All posts by Donostia

“Lemoiz gaur”, Roge Blascoren eskutik, Koldo Mitxelenan

roge1Larunbatean Gladysi eskainiko diogun omenaldiaren osagarri, LEMOIZ GAUR izeneko jardunaldia antolatu dugu bihar ostegunean, ekainak 1, Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Bertan, Roge Blasco kazetariak bi film dokumental labur (bakoitza 15 minutu ingurukoa) eskainiko ditu.

Roge ezaguna da batez ere Radio Euskadin ia berrogei urtez LEVANDO ANCLAS saioa zuzendu duelako. Orain, berriz, erretiroa hartuta, gustuko duena egiten jarraitzen du bere Youtube kanalean. Hain justu, kanal horri dagozkio KMn proiektatuko dituen dokumentalak. Xumeak badira ere, bertute handi bat dute, plazaratzen baitute aspalditik erantzunaren zain dagoen galdera: zer egin Lemoizko zentralarekin eta inguruko lursailekin?

Eguzkiren iritziz, galdera horren inguruan ardaztutako eztabaida soziala ezinbestekoa da, Eusko Jaurlaritzak, 2019tik zentralaren jabe denak, eztabaida saihestu duen arren. Beti izango da une egokia horrelako eztabaida bati ekiteko, baina gaur egungoak bereziki egokia dirudi. Zergatik? Jaurlaritzak azken urteotan Lemoizerako sustantu duen arrain-haztegi handiaren proiektua bide bazterrean geratu delako, ez dakigu behin betiko, baina bolada luze baterako behintzat bai. Izan ere, hainbat urtez proiektuarekin bueltaka ibili ondoren, interesatuta egon zitekeen inbertitzailerik ezean, Next Generation funts europarretako dirulaguntzak eskatzeari berari uko egin behar izan dio Jaurlaritzak.

Lemoizen zor historiko handia dago, baita aukera bikaina ere, bereziki ingurumenaren alorrean.

Arestian esan bezala, LEMOIZ GAUR jardunaldia larunbatean Gladysi Donostian eskainiko diogun omenaldiaren osagarria da. Baina Tuteran ere ez dute Gladys ahanzten. Hona hemen deialdiak:

Gladys_kartelak2023

Akoitian Urola zaborretatik babesteko saretak bere kabuz jartzen hasi da Eguzki, Udalak bere erantzukizunari uko egiten diola ikusita

ADI, TESTU HAU MAIATZAREN 24an ARGITARATU GENUEN, BAINA WEBGUNETIK DESAGERTU EGIN DA. HORREGATIK BERRIRO IGO DUGU. BAINA KONTUAN IZAN BENETAKO ARGITARATZE DATA.

Azkoitia0Akoitian Urola zaborretatik babesteko saretak bere kabuz jartzen hasi da Eguzki, Udalak bere erantzukizunari uko egiten diola ikusita. Zehatz-mehatz, maiatzaren 22an 129 metro sareta jarri genituen Ugarte kalean. Udalak jaramonik egin ezean, Altzibar auzotik Juin kaleraino jartzen jarraitzeko asmoa dugu. Hona hemen bideo bat:

23 de mayo de 2023 – YouTube

Azkoitia1Azkotia3Azkotia0Datorren hilean beteko dira bost urte Azkoitiko Udalarekin lehen harremana izan genuenetik (orduan Eguzkiko ordezkariak ere ez ginen). Lehenengo bileratik beretik, Urola ibaian eta inguruko erreketan egiten diren zuzeneko zein zeharkako zabor-isurien aurkako neurriak hartzeko eskatu genuen.

Gure eskaeretako bat izan zen Urola ertzeko barandak aprobetxatzea eta beheko partean saretak ipintzea. Barandek gu geu ibaira erortzetik babesten gaituzten bezala, saretek ibaia bera plastiko eta beste zikinkerietatik babesten dute. Itsasoa plastikoz eta mikroplastikoz beteta dago, eta, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, ibaiak eta errekak horiek guztiak hara iristeko autopista azkarrak dira. Alegia, gure ibai eta errekek urteak daramatzate arazoaren parte izaten. Saretek arazo hori leuntzeko modu xume baina aldi berean eraginkorra izan daitezke.

Otsailean Udalari egin genion azken idatzian zera eskatu genion Udalari: Foru Aldundiak berariaz horretarako ematen dituen laguntzak eskatzeko eta saretak jartzeko Altzibar auzoan eta Bizkargi, Ugarte eta Juin kaleetan. Udalak ezetz erantzun du eta erantzunarekin batera hiru argazki bidali dizkigu. Irudi horietan dagoeneko instalatuta dauden saretak ikusten ditugu. Bertan, Udalak ohartarazten duenez, “saretak euri-ura ibaira joatea eragozten du, lokatza, putzuak edo goroldioa sortuz”. Gauzak garbi: zulatutako txapa batek ezin du uraren oztopo izan; zenbait puntutan bada, ondo kokatuta ez dagoelako da, ez besterik. Beraz, sareta ez da arazo bat, konponbide bat baizik, nahiz eta Udala konponbideei arazoak bilatzen saiatu. Argazkiak aukeratzen hasiz gero, berriz, egokiagoa izango litzateke Udalak ibai-ertzeetako zaborrenak aukeratu izan balitu. Izan ere, argazki horiek badaude, eta badakigu, gu geu behin baino gehiagotan ibili garelako inguru horietan ibaitik zaborrak ateratzen. Udalak apirilean kontratatu zuen enpresak ere (ibaiak axola diela sinetsarazteko amarrua izan zenak) zaborrak kendu zituen inguru horietatik, Bizkargi kaletik izan ezik. Era berean, Udalak ez digu errekara etengabe botatzen diren zaborren argazkirik bidali, eta, batez ere, ez digu esan askotan salatu dugun eta oso atzetik datorren arazo bati irtenbidea emateko zer egingo duen.

Hau guztia gutxi balitz, Udalak eman digun erantzunean dio ez dituztela eskatutako sareta guztiak jarriko, “uste baitute leku guztiek ez dutela hondakinak pilatzeko arriskurik”.

Hau izan da urak gainezka egiteko moduko tantta. Azken bost urteotan, hamaika aldiz eskatu diogu Udalari prebentzio-neurriak hartzeko. Hamaika aldiz ibaira jaitsi, bertatik zaborrak atera (baita Aizpurutxon ere), argazkiak egin eta salaketa publikoa egin dugu. Hamaika aldiz Udalari egoeraren berri eman eta, behintzat, Foru Aldundiari laguntzak eskatzeko proposatu diogu. Alferrik, aurten ere ez du laguntzarik eskatu. Udalak temati jarraitzen du bere ardurei bizkarra ematen.

Gauzak horrela, kitto. Nahikoa da. Honezkero, berriro Udalari eskatzea babes-neurriak jartzeko; horri ezin zaio eskaera deitu, hori belauniko jartzea da, udal bati bere betebeharrak betetzeko erregutuz. Eta gu ez gara hona etorri inoren aurrean belaunikatzera, eta are gutxiago erakunde publiko baten aurrean, denok ordaintzen duguna gure zergekin, bere lana egin dezan.

Horregatik hasi gara saretak geure kabuz jartzen. Maiatzaren 22an 129 metro jarri genituen Ugarte kalean eta, Udalak jaramonik egin ezean, Altzibar auzotik Juin kaleraino jartzen jarraituko dugu.

Inork ez digu saretarik oparituko eta ez dugu inolako laguntzarik jasoko, baina saretak geure kabuz ipinita salatu nahi dugu Urola egoera tamalgarrian dagoela eta horren aurrean Udalak ez duela ezer ere egiten. Goizean jaikitzea eta gure eskuekin aldaketaren protagonista izan garela jakiteak (hau bezalako aldaketa xumea bada ere) asebetetzen gaitu, eta hori da diruz ordaindu ezin den gauza horietako bat.

Eguzki, 2023ko maiatza

Gipuzkoako Aldundiak usakume-tiradak behin-behinean bertan behera uztea erabaki du; beraz, Azkoitikoa ez zen “arazo teknikoengatik” atzeratu, arazo legalengatik baizik

ADI, ALBISTE HAU MAIATZAREN 25ean ARGITARATU GENUEN, BAINA WEBGUNETIK DESAGERTU EGIN DA. BERRIZ ERE SARTU DUGU, BAINA KONTUAN IZAN ZEIN DEN BENETAKO ARGITARATZE EGUNA.

Ehiza Federazioak berak eman du Lezoko tirada ere bertan behera geratu den albistea.

Ehiza Federazioak berak eman du Lezoko tirada ere bertan behera geratu den albistea.

Ez ba, joan den larunbatean Azkoitian egin behar zuten usakume-tirada ez zen bezperan bertan “atzeratu” “arazo teknikoengatik”, Gipuzkoako Ehiza Federazioak esan zuen bezala, arazo legalengatik baizik, Eguzkik eta beste batzuek susmatu genuen bezala (ikus Usakume-tiroa jomugan – Eguzki Talde Ekologista). Hori ageri-agerian geratu da gaur, Aldundiak usakume-tirada guztiak behin-behinean bertan behera uzteko erabaki duela jakin dugunean. Behin-behinean, noiz arte, ordea? Zerbitzu juridikoek behar bezala aztertu arte Haiekin elkarte animalistak aurkeztutako salaketa. Salaketa horren arabera, usakume-tiradak debekatuta daude iazko ekainean Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak babesteko lege berria onartu zenetik.

Izan ere, Ehiza Federazioak berak eman du facebooken bidez Aldundiak hartutako erabakiaren berri. Halaber, datorren larunbatean Jaizkibelen antolatuta zegoen tirada ere “atzeratu” egin dela jakinarazi du. Alabaina, temati, jarraitzen du esaten “atzerapena” “arazo teknikoei” zor zaiela.

Federazioak usakume- eta galeper-tiradak legezkoak direla defendatzen du, jakina. Gauzak horrela, Aldundiaren zerbitzu juridikoek gauza bat ala bestea esan, kontu honek epaitegian bukatzeko itxura guztia du. Honek hasi baino ez du egin.

Eguzki, 2023ko maiatzaren 25ean

Gladysi omenaldia, larunbatean

IMG-20230512-WA0007

Ekainaren 3an, hau da, lauranbatean, 44 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan.

Urteurrena dela eta, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak aurten ere ohiko omenaldia antolatu dugu Gladys Enean. Normalean urteurren-egunetik gertuen dagoen asteburuan egin ohi da, baina aurten ekainaren 3a larunbatean tokatzen denez, 3an bertan egingo da.

Hitzordua 12:00etan izango da, parkeko ate nagusian. Handik igoko gara erromerian goiko ordekara, Gladysen oroitarria dagoen lekura. Han egingo da omenaldia, aurreskua, lore-eskaintza, kantak eta gainerako ohiko osagaiekin.

Hitzordua 12:00etan parkeko ate nagusian izango bada ere, ordu erdi bat lehenago, 11:30ean, Gladysen lagun talde batek beste hitzordu bat jarri du Bulebarrean omenaldira bizikletaz joan nahi dutenentzako. Ez da berez bizikleta-martxa bat izango, baina animatzen dena ongi etorria izango da.

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys ez dugu gurtzen, amabirjina edo santu laiko bat balitz bezala. Guk Gladys gogoratzen dugu. Eta gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako. Baina Gladys ez dugu horregatik bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat. Horregatik aurtengo omenaldian ere egungo egoeraz hitz egiteko tarte bat utziko dugu.

LEMOIZ GAUR etzi, ostegunean, KMn, Roge Blascoren eskutik

Omenaldiaren osagarri gisa, LEMOIZ GAUR izeneko jardunaldia antolatu dugu Koldo Mitxelenan atzi, ostegunean, 19:00etan. Bertan, Roge Blasco kazetariak bi film dokumental labur (bakoitza 15 minutu ingurukoa) eskainiko ditu.

Roge ezaguna da batez ere Radio Euskadin ia berrogei urtez LEVANDO ANCLAS saioa zuzendu duelako. Orain, berriz, erretiroa hartuta, gustuko duena egiten jarraitzen du bere Youtube kanalean. Hain justu, kanal horri dagozkio KMn proiektatuko dituen dokumentalak. Xumeak badira ere, bertute handi bat dute, plazaratzen baitute aspalditik erantzunaren zain dagoen galdera: zer egin Lemoizko zentralarekin eta inguruko lursailekin?

Eguzkiren iritziz, galdera horren inguruan ardaztutako eztabaida soziala ezinbestekoa da, Eusko Jaurlaritzak, 2019tik zentralaren jabe denak, eztabaida saihestu duen arren. Beti izango da une egokia horrelako eztabaida bati ekiteko, baina gaur egungoak bereziki egokia dirudi. Zergatik? Jaurlaritzak azken urteotan Lemoizerako sustantu duen arrain-haztegi handiaren proiektua bide bazterrean geratu delako, ez dakigu behin betiko, baina bolada luze baterako behintzat bai. Izan ere, hainbat urtez proiektuarekin bueltaka ibili ondoren, interesatuta egon zitekeen inbertitzailerik ezean, Next Generation funts europarretako dirulaguntzak eskatzeari berari uko egin behar izan dio Jaurlaritzak.

Lemoizen zor historiko handia dago, baita aukera bikaina ere, bereziki ingurumenaren alorrean.

Eguzki eta Gladys Gogoan

Oso erantzun zabala Donostia Defendatuz plataformaren deialdiari

Argazkia: Joseba Parron, Irutxuloko Hitza

Argazkia: Joseba Parron, Irutxuloko Hitza

Donostia Defendatuz plataformak deituta eta era guztietako 40 elkartek babestuta, oso-oso manifestazio jendetsua izan da gaur goizean “Donostia ez dago salgai” lemapean. Helburua, Eneko Goiak zuzendu duen udal gobernuaren hirigintza-politika salatzea.

Honako esteka hauetan kronika batzuk eta, batez ere, irudiak ikus ditzakezu:

Donostia Defendatuz en Twitter: “3000 pertsonak, 48 taldek deituta, manifestazioa egin dute #Donostia-ko kaleetan, politikariei/udal gobernuari mezu argia bidaliz: #DonostiaEzDagoSalgai, eredu aldaketa premiazkoa da. Berreskura dezagun hiria. https://t.co/JIKbGa4pEy” / Twitter

Eguzki en Twitter: “Donostia ez dago salgai! lemapean, Donostiako 40 elkartek deitutako manifestazioa. Oso jendetsia. https://t.co/3Nhnr2C9V0” / Twitter

Milaka lagun bildu dira udalaren hirigintza politika salatzeko Donostia Defendatuz manifestazioan – Irutxuloko Hitza : Irutxuloko Hitza

3.000 personas salen a la calle contra la política urbanística en Donostia (donostitik.com)

Hirigintza eredu «basatia» eten dadila eskatu dute Donostian | Donostiarra | Naiz

Usakume-tiroa jomugan

pichón1Atzo larunbatean Azkoitian egin behar zuten usakume-tirada atzeratu egin zuten bezperan bertan, ustekabean. Gipuzkoako Ehiza Federazioak, Facebook bidez, “arazo teknikoak” argudiatu zituen. Eguzkik, ordea, badu arrazoiak pentsatzeko erabakiaren atzean arazo “teknikoak” baino gehiago arazo legalak daudela. Izan ere, joko-zelaia aldatu egin da iazko ekainean Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak babesteko lege berria onartu zenetik.

Joan den asteburuan Hondarribian eta atzo Azkoitian egin behar ziren tiradak iragartzeko kartelak ikusi eta Eguzkiook elkarri galdezka hasi ginen: “Baina lege berriak ez ote du usakume-tiroa debekatu?”. Horretan ari ginela, Haiekin izeneko elkarte bat, orain arte ezagutu ere ez genuena, di-da batean mugitu zen eta salaketa bat ipini zuen, lege berriak usakume-tiroa erabat debekatzen duela argudiatuta; gure ustez, oso ondo argudiatuta, gainera.

Salaketa aurkeztu eta ordu gutxitara iragarri zuen Federazioak Azkoitiko tiradaren atzerapena. Facebookeko mezuetan espresuki ukatu du erabakia salaketaren ondorio dela, baina ukazio hori oso zalantzazkoa iruditzen zaigu kontuan izanda segituan Haiekin elkartearen kontrako neurri legalak hartzeko mehatxua egin duela.

pichón2Nolanahi ere, adi, Azkoitiko auzi hau konpontzeko moduaren araberakoa izango baita usakume-tiroak gurean izango duen etorkizuna. Eta konpontzeko moduaren berri laster izan dezakegu, gainera. Izan ere, datorren larunbatean, hilak 27, tirada berri bat iragarrita dago Lezon, Moxoten. Kontuan izan Federazioaren 2023ko egutegian tiradak Hondarribian, Azkoitian, Lezon, Aian, Urnietan, Pasaian, Zegaman, Villabonan, Ordizian, Aian (berriz ere) eta Bidanian aurreikusi direla. Guztiak colombaire modalitatean. Badira beste tirada batzuk kaiola modalitatean, baita usakumeak ez baizik eta galeperren kontrako tiro egitekoak ere.

EGUZKI, 2023ko maiatza

Donostiako Udalaren hirigintza-politika salatzeko manifestazioa, igandean

DonostiaDefendatuz_kartelaElkarte askok bat egin dute datorren igandean, Donostia Defendatuz plataformak deituta, egingo den manifestazioarekin. Ekimenak Udalaren hirigintza-politika salatzea du helburu. Izan ere, azken urteotan gobernu taldea hamaika barrabaskeria egiten ari da, hala nola, Basque Culinary Centerren bigarren egoitza eraikitzeko berdegune publiko bat sakrifikatzea, San Bartolomeko muinoan merkatalgune bat eta lau solairuko aparkalekua baimentzea edota Atotxako geltoki historikoa botatzea.

Nolanahi ere, manifestazioaren arrazoiak oso ondo azalduta aurkituko dituzu honako esteka honetan:

GIZARTE MUGIMENDUEK ETA ELKARTEEK MANIFESTAZIOA DEITU DUTEDONOSTIAKO UDALAREN HIRIGINTZA POLITIKA SALATZEKO | Donosti Defendatuz (donostiadefendatuz.org)

Eguzki da manifestazioarekin bat egin duten elkarteetako bat. Zerrenda osoa, kartelean bertan.

Gaur eguerdian, Easo Plazako kioskioan eskainitako prentsaurreko baten bidez, ekimenaren berri eman dute. Izan ere, manifestazioa Easo Plazatik abiatuko da.

Gaur eguerdian, Easo Plazako kioskioan eskainitako prentsaurreko baten bidez, ekimenaren berri eman dute. Izan ere, manifestazioa Easo Plazatik abiatuko da.

 

Ez dira kimaketak, mutilazioak baizik

Gaintxurizketan.

Gaintxurizketan.

Gipuzkoako hainbat bide bazterretan, esaterako Gaintxurizketan edo N-1ean Andoain eta Lasarte-Oria bitartean, Foru Aldundiak enborretik beretik inausitako zuhaitz asko ikus daitezke.

Egia esan, kimaketak baino gehiago mutilazioak dira, zeharo neurriz kanpokoak eta desegokiak, baita segurtasun-kezka logikotik begiratuta ere, eta zuhaitzen arrazoizko edozein maneju-irizpidetatik urruti daude (nahiz eta inausitako zuhaitzak –ia– edozein tratu txar jasaten duten platano edo alboak izan). Mutilazio hauek zuhaitzak berak kaltetzen dituzte, noski, baina, horrez gain, adaburuetan babesa aurkitzen duen biodibertsitatea murriztu, paisaia eraldatu eta itzala desagerrarazten dute, beraien inguruetan tenperatura handituz.

N-1ean, Andoain eta Lasarte-Oria bitartean.

N-1ean, Andoain eta Lasarte-Oria bitartean.

Aldundiak propaganda-aparatu zabala du, baina badakigu informatzea “kosta” egiten zaiola, eta zer esanik ez azalpenak ematea. Baina kasu honetan salbuespen bat egingo balu, estimatuta egongo litzateke. Gustura ezagutuko genuke horrelako inausketa/mutilazioak zer irizpidetan oinarritu dituen, eta, bide batez, zergatik ez duen kemen hori bera erakusten bere jabetzako lurretan biodibertsitatea kaltetzen duten egur-espezie exotikoak kentzeko. Egian esan, mutilazio hauek zuhaitzen zaintzarekin zerikusia duten teknikoek izenpetutako txostenen batek abalatuta egon daitezkeela imajinatzea ere kosta egiten zaigu.

EGUZKI, 2023ko maiatza

Gaintxurizketa2

Goian Gaintxurizketa; behean, Andoain-Lasarte.

Goian Gaintxurizketa; behean, Andoain-Lasarte.

Auzo-mugimendua arazo zahar baten aurrean

oreretaPapresa aspalditik dago Errenterian, herriko erdigunean bertan. Bere jarduera beti izan da gogaikarria eta deserosoa inguruan bizi diren bizilagunentzat. Eta azkenaldian egin dituen obra berriek ez dute egoera hobetu: trafiko astuna herriko erdigunetik, eguneko eta gaueko zarata, jatorri ezezaguneko usain desatseginak eta aireko partikulak. Ikus bideoa:

https://youtube.com/watch?v=SSjDGlgb-Q4&feature=share

orereta3Etxe Berriak-Olibet eta Gabierrota auzo-elkarteek eta Eguzkik Errenteria Osasuna auzo-plataforma sortu dugu, helburu hauekin:

1. Papresaren jarduerak inguruko auzoetan eta Errenteriako herrian dituen ondorio negatiboak behatzea eta kontrolatzea.

2. Ondorio negatibo horiek murrizteko edo ezabatzeko irtenbide eraginkorrak aurkitzeko eta aplikatzeko lan egitea, Papresaren jardueraren ardura duten administrazioekin eta, bereziki, Errenteriako Udalarekin lankidetzan.

3. Errenteriako herritarrak sentsibilizatzea Papresaren jardueraren ondorio negatiboak murrizteko edo ezabatzeko beharraz, eta hemen bizi garenon bizi-kalitatea eta osasuna zaintzea.

4. Auzo-lan kolektibo horretan, Papresako langileekin lankidetzan aritzea eta elkar ulertzea.

Gurekin harremanetan jartzeko; errenteriaosasuna@gmail.com helbidean eta Twiterreko @e_osasuna kontuan. Antolatuko diren ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

IMG-20230513-WA0002_ona

Donibaneko saneamendua, galdutako beste aukera bat?

Saneamiento P.DonibaneIa hamarkada bat eta erdiko atzerapenarekin (erraz esaten da), 2023ko apirilaren 4an Foru Gobernu Kontseiluak Pasai Donibaneko SANEAMENDU Proiektuaren 1. fasea onartu zuen (Bonantzako pasealekua – Santiago plaza, 250m). Aldundiak, URAk, Añarbeko Uren Mankomunitateak eta Pasaiako Udalak erabaki dute 1. fasearen finantzaketa bultzatzea, 1.403.744 euroko aurrekontuarekin eta zazpi hilabeteko gauzatze-epearekin. Aurkeztutako alegazioei erantzuteko, onarpena erabili du, saneamendua udalaren eskumena dela argitu du, eta Aldundiak Udalari laguntzen diola, lehen mailako sarea gauzatzen parte hartuz.

 

Proiektuak Larrabide auzoaren eta badiaren aurreko eraikinen etorkizuneko lotura aurreikusten du. Hau da, aipatutako atzerapen luzea gorabehera, saneamendurako proiektua ez da integrala, eta badiara hondakin-urak zuzenean isurtzea ahalbidetuko du, uren kalitateari eraginez eta aplikatu beharreko araudiak urratuz.
Gure kolektiboa ez da sartuko eskumenei buruzko eztabaidan; izan ere, onarpenaren arabera, Udalari dagokio, arreta desbideratzeko estrategia dela uste baitugu. Gure ustez, administrazio publikoak (izenak alde batera utzita) konpondu behar du ingurumen-egoera larri hori, eta premiaz konpondu ere bai. Eta aitzakia bat dela diogu, denok dakigulako erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenak daudela proiektu batzuei ekiteko, eta saneamendu-hitzarmen hau lankidetzaren adibide argia da, ez gehiago, ez gutxiago, 4 administrazioren artekoa.

 

Beste behin ere, gure kolektiboak eskatu behar du, egungo proiektuan sartuta edo proiektuaren osagarri gisa, Administrazioak bermatu behar duela saneamendu-proiektuko (lehen mailako sarea) obrak egiten diren aldi berean gaur egun kanpoan geratzen diren konexioak gauzatzea. Uraren kalitatea hobetzen dugulako, kutsadura gutxitzen dugulako, Donibaneko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen dugulako bereziki, eta diru publikoa hobeto kudeatzen dugulako gauzatutakoaren gainean berriro jardun behar ez dugulako.

 

Ikuspegi globalago batetik, argi dago propaganda gutxiago eta anbizio handiagoa behar dela Badiaren birgaitze integrala lortzeko, Administraziotik aldarrikatzen dutena, gutxienez ingurumenaren arloan. Zentzu horretan, gogoratu behar dugu Donibanekoaz gain, Lezoko Altamira auzoko hondakin-urak zuzenean isurtzen direla badian, Trintxerpeko Txingurri errekan antzemandako arazoei behin betiko konponbiderik eman gabe jarraitzen dutela eta portuko jarduerak eragindako salgaien hondakinak manipulatu eta garbitzetik eratorritako hondakinak ez direla neutralizatzen.

 

Bukatzeko, Eguzkik zoriondu egin nahi du, erakundeek, bereziki Pasaiako Udalak, sekretismoa eta opakutasuna izan arren, bizilagunek egindako lana; izan ere, behin eta berriz saiatu diren arren, ez da lekurik egon gai horiek behar den giroan jorratzeko, are gehiago jakinda obra horiek sanjuandarren eguneroko bizitzan izango dituzten ondorioak. Zoritxarrez, erakundeen aldetik hurbilketa bat egon den guztietan, informazioa emateko eta aurretik hartutako erabakiak inposatzeko izan da.

Eguzkik: “EAJk Mijoako saneamendua 2011tik, behintzat, atzeratu egin du; orain, berriz, amu gisa erabiltzen du hauteskundeetan”

La regata Mijoa vierte junto a la playa de Saturraran.

Mijoa errekak Saturrarango hondartza ondo-ondoan isurtzen du.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Antonio Aiz Ura agentziako zuzendaria Mutrikun egon dira asteburuan Ion Gambra EAJko alkategaia babesten. Ekitaldian zera esan dute, Mijoako saneamendu-proiektua eta horrekin lotuta dagoen bidegorria “lehenbailehen” gauzatu egin behar direla eta legeladi berrian Mutrikuko alderdi jeltzalearen lehentasuna izango direla. Seguru sinetsiko diguzuela esaten badizuegu gure harridura-gaitasuna dagoeneko nahiko mugatuta dagoela. Hala ere, aitortuko dugu oraingoan ere lortu dutela gure harridura-gaitasunaren muga pixka bat harago eramatea. Izan ere, orain lehentasuntzat jotzen dituzten bi proiektu horiek dira urte hauetan guztietan, 2011tik, behintzat, atzeratzen eta atzeratzen joan diren berberak. Horra hauteskunde-kanpainaren magia.

Bai, 2007an, herri-erakundeek Gipuzkoan 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zuten. Horietako bat Mijoako saneamendua izan zen. Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen bete proiektuaren % 75 finantzatzeko konpromisoa. Beraz, 2011a iritsi zen eta lan hori egin gabe geratu zen.

Plan Hidrologikoak (2016) Mijoako saneamendua berriro programatu zuen, oraingoan 2016-2021 aldirako. Urteak aurrera joan ziren eta proiektuak egin gabe jarraitu zuen.

2021eko otsailean, berriz, Urak proiektua idazteko lizitazioa iragarri zuen. Prentsan honelako titularak irakurri ahal izan genituen: “El presente año será para configurar los proyectos y 2022 para actuar sobre ellos en Mijoa” (2021ean proiektuak idatzi eta 2022an gauzatuko ditugu Mijoan). Baina 2022a ere pasa zen, eta Mijoan saneamendu-arrastorik ez. Eta hara non orain esaten diguten datorren legealdian baietz. Jakina, izatekotan, datorren legeladian izango da, oraingo hau dagoeneko bukatu baita, lanak lizitatu gabe bukatu ere.

EAJ da, ezbairik gabe, proiektu hauek metatu duten atzerapen “historikoaren” arduradun nagusia. Orain, berriz, inolako autokritika-zantzurik agertu gabe, amu gisa erabiltzen ditu hausteskunde-kanpainan. Hori iruditzen zaigu harrigarriena, lotsa minimorik ere ez izatea. “Mijoako erreka bere onera itzultzeko pausuak eman behar ditugu, horrekin batera etorriko delako Saturrarango hondartzako uraren kalitatea hobetzea ere”, esan du alkategai jeltzaleak, urteak pasatu izan ez balira bezala eta proiektuaren garrantziaren jabe bat-batean egin izan balitz bezala.

Aurrekoetan gertatu izan den bezala jatorria Mijoa poligonoko lantegietan duela dirudi

Urte hauetan guztietan Mijoan izandako isurketa kutsakorretako bat.

Baina non egon dira jeltzale guzti hauek orain arte? 2011 ezkeroztik, hamarnaka isurketa izan dira Mijoan. Adibide gisa  2020. urtea hartzen badugu, urte hartan –Aran Tapiak nahiz Antonio Aizek egungo arduren kargu hartu zuten eta Ion Gambra honezkero Mutrikuko zinegotzia zen– 7 isurketa gertatu ziren gutxienez bizizlagunek, Mutriku Natur Taldeak edota Eguzkik salatuak. 7 isurketen ostean ez zuten hitzik esan, eta larriagoa dena, inongo neurririk ere etzuten hartu. Orain, pertsona berak datoz “Mijoa salbatzera”, zeinen garrantzitsua den adieraziz baina inongo konpromiso errealik gabe: data zehatzak, aurrekontuak, inbertituko den diru kopurua…

Beti esan dugu inoiz ez zaigula axola izan politikari batzuek pentsatzea gainerako guztiok baino azkarragoak direla. Onartu behar ez genukeena zera da, gainerako guztiok zeharo ergelak bagina bezala tratatzea.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2023ko maiatza