Arrantza pelagikorik ez !

Atunak pelagikoak

Aurtengo hegaluze kosteran ere sare pelagikoz arrantzatutako hainbat tona hegaluze porturatu da Ondarroan, zoritxarrez. Txalupa frantses eta irlandarrek sartu dute arrain hau portuan, bertoko arrantzaleentzako arrantza sistema hau ilegala delako.

Arrantza metodo pelagikoa oso suntsitzailea da. Zergatik? Sare horrek aho zabal bat dauka gainaldean, futbol zelai baten tamainakoa, eta horregatik deskarte asko ere arrantzatzen ditu, gero behar ez diren babestutako espezie asko: dortokak, izurdeak, marrazoak… eta baita baleak ere.

Botaldi bakoitzean arrain asko arrapatzen duenez, normalena da arrain hori hilda eta apurtuta jasotzea txalupara. Gainera, debekatuta dauden beste tunido espezie batzuk ere arrantzatzen dituzte.

Hala ere, “gure” kontserberek apurtutako hegaluze horiek erosten diztuzte, itxurak ez dielako ardurarik (arrandegiei bai, hauek arrainaren itxura asko zaintzen dutelako). Egokia izango litzateke Eusko Jaurlaritzak kontserbera hauek identifikatzea, gero propaganda faltsua egiten dutelako, euren arraina metodo tradizionalarekin atrapatu dela esaten dutelako, arrain hori banan banan atrapatu dela esanez. Eta ez da egia izaten.

Bertoko arrantzaleek metodo tradizionala erabiltzen dute, eta arraina banan banan atrapatzen dute, amua arrastatuz edo kanaberarekin. Beraz kanpoko txalupa hauek konpetentzia desleiala ari dira egiten estatuko arrantzaleei, hauek arte selektibo ez intentsiboak erabiltzen dituztelako, eta haiek metodo depredatzaileekin dabiltzalako. Gainera, tripulazio gutxiago erabiliz txalupa bakoitzean.

Ez hori bakarrik. Aurten Frantziako flota pelagikoa uztaileko bigarren astean hasi zen kosteran, normalean abuztuan hasten bada ere. Eta bertoko txalupa tradizionalek estatuko arrantza kupoa amaitu duten bitartean, Frantzia eta Irlandako txalupek arrantzatzen jarraitzen dute.

Eguzki talde ekologistak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Bizkaiko Golkoko arrantza-errekurtsoak modu jasangarrian eta arduratsuan kudea ditzala, bertoko arrantzaleek atrapatzen dituzten espezieak zainduz, bere eskumenek ematen dioten ahalmenak erabiliz. Eta horretarako, kontuan har ditzala Ondarroa 12 mila Plataformak planteatutako ekimenak.

Gai honetan gehiago inplikatzeko eskatzen dio Eguzkik Jaurlaritzari, eta aplika ditzala berriro arrantzako 6/1998 Legearen 10 eta 11. artikuluak, zeinetan esaten den “arrantza autoritateak edozein neurri hartu ahalko ditu[ela] errekurtsoak zaindu eta babesteko”, kofradiei eta baimendutako beste establezimenduei debekatuz pelagikoki atrapatutako Hegaluzea (Thunnus Alalunga) porturatzea eta saltzea Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan (nahiz eta txalupa hauek euren arrantzua Fratziako mendebaldeko kostaldeko portuetan saldu). Eta kontrol hori modu definitiboan egin dezala, eta ez modu trantsitorioan, iaz egin zuen lez. Eta handitu dezala inspektoreen plantilla txikia, txalupa hauek orain baino hobeto inspekzionatzeko.

Bestetik, eskatzen dugu EBak euskal txalupei emandako kuotak ez daitezela pribatizatu eta publikoak izan daitezela, kofradiek kudeatuz eta kontrolatuz. Eta ez daitezela merkantilizatu, zimarroiaren (Thunnus Thynnus) kuotarekin gertatu den bezala, zeina Mediterraneoko enpresa bati saldu zaion, errentabilitatearen aitzakiaz. Eta orain, behar dugunean, ezin dugu erabili.

Eta EBari eta ICCATari eskatzen diogu kuotak (kasu honetan tunidoenak) banatu ditzala batez ere modu jasangarrian arrantzatzen duten txalupen artean (APKaren 17. artikulua). Eta Bizkaiko Golkoan, 46º paralelotik behera, debeka dezala tunidoen arrantza pelagikoa, arrantza tradizionalaren lana ez oztopatzeko.

 

Putre bat etxeko balkoian

Putrea balkoian. Argazkia etxeko andre Kontxi Acostarena berarena da.

Putrea balkoian. Argazkia etxeko andre Kontxi Acostarena berarena da.

Igande arratsaldez geroztik putre batek Tolosaldeko jende askoren harridura piztu zuen, herrietako eraikinetatik oso gertu egiten zuelako hegan. Astelehen iluntzean, berriz, Ibarrako lehen solairuko etxe bateko balkoian geratu zen.

Etxeko andrea asaldatu egin zen, jakina. Putre batek mendian nahiko zirrara sortzen du; beraz, atera kontuak etxean, balkoian bada ere. Dena dela, andreak behar den bezala jokatzen asmatu zuen: putrea erratzarekin edo uxatzen saiatu ordez, aholkua eskatu eta, ondoren, Foru Aldundiaren basozainei deitu zien.

Putreak hegalak astintzen dituenean, are

Putreak hegalak astintzen dituenean, are “zirraragarriagoa” izan daiteke. Argazki hau ere Kontxi Acostarena da.

Lasai egoteko esan zioten eta, goizean putreak balkoian jarraitzen bazuen, berriz ere deitzeko. Gauzak horrela, putreak, babestutako espezie bateko animaliak, gaua balkoian pasatu zuen, harrigarriro. Ez zen guztiz gau lasaia izan, gainera. Izan ere, Ibarra festetan dago eta kuadrillaren bat, putrea jo-puntutzat hartuta, kaletik txanponak eta basoak jaurtitzen ibili omen zen. Horietako batzuek, portzierto, etxeko kristaletan jo zuten. Astearte goizean bai, basozainek putrea jaso eta Arrano Etxera eraman zuten. Hona hemen harrapatu zuteneko unean grabatutako bideo bat:

https://youtu.be/PgRppJF2xps

Arrano Etxean, berriz, deshidratatuta zegoen ale gazte bat dela ikusi zuten. Ez da ezohikoa ale gazteek horrelako arazoak izatea. Baina, esan bezala, deshidratatuta baino ez zegoen. Beraz, denbora pixka bat pasatuko du Arrano Etxean suspertzen eta, gero, berriro ere izango du hegan libre egiteko aukera. Albiste ona izango da, seguru, putrea noraezean ikusi eta harrituta geratu ziren pertsona asko eta askorentzat.

Astelehen gauean gauzak jaurtizen ibili zirenei, berriz, … Aizue, lagunok, badira gauza batzuk mozkortuta ere egin behar ez direnak.

EGUZKI

putre03

Putrea balkoian pausatu aurretik, noraezean zebilenean. Argazki hauek Iban Aznarri zor dizkiogu.

Putrea balkoian pausatu aurretik, noraezean zebilenean. Argazki hauek Iban Aznarri zor dizkiogu.

Isurketa kutsakor bat salatu du Eguzkik Errekatxulon, Donostiako Errekalde auzoan

errekatxuloJoan de asteburuan Eguzkik isurketa kutsakor berri bat salatu du, oraingoan Errekatxulon, Donostiako Errekalde auzoan.

Errekan oso nabariak ziren olio itxurako orbanak eta isuru zurixka bat. Hona hemen bideo bat:

https://youtu.be/vAh4y7QoO9c

112ra deitu genuen, SOS Deiak-era, alegia. Eta ibai edo erreka batean isurketa kutsakor bat atzematen duen herritar oro gauza bera egitera animatzen dugu. Izan ere, 112ra deitzea da Ura Agentziako ikuskatzaileak martxan jartzeko biderik azkarrena, baita, hala badagokion, behintzat, analitikak egiteko edo babes-neurriak hartzeko biderik azkarrena ere.

Isurketak urte osoan egiten dira, baina udan “ikusgarritasun” gehiago izan ohi dute. Hainbat faktorek esplikatzen dute hori, baina begi-bistakoena da uda partean ibaiek eta errekek ur gutxiago eraman ohi dutela eta, ondorioz, isurketak nabarmenago geratu ohi direla.

Eguzki, agosto de 2018

P.S. Errekak urte sasoi honetan oso ur gutxi daramanez, gaur, abuztuak 28, oraindik ikus (eta usaindu) daiteke isuritakoaren arrastoa.

Donostiako Udalak Illunbeko zezenketei ematen dien babes esplizituaren adibide berri bat

GoiaGascoTaurinoakEpaimahia batek, Ernesto Gasco Donostiako zinegotzi berritsuena buru duenak, erabaki du aurtengo Aste Nagusiko torerorik onena Andres Roca Rey izan dela eta, horren ondorioz, Urrezko Maskorrarekin saritu du. Hona hemen erabakiaren akta, Udalaren zigiluarekin eta guzti. Udal gobernu honek zezenketei ematen dien babes esplizituaren adibide berria baino ez da. Izan ere, babes hori gabe, Illunbeko zezenketak aspaldi historia lirateke. Bitartean, Eneko Goia alkateak galdeketa egiteko eman zuen hitza bete gabe jarraitzen du, eta dagoeneko ez zaio aitzakia juridiko bat bera ere geratzen.

EGUZKI

akta-taurinoa

 

Larunbatean, manifestazio antitaurinoa Bilboko Aste Nagusian

antitaurinaBilbaoBilboko Aste Nagusia dela eta, Zezenketen aurkako eta Animalien aldeko Bizkaiko Elkarteak aurten ere mobilizazio antitaurinoa antolatu du. Larunbatean izango da, abuztuak 25, lehenik zezenplazaren aurreko (Amezola plaza) ordubeteko elkarretaratze batekin hasiko da, 17:00etan; jarraian, 18:00tan manifestazio abiatuko da bertatik.

Aurten ere oso jende gutxi joaten ari da zezenketetara. Berriro agerian geratzen ari da ia-ia “festa” zonbie bat dela. Udalak modu artifizialean suspertuko ez balu, aspaldi iraganaren kontua litzateke.

Hutsuneak nabariegiak izaten ari dira armailetan aurtengo zezenketetan.

Hutsuneak nabariegiak izaten ari dira armailetan aurtengo zezenketetan.

Zezenketetara jende asko edo gutxi joatea ez da erabakigarria abolizioa eskatzeko, baina bai ikuskizun odoltsu hori behin betiko historiaren zokora pasatzeko. Izan ere, dagoeneko historia da Gasteizen. Ea zein den zezenketarik gabeko hurrengo euskal hiria.

Deialdiko prentsa oharraren berri izan nahi baduzu, jo ezazu albiste honen gaztelerajko bertsiora.

Pasaiako Portuko sutea dela eta, salaketa ipini du Badian Bizik Ingurumen Fiskaltzan

pasaia01Abuztuaren 2an Pasaiako Portuko Lezoko moilan gertatutako sute ikaragarria dela eta, Badian Bizi herri plataformak salaketa formala aurkeztu du gaur Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan. Aurkezpena aprobetxatuz, agerraldi txiki bat egin du Donostiako Epaitegiaren aurrean. Agerraldiak jakin-min handia piztu du komunikabideen artean.

Hona hemen salaketaren testua…

Gipuzkoako Probintziako Ingurumen-fiskaltzaren aurrean

JAKINARAZI NAHI DUGU:

 2018ko abuztuaren 2an, Pasaiako portuan, zehazkiago, Lezo-1 moilan sute handia gertatu zela ontzi baten deskarga lanak gauzatzen ari zirenean; fardel moduan prentsaturiko 2.000 tona automobil zen ontziaren zama.

Sutearen ondorioz, airera isuritako PM10 partikulen kopuruak egunaren hainbat unetan hirukoiztu egin zuen eguneko gehienezko batazbesteko-muga; hau da, 50 μg/m&sup3.

Honekin batera doa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak airearen kalitatea neurtzeko Lezoko gailuaren datuekin osatutako grafikoa; bertan ikus daiteke sutearen eguneko airean zeuden PM10 partikulen bilakaera:

http://www.euskadi.eus/web01-a2ingai2/es/aa17aCalidadAireWar/datohorario/contaminante?locale=eu

pasaia02Gaurdaino, gai honetan eskumena duten administrazioek ez diete herritarrei eman sutearen ondorioz zein motatako partikula kutsakor aireratu ziren inguruko berririk. Baina, hala eta guztiz ere, goiz horretan bertan leihoak ixteko eta kalera ez irteteko gomendioa eman zieten Lezoko, Errenteriako, Pasaiako zein Donostiako gertuko auzoetako bizilagunei, eta bereziki zaurgarrien diren kolektiboetako pertsonei (arnasketa gaixotasunak dituztenei, zaharrei eta haur txikiei).

Era berean, aipatu isurketek ingurumenean eduki dezaketen eragina ezezagun zaigu, eta ez dakigu inguruko soroetan eta baratzetan hazten diren produktuak jateko seguruak diren edo ez.

Komunikabideen bitartez jakiterik eduki dugunaren arabera eta guk geuk ikusterik eduki dugunaren arabera, sutea itzaltzeko hainbat bide erabili ziren sua itzaltzeko eta ordutan ura bota zitzaion. Ur hori guztia, ziur aski milaka metro kubiko, Pasaiako badiara zuzenean isuri zen, non jendeak kirol-arrantzan egin eta bainuak hartzen baitituen. Hala eta guztiz ere, gaur gaurkoz ez dakigu badiako ura bi aktibitate horietarako segurua den; izan ere, eskumena duten administrazioek ez baitute neurketarik egin eta, egin baldin badute, ez baitituzte emaitzak publiko egin, nahiz eta bi jarduera horiek gauzatzen dutenak arrisku handian egon daitezkeen.

Dudak omen zeuden, kea toxikoa izango ote zen. Zer uste duzu zuk?

Dudak omen zeuden, kea toxikoa izango ote zen. Zer uste duzu zuk?

Bestalde, ez ditugu ezagutzen erre dituzten merkantzien ezaugarriak eta osagarriak, ezta kudeaketa, metatze zein biltegiratze araudia bete dituzten ere. Izan ere, Europako Batasuneko zuzentarauek zein Estatuko ordenamendurako transposizioak berariazko trataera ezartzen baitituzten erabileratik kanpoko ibilgailuentzat (2000/53/CE Zuzentarua, 1383/2002 ED, 20/2017 ED): jasotze, suntsitze eta batzuetan arriskutsutzat hartuak diren hainbat osagairen berrerabiltze ziurtagiriei dagokienez, eta baita behin betiko zein behin-behineko metatze-biltegiratze araudia ere.

Garrantzitsua da jakitea su hartu zuena benetan txatarra zen edo bestelako hondakinen garraioa zen; eta garrantzitsua da ezagutzea ere merkantzia horren kudeaketa mota eta Gipuzkoa izan daitekeen behin betiko norakoa. Begi bistakoa da aurreko guztia osasunarentzat zein ingurumenarentzat arriskutsua izatera irits daitekeela, area gehiago, ez dakigularik Pasaiako Portuan horrelakoak maiz gertatzen diren.

Gure ustez, erretako gaiak zeintzuk eta zein motatakoak diren jakiteko garrantzitsutzat jotzen dugu analizatzea erreketaren hondakinak nahiz ontzitik moilara jaitsi ez den zamaren zati bat, espero izatekoa baita ezaugarri berdinak edukiko dituztela. Aipatu merkantziak Pasaiako portuan egoten jarraitzen du  eta uste dugu presazkoa dela gai hauek analizatzea eta, behar izanez gero, blokeatzea berau garraiatzea.

pasaia03

Aurreko guztia kontuan harturik,

ESKATZEN DUGU:

 Gipuzkoako Probintziako Ingurumen-fiskaltzak ofizioz ikerketa bat hastea Pasaiako portuan 2018ko abuztuaren 2an gertaturiko sutearen inguruan; ikerketak argi dezan osasunaren zein ingurumenaren (airea, ura, lurra, hondakinak…) kontrako deliturik gertatu den, eta horren ondoriozko zein neurri zuzentzaileak eta isun ezar daitezkeen.

Lezon, 2018ko abuztuaren 21ean

Uliak tirorik gabeko parkea izaten jarraituko du

ulia[1]Uliak su-armetatik libre izaten jarraituko du edo, bestela esanda, ehizak Ulian debekatuta egoten jarraituko du. Albiste bikaina da, batez ere “Parke segurua denontzat” kanpainaren alde egin duten pertsona eta elkarte guztientzat (*).

Ulian ehiza 2014z geroztik debekatuta dago, baina orain dela gutxi Epaitegi Gorenak hartu du debekua kinka larrian ipini duen erabaki bat. Izan ere, “ohiko postuetatik” ehiza egiteko eskubuidea, Ehiza Legeak aitortuta, gainerako lege edo araudien gainetik ipini du. Egia esan, gainerako lege eta araudien gainetik ez ezik edozein arrazonamenduren gainetik ere ipini du. Ohiko Postuen Errolda osatzea, baina, foru eskumena da. Beraz, Aldundiak erabakitzen du zer postu sartzen duen Erroldan eta zer ez. Eskumen horretaz baliatuta, Aldundiak abiatu du Ulia-Mendiola eta Mendiola-Plata Itsasargia lerroko postuak Erroldatik kentzeko espedientea. Alegia, Uliako postu guztiak, bai Donostiakoak bai Pasaiakoak. Gauzak horrela, eta dena ondo bidean, Uliak jarraituko du tirorik gabeko eremua izaten.

Merezi du Foru Aldundiak erabaki hau hartzeko erabili dituen arrazoiei erreparatzea. Izan ere, funtsean, “Parke segurua denontzat” kanpainaren berberak dira. Foru Aginduak honako hau dio:

“Proposamena [Uliako postuak Erroldatik ateratzeko] oinarritzen da ehiza jarduerak gune horretan beste aisialdiko erabilerarekin duen eragina kontuan hartuta. Mendi horretara bizlanle dentsitate handiko herri guneetatik jende asko joaten da eta Gipuzkoako ibilbide homologatu garantzitsuenetakoak elkartzen dira, hala nola, GR-121 Talaia, Santiago Bidea eta SL Gi 33 Uliako itzulia.

Egoera horretan, ehiza jarduerak eragina handia du gainontzeko gunearen erabiltzaileentzat, bai tiroek sortzen duten zaratagatik bai pertsonen segurtasun fisikoengatik.

Zentzu horretan, aipatu behar da Donostiako eta Pasaiako udalek zenbaitetan bere kezka azaldu dutela horri buruz, eta Departamenduari eskatu diotela Ulia mendian ehiza ez baimentzeko, bi udalentzat mendiak parke periurbano izaera duen kontuan hartuta.

Aurrekoekin lotuta, 2018ko ekainaren 8an, Ekonomia Garapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuan sarrera eman zitzaion ‘Ulia, hiri parke seguru bat denontzat’ izeneko mozioari, Pasaiako Udalak 2018ko maiatzaren 29an osoko bilkuran onarutakoa”.

Normalean ez dugu arrazoirik izaten Aldundiaren bioaniztasun alorreko politika eta, zehazkiago, ehiza-politika txalotzeko. Baina kasu honetan egin, egingo dugu, erreparo handirik gabe, gainera. Egia da, erabakia logika oinarrizkoenari jarraituz hartu duela, zentzugabea bailitzateke Ulian berriz ere ehiza baimentzea. Baina, aldi berean, badakigu erabaki honek Aldundiari arazoak sortuko dizkiola ehiztarien artean, oso-oso gaizki ohituta dauzka eta.

Kontsolatu dadin, zera gogoraziko diogu: ehiztariak asko diren arren eta ongi antolatuta dauden arren, askoz gehiago gara mendira eskopetarik gabe joaten garenok. Bada, hartu duen erabakiak herritar gehien-gehienoi egiten digu mesede.

EGUZKI, 2018ko abuztua

(*) Kanpainaren manifestua honako hauek izenpetu dute: Herri Ametsa Ikastola, San Luis de La Salle Ikastetxea, Itsas Mendi Elkartea, Fortuna Mendi Elkartea, Montañeros del Antiguo, Trintxer Mendi Taldea, Asociación Nordic Walking Donostia, Mendizaleak Herrera, Itsastarrak Mendi Taldea, Club Vasco Camping, Club Atletico Trintxerpe, Pasaia Kayak, Donosti Kayak, Asociación de Vecinos de Ulia, Jaizkibel Amaharri, SEO Donostia, Eguzki Talde Ekologista, Ugatza Ornitologia Taldea, Itsas Enara Ornitologia Taldea, Haritzalde Natura Elkartea-Ekologistak Martxan, Asociación de los Caminos de Santiago de Gipuzkoa, Uliako Lore Baratzak, Amigos de Ulia, Katubihotz, Asociación Boj, Kalapie Txirrindulari Elkartea.

Bandera horia kutsaduragatik Ondarretan, Tenisen

ondarreta1Sorosleek bandera horia altxa dute gaur Ondarretan, Tenis aldean, atzo hartutako ur-laginean kutsadura fekala atzeman ondoren.

Beraz, uraren kalitatea “nahikoa” baino ez da, eta gomendatzen da bainualdia gehienez ere hamar bat minutukoa izatea eta ondoren dutxa on bat hartzea. Osasunaren kaltetan izan daiteke, bestela.

Nautiko aldean ere uraren kalitatea “nahikoa” baino ez da, baina oraingoan bainuak libre izaten jarraitzen du.

Gaurkoan, udal webguneak txintxo-txintxo eman du egoeraren berri. Kontuan izan uztailean, Loretopean bandera gorria ipini behar izan zutenean, webguneak jarraitu zuela hiru egunez aurreko asteko egoera “bikaina”ren berri ematen. Gainerakoan, lehengo lepotik burua: kutsaduragatiko bandera horia ez da bereizten itsas zakarragatiko bandera horitik, eta bozgorailuetatik-eta erabiltzaileei ez zaie inolako informaziorik ematen. Are gehiago, Gurutze Gorriaren dorrepean dagoen arbelan, beste inoiz bandera horiaren arrazoia idatzita ikusi dugu. Gaur, berriz, hori ere ez. Garbi dago badagoela Udalaren partetik alor honetan herritarrekiko komunikazioa hobetzeko margen handia.

Bestalde, Udalak jarraitu beharko du bilatzen kutsadura puntual hauek nondik datozen.

EGUZKI

Manifestazio antitaurino jendetsua, Aste Nagusiaren hasieran

antitaurina01Donostia Antitaurina Orainek, Eguzkik eta Askekintzak antolatuta, manifestazio jendetsua egin zen atzo Aste Nagusiko hasiera-egunean, “Zezenketarik ez, ez Donostian, ez inon” lemapean. Donostiako erdialdeko kale nagusiak zeharkatu ondoren, manifestazioa Sarriegi plazan bukatu zen.

Honako esteka honetan, bideo bat:

https://youtu.be/GH_DhyDDGXM

Honako esteka honetan, “Alakarta” epigrafepean, larunbat gaueko Teleberri ikus daiteke. 26. Minututik Aurrera aurkituko duzu ETBk manifestazioari buruz egin zuen albistea:

https://www.eitb.eus/es/television/programas/teleberri-noche/

Hona hemen beste bideo bat:

https://es-es.facebook.com/askekintza/videos/2039259962784360/

Eta hainbat argazki:

antitaurina07antitaurina02antitaurina04 Captura2antitaurina05antitaurina06

Badian Bizik Fiskaltzan salatuko du Pasaiako Portuko sutea

badianbiziPasaiako, Lezoko eta Oreretako hainbat herritarrek Badian Bizi izeneko plataforma eratu dute, Portuak sortzen duen kutsadurari aurre egiteko asmotan. Plataforma eratu izanaren pizgarria izan da ostegunean Lezoko moilan gertatu zen sute handia. Badian Bizik gaur eskaini duen prentsaurrekoan iragarri du sute hori Fiskaltzan salatuko duela. Hona hemen prentsaurrekoan esandakoa…

Abuztuaren 2ko eguerdian Antigua eta Barbudako bandera daraman Christine itsasontzitik deskargatzen ari ziren txatar pilak su hartu zuen Lezoko moilan. Auto prentsatuak deskargatzen ari ziren eta suteak izugarrizko sugarrak eta ke beltz ikaragarria eragin zituen berehala. Keaz gain, usaina eta lanbro antzeko bat zabaldu zen Lezon eta badiaren inguruko herrietan.

Sutea itzaltzeko zortzi bat ordu behar izan zituzten atoiontzietatik ura jaurtitzen aritu ziren suhiltzaileek, eta deskargarako garabia ere erabili zuten badiatik ura atera eta sua itzaltzeko. Gerora jakin izan dugunez, 2.000 tona txatar erre ziren gertakarian eta 21.000 litro ur behar izan ziren sua amatatzeko. Bide batez, esan behar dugu, 21.000 litro kutsatu eta zikin horiek inolako tratamendurik gabe zuzenean itsasora isuri zirela berriz badaezpadako inolako neurririk hartu gabe, ez bainurako, ez arrantzarako debekurik ezarri gabe.

Hori guztia gertatzen zen bitartean, herritarroi ez zitzaigun leihoak ongi ixteko gomendioa baizik eman, agintarien aldetik kea toxikoa izan zitekeela esaten besterik ez genuen entzun. Bertatik bertara bizi garen herritarrok berehala sumatu genituen gure begietan erredura eta eztarrietan ere zapore eta sentsazio ezatsegina.

Joan zen ostegunekoa marmitari gainezka eginarazi dion tanta baino ez da, zoritxarrez, badiaren inguruko herrietan bizi garen herritarrontzat. Izan ere, egunero edo kasik egunero jasan behar izaten baitugu portuak eragiten duen kutsadura, bai airearena, bai zaratarena. Ia egunero ikusten ditugu txatar pilak kea dariela, inolako kontrolik eta filtrorik gabe, produktu kimiko arriskutsuen eta kutsakorren deskarga “axolagabeak” ere eguneroko ogi ditugu; ongarri kimikoak, kaolina, taladrina eta are, beti ukatzen den arren, gai erradiaktiboak. Ez da beraz kasualitatea herrialdeko bizi itxaropen apalena eta gaitz indizerik handiena badiaren inguruko herrietan izatea. Hori guztia gutxi ez balitz, silorik erabili gabe eta gaiak bereizi gabe eginiko deskargek eragiten duten zarata ere kontuan izan behar dugu. Askotan deskargak gaueko desordutan egiten dira itsasontziak kaia lehenbailehen utz dezan. Hori guztia egunero urteko 364 egunetan.

Herritarron kexei muzin egiten diete agintariek, ixkin eginez edota, besterik gabe, erantzun gabe. Kexatu izan diren herritar batzuei garapen ekonomikoaren kontra eta portuaren kontra egotea leporatu izan diete, portuak herritarroi ekarri digun aberastasuna eta ongizatea aipatuz. Gainera datuek ere tranpa dute, izan ere, beti batez bestekoa ageri da eta ez dira kutsadura eta zarata pikoak inoiz bistaratzen.

Nahikoa da! Honaino iritsi gara!

Pasaiako badiaren inguruko herrietako bizilagunak elkartu eta egoera jasanezin, lotsagarri eta anakroniko hau gogor salatu nahi dugu! Ez dugu onartzen beste inon nahi ez dituzten txatar eta gai kutsakor arriskutsuak gure etxe ondoko moiletan deskargatzerik! Hori ez baita ongizatearekin, ez eta bizitzarekin berarekin ere bateragarri.

Egoera iraunkor honen aurrean BADIAN BIZI koordinadora sortzea erabaki dugu Lezoko, Errenteriako eta Pasaiako herritar talde batek.

Dudak omen zeuden, kea toxikoa izango ote zen. Zer uste duzu zuk?

Dudak omen zeuden, kea toxikoa izango ote zen. Zer uste duzu zuk?

Zera adierazi nahi dugu irmoki:

1- Abuztuaren 2an gertatutako sutea eta haren ondorioak gogor salatzen ditugu, onartezina baita hainbeste biztanle inguru hurbilean dituen badia batean horrelakorik gertatzea. Osasun publikoaren kontrako eraso axolagabe eta larria iruditzen zaigu gertatutakoa. Ondorio larriagoak izan zitzakeen gertaerak aireak kea Lezo aldera zuzenean eraman izan balu (herria hustu behar izatea, adinekoak, haurrak eta arnasketa aparatuko arazoak dituztenak erietxeratu behar izatea eta abar). Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Lezoko, Pasaiako, Errenteriako eta Donostiako Udalei gertaera horiek ikertu, errudunak zigortu eta, batez ere, orain arteko egoera jasan ezin hau konpon dezaten eskatzen diegu gure babesgabetasun egoera honetatik. Oraindik ez dakigu zein gai isuri eta aireratu ziren abuztuaren 2an, eta ez dugu agintarien aldetik inolako informazio ofizialik izan horren inguruan. Zer duzue esateko ALGEPOSAren nagusi Maria Luisa Ucinek, Portuko Agintaritzako zuzendari Cesar Salvadorrek eta Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio jaun-andereok?

2- Ez gaude inola ere, ez portuaren aurka, ez bere jarduera ekonomikoaren aurka, gauzak behar bezala egitearen alde gaude. Karga deskarga lanak egin daitezela inguruko herritarren osasunarentzako berme guztiekin. Ez daitezela negozioa eta diru erraza herritarren osasunaren gainetik jarri. Herritarren bizitza, aisia eta portuaren jarduera bateragarri izateko modua bilatzearen alde gaude. Beste edozein ingurunetako herritarrek bezala, aire garbia arnasteko eskubidea dugu badia ingurukook ere.

3- Azkenik, jakinarazi nahi dugu Donostiako Ingurumeneko Fiskaltzan BADIAN BIZIren izenean, osasun publikoaren kontrako delituagatik, salaketa jarriko dugula datozen egunetan. Izan ere, gure iritziz, gisa honetako gertaerek ezin dute zigorgabetasun egoeran geratu.

BADIAN BIZI