All posts by Donostia

Oraingoan bi gabirai bota dituzte tiroz

Iturria: Giuzkoako Basozainen Elkartea

Iturria: Giuzkoako Basozainen Elkartea

Bi gabirai emek gizendu dute aurtengo ehiza-aldian tiroz botatako espezie babestuen zerrenda.

Gabiraia (Accipiter nisus) “interes berezikoa” da, Babestutako Espezieen EAEko Katalogoaren arabera.

Botatako bi ale hauetako bat Txoritokietan aurkitu zuten, Donostia-Astigarragan (1); bestea, berriz, Irunen.

Biak ala biak Igeldoko Arrano Etxera eraman zituzten eta, zorionez, honetatik ere onik aterako oemen dute. Alde horretatik, lehengoan Aiako Harritan bota zuten kurriloak baino askoz zorte hobea izan dute. Izan ere, kurrilo hura jaso eta ordu gutxitara hil zen (2).

Honako taula honetan zerrendatuta daude Eguzkik ehiza-aldi honetan ezagutu dituen tiroz botatako espezie babestuak.  Icebergaren tontorra baino ez dira. Gure ustez, foru aldundiek ez diote arazori heltzen eta, are okerragoa dena, beraien politiken bidez sustatzen dute. Esaterako, noizko ehiza-linea bat ixtea bertatik espezie babestuei tiro egin zaielako? taula_eus

EGUZKI, 2017ko azaroan

(1)    Botatako bi gabirai hauetako baten argazkiak Gipuzkoako Basozainen Elkartearen Facebook-kontuan ikusi ditugu: https://m.facebook.com/story.php?story_fbid=854859548007810&id=691572394336527

(2)    http://eguzki.org/2017/11/08/aiako-harrian-tiroz-botatako-kurriloaren-kasua-fiskaltzan-salatuko-du-eguzkik/

Ehunka lagun Larrunen aldeko mendi-martxan

mendi_irteera_larrun-Théo_Hetsch_RadioFranceJendetsua izan zen Larruneko tontorrean egindako konzentrazioa. Argazkia: Théo Hetsch (RadioFrance).

Larrun Ez Hunki! plataformaren deiari jarraituz, ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak Larrunen egin asmo duen proiektuaren kontrako mendi-martxan. Sara, Azkaine, Urruña edo Beratik abiatuta, martxistek bat egin zuten Larrungo kaskoan, eta proiektuak inguruan izango lukeen eragina bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten.

Larrun Ez Hunki! plataformak uste du egia dela Larrungo instalazioak neurri batean zahartuta geratu direla, eta berritzearen alde dago, betiere segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, baina ez bisitari kopuru handitzeko. Izan ere, Larrun dagoeneko ipar Euskal Herriko ez ezik Departamentu osoko lekurik bisitatuena ere bada, urtero 360.000 bisitari izaten baititu. Ekologisten ustez, bisitari gehiago balio handiko naturgune honen kaltetan izango lirateke.

3.000 lagun Donostian Metroa gelditzeko

DSCN8108Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, 3.000 lagunetik gora manifestatu dira gaur arratsaldean Antiguatik Alderdi Ederrera Donostian Metroaren obrak hasteko Eusko Jaurlaritzak duen asmoa arbuiatzeko eta jendartean desadostasun zabala pizten duen proiektu hori geldiaraztea exijitzeko.

Manifestazioa arratsaldeko 5etan Antiguako elizatik abiatu da,  “STOP METROARI, INPOSAKETARIK EZ!” zioen pankarta buruan, eta Artzai Onaren Plazan eta hiri-erdialdeko kaleetan jende gehiago bildu da, bulebarrera iristean 3000 lagun inguru elkartu dituen mobilizaziora. Eskuetan “STOP Metroari” zioten ehundaka kartel hartuta eta Metroaren aurkako oihu eta kanta ugarirekin lagunduta egin dugu Metroaren inposaketaren aurkako aldarria. Aldi berean, talde batek txalupa batekin egin du protesta, Kontxako badian barrena Metroaren aurkako pankarta eta banderolak erakutsiz.

Gaurko manifestazio jendetsuaren ondoren, Satorralaia bizilagunen mugimenduak datozen egunetan Antiguan Metroaren eraikuntza lanen hastapena eragozteko egingo diren mobilizazio eta ekintzetan partehartzera dei egiten du: honi dagokionean, denon artean Metroa gelditzea badagoela adierazi nahi dugu eta lanak hasiko balira horiek geldiarazteko obraren hastapen-gunera mobilizatzeko urjentziazko deialdia egingo da. Halaber, datorren ostegunean arratsaldeko 5etan Zarautz Etorbideko eremu kaltetuan egingo den asanbladara biltzeko dei egiten diogu jende guztiari (Zarautz etorbidearen 60 zenbakiaren ondoan).

Metroa-manifa irutxuloko argazkia

Udalak berriro ere tarifa finkoa ezarri du, birziklatzearen eta birziklatzaileen kaltetan

Captura-de-pantalla-2016-11-14-a-las-13.39.06[1]Aire Garbiak 5. edukiontziaren erabiltzaileei zabor-tasan %20 deskontatzeko egin duen proposamena atzera bota du Udalbatzak, eta, horren ondorioz, 2018an berriz ere tarifa finkoa egongo da indarrean. Beraz, birziklatzaileek eta ez birziklatzaileek berdin-berdin ordainduko dute. Hori antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tarifa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute.

            Bi dira alkatearen taldeak deskontu-eskaerari ezetz esateko erabili dituen argudioak:

1.      5. edukiontzia duela gutxi ezarri zen eta oraindik goiz omen da emaitzak behar bezala aztertu ahal izateko.

2.      Deskontuak egiten hasita, deskontu globalak nahiago omen dituzte; hau da, herrian gaikako bilketan maila jakin bat lortuz gero, deskontu bat egin liteke zabor-tasan bertan, herritar guztiei, ez soilik birziklatzaileei.           

            Goazen puntuz puntu…

1.      Lasarte-Orian hondakinak gaika biltzea ez da herritar guztien ardura, baizik eta alor horretan konpromiso gehien dutenei Udalak eskaintzen dien aukera. Gauzak horrela, deskontua birziklatzaileek egiten duten lana aitortzeko modua baino ez da. Deskontua jende gehiago birziklatzera animatzeko pizgarria ere izan daiteke, eta, horrexegatik hain justu, iaz ere lasai asko aplikatu zitekeen, 5. edukiontzia ezartzeko kanpainaren osagarri gisa. Baina, esan bezala, deskontua, oroz gain, birziklatzaileei egiten zaien aitortza da, eta, alde horretatik, 5. edukiontziaren emaitzetatik zeharo independentea da. Gainera, zenbat denbora gehiago behar du Udalak 5. edukiontziaren emaitzak ebaluatzeko? Aurtengo datuen arabera, gaikako bilketa batez beste %45ekoa da. Udalak ba al du datozen hilabeteetan sistema hobetzeko neurriak hartzeko asmorik? Guk dakigula, ez. Beraz, aldaketarik ezean, datorren urteko batez bestekoa aurtengoaren antzekoa izango da, %1 gora edo %2 behera. Baina, batez bestekoa edozein dela ere, tarifa finkoak ez dio antiekologikoa eta sozialki injustua izateari utziko. Beraz, alkatearen taldeak darabilen lehen argudioak argudio baino gehiago aitzakia dirudi.

2.      Deskontu globala egitea, berriz, tarifa finkoarekin jarraitzea da. Tarifa finko merkexeagoa izango da, baina tarifa finkoa. Esfortzua eta konpromisoa berriz ere birziklatzaileen esku geratuko lirateke, eta hauek axolagabeek bezalaxe ordaintzen jarraituko lukete.

            Bukatu aurretik, informazio garrantzitsu bat: Udalbatzak hartutako erabakiaren arabera, 2018an zabor-tasa %5 garestituko da, hau da, KPIren (1,2) oso-oso gainetik. Iaz, berriz, %4 garestitu zen, KPIren (1,3) oso-oso gainetik ere. Ez birziklatzaileek, etxean hondakinik gaika biltzen ez duten neurrian, gero eta hondakinak tratatzeko sistema garestiagoen beharra eragiten dute (lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain). Baina birziklatzaileek berdin-berdin ordaindu beharko dituzte Udalak sistema garesti horiek finantzatzeko zabor-tasan erabaki dituen igoera “potenteak”.

            Urte hasieran, Udalak honako leloa jarri zuen balkoian: “Lasarte-Oria birziklapenaren alde”. Garbi dago hitzak eta ekintzak ez datozela bat.

Lasarte-Orian Aire Garbia

IMG_20170405_201836068

Eguzkik baliabide gehiago eskatu ditu Legebiltzarrean ingurumen-delituen zigorgabetasunari aurre egiteko

Eguzkiko kide Oscar Padura gaur, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean.

Eguzkiko kide Oscar Padura gaur, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean.

Eguzkik ingurumenaren kontrako arau-hauste administratibo eta delituei buruz hitz egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, Segurtasun Batzordean. Talde ekologistako kide Oscar Padurak baliabide humano eta tekniko gehiago eskatu ditu alor honetan nagusi den zigorgabetasunari aurre egiteko. “Basozain, itsas ikuskatzaile eta Ertzaintzaren Ingurumen Taldean ere agente gehiago behar dira”, esan du. Herri-erakundeetan hartzen ari diren erabaki batzuk justu kontrako bidean doazela ere ohartarazi du.

Padurak hainbat adibide ipini ditu ingurumenaren kontrako arau-hausteetan instituzioen aldetik dauden utzikeria, koordinazio-falta eta sarri permisibitatea agerian uzteko. Baina batez ere, delituetan zentratu da. Alde horretatik, Eguzkik azken bi urteotan Fiskaltzan 25 salaketa ipini dituela esan du, ibaetara ur zikinak isurtzeagatik, babestutako espezieak tiroz botatzeagatik, legez kanpo arrantzatzeagatik, suteak pizteagatik edo natura- eta arkeologia-ondarea suntsitzeagatik. Bada, 25 salaketa horietatik 3 baino ez dira epaileak diligentziak irekitzeko fasera iritsi. “Gainerakoetan ez zegoen deliturik? Bai, ingurumenari egindako kaltea begi-bistan zegoen; autoretza zehazterik ez zegoen, ordea. Eta honek lotura zuzena du ikertzeko baliabide-faltarekin”, nabarmendu du Eguzkiko kideak.

Batzordearen gaurko bileran ateratako irudia.

Batzordearen gaurko bileran ateratako irudia.

Baliabide-faltaren adibide moduan, honako hau esan du: “Jendea harritu egiten da Ertzaintzaren Ingurumen Taldea zortzi agentek osatzen dutela esaten dugunean. ‘Zortzi Donotian?’, galdetzen dute. ‘Ez, zortzi EAE osoan’. Baina agente gutxi izateaz gain, oinarrizko baliabideak ere falta dituzte, adibidez, suteetan trebatuta dagoen zakur bat bera ere ez dute”.

Eguzkiren iritziz, “txarrena” da ez dirudiela Administrazioaren aldetik egoera honi buelta emateko borondate handirik dagoenik. “Lehengoan galdetu zioten gai honetaz Barne sailburuari, ea zakurren bat suteetan trebatzeko asmorik ba ote zuen, eta ezetz erantzun zuen, argi eta garbi”.

Jaurlaritza ez ezik beste herri-erakundeak ere hartzen ari dira bide onetik ez doazen neurriak, hala nola, Bizkaiko Base Gorriaren berregituratzea, Gipuzkoan babestutako landaretzari buruzko teknikoen plazak laurden batean murriztea eta, oro har, basozainen, itsas ikuskatzaileen eta Ertzaintzaren Ingurumen taldekoen plazak ez ugaritzea.

Eguzkik hitzaldia egin du Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean, EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok eskatuta. Arartekoak eta Fiskaltzak gai honi buruz duten  iritzia Batzordean entzutea ere eskatu du Oterok.

Eguzki, 2017ko azaroan

Eguzkik igandean ibilaldi bat egingo du Oiartzun ibaian barrena, arazoak bertatik bertara ezagutarazteko

Kartela Oiartzun Ibaia azaroaEguzkik bilaldi bat egingo du igandean Oiartzun ibaian barrena barrena, Oreretako zatian, arazoak bertatik bertara ezagutarazteko. Ibilaldian, Natura 2000 ekimeneko guztietan bezala, nahi duenak har dezake parte. Hitzordua goizeko 10etan izango da, Diputazio Plazan, Iztietan. Txangoak bi ordu eta erdi iraungo du, batez beste, eta ez du inolako zailtasunik.

Diputazio Plazatik errioaz beste aldera (Altzate-Campsa) joango gara, eta eremu horren egoera bertatik bertara ikusi ondoren, etorkizunean leku horretarako aurreikusten diren planen berri emango digute Altzate Herriarentzat taldeko eta Gurekin Auzo Elkarteko kideek.

Jarraian, Fanderiara joango gara, eta arrainentzat zeharkaezinak ez diren presak egin daitezkeela ikusiko dugu (tarte honetan ibaiak dituen mehatxuak eta balioak azalduko dizkigu aditu batek).

Egun erabiltzen ez den Iurrita errota inguruan,  presaren-oztopoaren ondoan amaituko dugu ibilbidea, eta Eguzki taldeko kide batek errota horren eta bere presaren egoera administratiboa zein den, oztopo mota horiek bioaniztasunean zein ondorio dituzten eta kasu hauetan legeak zer arautzen duen esango digu.

Captura de pantalla 2017-11-14 a las 10.39.03

Oiartzun ibaia Oarsoaldeko bizkarrezurra da, Aiako Harria eta itsasoa lotzen dituen zilbor-hestea. Natura 2000 Sarearen parte den Aiako Harria Parkean sortu eta Pasaiako badian amaitzen da. Gure ardura da bizirik eta osasuntsu mantentzea, bai bioaniztasuna bermatzeko bai herritarrok behar bezala disfrutatu ahal izateko.Ingurumenaren egoera eta herritarron kontzientziazio-maila hoberen islatzen duten elementuetako bat da, zalantzarik gabe.

Egun uraren kalitatea nabarmen hobetu da gure eskualdean, baina konpondu gabeko arazo asko daude oraindik Erakundeen aldetik, hala nola ur beltzen bilketa Pasai Donibanen eta Trintxerpen ezartzea, etab. Bestalde, ibaiertzak artifizializatuegiak daude, interes ekonomikoa beste edozein interesaren aurretik jarri baita.

Captura de pantalla 2017-11-14 a las 10.37.41

Larrun defendatzeko mendi-martxa, igandean

larrun-kartelaPirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak Larrunen egin asmo duen proiektuaren kontrako mendi-martxa egingo da igandean, Larrun Ez Hunki! platarformak deituta. Martxistak zuzen-zuzenean inplikatuta dauden lau herrietatik abiatu dira, Sara, Azkaine, Urruña eta Beratik, alegia, eta bat egingo dute tontorrean.

Mendi-martxa honen helburua proiektuak inguruan izango duen eragina bertatik bertara ikusi ahal izatea da.

Larrun Ez Hunki! plataformak uste du egia dela Larrungo instalazioak neurri batean zahartuta geratu direla, eta berritzearen alde dago, betiere segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, baina ez bisitari kopuru handitzeko. Izan ere, Larrun dagoeneko Iparraldeko ez ezik Departamentu osoko lekurik bisitatuena ere bada, urtero 360.000 bisitari izaten baititu. Ekologisten ustez, bisitari gehiago balio handiko naturgune honen kaltetan izango lirateke. Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, http://eguzki.org/es/2017/08/17/larrun-ez-hunki-stop/

Satorralaiak Metroaren kontrako manifestazioa deitu du larunbatean Antiguatik Alderdi Ederrera

metro-manifaDonostiako Metroaren pasantea laster, beharbada aste honetan bertan, eraikitzen hasiko direla iragarri dutela eta, Satorralaria bizilagunen mugimenduak hainbat mobilizazio egingo ditu. Nagusia izango da larunbatean, arratsaldeko 5etan hasita, Antigua eta Alderdi Eder bitartean egingo den martxa.
Manifestazioa “INPOSAKETARIK EZ! STOP METROARI” lelopean egingo da. Arratsaldeko 5etan abiatuko da Antiguako elizatik. Artzai Onaren Plazara 17:45ak aldera iritsiko da. Bertan manifestazioarekin bat egiteko deia egiten zaie, arrazaoi batengatik edo. bestearengatik, ibilbide osoa egitea nahiago ez duten pertsona guztiei. Manifestazioa Alderdi Ederren bukatuko da.
Baina, esan bezala, larunbateko manifestazioa ez da mobilizazio bakarra. Esaterako, ostegunean, goizeko 10etatik aurrera, obrak gelditzeko aldarrikapen-gune bat egingo da lanak hasi nahi dituzten Zarautz Etorbideko eta Eugenio Imaz kaleko eremu kaltetuan (toki hori Zarautz Etorbideak eta Eugenio Imaz kaleak bat egiten duten lekuan dago, Zarautz Etorbidearen 60 eta 64 zenbakien artean). Aldarrikapen-gune hori goizeko 10etan hasiko da (ekintzari hasiera emateko gosaria eskeiniko da) eta 11’30ean prentsaurrekoa emango da. Arratsaldeko 6’30ean, berriz, auto-karabana bat abiatuko da Amarako Pio XII Plazatik (autobus geltoki ohia), eta aldi berean hiri-erdialdeko kaleetan informazioa banatuko da.

Aiako Harrian tiroz botatako kurriloaren kasua Fiskaltzan salatuko du Eguzkik

Hau ez da botatako kurriloa, jakina, baina irudiak balio dezake irudikatzeko nolako ehiza-espezierekin nahastuko zuten. ARGAZKIA: JOSE HERRERO

Hau ez da botatako kurriloa, jakina, baina irudiak balio dezake irudikatzeko nolako ehiza-espezierekin nahastuko zuten. ARGAZKIA: JOSE HERRERO

Aiako Harriko ehiza-lerroan kurrilo bat (Grus grus) bota dutela salatuko du Eguzkik Fiskaltzan. Hegaztia, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan “interés bereziko” gisa sailkatua, astelehenean aurkitu zuten. Hankak zisko eginda zituen. Handik ordu gutxi batzuetara hil zen.

Hau da ehiza-aldi honetan Gipuzkoan botatako lehen hegazti babestua, guk dakigula, jakina. Gipuzkoan nabarmentzen dugu, beste herrialdeetan dagoeneko hainbat kasu ezagutzen ditugulako (1), zoritxarrez, eta guk dakigula, kasu guztien ehuneko txiki bat ezagutzera soilik iristen garelako, logikoa den bezala. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak iaz EAE osoan erregistratu zituen 36 kasuak (belatz handiak eta txikiak, gabirai bat, mokozabal bat… baita putre bat ere) icebergaren tontorra baino ez dira.

Delitugile hauek (izan ere, espezie babestu bat botatzea delitu izan daiteke) beraien burua zuritzeko zer argudiatuko dute? Kurriloa birigarro batekin nahastu zutela? Zer ehiza-espezierekin nahastu zuten kurriloa?

Eguzkik ezagutzen dituen kasuak salatzen jarraitzeko asmo sendoa du (aurreko ehiza-aldian, Gipuzkoan soilik, 7 kasu jarri genituen Fiskaltzaren eskuetan). Badakigu oso zaila dela tiro egin duena identifikatzea (baita “garbi” jokatzen omen duten ehiztariez inguratuta badago ere), baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu hor delituak egiten ari direla. Salaketen bidez, diputazioei ere kargu hartu nahi diegu. Izan ere, guk ez dugu duda egiten beraien ehiza-politika arazoaren parte dela (noizko espezie babestuak botatzen dituzten ehiza-lerroen kontrako neurriak?). Eta, politika aldatzen ez duten bitartean, ez dezatela beste aldera begiratu, behintzat.

Eguzki, 2017ko azaroan

(1) Orain arte ezagutzen ditugun kasuak honako hauek dira: zapelatz bat (Buteo buteo) Uribarri Nagusian, gabirai bat (Accipiter nisus) Altsasun, giloi edo karraska bat (Crex crex) Gatikan eta ubarroi bat (Phalacrocoraxcarbo) Larrabetzun. Baita ere okil beltz bat (Dryocopus martius) Zaratamon, hori ehiza-alditik kanpo bota bazuten ere.