Zuhaitzaren eguna Ondarroan.

Aurten ere zuhaitzaren eguna ospatu dugu Ondarroan TXIRRIMORRASKI Herriko Denbora Libre Taldearekin batera. Atzo, larunbata, egin genuen.
Beste urte batzuetan, Eguzkik, esaterako, dozenaka zuhaitz autoktono landatu izan ditugu, hala nola haritzak, gaztainondoak, hurritzak, pagoak…, denetik apur bat, eremu jakin batzuk birpopulatzeko eta, bestetik, haurrak kontzientziatzeko zuhaitzen garrantziaz, haien onurez, landatzeko moduaz…
Aurtengoa berezia izan da, Txirrimorraskik 35 urte bete baititu. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldian pago eder bat jaso dute. Arrazoi on bat izan da pago hau beste zuhaitz eta ezkur batzuekin batera landatzea.
Arrakasta handia izan du, eguraldi zoragarria, eta naturari buruz zerbait gehiago ikasten gozatzen dugu. Oso arraroa da garai hauetan, baina zorionak jaso ditugula esan dezakegu.

Eskerrik asko TXIRRIMORRASKI !!! Aupa TXIRRIMORRASKI !!!

Tolosako erdiguneko tren-geltokia zaharberritzeko proiektua berriz ere atzeratu dela salatu du Eguzkik

ADIFek Tolosako erdiguneko tren-geltokia zaharberritzeko konpromisoak berriz ere urratu dituela salatu du Eguzkik. Agindu zuenaren kontra, lanak ez dira ez lizitatu ez esleitu 2023an. Are gehiago, proiektuak behin betiko onarpena jaso gabe jarraitzen du; beraz, Udalarekin sinatu behar den hitzarmena ere ezin izan da sinatu.

Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia, ezta hurrik eman ere. Ikusi, bestela:

– Tolosako erdiguneko tren-geltokian oztopo arkitektonikoak hain dira handiak (*) ezen Arartekoak “iritsezintzat” jo zuen 2011n egindako txosten batean.

– Arazoari heldu behar ziola onartu zuen ADIFek 2014ko plan batean.

– Proiektuaren esleipena 2017an iragarri zuen. Idazteko epea bost hilabetekoa zen.

2017ko albiste bat.

– 2019an, ezer ez zela mugitzen ikusita, protesta berriak izan ziren. Orduan esan zuen ADIFek proiektua idatzita zegoela eta aztertzen ari zirela.

2019ko albistea.

– Proiektua 2021. urtera arte ez zuten aurkeztu. Hori bai, oraindik aztertzen ari ziren. Behin betiko onarpena falta zuen, alegia.

– 2023ko martxoan, ADIFek eta Tolosako Udalak bilera bat egin zuten. Bilera hartan, ADIFeko ordezkariek atzerapena onartu eta “barne-arazoen” ondorio izan zela esan zuten. Proiektura “giza baliabide gehiago bideratzeko konpromisoa” hartu zuten, proiektua “uda aurretik” onartu eta “urtea amaitu aurretik obren lizitazioa abiarazi eta lanak esleitu ahal izateko”.

Iazko martxoan egindako bileraren berri eman zuten albisteetako bat. Agindutako ezer ez da bete.

– 2024an gaude, ordea, eta, arestian esan bezala, lanak ez dira ez lizitatu ez esleitu. Izan ere, proiektuak oraindik behin betiko onarpena falta du.

Memoriak huts egiten ez badigu, 2008an salatu zuen Eguzkik lehen aldiz tren-geltoki horren egoera. Geroztik, behin baino gehiagotan gogoratu dugu hori lotsagarria dela. 2021ean proiektua aurkeztu zutenean, berriz, zera esan genuen: “Ongi etorria izan bedi hain beharrezkoak diren lan hauek hasteko prozesua abiatu izana, baina arduradunak orain arte zein motel ibili diren ikusita eta Urnietako eta Andoaingo geltokien aurrekariak ikusita, beldur gara 2025era arte, behintzat, Tolosak ez duela apeadero seguru eta irisgarria izango”. Ba, begira, gauzak nola dauden ikusita, ematen du optimistegiak eta guzti izan ginela.

ALDIRIKO TRENAREN ABANDONUA

Tolosako geltoki honekin gertatzen ari dena eskandaluzkoa izanda ere, administrazioak Irun-Brinkola linea eta, oro har, aldiriko tren-zerbitzuak nolako abandonu-egoeran dituen adibidea baino ez da.

Aldiriko lineetan, oztopo arkitektoniko handiak dituzten geltokiak daude, batzuetan gaindiezinak; erabiltzaileek hainbatetan trenbide gainetik pasatu behar dute, lurpeko pasabiderik ezean; pasonibel arriskutsuak ere badira; tren-zerbitzu ugari bertan behera gelditzen dira behar beste langile ez dagoelako, sarri aurrez abisatu gabe, gainera; atzerapenak kronikoak dira; informazioa eskasa da; makina eta bagoiak zaharrak dira… Faktore horiek eta beste batzuek zerbitzuaren kalitatea minimo historikoetara eraman dute zenbait lineatan, behin baino gehiagotan salatu dugun bezala.

Gauzak horrela, bolo-bolo dabil aldiriko tren-zerbitzuen transferentzia, urte askotako blokeoa gainditu ondoren, EAEra iristear dela. Ez dugu negoziazioei buruzko xehetasunik ezagutzen, noski, baina Eguzkikook argi ikusten dugu transferentziak, oroz gain, zerbitzua hobetzeko bitartekoa izan behar duela. Horretarako dirua inbertu egin bhar da. Izan ere, sinistuta gaude egungo zerbitzua txarra dela batez ere urtetan behar baino askoz gutxiago inbertitu delako.

Eta dirua egon badago. Horra hor Abiadura Handiko Trena.  AHTn inbertitzeko dirua baldin badago, zergatik ez “jendeak” egunero erabiltzen duen trenean inbertitzeko? Garraio publiko eta jasangarria sustatu egin behar dela esatea oso ondo dago, baina soil-soilik esanak eta eginak bat badatoz.

EGUZKI, 2024ko urtarrila

 

(*) Erabiltzaile kopuruari dagokionez, Tolosako erdiguneko geltokia garrantzitsua da, zehatz-mehatz, seigarrena RENFEk Gipuzkoan dituen hogeita hamarren artean. Batez beste mila lagunek erabiltzen dute egunero. Hala ere, mugikortasun- eta irisgarritasun-aldetik arazo latzak ditu.

Arazorik handiena Brinkola norabideko nasan dago. Linea osoan dagoen nasarik arriskutsuena da, ezbairik gabe. Nasa eta bagoiaren artean 50 cm-ko aldea dago, eta, gainera, altura 40 cm-koa da. Tarte hori gaindiezina da adineko eta mugikortasun-arazoak dituzten pertsona askorentzat, baina, oro har, arriskutsua da edozein erabiltzailerentzat. Zeresanik ez haur-kotxearekin edo erosketak egiteko karroarekin joanez gero.

Trena eta nasaren arteko tartea oso-oso arriskutsua da.

Gainera, kalea eta nasa bitartean 24 eskailera-maila daude. Arartekoak 2011n egin zuen txostenean, zera esan zuen: “Oso esperientzia zailari aurre egin behar diote mugikortasun urriko pertsonek”.

ADIFek 2021ean aurkeztu zuen proiektuaren arabera, eskailerak egokitu, igogailuak ezarri, nasak zabaldu eta trenbide gaineko pasarela bat ere eraikiko da. Pasarela horrek, gainera, Monteskue auzora iristea erraztuko du.

Aurrekontua 3 milioi eurokoa da.

Zain ditzagun gure buruak, zain dezagun Busturialdea

Burubiko Urdaibaiko Guggenheim horren lanak “bai ala bai” aurton hasiko zirela sinestarazi nahi izan digu Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak, hain zuzen ere haren kideak diren hedabideetan behin eta berriro argitaratu dituzten diru publikoekin finantzatutako publi-erreportajeen bidez. Eta hara non, orain, hedabide horiexek dira berria dakartenak. “Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak, non amerikar Fundazioak eta bertoko erakundeek parte hartzen duten, bi urteko hausnarketa egingo du, aurten eta 2025ean, Urdaibaiko handitze proiektuarekin aurrera jarraitu ala ez erabakitzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan aurreratu duenez”.

Aztertu beharko da, aztertu beharko denez, su eten edo menia taktiko hau beronen testuinguruan. Itsaso-lehorreko Domeinu Publikoaren pribatizazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Biosferaren Erreserba bakarraren sakrifizio programatuak merezi dute, bai, gure hausnarketa. Gure hausnarketa ostera ez da etorriko EAJren eta beronen alaituek defenditzen duten IBEX35k gura duen neoliberalismoaren ildotik, zeinak arriskuan jartzen dituen Urdaibai, Bizkaia eta EAE, hirurak. Guk argi daukagu ildo horretan aurrera egiteak ekarriko omen dizkien boto galeraren beldurrak eraginda datorrela erabakia. Kontuz baina! Hau herri mugimenduaren garaipena da, bai, eta halaxe diogu Zain Dezagun Urdaibai legez. Horiek hausnarketarako gogoa ostera ez da egiazkoa, ez da zintzoa eta, beraz, ez da sinesgarria izango.

Beren burua ardi larruz janztea erabaki dute. Inposaketaren ordez ustezko adostasun demokratikoa, horra! Proiektuaren bideragarritasunaz hausnartzeko, diote. Izan ere jokoan dena beraien herrialde eredua denean. Ez da makala. Erabakiak eta arkitekturaren gorabehera guztiak Abandoko Batzokia baino harago, New York bertaraino, Solomon G. Fundazioaren umontziraino eta inguruetako aholkularitza kutunen ugatzetara eraman duten berberak dira orain hausnartzaileak. Badituzte pulpituak, eta badituzte horietatik predikatzeko milioiak balio dituzten txostenak, diru publikoekin nahierara eginak. “Urdaibai Guggenheim, munduan non zu bezalakorik?”, esan izan digute behin eta berriro, erantzuteko aukerarik inori eman gabe. Otsoak, museoz jantzia, masa-turismoaren arloko sarraskiak jaten, horixe zen plana.

Ekologismotik eta, oro har, auzotarren mugimendutik lehengoan segitzen dugu. Guggenheim frankizia Busturialdea zabaltzeko asmoak ez du hausnarketarik behar. Ekonomiaren aldetik balio gabekoa da, argi baitago masa-turismoaren masa kontrolaezinetara bideratua dela, eta horrekin batera, ingurugiro babestuari eragingo lizkiokeen kalteak onartezinak direla garbi dagoen legez. Adreiluaren Burbuilatik hona, Bizkaitar Burukide Gazteen mende, bai Urdaibaik eta euskal kostaldeak bere zabalean azken urteotan pariatzen ari diren suntsiketaz, zer esan? Zer esan inoiz aipatzen ez den bertoko ondareaz eta kulturaz?

Administrazio publikoen sotoetan, hautsen azpian, pilaturik dagoz eskualdeari buruzko egitasmo sozio-ekonomikoak (aipa dezagun, adibidez, 1998ko JSEGE delakoa edo 2010ko Urdaibairen Garapen Jasangarriari buruzko Egitamu Estrategikoa). Inoiz betegabeak, boikotatuak. Zapata italiarrak, gominak eta Armani trajeak janzten dituzten horiek ez dira soto horietara jaitsiko, ez. Hor nonbait gorderik dituzten 137 milioiekin bete liteke ba egitamu horietako bat edo beste.

Alferrik da baina. UNESCOk 1984an Urdaibai Biosfera Erreserba aldarrikatu zenetik hona gobernatzen ari den alderdi horrek onartu beharko luke, onartu beharko lukeenez, bere erabakiak edo erabaki-ezak izan direla honaino ekarri gaituztenak. Zer panorama daukagun laburtzearren, Kantauriko itsasadar kutsatuena, espezie exotikoen landaketa masiboenak, ur-baliabideak lehorturik edo bestela satsiturik, tokiko merkataritza galdurik eta industria ZBGan.

Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkarteak beti prest segituko dugu. Ibilbideak eta herritarren euspenak ematen digun zilegitasun guztiarekin Audientzia Nazionalera jo dugu, Muruetako itsasertzean babes eremua 100 metrotik 20 murrizteko EAJ-MITECO Aliantza Deunaren erabakiari aurre egiteko hain zuzen. Eta europar erakundeetara joko dugu, eta gorago ere beharbada. Urdaibai Biosferaren Erreserba eta Busturialdea bera ditugu jokoan.

Oraingo garaipena ez da erabatekoa. Hala bada, dei egiten dugu mobilizazioei eustera, eratzera, erakundeetan dugun borrokari diruz laguntzera eta, azkenik, gure buruak hainbeste gezurrekin fumigatu gura dituzten auzi honetan, informazio-truke zintzoetara. Zain ditzagun gure buruak, zain dezagun Busturialdea.

Erroxeli Ojinaga Filibi eta Edorta Jimenez Ormaetxea, ZAIN DEZAGUN URDAIBAI

BUSTURIALDEAN, 2024KO URTARRILAREN 23AN

Isuri kutsakor berri bat Agurainen eta instituzioen erantzun-falta salatu ditu Zadorra Bizirik-ek

Zadorrak Bizirik plataformak isuri kutsakor berri bat salatu zuen atzo arratsaldean, Agurainen. Isuriak arrain asko hil zituen, beraz, ustezko delitu baten aurrean gaude. Hala ere, instituzioen partetik, batez ere Ertzaintzaren partetik, erantzun-falta nabaria izan zen, Zadorra Bizirik-ek salatu duenaren arabera.

Esteka honetan, bideo bat:

Vídeo: Zadorra Bizirik denuncia un vertido en el río Eguilor en Agurain que ha causado la muerte de peces (eitb.eus)

Zadorra Bizirik-en salaketa osoa, berriz, gaztelaniaz bakarrik irakur daiteke. Albiste honen gaztelaniazko bertsioan aurkituko duzu.

Gogoan izan Aguraingo hau ez dela Zadorra Bizirik-ek azken egunotan salatutako isuri bakarra. Izan ere, joan den astean Ertzaintzaren adademiatik bertatik eginiko gasolio-isurketa bat salatu zuen.

Eguzki: “Ogi bat galtzarbean dakarrela etorri behar du aldiriko tren-lineen transferentziak”

Fuente: Arizmendi / DV

Erabiltzaileek, oroz gain, zerbitzua hobetzea espero dute, eta gaur egungo zerbitzua txarra da batez ere urtetan behar baino askoz gutxiago inbertitu delako; beraz, zerbitzua hobetuko bada, datozen urteetan inbertsio handiak egin beharko dira

Badirudi aldiriko tren-zerbitzuen transferentzia, urte askotako blokeoa gainditu ondoren, iristear dela. “Oraingoan bai”, dioskute. Hori dela eta, Eguzkikook adierazi nahi dugu transferentziak, oroz gain, zerbitzua hobetzeko bitartekoa izan behar duela. Izan ere, zerbitzu hori oso kalitate eskasekoa da, erabiltzaileek ondo baino hobeto dakiten bezala.

Gauzak horrela, gure ustez, transferentziak etorri behar du ogi bat galtzarbean dakarrela, haur jaioberriak etortzen omen ziren bezala. Eta metafora egokia iruditzen zaigu transferentziak aldiriko tren-lineen birjaiotze edo berpizkunde bat izan behar duelako. Kontua baldin bada gutxi gorabehera orain arte bezala jarraitzea, zertarako hainbeste urteko erreibindikazioa?

Beste era batera esanda: transferentziaren balorazio ekonomikoak kontuan izan behar du zerbitzua egoera txarrean dagoela, batez ere denbora luzean behar baino askoz gutxiago inbertitu delako, eta, ondorioz, datozen urteetan inbertsio handiak egin beharko direla. Betiere zerbitzua garaiak eskatzen duen mailan jarri nahi bada, jakina. Hau da, kalitatezko zerbitzu publikoa, eraginkorra eta efizientea, beste garraiobide batzuekin lehiakorra eta alternatiboa, eta sozialki errentagarria eskaini nahi bada.

Ez dugu negoziazioei buruzko xehetasun handirik ezagutzen, baina pentsatzen dugu Irun-Brinkola, Abando-Santurtzi, Abando-Muskiz eta Abando-Urduña lineak transferituko direla, baita Bilbao-Balmaseda linea ere. Miranda eta Altsasu bitarteko zati arabarrean aldiriak transferituko balira edo gutxienez aurrerapenen bat egongo balitz, oso albiste ona izango litzateke. Izan ere, zati horren gainean dagoen herri-aldarrikapena ezin zuzenagoa iruditzen zaigu.

Nolanahi ere, linea horietan guztietan arazo latzak daude… itxita dauden edo oztopo arkitektoniko handiak dituzten geltokiak daude, batzuetan gaindiezinak; erabiltzaileek hainbatetan trenbide gainetik pasatu behar dute, lurpeko pasabiderik ezean; pasonibel arriskutsuak ere badira; tren-zerbitzu ugari bertan behera gelditzen dira behar beste langile ez dagoelako, sarri aurrez abisatu gabe, gainera; atzerapenak kronikoak dira; informazioa eskasa da; makina eta bagoiak zaharrak dira… Faktore horiek eta beste batzuek zerbitzuaren kalitatea minimo historikoetara eraman dute zenbait lineatan, behin baino gehiagotan salatu dugun bezala. Eta hori al da “herentzian” jaso behar dugun zerbitzua?

Iñaki Arriola Garraio sailburuak ondo asko daki erabiltzaileek transferentziatik batez ere zerbitzua hobetzea espero dutela. Horregatik, dagoeneko “pazientzia” eskatu du, badaezpada. Eta ondo da, argi baitago egoerak ez duela hobera egingo gauetik goizera paper bat sinatze hutsagatik, paper hori sinatzea urte asko kostatu bada ere. Baina ondo da baldin eta pazientziarako dei hori zerbitzua nabarmen hobetzeko borondate irmoarekin lotuta badago. Eta borondatea aurrekontuetan islatzen da. Garraio publiko eta jasangarria sustatu egin behar dela esatea oso ondo dago, baina soil-soilik esanak eta eginak bat badatoz.

Dagoeneko entzuten ari gara: “Tira, aldiriko trenean hobekuntzak egin egingo dira, noski, baina poliki-poliki, gauza guzti-guztietarako ere ez dago eta dirurik”. Alabaina, nahi dutenerako, berriz, dirua egon badago, eta, ikusten denez, nahi bezainbeste. Horra hor AHTa, eta aitor dugu adibide hori espresuki ipintzen dugula besteak beste badakigulako Arriolak ez duela batere maite. Adibidea, noski.

Kritika honek balio du Estatuko gobernuarentzat, berak izan baitu orain arte aldirien titulartasuna eta, beraz, inbertsio-erantzukizuna. Baina Jaurlaritzarentzat ere balio du. Izan ere, urte hauetan guztietan transferentzia aldarrikatu bai, baina aldirietako zenbat hobekuntza-lan eskatu, bere gain hartu eta finantzatu ditu Kupoaren kontura, AHTarekin egin duen bezala?

AHTa “estrategikoa” omen da. Aldirietako trena, aldiz, ez horrenbeste, antza denez. Hala ere, “jendeak” egunero-egunero erabiltzen duen trena da. Horregatik Eguzkitik azpimarratu nahi dugu: transferentziak, oroz gain, esanahi politikotik harago eta horren inguruan nahitaez eratuko den marketinetik harago, zerbitzua nabarmen hobetzeko tresna izan behar du, ogi bat galtzarbean dakarren haur jaioberria izan behar du. Nabaritu egin behar da!

EGUZKI, 2024ko urtarrila

Ertzaintzaren Akademiatik gasolio-isuri berri bat egin dutela salatu du Zadorra Bizirik plataformak

Ertzaintzaren akademiatik 2018an egindako isuriaren irudi bat. Iturria: Hordago/El Salto

Zadorra Bizirik-ek salatu du Ertzaintzaren Arkautiko akademiatik gasolio-isuri berri bat egin dutela. 2002an, 2017 eta 2018an ere antzeko isuriak gertatu ziren eta horrek, plataformak nabarmendu duenez, agerian uzten du akademiak urte hauetan guztietan ez duela isuri hauek kontrolatzeko neurri egokirik hartu.

Zadorra Bizirik-en salaketa-agiria gaztelaniaz soilik irakur daiteke oso-osorik. Irakurri nahi baduzu, webgune honetan bertan aurkituko duzu, gaztelaniazko bertsioan.

Abiadura Handiko Trenaren aurkako eta Tren Publiko eta Sozialaren aldeko mobiliazio berriak

Larunbatean, hilak 20, Abiadura Handiko Trenaren aurkako martxa berri bat egingo da Iruñean, AHT Gelditu Nafarroak antolatuta. Lema, honako hau: “Lurraren zaintza guztion zaintza da! Kontuz AHTrekin!!! Hitzordua 12etan, Diputazioaren aurrean.

Deialdiaren testu osoa irakurri nahi baduzue, hemen aurkituko duzue: (2) Facebook

Bestalde, aste honetan bertan jakin dugu Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek AHTren aurkako eta Tren Publiko eta Sozialaren aldeko dinamika bat abiatu dutela Lautadan, Sakanan eta Goierrin.

Lehenengo urratsa bihar ostiralean bertan izango da, hilak 19. Elkarretaratzeak egingo dira hainbat herritan. Hona hemen hitzorduak: 18:30tan Arabako Manzanosen, tren geltokian, eta 19:00etan  Agurainen, Errege Atarian; 19:00etan ere Nafarroako Altsasun, Udaletxean, Izurdiagan, tren geltokian, eta Otxobin, jauregi ondoan; 19:30ean Beasainen, tren geltokian.

Bigarren urratsa izango dira otsailaren 22tik 25era egingo diren Tren Publiko eta Sozialaren aldeko jardunaldiak.

Dinamika biribiltzeko, apirilaren 20 manifestazio bat egingo da Altsasun.

Dinamikaren helburua da AHTa ez baizik eta sortu duten alternatiba bat ezagutaraztea eta erreibindikatzea. Alternatiba hori, hiru bide-ingeniarik idatzia, egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu. Gainera, Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoa du.

Informazio gehiago: Aprilak 20, manifestazioa: Alternatibaren alde. Herritarron hitza errespetatu (lahaine.org)

Vitoria Solar 1 eta 2 makroplantak baimendu ditu Jaurlaritzak, berak proposatu duen Energia Berriztagarrien Planaren arabera legez kanpokoak liratekeen arren

Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoen proiektuei aurreneko administrazio-baimenak eman dizkio Jaurlaritzaren Industria sailak. Proiektu horien bitartez, 90.048 eta 90.074 eguzki-panel ezarri nahi dituzte Gasteizen, Burgelun eta Arratzua-Ubarrundian. Guztira, 49,9 eta 49,99 megawatteko potentzia. Kontua da panel horiek guztiak nekazaritza-lursail emankorretan ezarri nahi dituztela, baita ureztatzeko batzuetan ere. Eta hori, gaur egun Jaurlaritzaren beraren ekimenez izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala onartuta balego, legez kanpokoa litzateke. Hau da, Jaurlaritzak Solar 1 eta 2 bezalako kasuetan jokatzeko modu bat proposatzen du, baina, bitartean, guztiz kontrakoa egiten du, eta proiektuari administrazio-baimenak eman dizkio.

Eguzki talde ekologistak benetan deitoratzen du jokatzeko modu hori. Gure iritziz, hau eta beste proiektu fotovoltaikoen gainetik, Arabako lur emakorrenak babestu egin behar dira. Are gehiago kontuan izanda panelak kalte egin gabe ezartzeko alternatibak egon badaudela, adibidez, lugorrietan edota industriaguneetako teilatuetan.

Lur emankorrenak direla ez dugu guk asmatu. EAEko Nekazaritzako Plan Sektorialak balio agrologiko estrategiko handikotzat jotzen ditu Solar 1 eta 2ren eraginpeko lursail gehienak. Eta gaur egun izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Plan Sektorialak espresuki debekatzen du parke fotovoltaikoak balio estrategiko handiko lursailetan ezartzea. Balioa eta lurzoru emankorra galtzeak modu larrian eragiten die elikadura-subiranotasunaren, tokiko ekoizpenaren eta tokiko ekoizpen eta kontsumo katearen helburuei, edo 0 km.

Baina, esan bezala, Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala izapidetzen ari da, ez dago oraindik onartuta, eta, hain justu, horixe argudiatu du Jaurlaritzak alegazioei muzin egiteko. Gure ustez, berriz, Plana onartu bitartean ez lukete horrelako administrazio-baimenik eman beharko. Bestela, Plana onartzen denerako, harekin bat ez datozen hainbat proiektu onartuta egoteko arriskua dago. Ekintza burutuak, alegia.

Eguzkiren iritziz, balio estrategiko handiko lurrak nekazaritza-erabilerarako gorde behar ditugu, eta, horregatik, kasu honetan jokatu duen bezala jokatuta, salatzen dugu Jaurlaritzak uko egin diola nekazaritza-balio handiko lurzorua babesteko duen betebeharrari (Nekatzaritzako Planak berariaz adierazitako helburua da).

Jaurlaritzak aurreneko baimena emanda, Solar 1 eta 2 proiektua orain Aldundiak aztertu behar du. Beraz, badira oraindik egin behar diren beste tramite urbanistiko eta administratibo batzuk proiektua gauzatzen hasi baino lehen. Bide horretan zeresana duten erakunde guztiei balio agrologiko handiko lursailak babesteko eskatzen diegu, eta, ondorioz, proiektu hoiei baimena ez emateko.

EGUZKI, Gasteizen, 2024ko urtarrilaren 15ean

Pelletak, atzamarra eta Ilargia

AZTIk ohartarazi duenez, Bizkaiko golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoak batzeko puntu beroa dela, eta Mediterraneo itsasoko edo zaborra gehitzeko beste eremu batzuetako mailen antzekoak dituela. Argazkia Deba eta Zumaia bitarteko marearteko gunean egindakoa da, Eguzkik 2019an antolatutako hondakin-bilketa batean.

AZTIk ohartarazi duenez, Bizkaiko golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoak batzeko puntu beroa dela, eta Mediterraneo itsasoko edo zaborra gehitzeko beste eremu batzuetako mailen antzekoak dituela. Argazkia Deba eta Zumaia bitarteko marearteko gunean egindakoa da, Eguzkik 2019an antolatutako hondakin-bilketa batean.

Galiziako lagunekin batera NUNCA MÁIS esatetik OUTRA MÁIS esatera pasatu gara. Prestige berri baten aurrean gaude? Ez. Horrek ez du esan nahi, jakina, arazoari garrantzia kendu behar zaionik –horretarako Xunta bera dago eta–, baina Toconaotik eroritako 26 tona pellet eta Prestige-ren 63.000 tona petrolio ezin dira inolaz ere alderatu. Kontuz, ordea. Batetik, pellet horiek ere ingurumenean bere eragina izango dutelako, eta bestetik, eta batez ere, agintariek hondamendi hartatik ezer ere ikasi ez zutela agerian utzi dutelako.

Pelletak dira Ilargia seinalatzen duen atzamarra. Eta zein da Ilargi hori? Bada, Prestige bezalako kasu bat berriz ere gerta daitekeela, inolako zalantzarik gabe, gainera. Izan ere, estatistiken arabera, Galizian dagoen ontzi-nabigazioa kontuan izanda, denbora-kontua baino ez da, baina, horri gehitu behar zaio administrazioak jokatuko duela orduan jokatu zuen bezalaxe, alegia, orain jokatzen ari den bezalaxe: lehenik eta behin, arazoa existitzen dela ukatuko du, eta, ukazioan tematzea ezinezko bihurtzen denean, arazoa minimizatzen saiatuko da eta erantzukina beste etxeko amonari leporatuko dio. Gure iritziz, hori, neurri handi batean, behintzat, zigorgabetasunaren ondorio da, hau da, Prestige-ren hondamendiaren benetako erantzuleak akusatuen aulkian eseri ez izanaren ondorio.

thumbnail_IMG-20240110-WA0009Eta Euskal Herrian, zer? Bada, hemen adi egotea tokatzen da, eta pelletak orban edo lerro adierazgarrietan iristen badira, aukeran itsasoan garbitu edo, beste erremediorik ez badago, lehorrean, betiere talde profesionalekin. Kasu honetan, boluntariotzara jotzeko arrazorik ez dugu ikusten. Komenigarria denik ere ez dugu uste. Dena dela, deialdia egingo balitz, jendeak behar bezala erantzungo luke; horretaz ez dugu duda izpirik. Gainerakoan, EAEko herri-erakundeei koordinatuta joka dezatela eta herritarroi informazio gardena eman diezagutela eskatu behar zaie.

Nolanahi ere, Toconaoko pellet gehienak gurera iritsiko dira seguru asko Bizkaiko golkoan dagoen plastiko-zoparen parte gisa. Eta hemen berriz ere atzamarraren eta Ilargiaren metafora erabiliko dugu. Izan ere, gure kasuan, pelleten atzamarrak seinalatzen duen Ilargia plastikoen arazoa da, eta gaizki egingo genuke Ilargiari begiratu ordez, atzamarrari begira geratuko bagina.

Iturria: @erregetxo

Iturria: @erregetxo

Zenbatekoa da plastikoen arazoen tamaina Bizkaiko golkoan? Ba, begira, 2016an 50 milioi tona hondakin zeudela esaten zen. Urte batzuk pasatu dira, beraz, gaur egun gahiago izango dira. Nolanahi ere, datu berriagoak eta xeheagoak ditugu. AZTIk 2022an gai honi buruz egin zuen ikerketaren ondorio batzuk hitzez hitz eta zenbakiz zenbaki kopiatzen ditugu haren webgunetik: “Aurkitutako plastikoaren batez besteko ugaritasuna km2-ko 739.395 eta 2.625.271 plastikozko pieza (km2-ko 998 eta 4.338 gramoren baliokidea); batez beste, km2-ko 232.227 elementu izan dira”. “Mikroplastikoak aztertutako laginetan dagoen plastiko kopuruaren %93 dira (%28 pisuan), mesoplastikoak %7 (%26) eta makroplastikoak %1 (%46)”; “Bizkaiko golkoko gune ozeanografiko hau mikroplastikoentzako irteerarik gabeko ‘kale itsua’ da”; “ikerketa honek erakusten du Bizkaiko golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoak batzeko puntu beroa dela, eta Mediterraneo itsasoko edo zaborra gehitzeko beste eremu batzuetako mailen antzekoak dituela”.

Nondik dator plastiko hori guztia? Batez ere lehorretik. Itsasora botatako hondakinetako %80 plastikoak izan ohi dira.

Ados, lehorretik, baina lehorretik nondik? Izan ere, plastikoena “arazo globala da eta…”. Bai, arazo globala da, baina “globaltasuna” aitzakia gisa erabilzeko tentazioa saihesteko, hona hemen AZTIren webgunetik kopiatutako beste esaldi bat: “Bizkaiko golkoan aurkitzen dugun zaborra, funtsean, Bizkaiko golkoan bertan bizi diren herritarrek sortua da, ez dator Txinatik”.

Nola iristen da plastiko hori guztia itsasora? Normalean estoldetatik eta ibaietatik. Ibaiak, errekak, errioak dira plastikoak itsasora iristeko bene-benetako autopistak. Horregatik, askotan esan dugun bezala, itsasoa, plastikoari dagokionez, gure etxeetan bertan hasten da, hondartza gain-gainean bizi ez bagara ere.

Eguzkik Azkoitian, 3 kilometroko tarte batean, ateratako hondakinak.

Eguzkik Azkoitian, 3 kilometroko tarte batean, ateratako hondakinak.

Nola heldu arazoari? Bada, oroz gain, mugak jarri behar zaizkiko plastikoen ekoizpen neurrigabeari, batez ere erabili eta botatzekoei. EBk pausu batzuk eman ditu bide horretan, baina oso gutxi eta oso laburrak, bistan da. Herritarrok, berriz, plastikoen erabilera arduratsuagoa egin behar dugu, eta, jakina, dagokien edukiontzian utzi, birziklatzeko. Baina EBk har ditzakeen makro mailako erabakien eta norbanakook egin dezakegunaren artean, badira  eskumenak dituzten erakunde asko. Horra hor Ura, baita aldundiak eta udalak ere.

Prebentzio-neurriak har daitezke, adibidez, ibai-ertzeetako barandetako beheko partean saretak jar daitezke. Hori da Eguzkik azken urteotan sustatu dituen neurrietako bat. Saretek ez dute miraririk egiten, noski, baina funtzionatu funtzionatzen dute. Gainera, udalek bitartekoak jar ditzakete aldian behin ibaiak eta errekak garbitzeko, herriko plaza edo kaleak garbitzeko jartzen dituzten bezala. Eta talde profesional batek garbitzeko. Urtean behin, “kontzientziazioaren” aitzakian, herriko ikas-zentroetako neska-mutilekin garbiketa-egun bat antolatzea ez zaigu onargarria iruditzen, baldin eta ibaia defendatzeko plangintza zabalago baten logikan txertatuta ez badago, behintzat.

Urolako 6 kilometroko tarte batean 6 tona hondakin atera zituen Azpeitiko Udalak.

Urolako 6 kilometroko tarte batean 6 tona hondakin atera zituen Azpeitiko Udalak.

Eta, jakina, ibaia zaintzeko araudiak eta ordenantzak bete egin behar dira, zigorrak barne. Autoak gaizki aparkatuta daudela eta, zigorrak ezartzea oso arrunta da, eta zeresanik ez Mozal Legearekin edo Ogasunarekin zerikusia duten kontuetan. Ingurumen-kontuetan, berriz, zigorrak ezartzeko erreparoak omen daude, dena “kontzientziazio” eta “sentsibilizazioaren” mantrarekin konponduko balitz bezala. Alabaina, gauza bat argi dago: ibaietan hondakin asko eta asko daude, eta ez dira hor deskuiduan erori direlako, edo istripuz, edo haizeak bultzatuta. Hor daude batzuek espresuki bota dituztelako baizik; batzuek ibaiak zabortegi pribatu gisa erabiltzen dituztelako. Urtetan horrela egin dute, ondoriorik gabe edo apenas ondoriorik gabe. Bada, hori horrela den bitartean, ibaiek zabortegi izaten jarraituko dute. 2024an, zabor-poltsak balkoitik botatzen dituena edo hondakinak ibai ertzean uzten dituena, ur handiak datozenean aurretik eraman ditzan, zigortu egin behar da.

Alegia, arazoari alde askotatik heldu dakioke eta ekin behar zaio. Ea Galiziatik pellet-itxuran datorren atzamarrak balio duen erreparatzeko plastikozko itsasoko hemengo Ilargiari.

EGUZKI, 2024ko urtarrila

Dulantzikoa bakarrik ez, Araban itxita dauden beste tren-geltokiak ere irekitzeko eskatu du Eguzkik

dulantziDulantziko tren-geltokia aurten irekiko duela iragarri du ADIFek, ate automatizatuak jarrita. Hamar urte egin ditu itxita, eta, nahiz eta berokuntza-sistema piztuta egoten den eta aldian behin garbiketa egiten den, itxita dago. Erabiltzaileek trena kanpoan itxoin behar izaten dute, eguraldia edozein dela ere.

Eguzkikooi ondo iruditzen zaigu Dulantziko geltokia irekitzea, noski, baina hauxe bera gertatzen da Araia eta Langraizkoetan ere. Logikoena guztiak irekitzea izango litzateke eta, irekitze hutsetik harago, potentziatzea, herritarrei tren-zerbitzu hobea emateko. Azken batean, behar dugun garraio publiko kalitatekoa sustatzeko.

Barkatu, irakurle, testu hau gaztelaniaz bakarrik irakur daiteke osorik.

San Sebastian bezperako afarietan angularik ez jateko eskatu du Eguzkik

angulasAingira, espezie gisa, oso-oso egoera larrian dagoela eta (*), San Sebastian bezperako afarietako menuetan angularik ez jartzeko eskatu die Eguzkik donostiarrei eta, bereziki, soziedadeei. Alegia, eskatu die joateko Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz edota Juan Mari Arzak dagoeneko abiatu diren bidetik. Izan ere, sukaldari ezagun horiek, Relais & Chateaux eta Eurotoques nazioarteko elkarteen propoesamena ontzat joz, beraien kartetatik erretiratu dituzte aingirak eta angulak osagai dituzten platerak.

Badakigu zenbait etxe eta soziedadetan San Sebastian bezperan angulak jatea tradizioa dela. Baina tradizioaren oinarria da gure errioetan aingirak eta angulak bizitzea. Aingirak desagertzen badira, akabo tradizioa, betiko. Eta zientzialariek argi eta garbi dioskute horixe gertatuko dela, berehala neurri zorrotzak hartu ezean, behintzat.

Arrantza ez da aingiraren egoera penagarriaren eragile bakarra. Horregatik, arrantza bertan behera utzita ere, oso litekeena da espezieak aurrera ez egitea. Baina arrantzak jarraituz gero, segurutzat jo dezakegu espeziea galduko dela.

Horregatik eskatzen diegu donostiarrei eta bereziki elkarteei angulak jateari uko egiteko. Are gehiago kontuan izanda plazan nahikoa jaki goxo badagoela eta gure sukaldarien artean nahikoa jakituria badagoela angularik gabe ere primerako menuak prestatzeko. Ez dugu biodibertsitatea jateko arrazoirik.

Eguzki, 2024ko urtarrila

(*) Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik, eta hori nabarmendu beharra dagoela iruditzen zaigu. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera. Alegia, iberiar katamotzak, pandak edota ekialdeko gorilak baino arrisku handiagoa du aingira europarrak. Eta, hala ere, jarraitzen dugu aingirak eta angulak arrantzatzen eta jaten. ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

Fuente: @Chikichanka

Fuente: @Chikichanka

Ez zaituztegu datuz ito nahi, baina egoeraren panoramikaren berri nahi baduzue, honako bideo hau aholkatzen dizuegu:

https://www.rtve.es/play/videos/objetivo-planeta/anguilas-angulas-estado-critico/7035765/.

Bideoan parte hartzen dutenetako bat Estibaliz Diaz da, AZTIko ikerlaria eta ICESen aingira-taldeko kidea. Honako datu adierazgarri hau aipatzen du: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.