz, hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

taula3_Gipuzkoa_eusTaulei erreparatuta ikus daitekeen bezala, Pasaia da San Markon gutxien birziklatzen duen hirugarren herria. Halaber, San Marko da –Donostiako eta neurri apalagoan Lasarte-Oriako bilketa eskasaren ondorioz– Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Hala ere, Pasaiak ozta-ozta gainditzen du San Markoren batez bestekoa. Nolanahi ere, Gizpuzkoako gainerako herrien batez bestekotik (%57,39%) oso urruti dago, 7,5 puntura. Are gehiago, Gipuzkoako gainerako herriek 2020an lortu zuten %55,24ko bilketa, eta, beraz, Europar Batasunak eta Hondakin Lege berriak 2025erako ezarritako %55eko helburua gainditu zuten.

ATZERAPEN GEHIAGORAKO TARTERIK EZ

Beraz, Europar Batasunaren eskakizunak eta azken batean Legea beteko badira, gaikako bilketa hobetzeko neurriak berandu baino lehen hartu beharko dira Pasaian. Kontzientziazio-kanpainak lagungarriak izan daitezke, baina neurririk gabeko “kontzientziazio-kanpainak” progaganda baino ez dira. Greenwashing.

Nolako neurriak? Gipuzoako gainerako herrietan orain arte hartu dituzten bezalakoak. Gipuzkoatik atera gabe ere, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eredu- eta aukera-katalogo zabala dago.

Hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik.

EGUZKI, 2023ko azaroa

(*) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

(…)

c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

Bidasoaren ertzean dagoen Pasquier Brioche (Recondo) lursailaren etorkizuna eztabaidagai

00 pasquier (nota prensa octubre 23)Duela gutxi prentsan ikusi dugunez, berriro hasi da Brioche-Pasquier lantegiak Bidasoaren ertzean orain okupatzen duen lursailaren etorkizunari buruzko eztabaida. Izan ere, bere ekoizpena Bentak auzoko lantegira lekualdatu ondoren, erabilerarik gabe geratuko da. Nahiago nuke eztabaida benetan irekia izatea, eta a priori baztertu gabe zementuaren, adreiluaren eta asfaltoaren azalera handitzeko proiektuekin talka egiten duten proposamenak, habitat naturalaren kaltetan. Habitat hori, gizaki garen aldetik, gurea ere bada, eta osasuntsu behar dugu. Zergatik ez aztertu serioski zinegotzi baten azken proposamena, ezagutu berri duguna eta txalotu duguna, lurrak enpresarekin trukatzeko aukerari buruz? Argi dagoena da leku desberdinetan eraiki daitekeela, baina badia lehengoratzea badiaren eremuan bakarrik da posible.

Bere garaian ere, enpresaren eta Irungo Udalaren arteko hirigintza-hitzarmenaren aurrean argudiatuz, eskatu genuen sakonki aztertzea marearteko itsasadarraren tarte horretan leku hori Bidasoako eremu naturalera itzultzeko aukera, ingurumena leheneratuz eta Natura 2000 Sarearen babes-eremuan sartuz. Izan ere, Natura 2000 Sareko eremu horren diagnostiko-dokumentuan jasota dago estuarioaren berezko habitatak ez daudela behar bezala ordezkatuta, eta ahal den tokian zabaltzeko eskatzen da.

Lursail hori uholde-arriskuko eremutzat jotzen da Eusko Jaurlaritzaren dagokion dokumentuan, eta, baita eragin negatiboak eta zuzenak dituen lekutzat ere, berotze globalaren ondorioz itsas maila igoko dela aurreikusten baita. Baldintza horiek nahikoak izan beharko lukete han etxebizitzak eraikitzea baztertzeko.

Informazio positiboren bat iritsi zaigu Eusko Jaurlaritza Bidasoako irletako lur batzuk erosteko egiten ari den izapideari buruz. Lur horiek oraindik ingurumenaren aldetik leheneratu gabe daude, nahiz eta 1994. urtetik betetzeke dagoen konpromisoa izan. Arloko sailburuak iragarri zuen (xehetasunik eman gabe) Jaurlaritzak ia 30 milioi euro inbertituko zituela Txingudiko gure badia hobetzeko. Dirudienez, ez gaude funts faltaren aurrean, baina agian bai lehentasunen aurrean. Tokiko eskumen eta interesetatik haratago dauden gaiez ari gara, hala nola biodibertsitatearen galera lehengoratzeko eta bizi dugun krisi klimatikoaren aurrean eragin negatibo handiagoak saihesteko neurriak hartzeko gai globalez ari gara. Herritar bakoitzak, ingurumena zaindu eta hobetzeko, bere aletxoa jar dezakeen eta jarri behar duen bezala, nola ez du edozein administrazio publikok konpromiso hori hartuko, hurbilen dagoen administraziotik, alegia, udaletik hasita.

Angula-arrantza profesionalizatzeari uko egin eta behingoz espeziea babesteari ekin beharko lioke Eusko Jaurlaritzak

ITURRIA: EUSKADI IRRATIA

IRUDIAREN ITURRIA: RADIO EUSKADI

Eguzki Talde Ekologistaren eta Mutriku Natur Taldearen iritziz, angularen arrantza profesionalizatzeko dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzak biodibertsitatea sakrifikatzen du, klientelismoaren mesedean. Horregatik, dekretuari aurkeztu dizkiogun alegazioetan, Jaurlaritzari zera eskatu diogu, gauzak onbideratzeko –oraindik garaiz gaude eta–, Europar Batasunak aisialdiko angula-arrantzaren gainean espresuki ezarri duen debekua onartzeko eta aingira europarra Mehatxatutako Espezieen Euskal Kataloagoan sartzeko, arrisku larrian dagoen espezie bati dagokion bezala.

Iaz, aingira europarra babesteko beste hainbat neurriren artean, angularen aisialdiko arrantza debekatu egin zuen Europar Batasunak, eta angularen aisialdiko arrantza izan da Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte indarrean egon den modalitate bakarra.  EBk neurri murriztaile horiek hartu zituen Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluaren (ICES edo CIEMen) txosten zientifikoen argitan. Txosten horien arabera, espeziea “seguratasun-muga biologikoetatik kanpo” dago, “arrisku larrian”. Izan ere, UICN Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak aspaldi sailakatu zuen aingira europarra Liburu Gorrian “desagertzeko arrisku larrian” dauden espezieen atalean. Horregatik, Europako txosten zientifikoek aholkatzen dute faktore antropikoek –arrantzak barne– aingiren artean eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egotea.

2007an, espeziearen gainbehera hain zen nabarmena ezen EBk estatuei Angula Kudeatzeko Planak egitera behartu zituen. Orduan, Jaurlaritzak ez zuen beharrik edo tarterik ikusi Bizkaian eta Gipuzkoan arrantza profesionala egiteko, eta aisialdiko arrantza baino ez zuen baimendu. “Europan kasu bakarra”, orain dela urtebete eskas Arrantzako kontseilariorde Bittor Orozek nabarmendu zuen bezala. Hamasei urte geroago, espeziearen egoera askoz larriagoa da, eta orain, berriz, a zer paradoxa, EBk aisialdiko arrantza debekatzeko hartutako erabakiari iskin egin nahi dio Jaurlaritzak, arrantza profesionalizatuz. Bietako bat: edo sektore profesional bat artifizialki sortzen ari da edo sektore hori urte hauetan guztietan izan, izan da, baina mozorrotuta, behar bezalako ingurumen-kontrolik gabe eta beste edozein sektore ekonomikok dituen gainerako kontrol eta ardurarik gabe.

Dekretu-proiektuak 150 baimen ematea aurreikusten du, honela banatuta:

angula_taula_eusBaina ez dago baimen kopuru hori edo banaketa hori justifikatzen duten Aztiren inolako txosten zientifikorik. Ez, behintzat, kontsultatu daitekeenik (*). Nola justifikatu du Aztik –benetan justifikatu badu, noski– EBren erabakiaren oinarrian dauden ICESen kalkuluek ez dutela Gipuzkoan eta Bizkaian balio? Nola kalkulatu du sektore profesional bat sortzea ahalbidetzen duen kuota? Zenbatekoa da kuota hori? Zergatik 150 baimen? Zergatik ez gehiago edo gutxiago? Zergatik banatzen dira banatzen diren bezala? Txosten horiek eskuratu bitartean –berriro diogu, existitzen badira–, esan beharra dago, itxura guztien arabera, 150 baimen horiek Jaurlaritzak Euskadiko Anguleroen Elkartearekin zuzen-zuzenean egin duen negoziarioaren ondorio dela. Hau da, ez du ematen Aztik arrantza iraunkorra ahalbidetzen duen kuota bat kalkulatu duenik eta hortik 150 baimen eman daitezkeela ondorioztatu dutenik.

Aztiren txostenak eskatzeko arrazoiak begi-bistakoak dira. Baina, gainera, Arrantzako kontseilariordeak berak esan zuen apirilean angularen arrantza profesionalizatzeko “giltzarria” Azti zela. “Azti izango baita –adierazi zuen– arrantza-kuota zehaztu eta urtero errebisatuko duena”. Bada, datorren denboraldian zenbateko kuota izango da? Nola kalkulatu da? Zergatik aurkeztu behar izan ditugu alegazioak oinarrizko datu horiek ezagutu gabe?

Egia da, dena dela, hura esan zuen egunean bertan, kontseilariak “erabateko gardentasunez” jokatuko zuela ere esan zuela. Eta kusi dugu, bai: interlokutore bakarra, Euskadiko Anguleroen Elkartea, eta gainerako guztiok alegazioak itsu-itsuan egin behar izan ditugu, dekretuak oinarrian omen dituen txosten zientifiko eta juridikoak ikusi gabe. Esan dezagun, bide batez, Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak Natura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenak ere faltan ikusten ditugula. Derrigorrezkoak iruditzen zaizkigu. Azken batean, galtzorian dagoen espezie batez ari gara.

Hau guztia gutxi balitz, dekretuan hainbat irregulartasun atzeman ditugu… arrantza profesionala baimentzen da ontzi ez-rofesionaletatik; lehorretiko arrantza Kosta Legeak aurreikusten duen baimenik gabeko kalaleku edo kalatokietatik egingo da; baimenak emateko orduan kontuan hartuko da Euskadiko Anguleroen Elkarteko kidea izatea eta noiztik…

Laburbilduz, dekretua neurri-neurrira egindako soinekoa da, biodibertsitatearen kaltetan eta klientelismoaren mesedean.

EGUZKI TALDE EKOLOGISTA eta MUTRIKU NATUR TALDEA

(*) NATURKON Gipuzkoako elkarte naturzale eta ekologisten koordinadorak espresuki salatu zuen gai hau orain dela pare bat aste:

Eusko Jaurlaritzak angula-arrantza profesionalaren dekretoaren aurka alegatzeko behar zuten informazioa ukatu diela salatu dute Gipuzkoako ekologistek (mailchi.mp)

Jaizkibelgo “sare fantasma” itsasotik atera dute

Lehen lerroan zati bat ikusten da. Atzean, berriz, gainerakoa zabaltzen hasi direla ikusten da. ARGAZKIA: BUCEO DONOSTI

Lehen lerroan zati bat ikusten da. Atzean, berriz, gainerakoa zabaltzen hasi direla ikusten da. ARGAZKIA: BUCEO DONOSTI

Buceo Donostik Jaizkibelgo Turulla Puntan aurkitutako “sare fantasma” itsasotik atera zuten atzo, Guardia Zibilak gidatutako operazio batean. Eta, bai, iragarri bezala, izugarri handia da, batez beste 700 metro koadroko azalera baitu.

Guardia Zibilak orain nondik datorren ikertuko du, delitu ekologikoa ote dagoen argitzeko, nahiz eta, egia esan, ikerketa horrek kontu formala dirudi beste ezer baino gehiago.

Honako bideo honetan sarea urpean, Buceo Donostik aurkitu eta ezagurarazi zuen bezala:

Buceo Donosti 2 – YouTube

Hemen, berriz, aurkikuntza zela eta Eguzkikook zabaldu genuen idatzia, non horrelako sareen arriskuaz ohartarazi eta, bide batez, duela hamar urte baino gehiago proposatu zen Ulia-Jaizkibel itsas babesgunearen proiektua errebindikatzeko aprobetxatu genuen:

Izugarri “sare fantasma” handia aurkitu dute Jaizkibelgo kostan – Eguzki Talde Ekologista

EGUZKI, 2023ko urrian

Turistifikazioari STOP! lemapeko manifestazioa antolatu du igandean, Donostian, Bizilagunekin plataformak

URRIA2023-POSTER-ZAHARRA-05-1-724x1024Bizilagunekin plataformak manifestazioa deitu du datorren igandean, 12etan Alderdi Ederretik abiatuta, Turistifikazioaren Aurkako Urrian antolatutako ekintzen artean. Mobilizazio honen helburua da Donostiaren gehiegizko  turistifikazioari stop esan eta desazkunde turistikoaren beharra aldarrikatzea. Era guztietako ia 30 elkarte eta taldek babesa eman diote manifestazioari. Horietako bat da Eguzki, eta espresuki animatu nahi zaitugu parte hartzera.

Manifestua, atxikimentu-zerrenda eta ekimen honi buruz jakin behar duzun guztia Bizilagunekin plataformaren beraren webgunean aurkituko duzu: BiziLagunEkin – Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma

 

Gipuzkoako ekologistok salatzen dugu angularen arrantza profesionalizatzeko dekretuari alegazioak itsu-itsuan aurkeztu behar izan dizkiogula, txosten zientifiko eta juridikorik ikusi gabe

Aingira-2NATURKON Gipuzkoako talde naturazaleen eta ekologisten koordinadorak salatu nahi du angularen arrantza profesionala arautzeko dekretu-zirriborroari alegazioak itsu-itsuan aurkeztu behar izan dizkiogula, ho rren oinarrian ustez dauden txosten zientifiko eta juridikoak ikusterik izan ez dugulako.

ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluaren txosten zientifikoen arabera, aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dago, arrisku larrian”, eta, gauzak horrela, faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko luke. Hain justu, ICESen txostenetan oinarritua, angularen arrantza murrizteko hainbat neurri hartu zituen iaz Europar Batasunak. Neurri horietako bat angularen aisialdiko arrantza debekatzea izan zen, eta aisialdiko arrantza da Gipuzkoan eta Bizkaian orain arte baimenduta egon den angularen arrantza-modalitate bakarra. Horregatik, profesionalizazio-dekretuari alegazioak egiteko, ezinbestekoa zen Aztiren txostenak ezagutzea. Ezinbestekoa zen –eta da– ezagutzea Aztik nola egiten dien aurre ICESen txostenei, nola justifikatzen duen gure errioetan oraindik angula arrantzatzen jarraitzeko aukera badagoela. Edo zehatz-mehatz zenbateko kuotaz ari garen eta nola kalkulatu duten hemendik aurrera profesional izango den sektore bati eusteko. Edo dekretuak zergatik aurreikusten dituen 150 arrantza-baimen, eta ez 30 edo 300.

Horrelako zerbait gertatzen da txosten juridikoekin, batez ere dekretuak Europar Batasunaren erabakiari iskin egitea beste helbururik ez duela kontuan izanda. Dekretuak suposatzen du sektore profesional bat artifizialki sortzea, edo, aitzitik, inplizituki aitortzea urtetan jarduera profesional hori existitu, existitu egin dela, baina aisialdi-jarduera gisa kamuflatuta; beraz, ingurumen-kontrol egokirik gabe eta gainerako jarduera ekonomikoek dituzten baldintzetatik at.

Argi eta garbi geratu dena zera da, dekretua Euskadiko Anguleroen Elkartearen neurrira egindako jantzia dela, Gobernuak elkarte horrekin eta elkarte horrekin bakarrik negoziatu baitu. Halaber, argi eta garbi geratu da Bittor Oroz Arrantza kontseilariordeak gai honetan publikoki agindu zuen “gardentasun erabatekoa” ezerezean geratu dela. Seguru asko dekretuaren atzean dauden txosten zientifiko eta juridikoen berri izaten bukatuko dugu, baina ordurako alegazio-epea bukatuta egongo da.

Nolanahi ere, dekretua, oroz gain, biodibertsitatearen aurkako eraso berri bat da. Gobernuak berriro sakrifikatu du biodibertsitatea, oraingoan klientelismoaren aldarean.

757887b9-c5c0-4a2d-ada3-1f90534a9557

Izugarri “sare fantasma” handia aurkitu dute Jaizkibelgo kostan

IRUDIA: BUCEO DONOSTI

IRUDIA: BUCEO DONOSTI

Buceo Donostiko kideek oso “sare fantasma” handia aurkitu dute Jaizkibelgo Turulla Puntan, bideootan ikus daitekeen bezala:

Buceo Donosti 2 – YouTube

Buceo Donosti – YouTube

Datozen egunetan ateratzen saiatuko dira, nahiz eta aldez aurretik abisatzen duten ez dela erraza izango.

Ez da Buceo Donostiko kideak langintza honetan jarduten diren lehen aldia.

Honelako sare hauen izen teknikoa ALDFG da (Abandoned, lost or otherwise discarted fishing gear; abandonatutako, galdutako edo baztertutako arrantza-arteak), baina beraien izen arrunta “sare fantasmak” izaten da. Turulla Puntakoa arroketan trabatuta geratu zen eta, irudietan ikus daitekeen bezala, hainbat espezierentzako tranpa izaten jarraitzen du:

IRUDIA: BUCEO DONOSTI

IRUDIAK: BUCEO DONOSTI

BuceoDonosti03Sare hauekiko kezka gero eta handiagoa da. FAOren arabera, urtero 640.000 tona arrantza-arte amaitzen dira itsasoan. Handiak zein txikiak, gaur egun ia guztiak plastikozkoak dira. Ozeano Barean dagoen Zaborraren Orban Handia delako “kontinentea”ren %46 sarez osatuta dago. Baina sare fantasmekiko kezka ez da soilik ozeanoak plastikoz betetzen dituen olatuari ekarpen handia egiten diotelako, baizik eta nabigaziorako arazo bat direlako eta, batez ere, faunarentzako tranpa hilgarriak eta ekosistementzako benetako mehatxua izaten jarraitzen dutelako, kasu honetan, Jaizkibelgo ekosistementzako benetako mehatxua.

Eguzkitik aukera aprobetxatu nahi dugu Ulia-Jaizkibel itsas babesgune proiektuak pendiente jarraitzen duela gogoratzeko. Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak 2010ean aurkeztu zuten Donostia eta Biarritz bitartean korridore ekologiko bat eratzeko proposamen zientifikoa, Natura 2000 Sarearen barruan. Proposamenak aurreikusten du 13.000 hektarea inguruko itsas babesgune bat deklaratzea Jaizkibelgo eta Uliako kostan. Inguru hori oso aberatsa da. Oceanak eta EBEOk mila espezie baino gehiago atzeman dituzte bertan. Horietatik 50 inguru babestuta daude, identifikatu dituzten habitetatik 12 babestuta dauden bezala. Horrez gain, Kantauri itsasoan parekorik ez duten forma geologikoak ere aurkitu dituzte. Gobernu frantsesak Lapurdiko kostaldean dagoeneko hainbat itsas babesgune deklaratu dituela kontuan izanda, 27.000 hektarea inguruko babesgune-sarea osatuko litzateke Donostia eta Biarritz bitartean. “Atlantiko europarreko itsas korridorerik garrantzitsuenetakoa izango litzateke, baita aniztasun handienetakoa ere”.