All posts by Donostia

Errausketaren aurkako giza kate berria, igandean, Kontxan

IMG-20230823-WA0008Aurten ere, irailaren bigarren igandean erraustegiaren aurkako giza katea egingo da Donostian, Alderdi Edertik goizeko 11:00etan hasita. Eguzkik ere deialdiarekin bat egiten du. Gaur goizean ekimenaren berri emateko prentsaurrekoa egin da Kontxako pasealekuan bertan.  Hona hemen bertan aipatu diren arrazoiak…

Errausketaren Aurkako Mugimendua urteroko martxari jarraipena eman beharrean aurkitzen da, Gipuzkoan hondakinen arazoa urtetik urtera larriagotzen ari baita. Bada hiru urte Donostiako erraustegia hondakinak erretzen ari dela eta gure agintariek beste bi proiektu dituzte buruan, Bergaran eta Zumarragan, “pirolisi” izenaren atzean paper fabriketako hondakinak eta plastikoak erretzeko.

Donostiako erraustegiak sortutako kutsadura, hiru urte bakarrik pasa direnean, oso nabaria da inguruko lur, landare eta arraultzetan, ToxicoWatch fundazio holandarraren analisiek erakusten duten moduan. Bestalde, duela urtebete antzeman zen Arkaitzerreko kutsadurari ez zaio konponbiderik jarri; errekako ur kutsatuak bildu eta Loiolako araztegitik pasa ondoren itsasora bidaltzea bururatu zaie. Ekopol taldeak (EHU) milaka aldiz kutsadura mailak gainditzea eta ehunka aldiz gelditzea/martxan jartzea salatu eta kanpoko auditoria eskatu du. Sute berri bat, hiru astez energiarik sortu gabe hondakinak erretzea, 42 egunez tratatu gabeko hondakinak erretzea… etenik ez dute erraustegian geltatzen diren matxurak, istripuak eta irregulartasunak.

Gaur goizean Kontxan bertan egindako egindakoprentsaurrekoa.

Gaur goizean Kontxan bertan egindako prentsaurrekoa.

Erraustegia martxan jarri aurretik esan genuen bezala, honek Gipuzkoako gaikako bilketan eragin negatiboa izaten hasi da. Azken hiru urteetako (2020, 2021, 2022) datu ofizialak kontuan hartuta, Gipuzkoan materia organikoaren bilketa biztanleko 80 kg-tik 75 kg-ra jaitsi da; biztanleko errefusa, aldiz, 177 kg-tik 184kg-ra igo da.

Donostiako kasua are eta larriagoa da; 2015az geroztik ezer egin ez denez, gaikako bilketari dagokionez Donostia da Gipuzkoa osoko datu kaskarrenak ematen dituen herria. Hiru urteko epe berdinean materia organikoaren bilketa, biztanleko 33 kg-tik 32 kg-ra jaitsi da eta errefusa 254 kg-tik 265 kg-ra igo; Donostian gaika %41a besterik ez da jasotzen, Europako arauek agintzen dutenaren %50aren oso azpitik.

Zaldibarko zulo beltza desagertu denean, eta urtez urte okertzen doan egoera honi irtenbide ekologikoa eman ordez, hondakinen murriztea, berrerabiltzea, birziklapenaren bidez, Gipuzkoako agintariek herrialdea gai desberdinen erraustegiz betetzea baino idea hoberik ez dute. Paparrean 2030 agendaren ikurra daramate  eta buruan desarrollismoa, ekonomia, eta honek dakarren kutsaduraren hazkundea.

Egoera tamalgarri honen aurrean, giza katea antolatu da Donostiako Kontxan, Alderdi Ederretik abiatuta, irailaren 10ean goizeko 11:00etan.

– HONDAKINAK MURRIZTEKO PLAN ERAGINKORRAK BEHAR DITUGU

– AHALIK ETA HONDAKIN GEHIEN BERRERABILI ETA BIRZIKLATZEKO GAIKAKO BILKETARIK ERAGINKORRENAK ERABILTZEA ESKATZEN DUGU

– ERRAUSKETA EZ DA IRTENBIDEA, EZ DONOSTIAN, EZ BERGARAN, EZ ZUMARRAGAN, EZ INON.

DONOSTIA BIZIRIK – URRETXU-ZUMARRAGA BIZI! – LARRAMENDIKO ARNASA – ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUA

errausketa_logoa

Eguzkik alegazioak egiteko epea luzatzea eskatu du

Iturria/Fuente: El Correo

Iturria/Fuente: El Correo

PAPRESA paper-enpresak, 2018tik 2022ra bitarteko epe laburrean, bere instalazioak aldatzeko 3 eskaera izapidetu zituen administrazio eskudunarekin. Horrela egitea, eta ez aldaketa orokor gisa, legeriari iseka egiteko ahalegin moduan interpreta daiteke, zatikatuta egitean, ingurumenaren ikuspegitik eta pertsonen osasunerako izapide zorrotzagoak saihesteko. Gogoratu behar da enpresa honek kutsagarria izan daitekeen jarduera bat egiten duela, Errenteriako hirigunean dagoela, ingurumenari eta auzokideen osasunari dagokienez sortzen dituen eraginei buruzko kexak etengabeak direla eta, egindako azken aldaketekin, murriztu beharrean, handitu egin direla.
Nahikoa ez balitz, 2023an, enpresak bere instalazioak aldatzeko beste izapide bat hasi zuen, eta, oraingoan, prozedurarik zorrotzenari lotu zitzaion. Horrek ingurumen-eraginaren ebaluazioa (IEA) egitera behartzen du, eta aukera ematen die elkarteei eta partikularrei espedientean parte hartzeko.
Aldaketa honen xede den prozedura PAPRESAk saihestu ezin duen legezko betebeharra bada ere, jendaurrean salatu besterik ezin dugu egin Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak alegazioak aurkezteko 30 egun balioduneko epea bakarrik ezarri duelako. Alde horretatik, ikusirik espedientea osatzen duen dokumentazio zabala, haren zailtasun teknikoa eta opor-garaia (abuztua-iraila) alegazioak aurkezteko, Zuzendaritza honi adierazi diogu ez gaudela batere ados erabaki horrekin eta, ondorioz, alegazioak behar bezala prestatu ahal izateko epea luzatzeko eskatu dugu.
Gure ustez, Zuzendaritza honek nahi badu parte-hartze publikoa, hau da, jendaurrean jartzeak lortu nahi duen helburua, eta ingurumenaren arloan lehentasunezko helburua izanik, ahalik eta eraginkorrena izatea, ezarritako epea luzatu beharko luke, kontuan hartzen badu arestian aipatutako guztia, eta, batez ere, Zuzendaritza horrek dituen giza baliabide eta baliabide material guztiekin ebazpena hartzeko 6 hilabete baino gehiago behar izatearen eta erakunde eta partikularren alegazioetarako, guk daukagun giza baliabide eta baliabide materialen gabezia nabarmenarekin hilabeteko epea ezartzearen artean dagoen aldea.

Biodibertsitatea berriz ere galtzaile, oraingoan Orbeldin

Ekologiston alegazioak baztertu eta ur bizien kanalaren Plan Berezia “interes publikokotzat” jo du Foru Aldundiak

El edificio en ruinas de la vieja central de Orbeldi y la presa, que sigue en pie y constituye un importante obstáculo para la fauna.

Orbeldiko zentral hidroelektrikoaren aurriak. Presa, berriz, zutik dago, arrainentzako oztopo handia da.

Foru Aldundiak Eguzkiren, Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkartearen eta NATURKONen alegazioak baztertu eta “interes publikokotzat” jo du Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharrean ur bizien kanal bat eraikitzea ahalbidetzen duen Plan Berezia.

Honek esan nahi du, besteak beste, Orbeldiko presa mantenduko dela, nahiz eta presa hori botatzea Oria biziberritzeko gakoetako bat den, itsasotik sartuta arrainek (izokinek, aingirek eta abarrek) aurkitzen duten lehen oztopo handia delako. Aldundiak berak botatzea aurreikusi du Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidarian. Are gehiago, Planean bertan dio hori dela aurreikusitako ekintza nabarmenetako bat. Esan beharrrik ez dago Aldundiak orain Orbeldiri buruz hartu duen erabakiak guztiz jota utzi duela Plan Gidariaren sinesgarritasuna.

Nolanahi ere, Aldundia ez da Orbeldin gauza bat esan eta guztiz kontrakoa egiten duen bakarra. Horra hor Usurbilgo Udala. Usurbilgo Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Planean (2016) argi eta garbi irakur daiteke Orbeldiko ingurua leheneratu egin behar dela, eta, horretarako, espresuki seinalatzen da presa eraitsi egin behar dela, arrainentzat eta Oriako uraren fluxu naturalarentzat oztopo delako (2). Hala ere, Usurbilgo Udalak behin-behineko onespena eman dio ur bizien kanalaren Plan Bereziari.

Proiektuaren planoa. Iturria: Plan Berezia.

Proiektuaren planoa. Iturria: Plan Berezia.

Eusko Jaurlaritza ere kanalaren alde dago, jakina. Azken batean, Bingen Zupiria bera izan zen 2021ean publikoki proiektu honen berri eman zuena. Gainera, laster angula-arrantza “profesionalizatzeko” dekretua argitaratuko du Jaurlaritzak. Europar Batasunaren debekuari iskin egiteko? Ez, noski, “angularen hobebeharrez”. Eta “angularen hobebeaharrez” angula-arrantza baimentzen jarraitzen duen bitartean, “espeziea babesteko neurri berriak” iragarriko diutzte. Tamalez, horien artean ez da egongo itsasotik sartuta arrainek aurkitzen duten lehen oztopo nagusia eraistea, Jaurlaritzak ere ur bizien kanala hobesten duelako.

Ez dago herri-erakundeen arteko kontsentsua baino hoberik…

Badakigu Orbeldiko ur bizien kanala ez dela Lemoizko zentral nuklearra, ez errauskailua, ez Urdaibaiko Guggenheim ere. Baina garbi dago biodibertsitatea sakrifikatzen dela edozein interesaren aurrean. Edozein. Eta inork eragozten ez badu, horixe gertatuko da Usurbilen ere.

Eguzki

Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkartea

Naturkon (Gipuzkoako talde naturzale eta ekologisten koordinadora)

(1) Planifikazio hidrologikoak behin eta berriz nabarmentzen du ibai-ekosistemak biziberritzeko ez dela nahikoa isurketa kutsakorrak ezabatzea. Horrela uren kalitate kimiko eta biologikoa hobetuko da, noski, baina ibai-ekosistemak biziberrituko badira, isurketa kutsakorrak ezabatzeaz gain, arrain-espezieen mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presa eta oztopoak ere ezabatu egin behar dira. Baita ibaiak askotan anorexikoak uzten dituzten ur-hartzeak ere. Aldundiak 784 oztopo zerrendatu ditu Gipuzkoako ibaietan, gehienak, %75 inguru, gaur egun erabilerarik gabeak. Egoera honi aurre egiteko, Gipuzkoako Ibai-Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidaria (2020-2035) onartu zuen. Planaren arabera, datozen urteetan 228 oztoporen gainean lan egingo du. Oztopo horietatik justu erdia, 114, Oriako arroan daude. Eta Oriari dagokionez, zera dio Plan Gidariak: “Cabe destacar la demolición del azud de Orbeldi, primer obstáculo desde la desembocadura”.

(2) Usurbilgo Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Planean (2016), hitzez hitz, honako hau irakur daiteke: “La propuesta de actuación consiste en la recuperación ambiental y paisajística del entorno de la presa de Orbeldi. Se plantea una restauración paisajística mediante la eliminación de la edificación abandonada, y el desmantelamiento de la presa que, en la actualidad, resulta un obstáculo para la ictiofauna, así como para el flujo natural del agua del Oria”.

Martxa Donostiako Udaletxera, Manteo-Zemoria berdeguneen defentsan

Manteo-Zemoria1Uliako Auzo Elkarteak deituta, gaur arratsaldean Manteo-Zemoria parkeen aldeko mobilizazio berri bat egin da, zehatz-mehatz, Okendo Kultur Etxetik Donostiako Udaletxera Grosen barrena joan den martxa zaratatsu bat. Hona hemen bideo bat eta zenbait argazki:

https://youtu.be/J66B28aOSXc

Manteo-Zemoria3 Manteo-Zemoria2Leloa, “Zu gabe, parkeak kentzen dizkigute!”. Izan ere, Manteo-Zemoria berdeguneetan Basque Culinary Centeren egoitza berria eraiki nahi dute. Manifestazioak espresuki interpelatu ditu BCCrekin zerikusia duten sukaldari Michelin izardunak.

Artikulu honek ondo islatzen du Manteo-Zemoriaren aldeko mugimendua elikatzen duen izpiritua. Animatu eta irakurri, merezi du eta:

https://www.naiz.eus/es/iritzia/articulos/manteo-okendo-un-menu-indigesto

manteo-zemoria5

Bai ospitaleetan behin-behineko aparkalekua eraikitzeari, babes- eta konpentsazio-neurriak hartuta, baina ez aparkaleku hori betikotzeari

Oriamendipetik hartutako argazki honetan erreka-zuloan baso sarria dagoela ikus daiteke.

Oriamendipetik hartutako argazki honetan erreka-zuloan baso sarria dagoela ikus daiteke.

Donostiako Udalak joan den astean iragarri zuen aparkaleku bat egokituko duela ospitaleetan, Osakidetzak protonterapia-zentro eta kanpo-kontsulta berriak eraikitzen dituen bitartean. Beraz, behin-behineko aparkaleku bat. Iragarpena egin eta pare bat egunetara, berriz, alkateak esan du aparkaleku hori behin-behinekoa ez baizik eta behin betikoa izan daitekeela, eta disuasio-aparkaleku gisa funtzionatu dezakeela.

Eguzkikook baietz esaten diogu behin-behineko aparkalekua egokitzeari, obrek dirauten bitartean ospitaleetara joaten den jendeari zerbitzu hori ere eman behar zaiola uste dugulako. Aparkalekua betikotzeari berriz, ezetz esaten diogu. Hona hemen gure arrazoiak…

EREMU DEGRADATUTA, BAINA INTERESEKO HABITAT BATEN MUGAN

Behin-behineko aparkalekua hartuko duen eremua gaur egun degradatuta badago ere, Barkaztegi sagardotegi eta Oriamendi bitarteko erreka-zuloaren ertz-ertzean dago. Eta erreka-zulo horrek natura aldetik badu, bai, interesik. Izan ere, Plan Orokorrean bertan “landaredi interesgarriko habitat” eta “konektagarritasun ekologikorako korridore” gisa sailkatuta dago.

Geziak seinalatzen du non egokitu nahi duten aparkalekua, erreka-zuloaren ertz-ertzean.

Geziak seinalatzen du non egokitu nahi duten aparkalekua, erreka-zuloaren ertz-ertzean.

Gauzak horrela, zera eskatzen dio Eguzkik Udalari:

– “Kirurgia-operazioa” izan dadila; aparkalekuak, bai eraikuntzan, bai zerbitzuan dagoen bitartean, erreka-zuloari ahal den kalte gutxiena egin diezaion. Adibidez, panpa-lezka edo buddleja davidii bezalako espezieak ugariak dira gaur egun aparkalekua hartu behar duen eremuan. Lanak tentuz egin ezean, inbaditzaileak erreka-zuloan are gehiago sartzeko arriskua dago. Isurketek ere kezkatzen gaituzte, likidoek zein horrelakoetan maldan behera “irristatzen” diren obra-hondakinek. Halaber, aparkaleku eta erreka-zuloaren artean bertako zuhaitz eta zuhaixkekin osatutako hesi bat altxatzea egokia izan daitekeela iruditzen zaigu. Eta aparkalekua eraikitzeko bota behar diren zuhaitzak –izan ere, dagoeneko hainbat bota dituzte– ordezkatzeko neurriak hartu behar dira.

– Behin-behineko aparkaleku-funtzioa betetzeari uzten dionean, hau da, protonterapia-zentro eta kanpo-kontsultak (berez dagozkien aparkalekuekin) eraikita daudenean, eremua naturalizatzea eta parke publiko bihurtzea. Parke publikoa da ospitaleetan gaur egun ez dagoen ekipamendu-tipo bat, oso-oso beharrezkoa. Eta, gure ustez, komeni da Udalak erabaki hori hartzea behin-behineko aparkalekua eraikitzen hasi baino lehen. Izan ere, eremu hori etorkizunean parke publiko izango dela jakiteak eragina izan dezake behin-behineko aparkalekuaren diseinu edo materialetan.

BERDEGUNEAK GEHIAGO BEHAR DIRA OSPITALEETAN TRAFIKO PARASITOA BAINO

Hau da, ez dugu ikusten inolako beharrik behin-behineko aparkalekua disuasio-erabilera duen behin betiko aparkaleku bihurtzeko. Halaber, komenigarria denik ere ez zaigu iruditzen.

Ez dugu beharrik ikusten, inguru hartan bertan badagoelako beste disuasio-aparkaleku bat, Illunbekoa, urtean zehar oso erabilera mugatua duena.

Ez zaigu komenigarria iruditzen ospitaleek nahikoa trafikoa erakartzen dutelako berez, bertan ematen diren zerbitzuei lotuta, eta ez dutelako disuasio-aparkalekuak erakarriko lukeen trafiko parasitoaren beharrik. Alegia, ez zaigu iruditzen komenigarria denik osasun-eraikinen artean behar baino auto gehiago ibiltzea.

Laburbilduz, epe laburrean, ospitaleek aparkalekua behar dute, baina, aurreikusitako lanak amaituta, gehiago behar dituzte berdeguneak disuasio-aparkalekuak baino. Izan ere, kexu gara, arrazoi osoz, gainera, itxura guztien arabera gero eta ohikoagoak izango diren bero-boladekin, baina Udalak oraindik ez omen du bere praxian barneratu horiei aurre egiteko modurik erraz eta eraginkorrenetako bat zuhaitzak eta, oro har, berdeguneak direla.

ANOETAKO ESTADIOAREN INGURUAN BOTATAKO ZUHAITZAK ORDEZKATU GABE JARRAITZEN DU DONOSTIAKO UDALAK

Aurreko paragrafoan aipatutako ideiarekin lotuta, eta ospitaleak Anoetatik oso urruti ez daudela kontuan izanik, Eguzkik Udal Gobernuari eskatu nahi dio estadioa handitu zenean bota ziren 150 zuhaitzak behingoz ordezkatzeko.

Eskaera hau 2022ko maiatzean ere egin genuen, Udalak estadioaren ingurua berrurbanizatzeko 7 milioiko partida onartu zuenean.

Orduko hartan honako hau esan genuen: “Garbi dago estadioa handitu ondoren, inguruko urbanizazioa biribiltzeko lanak egin behar direla, baina ez da ahaztu behar estadioa handitzeko 150 zuhaitz bota zirela. Beraz, estadio inguruko eraztun berde hori, behintzat, berreskuratu egin behar da. Amara dentsitate handiko auzoa da, berdegune asko ere ez dituena. Eraztun berde hori, behintzat, berreskuratu egin behar da. Gainera, gaur egun estadioaren inguruak duen ‘porlanezko basamortu’ itxura leuntzen lagunduko du”.

Bada, porlanezko basamortuak hor jarraitzen du, bero sapak hartutako egun hauetan inoiz baino ageriago. Noiz arte?

EGUZKI, 2023ko abuztua

Los puntos rojos sobre el plano representan a los árboles que fueron eliminados con ocasión de la ampliación del estadio.

Puntu gorriek adierazten dituzte botatako zuhaitzak.

Ehunka arrain hilik Urumean, izokinak barne

Ibai eta errekak oso egoera larrian daudela kontuan izanik, prebentzio-neurriak eta zaintza zorrozteko eskatzen du Eguzkik

Urumea hernani 23-3Ehunka arrain, amuarrain eta izokinak, gehienak neurri txikikoak, hilik agertu dira aste honetan Urumean, Hernaniko Karabel zubi inguruan. Partikular batek abisatuta, Aldundiko Basozaintza Zerbitzuarekin eta Urarekin jarri gara harremanetan.

Urumea, Euskal Herriko ibai eta erreka gehienak bezala, muturreko egoeran dago. Batetik, ur gutxi; bestetik, bero itogarria. Horrek arrainen biziraupen-aukerak muga-mugan ipintzen ditu, batez ere kanalizatuta edo/eta zabalduta dauden zatietan, non ertzeetan itzala egingo duen landarerik ere asktotan ez dagoen.

Gauzak horrela, ibaiko urak oxigeno kopuru txikia du eta edozein isurketak edo bestelako gorabeherak hil ala biziko atakan jartzen ditu arrainak. Baita beste egoera batean oharkabean pasatu zitekeen edozein isurketak edo gorabeherak ere. Oso litekeena da kasu honetan hori gertatu izana.

Pena da, denbora luzean egindako lana bat-batean galtzeko arriskua baitago. Aste honetan Urumean galdutako arraien artean izokinak daude; atera kontuak.

Berriz ere esan beharra dugu: ez da Urumea bakarrik egoera larrian dagoena, Euskal Herriko ibai eta erreka gehienak baizik. Beraz, prebentzio-neurriak eta zaintza zorroztea tokatzen da.

EGUZKI Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2023ko abuztuan

 

Zezenketen kontrako manifestazio jendetsua Donostiako Aste Nagusiaren atarian

AsteNagusia2023Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak antolatutako manifestazio batek zeharkatu ditu gaur arratsaldean Donostiako kaleak Aste Nagusiaren atarian. Honako bideo hauetan mobilizazioa oso ondo islatuta dago:

Gotzon en Twitter: “Zezenketen kontrako manifestazioa Donostian (1) #zezenketa #antitaurino https://t.co/YJvPJ2eT8L” / X

Gotzon en Twitter: “Zezenketen kontrako manifestazioa Donostian (2) #zezenketa #antitaurino https://t.co/T3Qhts1T1O” / X

https://www.youtube.com/watch?v=D20e3Gy71DI

Mezuari dagokionez, oso argia iruditu zaigu Irutxuloko Hitzak argitaratu duen honako elkarrizketa hau:

«Apustu instituzional bat dago zezenketei modu artifizialean eusteko» : Irutxuloko Hitza

Manifestazioaren bukaeran honako hauek ere entzun dira:

Zezenketei “festa” deitzen diete. Animaliak hil arte torturatzea ikuskizun gisa ez zaigu onargarria iruditzen. Hildakorik baldin badago, ez dago festarik.

Badakigu zezenketak eragoztea posible dela. Udalak bere instalazioak egokiak iruditzen ez zaizkion ekitaldietarako ez alokatzeko aukera du. Hala izan da iragan hurbilean, herritarren presioari eta beste erakunde politiko batzuen nahiari esker. Beraz, zezenketak ahalbidetzea Eneko Goia alkatearen borondatea da.

Alkate jauna:

– Ez dugu zezenketarik nahi

– Eta zezenketak bertan behera geratzen ez diren bitartean, ez dugu Udalak laguntza ematea nahi. Ez dugu udal-instalazioak uztea nahi, ez dugu publizitaterako erraztasunak ematea nahi eta ez dugu faenarik onena Urrezko Maskorrarekin saritzea nahi. Zezenketak, Goiak dioen bezala, enpresa pribatu baten ekimena eta soil-soilik enprea pribatu baten ekimena badira, zer pintatzen du Udalak faena onenari Urrezko Maskorra ematen? Faenarik onena, egiten ez dena.

-5929409047429123774_1109 (1)

Donostiako alkatea edo Tancredo jauna Illunben

kartelaBazen toreatzeko modu berezi bat, XX. mendeko lehen hamarkadetan nolabaiteko arrakasta lortu zuena. Gizon bat, gehienetan zuriz margotua, plaza erdian paratzen zen geldi-geldirik, zirkin txikiena ere egin gabe, zezenaren zain. Helburua zen zezenari sinestaraztea objektu bizigabea zela, estatua bat edo, eta, horrela, haren erasoa saihestea. Gizon hari Don Tancredo esaten zioten, eta, beraz, toreatzeko modu hura Don Tancredoarena egitea zen. Bada, Illunbeko zezenketei dagokienez, Eneko Goiaren portaerak Don Tancredo harena dakar gogora. Izan ere, Donostiako alkateak geldi-geldirik dago, arazoak harekin zerikusirik ez balu bezala, oharkabean pasatu nahian. Zezenketak ekimen pribatua direla argudiatzen du, legezkoak direla, Udalak ezin dituela debekatu eta Donostian badela zezenketak egiteko berariaz eraikitako plaza bat. Gauzak horrela, zer egingo diogu?

Baina, Goiak sinestarazi nahi duenaren kontra, Udala ez da arazo honetan neutrala, ezinbesteko eragilea baizik. Izan ere, Donostian zezenketak egiten dira soil-soilik antolatzaileek udal-plaza bat erabil dezaketelako. Plaza hori, badakizue, donostiar guztion artean urre-prezioan ordaindu genuen eta ordaintzen jarraitzen dugu, sustatzaileek xentimorik ez zitzaigula kostatuko behin eta berriro esaten zuten arren. Gainera, Udalak zezenketak sustengatzen dituela modu askotara islatzen da. Horra hor propapanda egiteko erraztasunak edota Aste Nagusiko “faena” onenari emandako Urrezko Maskorra. Portzierto… Udalak aurten ere Illunbeko disuasio-aparkalekua itxiko du zezenketa-egunetan taurinoek eta taurinoek bakarrik erabil dezaten? Iaz asko izan ginen mesede-tratu hura salatu genuenok: batetik, gainerako herritarrokiko neurri zeharo diskriminatzailea delako eta, bestetik, Aste Nagusian trafikoa nola edo hala arintzeko irizpideekin guztiz inkoherentea delako, Real Automóvil Clubek agerian utzi zuen bezala. Beraz, aurten zer?

La concejal Lagé, el torero premiado y Pepe Delgado, representante del jurado. Fuente: J.M. LÓPEZ / DIARIO VASCO.

Urrezko azken maskorrarekin saritutako toreatzailea erdi-erdian. Bere eskuinean, zinegotzia eta, ezkerrean, berriz, epaimahikoetako bat. Iturria: J.M. LÓPEZ / DIARIO VASCO.

Egia esan, Eneko Goiak ez du beti Don Tancredorena egin. Ondo gogoan ditugu Udalari, zezenketen kasuan, Illunbeko alokairu-prezioa merkatzeko eskaerak egiten zizkion garaiak. Alkate bihurtu bezain pronto, berriz, zezenketak berrezarri zituen Illunben. “Normaltasunera”, hau da, “betikora” bueltatu izanaren sintoma ziren, nonbait.

Ondo gogoan ditugu, halaber, Donostia Antitaurina Orain! plataformak, Herritarren Partaidetzarako Araudia xehe-xehe betez, bildutako 10.000 sinadurak. Sinadura haiek bidea ireki zioten herri-galdeta bat egiteari, alegia, Udalak Illunbeko instalazioak zezenketak egiteko uzten jarraitu behar ote zuen donostiarrok erabakitzeari. Goiak, itxuraz behintzat, onartu egin zuen, eta galdeketa 2017ko otsailaren 19an egingo zela ere iragarri. Egia da Ministro Kontseiluak debekatu egin zuela, baina hori bezain egia da Goiak debekua salatu eta “beste bide batzuk” aztertuko zituela iragarri zuela, “herritarrek gai honi buruz duten iritzia adierazteko aukera izan dezaten”. Bide horiek izan, badira. Izan ere, Udalak erabiltzen ditu egoki ikusten duenean, esaterako, Urrezko Danborra hautatzeko. Gutxiago ere ezin zen Goiaren partetik espero. Azken batean, Ministro Kontseiluaren debeku hura udal-autonomiaren eta donostiarrok geure ekipamenduen gainean izan beharko genukeen erabakitzeko eskubide oinarri-oinarrizkoaren kontrako estatu-kolpe bat zen.

Baina Goiak ez zuen hitza bete. Eta susmoa dugu horrek baduela zerikusia 2017an bertan Udalak berak eginiko inkesta baten emaitzekin. Inkesta haren arabera, donostiarron %71ren iritziz, EZ da onartu behar udal-instalazioak zezen-ikuskizunetarako erabiltzea. Orduan hasi zen Goia Don Tancredorena egiten. Esan gabe doa horrela garbi lerrotzen dela animalien tortura ikuskizun bihurtzen duen ekimen baten alde eta herri-galdeketa batean oinarritutako konponbide demokratiko baten kontra.

goia bete zure hitzaNoiz arte jarraituko du Goiak Don Tancredorena egiten? Bada, amarruak funtzionatzen dion arte, jakina. Dena dela, PSOErekin sinatutako udal-gobernuaren akordio zaharberrituak beharbada uste baino lehen bere itxurazko tankredismoa alde batera uztera behartu dezake. Izan ere, akordio horrek, besteak beste, honako hau dio: “Ezinbestekoa da legegintzaldi honen barruan Anoetako kirol-hiriko ekipamenduak berritzea eta Illunbe egokitzea, Donostiak lehen mailako kirol, kultur eta arte ekitaldiak hartzeko izan behar duen erabilera anitzeko pabiloi izateko”.

Honako hau da galdera: egokitze-proiektuan erabilera taurinoari eutsiko dio udal-gobernuak? (Urte osoan zehar egin daitezkeen beste erabilera batzuen kaltetan bada ere?). Izan ere, hori Udalaren erabakia da. Hor ezin du argudiatu Espainako Gobernuak ez diola uzten galdeketa bat egiten, edo epaileek esaten dutela zezen-plaza badago, zezenketak egin, egin daitezkeela. Beraz, planteatu dugun galderari ematen zaion erantzuna baietz bada, Udala, herritarrei bizkarra emateaz gain, zezenketak berriz ere denon diruaz finantzatzen arituko litzateke. Gauzak horrela, akabo Goiarentzat Don Tancredoren mozorroa.

Testuinguru honetan, hilaren 12an, Aste Nagusiaren hasierarekin batera, ohi bezala, Illunbeko zezenketak eta Udalak horien aurrean duen jarrera salatzeko manifestazio bat antolatu du Gipuzkoa Antitaurinak. Eguzkiko kideok bat egiten dugu, noski, eta ekimena bene-benetan eskertzen dugu, donostiarroi geure baitan dagoen sentimendu antitaurinoa bistaratzeko aukera ematen digulako. Sentimendu hori oinarrizko konbentzimendu batetik abiatzen da: animaliak hiltzeraino torturatzea dibertimendu edo ikuskizun hutsez ez da zilegi, ez Donostian ez inon. Baina sinetsita gaude donostiarron sentimendu antitaurinoak beste konbentzimendu-iturri batzuetatik ere edaten duela. Iturri horietako bat honako hau izan daiteke: Illunberekin zerikusia duen guztia hasiera-hasieratik donostiarroi egindako iruzurra izan zen eta bada iruzur horrekin behingoz bukatzeko garaia. Edo honako beste hau: hamaika aldiz entzun dugu zezenketazaletasuna ez dela ez eskuin ez ezkerrekoa, ez euskaldun ez espainola, ez monarkiko ez errepublikanoa; ados, baina Illunbeko kasuan, behintzat, ogi txigortua beti gurinaren aldetik erori da, eta hori oso garbi geratu zen Illunbeko “errekonkistaren” ondoren  errege emeritua aita ponteko izendatu zutenean, eta horretan urtez urte jardun zen, harik eta, ustelkeriarekin zerikusia omen duten arazotxoen ondorioz, desterru moduko batera bidali zuten arte (urrezko desterrua, hori bai).

Fuente: diariovasco.com.

Iturria: diariovasco.com.

Idatzi hau bukatzeko, ohar bat: Don Tancredorena egiten zutenak aspaldi desagertu ziren zezen-plazetatik, zezenak sarri amarruaz jabetzen zirelako eta orduan amarru-egileei  garesti ateratzen zitzaielako.

EGUZKI, 2023ko abuztua

Zezenketen kontrako manifestazioa Donostian, Aste Nagusiaren atarian

Gaur goizean Donostiako Udaletxean plataformak eskaini duen prentsaurrekoa.

Gaur goizean Donostiako Udaletxean plataformak eskaini duen prentsaurrekoa.

Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak prentsaurreko bat eskaini du gaur Donostiako Udaletxean, Aste Nagusiaren atarian egingo duen manifestazioaren berri emateko.

Manifestazioa abuztuaren 12an izango da, 18:00etan, Bulebarrean.

Hona hemen kartela:

kartelaEguzki manifestazio-deialdiarekin bat dator, noski, eta parte hartzera espresuki animatzen zaituzte.

PRENTSAURREKOAN ZABALDUTAKO ADIERAZPENA

2023ko abuztuaren 12an Donostiako Aste Nagusia hasiko da eta enpresari partikular bati alokatutako areto publikoan 18 zezen heriotza arte izango dira torturatuak.

Udal honek ondo asko daki donostiarron gehiengo zabalak ez duela zezenketarik nahi gure hirian. Ez dugu ulertzen jaialdi dela dioten horretan animaliei tratu txarrak eragin eta hiltzea ogibide edota gozamenerako ariketa izatea.

Badakigu ere zezenketak eragoztea posible dela. Udalak bere aretoak  egoki ez deritzen ekitaldietarako ez alokatzeko aukera du, halaxe izan delarik iragan hurbilean, herritarren presioari eta beste erakunde politiko batzuen nahiari jarraiki. Beraz, zezenketak ahalbidetzea Eneko Goia alkatearen borondatea da.

Ez dugu nahi, ez Donostian ez beste inon ere, zezenen tortura eta erailketarik.

Festen programan zezenketak ez azaltzen jarraitzea nahi dugu, ez baitira beronen parte. Hildakorik baldin bada, ez dira festak.

Udalak urtero ematen duen faena onenaren saria desagertzea nahi dugu. Faenarik onena egiten ez dena baita.

Halako jarduera nazkagarrietarako Udalak ezein areto publiko, fisiko zein ez fisiko, ez esleitzea nahi dugu.

Goia jauna, XXI. mendean gaude eta zuk harro aldarrikatzen duzu etorkizunari begiratzen diozula, zureak dira esaldiok: “Aurrera egiteko aurrera urratsa egiteko garaia da, donostiar harro izateari bultzada ematekoa”. Zezen erailketak zaharrrak dira, oso zaharrak. Gure donostiar harrotasuna lotsaizun bilakatzen da.

Udal gobernuaren pasibitatea salatu nahi dugu, halaber, Ilunbe erabilera anitzezko areto ez bilakatuz,  era horretan kirol premiei erantzun ematea  zein  zezenen erailketa eragotziz.

Manifestazioan asko zein gutxi izan, morala eta etika beti aurretik!

Gogoratu, Goia jauna:

– ez dugu zezenketarik nahi,

– ez zezenketei buruzko publizitaterik leku publikoetan,

– ez toreatzaileentzako saririk.

-5929409047429123774_1109 (1)

Zestoako Iraeta auzoan legez kanpoko hondakin isurketak salatu ditu berriro Eguzkik

Legez kanpoko hondakin-deposito berrietako bat, elizatik gertu.

Legez kanpoko hondakin-deposito berrietako bat, elizatik gertu.

Ekainaren amaieran salatu genuen legez kanpoko hondakin isurketa bat gertatu zela elizatik 100 metro eskasera, Arroa Goia eta Ibañarrieta auzoetara doan errepidean, eta beste bat elizatik bertatik 900 metro inguruko hartxintxarrezko pista bati jarraituz, Aizarnazabal aldera. Oraingoan, beste bi isurketa salatu behar ditugu auzo berean, baina isurketa horiek ez dute eraginik izan ibai-sisteman, aurrekoekin gertatu zen bezala, non hondakin asko hainbat errekastotara isuri ziren.

Hemen ekainaren amaierako komunikatua: http://eguzki.org/2023/07/01/legez-kanpoko-hondakin-isurketak-salatu-ditu-eguzkik-zestoako-iraeta-auzoan/

Isurketetako bat leku berean gertatu da, elizatik 100 metrora. Besteak beste, etxeko hondakinez betetako poltsak eta eraikuntza-elementuak egiteko erabiltzen diren morterozko zakuak. Oro har, igeltserotza-lanetarako erabiltzen dira.

Hurrengo isurketa aurrekotik 300 metrora dago, Arroa Goia eta Ibañarrieta auzoetarako errepidea, ezkerretara, autobus-geltoki baten atzean, ibilgailuak aparkatzeko erabiltzen den gune batean. Gehienak hiri-hondakinak dira. Neurri txikiagoan, baita ere, pertsiana-zerrendak eta oihal zurizko zakuak, hormetarako paper margotuz beteak. Era berean, uralita-hodien zati txikiak (gogoratu uralita hondakin arriskutsu gisa sailkatuta dagoela amianto-edukiagatik). Horrek guztiak esan nahi du litekeena dela hondakin horiek eraikuntzako eta etxeko konponketako obra txikietatik etortzea.

Bigarren hondakin-depostitoa, aparkaleku batean.

Bigarren hondakin-depostitoa, aparkaleku batean.

Uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera, debekatuta dago hondakinak kontrolik gabe isurtzea edo ezabatzea. Toki-erakundeei dagokie beren eskumenen esparruan zaintza- eta ikuskapen-ahalak eta zehatzeko ahala baliatzea.

Horregatik, Eguzkik Zestoako Udalari eta Urola Erdiko Mankomunitateari eskatu die ingurua lehengoratzeko eta gertakari horiek ikertzeko.

Eguzki, 2023ko uztaila

Udala harrokeriatan dabil, baina Lasarte-Oriak jarraitzen du Gipuzkoan birziklatzearen atzeko bagoian joaten

Errefuxarako edukiontzi berrietako bat, sarrailaduna.

Errefuxarako edukiontzi berrietako bat, sarrailaduna.

Lasarte-Oriako Udalak espresuki uko egin dio urtetan hiri-hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak hartzeari, eta, ondorioz, herria, Gipuzkoan, birziklatzearen atzeko bagoian jarri du. Orain, berriz, zerbait egin behar duela erabaki du –bazen garaia!–, baina, ia ezer egiten hasi aurretik ere, fruituak bildu nahi omen ditu. Horretarako, kartelak jarri ditu herriko atari eta dendetan. Kartel horietan, “Gehiago eta hobeto birziklatzen dugu” izenburupean, zera diosku, “datuek ez dutela engainatzen” eta “ez dagoela [ez birziklatzeko] aitzakiarik”. “Konpromisoaz” ere mintzo zaigu. Gauzak horrela, Eguzkikooi beste behin ere Josetxo Kilkerrarena egitea dagokigu, eta, idatzi hau bukatu arte irakurtzeko pazientzia baduzu, egiaztatu ahal izango duzu Udalaren harrokeria edo euforia hori ez dagoela inolaz ere justifikatuta. Eta datuen bidez egiaztatu ahal izango duzu. Izan ere, Udalak bere propagandan dioen bezala, “datuek ez dute engainatzen”.

Zertan oinarritzen da Udalaren euforia?

Orain dela zenbait hilabete, Udalak errefusarako edukiontzi berriak jarri zituen, sarrailadunak. Edukiontzi horiek irekita jarraitzen dute eta uda pasatu arte, behintzat, ez dira itxiko. Alabaina, eta edukiontzi berriak jartzearekin batera, Udalak etxe guztietara birziklatze-kit bat bidali zuen. Kit horretan, etxean organikoa biltzeko ohiko ontzi eta informazio-foiletoarekin batera, txartel bat bidali zuen. Txartel horrekin errefusarako edukiontziak ireki ahal izango dira, ixten dituztenean, baina txartel horrexekin dagoeneko ireki daitezke aspalditik itxita dauden organikorako edukiontziak. Gauzak horrela, sistema berria bere osotasunean zerbitzuan sartu gabe ere, Udalak dio hondakin organikoen bilketak hobera egin duela, modu nabarmenean gainera, izan ere, %50 hazi omen da. Hau da, Udalak urtetan hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak hartzeari uko egin ondoren, zerbait egiten hasi da eta emaitzak berehala geratu dira bistan.

%50 organiko gehiago biltzea asko da, ezta? Egia esan, Udalak berak esan duenez, sortzen den organiko guztiaren herena baino ez da gaika biltzen. Beraz, %50 “ikusgarri” horrek agerian uzten du, oroz gain, orain arte oso gutxi jaso dela eta oraindik oso handia dela hobetzeko tartea. Izan ere, Udalak berak jakinarazi duenez, hain handia dirudien %50 horri esker, Lasarte-Oriako gaikako bilketa orokorra (hau da, beira, plastikoak, papera eta gainerakoak barne) %51,5era iritsi da maiatzean. Orain arte baino gehiago, noski –berehala ikusiko dugu 2022an %44,9rekin itxi zela–, baina, hala ere, Lasarte-Oriak jarraitzen du izaten –Donostiarekin batera, jakina– San Marko Mankomunitatean gutxien birziklatzen duen herria, eta Gipuzkoako batez bestekoaren nahiko azpitik, gainera.

“Datuek ez dute engainatzen”

“Datuek ez dute engainatzen”, diosku Udalak. Bada, ikus dezagun datuen argitan zer postu dagokion Lasarte-Oriari Gipuzkoako birziklatzearen rankingean.

Honako taula honetan, hondakinen gaikako bilketa 2022an, San Marko Mankomunitatean, herriz herri:

sanmarko2022_eusHonako taula honetan, berriz, hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

Gipuzkoa2022_eusBeraz, hau da errealitatea: Lasarte-Oria da, Donostiarekin batera, San Markon gutxien birziklatzen duen herria, eta, halaber, San Marko da –Donostiako eta neurri apalagoan Lasarte-Oriako bilketa eskasaren ondorioz– Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea.

Bost urteko atzerapena

Tira –pentsa dezake baten batek–, baina hori orain arte gertatu da; hemendik aurrera, gauzak aldatuko dira; izan ere, Udalak esan du maiatzean gaikako bilketa %51,5era iritsi dela eta 2025ean %55era iritsiko dela, Europar Batasunaren helburuak betez.

Tira, bada. Baina, egia esan, bazen mugitzen hasteko ordua, ezta? Gainera, 5. edukiontzia –organikoarena– ipini zuenean bezala, ematen du beti azken momentura arte itxoiten duela mugitzen hasteko eta, are gehiago, mugimenduak minimo-minimoetara mugatzen dituela. Nolanahi ere, Gipuzkoako herri gehienekin konparatuta, mugimendu horiek oso atzerapen handiarekin datoz.

Baina zenbateko atzerapenarekin? Atzerapen hori zenbatekoa den zehaztu daiteke? Bai, atzerapen hori gutxienez 5 urtekoa da. Izan ere, Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensio –Lasarte-Oriako alkatearen alderdi berekoa, portzierto– harro jakinarazi zuen 2020an Gipuzkoako birziklatze-tasa %55,24koa zela, eta, beraz, Europak 2025erako ezarritako %55eko helburua gaindituta zegoela. Bestela esanda: Gipuzkoako herriek, orokorrean, 2020an lortu zuten Lasarte-Oriako Udala orain 2025erako planteatzen ari den helburua. Datu hori kontuan izanda, garbi dago Lasarte-Oriako Udalak ez duela “konpromisoaz” harro-harro hitz egiteko zilegitasunik. Halaber, “ez dago aitzakiarik”, dio, baina urte hauetan guztietan hamaika aitzakia erabili ditu ez egiteko orain –oraindik oso modu apalean– egiten hasi dena.

“Datuek ez dute engainatzen”, dio Udalak. Bada, orain arte esandako guztia datuetan sendo oinarrituta esan dugu.

Udalak herritarrei eskerrak ematea ondo dago, baina hobeto egongo litzateke baldin eta dagozkien hobariak emango balizkie

“Eskerrik asko birziklatzean parte hartzeagatik”, dio Udalak herritarrei zuzendutako karteletan. Ondo dago eskerrak ematea, baina hobeto egongo litzateke baldin eta dagokiena emango balie. Eta zer dagokie? 5. edukiontzia –organikoarena– ezarri zenetik zabor-tasetan ukatu dien hobari edo deskontua, Udalak tarifa finkoa inposatzen jarraitzen baitu. Hau da, birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordaintzen dute. Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada,  arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Horregatik diogu ondo dagoela Udalak herritarrei birziklatzean parte hartzeagatik eskerrak ematea, baina hobeto egongo litzatekeela baldin eta dagozkien deskontuak egingo balizkie, antzeko bilketa-sistema duten inguruko herrietan egiten duten bezala, esaterako, zabor-kontuetan batere eredugarri ez den Donostian ere egiten duten bezala.

Baldin eta idatzi hau orain arte irakurtzeko pazientzia izan baduzu,  azken oharra: parte hartu gaikako bilketan ahal duzun gehien, naturaltasunez eta inolako erreparorik gabe; ez da lan handia eta onurak begi-bistakoak dira. Hau da, idatzi honen helburua ez da birziklatzean parte hartzearen inguruko dudak sortzea. Helburua da agerian uztea Lasarte-Oriako Udalaren diskurtso ofizialak hondakinen gaikako bilketaren inguruan “zulo” asko dituela. Azken batean, Udalak zer dio? Helburu bat lortu nahi duela Gipuzkoako udal gehienek baino 5 urte geroago. Ez dirudi horrek harrokerietan ibiltzeko ematen duenik, ezta?

EGUZKI, 2023ko uztaila

Hau da Udalak atari eta dendetan ipini duen kartela.

Hau da Udalak atari eta dendetan ipini duen kartela.