All posts by Donostia

Ehunka lagun Antiguan metroaren kontra

Argazki 1Metroa eraikitzeko lanak laster hasiko direla iragarri dutela eta, ehunka lagun bildu ziren atzo Antiguan protesta-martxa batean. Martxa hori Satorralaiak herri-mudimenduak antolatu dituen mobizilazioen parte da. Mobilizazio hauen unerik adierazgarriena azaroaren 18an izango da, “STOP METROARI! INPOSAKETARIK EZ” lelopean Antigua eta Bulebar bitartean egingo den manifestazioan.

400 lagunetik gora bildu ziren atzo eguerdian Donostiako metroaren aurka Antigua auzoan egindako protesta-martxan.

Martxan adin guztietako jendeak parte hartu zuen eta “ANTIGUOK EZ DU BEHAR: METROARI STOP” aldarria egin zuen pankarta buruan hartuta, manifestariek Antiguan metroaren igarobideak kalteturiko kaleak zeharkaru zituzten.

Etengabeak izan ziren metroaren aurkako leloak, zarata egiteko hainbat jendek eramandako trasteen arrabotsak, eta ume askok globoak ere eman zituztela Metroari STOP aldarriarekin.

Martxa eguerdiko 12etan abiatu zen Bentaberriko kiroldegitik  eta ibilbidea Sert Plazan amaitu zen. Hor, Antiguan Metroa Gelditu auzo ekimeneko eta Satorralaia bizilagunen mugimenduko kideek honako adierazpenak egin zituzten eta batez ere azaroaren 18an Antigua eta Bulebar bitartean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.

Captura Argazki 2

Pasai Donibaneko saneamendua eskatzeko mozioa

 

Donibane osoak jarraitzen du ur zikinak zuzen-zuzenean eta batere tratamendurik gabe badiara isurtzen.

Donibane osoak jarraitzen du ur zikinak zuzen-zuzenean eta batere tratamendurik gabe badiara isurtzen.

Pasai Donibaneko eragile sozial gehienok, Eguzki talde ekologistarekin batera, mozio bat aurkeztu dugu Pasaiako Udalean aurtengo urriaren 20an. Mozioan eskatzen dugu Udalak esplizituki eska diezaiela saneamenduko lanen finantzazioaren arduradunak diren erakundeei, luzamendutan ibil gabe lanak 2018an has ditzatela, eta konpromisoa har dezatela, 2018. eta 2019. ekitaldietan, aipatutako saneamendua egiteko beharrezkoa den zenbatekoa bideratzeko.

Erakundeek, lan hauen premia larria aitortu arren, 6 urte baino gehiago daramatzate lan horiek atzeratzen, jakinda hiri-hondakin uren tratamenduari buruzko Europako Zuzentaraua (91/271/CEE Zuzentaraua) betetzen ez dutela.  

Asko hitz egiten dute badia bere onera ekartzeari buruz, baina badia benetan biziberritzeko, itsasora zuzenean isurtzen diren ur zikinak bideratu behar dira lehenik eta behin. Hasieratik, Pasai Donibaneko saneamenduak adostasun instituzionala, politikoa eta soziala lortu du, baina, hala ere, egin gabe jarraitzen du.

Jada EZIN dugu gehiago itxaron, ingurumen-arazo bat da, eta ez da nahikoa bainua debekatzea (debeku hau ez baita betetzen). Pozoitzen ari gara kutsatutako arrantzarekin eta infekzio-iturri diren ur zikinek botatzen duten usainarekin.

Lanak berehala hasi behar dira, eta mozio hau azken aukera da egiaztatzeko finantzazioaren arduradunak diren erakundeek lan horiek egiteko konpromiso irmoa duten, edo Donibaneko bizilagunen bidezko aldarrikapenak isilarazten saiatzeko estrategia bat baino ez den.

Donibane-kartela

Urak orain baimenduko ditu iaztik Oria ertzean eginda dauden bi eraikin

  • ·       Baimena eman arren, Agentziak ohartarazi du bi eraikinok urak har dezakeen eremu batean daudela; horregatik, hainbat baldintza ezarri ditu, adibidez, beheko solairuko lokaletan ikas-zentrorik eta antzeko beste ekipamendurik ez egokitzea; halaber, uholde baten ondorioz kalteak izanez gero, erantzukizuna ez duela bere gain hartuko aurreratu du.
  • ·       Eguzkiren iritziz, harrigarria da horrelako eraikinak (horietako batek 18 solairu ditu) baimenik gabe egin ahal izatea; eta hori bezain harrigarria da urtebete geroago legeztatzea, antza denez, inolako diziplina-neurririk edo isunik ezarri Gabe. 

           

Esta torre, de planta baja y quince alturas, más dos plantas de garage, está situada a 17 metros del muro de canalización del Oria.

Dorre hau (beheko solairua gehi hamabost solairu gehi bi lurpeko solairu garaje) Oriako ubideratze-paretatik hamazazpi metro eskasera dago.

Urak baimenduko ditu Urgolf S.A. (Murias) Lasarte-Oriako Hipodromo Hiribidean atontzen ari den 180 etxebizitza, merkataritza-lokal eta garajeak. Egia esan, hau guztia bere baitan hartuko dituzten bi eraikinak orain dela urtebete baino gehiago egin zituzten. Bi eraikinetako bat, Oriatik hurbilen dagoena (ibaia ubideratzeko paretatik 17 metro eskasera dago) dorre bat da, beheko solairu eta 15 altura dituena, gehi lurpeko bi solairu garaje.

            Eraikinok ibaiaren zaintza-eremuan daude, uholde-kasuan urak har ditzakeen lurretan, alegia. Beraz, Uraren baimena derrigorrizkoa zen, eta da. Eraikinok baimenik gabe egin zituzten, ordea. Joan den maiatzean, berriz, Agentzia legez kanpo eraikitzen ari zirela ohartu eta lanak geldiarazi zituen. Enpresak, orduan bai, Urari baimena eskatu zion, eta Urak eman egingo dio, baina baldintza adierazgarri batzuk ezarrita (1).

            Horietako bat da beheko solairuko lokaletan etxebizitza, ikas-zentro, zaharretxe edo antzeko ekipamendurik ez egokitzea. Beste bat, udolde baten ondorioz sor daitezkeen kalteen erantzukizuna Agentziak bere gain ez hartzea.

           

Vista de conjunto de los edificios afectados.

Urak orain baimenduko dituen bi eraikinak.

Urak beheko solairua har badezake, are gehiago lurpeko bi solairu garaje. Uraren txostenean irakur daitekeenaren arabera, enpresa sustatzaileak adierazi du arriskua ezagutzen duela eta bere egiten duela, baita uholdeen balizko kalteak saihesteko edo leuntzeko neurriak hartuko dituela ere. Dena dela, afektatuei arriskuaren berri emateko konpromisoa hartu du. Ondorioztatzen dugu etxebizitza, merkataritza-lokal eta garajeen erosleei argi eta garbi azaldu behar diela udolde-arriskua badagoela.

            Ekologistok lehen Urari legez kanpo egindako eraikin hauen kasua zertan zen galdetu genion eta orain ere baimen-proposamenari alegazioak egin dizkiogu. Baina, alegazioetatik harago, hainbat galdera publikoki plazaratu beharrean gaude:

            – Normala al da eraikinak (eta nolakoak!) baimenik gabe egitea?

            – Legez kanpo aritzeak, eta hain modu nabarmenean, gainera, ez du inolako ondoriorik? Ezta isun ziztrin bat ere?

            – Egintza burutuen aurrean egon izan ez balitz, Urak berdin jokatuko luke? Alegia, baimena emateko baldintzak berdin-berdinak ezarriko lituzke? Ez ote luke zorrotzago jokatuko? 

Eguzki, 2017ko urrian 

(1)   Ikus Uraren txostena:

https://drive.google.com/file/d/0B6iIn0g1U8_Oa3lNUi01RjhDRTA/view

Eguzkik eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari ubarroi mottodunaren kudeaketa-plana egiteko, luzamendu gehiagotan ibili gabe

Argazkia: José Herrero

Argazkia: José Herrero

Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio luzamenduak alde batera uzteko eta ubarroi mottodunaren kudeaketa-plana behingoz egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legeak aurreikusten duen bezalaxe (1).

Plan hori hainbat elkarte naturzaleren aspaldiko eskaera da, baina Life Intermares proiektuak, Natura 2000 Sarea itsasoan garatzeaz arduratzen denak (2), ubarroi mottoduna bereziki aztertu eta zaindu behar diren espezieen artean zerrendatu berri du. Gauzak horrela, Foru Aldundiak ez luke luzamendu gehiagotan ibili behar. Kontuan izan Bizkaiko Aldundiak 2006an onartu zuela ubarroi mottodunaren kudeaketa-plana.

Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) itsas hegazti bat da. Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan “kaltebera” moduan sailkatuta dago (3). “Kaltebera” moduan sailkatuta daude “berei edo beren habitatei eragiten dieten aurkako faktoreak berehala zuzenduak ez badira, ‘galzorian’ egoteko arriskua duten espezieak”. Alde horretatik, adierazgarria da ubarroi mottoduna arrano beltzaren, arrano arrantzalearen, sai zuriaren edota mokozabalaren kategoria berean sailkatuta egotea.

Gipuzkoan, ubarroi mottoduna, kumatzaile gisa, galdutzat jo zen 60. eta 70. hamarkadetan. Egun, bataz beste bi dozena bikotek kumatzen dute Getaria eta Hendaia bitarteko kostan, besteak beste, Ulian eta Jaizkibelen, Natura 2000 Sareko parte diren guneetan.

Ubarroi mottoduna Estatu espainolean ere guztiz babestuta dago, jakina. Are gehiago Atlantiko eta Kantauri itsasoan bizi den subespeziea (Phalacrocorax aristotelis aristotelis), hori baita mehatxatuena. Izan ere, Hegaztien Liburu Gorrian “Arriskuan” kategorian sailkatuta dago (4).

Ubarroi mottodunak gaur egun dituen mehatxurik handienak honako hauek dira:

1.    Gizakiok sortutako trabak.

2.    Arrantza-sareetan nahi gabeko harrapaketak

3.    Espezie inbasoreen erasoak

4.    Itsas kutsadura

Gipuzkoan, giza jarduerak izan dira espezie honen gainbeheraren erantzule, dudarik gabe. Arestian esan bezala, galdutzat ere eman zen. Talde naturzaleek behin baino gehiagotan salatu dute parapente eta antzekoen hegaldiak, kainaberako arrantzaleak, ontziak edota txangozaleak ubarroi mottodunaren kolonietara gehiegi gerturatzeak espezie hau habiak bandonatzera eraman dezakeela. Halaber, beste espezie murgilariek bezala, ubarroi mottodunak amu- zein sare-arrantzaren zeharkako biktima izan daitezke.

Gauzak horrela, Eguzkik kudeaketa-plana lehenbailehen egitea eta onartzea eskatzen du, Legeak aurreikusi bezala, kudeaketa prokatiboaren bidez espeziearen egoerak hobera egin dezan. Kudeaketa-planak honako helburu hauek izan beharko lituzke:

a) Kolonien biziraupena arriskuan jartzen duten faktoreak ezabatzea.

a)    Kolonien garrantziaren eta kalteberatasunaren arabera, erabilera mugatuko babesguneak ezartzea, kolonia horiek dagoeneko eremu babestu baten barruan badaude ere.

b)   Ubarroi mottodunaren habitatean giza jarduerak kontrolatzea.

c)    Espeziearen habitaten baldintzak alda daitezen eragoztea 

Eguzki, 2017ko urrian

(1)            Ikus bereziki 50.3 Artikulua Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legean: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2014/05/1402158e.shtml

(2)            Life IP Iintermares Europako itsasoa babesteko proiekturik handiena da: http://fundacion-biodiversidad.es/es/biodiversidad-marina-y-litoral/proyectos-propios/life-ip-paf-intemares

(3)            https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2013/07/1303061a.shtml

(4)            http://www.mapama.gob.es/es/biodiversidad/temas/inventarios-nacionales/LR_completo_para_web_tcm7-164856.pdf

Eguzkik salatzen du Udalak auzokonpostaguneak kentzea, birziklatze-bidean atzerapauso berri bat delako

 

Lasarte-Oriako Udala birziklapenaren alde?

Lasarte-Oriako Udala birziklapenaren alde?

Auzokonpostatze-programan parte hartzen duten familiek alkatearen gutun bat jaso dute egunotan. Gutun horretan jakinarazten zaie Udalak aurki auzokonpostaguneak kenduko dituela, eta, beraz, hemendik aurrera etxeko hondakinen zatiki organikoa birziklatzen jarraitu nahi badute, 5. edukiontzirako izena emateko aukera badutela.

            Eguzkik erabakia deitoratzen du, hondakinak tratatzeko hurbiltasun-printzipioaren kontra doalako eta, ondorioz, birziklatze-bidean atzerapausoa delako. Eta kontuan izan behar da Lasarte-Oriak biriziklatze-bidean atzerapauso bat egitea izugarri zaila dela, herria bide hori egiten hasi berri-berria delako. Gogoratu: Lasarte-Oriakoa izan da seguru asko herritar guztiei zatiki organikoa bereizita biltzeko aukera eman dien Gipuzkoako azken udala. Eta ez da begi-bistatik galdu behar aukera eman diela 5. edukiontzi boluntarioaren bidez, pizgarririk gabe eta, halaber, errefuxarari inolako mugarik ezarri gabe.

            Eguzkik Udalaren erabakia deitoratzen du, baina, egia esan, ez da horregatik harritzen. Izan ere, auzokonpostatzea eta, antza denez, praktikatzen duten herritarrak berak ez dira inoiz udal gobernuaren gustukoak izan. Izan ere, legealdia hasi bezain pronto, sistema beste hainbat auzotan ezartzeko zeuden asmoak bertan behera utzi zituen. Horrez gain, kendu egin zuen auzokonpostatze-programan parte hartzen zuten familiei zabor-tasan aplikatzen zitzaien % 20ko deskontua, Udalak berak beraien lana aitortzeko 2015ean ezarria. Familiak kexatu zirenean, deskontua kentzea birziklatze-bidean egiten zuten ekarpena gutxiestea edo mespretxatzea zela argudiatuta, alkateak zera erantzun zien: “Esta decisión [deskontua bertan behera uztea] en ningún momento ha sido motivada como una forma de minusvalorar, incluso despreciar, como ustedes dicen, su aportación. Si esa hubiera sido la intención del nuevo gobierno que yo presido, la decisión a adoptar no sería la supresión del descuento, sino directamente la retirada de las casetas de compostaje”. Bada, orain kendu egingo ditu. Garbi dago zein zen haren asmoa, ezta?

Eguzki, 2017ko urrian

Udalak iragarri duenaren arabera, aurki ez da antzeko irudiak hartzerik izango.

Udalak iragarri duenaren arabera, aurki ez da antzeko irudiak hartzerik izango.

 

Renfek jarraitzen du tren-zerbitzuak murrizten Irun eta Brinkola bitartean

Argazkia: Arizmendi / DV

Argazkia: Arizmendi / DV

Mugikortasun Iraunkorraren Astea zela eta, Eguzkik joan den hilean salatu zuen Irun eta Brinkola bitarteko tren-zerbitzua gero eta kaxkarragoa dela, eta horren lekuko da Renfek azkenaldion behin eta berriz tren-zerbitzuak murriztu izana, erabiltzaileei aldez aurretik abisatu gabe eta ondoren inolako azalpenik eman gabe (1).

Joan den larunbatean argitaratu zen informazio batean (2), Renfeko langileek salaketa baieztatu eta enpresa egun berean zazpi tren-zerbitzu murriztera ere iritsi dela nabarmendu zuten, zergatik eta nahiko makinista ez dagoelako. Informazio horretan bertan, Renfeko Euskadiko Aldiriko Gerentziak “desajuste”  batzuk izan direla aitortu zuen, baina zera segurtatzen zuen, Enpresa Komitearekin adostasunera iritsi ondoren, ez zela berriro gertatuko.

Bada, gaur, adierazpen horiek argitaratu eta lehen lanegunean, Renfek bost tren-zebitzu murriztu ditu. Hona hemen Groseko geltokian topatu dugun oharra:

Renfe-abisua

Gauzak horrela, nola sinetsi Gerentziari esaten duenean ez duela aukera aprobetxatuko hainbat zerbitzu behin betiko ezabatzeko?

Urteak daramatza Renfek, segurtasun eta irisgarritasun alorretan, europar zuzentarauei eta Arartekoaren salaketei muzin egiten. Orain, tren-zerbitzuak murriztea baino ez zuen falta.

Eguzkik berresten du bere salaketa: hemen etengabe ari dira famatzen AHTk (edo Metroak) egingo omen dituen milagroak, etengabe ari dira aldarrikatzen garraio publiko iraunkorrean mugitu beharra dugula, baina, praktikan, inbertsioak hutsaren hurrengo dira herritar gehienek egunero erabiltzen duten trenean, Kontua ez da zerbitzua hobetzeko nahiko inbertsiorik ez dagoela, baizik eta askotan zerbitzua bere horretan mantentzeko adina ere ez dagoela.

EGUZKI, 2017ko urria

(1) http://eguzki.org/es/2017/09/21/mugikortasun-iraunkorraren-astea-eta-renferen-aldiriko-zerbitzuak/

(2) http://www.diariovasco.com/gipuzkoa/escasez-maquinistas-obliga-20171007001945-ntvo.html

Pista berriaren kontrako martxa Aralarren

pancarta+martxa+2017Berrogeita hamar lagun inguru bildu gara gaur Lizarrustin, Enirioko bidezidorra pista bihurtu nahi duten ingurua ezagutzera.

Eguraldi zoragarriak lagunduta, txikitu nahi duten ingurua ezagutu dugu, eta bertan Aralar Bizirik eta Landarlaneko kideek esplikazioak eman dituzte.

Betiko bidezidorra pista bihurtu nahi dute, elorri, gorosti eta hagin ugari botako dituzte horretarako, ingurua eta paisaia guztiz desitxuratuz.

asanblada+EnirionGoroskintxuko pista egiteko nolako triskantzak egin zituzten ikusita, oso kezkatuta gelditu gara.

Dena ez da mehatxu eta kezka izan. Berri on bat ere izan dugu, izan ere, erre zuten Oiduegiko aterpea zaharberritua ikusteko aukera izan dugu.

Zaldibitarrek auzolanean egindako lanaren ondorioz nola gelditu den ikusita, poza sentitu dugu. Txikizioaren aurka herri antolakuntza eta lanak fruitu ederra eman du Oiduegin.

Oiudi+berritua+X-2017

Oiduegiko aterpea erreta eta orain, berriz, zaharberrituta.

Oiduegiko aterpea erreta eta goian, berriz, zaharberrituta.

Gascok jarduneko alkate dagoela aprobetxatu du zezenketen alde egiteko, donostiar gehienon iritziaren kontra

 

Aste Nagusian eginiko zezenketa "bikaina" dela eta, Gascok Urrezko Mascorra eman zion Luis David Adame toreatzaileari atzo.

Aste Nagusian eginiko zezenketa “bikaina” dela eta, Gascok Urrezko Mascorra eman zion Luis David Adame toreatzaileari atzo.

Eneko Goia alkatea kanpoan denez, Ernesto Gasco da jarduneko alkate, eta aukera aprobetxatu du toreatzaile bati Urrezko Maskorra emateko, donostiarron izenean. Eguzkiren iritziz, jokaera hori lotsagarria da, lotsagarria baita Donostiaren eta donostiarron irudia zezenketa anker eta odoltsuekin nahastea.

Donostiarrek ez diote inola ere Gasco jaunari eginkizun hori eman. Are gehiago, seguru gaude donostiar gehienek ez dutela inola ere Donostiaren irudia ikukizun anker horrekin lizundu nahi.

10.000 lagun baino gehiagok Donostian zezenketei buruzko galdeketa bat egiteko eskatu genuen. Baina Gascok aprobetxatu du Madrilgo Gobernuak (hemen ere) galdeketa debekatu duela haren grina taurinoei bide emateko, donostiarron izenean. Gascok, ordea, alor honetan, behintzat, ez gaitu donostiarrok ordezkatzen. Izan ere, Udalak berak egin berri duen inkestaren arabera, donostiarron % 71k ez du udal instalazioetan zezenketarik nahi.

Gascok, trofeoa eman duenean, ez ditu errespetatu eta are gutxiago ordezkatu donostiarrak. Egin duen gauza bakarra izan da jarduneko karguaz baliatu bere joera eta lagun taurinoei gustua emateko.

Eguzkikook ez diogu ezer eskatuko Gascori, baina alkateari, berriz, honako hau eskatzen diogu:

1. Alkateak, benetako alkateak, ez jarduneko alkateak, argitu behar du ea Gascoren jokaerarekin bat ote datorren.

2. Madrilgo Gobernuak uda aurretik egitekoa zen galdeketa debekatu zuenean, alkateak iragarri zuen, debekuaren gainetik, aurkituko zuela formula bat donostiarrok gai honi buruz dugun iritzia uda ondoren adierazteko aukera izan genezan. Bada, uda pasatu da, dagoeneko udazkenean gaude, eta formula (eta data) zehazteko momentua iritsi da.

Bitartean, salatzen dugu jarduneko alkateak, gai honi dagokionez, behintzat, donostiar gehienon iritziaren kontra jokatu duela.

Eguzkik gogorazten du usapalak, oilagorrak eta birigarroak merkaturatzea debekatuta dagoela

Aurreko ehiza-aldian atzeman genuen legez kanpoko merkaturatze-kasuetako bat.

Aurreko ehiza-aldian atzeman genuen legez kanpoko merkaturatze-kasuetako bat.

Ekologistek herri-erakundeei neurriak hartzeko eskatu diete, hainbat negoziotan hegazti hauek saltzen jarraitzen baitute

Eguzkik gogorazten du usapalak, oilagorrak eta birigarroak merkaturatzea debekatuta dagoela (1).

Debekua ez da inola ere berria, eta, hala ere, ehiza-aldian, hainbat negoziotan, batez ere jatetxetan, hegazti hauek eskaintzen jarraitzen dute. Gehienetan erdi ezkutuan, baina batzuetan interneten bidez eta guzti (2). Horrek agerian uzten du alor honetan zigorgabetasun-sentsazio handia dagoela, zeren eta, debekua aspaldikoa dela kontuan izanik, nekez argudiatuko baitute horren berri ez dutela

Legez kanpoko merkaturatzea sarri, sarriegi, legez kanpoko ehizarekin lotuta dago, batez ere usapalen eta oilagorren kasuetan. Halaber, legez kanpoko ehizak are larriagoa egiten du berez oso kaxkarra den bi espezie hauen egoera. Oilagorrak gure inguruan jasaten duen presio zinegetikoa hainbestekoa da ezen Oilagor Ehiztarien Klubak berak ehiza-baldintzak zorrozteko eskatu dituen (3). Usapala, berriz, gainbehera latza pairatzen ari da azken urteotan Europa osoan. Hori dela eta, elkarte zientifiko eta ekologista askok, tartean Eguzkik, usapalaren ehiza bertan behera uzteko eskatu dugu, behin-behinean, behintzat (4). Izan ere, hainbat herrialdetan dagoeneko babestu dute.

Oilagorrak, usapalak eta birigarroak merkaturatzea debekatuta dagoela gogoraztean, Eguzkik hiru helburu ditu:

  • hainbeste urte pasatu ondoren oraindik debekuaz enteratu ez omen diren jatetxeetako eta harategietako horiek behingoz entera daitezen;
  • herri-erakundeek legez kanpoko merkaturatzea desagerrarazteko neurri eraginkorrak har ditzaten;
  • herritarrek jakin dezaten jatetxeren batean oilagorra, usapala edo birigarroa eskaintzen badiete, produktu hori legez kanpo eskaintzen ari direla (seguru asko osasun-bermerik ere ez du izango, gainera), eta, ondorioz, eskaintzari uko egiteko nahiz salatzeko aukera izan dezaten.

Eguzki, urriaren 1aren bezperan, Hegaztien Nazioarteko Egunaren bezperan, alegia

(1)     Ehiza arautzen duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aginduek oilagorrak, usapalak eta birigarroak baldintza jakin batzuetan botatzea baimentzen dute. Baina hiru espezie hauek uzten dituzte merkaturatu daitezkeen espezieen zerrendatik kanpo.

(2)     Eguzkik abisatuta, Nafarroako Foruzaingoaren Ingurumen Brigadak harategi bat eta bi jatetxe salatu zituen aurreko denboraldian berezorei oilagorrak interneten bidez eskaintzen zizkietelako. http://eguzki.org/2017/02/02/foruzaingoak-harategi-bat-eta-bi-jatetxe-salatu-ditu-oilagorrak-saltzeagatik/

(3)     http://www.ccbp.org/es/noticia.php?PHPSESSID=42c349241a22e612202273b17b3db9cd&idNot=485

(4)     http://eguzki.org/2015/07/23/eguzkik-usapalen-eta-galeperren-ehiza-debekatzeko-eskaera-egin-du/ o http://eguzki.org/2015/08/18/lau-aldundiak-usapalen-eta-galaperren-ehiza-baimentzen-jarraitzen-duela-salatu-du-eguzkik/

Eta beste bat...

Eta beste bat…

Eguzkik Ondarroako marrazo-hilketaz informatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

marrazoa1Eguzkik Ondarroako marrazo-hilketaz zehatz-mehatz informatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta modu publikoan egiten badu, hainbat hobe.

Egunotan sare sozialetan-eta zirkulatu dira astelehenean Ondarroako portuan ateratako hainbat argazki, non marrazo pilo bat hilik ikus daitekeen. Argazki hauek hautsak harrotu dituzte eta horien inguruan oso informazio kontrajarriak zabaldu dira.

Batetik, segurtatu digute marrazo horiek legez arrantzatu daitezkeen kaelak direla (Prionace glauca). Bestetik, baina, arrantzatutakoen artean marrazo muturmotzak ere bazirela dioskute (Lamna nasus). Kontuan izan marrazo mota hori CITES nazioarteko komenioak babesten duela, desagertzeko arriskuan dagoelako. Hainbat alek hegalak moztuak zituztela salatu dute (aparte saltzaeko, jakina), baita abandonatuta zeudela ere. Izan ere, portuko langileek ez zuten jaberik aurkitu, bila aritu ziren arren.

Gauzak horrela, Eguzkik Eusko Jaurlaritzari ahal den informaziorik zehatzena emateko eskatu dio… zenbat marrazo ziren, zer espezietakoak, ea arrantzaleak behar bezala identifikatuta dauden eta behar bezalako baimenak dituzten,  lege- edo arau-urraturik egin ote zuten, Arrantza Ikuskaritzak zer egin zuen… eta kasu honek sorrarazi dituen dudak argitzeko baliagarria iruditzen zaion beste edozein informazio. Izan ere, kasu honek kezka sortu du jende askorengan eta, gure ustez, kezka hori guztiz justifikatuta dago.

Atzo, hilak 24, Munduko Itsas Eguna “ospatu” genuen. Astelehenean, berriz, Schwarzeneggerrek berak Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Cousteauren semearekin batera egin duen filma, herritarrak itsasoaren inguruan sentsibilizatzea helburu duena. Baina Ondarroan ateratako argazki txundigarri bezain etsigarri hauek ikusi eta gero, ezer ospatzeko gogoa galtzen da eta sentsibilizazio-kanpainen mugak, Schwarzenegger bezain kanpaina gihartsuak badira ere, agerian geratzen dira. Eta hori marrazoak legez edo legez kanpo arrantzuta, gauza bera ere ez den arren, jakina.

Eguzki, 2017ko irailean