All posts by Donostia

Gutxienez Legeak agindu bezainbeste birziklatzeko neurriak eskatzen dizkio Eguzkik Donostiako Udalari

Errefusa biltzeko edukiontzia benetan errefusa biltzekoa izan dadila da giltzarria, eta ez dena nahasita botatzeko edukiontzia.

Errefusa biltzeko edukiontzia benetan errefusa biltzekoa izan dadila da giltzarria, eta ez dena nahasita botatzeko edukiontzia.

Europar Batasunak, 2025erako, etxeko hondakinen %55, behintzat, gaika bildu behar dela dio; Donostiak, berriz, %41,10 baino ez du biltzen

EKOLOGIA ZINEGOTZIA, IRAUNKORTASUN TXOSTENAREN AURKEZPENEAN

Ekologia zinegotzi Marisol Garmendiak Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren urteroko txostena aurkeztu du eta bertan bildutako datuak ohi bezain modu autokonplazientean irakurri ditu; hau da, Donostia posiblerik onenean bizi gara. Badira, noski, “hobetu daitezkeen” kontuak, esaterako, etxeko hondakinen gaikako bilketa. Horregatik, prentsan irakurri dugunaren arabera, herritarroi “arduraz jokatzeko” dei egin zigun Garmendiak, eta “kontzientziazio-kanpaina” berriak iragarri zituen.

Idatzi honen bitartez, bi kontu nabarmendu nahi ditugu. Bat: kontua ez da etxeko hondakinen gaikako bilketa “hobetu daitekeela”, baizik eta epe laburrean, nahitaez, hobetu egin beharko dela. Eta, oroz gain, bi: Donostia Gipuzkoako birziklatze-rankingean azkena baldin bada, ez da herritarrek “arduraraz” jokatzen ez dutelako, udal gobernuek urte hauetan guztietan alor honetan ezertxo ere egin ez dutelako baizik. Hau da, Eneko Goia eta Marisol Garmendia bera dira arduragabe gorenak, ez herritarrok. Ikus dezagun…

EB-REN HELBURUAK ETA HONDAKIN LEGE BERRIA

Donostiako Udalak etxeko hondakinen gaikako bilketa nabarmen hobetu behar du, baldin eta Europar Batasunak alor horretan ezarri dituen helburuak eta helburu horiek bere egin dituen Hondakin Lege berriaren aginduak beteko baditu. Helburu/agindu horien arabera, 2025erako, etxeko hondakinen gaikako bilketak gutxienez %55 izan beharko du (1).

Gainera, hobekuntza nabarmena eta oso-oso epe laburrean egin beharko du Udalak. Izan ere, urtetan espresuki uko egin dio hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak hartzeari, eta, ondorioz, gaur egun Donostia da, alde handiarekin, Gizpuzkoan gutxien birziklatzen duen udalerria: %41,10 baino ez.

GAUR EGUNGO EGOERA

Honako taula honetan, hondakinen gaikako bilketa 2022an, San Marko Mankomunitatean, herriz herri:

sanMarko_eus2Honako taula honetan, berriz, hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

Gipuzkoa2022_eusBeraz, Donostia da San Markon gutxien birziklatzen duen herria, eta, halaber, San Marko da –Donostiako bilketa eskasaren ondorioz– Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Gipuzkoako batez bestekoa %57,39 da. Hau da, Donostia 16 puntu azpitik dago. Are gehiago, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten Europak 2025erako ezarri duen %55eko helburua. Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok lorpen haren berri harro-harro eman bazuen ere, esan beharra dago hura ez zela izan Marisol Garmendiak eta Asensioren gainerako alderdikideek Donostiako Udaletxean egindako lanari esker, alderantziz baizik. Alegia, Donostiako emaitza eskasek Gipuzkoako batez bestekoa nabarmen kaltetzen bazuten ere, gainerako udalerriek lortu zuten 2020an EBk 2025erako ezarritako marka.

ORAIN ARTE NEURRIAK HARTZEARI ESPRESUKI UKO EGIN DIO UDALAK

Esan dugu, irmo esan ere, Donostian, Gipuzkoako gainerako herriekin alderatuta, gaikako hondakin-bilketa oso-oso apala dela udal gobernuek urte hauetan guztietan alor honetan ezer ere egin ez dutelako. Esandako hori beharbada baten bati gehiegizkoa irudituko zaio. Bada, ikus dezagun…

2014an, Bilduk, orduan Alkatetzan, eta PSOEk aurrekontu-akordio bat egin zuten. Akordio haren baitan, erabilera boluntarioko bosgarren edukiontzia auzo guztietan ezartzea adostu zuten. Iragarri zutenez, 2016rako, etxeko hondakinen %60 gaika biltzea zuten helburu. Ez genuen bosgarren edukiontzien kontra egin, noski –esan dezagun, bide batez, hura izan zela Donostian gaikako hondakin-bilketa hobetzeko hartutako azken neurri “estrukturala”–, baina argi eta garbi esan genuen neurri harekin bakarrik nekez lortuko zela helburu gisa ezarritako %60 hura. Eta halaxe izan da. 2015ean, etxeko hondakinen gaikako bilketa %39,19 izan zen (2). Urte hartan, EAJren eta PSOEren artean osatutako udal gobernuak ordezkatu zuen Bildurena.

Beraz, 2015eko %39,19 hartatik 2022ko %41,10era pasatu gara. Atera kontuak, arren, ea udal gobernuek urte hauetan guztietan ezer ere egin ez dutela esatea gehiegikeria den (3).

2024an hamar urte beteko dira bosgarren edukiontzia auzo guztietara zabaldu zenetik. Funtsean, hura izan zen sisteman egindako azken aldaketa

2024an hamar urte beteko dira bosgarren edukiontzia auzo guztietara zabaldu zenetik. Funtsean, hura izan zen sisteman egindako azken aldaketa “estrukturala”.

BERAIEK KONTZIENTZIATU DAITEZELA!

Hori bai, urte hauetan guztietan Udalaren partetik itxurakeria izan da nagusi, esperientzia pilotoak eta, batez ere, “kontzientziazio-kanpainak”. Bide batez, kanpaina hauen bitartez, eta hori benetan maltzurra iruditzen zaigu, gutxi birziklatzearen erantzukizuna herritarroi pasatzen zaigu, badakizue, “kontzientzia” gutxi omen dugu eta. Eta zoritxarrez, Garmendiak Iraunkortasunaren Behatokiaren txostenaren aurkezpenean egin zituen adierazpenen arabera, errezeta bera aplikatzen jarraitzeko asmo sendoa dute.

Ezetz ba. Gehiago edo gutxiago birziklatzea ez da boluntarismo-kontua, ez da “kontzientziazio-kanpainak” ugaltzeko kontua, ea herritarrok pixka bat hobeto egitera animatzen garen. Izan ere, ez dago inolako arrazoirik pentsatzeko donostiarrok gainerako gizpuzkoarrek baino kontzientzia ekologiko handiagoa edo txikiagoa dugunik. Garbi dago: hondakinak gaika biltzeko sistema eraginkorrak ezarri dituzten udalerriek, alkatetzan edozein alderdi izanda ere, emaitza onak lortu dituzte. Beste modu batean esanda: neurri eragingorrak hartzen dituen herri batean, emaitzak egun batetik bestera, esaterako, %40tik %60ra igotzen badira, zer ulertu behar dugu? Herri horretako bizilagunen kontzientzia gautik goizera 20 puntuz hobetu dela? Ezta hurrik eman ere! Kontzietzia garrantzitsua da, dudarik gabe, baina sistemaren eraginkortasuna da erabakigarria. Eta sistemaren eraginkortasuna Udalaren ardura da. Birziklatzea zeharo boluntarioa den bitartean, birziklatzea ez birziklatzea baino errazagoa den bitartean (edukiontzien banaketa eta beste hainbat faktore tartean direla) eta birziklatu ala ez zabor-tasa beretsua ordaintzen den bitartean (hobariak ia sinbolikoak dira), garbi dago: ez birziklatzera joko da.

Edukiontzi multo honetan bosgarrena falta da. Berdin da kalean gora edo behera berrogei metrora dagoen. Bosgarrena erabili nahi duenari ahalegin plus bat eskatzen ari zaio.

Edukiontzi multo honetan bosgarrena falta da. Berdin da kalean gora edo behera berrogei metrora dagoen. Bosgarrena erabili nahi duenari ahalegin plus bat eskatzen ari zaio.

Gauzak horrela, “kontzientziazio-kanpaina” gehiago? Donostian beraiek dira “kontzientziatu” behar diren lehenak, udal agintariak, alegia, Eneko Goia eta Marisol Garmendia bera buru direla. Eta neurriak hartu, jakina. Nolako neurriak? Gipuzkoako gainerako herrietan orain arte hartu dituzten bezalakoak. Gipuzkoatik atera gabe ere, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eredu- eta aukera-katalogo zabala dago eta. Gainerako guztia itxurakeria baino ez da, zurikeria, egingo balute bezala egitea baina benetan egin gabe, aurpegi-garbitzea: Greenwashing.

Kanpaina honena, a ze logo fina. Baina gero gaikako bilketan Gipuzkoako azken putz baldin bazara...

Kanpaina honena, a ze logo fina. Baina gero gaikako bilketan Gipuzkoako azken putz baldin bazara…

Donostiak ez du zertan birziklatzearen abangoardiako udalerrien artean egon –nahiz eta guri gustatuko litzaigukeen, noski–, baina, legez, gutxienezko batzuk betetzera derrigortuta dago, eta epe laburrera, gainera. Eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor, ekonomia zirkular, klima-aldaketaren kontrako borroka eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik.

Ez begi-bistatik galdu: zenbat eta gutxiago birziklatu, gero eta lehengai gehiago xahutu; gero eta hondakinak tratatzeko sistema garestiagoak; gero eta kutsadura gehiago. Iraunkortasunaren Behatokiak horixe bera esaten du, e?, baina esana eta egina bat ez badatoz…

EGUZKI, 2023ko urrian

(1) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

(…)

c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

Legeak gauza gehiago ere esaten ditu, adibidez, 2010ean sortutako hondakinen pisuarekin alderatuta, etxeko hondakinen pisua %13 jaitsi beharko dela 2025erako, eta %15 2030erako. Fiskalitateari buruzko kontuak ere aipatzen ditu Legeak. Baina, gure ustez, ur sakonagoetan sartu gabe ere, gaikako bilketaren inguruan ematen ditugun datuek oso-oso garbi ematen dute egoeraren berri.

(2) Iturria: Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa.

(3) Udal gobernuak 2020an egin zuen Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenean esan zuen etxeko hondakinen gaikako bilketa 2025ean %60 izango zela. Hau da, Bilduren eta PSOEren arteko akordioak 2016rako aurreikusten zuen ehuneko berbera. Nolanahi ere, urte hauetan guztietan ezer egin ez dutenez, 2023. urte bukaeran gaude eta asko egin beharko dute oso denbora laburrean, ez %60 lortzeko, Legeak agindutako %55 lortzeko baizik. DSS Klima 2050 Planak, berriz, aurreikusten du 2030ean gaikako bilketa %80 izatea, baina, gauzak nola dauden ikusita, momentuz horretaz hitz egiten ez badugu, askoz hobeto, ezta?

Alegazioak Hondarribiko Plan Orokorrari

HondarribiaHondarribiko HAPOri alegazioak jartzeko epe barruan, Eguzki talde ekologistak 3 alegazio aurkeztu ditu. Gobernu talde berriak epea luzatzeaz gain, bitartekoak eskaini ditu dokumentua hobeto ulertzeko, eta beraz, erakutsitako jarrera hori txalotu nahi dugu.

Sartutako 3 alegazioak ingurumenarekin lotuta daude, hori baita gure taldeak lantzen duen esparrua.

Horietako batek korredore ekologikoarekin zerikusi dauka. Dokumentuan dagoen dokumentazioa aztertu eta gero, bi gauza eskatu ditugu, alde batetik, korredoreari eta bere moteltze-guneari ahalik eta azalera gehien ematea, eta bestetik, GI-636 errepidea nola igarotzen duen planoetan argi azaltzea.

Bigarrenean, zenbait eskaera egin ditugu aurkezten den bidegorriaren proposamenaren inguruan, hau da, KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) eta HBEB (Hegaztiak Babesteko Eremu Berezia) guneen eremu sentsibleetatik trazadura ekiditea, Gipuzkoako Bizikleta planaren ardatz nagusiarekin bat egiten duen zatia zabalera handitzea eta abar.

Eta azkenean, eskatu dugu HAPOn kontuan har dadila klima-aldaketak itzulera-aldietan duen eragina, eta eguneratuta eta bizi dugun errealitate berrira egokituta egon daitezela. Aurrekoa ezin bada egin, erantzukizunari eustea eta prebentzioa lehenestea, eta ondorioz, uholde-arrisku eremuetan eraikuntza-proiekturik ez gauzatzea.

Iraeta-Narrondo bidegorriaren lanak, ez urte hasieran ez urte bukaeran

Urolako trenbide zaharreko bi tunel berriz ere ireki behar dira bidegorria pasatzeko. Argazkian tuneletako bat.

Urolako trenbide zaharreko bi tunel berriz ere ireki behar dira bidegorria pasatzeko. Argazkian tuneletako bat.

Jaurlaritzak urtea amaitu aurretik Urolako Bide Berdeko Iraeta eta Narrondo bitarteko bi tunelak irekitzen hasteko lanen kontratazioaren lizitazioa aterako duela jakinarazi dio Zestoako Udalari. Bide Berdea osatzeko falta den bidegorri-zati horren lanak asko luzatzen ari diren arren, Udalak albiste ona dela adierazi du. Bada, Udalak bezala, guk ere albiste ontzat jo beharko dugu, baina ez gara horregatik gogoratu gabe geratuko bidegorri-zati hori lehendabizi 2019rako iragarri zutela. Iazko otsailean, berriz, lanak aurten hasiko zirela esan ziguten, urte hasieran, gainera. Orain, ordea, dagoeneko segurua da lanak ez direla 2023an hasiko, ezta urte bukaeran ere. Badirudi etengabeko atzerapenak Gipuzkoako bidegorri-proiektu guztien patua direla.

Honako esteka hauetan, hurrenez hurren, Zestoako Udalak argitaratutako informazioa eta gai honi buruz apirilean plazaratu genuen salaketa:

Bide berdeko bi tunelak irekitzeko lanak urtea amaitu aurretik esleituko dira – Berriak – Zestoa

Iraeta-Narrondo zatian berriro ere agerian geratu da Aldundiak bidegorriak eraikitzeko epeak etengabe urratzen dituela – Eguzki Talde Ekologista

EGUZKI, 2023ko urriaren 4an

Euskal Herria Burujabe 2023 – Klimaren desafioa altxa dezagun Euskal Herrian!

EHB2023-affiche_A3-V4-scaledBizi! mugimenduak antolatuta eta “Klimaren desafioa altxa dezagun Euskal Herrian!” lemapean, Euskal Herria Burujabe 2023 ekimena egingo da Baionan asteburu honetan, urriaren 7an eta 8an.

Kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak, testigantzak, eztabaidak, jarduera ludikoak… Egia esan, izugarri programa aberatsa da, zorabiatzeko modukoa. Guk aletu ordez, honako esteka honetan aurkituko duzue oso-osorik, gainerako informazio interesgarriekin batera:

Euskal Herria Burujabe 2023 – Klimaren desafioa altxa dezagun Euskal Herrian! – Bizi ! (bizimugi.eu)

“Laborantza, etxebizitza, garraioak, energia, elkartasunak, ekonomia, politikak… 7 eremu tematikok gure esku diren ekintza-bideak erakutsiko dituzte gure lurraldearen eskalan etorkizun jasangarriagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta burujabeagoa eraikitzeko”, diote antolatzaileek.

Benetan ekimen handia da, 500 boluntario baino gehiagoren parte hartzea eskatuko duena. Baionako erdigunean autoz ibiltzea ere debekatuko da, jendeak ekimenean erosoago parte hartu ahal izateko.

Itoizko memoria urpetik atera dute Artozkiko artelanek

Berreskuratutako artelanetako bat. Iturria: Iñigo Uriz / FOKU, Berria

Berreskuratutako artelanetako bat. Argazkia:: Iñigo Uriz / FOKU, Berria

Poliziak Artozki, Itoizko urtegiaren aurkako azken erresistentzia-gunea, orain dela hogei urte desalojatu zuenean, bertan ikusgai zeuden 31 artelan bahitu zituen. Lan horietatik 14 atzera berriz Itoizko Solidarioen eta Itoizko urtegiak mahatxatutako herritarren batzarraren eskuetan daude.  Gainerakoek desagertuta jarraitzen dute.

Urteurren bibiriblaren aitzakian eta berreskuratutako lanen inguruan, memoria- eta errebindikazio-programa mamitsua antolatu dute. Ez da gutxiagorako, Itoizkoa hogei urtez Euskal Herriko gatazka sozioekologiko nagusietakoa izan baitzen.

Aurrerago ere izango da programaren berri zahatzago emateko aukera, baina momentuz jakin ezazue berreskuratutako artelanak Iruñeko Geltokin (autobus-geltoki zaharrean) ikusi ahal izango direla urriaren 10era arte, 17:00etatik 21:00etara. 10ean bertan, “Itoitz atzo eta gaur” mahaingurua izango da, 19:00etan.

Urriaren 20an, berriz, “Artea-Memoria-Lurraren defentsa” erakusketa zabalduko da Agoizko kultur etxean.

Urriaren 21ean, Lurraren Defentsarako Eguna izango da Agoitzen bertan, 11etatik hasita.

Hona hemen asuntu honi buruz gehiago jakiteko hainbat esteka. Tartean, Gari Berasaluzek idatzi eta berrogei kulturgiletik gorak sinatutako “Artozkira ez da gutinik heltzen” manifestua.

‘Artezki’-ko hamalau lan erakutsita, falta direnak itzultzeko eskatu dute | Kultura | Berria

Itoizko oroitzapenak igerian | Kultura | Berria

Artozkira ez da gutunik heltzen; oroimena eta duintasuna | Kultura | Berria

Artozkin 20 urtez desagerrarazitako artelan batzuk berreskuratu dituzte Itoizko solidarioek (argia.eus)

Artozkiko erresistentziak 20 urte (argia.eus)

Artozki (argia.eus)

Artozkiko suntsipenean duela 20 urte desagertutako 14 artelan berreskuratu dituzte – hamaika telebista

Iturria: Adur, Argia.

Iturria: Adur, Argia.

Alegazioak Papresak eskatutako aldaketari

Iturria/Fuente: El Correo

Iturria: El Correo

EGUZKI talde ekologistatik jakinarazi nahi dugu alegazio bana aurkeztu dugula Oreretako Papresa enpresak eskatutako indarreko ingurumen-baimen bateratuaren funtsezko aldaketaren aurka. Ingurumenari eta osasunari buruzko alegazioak egiteko ahalegin handia egin behar izan da, 30 egun balioduneko epe laburrean idatzi behar izan baitira. Horiek prestatzeko presa horrek ez digu utzi espedientea osatzen duen dokumentazioa sakonago aztertzen, eta, beraz, iruditzen zaigu garrantzitsuak izan litezkeen alderdi batzuk esan gabe geratu ahal izan direla.

Esan dugun bezala, alegazioak azkar egin behar izan ditugu, eta horren arrazoia da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Ekonomia Zirkularreko Zuzendaritzak ez diola erantzun ere egin alegazioak aurkezteko epea luzatzeko 2023-09-04an egin genuen eskaerari; ez die jaramonik egin bere betebeharrei, eta urratu egin ditu herritarrek Administrazio Publikoarekin dituzten eskubideak.

Funtsezko aldaketaren eskaera jendaurrera ateratzeko talde gisa jaso genuen jakinarazpenean esaten zen eskaera 2022-03-30ean hasi zela eta espediente hori 2023-07-21ean jendaurrean jartzeko ebazpena 2023ko abuztuaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zela.

Espedientea Ingurumen Zuzendaritzan egon da urtebete eta ia 4 hilabetez espedientea jendaurrean jartzeko ebazpena emateko, zuzendaritza horrek dituen baliabide tekniko eta giza baliabide guztiekin. Alabaina, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta ahalbidetzeko 30 egun baliodun baino ez dira ematen, eta hori onartezina da. Horrelako jarrerek agerian uzten dute Administrazioaren eremu batzuetan “enpresa pribatuarekin” bat egiteko eta mahuka zabala izateko joera, defendatu behar dituzten interes orokorren kaltetan.

Donostiako Udalak Okendotegin esku hartu gabe jarraitzen duenez, paraje hori zabortegi bihurtzetik gero eta hurbilago dago

Honako hau eta testu bukaeran azaltzen direnak Okendotegin dauden haimaika hondakin-depositoetako batzuk baino ez dira. Testuan tertatutako bideoetan, batez ere bigarrenean, askoz gehiago ikus daitezke.

Honako hau eta testu bukaeran azaltzen direnak Okendotegin dauden haimaika hondakin-depositoetako batzuk baino ez dira. Testuan tertatutako bideoetan, batez ere bigarrenean, askoz gehiago ikus daitezke.

Donostiako Udalak Martuteneko Okendotegi bidean legez kanpoko hondakin-depositoen aurkako neurririk hartu gabe jarraitzen duenez, paraje hori bene-benetako zabortegi bihurtuko da berandu baino lehen. Ikus bideoak:

https://www.youtube.com/watch?v=YOjiwoj0G64

Donostia legez kanpoko hondakinak 1 – YouTube

Joan den maiatzean, auzoan aspalditik dagoen kezkaren haritik, Eguzkik Udalari neurriak hartzeko eskatu zion, egoera islatzen duten hainbat argazki erantsita. Udalak, berriz, paraje hartako mantenu-lanak Aldundiari zegozkiola erantzun zigun. Gauzak horrela, Aldundiari egin genion Udalari eginiko eskaera bera. Aldundiak, ordea, honako hau erantzun zigun: “Udalean adierazi diotenaren aurka, Udalak berak bere gain hartu du eremu hori garbitzea”. Horren froga edo, Aldundiaren erantzunarekin batera zenbait dokumentu jaso genuen.

Geroztik Udalak txintik ere esan ez duenez, ondorioztau dugu Okendotegiko hondakinen ardura berea dela. Nolanahi ere, ekainean esan genuen bezala, gu ez gara hasiko arrazoia Udalak edo Aldundiak duen ebazten, baina ez zaigu normala iruditzen elkarri pilota pasatzen ibiltzea (Elkarri pilota ez pasatzeko eta Okendotegiko hondakinak kentzeko eskatu die Eguzkik Donostiako Udalari eta Aldundiari – Eguzki Talde Ekologista). Eguzkikooi eta seguruena herritarroi, oro har, gutxi axola zaigu arazoa Udalak edo Aldundiak konpontzen duen, betiere konpontzen bada, noski.

Dena dela, maiatzaz geroztik inork ez du Okendotegin esku hartu. Beraz, espero zitekeen bezala, legez kanpoko hondakinek pilatzen jarraitu dute. Horren lekuko dira testu honekin batera bidaltzen ditugun irudiak. Alegia, lau hilabete geroago, Okendotegik legez kanpoko zabortegi bihurtzeko bidean jarraitzen du.

EGUZKI, 2023ko iraila

IMG_20230926_174420 IMG_20230926_174600 IMG_20230926_174627 IMG_20230926_174710 IMG_20230926_175148 IMG_20230926_175356zaborra edonon okendotegi IX-2023 txabola okendotegi IX-2023

Bost urte beranduago, Lezo eta Donibane bitartean falta den bidegorri-zatiaren proiektua onartu du Foru Aldundiak

Iturria: Noticias de Gipuzkoa

Iturria: Noticias de Gipuzkoa

Foru Aldundiak onartu berri du Lezo eta Donibane bitartean falta den bidegorri-zatiaren proiektua. BAZEN GARAIA!, hori da burura datorkigun lehendabiziko pentsamendua. Izan ere, zati hori 2018rako zerbitzuan egongo zela iragarri zuten. Geroztik bost urte pasatu dira eta oraindik bidegorri-zati hori eraiki egin behar da. Beraz, kasurik onenan, dena ondo bidean, atzerapena sei urte ingurukoa izango da. Ez da, ez, txalo jotzeko moduko gestioa.

Hortik aurrera, zera konstatatzen dugu:

1.- Gure alegazioak baztertu egin dituzte.

2.- Urtarrilean esan ziguten lanak apirilean hasteko moduan egongo zirela, baina uztailera arte atzeratuko zituztela, Tourrari traba ez egiteko. Tourrarena atzerapen berri bat justifikatzeko aitzaikia baino ez zela esan genuen eta orain hori ageri-agerian geratu da.

3.- Lezo eta Donibane bitartean falta den bidegorri-zatiaren proiektuaren ardura Mugikortasun Departamentutik Jasangarritasun Departamentura pasatu da, baina Aldundiak azalezko aldaketak baino gehiago egin beharko ditu baldin eta alor honetan gutxienezko sinesgarritasuna lortu nahi badu, ez baititu urteak alferrik pasatu Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana modu sistematikoan urratzen.

Ikus dezagun puntuz puntu…

1 Gure alegazioak baztertu egin dituzte

Gure alegazio nagusia zen proiektatutako bidegorri-zatiaren zabalera 3 metrotik 4 metrora pasatzea. Egia esan, espero genuen Aldundiak ezetz esatea. Baina garbi gera bedi: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera, oinezkoek zein txirrindulariek bi norabideetan modu intentsiboan erabili behar dituzten bidegorriek 4 metro zabal behar dituzte. Zenbat eta bidegorri estuagoa izan, gero eta erabiltzaileek elkarri traba egiteko aukera handiagoa. Istripu-aukera handiagoa eta batez ere oinezko eta txirrindularien arteko ikamikak ugaltzeko aukera handiagoa, alegia.

2 Tourra aitzakia baino ez zen, trola bat

Urtarrilean, Aldundiak esan zuen Lezo eta Donibane bitartean fata den bidegorri-zatia apirilean eraikitzen hasteko asmoa zuela, baina, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, lanak Tourra pasatu arte, uztailera arte, atzeratzea erabaki zuela (1). Momentu hartan bertan, Tourra atzerapen berri bat justifikatzeko aitzakia baino ez zela esan genuen (2). Eta hori orain ageri-agerian geratu da. Proiektua onartu gabe zegoen –orain arte ez da onartu– eta, beraz, lanak ez zeuden esleitzeko moduan –hain justu, orain hasiko da esleipen-prozesua–. Lanak ez zeuden ez apirilean ez uztailean hasteko moduan. Berriz ere epeak kalkulatzeko gehiegizko optimismoa? Ez, trola bat, ez baitzegoen epe horiek betetzeko aukerarik. Baina legegintzaldia bukatzen ari zen, bidegorriak pendiente jarraitzen zuen eta zerbait esan beharra zegoen.

3 Adundiak azalezko aldaketak baino gehiago behar ditu baldin eta bidegorri-kontuetan gutxienezko sinesgarritasuna berreskuratu nahi badu

Legegintzaldi berria hasi zenetik, bidegorrien gaineko ardurak orain arte ez bezala banatuta daude Aldundiko departamentuen artean. Adibidez, Lezo-Donibane bidegorri-zatiaren proiektuaren ardura Mugikortasun Departamentutik Jasangarritasun Departamentura pasatu da. Barne-antolaketa nola egiten duten, herritarroi bost. Baina Aldundiak azalezko aldaketak baino gehiago egin beharko ditu baldin eta bizikletaren alorrean gutxienezko sinesgarritasuna lortu nahi badu, ez baititu urteak alferrik pasatu Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana modu sistematikoan urratzen. Izan ere, askotan esan dugun bezala, Planean aurreikusitako Gizpuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da eta Lezo eta Donibane bitartean falta den zatia horren adibide bat baino ez da. Kontuan izan Sare horrek amaituta edo ia amaituta egon beharko lukeela, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo-abiaduran doa, barraskilo motelaren abiaduran, gainera, eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo. Oraindik egin gabeko edo osatu gabeko bidegorrien zerrenda luze baino luzeagoa da… Lezo-Donibane, Errenteria-Irun, Errekalde-Hernani (Galarreta), Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola… Hona hemen datu ofizial ezin adierazgarriago bat: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak 2013 eta 2021 bitartean 207 kilometro bidegorri eraikitzea aurreikusi zuen; bada, 70 baino ez dira eraiki, % 33,8. Diputazio berriak baditu, bai, bidegorri-kontuetan egunean jartzeko lana eta premia. Eta sinesgarritasun arazo latza.

EGUZKI, 2023 irailean

(1)                       Lezo-Donibane bidegorriak 280.000 pertsona konektatuko ditu eta segurtasunaren arloko aurrerapenak izango ditu – gipuzkoa

(2)                       Oraingoan, Frantziako Tourra da aitzakia Lezo-Donibane bidegorria berriz atzeratzeko – Eguzki Talde Ekologista

Eguzkik salatutako ustezko delitu ekologiko bat ikertzen ari da Fiskaltza Urdaibain

Presa txikiek ez dute ia ura pasatzen uzten-

Presa txikiek ez dute ia ura pasatzen uzten.

EAEko Fiskaltza Nagusiak 2022. urteari dagokion txostena argitaratu berri du, eta bertan, Ingurumenari eta Hirigintzari eskainitako alorrean, zera dio, ustezko delitu ekologiko bat ikertzen ari dela Urdaibaiko Mape errekatik behar baino ur gehiago ateratzeagatik. Hitzez hitz, honela dio:

“Derivada de diligencias de investigación en fiscalía, se incoó procedimiento judicial por detracción de agua en la zona de Urdaibai, en concreto en el río Mape, que en períodos estivales presentaba su caudal por debajo de los niveles biológicos, con riesgo para fauna y flora, asunto que ha tenido relevancia periodística por la presunta implicación de una corporación de derecho público”.

Ikerketa abiatu zen Eguzkik, hainbat auzokoren kezka kontuan hartuta, salaketa jarri zuenean.

Fiskaltzaren txostenaren haritik tiraka, eldiario.es-ek honako informazio hau argitaratu du, benetan merezi duena:

Investigan un posible delito ecológico en Urdaibai por “secar” un río para abastecer de agua a la zona y matar la fauna y flora (eldiario.es)

Hona hemen, berriz, Eguzkiren jatorrizko salaketa:

Busturialdeko Partzuergoak Mape erreka berriz ere urik gabe utzi duela salatu du Eguzkik – Eguzki Talde Ekologista

Jatorrizko salaketa hartatik erreskatatu dugu auzokoek eginiko bideo argigarri hau:

https://youtu.be/XFpGmQIyBsE

Salaketa hartatik ere erreskatatzen dugu paragrafo hau, bereziki azpimarragarria iruditzen zaigulako:

“Erakundeek argudiatu dute Busturiak, Mundakak eta Sukarrietak udan dituzten hornidura-arazoak behin betiko konpontzeak kostu handia duela. Beharbada. Baina harrigarria ere bada Guggenheim bezalako proiektu batean Urdaibain milioi pilo bat inbertitu daitekeela esaka ibiltzea, eta, aldi berean,  oinarrizko zerbitzua den ur-hornidura behar bezalako bat bermatzeko arazo ekonomikoak daudela esatea.”

EGUZKI, 2023ko irailean

Ubidea zeharo urik gabe.

Ubidea zeharo urik gabe.

Arraiak ere (kasu honetan aingirak) hilik, ur falta dela eta.

Arraiak ere (kasu honetan aingirak) hilik, ur falta dela eta.

Baldintzak betetzen ez baditu, ez da bidegorria!

Bidegorria omen daIdazki honen bidez, Eguzki talde ekologistak arreta jarri nahi du Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialeko I.1 ibilbideko GI-636 errepidean Lezoko biribilgunearen eta Errenteriako Kaputxinoen biribilgunearen artean antzeman duen bide-segurtasuneko arazo larri batean. Izan ere, “aldi bereko oinezkoentzako eta bizikletentzako” tarte hori, duela gutxi jarri diren seinaleek dioten bezala, oso estua da eta, hori gutxi balitz, oinezkoen zein bizikleten zirkulazio segurua eragozten duten hainbat elementu daude.

Baieztapen hori egiteko, honako dokumentazio hau hartu dugu kontuan: Bidegorria diseinatzeko, eraikitzeko, azpiegituratzeko, seinaleztatzeko, balizatzeko, kontserbatzeko eta mantentzeko gomendioen eskuliburua (Madril, Barne Ministerioa, DGT, 2000) batetik, eta Gipuzkoako bizikleta-bideen Lurraldearen Arloko Plana, bestetik.

Hori dela eta, Ingurumeneko Aholku Batzordeari proposatu diogu Errenteriako Udalari eskatzea Gipuzkoako Foru Aldundira jo dezala “bidegorri” izendapena eta seinaleak kentzeko, zein zabalera handitzeko, argiak jartzeko eta galtzadako sastrakak garbitzeko eta kentzeko, zorua mantentzeko eta pasabidea oztopatzen duten trafiko-seinaleak kentzeko, edo beste aukera bat hartzeko, gai horretan indarrean dauden bide-segurtasuneko arauak eta gomendioak bete ditzan.

Sarakoetxeko erromeria eta Lemoizi buruzko eztabaida sozial ezinbestekoa

Larunbateko irudietako bat.

Larunbateko irudietako bat.

Zentral nuklearra zela eta, Lemoizko Sarakoetxe auzoko erromeria aspaldi desagertu zen, halabeharrez. Iaz ahanzturatik erreskatatu zuten (nola edo hala, Ertzaintzak ere bertaratzen ari zirenei kargu hartu zielako). Aurten, berriz, normaltasunez egin ahal izan dute eta, batez ere, datorren urteari begira, perspektibak hobetu dira. Eguzkikooi gustatuko litzaiguke pentsatzea zeharo anormala den egoera bati buelta emateko pausua dela, bere xumean. Izan ere, Basorda inguruan normaltasunik eza izan da nagusi azken mende erdian, eta egoera ez da aldatu azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak 2019an zentrala eta inguruko eremuak bere egin bazituen ere.

Lemoizen horrelako kartelak daude.

Lemoizen horrelako kartelak daude.

Erromeria larunbatean ospatu zen, irailak 9, Sarakoetxeko Legunek antolatuta. Hona hemen Roge Blascok pasatu dizkigun irudi batzuk:

https://youtu.be/n5wQi1lWG9w

https://youtu.be/16RUXjOg7uQ

Berez, ez zen ospatu ohiko baserrian, auzoko beste batean baizik. Izan ere, ohiko baserria da zentralaren eremuaren barruan geratu zirenetako bat. Lemoizko udal eratu berriak baimena eskatu zion Jaurlaritzari erromeria ohiko baserrian egin ahal izateko, baina Jaurlaritzak erantzun zuen parajea ez dagoela egoera onean, egokitzeko lan batzuk egin behar direla eta lan horiek egiteko astirik ez zegoela. Gauzak horrela, aurten ez baina badirudi datorren urtean Sarakoetxeko erromeria ohiko baserrian egiteko arazorik ez dela egongo.

Arestian esan bezala, Eguzkikooi gustatuko litzaiguke interpretatzea honako hau, bere xumean, pauso bat dela normalizazio-bidean. Alabaina, benetako normalizazioa ez da gertatuko Lemoizko zentralarekin eta inguruko lursailekin zer egin eztabaida sozial baten bitartez argitu ezean. Eta Jaurlaritza, 2019tik zentralaren jabe dena, eztabaida hori espresuki ukatzen ari da.

Zentralari eta inguruko eremuari buruzko eztabaida soziala ezinbestekoa da. Jaurlaritzak baihituta dauka, ordea.

Zentralari eta inguruko eremuari buruzko eztabaida soziala ezinbestekoa da. Jaurlaritzak baihituta dauka, ordea.

Beti izango da une egokia horrelako eztabaida bati ekiteko, baina gaur egungoak bereziki egokia dirudi. Zergatik? Jaurlaritzak azken urteotan Lemoizerako sustantu duen arrain-haztegi handiaren proiektua bide bazterrean geratu delako, ez dakigu behin betiko, baina bolada luze baterako behintzat bai. Izan ere, hainbat urtez proiektuarekin bueltaka ibili ondoren, interesatuta egon zitekeen inbertitzailerik ezean, Next Generation funts europarretako dirulaguntzak eskatzeari berari uko egin behar izan dio Jaurlaritzak.

Lemoizen, herritarrokiko zor historiko handia dago, baita aukera bikaina ere, bereziki ingurumenaren alorrean.

EGUZKI, 2023ko irailean

Erromerian irakurritako mezua.- Joan den larunbateko erromerian, Bengotxes baserriko seme Valentin Elortegiren mezu bat irakurri zen. Gaztelaniaz dago eta, interesatuta bazaude, osorik aurkituko duzu albiste honen beraren gaztelaniazko bertsioan. Valentinek, lanbidez ingeniaria denak, Lemoizko zentral nuklearrari buruzko tesina bat egin zuen. Lan horretatik abiatuta, Roge Blascok  “Basordas, el no-territorio/Lurraldea ez dena” izenburuko bideo/elkarrizketa egin zuen (Central nuclear de Lemoiz. Basordas el no-territorio. Lurraldea ez dena. – YouTube).