All posts by Donostia

Illunbeko “faena” onena saritzeari uzteko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari (*)

2023ko irabazlea ‘El Juli’ izan zen, baina, guk dakigula, behintzat, oraindik ez diote saria modu formalean eman. Argazki hau, berriz, 2022ko sari-emateari dagokio. Ezker-eskuin, Turismo zinegotzi Cristina Lagé, saritutako toreatzaile Roca Rey eta Pepe Delgado epaimahaiaren ordezkaria. Iturria: J. .M. LÓPEZ / DIARIO VASCO.

Illunbeko zezenketetan eginiko “faena” onenari Urrezko Maskorra emateari uzteko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari, Kultura Ministerioak Tauromakiako Sari Nazionala emateari utziko dion bezala.

Ernest Urtasun ministroak argudiatu duenez, “tradizioak eboluzionatu egiten dira, bizitzan dena eboluzionatu egiten den bezala, eta, gaur egun, gizartearen gehiengo zabala animaliei tratu txarrak emateren aurka dago. Gero eta jende gutxiagok ulertzen du animaliak torturatzeari sariak ematea”. Eguzkitik gogoratu nahi dugu “festa” deitzen duten hori sei zezen jendaurrean hil arte torturatzea dela. Nahi bezain modu “artistikoan”, baina gupida gabe torturatzea. Ez zaigu iruditzen hori inolaz ere sari publikoen bidez sustatu behar denik.

Donostiaren kasuan, Urrezko Maskorra emateari uko egitea urrats bat izango litzateke Udalak alor honetan esaten duenaren eta egiten duenaren arteko koherentzia berreskuratzeko. Izan ere, Eneko Goia alkateak dio zezenketak enpresa pribatu baten kontua direla, Udalak ez duela horrekin zerikusirik. Baina Goiak sinetsarazi nahi digunaren kontra, Udala ez da kontu honetan eragile neutrala, ezinbesteko kolaboratzailea baizik. Izan ere, enpresa pribatu batek Illunben zezenketak antolatzen ditu Udalak instalazio horiek esku-eskura ipintzen dizkiolako. Are gehiago, Illunbeko instalazioen zaharberritzeaz hizketan hasi bezain pronto, alkateak argi utzi du erabilera taurinoari eustea ez dagoela ezbaian, hori beste erabilera posible batzuen kaltetan badoa ere. Gainera, Udalaren eta zezenketak antolatzen dituen enpresaren arteko konplizitate-zantzuak asko eta askotarikoak dira, publizitaterako erraztasunetatik hasi eta hizpide dugun Urrezko Maskorra eman arte.

Eneko Goiak, ordea, ondo baino hobeto daki donostiar gehienok ez gaudela horrekin ados. 2017an, Udalak berak enkargatutako inkestan, garbi geratu zen herritaron % 71 zezenketak egiteko udal-instalazioak uztearen aurka geundela. Egia da PPren gobernuak 2016an herritarroi gai honi buruzko kontsulta egitea debekatu egin zuela, baina hori bezain egia da Goiak herritarrok geure iritzia emateko bide berriak aurkitzeko konpromisoa hartu zuela, eta bide horiek egon badaude. Orduan, debekua zela eta, oso zentzuzko gauzak esan zituen Goiak, adibidez, honako hau: “Demokrazia jardunarekin erakusten dela sinesten dugunok uste dugu, XXI.mendean gatazkak eta arazoak hiritarren iritzia entzuten konpontzen direla. Hortaz, nolako interesak dituzte hainbat alderdik ez baimentzeko iritzi kontrajarriak sortu dituen gai bati buruz hiritarrek iritzia emateko?”. Bada, Goiak berak erantzun diezaioke galderari, zazpi urte geroago, alor honetan, donostiarren gehiengoaren iritziari entzungor jarraitzen baitu. Eta horren froga besterik ez da oraindik Aste Nagusiko “faena” onenari Urrezko Maskorra ematea.

Gauzak horrela, herritar gehienok Illunben zezenak hiltzea arbuiatzen badugu, zer logika du Udalak sari hori emateak? Noren izenean ematen du? Donostiarron izenean, behintzat, ez. Eta berriro esango dugu, alkateak oraindik zalantzak baditu donostiar gehienok gai honetan dugun iritziaren inguruan, kontsulta publikoa egiteko hartu zuen konpromisoa bete besterik ez du egin behar.

EGUZKI, 2024ko maiatza

(*) Sariarekin deslotu egin dela iragarri du Udalak

Eguzkiren eskaera dela eta. Udalak erantzun du sari horrekin legegintzaldi-aldaketarekin batera deslotu zela. Gehitu duenez, “beharbada peña edo koletibo partikularren batek saria ematen jarraituko du, baina Donostia Turismoak dagoeneko ez du diruz laguntzen”.

Hau izan da Eguzkook deslotze horretaz izan dugun lehen albistea, eta zinez pozten gaitu, jakina. Baina saria legegintzaldia aldatu ondoren ere eman da. Horretaz ez dago dudarik. Hauteskundeak 2023ko maiatzaren 28an izan ziren eta abuztuan, Aste Nagusian, ‘El Juli’ izan zen irabazle:

Udala sari horrekin deslotu izana albiste garrantzitsua iruditzen zaigu, eta pozten gara, noski. Orain, Udala zezenketekin zeharo deslotzea baino ez da falta. Horretarako, donostiar gehienon borondateari jarraituz, Illunbeko udal-instalazioak zezenketak egiteko uzteari uko behar dio.

Turismofobia gogoan al duzue?

Etxenbizitza turistikoen arazoa umorez salatzen duen horma-irudi honek, edo, hobeto esan, hau bezalako batek, oihartzun harrigarria lortu zuen orain dela urte batzuk, zehatz-mehatz, 2017an. Izan ere, La Vanguardia-n eta beste hedabide batzuetan erabili zuten, Donostian (baita Bartzelonan ere) piztu omen zen “turismofobia nazionalistari” buruzko informazioak ilustratzeko

Masifikazio turistikoa sortzen ari zen gero eta ezinegon handiagoa herritarren elkarrizketa pribatuetatik plazara ateratzen hasi zen, eta batzuek erabaki zuten hura lehenbailehen isildu beharra zegoela. Horretarako, “turismofobia nazionalista”, “turismofobia erradikala” edo biak ala biak erabili zituzten, norberaren interesen arabera.

Orduan izan zuen arrakasta horma-irudi apal honek, hainbestekoa ezen arrakastaz hil baitzen, honako testu honetan azaldu genuen bezala: Turismofobia y turismo sostenible | Eguzki Talde Ekologista

Zazpi urte geroago, berriz irakurri eta ondorio pare bat ere atera dugu:

1 Azken zazpi urteotan, masifikazio turistikoari lotutako arazoak nabarmen areagotu dira, besteak beste, Udalak nahiago izan duelako egingo balu bezala egin, baina benetan egin gabe; aitzitik, turistifikazioaren aldeko apostu kontzientea egin du.

2 Gaur egun, “turismofobia nazionalista edota erradikala” aitzakiatzat erabilita, zailagoa da kritikak isiltzea, Donostia turismoz gainezka dagoen pertzepzioa zeharo orokorra delako herritarren artean. Horren lekuko da, esaterako, etxebizitzen merkatuan duen eraginaren kontzientzia bizi-bizia.

Zoritxarrez, gauzak asko aldatu egin behar dira horma-irudi honek, edo, hobeto esan, hau bezalako batek, zazpi urte barru ere zentzurik ez izateko.

EGUZKI, 2024ko apirilean

Quosque tandem, RENFE / Adif?

Irun-Brinkola linean eginiko murrizketa berriak salatu ditu Eguzkik

Murphiyk zioenez, egoerarik zailenak ere okerrera egin dezake, nabarmen okerrera, gainera, eta arrazoi oso-osoa zuen. Izan ere, Irun-Brinkola aldiriko linean zerbitzuaren kalitatea minimo historikoetan zegoela uste genuen, eta hala salatu dugu behin baino gehiagotan. Baina hara non RENFEk jakinarazi duen gaurtik aurrera trenen maiztasuna izugarri murriztu eta bidaien iraupena, berriz, nabarmen luzatuko direla. [Gaurtik aurrera, esan dugu, baina, egia esan, asteburuan dagoeneko nabaritu egin dira murrizketak (*).]

Eta murrizketa hauei gehitu beharko zaizkie azken urteotan eguneroko ogi izan diren trenen atzerapenak nahiz suspentsioak, horiek, itxura guztien arabera, jarraituko baitute. Hauek guztiak obren albo-kalteak dira, noski, zeren eta, orain arte esan ez dugun arren, murrizketa hauek oraingoan ere AHTren obren ondorio baitira. Bai, oraindik ez dakigu milioiak eta milioiak xahutu eta xahutzen jarraitzen duen AHTa inoiz inora iritsiko den, ezta exekutiboak eta turistak bakarrik garraiatuko dituen. Baina badakigu, bitartean, ohiko trenak, herritarrek egunero lanera edo ikastera joateko erabiltzen duten trenak, etengabe degradatzen jarraitzen duela. Esan dezagun, bide batez, ez dugula uste kasualitatea izan denik RENFEk murrizketa berriak iragartzeko hauteskundeak igaro arte itxaron izana; izan ere, lehenago eginez gero, ziur gaude kanpainan baten bati kontrako eztarritik joango zitzaiola mugikortasun iraunkorrari eta garraio publikoaren abantailei buruzko diskurtsoa.

Quosque tandem abutere patientia nostra?

EGUZKI, 2024ko apirilaren 29an

(*) Atzo honako bideo hau grabatu genuen: RENFE gero eta okerrago Gipuzkoan. – YouTube.

Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak salatu dute Jaurlaritzak angula-harrapaketa legeztatzeko egin duen saiakera berria, oraingoan “zelata-arrantzaren” aitzakian

Angula-arrantza profesionalizatzeko dekretu-proiektua berriz ere jendaurrean ipini du Eusko Jaurlaritzak. Profesionalizatzeko dekretuaren bidez, Jaurlaritzak saihestu nahi du Europar Batasunak 2023ko urtarrilean angularen aisialdiko arrantzaren gainean ezarri zuen debekua. Izan ere, aisialdikoa zen ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan legez egin zitekeen angula-arrantza mota bakarra.

Ez da Jaurlaritzak angula-arrantza profesionalizatzeko dekretua jendaurrean ipini duen lehen aldia. Joan den irailean ere egin zuen, baina berriro egin behar izan du, besteak beste, talde ekologistok hura justifikatzeko legez aurkeztu behar diren txosten juridiko eta zientifikoak falta zirela salatu genuelako.

Oraingoan bai, oraingoan txostenak aurkeztu ditu. Txosten horiek, funtsean, zera diote, batetik, profesionalizazioa EBren Araudi berrira “egokitzeko” modua dela, eta, bestetik, aingira europarraren egoera egiazki larria dela (*), baina arrantza profesionalak balioko lukeela espeziearen bilakaera zelatatzeko edo behatzeko, eta, azken batean, horrek kontserbazioan  lagunduko lukeela. Horri “zelata-arrantza” izena eman diote.

Alegia, Jaurlaritzak ziria sartu nahi digu. Sinetsarazi nahi digu angula modu profesionalean, hau da, irabaziak helburu, arrantzatuko dela… baina soil-soilik espeziearen beraren hobebeharrez. Gauzak horrela, Eguzkikook eta Mutriku Natur Taldekook oraingoan ere alegazioak aurkeztu ditugu, jakina.

Ezer baino lehen esan behar dugu profesionalizazio-dekretuaren benetako helburua ez dela angula-arrantza EBren erabaki berrietara “egokitzea”, erabaki horiek saihestea baizik. EB ez zen “ausartu” komunitate zientifikoak eskatzen zion angula-arrantzaren gaineko moratoria onartzera, baina neurri murritzaileak hartu zituen, ondorio sozial gutxien izan zezaketenetakik hasita. Hortaz, asialdiko arrantza debekatu egin zuen, hau da, Bizkaian eta Gipuzkoan aspalditik indarrean zegoen bakarra. Beraz, profesionalizazio-dekretua debekuari iskin egiteko amarru bat baino ez da.

“Zelata-arrantza” kontzeptua, berriz, koartada bat besterik ez da. Espeziearen populazioen jarraipena egiteko ez dago zertan angulak uretatik atera, are gutxiago urre-prezioan saltzeko eta jateko. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aingira Berreskuratzeko Plan Integralak espeziearen populazioen jarraipena egitea du oinarri, eta, hala ere, ez du inolako “zelata-arrantzarik” aurreikusten. Are gehiago, espresuki debeketazen du aingirak ur kontinentaletan arrantzatzea. Eta aukera aprobetxatu nahi dugu kontraesana agerian uzteko: Aldundiak, begi-bistako kontserbazio-arrazoiengatik, ibai eta erreketan aingirak harrapatzea aspaldi debekatu zuen; Jaurlaritzak, berriz, errio edo itsasadarretan aingiren kumeak, angulak, arrantzatzen jarraitu ahal izateko moduak nola edo hala bilatzen ditu.  Hitz gutxitan: “zelata-arrantza” kontzeptuak galzorian dagoen espezie baten harrapaketa “errespetagarritasun zientifikoz” eta, nola ez, “iraunkortasunaz” mozorrotzea beste helbururik ez du.

Gauzak horrela, Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak berriz ere ekatu diogu Jaurlaritzari angula-arrantza profesionalizatzeko proiektuari uko egiteko. Proiektu horrek biodibertsitatea sakrifikatzen du, klientelismoaren mesedean. Halaber,  Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak Jaurlaritzari eskatu diote EBren debekua behingoz onartzeko eta aingira Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan sartzeko. Izan ere, hori da galzorian dagoen aingirari dagokion lekua, aspalditik, gainera.

EGUZKI TALDE EKOLOGISTA eta MUTRIKU NATUR TALDEA, 2024ko apirilean 

(*) Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik, eta hori nabarmendu beharra dagoela iruditzen zaigu. Hona hemen datu adierazgarri bat: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.

Fuente: @Chikichanka

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera. Alegia, iberiar katamotzak, pandak edota ekialdeko gorilak baino arrisku handiagoa du aingira europarrak.

ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

Eta, hala ere, jarraitzen dugu aingirak eta angulak arrantzatzen eta jaten.

Bulebarra HERRITARRON PLAZA bihurtuta, kanpaina berri bati ekingo dio larunbatean Donostia Defendatuz-ek

Donostia Defentatuz koordinadorak gaur goizean eskainitako prentsaurreko baten bidez jakinarazi du larunbatean, hilak 27, Bulebarra HERRITARRON PLAZA bihurtuko duela. Izan ere, bertan, egun osoko egitarau mamitsua antolatu dute, besteak beste, dozena erdi bat mahainguru, zeinetan hiriko parkeak, ondare arkitektonikoa, etxebizitza, turistifikazio eta beste gai batzuk jorratuko diren. Musika eta kalejira erreibindikatiboa ere ez dira falta izango. Egitarau zehatza lerro hauen azpian paratu dugun kartelean bertan ikus dezakezu, baita ekimena sustatzen duten talde guztien izenak ere, tartean Eguzki.

Larunbateko ekimena maiatzaren 26an manifestazio batekin burutuko den kanpaina berri baten hasiera izango da. Manifestazio horren lema DONOSTIA DEFENTATUZ: HIRI BIZIGARRIAREN ALDE! Izango da. Manifestazioak badu orain dela urtebete egin zen aurrekari arrakastasu bat:

Oso erantzun zabala Donostia Defendatuz plataformaren deialdiari | Eguzki Talde Ekologista

Hiriko hainbat auzo-elkartek eta gizarte-mugimenduk osatzen dugu Donostia Defendatuz. Koordinadorak adierazten du Udal Gobernuak behin eta berriro espekulazio eta turistifikazioaren aldeko erabakiak hartzen dituela, herritar gehienon kaltetan.  Erabaki horien bidez, hiria turistifikazio-prozesu basatian sartu du, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari txarrerako eragin. Hona hemen manifestua oso-osorik:

DONOSTIA DEFENDATUZ HERRITARRON PLAZA – BiziLagunEkin

Oso manifestazio jendetsua Altsasun AHTaren aurka eta tren sozialaren alde

Oso-oso manifestazio jendetsua egin zen atzo Altsasun, Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik EZ plataformek antolatuta.

Honako bideo hauek agerian uzten dute zinez manifestazio handia izan zela:

Altsasuko AHT-aren aurkako manifestazioa 2024/04/20 -1 – YouTube

Traktore-talde batek ireki zuen manifestazioa:

Altsasuko AHT-aren aurkako manifestazioa 2024/04/20 -2 (youtube.com)

Joaldunek, izaki mitologikoek, erraldoiek, musikariek eta bestek etengabe animatu zuten martxa:

Altsasuko AHT-aren aurkako manifestazioa 2024/04/20 -3 – YouTube

Hona hemen bukaerako hitzaldia, laburra eta argia:

Altsasuko AHT-aren aurkako manifestazioa 2024/04/20 -5 (youtube.com)

Zumaiako Joxe Mari Korta industrialdean uralitak Urola ibaira isuri dituztela salatu du Eguzkik

Urola bailaran dihardugun Eguzkiko kideok ikusi ahal izan dugu Joxe Mari Korta industrialdean uralita ugari isuri direla ibaira.

Uralitak amiantoa du. Amiantoa kantzerigenotzat hartzen da, hau da, minbizia sortzeko gai den kanpoko agentetzat. Horregatik, 2001ean amiantoa merkaturatzea eta erabiltzea debekatu zen.

Amiantoarekin kontaktuan egote hutsak ez dakar ia arriskurik osasunerako, baina, kontuz!, egoera aldatu egiten da material hori manipulatzen edo aldatzen denean, zuntzak airera pasa eta erraz arnasteko moduan geratzen direlarik. Hori gertatzen da, besteak beste, hausturak izaten dituztenean edo degradatzen hasten direnean, kasu honetan bezala; izan ere, ibaira isuritako plaka batzuk apurtuta daude, eta baliteke uralita horiek hondatzen hasi izana; izan ere, kalkulatzen da amiantoaren bizitza baliagarria 30-50 urte bitartekoa dela, eta material horren zatirik handiena 60- 80 urteen artean fabrikatu zela.

Uralitan dagoen amiantoak osasun-arazo larriak eragiteaz gain, ingurumenari ere kalte egin diezaioke, behar bezala kudeatzen ez bada. Horregatik, uralitak kontrolik gabe isurtzea delitutzat hartzen da, substantzia horren arriskugarritasunagatik. Hori dela eta, kontrolik gabeko isurketa mota horiek osasun publikoari eta ingurumenari buruzko araudiak urratzen dituzte, eta, beraz, arduradunei ingurumenaren aurkako delitu bat egotz dakieke.

Uralitak kentzea legezko prozedura berezi batek arautzen du, segurtasun- eta higiene-neurri zorrotzak betetzera behartzen duena, eta modu kontrolatuan ere kendu behar da, oso protokolo zorrotzari jarraituz. Bestela esanda, ezin da amiantoa duen elementurik kendu horretarako akreditatutako enpresa baten zerbitzuak kontuan hartu gabe.

Industrialde honetan, zoritxarrez, ehunka kilo uralita isurtzeaz gain, beste hondakin kutsagarri asko ere bota dituzte ibaira.

Apirilalaren 9an, erakunde honek ohar bat argitaratu zuen. Bertan, Urolara isuritako tona hondakinak gogor salatu genituen, eta Urola Erdiko eta Zumaiako udalei eskatu genien “ibaia kutsatzen duten zabor tonak kentzeko, neurri zuzentzaile gisa”. Era berean, “hondakin horiek aprobetxa ditzatela eta eskura dituzten komunikabide guztiak erabil ditzatela biztanleei ibaiaren arazoen berri emateko”. Era berean, URArekin lankidetzan, “hautatu eta identifikatu zein ibai-tartetan egiten diren isurketa ohikoenak: industrialdeak, aparkalekuak, txabolak… eta egin zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-lanak”.

Hona hemen joan den apirilaren 9ko komunikatua: Urola ibaia kutsatzen duten zabor tonak kentzeko eskatu die Eguzkik Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa, Azpeiti eta Azkoitiko udalei | Eguzki Talde Ekologista

Horregatik, Eguzkik Zumaiako Udalari eskatu dio egin beharreko kudeaketak egin ditzala uralitak modu kontrolatuan kentzeko, horretarako ezarritako protokoloari jarraituz. Era berean, Zumaiatik igarotzen den Urola ibaiko gainerako zabor-tonak kentzea eta, URArekin lankidetzan, isuriak maiz gertatzen diren ibai-zati jakin batzuk hautatu eta identifikatzea eta zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-lanak egitea. Eta industrialde hori, salaketa honek  eta horren larritasunak erakusten duen bezala, horietako bat izan behar da.

EGUZKI, 2024ko apirila

Tren sozialaren alde eta AHTren aurka larunbatean Altsasun egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin dute Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako plataformek

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek, larunbat honetan, apirilaren 20an, arratsaldeko 18:00tan, Altsasun burutuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Manifestazio horren helburua abiadura handiko trenek soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea da eta gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta trenen maiztasuna handitzea, trena benetako garraiobide bihur dadin.

Duela urte eta erdi aurkeztutako Alternatiba aurrera eramatea eskatzen dugu, hiru bide-ingeniarik idatzia. Azterlan tekniko alternatiboa egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu, Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoarekin.

Abantaila handi bat planteatzen du: salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabil daiteke. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin betez.

Deialdiaren berri emateko atzo Altsasun eskainitako prentsaurrekoa.

Alternatibak erakusten duenez, Burgos Gasteizekin eta Gasteiz Iruñearekin lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia-denborak 10 eta 8 minutu baino ez dira handituko, hurrenez hurren. Trukean, aldirietako eta eskualdeetako konexioak hobetuko lirateke, geltoki guztiak berrituko lirateke, berri batzuk irekiz, geralekuak berreskuratuko lirateke eta ingurumen-inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke.

Egungo azpiegitura modernizatu eta egokitzeari esker, egungo trenek hobera egingo dute segurtasunean, eta lurperatzeak ere planteatuko dira, adibidez Altsasun eta Agurainen, hiri-integrazio hobea lortzeko.

Herri-plataformen eta Adifen eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztien artean lortutako akordioetatik sortutako konponbide erreal eta teknikoki bideragarri bat eskaintzeko asmoarekin egin da azterketa.

Gainera, Frantziako Estatuak Hendaia eta Bordele artean abiadura handiko tren-azpiegitura berri bat EZ eraikitzea erabaki ondoren, eta Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek egungo trenbide-trazadura hobetzeko proposamena egin ondoren, gure alternatibak eta obrak gelditzeko eskakizunak inoiz baino indar handiagoa hartzen dute.

Ildo beretik, gogorarazi nahi dugu Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko loturak eragindako udalerrietako alkatetzen %70 baino gehiago planteatutako alternatiba gauzatzearen alde daudela, herritarren artean gai honekin dagoen adostasun zabala islatuz.

Horregatik eskatzen dugu herriaren borondatea errespetatzea, trenbide-azpiegitura berri bat eraikitzeko lan guztiak gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea.

Bukatzeko, larunbateko manifestazioan parte hartzeko gonbidapena berriro luzatu nahi diogu jendeari garrantzitsua bezain polita izango delako. Fanfarrea, joaldunak, erraldoiak, Irurtzungo izaki mitologikoak, Jotafa txaranga, txalapartariak, bertsolariak, traktoreak eta abar luze bat izango ditugu larunbat arratsaldeaz gozatzeko eta aldi berean AHTren txikizioaren aurka ekiteko eta gure eskualde eta herriak lotuko dituen tren baten alde borrokatzeko.

P.S. Bada ekimen honen berri zehatzago ematen duen aldizkari bat, manifestazioaren antolatzaileak egunotan herriz herri eta etxez etxe banatzen ari direna. Iritsi ez bazaizu, hemen ikus dezakezu:  AHTaren aurrean alternatiba aldizkaria / Revista sobre la alternativa al TAV by AHTaren aurrean alternativa – Issuu

Katuarrain pilo bat hilik, oraingoan ere Getarian

Testu honen buruan ageri den argazkia Diego Carral eta Andoni Bengoetxea urpekariek Getariako uretan egindakoa da, portutik gertu. Bertan hamaika katuarrain hilik ikus daitezke. Argazkia Realaren Itsaspekoak sailak argitaratu du bere facebook eta instagram kontuetan, iruzkin argigarri batekin.

Iruzkin osoa aipatutako kontuetan irakur dezakezue (@subacuáticasrealsociedad), baina hemen duzue laburpen bat, guk euskaratuta:

“Horra katuarrainak uretara alferrik botata […] Tamalgarria da, itsas biodebertsitatearen ikuspegitik ez ezik gure komunitateen elikapen-segurtasunaren ikuspegitik ere. […] Honek agerian uzten du arrantza-bazterkinek itsas bizitzan duten eragin suntsitzailea. Marrazoak, katuarrainak kasu, galbide-krisian daude praktika arduragabe eta iraunkortasun gitxiko hauen ondorioz. […] Ondorengo belaunaldien mesedean, funtsezkoak dira itsas ekosistemak zein arrantza-baliabideak babesteko praktika arduratsuagoak”.

Zoritxarrez, ez da Getariatik honelako irudiak jasotzen ditugun lehen aldia. Izan ere, maiatzaren 1ean egingo du urtebete Carlos Osinaga urpekariak honako bideo negrgarri hau bidali zigunetik:

Katuarraiak hilik Getarian. (youtube.com)

Inork ez dezala pentsa, ordea, hau soil-soilik Getariako kontua denik. Hona hemen Buceo Donostiako kideek 2021eko maiatzean Pasaian ateratako argazki bat:

Eguzki, 2024ko apirila

Legez kanpo botatako hainbat hondakin garbitu dituzte Lezon

Lezoko 107 poligonoan legez kanpo botatako hainbat hondakin garbitu dituzte. Honako argazki hauetan garbi ikusten da nolakoa zen lehengo egoera eta nolakoa den oraingoa:

Egia esan, azkar asko mugitu da Lezoko Udala. Martxoaren 13an eman zuen Eguzkik egoerararen berri. Udalak berehala erantzun zuen jakinaren gainean zegoela eta soluzio bila ari zela. Geroztik, hondakinak erretiratzeaz gain, neurriak hartu ditu legez kanpoko deposito berriak eragozteko edo, behintzat, zailtzeko.

Ematen du gero eta gehiago direla legez kanpo edonon botata uzten diren hondakin-depositoak. Horiek kontrolatzeko, garrantzitsua da udalen jarrera proaktiboa. Izan ere, udalek neurririk hartzen ez badute, egoera kronifikatzen da, eta hasieran deposito solteak direnak denboraren poderioz bene-benetako zabortegi bihurtzen dira, Donostiako Okendotegi Bideko kasuan bezala (*).

Hondakinak legez kanpo uzten dituztenak, berriz, gutxitan identifikatu eta zigortzen dituzte. Alabaina, edozein motatako hondakin behar ez den lekuan abandonatuta uztea espresuki debekatuta dago, eta segun zer hondakin eta zer baldintzatan uzten den, arau-haustea ez ezik delitua ere izan daiteke.

EGUZKI, 2024ko apirila

(*) Donostiako Udalak Okendotegin esku hartu gabe jarraitzen duenez, paraje hori zabortegi bihurtzetik gero eta hurbilago dago | Eguzki Talde Ekologista Gaur egun, egoerak bere horretan dirau Okendotegin. Honako txio honetan aurkituko duzue joan den martxoan grabatutako bideotxo bat: Eguzki en X: “Donostiako Udalak neurririk hartu ez duenez, Martuteneko Okendotegi bidea gero eta zabortegiago. @DonostiakoUdala @DSS_Ingurumena https://t.co/Oe0F5F3LLH” / X (twitter.com)

Urola ibaia kutsatzen duten zabor tonak kentzeko eskatu die Eguzkik Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa, Azpeiti eta Azkoitiko udalei

Herrialde garatua, oro har, bizi-maila ona duen herrialdea da, eta horien artean dago gure herria, Euskal Herria. Gure herrietatik igarotzen diren ibai eta errekei begiratzen badiegu, plazer berberak ez dituztela gozatzen konturatuko gara: ingurumenaren degradazioa, gehiegikeria eta ibai eta erreken aurkako erasoak agerikoak dira. Aurten ere, ibaiertzeko landaredia, ibai-sistemen osasun onerako funtsezkoa dena, edozein motatako hondakinez beteta dago, eta Urola ibaia ez da horretatik salbu.

Hona hemen Urola ibaiaren ia ertz osoa inbaditzen duten hondakinen tona eta motak: latak, beirazko eta plastikozko botilak, plastikozko poltsak, disolbatzaile eta motorreko olio poteak, nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinak, ehunak, txatarra, pneumatikoak, metalezko egiturak, gomak, komunak, su-itzalgailu eramangarriak, eraikinetan jartzen direnak bezalakoak, altzari eta teilapeen zatiak, besteak beste, baita arriskutsuak ere, hala nola tresna elektronikoak eta uralitak.

NOLA IRISTEN DIREN HONDAKIN HORIEK IBAIRA?

Euskal kostaldea kutsatzen duten hondakinen % 80 gure ibaietatik datozen bezala, ibaian ditugun hondakin gehienak zuzenean isuri dira, nahita; ez dira ustekabean edo estolderiatik iritsi. Izan ere, batzuek ibaia eta errekak beren zabortegi partikular gisa erabiltzen dituzte, eta hori ez da gauza berria, duela hamarkada batzuetatik baitaramatza gurekin.

Hondakin asko ez daude isuri diren puntu berean; aitzitik, ibai-korronteek eramandako jatorrizko puntutik distantzia jakin bat egin ondoren iritsi dira. Legez kanpo isurtzen dira ibai ondokko aparkaleku, industriagune, negutegi, txabol, baratze eta etxeetatik.

Hondakinak botatzen dituztenak, ez dituzte botatzen osasun edo ingurumenaren inguruko kontzientzia falta dutelako bakarrik, baizik eta praktika horiek inolako ondoriorik ez dakarkiela ikasi dutelako. Urteen joanak erakusten du kontzientzien zain egotea, arazo honen aurrean esku ez hartzeak, ez dituela espero diren emaitzak ematen. Aldiz, arazoa kronifikatu eta normalizatu egin du. Ibai-sistemen gaur egungo egoera tamalgarria horixe erakusten du.

Abiadura jakin batean gidatzen badugu, ibilgailuak horretarako egokitutako guneetan aparkatzen baditugu, IATa pasatzen badugu, leku jakin batzuetan erretzen ez badugu, zergak ordaintzen baditugu, egiten dugu neurri handi batean hori egin ezean zigortzen gaituen lege bat dagoelako. Egia da badirela kontzientzia edo arrazoi moral hutsengatik egiten dutenak, noski, baina gutxienak dira

Uren Legeak debekatu egiten ditu urak kutsatzen dituzten zuzeneko edo zeharkako isurketak, eta Uraren Euskal Agentzia (URA) arduratzen da horiek zaindu eta betetzeaz. Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legeak ez du soilik aurreikusten zaborrak uzteko, isurtzeko eta kontrolik gabe kudeatzeko modu guztiak prebenitzeko neurriak hartzeko beharra; era berean, informatzeko eta jokabide arduratsua sustatzeko neurriak hartzeko beharraz ere ari da, zabor-isurketak murrizteko, eta, kasu honetan, udalei dagokie.

Horregatik, Eguzkik zorrotz salatzen du ibaiaren egoera, eta lehen aipatutako udalei eskatu die neurri zuzentzaile gisa ken ditzatela ibaia kutsatzen duten zabor tonak. Halaber, aprobetxa ditzatela zabor horiek, eta erabil ditzatela eskura dituzten hedabide guztiak ibaiko arazoen berri herritarrei emateko. Era berean, URArekin lankidetzan, isuriak maiz gertatzen diren ibai-zati batzuk hautatu eta identifikatzea: industrialdeak, aparkalekuak, txabolak… eta zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-lanak egin ditzatela. Izan ere, ibai-sistemak bere zabor-edukiontzi gisa erabiltzea hainbeste gustatzen zaienei hezteko modurik onena da ingurumenari erasotzeak, degradatzeak eta kutsatzeak poltsikoa uki diezaieketela irakastea da.

EGUZKI, 2024ko apirila