All posts by Donostia

Abuztuak 12, manifestazio antitaurinoa Donostian

IMG-20170729-WA0002Donostiako Aste Nagusian urtero zezenketen kontra egin ohi den manifestazioa abuztuaren 12an izango da aurten. Donostia Antitaurina Orain! plataformak antolatuta, arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Bulebarretik. Eguzkik dei egiten du espresuki parte hartzera, PPko Gobernuak galdeketa debekatu egin duela eta Eneko Goia EAJko alkatea, berriz, agindu zuenaren kontra, debekuaren aurrean ez dela ezer ere egiten ari salatzeko.

Bestalde, Manifestazioa 12an izango den arren, aurreko eta ondorengo hiru egunetan ere elkarretaratze isilak egingo dira Udaletxe aurrean. Hau da, abuztuaren 9an, 10ean, 11n, 13an, 14an eta 15ean, elkarretaratze isilak egingo dira Udaletxe aurrean, 18:00etatik 18:30ak arte.

Eguzkik, esan bezala, deialdi hauetan guztietan parte hartzera deitzen du, eta, horrez gain, bere kabuz giro antitaurinoa sustatzen saiatzen ari da. Lehengoan, adibidez, Udalak Illunbe ez ezik beste ondare munizipalak ere zezenketen negozioaren zerbitzura jartzen jarraitzen duela salatu zuen. Horren lekuko da “Lotsaren autobusa”:

http://eguzki.org/2017/07/29/lotsaren-udal-autobusa/

Halaber, egunotan erakusketa txiki bat jartzen ari gara Parte Zaharrean. Erkusketa horrek pertsona askoren arreta bereganatzen du… baita lehengoan identifikarazi gintuzten bi munizipalena ere.

exposicion+S.Vicente+2017

Garoña: behar bezala baloratzen jakin behar dugun garaipen handia

IMG_5281Alvaro Nadal Energia ministroak gaur eguerdian adierazi duenez, Gobernuak ez du Garoñako zentral nuklearra hustiatzen jarraitzeko baimena luzatuko. Beraz, zentralak itxita jarraituko du, oraingoan behin betiko.

Garaipen handia da, ezbairik gabe. Seguru asko inozo samarra litzateke pentsatzea garaipen hau soil-soilik herri-borrokaren ondorio dela, baina ukaezina da Gobernuak gaurko erabakia hartzeko ERABAKIGARRIA izan dela urteetako herri-borroka. Batzuetan oihartzun handia lortu du; besteetan, berriz, txikia, baina etengabea izan da, eta azkenean frutuak eman ditu.

Adi, hau ez baita bukatu, ordea. Orain bermatu egin behar da zentrala benetan eraisten dela, iruzurrik onartu gabe. Gogoan izan, alde horretatik, aurtengo aurrekontu orokorretan partida bat onartu zutela Garoñan hondakin erradiaktiboen “behin-behineko” biltegi bat egiteko. Paradoxa ederra litzateke: zentrala ixtea eta, horren ordez, biltegi nuklearra ezartzea Garoñan. Bestalde, adi egon beharko da Nuclenorrek ageriko edo isilpeko kalteordainik jaso ez dezan, eskubiderik ez du eta. Eta, halaber, Garoñako inguruan garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko plan bat errebindikatzen jarraitu beharko da.

Baina hau guztia kontuan hartuta ere, guk ez dugu duda egiten: garaipen handia da, eta Euskal Herria nahiz planeta bizigarriago bat nahi dugunok badugu gaur, merezimendu eta zilegitasun osoz, gainera, zer ospaturik. Zorionak!

Eguzki, 2017ko abuztuaren 1a

Oso isurketa ikusgarria Amezketan

IMG-20170728-WA0010Amezketa errekako urak gorriz tindaturik jaitsi ziren atzo, argazkian ikus daitekeen bezala. Antza denez, kolore ikusgarri hori Aralar paper-fabrikak eginiko isurketa baten ondorio izan zen.

Tolosaldeko Atariak informatu zuenez, Urako teknikariak lanean ari ziren “kutsadura areagotu ez dadin”; Ertzaintzak, berriz, “animalia guztiak onik daudela” esan zuen (https://ataria.eus/amezketa/1501234243110-kolore-gorriz-bustia-esnatu-da-amezketako-erreka)..

Tira, animalia guztiak “onik” bazeuden, Ertzaintzak esan bezala, isurketak kalterik egin ez zuen seinale, baina isurketak kalterik egin ez bazuen, zergatik ari ziren Urako teknikariak lanean kutsadura ez areagotzeko? Ez da oso mesfidatia izan behar ondorioztatzeko isurketa ez zela inola ere inokuoa izan, instalazio industrialetan “istripuz” sarriegi gertatzen diren gainerako isurketak inokuoak ez diren bezala.

Beraz, segimendua egin beharko da, baldin eta isurketaren ondorioei benetako neurria hartu nahi badiegu.

Eguzki, 2017ko uztaila

Lotsaren udal autobusa

autobus de la verguenzaEgunotan Donostian barrena zirkulatzen ikus dezakegu bizkarrean Illunbeko zezenketen publizitatea daraman autobus bat. Eguzkiren iritziz, lotsaren udal autobusa da.

Izan ere, lotsagarria da Udalak autobus bat uztea (diru trukean bada ere) animalien eskubideak modurik ankerrenean urratzen dituen ikuskizun bat sustatzeko. Alde horretatik, behintzat, garbi dago gure agintarien etika herren dabilela.

Baina are lotsagarriagoa da kontuan izanda Espainako Gobernuak betoa jarri diola 10.000 donostiarrek zezenketei buruz eskatutako galdeketari. Izan ere, Udalak ez du fundamentuzko ezer ere egin beto honen aurrean, eta, gainera, udal ondarea uzten jarraitzen du (oraingoan autobus bat) publizitatzeko hainbat donostiarrek batere gogoko ez duten ikuskizun hori, ez behintzat udal instalazioetan.

Beraz, Udalaren hipokresia salatu beharrean gaude, batetik, donostiarrok zezenketei buruz dugun iritzia galdeketa baten bidez jakin nahi duela esaten duelako, baina, bestetik, Estatuak galdeketa horri jarritako betoaren aurrean ezer egiten ez duelako eta, gainera, ikuskizun odoltsu hori sustatzeko ondarea uzten jarraitzen duelako.

487 zenbakia duen autobusa lotsaren udal autobusa da.

Honako hauen ezpalekoa da:

otro autobus de la verguenza autobus pro garoña

 

Ekologistok salatu ditugu Labetxun egiten ari diren jarduera desegokiak, Jaizkibelgo Babes Bereziko Eremuan

Txangoak murriztu dituzte Labetxun, harrapariak ugaltze-garaian daudelako. Eta, hala ere, argazkian ageri diren pertsonak ekilibrismoa egiten ari dira.

Txangoak murriztu dituzte Labetxun, harrapariak ugaltze-garaian daudelako. Eta, hala ere, argazkian ageri diren pertsonak ekilibrismoa egiten ari dira.

Eguzki, Jaizkibel Amaharri, Ekologistak Martxan eta SEO taldeek salatu nahi dugu Labetxu inguruan hainbat jarduera desegoki egiten ari direla, hala nola, eskalada, ekilibrismoa, su aeta pistetatik kanpo ibiltzea.

Jaizkibeleko zati handi bat, Labetxu barne, Kontserbazio Bereziko Eremua da, eta Natura 2000 Sarearen barruan dago dituen balioengatik. Leku honen kudeaketa Foru Aldundiari dagokio, baina salatzen ditugun jarduerak ikusita, ez dirudi basozainek horien berri eman dutenik eta inpaktuak saihesteko neurririk hartu denik.

Kezkatuta gaude ingurumenaren eta geologiaren aldetik hain kaltebera den toki honetan, Eusko Jaurlaritzak 2013an Jaizkibelgo KBErako finkatu zituen Neurrien eta Helburuen dokumentuan zehazten diren kontserbazio-helburuen kontrako jarduerak egiten ari direlako.

Aldundiak jakitera eman du hegazti sarraskijaleak ugaltze-garaian daudela, eta horregatik itxi duela irailera arte Jaizkibelgo erdialdea txangozaleentzat. Neurri hori positiboa da dudarik gabe, baina ez da eraginkorra, ez baitira hura betetzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzen.

Horregatik guztiagatik, eta Natura 2000 Sareko paraje honetarako finkatuta dauden helburuak lortze aldera, behean izenpetzen dugunok eskatzen diogu Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatuari salatu ditugun jarduerak debeka ditzala, eta beharrezkoa den neurrian, aldi baterako bada ere, basozainen presentzia indartu dezala.

Eguzki, Jaizkibel Amaharri, Ekologistak Martxan eta SEO

Erraustegiaren kontra eta herri-bideak libre erabiltzearen alde

IMG-20170715-WA0005Erraustegirako gasa sartzen hasi direla eta, Zubieta eta Santuene bitarteko bide publikoa itxi dute. Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak eta Zubieta Lantzenek deituta, hainbat lagun bildu gara gaur obren aurrean berriro ere “Errausketarik ez! Ez gure izenean” esateko eta herritarrei herri-bidea erabiltzera animatzeko. 

Hona hemen Noauak ekitaldiari buruz eskaini duen informazioa, bideoa barne:

http://www.noaua.eus/2017/07/15/erabili-ezazue-guztiona-den-bide-hau-eta-bide-batez-salatu-egin-protesta/

Ehundaka lagunek metroaren pasantea gelditzeko aldarrikatu dute gaur Kontxara egindako martxan

Argazki 3Ehundaka lagunek parte hartu dute gaur eguerdian Donostian metroaren pasantearen proiektua gelditzea aldarrikatzeko Kontxara egindako martxan. Mobilizaioa eguerdiko 12etan Amara-Easoko tren geltokitik abiatu da eta manifestazioaren buruan “METROARI STOP” leloa osatzen zuten kartel handiak hartuta, baita manifestariek kartel aldarrikatzaile ugari erakutsita, martxak hiri-erdialdeko kaleetara zabaldu du aldarrikapena. Martxa oso animatua izan da eta etengabeak izan dira manitestariek oihukatu dituzten leloak eta kantak.  Manifestazioa Kontxako Erlojuetan amaitu da, eta hor ehun bat lagun hondartzara jeitsi dira “METROA KONXTAREN AZPIAN. EROKERIA!” “UN METRO BAJO LA CONCHA. ¡¡QUE LOCURA!!” zioten bi pankarta azpiegitura honen trazaduaren gainean zabalduz 20 minutuko ekintza sinbolikoa egiteko. Manifestazioan eta Kontxako pasealekuan esku-orri informatibo ugari banatu dira, lau hizkuntzetan.

Argazki 1Gaurko manifestazioaren ondoren, Satorralaiak herritarren erantzuna antolatzen segituko du. Ildo honetan, datorren ostegunean hilak 20 asanblada batera deitzen dugu, arratsaldeko 7etan Amarako Eskoletan (sarrera Larramendi kaletik). Izan ere, Eusko Jaurlaritzak proiektu hau era zeharo inposatzailean bultzatzen segitzen duela salatzen dugu, eta uda beteko giroan metroaren “Mirakontxa-Easo” zatia eraikitzeko asmoz joan den astean hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzak egiteko prozedura abian jarri du.  

Berriro diogu: metroaren pasantearen egitasmoa gelditu eta auzi honetan herritarren parte-hartze bete eta zuzena sustatuko duen eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki behar da.

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Aparkaleku bat Miramar jauregiko parke azpian?

Captura de pantalla 2017-07-11 a las 12.11.38Donostiako Udala Miramar jauregiko parke azpian aparkaleku bat eraikitzeko aukera aztertzen ari da. Hori dela eta, auzokoen artean galdeketa bat egiten hasi da edo, hobeto esan, merktu-azterketa bat. Izan ere, galdeketaren helburua aparkalekuak behar beste sustengu ekonomikoa izango lukeen jakitea baino ez da.

Andrés de Urdaneta Euskal Geografia Elkargoak, INGEBAk, bere Behatokiaren bitartez ohartarazi du proiektu horrek inpaktu kritikoa izango lukeela donostiarron ondare artistiko-kulturalean. Eguzkik espresuki gonbidatzen zaitu INGEBAren argudioak irakurtzera. Izan ere, Eguzkik argudiook bere egiten ditu, batere arazorik gabe bere egin ere, guztiz logikoak iruditzen zaizkiolako.

Zoritxarrez, porlana tartean dagoenean, gure agintarien logikak sarri, sarriegi, ia beti, huts egiten du. Beraz, adi egon beharko.

Hona hemen INGEBAren Behategitik zer dioten:

http://www.ingeba.org/impakt/patrim/aparcamientomiramar.htm

Metroa gelditzeko Kontxara Martxa deitu du Satorralaiak larunbatean

metrom.pngSatorralaia bizilagunen mugimenduak Kontxara Martxa deitu du uztailak 15 larunbatean Donostiako Metroaren pasantea gelditzea aldarrikatzeko. Hori dela eta, eguerdiko 12etan Easoko tren geltokitik abiatuta egingo den mobilizazio honetan partehartzeko deialdia egiten dugu; martxa Kontxako Erlojuetan amaituko da, non hondartzan ekintza sinboliko bat egingo den, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzak Metroa Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko proiektuarekin aurrera segitzen duela salatzeko.

Satorralaiak Metroaren pasantea Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko Madrilgo gobernuak eman berri duen Kosten baimena  astakeria bat dela salatzen du.

Joan den ekainaren 14ean Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzak obra hau Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko baimena eman duela salatzen dugu, astakeria bat delako. Erabaki horren erabateko gardentasun falta nabarmendu behar da gainera, Itsasertzetako Zuzendaritzak ez baitie alegazioak egin zituzten 156 pertonei erantzunik emango, eta Kosten txostenaren kopiarik ere ezin baita eskuratu. Berriro ere Administrazioaren jarduera opako batekin egiten dugu topo, eta Espainiako Gobernuak arrazoibide guztien gainetik igaro den bultzada politiko bati erantzunez eman diola susmatzen dugu Jaurlaritzari obra hori egiteko baimena. Zapalgailu politikoa jarri da abian, inongo eztabaidarik onartzen ez duen hertsikeriarekin. Kontxako hondartzako itsas-lurren azpian proiektuak 375 metroko luzera eta 33-35 metroko sakoneran duen afekzioa handia izango da. Kosten txostenari buruz informazio zabalagoa emango dugu uztailak 13 ostegunean goizeko 11’30etan Kontxako Erlojuetan egingo den prentsaurrekoan.

metro3.jpg

Jaurlaritzak “Mirakontxa-Easo” zatia erakitzeko hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzak abian jarri ditu

Halaber, Eusko Jaurlaritzak “Mirakontxa-Easo” zatia eraikitzeko asmoz hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzak egiteko abian jarri duen prozedura salatzen dugu. Metroaren tarte honen eraikuntza-lanek hirigunean arazo larriak eragingo lituzkete eta San Martin, Easo, San Bartolome eta Loiola kaleetan, nahiz Zubiri Plazan (Londres Hotelaren parean) eremu publiko zabalak okupatzea dakarte berekin. Udalaren ediktuen taulan argitaraturiko iragarkiaren arabera informazio publikoaren epea uztailaren 27an amaituko da eta bertan desjabetzen planoak daude:

http://www.donostia.eus/info/ayuntamiento/edictos.nsf/vAnexos/8DC666224DA362F1C1258154004101C0/$File/RESOLUCION%2022-06-2017-2%20INFORMACION%20PUBLICA.pdf

Hori dela eta, herritarren erantzuna bultzatzeko asanblada informatiboa batera deitzen duguuztailak 20 ostegunean, arratsaldeko 7etan Amarako Eskoletan (sarrera Larramendi kaletik).

Metroaren pasasanteak inposizioaren bidetik egiten du aurrera. Gehiegikeria eta zentzugabekeria da 200 milioi euro gutxienez xahutzea bisitariak hiri-erdialderantz 400 metro hurbiltzeko: horren ordainetan, Kontxako hondartzako jabari publikoko itsas-lurretan eragindako afekzioaz gain, azpiegituraren inpaktu fisikoak eragin handiak eta arriskugarriak izango lituzke hirigunean eta trazadutik hurbil dauden eraikinetan (kalteak nozitu ditzaketen 311 eraikin zerrendatu direla gogora dezagun). Halaber, Metroak hiriko Dbus autobusen zerbitzuetan izango lituzkeen ondorioak aipagarriak dira, hirigintzaren arloan ekarriko lituzken eraldakuntzak bezalaxe. Azpiegitura faraoniko honen onura publikoa kasik ezdeusa da ordea Donostiako eta Gipuzkoako herritarrentzat. Soilik Donostiako erdialdean jada neurriz kanpo hedatu diren merkatal denda handien sektorea eta hiriak nozitzen duen turistifikazio hazkorra indartuko lituzke; eredu horrek Donostiako bizitza sozialean dituen eraginak nabariak dira, etxebizitzen garestitzea, prekarietatea eta masifikazioaren areagotzearekin. Azkenik, benetazko interesa Obran, faraonikoan, eta agintaldiak utzi beharreko arrastoan eta oroimenean datzala antzematen dugu. Gogoratuko dugu bai, alajainkoa!

Hori denagatik, uztailak 15 larunbatean Kontxara egingo den martxara biltzeko dei egiten dugu, Metroaren pasantearen proiektua gelditu eta herritarren parte-hartze betea eta zuzena bermatu behar duen eztabaida eta erabaki prozesu bat ireki dadin aldarrikatzeko.

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Informazio gehiagosatorralaia.wordpress.com

Madalenetan animalei tirorik ez!

usakumea hildaOrereta-Errenteriako Udala herriko festetan animaliek jasaten duten tratu txarra ekiditeko hainbat neurri hartzen hasi zen duela 3-4 urte. Horregatik, jaietan egiten ziren eta gai honekin lotura zuten ekimen batzuk dagoeneko ez dira egiten, eta ez dira jaietako egitaruan azaltzen (idi-dema, adibidez). Ekimen hauek guztiak, animaliek jasaten duten tratu txarrarekin zer ikusia zuten, ez ziren beraz hauen bizitzarekin bukatzen zuten horietakoak.

2016ko apirilean, lau elkarteen izenean urrats bat gehiago ematea eskatu genion udalari: usakume, galaper eta bestelako animalien tiroketak debekatzea, eta madalenetako programaziotik desagertaraztea.

Erantzuna izan zen horrelako erabakia ezin zutela hartu araudi batean oinarritu gabe, eta esan ziguten Udala animalien erabileraren inguruko ordenantza orokor batean lanean hasita zegoela, eta beste herri batzuetako ordenantzak aztertzen ari zirela zirriborro bat lantzeko.

Urtebete pasa da dagoeneko, eta Udalarekin harremanetan jarri garenean gaia gogoratzeko, esan digute oraindik ordenantzarekin ari direla lanean eta hori bukatuta egon arte ezin dela ezer egin. Noiz arte itxaron beharko dugu? Zergatik ekimen batzuk zorionez desagertu dira, eta beste batzuek, zoritxarrez, oraindik itxaron behar dute?

Egoera hau ulertezina eta onartezina iruditzen zaigu.

Amaitzeko, iazko eskaeran aipatzen genuen esaldi bat gogora ekarri nahi dugu: “Animaliei sufrimendua sortarazteak ez du zerikusirik kultura eta nortasunarekin”. Noizko animalien tratu txarrak eta hilketak jaietako egitarautik kanpo?

Eguzki eta Ekologistak Martxan, 2017ko uztailaren 7an