Eguzki, egunotan ugaltzen ari diren suteen aurrean

Jaizkibelgo sutea.

Jaizkibelgo sutea.

Egunotan ugaltzen ari diren suteen aurrean, Eguzkik argi eta garbi esan nahi du ez direla inola ere egoera meteorologikoaren ondorio huts. Egoera meteorologikoaz baliatzen dira interes jakin batzuk dituztenak eta, batzuetan, eskua joaten zaie. Hori da egia. Eguzkik herri-erakundeei koherentziaz jokatzeko eskatzen die.

Testu hau gaztelaniaz soilik irakur daiteke oso-osorik.

Aginagako saneamendua linbotik kanpo!

aginagaJone Urdanpilleta Usurbilgo Zerbitzuetako zinegotziak albiste ona eman zigun lehengoan: kostata, baina azkenean Añarbeko Mankomunitateak (Añarbeko Urak) Aginagako saneamenduari ekiteko moduko aurrekontuak onartu ditu. “Lortu egin dugu”, zioen zinegotziak poza ezkutatu ezinik. Eta pozik egoteko arrazoirik ez du falta. Gogora dezagun…

2007an, Gipuzkoan hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zuten erakundeek. Akordio haren arabera, Aginagako saneamendua 2011 baino lehen egin behar zuten. Aurrekontuaren % 75 Jaurlaritzak ipini behar zuen eta Añaberbek gainerakoa. Baina Jaurlaritzak ez zuen bere partea ipini, ez 2011. urte bitartean ez harrez geroztik, eta Aginagak jarraitzen du ur zikinak zuzen-zuzenean Oriara isurtzen, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremu batean, gainera. Ez hori bakarrik: 2016an, Plan Hidrologiko berrian, diru gutxi zegoen aitzakian, Aginaga 2027ra arteko saneamendu-programaziotik kanpo geratu zen.

Beraz, Añarbek orain aurrekontua onartu izana oso pozgarria da, proiektua zegoen linbotik atera duelako.

Zinegotziak gaineratu du lehen bi faseak aurten bertan lizitatu, datorren urtean hasi eta 2022an bukatuko direla (hirugarren bat geroko geratuko da). Ea egia den, baina epeokin eszeptikoagoak garela aitortu behar dugu. Kontuan izan diru gehiena (orain % 60, ez 2007ko % 75) berriro ere Jaurlaritzak ipini behar duela, eta bere jokaera orain arte nolakoa izan den ikusita…

Eguzki

P.S. Gipuzkoa saneatzeko Akordio Marko berrian aipatutako proiektu gehienak 2011n bukatuta egon behar zirela agerian utzi du Eguzkik.

Erraustegia inposatzen digutenek klima-aldaketaz “kontzientziatu” nahi gaituzte

txartela-bi-hizkuntz-1-566x800[1]Datorren astean, martxoaren 6 eta 8 bitartean, “Change the Change” nazioarteko konferentzia egingo da Donostian. Antolatzaileek diote, konferentzia horren bidez, klima-aldaketaren ondorio larriez “kontientziatu” nahi gaituztela. Alabaina, “kontzientziatu” nahi gaituzten hauek erraustegia bultzatzen ari diren berberak dira. Hau da, martxan hasten bada, Gipuzkoan berotegi-efektuko gas gehien sortuko duten iturrietako bat, iturri nagusia ez bada, behintzat. Gauzak horrela, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak “Change the Change” konferentzia propaganda hutsa dela salatu du prentsaurrekoan gaur goizean, eta datorren asterako bi elkarretaratze-deialdi egin ditu: asteartean, Udaletxe aurrean, Alderdi Ederren, eta asteazkenean, berriz, Kursaal aurrean, bi kasuetan 19:00etan. Horra hor bi aukera berri berresteko ez digula axola haiek munduko tiporik listoenak direla sinestea, baina ez gaudela prest gainerako guztiok ergel hutsak bagina bezala trata gaitzaten. Ez protesta egin gabe, behintzat.

Gaurko prentsaurrekoa, Donostiako Udaletxean.

Gaurko prentsaurrekoa, Donostiako Udaletxean.

Ea nortzuk diren antolatzaileak? Bada, honako argazki fribolo honetan, izozki-gurditxo baten ondoan, agertzen direnak: ezker-eskuin, Ernesto Gasco zinegotzia, José Ignacio Asensio diputatua eta Iñaki Arriola kontseilaria.

foto-Asteklima-768x589[1]

Gaurko prentsaurrekoari buruzko informazioa:

http://erraustuez.org/eu/2019/02/26/errausketak-klima-ere-hondatzen-du/

ONDARROA 12 MILIA ETA JARDUNALDIARI BURUZ

IMG-20190219-WA0014

ONDARROA 12 MILIA elkartea arrantza-jarduera jasangarria izan dadin arrantza-politika aldatzeko eskatzen ari da azken urteetan. Gure ustez, arrantzak etorkizuna izan dezan ezinbestekoa da arrantzatzen diren arrainen populazioen biomasak iraunkortzea ez ezik, horiek bizi diren itsas ekosistemak zaintzea.

Horretarako, arrantza-politika aldatu behar da. Gure arrantza-guneetan hainbat arrain mota berreskuratzeko arrantzatik babestutako eremuak sortu behar dira, eta gainerako eremuan arrantza iraunkorra eta jasangarria suspertu behar da. Lehorretik 12 milia tartean arrantza-tresna artisauak bakarrik baimendu behar direla uste dugu, arte depredatzaile industrialak 12 milatik itsaso barrura eramanaz.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu txosten zientifikoetan oinarrituz arrantza politika berri bat defenda dezala eta horretarako Madrildik eskumenak bereganatu ditzala. Gure ustez arrantza-politika berria behar beharrezkoa da, norabide argia eta neurri zehatzak behar ditugu. Konpromisoak hartzeko garaia heldu da.

Jardunaldi honek Arrantza eta Itsas ekosistemen kudeaketariko hausnarketa eta proposamenak eztabaidatu eta partekatzea du helburu. Jardunaldiak irekiak dira eta herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditugu.

KUDEAKETA EREDU BERRIA

ARRANTZA JASANGARRIAREN BIDEAN

09:00 – 09:30 Nagore Zaldua-Mendizabal (ONDARROA 12 MILIA)

Ongietorria eta Ondarroa 12 milia-ren aurkezpena

09:30 – 10:00 Leandro Azcue Mugica (Arrantza eta Akuikultura Zuzendaria)

Arrantza baliabideen jasangarritasuna, bioaniztasuna eta ingurumena eta itsas eremuen planifikazioa.

10:00 – 10:30 Ibon Galparsoro (Itsas ingurumen eta kostaldearen kudeaketa-AZTI)

Itsas kontserbazio eta kudeaketarako oinarrizko ezagutza.

10:30 – 11:00 Eneko Aierbe  (Ekologistak Martxaneko arrantza arduraduna)

Europar arrantza politikaren erronka eta helburu berriak, itsas kontserbazioaren ikuspuntutik.

 11:00 – 11:30 CAFEA ETA ETENALDIA
11:30-12:00 Javier López (Atlantiko Iparekialdeko arrantza jasangarri arduraduna. Oceana)

Itsas erreserben garapena. Biomasa berreskuratzearen garrantzia

12:00 – 12:30 Pep Coll (Balear irletako, itsas erreserbetako zientzilaria. Tragsa)

Esperientzia arrakastatsu baten historia.

12:30 – 14:30 DEBATEA (parte-hartzaile guztiekin)

 

 

 

Erraustegiaren kontrako mobilizazioak ez du etenik

mani1GuraSOSek deituta, milaka lagun manifestatu gara gaur Donostian erraustegiaren kontra.

https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/6222491/miles-guipuzcoanos-piden-acuerdo-gestion-residuos/

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20190223/marcha-en-donostia-contra-una-incineradora-que-quema-etapas

Eta aste honetan bertan Erraustegiaren kontrako Mugimenduak mobilizazio berriak iragarriko du.

Gipuzkoa saneatzeko Akordio Marko berrian aipatutako proiektu gehienak 2011n bukatuta egon behar zirela agerian utzi du Eguzkik

  • Pasai Donibaneko saneamendua errebindikatzeko Eguzkiren kartel bat.

    Pasai Donibaneko saneamendua errebindikatzeko Eguzkiren kartel bat.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eta Gipuzkoako Ingurumen foru diputatu José Ignacio Asensiok Gipuzkoan saneamendu-azpiegiturak eraikitzeko Esparru Akordio edo Akordio Marko berriaren zirriborroa aurkeztu dute. Arriolaren iritziz, “anbizio handiko” akordioa da; izan ere, hemen eta 2027. urte bitartean 61 milioi euro inbertituta, Gipuzkoako saneamendu-sarea osatzea ahalbidetuko du (2).

Albiste ona, ezta? Albiste ona izan zitekeen… baldin eta eszeptikoak izateko hain arrazoi sendorik izan ez bagenu. Beste modu batean esanda: zergatik sinestu behar dugu hemendik aurrera zintzo demonio beteko direla orain arte bete ez diren konpromiso eta epeak? Ikus dezagun…

Honako taula honetan, ezkerreko zutabean ageri dira “anbizio handiko” Akordio Marko berriak 2027ra arte egitea aurreikusten dituen saneamendu-proiektu guztiak. Eskuinekoan, berriz, 2007 eta 2011 bitarteko Akordio Markotik pendiente, egin gabe, geratzen diren proiektuak.

taula_eusTaulari begiratu bat bota bezain pronto ikus daiteke Akordio berriaren zirriborroan aipatzen diren proiektu gehien-gehienak 2007-2011 Akordioan ere aipatu zirela. Are gehiago, Mendaro, Antzuola eta Elgetakoak 2003-2006 Akordioan ere aipatzen ziren!

Hau da, aspaldi eginda eta martxan egon behar zuten proiektuak dira. Eta zer dute proiektu hauek guztiek komunean? Kasu guztietan Eusko Jaurlaritzak finantzazioa % 100 edo % 75 bere gain hartu zuela. Ez du agindutakoa bete, ordea, eta, horren ondorioz, Gipuzkoak saneamendu-alorrean duen atzerapen historikoa areagotu izanaren erantzule nagusia da, zeren eta Akordio hura sinatu zuten besteak (batik bat Foru Aldundia eta mankomunitateak) beraien partea gutxi gorabehera egiten joan baitira.

Eskuinean, Mijoako bokala. Erreka horren urak itsasora doaz zuzen-zuzenean, Saturrarango hondartza ondoan, inolako tratamendurik gabe.

Eskuinean, Mijoako bokala. Erreka horren urak itsasora doaz zuzen-zuzenean, Saturrarango hondartza ondoan, inolako tratamendurik gabe.

Arriola kontseilariak esan digu “oraingoan baietz”, oraingoan Jaurlaritza konpromisoak betetzeko prest dagoela. Baina horrela izan dadin, legealdi hasieratik erakutsi duen politika nabarmen aldatu beharko da. Ikus dezagun hau ere…

2017an, Uraren bitartez, saneamendu-lanak egiteko 12,5 milioi euroko aurrekontua onartu zuen; 2018an, 13 milioi inguru; 2019an, Jaurlaritzak aurrekontu-proiektua erretiratu duenez, ez dakigu zer gertatuko den. Nolanahi ere, 12-13 milioi urtean Autonomia Erkidego osorako (izan ere, diru horretatik Gipuzkoari ezer gutxi “tokatu” zaio: 2017an, 612.000 euro; 2018an, 700.000). Akordio Marko berriaren zirriborroa beteko bada, berriz, Jaurlaritzak hemen eta 2021. urte bitartean 19 milioi euro inbertitu beharko ditu, soil-soilik Gipuzkoan. Zenbaki hauek eszeptizismorako arrazoiak hauspotzen dituzte, batez ere Jaurlaritzaren orain arteko jokaera nolakoa izan den ikusita.

Dirua ez da arazoa

Jaurlaritzak 19 milioi euro inbertitu ditzake Gipuzkoako saneamenduan hemen eta 2021. urte bitartean? Batere arazorik gabe, dirua egon badagoelako. Kontu honetan, beste hainbatetan bezala, lehentasunak ezartzean dago gakoa. Izan ere, urte hauetan guztietan, baita krisia bere gordinenean zegoenean ere, Jaurlaritzak ez ote ditu milioiak eta miloiak bideratu Abiadura Handiko Trena eraikitzeko? AHTren adibide hau ipintzen dugu badakigulako Arriola kontseilariari ez zaiola batere gustatzen, baina beste hainbat ere ipin genitzakeen.

AHT “estrategikoa” dela? Eta saneamendua ez? Gure ustez, saneamendua estrategiko baino gehiago da, oinarri-oinarrizkoa delako. Ulertzen dugu edozer gauza dela saneamendu-proiektu bat baino glamourosoagoa. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak.

EGUZKI, 2019ko otsailean

Erraustegia salatzeko aukera berria, larunbatean

IMG-20190205-WA0012GuraSOSek antolatuta, larunbatean manifestazio bat egingo da Donostian, arratsaldeko 5etan Antiguako tuneletik abiatuta. Erraustegia salatzeko aukera berri bat izango da. Erraustegia salatzeko eta berau inposatu nahi digutenei esateko beste etxeko amonari konta diezaiotela haiek klima-aldaketaren kontrako borrokalari sutsuak direneko ipuina.

Hain justu, GuraSOS egunotan ezagutarazten ari da hainbat dokumentu ezkutu. Dokumentuok agerian uzten dute gezurrezko informazio ugari zabaldu dutela eta herritarrak engainatzea dutela helburu.

Dokumentu horiek “Zubieta Leaks” izenburu adierazgarripean aurkituko dituzue www.gurasos.org webgunean. www.eguzki.org webunean GuraSOSi eskaintzen diogun eta hemen ondoan aurkituko duzuen bannerraren bidez ere iritsi zaitezkete.

Galdeketa orain! Goia, bete zure hitza!

Zezenketen kontraGaur goizean, Donostia Antitaurina Orainek eta Eguzkik elkarretaratze bat egin dute Donostian, alkateari erreklamatzeko bere hitza bete dezala eta agindu zuen zezenketen inguruko galdeketa egin dezala. Hona hemen elkarretaratzearen mezua…

Legealdia hasi bezain pronto, Eneko Goiaren udal gobernuak zezenketak berrezarri zituen. Gauzak horrela, eta betiere Udaletxean aho batez onartutako Partehartze Araudiari jarraituz, Donostia Antitaurina Orain! plataformak 10.000 herritarren sinadura bildu zituen, behar bezala egiaztatuak, eta, sinadura horiek oinarri, Udalari eskatu zion donostiarren artean galdeketa egiteko, ea baliabide publikoak –batik bat Illunbeko instalazioak– zezenketak egiteko uzten jarraitu behar zuen ala ez.

Goiak galdeketa egingo zela agindu zuen, baita data ezarri ere: 2017ko otsailaren 19.

Baina asteartean data hartatik bi urte beteko dira, legealdia bukatzear da eta ez dugu galdeketarik izan. Egia da PPk berehala Estatu-makineria martxan jarri zuela galdeketa zapuzteko. Baina hori bezain egia da Goiak ez duela emandako hitza betetzeko inolako borondaterik erakutsi.

Hala ere, izan dugu bitarte honetan donostiarron iritzia ezagutzeko parada, izan ere, eta Udalak berak diru publikoz burututako inkestan, donostiarron %70etik gora zezenketen aurkako dela nabarmendu nahi dugu.

Zentzu horretan, eta helburua herritarron iritzia bildu eta errespetatzea baldin bada, Eneko Goiak zuzentzen duen udal gobernuak jaramon egin beharko lioke datu horri: Estatuak galdeketa eragotzi baldin badu, baina donostiarrok gure iritzia eman baldin badugu (inkestaren bitartez, besteren ezean), udal gobernuak zezenketak diren ankerkeria eragotzi beharko luke.

2018an, gainera, EAEko Auzitegi Nagusiak udal instalazioak Udalak kudeatzeko duen autonomia berretsi zuen, hots: Udalak badu Illunben zezenketarik antola ez dadin eskumena. Bere esku dago.

Alkate jauna, herritarron nahia ezagutzeko eta errespetatzeko bideak ezarriko zenituela agindu zenuen. Bete ezazu zeure hitza!

antitaurina_eguzki_logoak

Deba-Zumaia Biotopoan dauden arazoei buruz hitz egin dute Eguzkik eta Naturkonek Batzar Nagusietan

flysch3Deba-Zumaia Biotopo Babestuaren egoeraz hitz egin dute gaur Batzar Nagusietan Eguzkik eta Naturkonek.

Agerraldia EH Bilduk eskatu zuen, Eguzkik azaroaren 10ean flysch-a auzolanean garbitzeko egin zuen deialdia dela eta. Eguzkik, halaber, deialdi hura egin zuen Biotopoa plastikoz beteta zegoela agerian utzi zuen Oier Bartolomeren bideo biral baten arrastoan.

Egun hartan, berrehun bat boluntariok bizpahiru tona hondakin bildu zituzten. Baina begi-bistan geratu zen hura ezer gutxi zela eta, arazoari benetan helduko bazaio, garbiketa sarriago eta ekipo profesionalekin egin beharra dagoela.

Una imagen de la jornada de noviembre, en la que se recogieron entre dos y tres toneladas de residuos plásticos.

Azaroko garbiketa-egunean ateratako irudi bat. Bertaratutakoek, bizpahiru tonelada hondakin plastiko bildu zituzten..

Hondakin plastikoen arazotik harago, Eguzkik eta Naturkonek (Gipuzkoako talde naturzaleak batzen dituen koordinadora da Naturkon) gaurko agerraldia aprobetxatu dute Biotopoaren egoeraren berri emateko. Izan ere, arazo latzak ditu hainbat alorretan (turismo, ehiza, arrantza, abeltzantza…) eta arazo horiek Biotopoaren arauak eta aurreikuspenak ez betetzearen eta kuadeatze kaxkarraren ondorio dira.

Zoritxarrez, arazo horiek ez dagozkio soilik Deba-Zumaia Biotopoari, Gipuzkoako naturgune babestu guztiei baizik, eta hori ere nabarmendu dute agerraldian.

Bukaeran, laburpen gisa, Eguzkiko eta Naturkoneko ordezkariek honako hauek eskatu dituzte:

– Biotopoa kudeatzeko plan bat egitea; izan ere, Biotopo izendapena orain dela hamar urte egin bazen ere, oraindik ez dago kudeatze-planik.

– Biotopoa Natura 2000 sarean sartzeko lanean hastea.

– Beharren adinako giza baliabide bideratzea, egun bideratzen diren ak (basozain, ikuskari…) ez baitira nahikoak.

– Itsas bazterreko hondakinak,  plastikoak gehien bat,  maiztasunez eta eraginkortasunez garbitzeko plan zehatz bat.

– Ingurumenaren babeserako legeak eta arauak betetzea, egun beste edozein jarduerarekiko menpekotasunez jokatzen bait dute administrazio naiz arduradun ezberdinek.

Militarrek Jaizkibelgo tiro-eremuan egindako lanak legez kanpokoak direla berretsi du Pasaiako Udalak

2Pasaiako Udalak baieztatu du militarrek Jaizkibelgo tiro-eremura joateko pistan eginiko lanak Udalaren baimenik gabe egin direla. Beraz, legez kanpokoak dira edo, udal teknikarien txostenean irakur daitekeen bezala, “ezkutukoak”, “klandestinoak”. Gauzak horrela, ohiko prozedurari jarraituz, Udalak hilabeteko epea eman dio Defentsa Ministerioari lanon legeztatze-proiektu bat aurkezteko.

Halaber, udal zerbitzu juridikoek berretsi dute lan hauen erantzuleak zigortzeko eskumena Foru Aldundiari dagokiola,  Mendien 7/2006 Foru Arauari erreparatuta. Kontuan izan behar da iaz, Eguzkik lanok Aldundian salatu zituenean, Aldundiak erantzun zuen ez zuela horretarako eskumenik. Horregatik, oraingoan Pasaiako Udalaren txostena eskutan, Eguzkik zigor-espedientea irekitzeko eskatuko dio Aldundiari.

jaizkibel_ebazpenaEguzkiren iritziz, auzi honek berriro utzi du agerian, batetik, militarrek jarraitzen dutela ohi bezain prepotente jokatzen, eta, bestetik, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremu batean horrelako instalazio militar bat egotea zentzugabea dela. Baina auzi honek Foru Aldundiak Jaizkibelen eta, oro har, Natura 2000 Sareko eremuetan sarri nagi edo arduragabe jokatu ohi duela ere agerian utzi du.

Informazio osagarria

2018ko maiatzean, Jaizkibel Desmilitarizatzearen aldeko Martxaren antolatzaileek tiro-eremuko pistako lanak salatu zituzten.

18 16Lan hauek Jaizkibelgo Babes Bereziko Eremuaren helburuekin bat ez datozela iritzita, Eguzkik Aldundiari galdetu zion ea lan horiek egiteko baimena emana zuen eta, emana ez bazuen, ea zer egin behar zuen lurrak lehengoratzeko edota arduradunak zigortzeko.

Adundiak irailean erantzun zuen, labur-labur, militarrek ez zutela baimenik eskatu, baina Jaizkibel Babes Bereziko Eremu izendatzen duen dekretuaren arabera, Aldundiak ez duela zertan horrelako jarduera bat baimendu.

8 3Gauzak horrela, Eguzkik Pasaiako Udaletxera jo zuen. Udalak, txosten juridikoa eskatu ondoren, arestian aipatutako ondorioak atera ditu: lanak legez kanpokoak dira, udal baimenik gabe egin zirelako, eta Aldundiari dagokio, ezbairik gabe, zigortzeko eskumena.

EGUZKI, 2019ko otsailean