All posts by Donostia

Isurketa Oria ibaian, Zizurkil eta Villabona parean

 

Argazkiak ondotxo erakusten duenez, isurketa oso-oso ikusgarria izan da.

Argazkiak ondotxo erakusten duenez, isurketa oso-oso ikusgarria izan da.

Oria ibaiak isurketa bat jasan du Asteasu erreka Oriaratzen den lekuan,  Zizurkil eta Amasa-Villabona artean. Guk astea aurrera Joan ahala jakin badugu ere, isurketa astelehenean  gertatu zen.

Jakin dugunez, isurketa kaltzio karbonatozkoa (CaCO3) izan da zeina gai oso ohikoa den paper fabriketan, papera leundu eta sendotasuna emateko. Gai arriskutsua gerta daiteke kontzentrazioaren arabera, kasu honetan ez dirudielarik arrainak hil duenik.

Jakin orduko, harremanetan jarri gara Ura agentzia eta beste zenbait instituzioekin. Egun ziurtatzeko moduan gaude Oriako paper fabrikatik (Papelera del Oria) egin dela isurketa, dirudienez balbula batek huts egin dielako.

Ikusgarria izan bada ere, zorionez gertakari oso larrian ez dela izan dirudi. Hala ere, Eguzkikook adi jarraituko dugu gaia zertan bukatzen den jakiteko eta egoerak hala eskatuko balu, beharrezko neurriak martxan  jartzea eskatzeko.

Dena dela, gertakari honek argi uzten du, enpresa hau eta bere gisakoak, hau da, aspaldian eraikitakoak eta gai kutsakorrak egunerokotasunean behar dituztenak, ez dutela behar bezalako azpiegitura halako arazoei (enpresaren bertsioaren arabera) aurre egiteko. Horregatik enpresari berari halako egoerak edo larriagoak errepika ez daitezen beharrezko neurriak lehen bai lehen hartzea eskatzen diogu. Ura agentziari berriz, egoera bertsuan dauden enpresa edo lantegiei beharrezko prebentzio neurriak eskatzea, exijitzea fauna eta landarediaren, hala nola ura naiz ibaien kalitatea bermatzea.

Bukatzeko, herritarrei ere, halako gertakarien aurrean ahalik eta azkarren abisua emateko eskatzen diogu, isurketa gertatzen den unean laginak hartzen ez badira kasu askotan oso zaila baita jakitea nor izan den arduraduna. Horretarako 112 telefonora, Ertzaintzara (Ingurumen sail bat dauka), Udlatzain edo talde ekologistongana jo dezakete.

Eguzki, 2017ko maiatzaren 12an

Baso babestu baten zati zabal bat bota dute Donostian

IMG-20170427-WA0002Haritzalde naturzaleen elkarteak gogor salatu du Donostian, Lourdes Txiki inguruan, Ekintza Ikastola ondoko malda batean, egin den zuhaitz mozketa bortitza. Luiziak eragozteko aitzakian, ia 2,5 hektarea baso babestu bota dituzte, ehun urtetik gora zituzten haritzak barne. Benetan luiziak eragoztea helburu bazuten, nekez har zezaketen neurri zentzugabeagorik. Izan ere, orain malda babesgabe geratu da eta, ondorioz, luizi-arriskua nabarmen areagotu da. Hain da zentzugabea ezen zilegi da galdetzea ea ekintza honen atzean interes ilunik ez ote dagoen. Udalak espedientea irekiko duela esan du, baina, egia esan, bera izan da triskantza honen eragile zuzena.

Haritzaldek bildu dituen datuen arabera, operazioak ia 2,5 hektarea hartu ditu; guztira, kilometro inguruko luzera duten pistak ireki dituzte; basoa Donostiako Planeamenduak babestuta zegoen; ehun urtetik gorako haritzak (bertakoak) moztu dituzte; higadura- eta lurzoru galera-arrisku bizian gelditu da mendi magala; triskantza faunaren bete-betean ugal garaian egin dute; paiasaian sortutako inpaktua ikaragarria da, Kontxatik bertatik ikusten delarik; kaltetutako eremua landa-lurrak dira, beraz, ekintza Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendu behar zuen, eta ez du eman, horren berririk ere ez zuen eta.

IMG-20170429-WA0002-800x600Donostiako Udala izan da egoera penagarri horren eragile zuzena. Izan ere, Hirigintzako zinegotzi  Enrique Ramosek aginduta, lursailaren jabeei Ikastolaren atzealdeko magalean 50 bat metro siltzeko agindua eman zitzaien. Donostiako Udalak agindu ez zehatza eman zien jabeei, baldintzarik gabekoa eta haien betebeharrak gogorarazi gabe. Gainera horren gainean ez zuen inolako zainketarik aurreikusi.

Haritzaldek honako hauek galdetzen ditu: Den-dena kasualitatea ala susmo txarra hartu behar ote diogu? Arduragabekiaria eta ezgaitasun kontua da ala gertatutakoari usain txarra hartu behar diogu? Lursailen jabeak BBVA eta Sociedad de Ingeniería, Desarrollos Urbanísticos y Promociones S.L. omen dira. Horrek zer pentsatua ematen du.

IMG-20170429-WA0003-800x1067IMG-20170427-WA0003

Erraustegiaren kontrako mobilizazioak Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan

Lasarte-Oriako mobilizazioa.

Lasarte-Oriako mobilizazioa.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sustatuta, mobilizazioak egin dira bart Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan. Datozen egunetan deialdi  gehiago egingo dira. Beraz, adi. Momentuz, honako esteka honetan bart herriz herri egin diren mobilizazioen argazkiak ikus ditzakezu.

http://erraustuez.org/eu/2017/05/08/gipuzkoarrak-kalera-atera-gara-eta-ozen-esan-dugu-errausketarik-ez-ez-gure-izenean/

Erraustegiaren lanak hastear direla eta, mobilizazioak Gipuzkoan

kontzentra-herri-guztietanDatorren astelehenean, maiatzak 8, hasiko omen dira ofizialki Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak. Hori dela eta, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak protesta-ekintzak antolatu ditu Gipuzkoa osoan.

Astelehenean bertan, protesta-ekintzak egingo dira Gipuzkoako hainbat herritan, 19:00etan. Donostian, kontzentrazio bat egingo da Foru Aldundiaren aurrean.

Badirudi maiatzaren 10ean foru agintariek “lehen” harria jarri nahi dutela (berez, bigarrena, lehenengoa 2011n jarri baitzuten, alferrik jarri ere). Hori dela eta, egun horretan ere deialdi bat dago Bugatira joateko, erraustegia eraiki nahi duten lekura doan bide-hasieran, alegia.

Gainera, maiatzaren 27an, Erraustegiaren aurkako Eguna izango da Zubietan bertan, hitzaldi, bazkari, tailer, musika eta beste hainbat osagairekin.

Maiatzean Gipuzkoa osoan mobilizatzeko deia

Non egongo ote gara 2051. urtean? 35 urte barru… nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Nolako zerbitzu sozialak edukiko dituzte? Zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nork eta zein dirurekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…?

Ezin dugu onartu erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako kaltetuko dituena gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa.

Krisi ekonomiko sakonean bizi gara. Krisi ekonomikoak ekarri ditu krisi soziala, politikoa, humanitarioa. Konturatzen hasi gara Lurra planeta bakarra dela, mugatua. Ezin dugu segitu berdin, “erabili-ta-bota”, “erabili-ta-bota”…

Osasun krisi batean ere bizi gara. Gero eta minbizi gehiago, gero eta gaixotasun berezi gehiago… Nolaz baimentzen dute erraustegi berri batekin kutsatzea gure airea eta gure ondorengoek arnastuko dutena?

Krisi humanitarioa ere badaukagu. Garapen ereduak eragindako krisi sozial eta humanitarioa. Gure etxeetaraino ekarri du ezin bizia:
Langabezia, lanpostuen prekarietatea, etxegabetzeak, pobrezia gero eta ugariagoa…

Hori gutxi balitz administrazioek… inbertsio faraonikoetan xahutu dituzte diru publikoak… eta inbertsio sozial guztietan murrizketak egiten dituzte: murrizketak osasungintzan, murrizketak irakaskuntzan, gazteen laguntzetan, ezindu eta pobreenen laguntzetan…

Esan diezaiogun EZ! Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen Erraustegiari, alferrikakoa den Erraustegiari.

Urte asko daramatzagu oihukatzen ERRAUSKETARIK EZ! Urteak daramatzate Gipuzkoan erraustegia egin nahian, zerbitzu publikoekin aberasten diren enpresa handi ustelak eta lotsa gutxiko zenbait politikari. Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea… ez al da garaipen bat izan?


Baina GAINERA, 2009an hasita Gipuzkoan martxan dago Alternatiba…
Erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa.
Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero dago MARTXAN hondakinen kudeaketa Alternatiboa. Gipuzkoan demostratzen ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik.

Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek ere jarraitzea. Gipuzkoar guztiok berdinak eskubideetan, Gipuzkoar guztiok berdinak betebeharretan. Denon betekizuna da hondakinak murriztea eta sortutakoak ondo sailkatu eta tratatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei berriro ere esan nahi diegu: Gelditu ezazue proiektua!
Egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari!

Herritarrei dei egiten diegu: mugitu gaitezen gipuzkoarrok!

Errausketarik Ez! Ez gure izenean!

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua

Arrakalak Irun-Brinkola tren-linearen geltokietan

 

Gipuzkoa Hitzaren azalean bertan hasten da erreportaia. Argazkia Tolosa erdialdeko geltokian ateratakoa da. Erreparatu nasa eta trena bitartean dagoen tarteari (argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

Gipuzkoa Hitzaren azalean bertan hasten da erreportaia. Argazkia Tolosa erdialdeko geltokian ateratakoa da. Erreparatu nasa eta trena bitartean dagoen tarteari (argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

Gipuzkoako Hitzak oso erreportaia gomendagarria argitaratu du Irun-Brinkola tren-linearen geltokietan dauden hainbat gabeziari buruz. Eider Goenaga Lizasok idatzitako erreportaia horren iturri nagusietako bat Eguzkik azken hamar urteotan egin duen segimendu-lana izan da, egunkariak honako infografia eder honetan laburbildu duena: 

Geltoki-egoera

Baina kazetariak erabili duen iturri nagusi-nagusia, ezbairik gabe, errealitate bera izan da, begi-bistakoa baita oinarrizko garraio-azpiegitura honek pairatzen duen hamarkadatako utzikeria.

Jatorrizko erreportaia nahi duenak honako esteka honetan aurkituko du pdf formatuan: 

https://datu-basea.wikispaces.com/file/view/2017-04-14_GIPUZKOA_HITZA.pdf 

Dena dela, hemen ere kopiatzen dugu osorik edo ia osorik. 

JOAN DEN MENDEAN GELDITUTA

Renfe konpainiaren aldiriko trenek 30 geltokitan egiten dute geldialdia Gipuzkoan. Horietako askotan, Eguzki talde ekologistak salatu duenez, “egoera oso eskasa” da. Salaketa ez da berria. 2008an egin zuen gai horri buruzko txostena Eguzkik. Ia hamar urte geroago, txostena berritu dute, eta, Jesus Mari Beldarrain Eguzkiko kideak dioenez, “hobekuntza gutxi batzuk kenduta, egoera apenas aldatu den”. “Renfeko geltokiek joan den mendekoak dirudite, edo orain dela bi mendekoak”, esan du.

Garraio publikoa sustatu behar bada, kalitatezko zerbitzua eskaini behar zaio erabiltzaileari, eta horregatik egiten du neurketa Eguzkik. Hainbat faktore hartzen dituzte kontuan horretarako. “Guretzat, arazo larriena irisgarritasun falta da. Bai geltokira iristeko, eta bai trenera igotzeko. Erabiltzaileak garraio publikoa erabili behar badu, lehenik aukera eman behar zaio, eta, egungo egoeran, jende askorentzat trenean bidaiatzea ez da aukera bat”.

Irisgarritasuna

Geltokirako irisgarritasunari dagokionez, 2008an zeuden 29 geltokietatik —Intxaurrondokoa berria da— hamahirutan egoera “txarra” zela salatu zuen Eguzkik. Hamabitan eskailerak igo behar ziren nasara heltzeko. “Denbora honetan, Hernani erdialdeko geltokian jarri dute igogailu bat [95 eskailera igo behar ziren lehen], eta egoera ona da orain. Dena den, nabarmendu behar da hobekuntza hori ez duela Renfek edo Adifek egin, obraren zati handiena Hernaniko Udalak ordaindu duela, beheko auzoetako herritarrentzako zerbitzua ere badelako”. Andoaingo erdigunean ere jarri dute beheko pasabidea eta geltokira iristeko igogailua. Gainerakoetan, egoera 2008ko bera da.

Trenera igotzeko oztopoak ere kezka iturri dira. “Noski, garrantzitsuena geltokira iristea da, geltokira iritsi ezin dena ezin baita trenera igo. Baina, hainbat tokitan, eta batez ere Tolosa erdialdeko geltokian, izugarria da trenetik nasara gelditzen den zuloa; edozeinek ezin du hori gainditu, eta arriskutsua da”. Eguzkiko kidea Renfeko erabiltzailea ere bada: egunero hartzen du trena Donostiatik Tolosara. “Nik zulora eroritako bi gizoni lagundu behar izan diet ateratzen. Eskerrak gidariak egoeraren jakitun diren eta irten aurretik begiratzen duten. Adi ibiltzen dira”. Jende gehien igarotzen den Gipuzkoako seigarren geltokia dela dio Eguzkiko kideak: egunean mila bidaiari inguru igarotzen direla.

Beldarrainen arabera, Renfeko geltokien egoera txarrari buruzko kezka ez da Eguzkirena bakarrik. “Jende guztiak daki hau nola dagoen; eztabaidaezina da egoera penagarria dela, eta kezka orokorra da”. Horren erakusle, orain dela hilabete Gipuzkoako Batzar Nagusietan aho batez onartutako mozioa, Renferi exijitzen ziona Tolosako geltokian berehalako konponketak egiteko. “Eta 2010ean, Arartekoak txosten potolo batean jaso zituen EAEko tren zerbitzuen gabeziak; bertan esan zuen Renfeko Gipuzkoako linean muturrekoa zela irisgarritasun falta”.

2008tik egindako berrikuntzetako bat tren egokituak jartzea izan dela dio Beldarrainek. “Tren berriak zirela esan zuten, baina ez dira tren berriak, egokitutakoak baizik; eta ez dira tren guztiak, tren bakar batzuk baizik. Tren horietan, bagoi bakar bateko ate batean, arrapala mekaniko bat zabaltzen da, gurpil aulkiak igotzeko. Baina zertarako, gurpil aulkiak 25 eskailera igo behar baditu geltokira iristeko? Zertarako, arrapala irekitzen denean nasaren mailan gelditzen ez bada?”.

Segurtasuna

Irisgarritasunari bezala, bidaiarien segurtasunari erreparatzen dio Eguzkik. 2008an, hemezortzi geltokitan ez zegoen errailak gurutzatzeko pasabide alternatiborik; 2017an, hamazazpitan jarraitzen dute bidaiariek trenbidea gurutzatzen beste nasara igarotzeko. Hainbat geltoki, gainera, ikuseremu txikiko bihurguneetan daude, eta bereziki arriskutsua da trenbidea gurutzatzea. Martutene, Urnieta, Alegia, Itsasondo eta Ormaiztegi dira Eguzkik arriskutsu gisa jotakoak, eta bost horietan ez da ezer egin egoera konpontzeko. “Hor paradoxa bat dago, gainera. Pasabidea duten geltokietan, megafoniatik ohartarazten dute debekatua dagoela trenbidea gurutzatzea; besteetan, berriz, derrigor pasatu behar duzu trenbidea. Eta ez ahaztu urtean bizpahiru pertsona hiltzen direla horrelako tokietan trenak harrapatuta”.

Alegiako tren geltokia bihurgune itxi batean dago, eta trenbidea gurutzatu behar da nasaz aldatzeko (argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

Alegiako tren geltokia bihurgune itxi batean dago, eta trenbidea gurutzatu behar da nasaz aldatzeko (argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

Geltokien egoera

Talde ekologistaren txostenean, geltokien egoera orokorra ere aztertzen da: bidaiarientzako estalpeak, komuna badagoen edo ez, txartelak saltzeko leihatilarik badagoen, euskararen erabilera… “Geltoki batzuetan penagarria da jendeak non itxaron behar duen; markesina batzuetan, euria ari badu, toki guztietatik bustitzen zara”. Legorretako egoera bereziki larritzat jo du, nasa batean ez estalperik ez aulkirik dagoelako.

Geltoki nagusiak kenduta —Irun, Intxaurrondo, Donostia, Tolosa, Beasain eta Zumarraga— Renfeko geltokiak “abandonu egoeran” daudela esan du Beldarrainek, eta 2008tik egin den inbertsio bakarrenetako bat txartelak erosteko makinak jartzea izan dela. “Eta, hain justu ere, inbertsio hori ez da bezeroari begirako inbertsio bat, Renfek diru gehiago eskuratzeko inbertsioa baizik”.

Euskararen erabilerari dagokionez, aurrez grabatutako mezuak euskaraz eta gazteleraz zabaltzen dituztela dio Eguzkiren txostenak; baina, momentuko gertakari edo atzerapen baten berri emateko bada, mezua gaztelera hutsez zabaltzen dutela. “Eta bezeroari begira lan egiten duten guztien artean, kontrolatzaileak zein txarteldegietan daudenak, bakar batek egiten du euskaraz”.

2008tik egindako hobekuntzak hutsaren hurrena dira, Eguzkiko kidearen aburuz. “Eta niri ez dit balio Adifek eta Renfek esatea ez dagoela dirurik; AHTa eraikitzeko munduko diru guztia dute, ezin dute horren zati txiki bat erabili hainbeste jendek [eguneko, batez beste 25.000 lagun] erabiltzen duen tren zerbitzua hobetzeko?”. Beldarrainen arabera, AHTa egiteko erabiltzen ari diren diruaren hamarren batekin urtebetean amaituko lirateke Irun-Brinkola linean egin beharreko obra guztiak.

Adifen proiektuak

Renfek eta Adifek Hitza-ri adierazi diote etengabea dela trenbide eta geltokien hobekuntza. Adifek emandako informazioaren arabera, irisgarritasuna hobetzeko lau proiektu idazteko enkargua eman zuen iaz; Andoain, Urnieta, Errenteria eta Ordiziako geltokietan, trenbide azpiko pasabidea eta nasara igotzeko igogailuak jarri asmo dituzte. Obra horiek gauzatzeko datarik, ordea, ez du eman Adifek.

“ZERBAIT PASATU ARTE…”

Tolosa erdiguneko tren geltokiak irisgarritasun aldetik dituen hutsuneek kezka eragiten dute; ez bakarrik Eguzkiri, baita Tolosako Udalari eta Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiei ere —Renferi eskaera egin berri diote aho batez, behar diren egokitzapenak egin ditzan—. Nasara iristeko eskailera mordoa igo behar da, baina arazoa, batik bat, trenera igo eta trenetik jaisteko garaian sortzen da. Brinkolarako norabidean, trenaren eskailera nasatik 60 zentimetrora gelditzen da, eta 20 zentimetro baino gehiagoko altuera hartzen du.

“Urteak daramatza horrela. Zerbait pasatu arte… Eta horrela jarraitzen badu, pasatuko da”, esan dio Hitza-ri Enkarni Ahedok, Zumarragarako trena hartu aurretik. Berak zailtasunik ez duela dio, baina jende askorentzat trena ez erabiltzeko arrazoia dela. Laida Etxenagusiak egunero hartzen du trena, eta esan du ez dela erraza geltoki horretan jende nagusia topatzea. “Ni gaztea naiz, eta halere kosta egiten zait: igotzeko, eutsi egin behar zaio heldulekuari, eta jaisteko, salto egin behar da. Adineko jendea ia bere burua bota beharrean ikusten duzu maiz, nasara iristeko. Eta umeen orgarekin igo behar baduzu, ahaztu; bakarrik ezinezkoa da”. Etxenagusiak dioenez, adinekoak edo zailtasunak dituzten asko Tolosako beste geltokira joan ohi dira trena hartzera. “Hemen ezin dute hartu. Geltoki honen egoera penagarria da”.

Legorretako geltokia. Donostialderako trena hartzeko nasan ez dago ez eserlekurik eta ez estalperik (argazkia: Hitza).

Legorretako geltokia. Donostialderako trena hartzeko nasan ez dago ez eserlekurik eta ez estalperik (argazkia: Hitza).

Alegian, Brinkolarako bidean, beste hainbeste gertatzen da. Geltokira iristeko eskailerarik ez dago, baina, trena bihurgune batean gelditzen denez, nasatik trenera tarte oso handia gelditzen da. Jesus Mari Zabalak Donostia aldera hartu du trena. Zulo handirik ez dago, eta erraz igo du bizikleta. Arazo gehiago izango du itzuleran, trenetik jaisteko. Zabalak dioenez, ikusi izan du jendea trenaren eta nasaren arteko zulora erortzen. Arriskutsuena, ordea, trenbidea gainetik igaro beharra iruditzen zaio. “Hemen gertatu dira istripuak; duela ez asko, 50 urte inguruko gizon bat harrapatu zuen. Egunero ibiltzen zen, eta, ez dakit zer gertatu zen, konfiantza gehiegi edo despiste bat edo ez dakit, baina trenak harrapatu egin zuen. Gainera, hemen gelditzen ez diren trenak abiadura handian pasatzen dira”.

Tolosatik iritsi berri da beste tren bat, eta Malen Mujika jaitsi da bertatik, makulua eskuan duela. Alegian ditu alaba eta biloba, eta haiek ikustera joateko hartzen du trena. “Astean behin etortzen naiz Tolosatik, baina ez erdiguneko geltokitik, hor ere oso gaizki baitago trenera igotzeko. Hemen ezin da saihestu, ordea. Derrigor jaitsi behar”. Poliki-poliki eman ditu pausoak, trenetik ez baita beste inor jaitsi hari laguntzeko. “Bi aldiz pentsatu behar duzu hanka non jarri; argi ibili behar da, eta kontu handiz. Jendeak laguntzen badizu, ondo: norbaiti eskutik eutsita jaisten zara; baina inor ez badago…”.

Trenetik jaisteko ez ezik, itzuleran trenbidea zeharkatzeko ere argi ibili beharra izaten duela adierazi du Mujikak. “Trenbidea gainetik pasatu behar da, baina, geltokia bihurgune itxi batean dagoenez, ia ez du astirik ematen trena datorrela ikusteko: berehala duzu gainean. Arriskutsua da oso, eta jendea hil da hemen trenak harrapatuta”. Mujikak “utzikeriari” egozten dio Renfeko geltokien egoera kaskarra: “Ikusi besterik ez dago nola dagoen geltoki hau: ez dute mantentze lanik edo egokitzapenik txikiena egiten”.

Estalperik gabe

“Utzia”, horrelaxe ikusten du Elena Rodriguezek Legorretako geltokia ere. Pisukidea eta biak trenaren zain daude, Andoainera joateko. Kontrako norabideko nasan zergatik dauden galdetuta, behatzarekin egin diote keinua kazetariari beste aldeko nasara begiratzeko. “Ikusten duzu nola dagoen: ezta eserleku triste bat ere. Zain egon behar baduzu, hobe zaude alde honetan; babesean eta eserita. Gu hementxe egoten gara, eta pare bat minutu falta direnean igarotzen dugu trenbidea, beste nasara joateko. Korrika igarotzen gara, badaezpada, arriskutsua baita; baina geltokia zuzengune batean dagoenez, behintzat nahiko ondo ikusten da trenik badatorren”.

Bost minutu falta direla, trenbidea gurutzatzeko esan dio batak besteari. “Ez, nik gehiago itxarongo dut alde honetan; lunbalgiak ez dit uzten hainbeste denboran zutik egoten”, erantzun dio Alicia Sayagok. Esan dute Legorretan ez dagoela arazorik trenera igotzeko, baina Sayago kezkatuta dago, laster Tolosara bizitzera joango delako. “Erdiguneko geltokiak beldurra ematen dit; sekulako zuloa gelditzen da; arriskutsua da. Pentsatzen dut beste geltokira joango naizela”. Trenean maiz ibiltzen direla esan du Rodriguezek, eta hainbat geltoki ezagutzen dituztela. “Eta, salbuespenak salbuespen, uste dut egoera txarra dela geltoki gehienetan”.

“Manolak”, besterik ez genuen behar

Captura de pantalla 2017-04-28 a las 10.45.05Bilboko Klub Taurinoak, hurrengo zezenketa “girotze aldera”, “manolak” nahi zituen. “Manolak” tereroen “amandreak” dira, folklore espainol zaharkituenak hain gustuko dituen peinetaz, mantelinaz eta mantoiaz jantzitako emakume horiek. EH Bilduk salaketa egin ondoren, Udalak ekimena bertan behera utzi du, sexista dela iritzita. Dena dela, oraingoan ere agerian geratu da non egiten duten herren negozio horretan hariak mugitzen dituztenek. Izan ere, jakina da zezenak plazan hiltzeko edo hiltzen ikusteko zaletasuna ez omen dela eskuinekoa ez ezkerrekoa, ez euskalduna ez espainola, baina hariak mugitzen dituzten horien joerak beti alde batera makurtzen dira, tostada beti gurinaren aldetik erortzen den bezala. Belmontek arrazoi zuen: “Norberak toreatzen du, norbera den bezala”.

Ea Bilboko Udalak behingoz uzten dion zezenketen euskarri izateari, edonondik begiratuta ere, bada eta garaia.

Hona hemen “manolen” asuntuari buruzko pare bat esteka:

http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2017-04-28/hemeroteca_articles/los-taurinos-abren-una-crisis-al-rescatar-a-las-manolas

http://www.deia.com/2017/04/27/bizkaia/bilbao/el-ayuntamiento-de-bilbao-pide-que-no-haya-madrinas-en-un-festival-taurino-

Eguzkiren iritziz, lotsagarria da Pasai Donibaneko saneamendua oraindik “azterketa fasean” egotea

donibanePasaiako Udalak jakinaratzi du ondoko egunetan (apirilaren 24, 25 eta 26an) zirkulazio-etenak gertatuko direla Donibanen, barrutiko saneamendu-proiektua idazteko georradar bidezko azterketa bat egin behar delako (1). Eguzkiren iritziz, lotsagarria da, hainbeste urte pasatu eta gero, Donibaneko saneamendua oraindik “azterketa fasean” egotea.

Kontuan izan 2007an erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko Hitzarmen Markoa sinatu zutela, eta Donibaneko saneamendua lan horietako bat zela. Orduan erabaki zuten %75 Eusko Jaurlaritzak ordainduko zuela URA Agentziaren bidez, eta gainerako %25a Añarbeko Mankomunitateak. Guztira, 4 milioi euro inguru. Orduan esan zuten lanak 2008an egingo zirela, gero 2009an… 2011ko epea bukatu zen eta, 2012an, badiako saneamenduari buruzko txostenak Donibaneko lanak “ezinbestekoak” zirela  berretsi zuen. Alferrik, urteak pasatzen joan direlako eta, gaur egun, Donibaneko ur zikinak zuzen-zuzenean badiara doazelako, inolako tratamenturik gabe. Zergatik? Eusko Jaurlaritzak finantzazio-konpromisoa bete ez duelako. 

Proiektu honen atzean historia hau ez balego, goerradar bidezko azterketarena albiste ona izan liteke (eta beharbada albiste ona izango da, urte askotako utzikeriaren ondoren zerbait mugitzen hasi den seinale izan daitekeen neurrian), baina lotsagarria da lan hoirek oraindik azterketa fasean egotea. Urtetan bonbardatu gaituzte badiaren birgaitze edo erregenerazioaren inguruko albisteekin, eta hala ere oinarrizko lan bat, saneamendu-lana, oraindik bukatu gabe dago, azterketa fasean.

Zoritxarrez, Donibanekoa ez da kasu bakarra. Gipuzkoan bakarrik, Jaurlritzak 50 milioi euroko zorra dauka saneamendu alorrean, 2007-2011ko Hitzarmen Markoaren arabera hartutako konpromisoak bete ez izanaren ondorioz (2). Txarrena da ez dirudiela egoera aldatuko denik, alderantziz baizik. Izan ere, Legebiltzarrak onartu berri dituen aurrekontuetan, EAE osoan ur zikinak biltzeko eta arazteko 12,5 milioi euro baino ez ditu ipini Jaurlaritzak (horietatik 612.000 euro Gipuzkoarako), eta diru kopuru horrekin ezin zaie inolaz ere aurre egiten hasi alor honetan bete gabe dituen konpromisoei. Are gehiago, aurrekontu hauekin, atzerapenek pilatzen jarraituko dute, ezinbestez (3).

EGUZKI, abril de 2017

(1) Pasaiako Udalaren oharra:

http://www.pasaia.eus/eu/-/donibane-kalea-ibilgailuentzat-itxita-ikerketa-geofisikoa-egiteko

(2) Lotura honetan aurkitu daiteke Gipuzkoan Jaurlaritzaren finantziazioaren zain dauden proiektuei buruzko hainbat informazio:

http://eguzki.org/2017/01/11/gipuzkoako-ibaien-saneamendua-eta-jaurlaritzaren-zorrak/

(3) Lotura honetan aurkitu daiteke Eguzkik Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontuei buruz egin duen balorazioa, saneamenduari dagokionez:

http://eguzki.org/2017/04/05/jaurlaritzak-berriro-uko-egin-dio-uraren-saneamendu-lanetan-dituen-konpromisoak-betetzeari/