Category Archives: albisteak

Lasartetik erraustegira, maiatzaren 18an

Bi deialdiren berri emateko agerraldia egin du Zubietan Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Lehenengo deialdia da maiatzaren 18an Lasartetik erraustegira egingo den martxa berria. Bigarrena, berriz, erraustegiak sortutako kutsaduraren jarraipena egiten duten ToxicoWatcheko adituak laster Euskal Herrira egingo duten bisita.

Martxa Lasarteko Okendo plazatik abiatuko da maiatzaren 18an, esan bezala, goizeko 11:00etan. Agintariei esijituko zaie geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon. Protesta hau babesten dute Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek.

ToxicoWatcheko Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman, berriz, maiatzaren 23an Hernanin eta maiatzaren 27an Usurbilen aurkeztuko dituzte azken bost urteotan egindako analisien emaitzak. Aurreratu dutenez, badaude kezkatzeko moduko datuak.

Honako bideo honetan, EAMaren agerraldia osorik:

https://www.youtube.com/watch?v=5edBOksmYdo&t=140s

EAMaren agerraldia Zubietako frontoian. Argazkia: NOAUA

Irakurri nahiago baduzu, hona hemen testua…

EAMaren bi deialdi: Erraustegira Martxa eta ToxicoWatchen aurkezpen garrantzitsua

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren izenean, gaur hemen bi albiste edo bi deialdi dauzkagu herritarrei proposatzeko.

Alde batetik, Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu Zubietako erraustegiaren aurrean gure protesta azaltzera MAIATZAREN 18an. Lasarteko Okendo plazatik abiatuta goizeko 11:00etan, Zubietako Erraustegiraino oinezko martxa batean mobilizatuko gara, agintariei esijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon. Protesta hau babesten dute Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek. Herritar guztiok zaudete gonbidatuta.

Beste aldetik, jakinarazten dizuegu urteotan Zubietako erraustegiak sortutako kutsaduraren jarraipena egin duten adituak gure artean izango ditugula; azken bost urteotan egin dituzten  analisien emaitzak eskainiko dituzte ToxicoWatcheko Abel Arkenbout eta Kirsten Boumanek. Maiatzaren 23an herritar guztioi irekitako aurkezpena egingo dute Hernaniko Sandiusterrin eta Maiatzaren 27an beste aurkezpen tekniko zehatzago bat Usurbilgo Sutegi aretoan, gaia xehekiago aztertu eta eztabaidatu nahi duten aditu, teknikari, gizarte mugimendu eta hautetsien aurrean.

ToxicoWatchek bost urtez segidan egin die jarraipena erraustegiaren kutsatzaileei, urtero bilduz laginak inguruko uretan, erreketako sedimentuetan, lurretan, goroldiotan eta zenbait landare hautatutan eta baita ere inguruan zenbait familiak autokontsumorako dauzkaten oilategietako arrautzetan.

Horiek analizatu dituzte ikusteko ea baduten kutsatzaileon arrastorik:  metal astunak (beruna, kobrea, zinka, kromoa, merkurioa…), dioxinak, PCBak eta PFASak. Azken kutsatzaile hauek (“kutsagarri eternoak” ere deitzen dituztenak) gaur egun aktualitatean daude, horien debekua eta kontrola legez arautu nahian ari direlako Europa osoan.

ToxicoWatchek jada aurreratu digunez, Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria aurkitu da:

Landareetan igoera nabarmenak ikusten dira dioxinetan, PCBetan eta PFASetan. Adibidez, gorostien hostoetan ikusten da dioxinak eta PCBak bikoiztu egin direla. Goroldiotan ere dioxina eta PCBen igoerak oso handiak dira.

Lurpeko uretan metal astunen aztarnak (beruna, zinka, kobrea…) biderkatu egin dira.

Arrautzei dagokienez, aztertutako arrautzek dioxina eta PCB maila altuak dauzkate eta urteotan horietan igoera oso nabarmenak ikusi dira, jangarriak izateko muga legalak gaindituz.

Honi lotuta, xehetasun bat gehiago: Zero Waste Europe (Europa Zero Zabor) federazioko ordezkariak ere gure artean izango dira egun horietan. Zero Waste Europe aztertzen ari da zer kutsadura eragiten duten Europa osoko hainbat erraustegik: Madril (Valdemingomez), Paris (Ivry), Belgika (Beringen), Lituania (Kaunas), Txekia (Pilsen), Herbehereak (Harlingen)… eta Zubietako erraustegiak.

Horra, beraz, bi deialdi maiatz honetarako. Errausketaren Aurkako Mugimendutik dei egiten diegu herritarrei maiatzeko ekitaldiotan parte hartzera. Motibo faltan ez gaude:

-. Zubietako Erraustegiak lau urte daramatza gu kutsatzen. Egia balitz erraustegiak ez duela kutsadurarik eragiten, hemen bildu diren laginetan ez lukete azaldu behar azaldu diren dioxina, PCB, metal astun eta PFASek.

-. Kutsaduraren azterketa tekniko sofistikatuok ez lukete herri mugimendu baten ardura izan behar: aginte publikoei dagokie herritarren eta naturaren osasuna bermatzea, gardentasun osoz. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu daukaten informazioa eta dauzkaten datuak gardentasun osoz erakutsi ditzatela. ToxicoWatcheko adituen etorrera baliatu dezakete informazioak alderatu eta eztabaidatzeko eta espresuki gonbidatzen ditugu harremanetan jartzera.

Bukatzeko. Hondakinak kudeatzeko badaude errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, eta Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan. Alferrikako erraustegi hau gelditu beharra daukagu. Baina martxan dagoen bitartean, erraustegiaren arduradunen lehentasuna izan behar du bermatzea bertatik ez dela zabaltzen ez dioxinarik, ez PCBrik, ez PFASik, ez metal astunik eta ez bestelako kutsatzailerik; horretarako emisio guztien KONTROLA JARRAIAN egitea premiazkoa da.

Alabaina, gure agintariak tematzen dira justu kontrako norabidean. Bai Erraustegiaren kudeatzaileek eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, informazioak ezkutatzen dizkigute herritarroi Erraustegiak eten gabe sortzen dituen arazo larriak (matxurak, funtzionamendu akatsak, Arkaitzerrekaren erretzea, suteak…) eta gero eta urrutiagora zabaltzen dituzte sortutako kutsatzaileak, Nafarroako Artaxoara legez kontra hondakinak eramatean erakutsi duten moduan.

Horregatik da hain garrantzitsua herritarron mobilizazioa. Esan bezala, Maiatzaren 18an gure protesta eramango dugu Martxa batekin Erraustegiaren atariraino. Eta Maiatzaren 23an eta 27an Erraustegiaren kutsadura zertan dagoen ezagutzeko aukera izango dugu ToxicoWatcheko adituekin eta Zero Waste Europeko ordezkariekin. Herritar guztioi dei egiten dizuegu parte hartzera.

ERRAUSKETARIK EZ!
Ez Zubietan eta ez inon!

Illunbeko “faena” onena saritzeari uzteko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari (*)

2023ko irabazlea ‘El Juli’ izan zen, baina, guk dakigula, behintzat, oraindik ez diote saria modu formalean eman. Argazki hau, berriz, 2022ko sari-emateari dagokio. Ezker-eskuin, Turismo zinegotzi Cristina Lagé, saritutako toreatzaile Roca Rey eta Pepe Delgado epaimahaiaren ordezkaria. Iturria: J. .M. LÓPEZ / DIARIO VASCO.

Illunbeko zezenketetan eginiko “faena” onenari Urrezko Maskorra emateari uzteko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari, Kultura Ministerioak Tauromakiako Sari Nazionala emateari utziko dion bezala.

Ernest Urtasun ministroak argudiatu duenez, “tradizioak eboluzionatu egiten dira, bizitzan dena eboluzionatu egiten den bezala, eta, gaur egun, gizartearen gehiengo zabala animaliei tratu txarrak emateren aurka dago. Gero eta jende gutxiagok ulertzen du animaliak torturatzeari sariak ematea”. Eguzkitik gogoratu nahi dugu “festa” deitzen duten hori sei zezen jendaurrean hil arte torturatzea dela. Nahi bezain modu “artistikoan”, baina gupida gabe torturatzea. Ez zaigu iruditzen hori inolaz ere sari publikoen bidez sustatu behar denik.

Donostiaren kasuan, Urrezko Maskorra emateari uko egitea urrats bat izango litzateke Udalak alor honetan esaten duenaren eta egiten duenaren arteko koherentzia berreskuratzeko. Izan ere, Eneko Goia alkateak dio zezenketak enpresa pribatu baten kontua direla, Udalak ez duela horrekin zerikusirik. Baina Goiak sinetsarazi nahi digunaren kontra, Udala ez da kontu honetan eragile neutrala, ezinbesteko kolaboratzailea baizik. Izan ere, enpresa pribatu batek Illunben zezenketak antolatzen ditu Udalak instalazio horiek esku-eskura ipintzen dizkiolako. Are gehiago, Illunbeko instalazioen zaharberritzeaz hizketan hasi bezain pronto, alkateak argi utzi du erabilera taurinoari eustea ez dagoela ezbaian, hori beste erabilera posible batzuen kaltetan badoa ere. Gainera, Udalaren eta zezenketak antolatzen dituen enpresaren arteko konplizitate-zantzuak asko eta askotarikoak dira, publizitaterako erraztasunetatik hasi eta hizpide dugun Urrezko Maskorra eman arte.

Eneko Goiak, ordea, ondo baino hobeto daki donostiar gehienok ez gaudela horrekin ados. 2017an, Udalak berak enkargatutako inkestan, garbi geratu zen herritaron % 71 zezenketak egiteko udal-instalazioak uztearen aurka geundela. Egia da PPren gobernuak 2016an herritarroi gai honi buruzko kontsulta egitea debekatu egin zuela, baina hori bezain egia da Goiak herritarrok geure iritzia emateko bide berriak aurkitzeko konpromisoa hartu zuela, eta bide horiek egon badaude. Orduan, debekua zela eta, oso zentzuzko gauzak esan zituen Goiak, adibidez, honako hau: “Demokrazia jardunarekin erakusten dela sinesten dugunok uste dugu, XXI.mendean gatazkak eta arazoak hiritarren iritzia entzuten konpontzen direla. Hortaz, nolako interesak dituzte hainbat alderdik ez baimentzeko iritzi kontrajarriak sortu dituen gai bati buruz hiritarrek iritzia emateko?”. Bada, Goiak berak erantzun diezaioke galderari, zazpi urte geroago, alor honetan, donostiarren gehiengoaren iritziari entzungor jarraitzen baitu. Eta horren froga besterik ez da oraindik Aste Nagusiko “faena” onenari Urrezko Maskorra ematea.

Gauzak horrela, herritar gehienok Illunben zezenak hiltzea arbuiatzen badugu, zer logika du Udalak sari hori emateak? Noren izenean ematen du? Donostiarron izenean, behintzat, ez. Eta berriro esango dugu, alkateak oraindik zalantzak baditu donostiar gehienok gai honetan dugun iritziaren inguruan, kontsulta publikoa egiteko hartu zuen konpromisoa bete besterik ez du egin behar.

EGUZKI, 2024ko maiatza

(*) Sariarekin deslotu egin dela iragarri du Udalak

Eguzkiren eskaera dela eta. Udalak erantzun du sari horrekin legegintzaldi-aldaketarekin batera deslotu zela. Gehitu duenez, “beharbada peña edo koletibo partikularren batek saria ematen jarraituko du, baina Donostia Turismoak dagoeneko ez du diruz laguntzen”.

Hau izan da Eguzkook deslotze horretaz izan dugun lehen albistea, eta zinez pozten gaitu, jakina. Baina saria legegintzaldia aldatu ondoren ere eman da. Horretaz ez dago dudarik. Hauteskundeak 2023ko maiatzaren 28an izan ziren eta abuztuan, Aste Nagusian, ‘El Juli’ izan zen irabazle:

Udala sari horrekin deslotu izana albiste garrantzitsua iruditzen zaigu, eta pozten gara, noski. Orain, Udala zezenketekin zeharo deslotzea baino ez da falta. Horretarako, donostiar gehienon borondateari jarraituz, Illunbeko udal-instalazioak zezenketak egiteko uzteari uko behar dio.

Leitzaranen jeitsiera berri bat bailararen antolamendua aldarrikapenaren ardatz hartuta.

LEITZARANEN BABESAREN ALDEKO ERREKA JAITSIERA BERRI BAT.

 

Maiatzaren lehenean, Eguzki Talde Ekologistak deituta, Leitzaran ibaiaren jaitsiera berri bat ospatu dugu. Jaitsiera hau, Santa Krutz jaien barruan ospatzen den festa giroko ekimen bat bada ere, aldarrikapena festak adina garrantzi du.

Leitzaran, andoaindarrentzat ibaia eta haran  maitatua da baina baita legez babestua ere, osatzen duen habitatak duen garrantziagatik: Biotopo Babestua, KBG (kontserbazio bereziko gunea), Natura 2000 sareko partaide…

Aldarrikapenei dagokionean, Leitzaran ibaia naiz haranaren arazoak hartu ohi ditu kontuan eta egia esan, azken urte hauetan errepikatzen diren arazoak ditugu: turístifikazioa, hondakinekiko ibaien babesa. Eta aurten berri bat gehitu beharrean gaude: Leitzaran bailararen antolaketa beharra.

Turistifikazioa. Urteak joan ahala aisiak eta turismoa eragiten duen presioa handitzen ari da Leitzaran bailararengan, Honen adibide garbi ditugu Otietako tirolina, ostalaritza egitasmoa eta zoritxarrez etorriko direnak. Egitasmoa hauek, babes izendapenak kontuan izan gabe egiten ari dira, are gehiago, izendapen horietaz baliatzen dira, Leitzaranek berez dituen ingurumen balioak mantentzeko interes gutxi erakutsiz.

Hondakinekiko ibaien babesa. Leitzaran eta Oria ibaietara hondakin txiki zurrunak erortzea saihesteko, barandatan saretxoak jartzea ere eskatu diogu Udalari. Aurten pauso bat emango dutela agindu du Udal Gobernuak eta horren zain gaude.

Antolaketa beharra. Leitzaran bailaren antolaketa beharraz ari garenean, Leitzaranek ( Ibaiak eta mendiak) dituzten balioak mantentzea edo/eta hobetzea, asialdian gozatzeko gune egokia izateak eta bertan dauden jarduera ekonomikoak uztartuko dituen antolaketaren premia ikusten dugula adierazi nahi dugu. Antolaketa hau egoki egin ezkeroz, beste aldarrikapen askori, nagusiki turistifikazioaren gaia bideratzeko oinarri sendoak jarriko genituzke. Bide horretan, gaur egun pauso garrantzitsuena Otietan dagoen “Bisitari Etxea” Lizarkolara ( Galgo paper fabrika zena) ekartzea izango litzateke, oinarrizkoa pausoa hau, Andoain Leitzaran bailararen Gipuzkoako sarrera nagusia dela kontuan izanik.

Eta ezin ahaztu Leitzaran Natur Parke izendatzeko aldarrikapen eta agintarien hitzemate edo promesa historikoa ere.

Bukatzeko, soilik gogoratu nahi dugu, aldarrikapen hauek gauzatzeko Eusko Jaurlaritza. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Andoaingo Udalaren elkarlana beharrezkoa izango dela, eta horretan jartzea eskatzen dugu..

Jaitsieran 30 bat lagun bildu gara. Euriaz tartekatutako eguraldi freskoa izan badugu ere, giro ederrean joan da  ekimena, jaiak eta Leitzaranen babesa gogoan..

Oharra: argzki gehiago hemen topatuko dituzu:  https://twitter.com/EguzkiAndoain/status/1786008005382742414?t=jB4ChVhjcSgFwOBXwZNrYQ&s=19

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, maiatzaren 1ean.

Saturrarango hondartza, uda honetan kantina eta komunak itxita egongo dira saneamendu sarerik ez dagoelako

Urte askotako promesen ondoren, eta isekaz esan genezake, zeren horrela Eusko Jaurlaritzak gaia jorratu du, etsipenez ikusten dugu aurreikus zitekeen zerbait gauzatu da. Erabakiaz ari gara URA Agentziak (Eusko Jaurlaritza) ez du aldeko txostenik egin, Itsasertzetako Zuzendaritzari (Eusko Jaurlaritzari) Saturrarango hondartzan dauden komunak eta kantina irekitzeko baimena ematea.

Azken udara arte, komun eta kantina horietako hondakin-urak ibaira joaten ziren zuzenean, inolako tratamendurik gabe.

EGUZKI talde ekologista gisa urte asko daramatzagu, hamabost baino gehiago, eskatzen Mijoa osotik hondartzaraino zerbitzua emango duen saneamendu-sarea Saturrarango ura, hondakin-urak eta isurketa kutsatzaileak zuzenean Mijoako errekastora ez joateko.
2021eko otsailean, URA agentziak, azkenean, proiektua idazteko lizitazioa iragarri zuenean, urrats positibotzat jo genuen, proiekturik gabe ezin baitira obrak gauzatu, baina txalotzeko ezer ez geneukala gaineratu genuen, obrak amaituta eta zerbitzuan jarrita egon behar baitzuten duela hamar urte gutxienez, bere garaian inplikatutako erakundeek Gipuzkoan obra hidrauliko batzuk egiteko sinatu zuten 2007-2011 Esparru Akordioaren arabera.
Eusko Jaurlaritzak ez du bete proiektuaren % 75 finantzatzeko konpromisoa; 2011ra iritsi zan eta egiteke geratu zan. “Beste hamar urte itxaron behar ez izatea besterik ez dugu nahi, exekutatuta ikusteko”. Ez, ez, oraingoan bai, etorri zitzaizkigun esatera, eta prentsan honelako izenburuak irakurri ahal izan genituen: “Aurtengo urtea [saneamendu eta bidegorri] proiektuak taxutzeko izango da, eta 2022koa Mijoan horien gainean jarduteko” .Eta orain hurrengo legegintzaldirako esaten ziguten. Noski, hurrengoan izan beharko du, hau ere obrak lizitatu gabe amaitu baita.
Argi dago Eusko Jaurlaritzarentzat Mijoako errekak ez duela inolako lehentasunik. Alde batetik, proiektua egiteko promesak ez ditu betetzen, eta, bestetik, haren ondorioak saihestu nahi ditu komunak eta kantina itxiz. Logika beragatik, industrialdea eta gainerako enpresak ixten ez dituztelako, behar adinako gaitasuna duen araztegirik ez izateagatik maiz isurtzen direlako? Hori ez da gure nahia. Nahi duguna da giza jarduera naturaren ardura arduratsuarekin batera existitu ahal izatea. Kasu horretan, saneamendu-proiektua egingo da.
Salatu behar da, halaber, errekastoa kutsatzeko promesa faltsuak egin diren urte hauetan guztietan, ia arrain-fauna guztia suntsitu dela.
Saturrarango hondartzak aparkaleku bikaina du, baina ez du oinarrizko saneamendu-sistemarik. Lehentasun kontua da.

EGUZKI

Turismofobia gogoan al duzue?

Etxenbizitza turistikoen arazoa umorez salatzen duen horma-irudi honek, edo, hobeto esan, hau bezalako batek, oihartzun harrigarria lortu zuen orain dela urte batzuk, zehatz-mehatz, 2017an. Izan ere, La Vanguardia-n eta beste hedabide batzuetan erabili zuten, Donostian (baita Bartzelonan ere) piztu omen zen “turismofobia nazionalistari” buruzko informazioak ilustratzeko

Masifikazio turistikoa sortzen ari zen gero eta ezinegon handiagoa herritarren elkarrizketa pribatuetatik plazara ateratzen hasi zen, eta batzuek erabaki zuten hura lehenbailehen isildu beharra zegoela. Horretarako, “turismofobia nazionalista”, “turismofobia erradikala” edo biak ala biak erabili zituzten, norberaren interesen arabera.

Orduan izan zuen arrakasta horma-irudi apal honek, hainbestekoa ezen arrakastaz hil baitzen, honako testu honetan azaldu genuen bezala: Turismofobia y turismo sostenible | Eguzki Talde Ekologista

Zazpi urte geroago, berriz irakurri eta ondorio pare bat ere atera dugu:

1 Azken zazpi urteotan, masifikazio turistikoari lotutako arazoak nabarmen areagotu dira, besteak beste, Udalak nahiago izan duelako egingo balu bezala egin, baina benetan egin gabe; aitzitik, turistifikazioaren aldeko apostu kontzientea egin du.

2 Gaur egun, “turismofobia nazionalista edota erradikala” aitzakiatzat erabilita, zailagoa da kritikak isiltzea, Donostia turismoz gainezka dagoen pertzepzioa zeharo orokorra delako herritarren artean. Horren lekuko da, esaterako, etxebizitzen merkatuan duen eraginaren kontzientzia bizi-bizia.

Zoritxarrez, gauzak asko aldatu egin behar dira horma-irudi honek, edo, hobeto esan, hau bezalako batek, zazpi urte barru ere zentzurik ez izateko.

EGUZKI, 2024ko apirilean

Quosque tandem, RENFE / Adif?

Irun-Brinkola linean eginiko murrizketa berriak salatu ditu Eguzkik

Murphiyk zioenez, egoerarik zailenak ere okerrera egin dezake, nabarmen okerrera, gainera, eta arrazoi oso-osoa zuen. Izan ere, Irun-Brinkola aldiriko linean zerbitzuaren kalitatea minimo historikoetan zegoela uste genuen, eta hala salatu dugu behin baino gehiagotan. Baina hara non RENFEk jakinarazi duen gaurtik aurrera trenen maiztasuna izugarri murriztu eta bidaien iraupena, berriz, nabarmen luzatuko direla. [Gaurtik aurrera, esan dugu, baina, egia esan, asteburuan dagoeneko nabaritu egin dira murrizketak (*).]

Eta murrizketa hauei gehitu beharko zaizkie azken urteotan eguneroko ogi izan diren trenen atzerapenak nahiz suspentsioak, horiek, itxura guztien arabera, jarraituko baitute. Hauek guztiak obren albo-kalteak dira, noski, zeren eta, orain arte esan ez dugun arren, murrizketa hauek oraingoan ere AHTren obren ondorio baitira. Bai, oraindik ez dakigu milioiak eta milioiak xahutu eta xahutzen jarraitzen duen AHTa inoiz inora iritsiko den, ezta exekutiboak eta turistak bakarrik garraiatuko dituen. Baina badakigu, bitartean, ohiko trenak, herritarrek egunero lanera edo ikastera joateko erabiltzen duten trenak, etengabe degradatzen jarraitzen duela. Esan dezagun, bide batez, ez dugula uste kasualitatea izan denik RENFEk murrizketa berriak iragartzeko hauteskundeak igaro arte itxaron izana; izan ere, lehenago eginez gero, ziur gaude kanpainan baten bati kontrako eztarritik joango zitzaiola mugikortasun iraunkorrari eta garraio publikoaren abantailei buruzko diskurtsoa.

Quosque tandem abutere patientia nostra?

EGUZKI, 2024ko apirilaren 29an

(*) Atzo honako bideo hau grabatu genuen: RENFE gero eta okerrago Gipuzkoan. – YouTube.

Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak salatu dute Jaurlaritzak angula-harrapaketa legeztatzeko egin duen saiakera berria, oraingoan “zelata-arrantzaren” aitzakian

Angula-arrantza profesionalizatzeko dekretu-proiektua berriz ere jendaurrean ipini du Eusko Jaurlaritzak. Profesionalizatzeko dekretuaren bidez, Jaurlaritzak saihestu nahi du Europar Batasunak 2023ko urtarrilean angularen aisialdiko arrantzaren gainean ezarri zuen debekua. Izan ere, aisialdikoa zen ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan legez egin zitekeen angula-arrantza mota bakarra.

Ez da Jaurlaritzak angula-arrantza profesionalizatzeko dekretua jendaurrean ipini duen lehen aldia. Joan den irailean ere egin zuen, baina berriro egin behar izan du, besteak beste, talde ekologistok hura justifikatzeko legez aurkeztu behar diren txosten juridiko eta zientifikoak falta zirela salatu genuelako.

Oraingoan bai, oraingoan txostenak aurkeztu ditu. Txosten horiek, funtsean, zera diote, batetik, profesionalizazioa EBren Araudi berrira “egokitzeko” modua dela, eta, bestetik, aingira europarraren egoera egiazki larria dela (*), baina arrantza profesionalak balioko lukeela espeziearen bilakaera zelatatzeko edo behatzeko, eta, azken batean, horrek kontserbazioan  lagunduko lukeela. Horri “zelata-arrantza” izena eman diote.

Alegia, Jaurlaritzak ziria sartu nahi digu. Sinetsarazi nahi digu angula modu profesionalean, hau da, irabaziak helburu, arrantzatuko dela… baina soil-soilik espeziearen beraren hobebeharrez. Gauzak horrela, Eguzkikook eta Mutriku Natur Taldekook oraingoan ere alegazioak aurkeztu ditugu, jakina.

Ezer baino lehen esan behar dugu profesionalizazio-dekretuaren benetako helburua ez dela angula-arrantza EBren erabaki berrietara “egokitzea”, erabaki horiek saihestea baizik. EB ez zen “ausartu” komunitate zientifikoak eskatzen zion angula-arrantzaren gaineko moratoria onartzera, baina neurri murritzaileak hartu zituen, ondorio sozial gutxien izan zezaketenetakik hasita. Hortaz, asialdiko arrantza debekatu egin zuen, hau da, Bizkaian eta Gipuzkoan aspalditik indarrean zegoen bakarra. Beraz, profesionalizazio-dekretua debekuari iskin egiteko amarru bat baino ez da.

“Zelata-arrantza” kontzeptua, berriz, koartada bat besterik ez da. Espeziearen populazioen jarraipena egiteko ez dago zertan angulak uretatik atera, are gutxiago urre-prezioan saltzeko eta jateko. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aingira Berreskuratzeko Plan Integralak espeziearen populazioen jarraipena egitea du oinarri, eta, hala ere, ez du inolako “zelata-arrantzarik” aurreikusten. Are gehiago, espresuki debeketazen du aingirak ur kontinentaletan arrantzatzea. Eta aukera aprobetxatu nahi dugu kontraesana agerian uzteko: Aldundiak, begi-bistako kontserbazio-arrazoiengatik, ibai eta erreketan aingirak harrapatzea aspaldi debekatu zuen; Jaurlaritzak, berriz, errio edo itsasadarretan aingiren kumeak, angulak, arrantzatzen jarraitu ahal izateko moduak nola edo hala bilatzen ditu.  Hitz gutxitan: “zelata-arrantza” kontzeptuak galzorian dagoen espezie baten harrapaketa “errespetagarritasun zientifikoz” eta, nola ez, “iraunkortasunaz” mozorrotzea beste helbururik ez du.

Gauzak horrela, Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak berriz ere ekatu diogu Jaurlaritzari angula-arrantza profesionalizatzeko proiektuari uko egiteko. Proiektu horrek biodibertsitatea sakrifikatzen du, klientelismoaren mesedean. Halaber,  Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak Jaurlaritzari eskatu diote EBren debekua behingoz onartzeko eta aingira Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan sartzeko. Izan ere, hori da galzorian dagoen aingirari dagokion lekua, aspalditik, gainera.

EGUZKI TALDE EKOLOGISTA eta MUTRIKU NATUR TALDEA, 2024ko apirilean 

(*) Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik, eta hori nabarmendu beharra dagoela iruditzen zaigu. Hona hemen datu adierazgarri bat: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.

Fuente: @Chikichanka

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera. Alegia, iberiar katamotzak, pandak edota ekialdeko gorilak baino arrisku handiagoa du aingira europarrak.

ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

Eta, hala ere, jarraitzen dugu aingirak eta angulak arrantzatzen eta jaten.

Panpa belar inbaditzaileak kendu

Panpako Lumagilea, izenak dioen bezala, jatorriz Argentinako Pampakoa da, eta penintsulara ekarri zuten bere izaera apaingarriagatik, oso dotorea egiten duten gandor ikusgarriak baititu.

Baina, egia esan, oso landare kolonizatzailea da, bertako landaredia oso erraz lekualdatzen duena, eta biodibertsitatea eragozten duena.
Landare bakoitza milioika hazi aireratzeko gai dela kontuan hartuta, espezieak parerik gabe inguru berriak kolonizatzen jarraitzea ekarri du.

Behingoz erakundeak inplikatzea eskatzen dugu. Denbora aurka doanez, ale kopurua esponentzialki hazten da, eta zenbat eta beranduago desagerrarazi orduan eta garestiagoa izango da.
Erauzketa zailen bidez (sustraiak barne) edo arriskutsu eta kutsatzaile plagiziden bidez baino ezin dira akabatu.
Arazoa larriagotzeko, esan behar da klima-aldaketak zabaldu egingo duela.

Legea oso argia da, debekatuta dago aleak edukitzea, garraiatzea eta trafikatzea. Era berean, erakunde arduradunek jabeak behartu ditzakete beren lurretan egon daitezkeen luma-ontziak desagerraraztera.

2010ean mozioak aurkeztu genituen Lea Artibaiko eta Mutrikuko udalak gai horretan inplika zitezen. Baina onartu ziren herrietan ere ez da ia ezer egin. Ondorioz, espezieak paraje berriak kolonizatzen jarraitu du, geldiezin.
Landareari aurre egin behar zaio haren bizi-zikloa kontuan hartuta, eta galarazi egin behar da lumadunek abuztuan eklosionatzea, bertan baitaude haziak (inbaditzeko ahalmena).
Oraingo honetan, EROSKI enpresak Ondarroako Errenteria auzoan dituen lursailekiko duen pasibotasuna salatu nahi dugu, plumero horiez beteta baitaude. Horien ugaritasuna hain da handia, zonari “ama” dei dakiokeela, haien hedapena eta dentsitatea gero eta handiagoa baita.
Gure erakundeak eta Udalak hainbat errekerimendu egin dizkiote enpresa honi, planta horiek beren lurretatik kentzeko neurri egokiak har ditzaten laster. Kontuan izan behar da zenbat eta gehiago atzeratu, hainbat eta kalte handiagoak egingo zaizkiela inguruko ekosistemei. Larrigarria da lur horiek Europar Batasunaren intereseko leku baten ondoan daudela, Artibai ibaiaren arroaren ondoan, alegia.
EROSKIk denetik gertatzen jarraitzen du, beraz, bere jarrera publikoki salatu behar dugu eta horretan jarraituko dugu gaian esku hartzen duen arte.
Argi dago, emaitzak nahi baditugu, denok lagundu behar dugula landare hau eta beste espezie inbaditzaile batzuk desagerrarazteko.
Talde ekologista garen aldetik, beti egongo gara prest, ahal dugun neurrian, interesa duten udalekin eta lurren jabeekin lankidetzan aritzeko.

AHT-ren aurkako mendi martxa Nafarroako Erdialdean: Tafalla-Gariposa-Santa Zezilia-Garinoain

Datorren apirilaren 28an, igandearekin, mendi martxa bat egingo da Tafalla eta Campanas artean hasi berri den AHTaren azpitarteak kalteturiko eremuak ikusteko eta obra horiekiko aurkakotasuna aldarrikatzeko.
Martxa goizeko 9:00-etan abiatuko da Tafallako Foru plazatik. Lehenengo geldialdia Gariposan izango da. Leku horretan erromatar castellum bat topatu zuten, eta, horregatik, orain arte obrak gelditu egin dira trazadura aldatzeko. Valdetinako iturrian nork bere hamaiketakoa jan ondoren, hurrengo geldialdia Santa Zezilia baselizan izango da. Dirudienez, baseliza honen azpian erromatar aurreko herrixka bat kokatuta dago. Puntu horretan, AHTren trazadura oso hurbil proiektaturik dago, eta obren aurretik hainbat azterketa arkeologiko egin dira, Muru Artederretako erromatar aurreko herrixkaren inguruan eta AHT tarte horrek kalteturiko beste leku batzuetan bezalaxe.
Mendi martxa arratsaldeko hiruretan amaituko da Garinoainen eta antolakuntzak Tafallan aparkatutako autoak hartzeko modua erraztuko du. Bazkaria Murugain Elkartean izango da (Garinoaingo igerilekuak). Prezioa 15 €-koa da eta hilaren 24 asteazkena baino lehen eman behar da izena ahtrikeznafarroa@gmail.com helbidean edo 622309541 telefonora deituz.
Dei egiten dugu mendi martxa horretara joateko eta lur honen historiako azpiegitura suntsitzaile, xahutzaile eta antisozialenari gure gaitzespena adierazteko.

Animatu eta deialdia zabaldu!

http://noaltavahtgelditu.blogspot.com/

Bulebarra HERRITARRON PLAZA bihurtuta, kanpaina berri bati ekingo dio larunbatean Donostia Defendatuz-ek

Donostia Defentatuz koordinadorak gaur goizean eskainitako prentsaurreko baten bidez jakinarazi du larunbatean, hilak 27, Bulebarra HERRITARRON PLAZA bihurtuko duela. Izan ere, bertan, egun osoko egitarau mamitsua antolatu dute, besteak beste, dozena erdi bat mahainguru, zeinetan hiriko parkeak, ondare arkitektonikoa, etxebizitza, turistifikazio eta beste gai batzuk jorratuko diren. Musika eta kalejira erreibindikatiboa ere ez dira falta izango. Egitarau zehatza lerro hauen azpian paratu dugun kartelean bertan ikus dezakezu, baita ekimena sustatzen duten talde guztien izenak ere, tartean Eguzki.

Larunbateko ekimena maiatzaren 26an manifestazio batekin burutuko den kanpaina berri baten hasiera izango da. Manifestazio horren lema DONOSTIA DEFENTATUZ: HIRI BIZIGARRIAREN ALDE! Izango da. Manifestazioak badu orain dela urtebete egin zen aurrekari arrakastasu bat:

Oso erantzun zabala Donostia Defendatuz plataformaren deialdiari | Eguzki Talde Ekologista

Hiriko hainbat auzo-elkartek eta gizarte-mugimenduk osatzen dugu Donostia Defendatuz. Koordinadorak adierazten du Udal Gobernuak behin eta berriro espekulazio eta turistifikazioaren aldeko erabakiak hartzen dituela, herritar gehienon kaltetan.  Erabaki horien bidez, hiria turistifikazio-prozesu basatian sartu du, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari txarrerako eragin. Hona hemen manifestua oso-osorik:

DONOSTIA DEFENDATUZ HERRITARRON PLAZA – BiziLagunEkin