All posts by Donostia

Bukatu egin dira Illunben zezenak hiltzen jarraitzeko aitzakia guztiak

ilunbe feoAuzitegi Nagusiaren azken epaiaren arabera, Donostiako Udala ez dago behartuta Illunbe alokatzera bertan zezenak hil ditzaten. Beraz, Udalari bukatu egin zaizkio Illunben zezenketak egiten jarrai ditzaten uzteko aitzakia guztiak.

Auzitegi Nagusiak dioenez, Udala guztiz burujabea da Illunberi egoki iruditzen zaion erabilera emateko.

Illunbe zezenketa-leku izan ez dadin, herritarron aldarria etengabea izan da:

– Udalak herritarron iritziak ezagutzeko irailean egin zuen inkestaren arabera, donostiarron % 71 udal instalazioetan zezenketak egitearen kontra gaude.

– 1993an egin zen inkesta ospetsu batean antzeko emaitza atera zen: % 72 Donostian zezenketak egitearen kontra zegoen.

– Garai hartako alkateari 13.000 sinadura aurkeztu zitzaizkion zezenplaza ez eraikitzeko esaktuz. Badakizue, donostiarroi “xentimo bat ere” kostatu behar ez omen zitzaigun zezenplaza hura, nahiz eta gero, Auzitegi Nagusiak 2002an hartutako erabaki baten ondorioz, Udalaren poltsikoan 20 milioi euroko zuloa egin zuen.

– Legegaldi honetan bertan, Donostia Antitaurina Orain! plataformak 10.000 sinadura bildu zituen, banan-banan egiaztatuak, Udalai gai honi buruzko galdeketa bat eskatzeko.

Cdq8N-6XEAA1-2xEneko Goia alkateak, itxuraz, behintzat, proposamena onartu zuen, eta galdeketa 2017ko otsailaren 19an egingo zela iragarri zuen. Baina PPk Estatu-makineria martxan jarri zuen. Lehendabizi, bertan behera utzi zuen Galdeketen Udal Araudia, Udaletxean aho batez onartutakoa, baita PPeren zinegozien botoekin ere. Gero, berriz, Ministro Kontseiluak galdeketa bera debekatu egin zuen.

Estatuaren jarrera horrek udal autonomiari eta donostiarron erabakitzeko eskubideari kolpe latza jotzen ziela ikusita, Goiak hitz eman zuen herritarrek beren iritzia adierazteko beste bide batzuk aztertuko zituela.

antitaurino inglisBada, Goia eta bere gobernua “aztertzen” ari ziren bitartean, joan den udan 50 zezen gehiago hil zituzten Illunben.

Gauzak horrela, bi eskaera udal gobernuari:

1- Bada konpromisoa betetzeko eta Illunberen erabilerari buruzko herri-galdeketa martxan jartzeko garaia. Eta galdeketa egitera ausartzen ez badira, partehartze-mekanismoak jar ditzatela. Aurten, adibidez, Urrezko Danborra partehartze-mekanismoen bidez eman dute. Bada, Illunberen auzia argitzeko ere antzeko mekanismoak erabil ditzaten; hori bai, berme osoko prozesu batean.

Baina, arren, donostiarroi behingoz galde diezagutela.

2- Hau egiten ez den bitartean, Illunben zezenak ez hiltzeko moratoria, luzamendu edo dena delakoa ezar dezaten.

Donostiarron artean gai honi buruzko iritzi nagusia zein den badaki Udalak, edo, behintzat, badu susmo sendoa. Orain arte legezko aitzakiak erabili ditu burladero moduan. Baina Auzitegi Naguisiaren epaiaren ondoren, erabaki ausart eta demokratikoa ez hartzeko aitzakia guztiak bukatu egin dira.

Donostiako EGUZKI

Emauseko Traperoek dortoka bat eta kaiman bat erretiratu dituzte Eguberritako enkantetik

Emauseko Traperoek urtero Eguberritan egin ohi duten enkantetik karei dortoka bat eta kaimankume disekatu bat erretiratu dituzte, Eguzkiren bidez bi espezie hauek CITESek babestuta daudela jakin bezain pronto. CITES da mehatxatutako faunaren trafikoa eragozteko nazioarteko hitzarmena.

“Ez dugu inola ere horrelako zerbaitekin dirua egin nahi, eta animalia horiek dohaintza moduan emango dizkiogu zientzia-erakunderen bati”, adierazi du Traperoen bozeramale batek. Dortoka Aquariumera joango da eta kaimana, berriz, seguruena Zientziaren Kutxaespaziora.

Eguzkik espresuki aitortu nahi du Traperoek lehen momentutik izan duten jarrera.

dortoka1kaimana1

Donostian zuhaitz gehiago bota dituztela salatu du Eguzkik

Pio Barojan, zuhaitzak egur eginda.

Pio Barojan, zuhaitzak egur eginda.

Donostian zuhaitzak hilero botatzen dituzte, huts egin gabe. Abenduan bi lekutan, behintzat, bota dituzte, Pio Barojan eta Zarautz hiribidean.

Astearte goizean 40 zuhaitz inguru bota zituzten Costa Vasca hotela eta kiroldegi bitartean. Asteazkenean, berriz, beste horrenbeste Zarautz hiribidean, antza denez, Metroaren lanak hasteko asmotan.

Berriro ere Donostiako zuhaitzak egur egin dituzte, oraingoan beharrezkoa ez den, garestia den eta herritarrek eskatu ez duten Metroaren mesedean.

Zarauzko hiribidean.

Zarauzko hiribidean.

Politikari profesionalek klima-aldaketari aurre egiteko deialdiak egiten dituzte, baina, aldi berean, zuhaitzak nonahi botatzen dituzte. Lehen Lourdes Txikin, Belartzan, Gladys Enean, Zubietan eta beste hainbat lekutan bota zituzten; oraingoan, berriz, Pio Barojan eta Zarautz hiribidean.

Inork ez die esan zuhaitzak hirietan oinarri-oinarrizkoak direla klima-aldaketari aurre egiteko?

Beharbada badakite, baina bistan da ez diela axola.

EGUZKI

Jaurlaritzak 2018an ere ez du ibaiak saneatzeko dituen konpromisoak betetzeko asmorik

Eusko Jaurlaritzak 2018an ere ez ditu beteko ur-saneamendu alorrean dituen konpromisoak. Izan ere, aurkeztu duen aurrekontu-proiektua ikusita, atzerapenak pilatzen jarraituko dira, ezinbestez pilatzen jarraituko, gainera.

Gipuzkoako kasua

Hona hemen 2018ko aurrekontu-proiektua:

CapturaGuztira, 12.941.224 euro. Iaz, berriz, 12.566.576. Beraz, aurtengo aurrekontua zertxobait handixeagoa da. Gipuzkoako kasuan (Mallabia eta Ermua barne, udalerri horietako ur zikinak Debara isurtzen direlako), aurtengo aurrekontua 1,7 milioi eurokoa da, iazkoa baino dezente handiagoa. Alabaina, kontuan izan iazko aurrekontua, 612.000 eurokoa baino ez zela izan, hau da, hutsaren hurrengo.

Gipuzkoako aurrekontua aurten pixka bat gizendu izanak aspalditik zain dagoen zenbait proiekturi behingoz heltzeko aukera emango omen du, Pasai Donibanekoa kasu (ea oraingoan egia den), baina, egia esan, diru kopuru hori huskeria da kontuan hartzen badugu Eusko Jaurlaritzak herrialde honetako saneamenduarekin pilatu duen zorra 50 milioi euro ingurukoa dela.

Zor hori Jaurlaritzak berak Foru Aldundiarekin eta mankomunitateekin izenpetu zuen Hitzarmen Markoaren ondorio da. Hitzarmen horren bidez, instituzioek adostu zuten 2007. eta 2011. bitartean zer lan hidrauliko egin behar ziren Gipuzkoan, eta finantziazioaren ardura elkarren artean nola banatu. Jaurlaritzak, baina, ez du bere partea egundaino bete.

2016ko urtarrilean, berriz, BOEk Plan Hidrologiko berria argitaratu zuen. Plan horren Neurri Programan, egiteke dauden saneamendu-lanak aurrera eramateko epeak modu nabarmenean laxatu ziren. Dena dela, epe berriak kontuan hartuta ere, Jaurlaritzak huts egiten jarraitzen du. Begiratu honako taula hau:

taula_eusHau da, Plan Hidrologikoaren epe berriak kunplitzeko , Eusko Jaurlaritzak 2019an, 2020an eta 2021ean, guztira, 16,89 milioi euro inbertitu beharko lituzke. Diru kopuru estratosferikoa da 2017ko eta 2018ko aurrekontuetan, batuta, alor horretara 2,01 milioi euro baino ez dituela bideratu.

Eta ez da begi-bistatik galdu behar, batetik, Jaurlaritzak 2007. eta 2011. urte bitarterako hartu zituen konpromisoez ari garela, eta, bestetik, 2021. urtetik aurrera beste 31 milioiko inbertsioei heldu beharko diela.

Martxa honetan, 2050ean ere osatu gabe jarraituko du oinarrizko saneamendu-sareak.

EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: “Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraulikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera”. Bada, inbertsio-maila honekin ibaien kutsadurari aurre egiteko konpromiso hori dagoeneko orbel-haizea dela esan dezakegu.

Eguzki, 2017ko abenduan

(*) Lan hauek une honetan egiten ari dira, Foru Aldundiaren eta Añarbeko Uren kontura. Bestalde, taulan ez da aipatzen Villabonako saneamendu-proiektua, Jaurlaritzak iaz 300.000 eurorekin finantzatu zuena.

Sentsore adimentsuak Donostiako hondakinak biltzeko sistemaren eraginkortasunik eza ezkutatzeko

Herritarren % 14k bakarrik erabiltzen du 5. edukiontzia.

Herritarren % 14k bakarrik erabiltzen du 5. edukiontzia.

Donostiako Udalak iragarri du laster, Foru Aldundiarekin batera, 100 sentsore adimentsu ezarriko dituela Groseko eta Amarako errefuxako edukiontzietan. Guztira, 65.000 euroko gastua. Dirutza, alegia.

Beharbada baten batek pentsatuko du sentsore adimentsuek Donostiako birziklatze-tasa txikia handitzen lagunduko dutela. Ez da horrela izango, ordea. Izan ere, sentsore hauen funtsezko helburua edukiontziak beteta ote dauden neurtzea izango da. Informazio horri esker, enpresa biltzaileek jakin ahal izango dute egunean bertan hustu behar dituzten ala hurrengo egunera arte hustu gabe utzi ditzaketen. Laburbilduz: sentsore hauekin irabaziko duten bakarrak enpresak izango dira, denbora aurreztu ahal izango dutelako.

Sentsoreen inguruko ekimen azaleko honek berriro ere agerian utzi du Udalaren eta Foru Aldundiaren partetik ez dagoela gaikako bilketa hobetzeko interesik. Horixe da, hain justu, Donostiako Udalari benetan kezkatu beharko litzaiokeena, alegia, gaikako bilketa-tasa hobetzea. Izan ere, tasa hori, % 38, Gipuzkaoko txikienetako bat da, txikiena ez bada. Eta horrela da Donostian hondakinak biltzeko ezarrita dagoen sistema eraginkorra ez delako. Sistema hori herritarron boluntarismoan oinarrituta dago, eta, jakina, askoz erosoagoa da dena batera errefuxako edukiontzira botatzea gaika biltzea baino.

Gainera, sistemak herritarron “alferkeria” sustatzen du. Hona hemen datu adierazgarri bat: errefuxako edukiontziak, guztira, 1.539 dira, beraz, nonahi daude; gaikako bilketakoak, berriz, 550 baino ez, beraz, ez daude nonahi.

Aipamen berezia merezi du zaborren zatiki organikoa biltzeko 5. edukiontziak. Salatu beharra dago edukiontzi hori, “donostiar erara” ezarria, zigorra dela zintzo birziklatu nahi duten herritar arduratsuentzat. Herritar hauek zatiki organikoa, etxean gaika biltzeaz gain, edukiontzi marroi batera eraman behar dute (470 edukiontzi marroi daude, hau da, hiru aldiz gutxiago errefuxakoena baino), txartela erabili behar dute eta, gainera, bi hilabetean behin poltsa konpostagarrien bila joan behar dute. Gauzak horrela, harrigarria al da 5. edukiontzia donostiarren % 14k bakarrik erabiltzea?

Hiru aldiz errefuxako edukiontzi gehiago dago edukiontzi marroiak baino.

Hiru aldiz errefuxako edukiontzi gehiago dago edukiontzi marroiak baino.

Sistema ez eraginkor hau Udalaren axolagabekeriaren ondorio da, eta ez da konponduko sentsore adimentsuak ipintzen, sistema aldatzen baizik.

Indarrean dagoen sistema Bilduk eta PSEk adostu zuten 2013an. Helburua % 60 gaika biltzea zen. Hori zioten, behintzat. Lau urte pasatu dira, ordea, eta agerian geratu da % 60 hark ez zuela inolako oinarririk.

Gauzak horrela, Eguzkiren iritziz, unea iritsi da alderdi guztien artean sistema kritikoki berraztertzeko eta gaikako bilketan hobekuntzak adosteko.

Ez dugu beste munduko ezer eskatzen; arduraz jokatzea baino ez.

Horra hor, adibidez, Beasain,  hondakinen % 48 gaika biltzetik %  77ra pasatu dena; edota Zumarraga, aurten bertan, % 44tik % 74ra. Beraz, Donostian zergatik ez?

Eta sistema aldatzeaz ari garenean, ez gara ari edukiontziak lekuz aldatzeaz edota sentsore adimentsuak erabiltzeaz, jakina. Sistema eraginkor bat ezartzeaz ari gara. Edozein eredutakoa (badira eta aukera batzuk), baina eraginkorra, hondakinen % 60 gaika biltzea ahalbidetuko duena eta, halaber, birziklatu nahi duten herritarrak zigortuko ez dituena.

Honi (benetako arazoari, alegia) heltzen ez dion bitartean, Udalak, txipiroiak tinta bezala, sentsore adimentsuak eta antzekoak erabiliko ditu oraingo sistemaren eraginkortasunik eza ezkutatzeko.

                                 EGUZKI

Donibaneko saneamendua: oraingoa behin betikoa eta benetakoa izatea espero du EGUZKIK

Plenoan, Eguzkiko kide batek (zutik) hitza hartu zuen mozioaren berri defendatzeko.

Plenoan, Eguzkiko kide batek (zutik), Donibaneko elkarteetako hainbat kidek babestuta, hitza hartu zuen mozioa defendatzeko.

Pasaiako Udalbatzak aho batez onartu du, aldaketa txiki bat eginda, Donibaneko saneamenduaren alde aurkeztutako mozio bat  (http://eguzki.org/2017/10/25/pasai-donibaneko-saneamendua-eskatzeko-mozioa-2/). Mozioa Eguzkik aurkeztu eta Donibaneko honako elkarte hauen b¡guztien babesa zuen: Bonanza Auzo Elkartea, Bixi-Bixi Elkartea, Itsas Gela, Koxtape Arraun Elkartea, Itsas Mendi Elkartea, Lintxua Dantza Elkartea, Aiton eta Amonen Elkartea, Albaola, Ixkiro Arrantza Elkartea eta Xanju Kirol Elkartea.

Udalbatza berean, gebernu udal taldeak jakinarazi zuen Jaurlaritzak 400.000 euro aurreikusi duela 2018ko aurrekontu-proiektuan.  Diru horrek Donibane saneatzeko lanak 2018an bertan hastea ahalbidetuko luke. 2019an, berriz, milioi bat euro ipiniko luke Jaurlaritzak eta, 2020an, azkenik, 350.000 gehiago. Horrela saneamendu osoa finantzatu ahal izango litzateke.

Gauzak horrela, Eguzkik honako balorazio hau egin du…

Pasa den asteartean Donibaneko hamaika eragile sozialek, Eguzki taldearekin batera, Donibaneko saneamenduaren inguruan aurkeztutako mozioa Pasaiako Udalbatzarrean aztertzeko eta bozkatzeko parada izan zuten udala osatzen duten alderdiek. Azkenean, mozioa aho batez onartu zen, honek zituen bi puntuetatik bigarrenean aldaketa txiki bat txertatuz.

Ez dugu ahaztu behar, duela 6 urte bukatua egon behar zen obra, egun proiektua egitearen fasean dagoela.  Hala ere, duela 6 urte egina egon behar zen ezinbesteko azpiegitura honen inguruan berriro erabateko adostasuna hitzez azaltzea aurrerapauso handia denik ez dirudien arren, gure baikortasun mugatua adierazi nahi dugu.

Gaia honetan denbora luzean zehar izandako ez betetzeak kontutan hartuta, ez dugu ulertzen PSE-k eta EAJ-k mozioa onartzeko 2. puntuan eskatu zuten aldaketa. Jarrera horrek gogora ekartzen digu orain arte izandako ez betetzearen arriskua. Ez zegoen inongo arazorik mozioa zegoen bezala onartzeko, oraingoan konpromisoa benetakoa edo behin betikoa dela adierazten duen mezu argia eta garbia herriarrei bidaliz.

Egoera ez dela berdina ezin da ukatu, aurrekontuetan dirua jasota dago nahiz eta nahiko ote den ez dakigun, ezta ze neurrian gauzatuko den ere. Eta hau da gaur egun benetako egoera, beharrezko azpiegitura egina egon behar zenetik 6 urte pasa eta gero.

Berriro diogu, oraingoan behin betiko saiakera izatea espero du Eguzkik eta mozioa  sinatu zuten talde guztiek eta Donibaneko eta Badia inguruko biztanleek. Dena den, Udalbatzarrak hartutako konpromisoak betetzen ote diren jakiteko gaiaren gainean egongo garela hitz ematen dugu.

Eguzki, 2017.12.01

Donibane-kartela

Eguzkik asteburu honetan ehiza debekatzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek egin duten bezala

elurraEguraldia dela eta, asteburu honetan ehiza debekatzeko eskatu dio Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek debekatu duten bezalaxe.

Elurrak eta hotzak neurri handi batean defendatu ezinean uzten dituzte hegazti gehienak. Horretaz baliatzen dira eskrupulurik gabeko hainbat ehiztarik sekulako sarraskiak egiteko.

Halaber, Eguzkik eskatzen die basozainei, ertzainei eta udaltzaienei zaintza zorrozteko eta elurretan ehiza egiten dutenei gogor egiteko, zoritxarrez, asko izaten dira eta.

ehiza1

Karnaba eta antzeko beste txori batzuen legez kanpoko hainbat salmenta-kasu salatu ditu Eguzkik Foru Aldundian

karnabakEguzkik interneten detektatu ditu itxura guztien arabera legez kanpo harrapatutako karnaba eta antzeko beste espezietako txorien lau salerosketa-kasu, eta horien berri eman dio Foru Aldundiari, ikertzeko eta, susmoak egiaztatzen badira, txoriak berreskuratzeko eta erantzuleei zigorrak ezartzeko.

Karnabak, txontak, tarinak, txorruak eta fringillidae familiako beste txori batzuk harrapatzea eta, are gehiago, edukitzea bera ere debekatuta dago, aspaldi, gainera. Debeku hori Europar Batasuneko Hegaztien Zuzentarauaren ondorio da.

Alabaina, Zuzentarauan bertan aurreikusten diren salbuespen-kasuei helduta, Estatu espainolak iskin egin dio urtetan debekuari.

Estatu espainola Zuzentarauaren salbuespen-kasuen erabilera makurra egiten ari zela ikusita, Europako Batzordeak zigor espediente bat ireki zuen. Gauzak horrela, Gipuzkoan ehizaren gaineko eskumenen jabe den Foru Aldundiak 2016ko azaroaren 10eko 569 LI/2016 Foru Agindua (*) onartu zuen, eta salbuespen guztiak bertan behera geratu ziren.

Beraz, une honetan gatibu eduki daitezkeen fringilido bakarrak gatibutzan sortutakoak dira, eta beraien jabeek Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuan erregistratu behar dituzte.

Bukatu egin dira txoriak mendian harrapatzeko eta mendian harrapatutako txori horiek edukitzeko aitzakiak. Baita saltzeko aitzakiak ere, jakina. Beraz, une honetan baten bat “paseko karnabak” saltzen (edo erosten) ari bada (Foru Aldundiari pasatu dizkiogun kasuetan bezala), legez kanpo ari da, duda handirik gabe.

EGUZKI, 2017ko azaroa

(*) https://ssl4.gipuzkoa.net/castell/bog/2016/11/17/c1607903.pdf

Eguzki: “Legorretako paper-fabrikaren presa botatzeak mesede ederra egingo dio Oriari”

Presa Oria Garaiko Kontserbazio Bereziko Eremuan dago.

Presa Oria Garaiko Kontserbazio Bereziko Eremuan dago.

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak bertan behera utzi du Legorretako paper-fabrika zaharrak Oriatik ura hartzeko zuen eskubidea (60 l/s) eta, halaber, eskubide horri lotuta zegoen ibai barruko presa botatzeko ere agindu du. Eguzkik erabaki egokia dela uste du, Oriako bioaniztasunari mesede ederra egingo diolako. Izan ere, Konfederazioak espediente hau tramitatu duen bitartean, Eguzkik eta Rios con Vida elkarteak presa botatzeko alegazioak aurkeztu dituzte.

Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean, kasu honetan bezala) ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira. Gainera, Legorretako kasu honetan, presa Oria Garaiko Kontserbazio Bereziko Eremuan (Natura 2000 Sarean) eta bisoi europarrentzako Interes Bereziko Alde batean dago. Uholde Arrisku Handiko Eremu batean ere badago, eta, presa botata, ibaian gora, arriskua leunduko da. Hala nabarmendu dute Foru Aldundiak eta Urak, beraien txostenetan.

Konfederazioak urtebeteko epea eman die jabeei, ez presa botatzeko, presa botatzeko proiektu bat aurkezteko baizik. Beraz, hau ez da berehala konponduko den arazo bat, baina Konfederazioak orain hartu duen erabakia oso pauso garrantzitsua da konpontze-bidean, ezbairik gabe.

EGUZKI, 2017ko azaroan

Begi-bistan dago oztopo bat dela arrainak ibaian barrena zirkulatzeko.

Begi-bistan dago oztopo bat dela arrainak ibaian barrena zirkulatzeko.

Balea bat ikusi bezain pronto arpoia gogora ote?

balea1Zenbat aldiz ez ote dugu esan pertsona batzuek ezin dutela txori bat ikusi berehala kaiola bat edo eskopeta bat gogora ekarri gabe? Bada, irudipen hori izan genuen joan den astean hainbat komunikabidek, Zarautz aldean zebilen zere txikiaren berri ematean, legez merkaturatu daitekeen balea-espezie bakarra dela nabarmendu zutenean. Ia-ia balea harrapatzea zilegi zela ondorioztatu zitekeen.  Honetaz, merezi duen honako iruzkin hau aurkitu dugu sarean:

https://m.facebook.com/story.php?story_fbid=1857398554273740&id=128003920546554