All posts by Donostia

Dulantzikoa bakarrik ez, Araban itxita dauden beste tren-geltokiak ere irekitzeko eskatu du Eguzkik

dulantziDulantziko tren-geltokia aurten irekiko duela iragarri du ADIFek, ate automatizatuak jarrita. Hamar urte egin ditu itxita, eta, nahiz eta berokuntza-sistema piztuta egoten den eta aldian behin garbiketa egiten den, itxita dago. Erabiltzaileek trena kanpoan itxoin behar izaten dute, eguraldia edozein dela ere.

Eguzkikooi ondo iruditzen zaigu Dulantziko geltokia irekitzea, noski, baina hauxe bera gertatzen da Araia eta Langraizkoetan ere. Logikoena guztiak irekitzea izango litzateke eta, irekitze hutsetik harago, potentziatzea, herritarrei tren-zerbitzu hobea emateko. Azken batean, behar dugun garraio publiko kalitatekoa sustatzeko.

Barkatu, irakurle, testu hau gaztelaniaz bakarrik irakur daiteke osorik.

San Sebastian bezperako afarietan angularik ez jateko eskatu du Eguzkik

angulasAingira, espezie gisa, oso-oso egoera larrian dagoela eta (*), San Sebastian bezperako afarietako menuetan angularik ez jartzeko eskatu die Eguzkik donostiarrei eta, bereziki, soziedadeei. Alegia, eskatu die joateko Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz edota Juan Mari Arzak dagoeneko abiatu diren bidetik. Izan ere, sukaldari ezagun horiek, Relais & Chateaux eta Eurotoques nazioarteko elkarteen propoesamena ontzat joz, beraien kartetatik erretiratu dituzte aingirak eta angulak osagai dituzten platerak.

Badakigu zenbait etxe eta soziedadetan San Sebastian bezperan angulak jatea tradizioa dela. Baina tradizioaren oinarria da gure errioetan aingirak eta angulak bizitzea. Aingirak desagertzen badira, akabo tradizioa, betiko. Eta zientzialariek argi eta garbi dioskute horixe gertatuko dela, berehala neurri zorrotzak hartu ezean, behintzat.

Arrantza ez da aingiraren egoera penagarriaren eragile bakarra. Horregatik, arrantza bertan behera utzita ere, oso litekeena da espezieak aurrera ez egitea. Baina arrantzak jarraituz gero, segurutzat jo dezakegu espeziea galduko dela.

Horregatik eskatzen diegu donostiarrei eta bereziki elkarteei angulak jateari uko egiteko. Are gehiago kontuan izanda plazan nahikoa jaki goxo badagoela eta gure sukaldarien artean nahikoa jakituria badagoela angularik gabe ere primerako menuak prestatzeko. Ez dugu biodibertsitatea jateko arrazoirik.

Eguzki, 2024ko urtarrila

(*) Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik, eta hori nabarmendu beharra dagoela iruditzen zaigu. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera. Alegia, iberiar katamotzak, pandak edota ekialdeko gorilak baino arrisku handiagoa du aingira europarrak. Eta, hala ere, jarraitzen dugu aingirak eta angulak arrantzatzen eta jaten. ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

Fuente: @Chikichanka

Fuente: @Chikichanka

Ez zaituztegu datuz ito nahi, baina egoeraren panoramikaren berri nahi baduzue, honako bideo hau aholkatzen dizuegu:

https://www.rtve.es/play/videos/objetivo-planeta/anguilas-angulas-estado-critico/7035765/.

Bideoan parte hartzen dutenetako bat Estibaliz Diaz da, AZTIko ikerlaria eta ICESen aingira-taldeko kidea. Honako datu adierazgarri hau aipatzen du: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.

Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babesteko erabakia ospatu du Eguzkik

Proposamenari buruzko azalpenak ematen Ulian barrenako martxa bateko parte-hartzaileei.

Proposamenari buruzko azalpenak ematen Ulian barrenako martxa bateko parte-hartzaileei.

Eguzki talde ekologista pozik da Gobernu zentralak Europako Batzordeari “Jaizkibel-Capbreton itsas eremua” babesteko proposamena egin diolako (*). 1.500 km²-ko eremua da, kostatik –Igeldoko itsaslabarretatik Higer lurmuturreraino– itsasorantz zabaltzen dena, 2.000 metroko sakonera duen Capbretongo hobiraino.

Zehatz-mehatz, Gobernuak Europari eskatu dio eremu hori (eta Gibraltarren, Kanarietan, Galizian, Balear Uharteetan edota Katalunian dauden beste batzuk) Batasuneko Garrantzizko Leku izendatzeko eta Natura 2000 Sarean sartzeko.

Ulia eta Jaizkibel aurreko uretan dagoen biodibertsitate pelagikoa babesteko proposamena 2010ean abiatu zen, Oceana nazioarteko fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak elkarrekin egin zuten txosten zientifiko bat oinarri hartuta. Hainbat taldek, tartean Eguzkik, proposamena berehala geure egin genuen eta urte hauetan guztietan itsas erreserba errebindikatu dugu, are gehiago kontuan izanik Hego Euskal Herrian itsas eremu babestuen eskasia oso-oso deigarria dela.

Jaizkibel-Capbreton itsas eremua, Boletin Ogizialean ageri den irudiaren arabera.

Jaizkibel-Capbreton itsas eremua, Boletin Ogizialean ageri den irudiaren arabera.

Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babesteko arrazoi nagusia Europar Batasunak garrantzizkotzat jotzen dituen espezie eta habitat naturalak bertan izatea da, hala nola, itsas ugaztunak (izurde handia, Tursiops truncatus, kasu), arrezifeak eta urpeko leizeak. Oro har, arrantza-baliabideei eta biodibertsitateari eusteko funtsezko ekosistemak dira.

Kontuan izan behar da, gainera, Jaizkibel-Cabreton itsas eremu horren ondo-ondoan, Lapurdiko itsasertzaren aurrean, badirela babestuta dauden beste eremu batzuk. Guztiak batuta, Atlantikoko eremu babestu handienetako bat eratu daiteke.

Gobernu zentralak hartu duen erabakia ez da behin betiko urratsa, baina bai oso urrats garrantzitsua. Ea Europak proposamena laster onartzen duen eta ospatzeko aukera dugun.

Nolanahi ere, behin izendapena onartuta, jarduerak arautu beharko dira. Arautze horrek lagundu beharko luke gaur egun eremu horretan dauden hainbat arazo konpontzen, hala nola, hondakin-uren saneamenduan dauden gabeziak, meurriz gaineko arrantza, itsasertzaren artifizializazioa, jarduera nautiko gehiegizkoak, hondakin solidoak edota kontrolik gabeko urpekaritza.

EGUZKI, 2024ko urtarrila

(*) Hona hemen Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren aginduaren esteka: BOE-A-2023-26741 Orden TED/1416/2023, de 26 de diciembre, por la que se aprueba la propuesta para la inclusión de seis espacios marinos protegidos en la lista de lugares de importancia comunitaria de la Red Natura 2000 y se declaran dos zonas de especial protección para las aves en aguas marinas españolas.

2023a ere Oikian saneamendu-lanak egin gabe bukatu dela salatu du Eguzkik

oikia2023a ere Oikian sanemendu-lanak egin gabe bukatu dela salatu du Eguzkik. Lan hauek orain dela hamar bat urte, behintzat, eginda egon behar zuten, baina atzerapenak metatzen jarraitzen dute, nahiz eta, Ura agentziaren beraren hitzetan, Urolan beherako kutsadura “nabarmen” arinduko luketen.

Herri-erakundeek 2007an Gipuzkoan hainbat saneamendu-lan egiteko Esparru Akordioa izenpetu zuten. Akordio haren arabera, Oikiako sanemandua, beranduenez, 2011rako bukatuta egon behar zen. 2010ean proiektu bat eta guzti idatzi zen, baina ez zen gauzatu, Jaurlaritzak ez zuelako bete lanok %100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. Proiektua tiraderan gelditu zen harik eta 2019an Jaurlaritzak berak eta Aldundiak handik atera zuten arte. Orduan esan zuten lanak 2021rako hasita, behintzat, egongo zirela. Baina 2010eko proiektua zaharkituta omen zegoen eta, horren ondorioz, 2021ean, lanak hasi ez eta proiektu berri bat esleitu behar izan zuten. Proiektu berria 2022an ipini zen jendaurrean. Itxura guztien arabera, 2023an nahitaez hasi behar ziren lanak. Ez da horrela izan, ordea. Beraz, Oikiako hondakin-urek 2024an ere jarraituko dute Urola “nabarmen” kutsatzen.

EGUZKI, 2023ko abendua

oikia_kokapena_webUra agentziak berak adierazitakoaren arabera, Oikiako eta auzopean dagoen Xey industialdeko hondakin-urak biltzea eta Basustako araztegira bideratzea ahalbidetuko ditu saneamendu-proiektuak. Halaber, etorkizunean Aizarnazabalgo hondakin-urekin horixe bera egitea ere ahalbidetuko du. Izan ere, Aizarnazabalgo hondakin-urak ere gaur egun ibaira isurtzen dira.

Aurrekontua 5,4 milioi eurokoa da eta obrak egiteko epea, berriz, 11 hilabetekoa.

“Zerura eta zerutik”, eguberritako faroltxoen inguruan

Baiona, joan den larunbatean. Argazkia: Guillaume Fauveau, Berria.

Baiona, joan den larunbatean. Argazkia: Guillaume Fauveau, Berria.

Gaur, Berria egunkarian eta “Zerura eta zerutik” izenburupeko erreportaian, Enekoitz Telleria Sarriegi kazetariak primeran islatu du azken urteotan, Eguberriaren aitzakian, zerura botatzen diren faroltxoen auzia.

Eguzkiko kide baten iritzia ere kontuan izan du kazetariak. Iritzi hori, labur-labur, honako hau da: faroltxoak, irudi ederrak sortzeko eta lortzeko aukera eskaini arren, trukean, sute-arrisku handia dira, kalean zein mendian, eta hondakinak alferrik barreiatzeko modua. Gainera, faroltxoen kasuan, aspaldiko tradizioa denik ere ezin da argudiatu.

Nolanahi ere, erreportaia osoa irakurtzera animatzen zaituztegu, ederki landuta dago eta:

Zerura, eta zerutik (berria.eus)

Eguzkik Azkoitiko Udalari eskatu dio kudeatzeko Aittolako aparkaleku inguruko legez kanpoko isurketak

Karobiak dituen eta agerian dauden hondakinen zati bat.

Karobiak dituen eta agerian dauden hondakinen zati bat.

Iazko maiatzaren erdialdean, legez kanpoko isurketa horien berri izan zuen Eguzkik, ‘Maxixatzen’en bidez herritar batek hau publikoki salatu zuenean: “Pasa den neguan, pinu mozketak egin zituzten Aittola inguruan. Mozketak egiteko makinez baliatzen dira, eta horien lana errazteko pistak eraikitzen dituzte mendian zehar. Pista eraikitzerakoan belarrez eta sastrakaz ezkutatuta zegoen karobi moduko bat suntsitu zuten. Itxura guztien arabera, garai batean zabortegi bezala erabiltzen zen karobi hori, eta barruan zegoen zikinkeri guztia, batez ere beirazko botilak, mendian zabalduta gelditu ziren. Oraindik orain han jarraitzen dute hondakinek. Leku hori Aittolako aparkalekutik 50 metrora aurkitzen da. Nori dagokio txoko hori garbitzea?” (Kejie ta desditxie: hondakinak Aittola inguruan – – Maxixatzen.eus).

Aurtengo apirilaren erdialdera, pertsona berak horrela salatu zuen berriro komunikabide honetan: “Ez da berria, orain dela urtebete inguru salatu nuen, baina badirudi inor ez dela egin txerrikeri honen erantzule” eta gehitzen du: “Eguraldi ona egiten duenean toki ederra da Aittola egun pasa eder bat egiteko, baina horrelako toki eder hauek zaintzen ez badira, azkar uzten diote eder izateari, beste zerbaitetan bihurtzeko” (Kejie ta desditxie: “Aittolako kaka” – – Maxixatzen.eus).

Hemen bideo bat: Legez kanpoko isurketak Azkoitiko Aittola aparkalekuaren inguruan. (youtube.com)

Urtebete eta zazpi hilabete igaro dira lehen salaketa jarri zenutenetik, eta egiaztatu dugu isurketek hor jarraitzen dutela lurzorua kutsatzen; gehienak ardo, xanpain eta ginebra botilak dira, eta, neurri txikiagoan, etxeko hondakinak: latak, poteak eta plastikozko poltsak. Jarrera horrek ingurumenarekiko eta haren kontserbazioarekiko sentsibilitate falta handia adierazten du, gainditu behar duguna eta modu eredugarrian jokatzera behartzen gaituena.

Ez dakigu lur horiek publikoak edo pribatuak diren, baina bai Azkoitiko lurzoruan daudela, eta Hondakinen Legeak berariaz debekatzen du edozein motatako hondakinak uztea, isurtzea edo kontrolik gabe ezabatzea, eta hondakinen eskumena toki-erakundeei dagokie.

Horregatik, Eguzkik Azkoitiko Udalari eskatu dio egin beharreko kudeaketak egin ditzala isuriak kentzeko eta ingurua ahalik eta azkarren lehengoratzeko.

EGUZKI, 2023ko abendua

Eguberritako klasiko bat: 2023a ere Mijoa errekan saneamendu-lanak egin gabe bukatuko dela salatu du Eguzkik

La regata Mijoa vierte junto a la playa de Saturraran.

La regata Mijoa vierte junto a la playa de Saturraran.

2023a bukatzear da eta Mutrikuko Saturrarango hondartzara isurtzen duen Mijoa errekan aurten ere saneamendu-zantzurik ez dagoela salatu behar du Eguzkik. Salaketa hau dagoeneko Eguberritako klasiko bat da. Izan ere, herri-erakundeek elkarren artean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat izenpetu zuten 2007an. Horren arabera, Mijoako sanemandua 2011rako martxan egon behar zen, baina urteak pasatzen joan dira eta promesa guztiak alferrikakoak izan dira.

2021eko otsailean, saneamendu-proiektu honen idazketa lizitatu zuen Ura agentziak. Orduan, hau bezalako titularak irakurri ahal izan genituen prentsan: El presente año será para configurar los proyectos y 2022 para actuar sobre ellos en Mijoa | El Diario Vasco.

Joan den maiatzean, berriz, udal-hauteskundeak zirela eta, Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Antonio Aiz Ura agentziako zuzendaria Mutrikura etorri ziren, Ion Gambra EAJko alkategaia babestera. Orduan zera entzun ahal izan genuen, Mijoako saneamendu-proiektua eta horrekin lotuta dagoen bidegorria “lehenbailehen” gauzatu egin behar zirela eta legeladi berrian Mutrikuko alderdi jeltzalearen “lehentasuna” izango zirela. Geroztik ez dugu horren inguruko albisterik izan, baina, lasai, laster hauteskunde-kanpaina berri bat izango dugu eta; oraingoan, autonomikoena.

EGUZKI, 2023ko abendua

Iraeta-Narrondo bidegorria, oraingoan bai?

Uno de los dos túneles del viejo ferrocarril del Urola que es preciso reabrir para que pueda pasar por ellos el bidegorri.

Bidegorria eraiki ahal izateko egonkortu behar diren bi tuneletako bat.

Urolako Bide Berdea osatzea ahalbidetuko duen Iraeta-Narrondo bidegorriaren proiektua BERRIZ ERE aurkeztu dute Iñaki Arriola Garraio sailburuak eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak. Eta BERRIZ ERE aurkeztu dute inolako autokritika edo etengabeko atzerapenei buruzko azalpenik gabe.

Zergatik esan dugu proiektua BERRIZ ERE aurkeztu dutela? Arriolak berak eta Rafaela Romero diputatuak –Asensiori foru bidegorrien gaineko ardura pasatu dionak– proiektu hauxe bera 2022ko otsailaren 24an aurkeztu zutelako. Orduan, Iraetako geltoki zaharrean egindako agerraldi batean, lanei 2023ko hasieran ekingo zietela iragarri zuten (Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trenbide zaharraren Iraeta-Narrondo tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dute, aurreko proiektua hobetuz – gipuzkoa). Lanak ez ziren urte hasieran hasi, bistan denez. Lehen atzerapena izan balitz, tira. Ez zen, ordea, lehen atzerapena. 2019an, Aldundiak lanak urte hartan bertan hasiko zirela esan zuen. Atera kontuak.

Eta zergatik esan dugu proiektua aurkeztu dutela BERRIZ ERE autokritika-zantzu txikienik gabe? Bada, lanei urte hasieran –agindutako epean, alegia– ekin ez zietelako, batetik, baina, bestetik, Zumaiako eta Zestoako alkateek jakinarazi zutelako oraindik sinatu gabe zegoela proiektua aurrera ateratzeko herri-erakundeen artean sinatu behar zuten hitzarmena. Apirilean, berriz, Aldundiak, asuntua zergatik egon zen urtebetez geldirik azaldu gabe, ohar bat zabaltzeko kopeta izan zuen, hitzarmena “berehala” sinatuko zela esanez, “argi berdea” bazela eta.

Delako “argi berdeari” oraindik pixka bat kosta zaio iristea, baina Gobernuak eta Aldundiak esan berri dutunez, trenbide zaharreko tunelak egokitzeko obrak “datozen egunetan” esleituko dira. Tunelak egokitzeaz gain, bidegorria bera eraiki behar da. Beraz, lanek gutxi gorabhera hiru urte iraungo dute, exekuzio-epea “30 eta 32 hilabete artekoa” baita. Ea oraingoan horrela den.

Dena dela, Iraeta-Narrondo proiektua bidegorrien eta mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoaren isla gisa BERRIZ ERE saldu nahi izateko kopeta ere behar da. Izan ere, proiektu hau bizikileta-bideen planak zer puntutaraino urratzen ari diren adibide garbi baino garbiagoa da. Behin baino gehiagotan salatu dugunez, planak barraskiloen abiaduran doaz edo, hobeto esan, barrastilo motelen abiaduran.

EGUZKI, 2023ko abendua

Oberan-Urdaburun, Aiako Harriko Parke Naturalean, kontrolik gabeko ganaduak eragindako kalteak salatu ditu Eguzkik

2021ean Donostiako Udalak Oberan mendian basoa biziberritzeko sartu zituen landareen heren bat, behintzat, alferrik galdu da.

2021ean Donostiako Udalak Oberan mendian basoa biziberritzeko sartu zituen landareen heren bat, behintzat, alferrik galdu da.

Donostiako udalak Eguzki erakunde ekologistari baieztatu dionez, 2021etik gaur egun arte behin eta berriz eragiten ari dira kalteak Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan, Oberango udal-mendian, zaharberritzen ari diren basoetan. Aipatutako kalteen jatorria lursailetan eta baso landaketetan sartzen diren ardi solteen presentzia da.

Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari (Aiako Harriko Parke Naturaleko administrazioa) eskatzen dio lehenbailehen jardun dezala abere horiek kentzeko eta haren jabeari eskatzeko babestutako naturgune horretako ondare publikoan eta biodibertsitatean sortutako kalteak ordain ditzala, aisialdiko abeltzain jakin batzuek duten zigorgabetasuna geldiarazteko. Era berean, Eguzkik kalte horien arduradunak identifikatzeko eskatu du.

Eguzkik salatu ditu, bai kontrolik gabeko abereak larreetatik kanpo egotea eta bai Gipuzkoako baso natural urrien eta zigortuen birsortze naturalaren gaineko mehatxu hau, are gehiago baso-politika negargarriak, laguntza publiko okerrek eta baso-jabe askoren zekenkeriak dagoeneko oso murriztuta baitaude baso hauek.

Era berean, parke naturaleko foru-administrazioari eta udalei gogorarazten die Natura 2000 Sarean babestutako ondare naturala zaintzeko eta arau-hausleak, aisialdiko abeltzainak izan edo izan, jazartzeko betebeharra. Eta habitat naturalen aurkako eraso horiek berriro ez errepikatzea. Hirigintza-, zerga- edo trafiko-diziplinaren arloan egiten den bezala. Eta berriro eskatzen diogu Donostiako udalari iker, identifika eta erreklama ditzala partikularrek Oberan-Urdaburu mendian eragindako kalte ekonomikoak, inolako eskrupulurik gabe.

Eguzki, 2023ko azaroan

2024an ere birziklatzaileak zabor-tasa finkoaren bidez zigortuko ditu Lasarte-Oriako udal gobernuak

Propaganda-kanpainetan, udal gobernuak dio birziklatzea oso garrantzitsua dela. Alabaina, zabor-tasa finkoaren bidez, oso bestelako mezua bidaltzen ari da.

Propaganda-kanpainetan, udal gobernuak dio birziklatzea oso garrantzitsua dela. Alabaina, zabor-tasa finkoaren bidez, oso bestelako mezua bidaltzen ari da.

2024an ere birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek zabor-tasa bera ordainduko dutela erabaki du Lasarte-Oriako udal gobernuak. Etxean hondakinak gaika biltzen dutenei hobari edo deskonturen bat egiteko aukera berriro datorren urtera arte atzeratu du, urtero egiten duen bezala. Izan ere, hobarien aukera mahai gainean dago 2017an bosgarren edukiontzia ezarri zenetik, baina, azkenean, udal gobernuak beti tarifa finkoa hobesten du.

Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Kontuan izan behar da hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen dela. Alde horretatik, oso argigarriak dira San Marko Mankomunitateko honako tarifa hauek: tona bat organiko, 151,30 euro; tona bat errefusa edo, hobeto esan, hondakin guztiak nahastuta, 189,13 euro. Hau da, gaika bildutako hondakinen tratamendua merkeagoa da (eta are merkeagoa izan beharko luke). Beraz, hondakinak gaika biltzen ez ditugun neurrian edo nahastuta biltzen ditugun neurrian, dirua zuzen-zuzenean zaborretara botatzen ari gara. Tarifa finkoaren bidez, berriz, udal gobernuak lortzen du zaborretara doan diru hori neurri berean izatea gaika biltzen dutenena eta dena nahastuta biltzen dutenena, bereizketarik gabe.

Hondakinak edukiontzi grisean nahastuta sartzen diren bakoitzean, dirua zaborretara botatzen ari gara. Eta diru hori birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek neurri berean ordaintzen dute, bereizketarik gabe.

Hondakinak edukiontzi grisean nahastuta sartzen diren bakoitzean, dirua zaborretara botatzen ari gara. Eta diru hori birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek neurri berean ordaintzen dute, bereizketarik gabe.

Udalak propaganda-kanpainak egiten ditu, herritarrak birziklatzera animatzeko, “kontzientziatzeko”. Baina tarifa finkoaren bidez herritar horiei berei bidaltzen dien mezua oso-oso bestelakoa da, praktikan birziklatzaileak zigortu eta ez-birziklatzaileak saritzen dituelako.

2024an zabor-tasa %30 igotzea ere erabaki du udal gobernuak. Izugarrizko igoera da, ezbairik gabe. Hondakin Lege berriaren ondorio dela argudiatu du udal gobernuak. Bada, Hondakin Lege berri horrek berak, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioari jarraituz, sortutako hondakin kopuruaren araberako ordainketaz eta birziklatzaileen tasak murrizteko aukeraz ere hitz egiten du. Baina Lasarte-Oriako udal gobernuak igoera bai, baina bestea, berriz, oraingoan ere, “datorren urterako” uztea erabaki du.

EGUZKI, 2023ko azaroan

Arrano beltz bat hil da egokitu gabeko linea elektriko batean, Erriberagoitian

Argazkia: Mario Bregaña / Gasteiz Hoy

Argazkia: Mario Bregaña / Gasteiz Hoy

Tristeziaz eta aldi berean amorruz irakurri dugu arrano beltz bat hil dela Erriberagoitian, egokitu gabeko linea batean elektrokutatuta:

Muere electrocutada un Águila Real en Ribera Alta (gasteizhoy.com)

Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartu zituen, hegaztien elektrokuzio- edo talka-arriskua gutxitzeko. Baina konpainiek Dekretua betetzeari urtetan uko egin zioten, harik eta epaileek delitu ekologikoengatiko lehenengo zigorrak ezarri zizkieten arte. Orduan hasi ziren lanak egiten, baina oraindik asko dira eogkitu gabe jarraitzen duten lineak.

Hegaztientzat, batez ere harraparientzat, latza da arazo hau; pozoiak, tiroak edo auto-istripuak baino are latzagoa. Aipatutako Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jo zuen.

Hala eta guztiz ere, Eguzkitik behin baino gehiagotan salatu dugun bezala (Linea elektrikoetan hegaztien heriotzak eragozteko baliabideak eskatu ditu Eguzkik – Eguzki Talde Ekologista), Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek ez diote eskaintzen merezi duen arreta. Horren ondorioz, Iberdrola –bai, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 3.640 milioko mozkinak izan dituela (iazko epe berean baino %17 gehiago) eta urtea inoiz baino gehiago irabazita bukatuko duela harro-harro esan duen konpainia hori bera– presa handirik gabe ari da. Bitartean, talka- edo elektrokozio-kasuek jarraitzen dute. Horren adibide da Erriberagoitiko hau. Arrano beltz bat; atera kontuak.