Lemoiz: historiarekin bat datorren erabilera

OraingoaEta Eguzkik ez du iritzirik Eusko Jaurlaritzak Lemoizko zentral nuklear zaharra arrain-haztegi bihurtzeko darabilen proiektuari buruz? Bai, badu. Baina inork uste badu esango dugula urte hauetan guztietan esan ez dugunik, jai dauka. Izan ere, orain, lehen bezalaxe, Lemoizentzat eskatzen dugu historiarekin bat datorren erabilera.

“Historiarekin bat datorren erabilera”, a zer esaldi dotorea, baina horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, taldeak aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: lehengoratzea, erabilera publikoa eta adostasuna.

CalaBasordas1927Kala lehengoratzea eta erabilera publikoa ematea ez dira inola ere helburu arbitrarioak. Alde batetik, zentrala, neurri handi batean, behintzat, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan eraiki zen, egun ere balio natural handia duen paraje batean. Jabariaren lagapena proiektu jakin bat eraikitzeko egin zen. Proiektu hark ez zuen aurrera egin, beraz, lagapena bertan behera geratu zen, eta, ondorioz, kala lehengoratu egin behar da, ahal den neurrian, behintzat. Legeak ere hori babesten du. Esan gabe doa, gure ustez, lehengoratze horrren fiantziazioan Iberduerok, gaur egun Iberdrolak, parte hartu beharko lukeela. Azken batean, berak egin zuen triskantza. Beste aldetik, erabilera publikoa bidezkoena da, ez baita begi-bistatik galdu behar herritarrek berek beren poltsikotik ordaindu dituztela zentralaren instalazioak, urre-prezioan ordaindu ere. Gogora dezagun…

Lemoizko zentrala bertan behera geratu zen 1984ko moratoria edo luzamendu nuklerraren ondorioz, Valdecaballeros eta Trillo II zentralekin batera. Orduan, Estatuak hiru konpainia elektrikori, tartean Iberduerori, zentral horietan 2.300 milioi euroko inbertsioa egin izana aitortu zien, eta, inbertsio horren kalte-ordain gisa, argindarraren ordain-agirietan hainbesteko bat gehiago kobratzeko baimena eman zien. Horrela, 2.300 milioi haien truke, herritarrok, 1996. eta 2015. urte bitartean, 5.717 milioi ordaindu ditugu, betiere iturri ofizialen arabera. Beraz, herritarrok Lemoizko instalazioak urre-prezioan ordaindu ditugula esatea gehiegi ote? Gauzak horrela, gure ustez, Jaurlaritzak gaizki egingo luke baldin eta aurrekariak zein diren kontuan izan gabe jokatuko balu, eta Lemoizko lursailei erabilera emango balie bide arruntago baten bidez eskuratutako beste edozein ondasun balira bezala.

lemoiz_7576_11Orduan, Eguzki arrain-haztegiaren alde edo kontra dago? Eguzki etxea zimentarrietatik erakitzen hastearen alde dago. Beraz, gure ustez, orain “tokatzen” dena da kalaren etorkizuna planifikatzea. Kontuan izan urte hauetan guztietan Basorda ia-ia zulo beltz bat izan dela planifikazioan. Bada, (guk historiarekin bat nahiko genukeen) planifikazio marko horretan aztertu beharko litzateke Eusko Jaurlaritzaren proiektua kabitzen den ala ez. Baldin eta planifikazioa proiektu jakin batzuen arabera de facto egiten jarraitu behar badute, zertararako hainbeste istorio Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen inguruan?

Eta etxea zimentarrietatik eraikitzen hastearen aldekoak garenez, etxea teilatutik eraikitzen hastearen kontrakoak gara, eta, hain justu, horixe da Tapia kontseilariak egin duena, arrain-haztegiak hainbeste milioiko inbertsioa eta, batez ere, hainbeste lanpostu sortuko dituela iragarri duenean. Nahita egin du, dudarik gabe. Seguruena, horrela, lehen momentutik neutralizatu nahi izan ditu proiektuak sor zitzakeen kritikak. Aurrenekoak, portzierto, dagoeneko iritsi dira, alderdi baten eta sindikatu baten aldetik. Espero zitezkeen. Izan ere, arrain-haztegiak, are gutxiago Lemoizen iragarri duten arrain-makrohaztegia, inoiz ez dira industria garbiak izan.

Herri honetan behin eta berriro aldarrikatzen da memoria historikoaren garrantzia. Aldarrikapenak nahi bezain sutsuak izan daitezke, baina alferrikakoak, baldin eta memoria horren irakaspenak egunerokoan aplikatzeko borondaterik ez badago, ezta Lemoiz bezalako kasu ezin adierazgarriago batean ere.

BIZKAIKO EGUZKI

Karnaba eta antzeko beste txori batzuen legez kanpoko hainbat salmenta-kasu salatu ditu Eguzkik Foru Aldundian

karnabakEguzkik interneten detektatu ditu itxura guztien arabera legez kanpo harrapatutako karnaba eta antzeko beste espezietako txorien lau salerosketa-kasu, eta horien berri eman dio Foru Aldundiari, ikertzeko eta, susmoak egiaztatzen badira, txoriak berreskuratzeko eta erantzuleei zigorrak ezartzeko.

Karnabak, txontak, tarinak, txorruak eta fringillidae familiako beste txori batzuk harrapatzea eta, are gehiago, edukitzea bera ere debekatuta dago, aspaldi, gainera. Debeku hori Europar Batasuneko Hegaztien Zuzentarauaren ondorio da.

Alabaina, Zuzentarauan bertan aurreikusten diren salbuespen-kasuei helduta, Estatu espainolak iskin egin dio urtetan debekuari.

Estatu espainola Zuzentarauaren salbuespen-kasuen erabilera makurra egiten ari zela ikusita, Europako Batzordeak zigor espediente bat ireki zuen. Gauzak horrela, Gipuzkoan ehizaren gaineko eskumenen jabe den Foru Aldundiak 2016ko azaroaren 10eko 569 LI/2016 Foru Agindua (*) onartu zuen, eta salbuespen guztiak bertan behera geratu ziren.

Beraz, une honetan gatibu eduki daitezkeen fringilido bakarrak gatibutzan sortutakoak dira, eta beraien jabeek Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuan erregistratu behar dituzte.

Bukatu egin dira txoriak mendian harrapatzeko eta mendian harrapatutako txori horiek edukitzeko aitzakiak. Baita saltzeko aitzakiak ere, jakina. Beraz, une honetan baten bat “paseko karnabak” saltzen (edo erosten) ari bada (Foru Aldundiari pasatu dizkiogun kasuetan bezala), legez kanpo ari da, duda handirik gabe.

EGUZKI, 2017ko azaroa

(*) https://ssl4.gipuzkoa.net/castell/bog/2016/11/17/c1607903.pdf

Eguzki: “Legorretako paper-fabrikaren presa botatzeak mesede ederra egingo dio Oriari”

Presa Oria Garaiko Kontserbazio Bereziko Eremuan dago.

Presa Oria Garaiko Kontserbazio Bereziko Eremuan dago.

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak bertan behera utzi du Legorretako paper-fabrika zaharrak Oriatik ura hartzeko zuen eskubidea (60 l/s) eta, halaber, eskubide horri lotuta zegoen ibai barruko presa botatzeko ere agindu du. Eguzkik erabaki egokia dela uste du, Oriako bioaniztasunari mesede ederra egingo diolako. Izan ere, Konfederazioak espediente hau tramitatu duen bitartean, Eguzkik eta Rios con Vida elkarteak presa botatzeko alegazioak aurkeztu dituzte.

Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean, kasu honetan bezala) ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira. Gainera, Legorretako kasu honetan, presa Oria Garaiko Kontserbazio Bereziko Eremuan (Natura 2000 Sarean) eta bisoi europarrentzako Interes Bereziko Alde batean dago. Uholde Arrisku Handiko Eremu batean ere badago, eta, presa botata, ibaian gora, arriskua leunduko da. Hala nabarmendu dute Foru Aldundiak eta Urak, beraien txostenetan.

Konfederazioak urtebeteko epea eman die jabeei, ez presa botatzeko, presa botatzeko proiektu bat aurkezteko baizik. Beraz, hau ez da berehala konponduko den arazo bat, baina Konfederazioak orain hartu duen erabakia oso pauso garrantzitsua da konpontze-bidean, ezbairik gabe.

EGUZKI, 2017ko azaroan

Begi-bistan dago oztopo bat dela arrainak ibaian barrena zirkulatzeko.

Begi-bistan dago oztopo bat dela arrainak ibaian barrena zirkulatzeko.

Balea bat ikusi bezain pronto arpoia gogora ote?

balea1Zenbat aldiz ez ote dugu esan pertsona batzuek ezin dutela txori bat ikusi berehala kaiola bat edo eskopeta bat gogora ekarri gabe? Bada, irudipen hori izan genuen joan den astean hainbat komunikabidek, Zarautz aldean zebilen zere txikiaren berri ematean, legez merkaturatu daitekeen balea-espezie bakarra dela nabarmendu zutenean. Ia-ia balea harrapatzea zilegi zela ondorioztatu zitekeen.  Honetaz, merezi duen honako iruzkin hau aurkitu dugu sarean:

https://m.facebook.com/story.php?story_fbid=1857398554273740&id=128003920546554

EGUZKIk sentitzen du Naturaren aterpea izan beharko lukeen Urkiolako Natur Parkea ehiza – eremu bihurtzea

plano-1Diputazioak basurde-uxaldia baimendu du Ganbarruako amildegi inguruan  azaroaren 25erako.

EGUZKIk damutzen du Foru Aldundiaren Iraunkortasun eta Ingurune Naturalaren Departamenduak basurde-uxaldi bat baimendu duela Urkiolako Natur Parkearen barruan, Ganbarruako amildegi inguruan, azaroak 25 ean. Basatien bizitzarentzat natura errefuxio bat izan beharko lukeen natura gunea eskopeta maite duten pertsonen gozamenerako ehiza- eremu bihurtzen da.

Nahiz eta aukera hori Urkiola Parkearen II. Plan Zuzentzailea eta Kudeaketarako Zuzentarauen eta Jarduketen Agirian basurdeentzat eta orkatzentzat aurreikusita dagoen, nekazaritzako eta basogintzako  propietateetan kalte larriak sortzen badituzte edo espezie horien populazioak murrizteko beharra badago (ez dakigu zein aitzaki erabili duten kasu honetan), espezie horien eta lehen sektorearen arteko aldi berean izatea lortzeko beste aukera batzuk daudela ere da egia.

Errealitatea da espezie horien hazkundea bere harrapari naturalak ezabatu dituen giza  ekintzaren ondorioa da. Naturaren funtza oreka da.

jabali-300x198Beste alde batetik, giza ekintzak ere asko du beste ugaritze kausa batekin. Askotan ehiza-elkarteek ehiza erraztekotan eta animaliek gune konkretu batekiko harremana sendotzekotan mendien inguruetan janaria bota dute.  Era horretan espeziearen gehikuntza esponentziala lortzen dute.

Bizkaiako Diputazioak  uxaldiaren iragarpena mendi federazioei helarazi die nondik norantz izango den informazio zehatzarekin, baina arrazoiak eman gabe. Dirudienez, arduradunentzat ez da informazio garrantzitsua, baina erabaki hauek txostenekin batera etorri behar dira: Zenbat kalte izan dira basurdeek eragindakoa? Zein da bere karakterizazioa? edo Zein kudeatzeko arazo planteatzen dute?…

Onartzen dugu Administrazio publikoek jarduera ekonomikoaren garapena gure gizartean, lehen sektorea sartuta,  baldintza onenetan bermatu behar dutela; baina baserritarren kexak maiz aitzakia dira, ez arrazoia.

Hala eta guztiz  ere Administrazio hauek ez dituzte ahaztu behar mendietara eskopetarekin joaten ez direnen eskubideak. Pertsona hauek  nahiaz asteburuaren bila egoten dira naturarekiko lotura indartzeko asmoz. Horregatik eta Urkiola jende askoren aukera izanda, uxaldia larunbatean egitea ilogiko egiten zaigu , ehiza-elkarteen onerakoa ez bada .

 EGUZKI

2017ko azaroaren 22an

https://eguzkibarakaldo.blogspot.com/2017/11/eguzkik-damutzen-du-naturaren-aterpea.html

Oraingoan bi gabirai bota dituzte tiroz

Iturria: Giuzkoako Basozainen Elkartea

Iturria: Giuzkoako Basozainen Elkartea

Bi gabirai emek gizendu dute aurtengo ehiza-aldian tiroz botatako espezie babestuen zerrenda.

Gabiraia (Accipiter nisus) “interes berezikoa” da, Babestutako Espezieen EAEko Katalogoaren arabera.

Botatako bi ale hauetako bat Txoritokietan aurkitu zuten, Donostia-Astigarragan (1); bestea, berriz, Irunen.

Biak ala biak Igeldoko Arrano Etxera eraman zituzten eta, zorionez, honetatik ere onik aterako oemen dute. Alde horretatik, lehengoan Aiako Harritan bota zuten kurriloak baino askoz zorte hobea izan dute. Izan ere, kurrilo hura jaso eta ordu gutxitara hil zen (2).

Honako taula honetan zerrendatuta daude Eguzkik ehiza-aldi honetan ezagutu dituen tiroz botatako espezie babestuak.  Icebergaren tontorra baino ez dira. Gure ustez, foru aldundiek ez diote arazori heltzen eta, are okerragoa dena, beraien politiken bidez sustatzen dute. Esaterako, noizko ehiza-linea bat ixtea bertatik espezie babestuei tiro egin zaielako? taula_eus

EGUZKI, 2017ko azaroan

(1)    Botatako bi gabirai hauetako baten argazkiak Gipuzkoako Basozainen Elkartearen Facebook-kontuan ikusi ditugu: https://m.facebook.com/story.php?story_fbid=854859548007810&id=691572394336527

(2)    http://eguzki.org/2017/11/08/aiako-harrian-tiroz-botatako-kurriloaren-kasua-fiskaltzan-salatuko-du-eguzkik/

Ehunka lagun Larrunen aldeko mendi-martxan

mendi_irteera_larrun-Théo_Hetsch_RadioFranceJendetsua izan zen Larruneko tontorrean egindako konzentrazioa. Argazkia: Théo Hetsch (RadioFrance).

Larrun Ez Hunki! plataformaren deiari jarraituz, ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak Larrunen egin asmo duen proiektuaren kontrako mendi-martxan. Sara, Azkaine, Urruña edo Beratik abiatuta, martxistek bat egin zuten Larrungo kaskoan, eta proiektuak inguruan izango lukeen eragina bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten.

Larrun Ez Hunki! plataformak uste du egia dela Larrungo instalazioak neurri batean zahartuta geratu direla, eta berritzearen alde dago, betiere segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, baina ez bisitari kopuru handitzeko. Izan ere, Larrun dagoeneko ipar Euskal Herriko ez ezik Departamentu osoko lekurik bisitatuena ere bada, urtero 360.000 bisitari izaten baititu. Ekologisten ustez, bisitari gehiago balio handiko naturgune honen kaltetan izango lirateke.

3.000 lagun Donostian Metroa gelditzeko

DSCN8108Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, 3.000 lagunetik gora manifestatu dira gaur arratsaldean Antiguatik Alderdi Ederrera Donostian Metroaren obrak hasteko Eusko Jaurlaritzak duen asmoa arbuiatzeko eta jendartean desadostasun zabala pizten duen proiektu hori geldiaraztea exijitzeko.

Manifestazioa arratsaldeko 5etan Antiguako elizatik abiatu da,  “STOP METROARI, INPOSAKETARIK EZ!” zioen pankarta buruan, eta Artzai Onaren Plazan eta hiri-erdialdeko kaleetan jende gehiago bildu da, bulebarrera iristean 3000 lagun inguru elkartu dituen mobilizaziora. Eskuetan “STOP Metroari” zioten ehundaka kartel hartuta eta Metroaren aurkako oihu eta kanta ugarirekin lagunduta egin dugu Metroaren inposaketaren aurkako aldarria. Aldi berean, talde batek txalupa batekin egin du protesta, Kontxako badian barrena Metroaren aurkako pankarta eta banderolak erakutsiz.

Gaurko manifestazio jendetsuaren ondoren, Satorralaia bizilagunen mugimenduak datozen egunetan Antiguan Metroaren eraikuntza lanen hastapena eragozteko egingo diren mobilizazio eta ekintzetan partehartzera dei egiten du: honi dagokionean, denon artean Metroa gelditzea badagoela adierazi nahi dugu eta lanak hasiko balira horiek geldiarazteko obraren hastapen-gunera mobilizatzeko urjentziazko deialdia egingo da. Halaber, datorren ostegunean arratsaldeko 5etan Zarautz Etorbideko eremu kaltetuan egingo den asanbladara biltzeko dei egiten diogu jende guztiari (Zarautz etorbidearen 60 zenbakiaren ondoan).

Metroa-manifa irutxuloko argazkia

Udalak berriro ere tarifa finkoa ezarri du, birziklatzearen eta birziklatzaileen kaltetan

Captura-de-pantalla-2016-11-14-a-las-13.39.06[1]Aire Garbiak 5. edukiontziaren erabiltzaileei zabor-tasan %20 deskontatzeko egin duen proposamena atzera bota du Udalbatzak, eta, horren ondorioz, 2018an berriz ere tarifa finkoa egongo da indarrean. Beraz, birziklatzaileek eta ez birziklatzaileek berdin-berdin ordainduko dute. Hori antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tarifa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute.

            Bi dira alkatearen taldeak deskontu-eskaerari ezetz esateko erabili dituen argudioak:

1.      5. edukiontzia duela gutxi ezarri zen eta oraindik goiz omen da emaitzak behar bezala aztertu ahal izateko.

2.      Deskontuak egiten hasita, deskontu globalak nahiago omen dituzte; hau da, herrian gaikako bilketan maila jakin bat lortuz gero, deskontu bat egin liteke zabor-tasan bertan, herritar guztiei, ez soilik birziklatzaileei.           

            Goazen puntuz puntu…

1.      Lasarte-Orian hondakinak gaika biltzea ez da herritar guztien ardura, baizik eta alor horretan konpromiso gehien dutenei Udalak eskaintzen dien aukera. Gauzak horrela, deskontua birziklatzaileek egiten duten lana aitortzeko modua baino ez da. Deskontua jende gehiago birziklatzera animatzeko pizgarria ere izan daiteke, eta, horrexegatik hain justu, iaz ere lasai asko aplikatu zitekeen, 5. edukiontzia ezartzeko kanpainaren osagarri gisa. Baina, esan bezala, deskontua, oroz gain, birziklatzaileei egiten zaien aitortza da, eta, alde horretatik, 5. edukiontziaren emaitzetatik zeharo independentea da. Gainera, zenbat denbora gehiago behar du Udalak 5. edukiontziaren emaitzak ebaluatzeko? Aurtengo datuen arabera, gaikako bilketa batez beste %45ekoa da. Udalak ba al du datozen hilabeteetan sistema hobetzeko neurriak hartzeko asmorik? Guk dakigula, ez. Beraz, aldaketarik ezean, datorren urteko batez bestekoa aurtengoaren antzekoa izango da, %1 gora edo %2 behera. Baina, batez bestekoa edozein dela ere, tarifa finkoak ez dio antiekologikoa eta sozialki injustua izateari utziko. Beraz, alkatearen taldeak darabilen lehen argudioak argudio baino gehiago aitzakia dirudi.

2.      Deskontu globala egitea, berriz, tarifa finkoarekin jarraitzea da. Tarifa finko merkexeagoa izango da, baina tarifa finkoa. Esfortzua eta konpromisoa berriz ere birziklatzaileen esku geratuko lirateke, eta hauek axolagabeek bezalaxe ordaintzen jarraituko lukete.

            Bukatu aurretik, informazio garrantzitsu bat: Udalbatzak hartutako erabakiaren arabera, 2018an zabor-tasa %5 garestituko da, hau da, KPIren (1,2) oso-oso gainetik. Iaz, berriz, %4 garestitu zen, KPIren (1,3) oso-oso gainetik ere. Ez birziklatzaileek, etxean hondakinik gaika biltzen ez duten neurrian, gero eta hondakinak tratatzeko sistema garestiagoen beharra eragiten dute (lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain). Baina birziklatzaileek berdin-berdin ordaindu beharko dituzte Udalak sistema garesti horiek finantzatzeko zabor-tasan erabaki dituen igoera “potenteak”.

            Urte hasieran, Udalak honako leloa jarri zuen balkoian: “Lasarte-Oria birziklapenaren alde”. Garbi dago hitzak eta ekintzak ez datozela bat.

Lasarte-Orian Aire Garbia

IMG_20170405_201836068